2. FUNTSEZKO ESKUBIDEAK ETA ASKATASUN PUBLIKOAK
2.1. Bizitzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua
"Guztiek dute bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea, sekula ere torturarik eta zigor edo tratu krudel edo iraingarririk jaso gabe. Indarrik gabe geratzen da heriotzazigorra, gerra garaian lege penal militarrek erabaki dezaketena alde batera utzita."
Bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidearen babesa Ararteko erakundearen lehentasunezko arduratako bat da.
Erakunde honek beti salatu izan du Euskadin indarkeria zital eta ankerraz jardun duten edo oraindik diharduten talde terrorista guztiek eskubide horiek urratzen dituztela.
Zorionez, 2011n, ez da inor hilik gertatu atentatu terroristen ondorioz. Gainera, ETAk "indarkeriaren behin betiko am
aitzea" deitzen duen horri buruz egindako adierazpenak berarekin ekarri du jazarpen-indarkeriaren menpe bizi diren pertsonak askatasunean bizi ahal izatea, beren bizitza edo osotasun fisikoa direla-eta beldurrik izan gabe.
Aitzitik, tamalez, emakumeen kontrako indarkeriak bizitzeko eskubidearen eta osotasun pertsonalerako eskubidearen aurkako urradura larrienetako bat izaten jarraitzen du eta erakunde bermatzaile hau ezin gera daiteke axolagabekerian.
2011. urtean Euskadin hiru emakume hil dira −June Estornes, Rosario Román eta Deisy Mendoza− indarkeria matxistaren ondorioz. Genero indarkeria erabat kentzea pertsona guztien arteko egiazko berdintasuna lortzen denean bakarrik posible izango den arren, botere publikoek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei erantzun egokia eman behar diete. Uste dugu gogoeta bat egin beharra dagoela generoko indarkeriaren biktima diren emakumeei aplikatzen ari zaien justizia sistemaren eraginkortasunari buruz, bereziki babes efektiboari dagokionez.
Arartekoa kezkatzen duen beste gai bat da polizia instalazioetan ustez emandako tortura eta tratu txarrei loturiko salaketena. Gure proposamenen artean, azpimarratu dugu ezinbestekoa dela poliziaren jarduna etengabe ikuskatzeko lan prebentiboa egitea. Helburua polizi kidegoek torturarik edo tratu txarrik ez ematea da eta, horrelakorik jazotzen den kasuan, bidegabeko jarduera horiek ezagutu eta zigortzea posible izatea.
Tratu txarren prebentzioari dagokionez, arreta bereziz diogu atxiloketa ikus-entzunezko grabazioekin hornitzeko beharra dagoela. Neurri horrek, 1999. urtean erakunde honek lehen aldiz proposatuak, prebentziorako nazioarteko erakunde guztien babesa du. Neurria eraginkorra izan dadin, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste, Herrizaingo Sailak eta gainerako polizia kidegoek epe bat ezartzea atxiloketa garaietan eginiko grabazioen kontserbazioa bermatzeko, jardueren ondoriozko balizko erantzukizun administratibo eta zigor arlokoen gehieneko preskripzio aldian. Egiaztatu ahal izan dugunaren arabera, Ertzaintzak ezarrita dauka grabazioak hiru hilabeteko epean automatikoki suntsituko direla, eta horrek mugatu egiten du neurri horren izaera bermatzailea.
2.2. Askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea. Atxilotuen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 17. artikulua
"1. Pertsona orok du askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea. Inori ezin zaio askatasuna kendu, artikulu honetan eta legeak aurreikusitako kasuetan ezartzen denari jarraituz ez bada.
2. Aurreneurrizko atxilotzea ezin daiteke egitateak argitzeko ikerketek zenbat iraun behar eta hori baino luzeagoa izan; betiere, gehienez hirurogeita hamabi ordu igaro ondoren, atxilotua askatua izango da, edo, bestela, agintaritza judizialaren esku geratuko da.
3. Atxiloturik dagoen pertsona orori berehala jakinarazi beharko zaio, berak ulertzeko moduan, zer eskubide dituen eta zein diren atxilotzeko arrazoiak, eta ezin behartuko da deklaratzera. Bermatzen da atxilotuak abokatuaren laguntza izango duela poliziarekiko egitekoetan eta egiteko judizialetan, legeak ezarritako moduan.
4. ‘Habeas corpus’ prozedura arautuko du legeak, legez kontra atxilotutako pertsona guztiak epailearen eskuetan berehala uzteko. Era berean, legeak ezarriko du behin-behineko kartzelaratzearen gehienezko iraupenaren epea".
Azken urteetan, adingabeek eta gazteek poliziaren aldetik tratu desegokia jaso izana edo poliziaren dependentzietatik kanpoko egindako ekintzetan Udaltzaingoaren edo Ertzaintzaren agenteek gehiegizko indarra erabili izana salatu duten hainbat kexa jaso ditugu. 2011n, nabarmendu beharra dago banakako 50 kexa inguru aurkeztu zirela Bilboko Kukutza gaztetxearen eraikina jendez hustearen eta eraistearen aurkako protestetan Ertzaintzak izandako jarduera dela eta.
Polizia- funtzioaren gauzatzeari lotutako kexek errepikatu diren kontuak mahaigaineratu dituzte, hala nola, indarkeriaren erabilera eta horren gaineko kontrola, epailearen lehenengo kalifikaziotik arau-haustetzat jo diren jokabideengatik atxilotzea, poliziaren uniformean polizia-agentea identifikatzen duen zenbakia edo erreferentzia ez eramatea, ustez desegokiak izan diren jardunbideen barruko ikerketak, atestatuen eta administrazio salaketen edukia, eragin duten gertakariei dagokienez, eta salaketa bat hartzeari uko egin izana.
Kexa horiek berriro ere azaleratu dute horrelako egoerak detektatzeko eta berriz gertatzea ekiditeko eta agenteak ordenamendu juridikoak atestatu edo salaketa bat egiteko ematen dien ahalmenaz gehiegi baliatzea prebenitu eta kontrolatzeko eman ditugun gomendioetan aipatu ditugun prebentzio eta kontrolerako mekanismoak ez direla betetzen ari.
Polizia-jardueretan eta jokabideetan berme-sistema bat ezartzeari buruz Arartekoak emandako urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrean, honakoak azpimarratzen dira:
Atxiloketa-zentroei dagokienez, adierazi dugu egoitza espezifikoak eduki behar dituztela adingabeentzat, eta atxiloketaren erregistroko liburu berezia izan behar dutela haientzat.
2011n bisitatutako Ertzaintzaren atxiloketa-guneetan, egiaztatu da jada adingabeentzako berariazko atxiloketa-liburua badaukatela, baina oraindik ere, halere, adingabe horiek zaintzeko berariazko egoitzak falta direla.
Atxiloketarekin lotutako erregistroek eta gainerako dokumentuek fideltasun eta zehaztasun osoz islatu behar dute jarduera nola gauzatu den. Arreta handiz bete behar dira, eta horien edukian desadostasunak ez egotea ziurtatu behar da. Eskubideen informazioari buruzko aktetan jasota geratu behar da pertsona atxilotuari leporatzen zaizkion gertakizunak zein diren jakinarazi zaiola.
Atxiloketaren hasi-hasieratik atxilotuei abokatu-laguntza jasotzeko aukera eman beharko zaie. Bestalde, atxilotutakoari informazio ulergarria eman beharko zaio atxilotuta egotea eragin duten egitate eta arrazoi juridikoei buruz.
Gainera, inkomunikazio-araubidean dauden atxilotuentzako berme-sistema hobetzeko gomendatu ditugun neurriak berretsi beharrean gaude. Neurri horiek, izan ere, bat datoz Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Komitearen azken txostenean jasotakoekin. Atsekabea adierazten dugu euskal poliziek proposamen horietatik asko ezarri ez dituztelako.
2.3. Intimitaterako eskubidea eta norberaren datuak babesteko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikulua
"Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta nork bere irudia izateko eskubidea bermatzen da".
Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikulua
"Legeak informatikaren erabilera mugatuko du herritarren ohorea eta norberaren eta familiaren intimitatea eta beren eskubideez erabat baliatzeko aukera bermatzeko".
Intimitate eskubidea eta administrazioek erabiltzen dituzten izaera pertsonaleko datuen babesa bermatzeko hiritarren exijentzia gero eta handiagoa da. Konfidentzialtasunarekiko errespetua exijigarria da izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategien kopuru handiaren aurrean, izan baliabide informatikoen bitartez zein ez, izan kalifikatuak edo ez bereziki babestuak.
Osasunaren arloko datuak lagatzeari dagokionez –adingabeen babesaz arduratzen diren administrazio publikoek eskatzen dituztenean–, beharrezkoa da datu horietarako sarbidea kalitate printzipioaren arabera eman dadila; hau da, ematen diren datuak egoki eta pertinenteak izan daitezela eta ez daitezela gehiegizkoak izan lortu nahi den helbururako. Horretarako, lagatzaileak, behar ez bezala zehaztutako eskaerak ontzat eman gabe, lagapen-hartzailearen eskaera helburu duten am
aierakoarekin bat egiten ote duen egiaztatu behar du
2.4. Funtzio publikoan sartzeko berdintasunaren printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua
"Halaber, funtzio eta kargu publikoak berdintasunez lortzeko eskubidea dute, legeak ezarritako baldintzen arabera".
Erakunde hau euskal administrazio publikoek berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioei zor dioten errespetua bermatzen saiatzen da. Horiek, Konstituzioaren agindu espresagatik, enplegu publikora iristean agertu behar dira.
Gogoan hartu beharra dago, halaber, Espainiako Konstituzioko 9.2 artikuluaren agindua, eta, ahal den neurrian, bultzatu beharra dago, bazterketa positiboko neurriak ezarriz, berdintasun efektiboa lortu dadila enplegu publikora sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat; bereziki, ezgaitasuna duten pertsonen eta emakumeen kasuan.
2011n, polemikoa izan da funtzio polizialetara sartzeko izangai ziren emakumeei emandako tratamendua.
Ertzaintzaren barruan emakumeen eta gizonen artean kopuruari dagokionez dauden desberdintasunak deuseztatzeko neurriak hartzeak ez du biderik ematen emakume izangaien aldeko lanpostu-erreserba bat egiteko.
Izan ere, Arartekoa beti agertu izan da Ertzaintzaren baitan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala murrizten saiatzeko xedearekin hasitako bidearen alde. Horretarako, desberdintasunak desagerrarazi eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezarri dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak hautagaiak bertan sartzeko hautaketa-prozesuetan. Hala eta guztiz ere, egungo arau-eremuaren arabera, gure ustez ez zen bidezkoa halako neurriak hartzea, hala nola emakume hautagaien aldeko plaza erreserba bideratzea.
EAEko Justizia Auzitegi Gorenak berriki eman dituen epaiak bat datoz erakunde honen aurreraturiko iritziarekin eta, horren ondorioz, arautegia nahitaez aldatu beharra sustatu behar izan du (EAEko Poliziaren Legearen laugarren aldaketari buruzko Lege Proiektua).
Gainera, kexarako arrazoi izan dira barne sustapeneko prozedura batzuen harira ezarri diren beste neurri batzuk, zeinak, kexa-sustatzaileen arabera, zeharkako bazterketa bat baitziren.
Salatu da, halaber, Ertzaintzako oinarrizko eskalako lehen agentea izateko deialdian, hautaproba fisikoak baztertzaileak izan direla. Alde horretatik, gaur egun orokorra da Ertzaintzaren eta beste udaltzaingo batzuen oinarrizko eskalaren agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozeduren deialdietan ezartzea gaitasun fisikoko nahitaezko proba baztertzaileak oposizio aldiko proben artean; hori aintzat hartu beharra dago. Are gehiago, gaur egun lasaigarria da gaitasun fisikoko horrelako probak genero-ikuspegitik lantzea. Ondorioz, zenbait neurri edo ekintza positibo hartu behar dira, normalean emaitzak sexuaren arabera bereizteko joera dakartenak.
Amaitzeko, adierazi beharra dago enplegu edo eginkizun publikoetan aritzeko interesa izan dezaketen guztien berdintasun efektiboa zabaldu behar dela, halaber, aldi baterako enplegurako sarbidera (lan poltsak, ordezkapenak...) eta orobat kontuan hartu beharrekoa dela lanbide karreran edo sustapenean zehar.
Horiek prozesu guztiak izapidetzean, ahalik eta gardentasunik handiena zaindu behar dute administrazioek, baita bertan parte hartzen dutenen bermeak ere, bereziki motibazioaren exijentziari dagozkienetan.
2.5. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea. Errugabetasun ustearen printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute epaileen eta auzitegien babes eraginkorra jasotzeko eskubidea, beren zilegizko eskubideak eta interesak erabiltzeko, babesik eza sekula ere gertatu barik."
"2. Legeak aurretik ezarritako ohiko epailea izateko eskubidea dute pertsona guztiek, baita legelariaren babesa eta laguntza izateko, euren kontrako akusazioa jakiteko, atzerapen bidegaberik gabeko eta berme guztiak dituen prozesu publiko bat izateko, babeserako egokiak diren frogak erabiltzeko, nork bere buruaren kontra ez aitortzeko, erruduntasunik ez aitortzeko eta errugabetasunpresuntzioa erabiltzeko eskubidea ere.
Senidetasuna edo sekretu profesionala dela aitortzeko beharra ez dagoenean erabakitzeko arauak jarriko ditu legeak".
Askotan, Justizia Administrazioaren aurkako kexetan planteatzen diren arazoez harantzago, pobreziako, ahultasuneko edo gizarte bazterketako egoerak egoten dira sakonean. Krisi ekonomikoko egoerak berarekin ekarri du bazterketa arazoak –zentzu zabalean– dituzten pertsonen egoera horiek arlo penalean ez ezik, jurisdikzio zibilean ere gertatzea.
Aurten nabarmentzekoa da etxebizitzaren gaineko hipoteka-bermearekin izenpeturiko maileguak ez ordaintzeagatik enbargo– eta utzarazpen-prozedurei aurre egin behar izan dieten pertsonek aurkeztutako kexak.
Oraindik ere kexatzeko arrazoi nagusiak dira prozesu judizialak gehiegi luzatzea, justizia administrazioko langileek emandako tratua, edo funtzionamenduan gertaturiko errakuntzak edo arduragabekeriak. Aurten ebazpen judizialak betearazteari buruzko kexak ere egin dira, guztiak senar-emazteen arteko prozedurekin lotutakoak.
Doako justiziari dagokionez, onura hori gauzatzeko ardura duten instantzien eta onura hori eskatzen duen pertsonaren arteko komunikazio prozesua hobetu behar da.
Epaiketan beren defentsa ordaintzeko bitartekorik ez dutela planteatzen duten pertsonen kopuruak gora egin du, eta gora egin du, halaber, auzien kopurua; izan ere, krisi ekonomikoaren bestelako ondorioak dira horiexek.
Positiboki baloratzen da aurten arlo judizialaren barreneko bitartekaritza zerbitzua epaitegi guztietara zabaldu izana.
Prozesu judizialak izapidetzerakoan izan diren atzerapenei dagokienez, zenbait kexatan agerian jarri zen espediente batzuk gerarazita daudela epaitegietako langileen bajetan ordezko langileak kontratatzen ez direlako. Kasu horiei konponbidea eman zitzaien Justizia Administrazioaren esku-hartze prestuari esker, eta etorkizunean bulego judizial berriaren antolamendu-irizpideen bitartez konpondu beharko da egoera hori.
2.6. Askatasunik ez duten pertsonen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 25.2. artikulua
"Askatasuna kentzen dituzten penak eta segurtasun neurriak berreziketa eta birgizarteratzea lortzeko izango dira eta ezin izango dira nahitaezko lanak izan. Presondegiko pena duen kondenatuak Kapitulu honetako oinarrizko eskubideak izango ditu, kondenak apropos ezarritakoak, penaren zentzuak edota presondegietako legeak mugatzen ez badituzte behintzat. Edozein modutan, ordaindutako lana izateko eta gizartesegurantzaren onura guztiak izateko eskubidea izango du, baita kulturaz gozatzeko eta nortasuna guztiz garatzeko eskubidea ere".
Konstituzio aginduak agintzen duenez, askatasunaz gabetzeko zigorren helburua berriro gizarteratzea da. Horregatik, ahalegin guztiak presoak errehabilitatzera bideratu behar dira. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen da administrazio zentralaren eta autonomikoaren arteko lankidetza, indarrean dagoen araudiak exekuzio penalari buruz eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoz.
Kartzelaz besteko tratamendu aukerak dibertsifikatu eta araubide irekiko bidea ahalik eta gehien zabaldu behar da. Horretarako, elkarte sarearen lanaren alde egin behar da, zigorra bestela betetzeko modu gehienak errazten dituen esparru gisa.
Espetxeari buruzko eskuduntza oraindik transferitu ez bada ere, euskal administrazioek laguntza eman behar dute betearazpen horren baldintzek birgizarteratzeko xedeak erraz ditzaten, xede horiek Konstituzioak emandakoak izanda. Ildo horretan sartzen dira baimenak, lanerako eta terapiarako irteerak, aldian-aldian aurkeztu beharraren mendeko askatasun egoerak, senideen eta gizarte ekimeneko erakundeen bisitak, eta, oro har, internoek, bai familia eremuan, bai gizartean eta lanean, kanpotik birgizarteratzen –edo espetxeak eragiten duen desgizarteratzea arintzen– lagundu behar duen laguntzarekin kontaktua izatera zuzendutako jarduera guztiak.
Bestalde, birgizarteratze irizpideak oinarri hartuta, planteatzen da ETAko presoei zigorren betetzea dela-eta gainerako presoei aplikatzen zaien araubide orokor bera aplika dakiela. Horrenbestez, behin ETAk bere jarduera kriminala berariaz abandonatu duenean, espetxe politika zentzu horretan aldatu beharko litzateke, Euskadiko edo gure autonomia erkidegotik gertuko kartzeletara aldatzeari, baimenen aplikazioari, baldintzapeko askatasunei, espetxe onuren zenbaketari edo gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituztenak kartzelatik ateratzeari dagokienez.
2.7. Hezkuntzarako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna onartzen da.
2. Gizakiaren nortasuna guztiz garatzea izango da hezkuntzaren xedea,bizikidetzako printzipio demokratikoen eta oinarrizko eskubide eta askatasunen arabera.
3. Aginte publikoek gurasoen eskubidea bermatzen dute, semealabek euren uste erlijioso eta moralekin bat datorren heziketa jaso dezaten.
4. Oinarrizko hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.
5. Aginte publikoek herritar guztien hezkuntza eskubidea bermatuko dute irakaskuntzaren programazio orokorraren bitartez, interesa duten sektore guztien partehartzeaz eta ikastegiak sortuz.
6. Ikastegiak sortzeko askatasuna onartzen zaie pertsona fisiko eta juridikoei, printzipio konstituzionalen errespetuaren arabera.
7. Irakasleek, gurasoek, eta behar denean ikasleek ere parte hartuko dute Administrazioak diru publikoaz finantzatutako ikastegien kontrol eta kudeaketan, legeak esaten duenaren arabera.
8. Aginte publikoek hezkuntzasistema ikuskatu eta homologatuko dute legeak betetzen direla bermatzeko.
9. Aginte publikoek legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko laguntza emango diete ikastegiei.
10. Unibertsitateen autonomia onartzen da, legeak ezarritakoaren arabera".
Hezkuntzarako eskubidea prestazio eskubide moduan konfiguratzen da eta, horregatik, agian egokiago zatekeen hura gizarte eskubideen artean jorratzea. Aitzitik, hura kokatzen den konstituzio testuingurua eta aukeratutako metodoa ikusita, atal honetan aztertuko da.
Beharrezkoa da hezkuntza administrazioak jarrai dezala hezkuntza programazioa egokitzen eta etengabe hobetzen, unibertsitatez besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko ezarrita dauden irizpideak bete daitezela lortu arte. Horri dagokionez oso positiboa da konpromisoa gaineratu izana hezkuntza eragile guztien partaidetza herritarren hezkuntza beharrizan errealen planifikazio demokratiko eta egokia sortzeko prozesuan bermatzen saiatzeko.
Hezkuntza administrazioak arreta guztia jarri beharko du ikasleak onartzeko prozesuen kudeaketa zaintzeko, egiaztatuz ikaspostu gutxiegi dauden kasuetarako aurreikusita dauden lehentasunezko irizpideak aplikatzen direla, hautatutako ikaspostura sartzeko garaian aukeren berdintasun egiazkoa dagoela segurtatze aldera.
Zerbitzu osagarrien –jantokia eta, bereziki, eskola garraioa– prestazioari dagokionez, hezkuntza administrazioak ahaleginak egin beharko lituzke zerbitzurako sarbidea ematen duten irizpideen aplikazio malguagoa egiteko, aplikazio horrek ikasleei ematen zaien arreta hobetzen badu eta arbitrarioa ez bada.
Bestalde, hezkuntza premia bereziei dagokienez, jotzen da eskola inklusiboaren esparruan dibertsitateari arreta emateko hurrengo plan estrategikoa errefortzu garrantzitsua izango dela praktika zuzenen aldeko eta hezkuntza-zerbitzuen arteko koordinaziorako jarduketa-dinamika sendotzeko eta finkatzeko. Nolanahi ere, eskola ordutegian zehar dauden osasun premia berezien erantzuna arindu beharko da.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa sailak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu, bananduta eta dibortziatuta dauden gurasoei haien seme-alaben eskolako bilakaeraren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea onartuz (seme-alaben zaintza daukaten edo ez alde batera utzita), baita irakasleekin elkarrizketak edukitzeko eta zentroko hezkuntza komunitatean lankidetzan aritzeko eskubidea ere, gainontzeko gurasoen baldintza eta arreta berarekin.