2.1. Bizitzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua
"Guztiek dute bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea, sekula ere torturarik eta zigor edo tratu krudel edo iraingarririk jaso gabe. Indarrik gabe geratzen da heriotzazigorra, gerra garaian lege penal militarrek erabaki dezaketena alde batera utzita."
Bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidearen babesa Ararteko erakundearen lehentasunezko arduratako bat da.
Erakunde honek beti salatu izan du Euskadin indarkeria zital eta ankerraz jardun duten edo oraindik diharduten talde terrorista guztiek eskubide horiek urratzen dituztela.
Zorionez, 2011n, ez da inor hilik gertatu atentatu terroristen ondorioz. Gainera, ETAk "indarkeriaren behin betiko amaitzea" deitzen duen horri buruz egindako adierazpenak berarekin ekarri du jazarpen-indarkeriaren menpe bizi diren pertsonak askatasunean bizi ahal izatea, beren bizitza edo osotasun fisikoa direla-eta beldurrik izan gabe.
Aitzitik, tamalez, emakumeen kontrako indarkeriak bizitzeko eskubidearen eta osotasun pertsonalerako eskubidearen aurkako urradura larrienetako bat izaten jarraitzen du eta erakunde bermatzaile hau ezin gera daiteke axolagabekerian.
2011. urtean Euskadin hiru emakume hil dira −June Estornes, Rosario Román eta Deisy Mendoza− indarkeria matxistaren ondorioz. Genero indarkeria erabat kentzea pertsona guztien arteko egiazko berdintasuna lortzen denean bakarrik posible izango den arren, botere publikoek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei erantzun egokia eman behar diete. Uste dugu gogoeta bat egin beharra dagoela generoko indarkeriaren biktima diren emakumeei aplikatzen ari zaien justizia sistemaren eraginkortasunari buruz, bereziki babes efektiboari dagokionez.
Arartekoa kezkatzen duen beste gai bat da polizia instalazioetan ustez emandako tortura eta tratu txarrei loturiko salaketena. Gure proposamenen artean, azpimarratu dugu ezinbestekoa dela poliziaren jarduna etengabe ikuskatzeko lan prebentiboa egitea. Helburua polizi kidegoek torturarik edo tratu txarrik ez ematea da eta, horrelakorik jazotzen den kasuan, bidegabeko jarduera horiek ezagutu eta zigortzea posible izatea.
Tratu txarren prebentzioari dagokionez, arreta bereziz diogu atxiloketa ikus-entzunezko grabazioekin hornitzeko beharra dagoela. Neurri horrek, 1999. urtean erakunde honek lehen aldiz proposatuak, prebentziorako nazioarteko erakunde guztien babesa du. Neurria eraginkorra izan dadin, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste, Herrizaingo Sailak eta gainerako polizia kidegoek epe bat ezartzea atxiloketa garaietan eginiko grabazioen kontserbazioa bermatzeko, jardueren ondoriozko balizko erantzukizun administratibo eta zigor arlokoen gehieneko preskripzio aldian. Egiaztatu ahal izan dugunaren arabera, Ertzaintzak ezarrita dauka grabazioak hiru hilabeteko epean automatikoki suntsituko direla, eta horrek mugatu egiten du neurri horren izaera bermatzailea.