2.4. Funtzio publikoan sartzeko berdintasunaren printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua
"Halaber, funtzio eta kargu publikoak berdintasunez lortzeko eskubidea dute, legeak ezarritako baldintzen arabera".
Erakunde hau euskal administrazio publikoek berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioei zor dioten errespetua bermatzen saiatzen da. Horiek, Konstituzioaren agindu espresagatik, enplegu publikora iristean agertu behar dira.
Gogoan hartu beharra dago, halaber, Espainiako Konstituzioko 9.2 artikuluaren agindua, eta, ahal den neurrian, bultzatu beharra dago, bazterketa positiboko neurriak ezarriz, berdintasun efektiboa lortu dadila enplegu publikora sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat; bereziki, ezgaitasuna duten pertsonen eta emakumeen kasuan.
2011n, polemikoa izan da funtzio polizialetara sartzeko izangai ziren emakumeei emandako tratamendua.
Ertzaintzaren barruan emakumeen eta gizonen artean kopuruari dagokionez dauden desberdintasunak deuseztatzeko neurriak hartzeak ez du biderik ematen emakume izangaien aldeko lanpostu-erreserba bat egiteko.
Izan ere, Arartekoa beti agertu izan da Ertzaintzaren baitan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala murrizten saiatzeko xedearekin hasitako bidearen alde. Horretarako, desberdintasunak desagerrarazi eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezarri dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak hautagaiak bertan sartzeko hautaketa-prozesuetan. Hala eta guztiz ere, egungo arau-eremuaren arabera, gure ustez ez zen bidezkoa halako neurriak hartzea, hala nola emakume hautagaien aldeko plaza erreserba bideratzea.
EAEko Justizia Auzitegi Gorenak berriki eman dituen epaiak bat datoz erakunde honen aurreraturiko iritziarekin eta, horren ondorioz, arautegia nahitaez aldatu beharra sustatu behar izan du (EAEko Poliziaren Legearen laugarren aldaketari buruzko Lege Proiektua).
Gainera, kexarako arrazoi izan dira barne sustapeneko prozedura batzuen harira ezarri diren beste neurri batzuk, zeinak, kexa-sustatzaileen arabera, zeharkako bazterketa bat baitziren.
Salatu da, halaber, Ertzaintzako oinarrizko eskalako lehen agentea izateko deialdian, hautaproba fisikoak baztertzaileak izan direla. Alde horretatik, gaur egun orokorra da Ertzaintzaren eta beste udaltzaingo batzuen oinarrizko eskalaren agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozeduren deialdietan ezartzea gaitasun fisikoko nahitaezko proba baztertzaileak oposizio aldiko proben artean; hori aintzat hartu beharra dago. Are gehiago, gaur egun lasaigarria da gaitasun fisikoko horrelako probak genero-ikuspegitik lantzea. Ondorioz, zenbait neurri edo ekintza positibo hartu behar dira, normalean emaitzak sexuaren arabera bereizteko joera dakartenak.
Amaitzeko, adierazi beharra dago enplegu edo eginkizun publikoetan aritzeko interesa izan dezaketen guztien berdintasun efektiboa zabaldu behar dela, halaber, aldi baterako enplegurako sarbidera (lan poltsak, ordezkapenak...) eta orobat kontuan hartu beharrekoa dela lanbide karreran edo sustapenean zehar.
Horiek prozesu guztiak izapidetzean, ahalik eta gardentasunik handiena zaindu behar dute administrazioek, baita bertan parte hartzen dutenen bermeak ere, bereziki motibazioaren exijentziari dagozkienetan.