1.2. Txosten berezia: arrisku egoera berezietan dauden adingabeak
Maiatzaren 3an eman zitzaion Eusko Legebiltzarreko lehendakariari Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak izenburuko txosten berezia. Gero, 2011ko urriaren 19an, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari aurkeztu zitzaion.2
Txostenaren gaia:
Txosten hau Arartekoan urte askotan zehar eta hainbat egoeratan bideratutako segimenduzko lan jarraituaren ondorioa da. Egoera horiek guztiek izendatzaile komuna dute, partekatutako ezaugarria: haurrengan eragina dute eta, bereziki, eskubideei dagokienez arrisku egoera berezietan dauden haur eta nerabeengan. Beraz, ez da haurrei buruzko diagnostiko orokorra, arrisku egoera bereziko kasu jakin batzuei buruzkoa baizik. Horrek ez du esan nahi, bestalde, txosten honetan aztertu ez diren beste egoera batzuetan ere 18 urtetik beherako pertsonen eskubide-urratzerik edo hobetu beharreko alderdirik ez dagoenik.
Laburpen-txostena da, egun arte haurtzaroaren inguruan argitaratutako Arartekoaren txosten berezi guztiak –edo haurtzaroari zuzenduriko atal berreziak dituztenak– etengabe aipatzen dituena. Hori dela-eta, zenbaitetan aurreko txosten monografikoen berezko luzera, sakontasuna eta xehetasuna alde batera utzi behar izan dugu txosten argiagoa eta zehatzagoa lortzearren, eta beharbada, baita dibulgazio maila handiagokoa ere.
Aipaturiko beste txosten berezi horietatik bereizten duen funtsezko ezaugarria hauxe da: txosten honetan beste ikuspegi bat eskaini nahi izan dugu. Ikuspegi horren bitartez, agerian jarri eta nabarmendu egin nahi izan ditugu egoera ezberdinen artean dauden loturak, horien artean batzuetan izaten den jarraitutasuna, horiek denek, gehixeago edo gutxixeago, partekatzen dituzten arazoak. Izan ere, pentsa genezake elkarren artean loturarik ez duten egoeren aurrean gaudela, elkarren arteko erlaziorik gabeko adingabe-talde ezberdinen aurrean. Baina ez da horrela. Askotan, harrera-zentro batean gaur aurkitu dugun neskatoa edo nerabea, edo eskolatu gabe edo eskolan porrot egiten ikusi duguna, bihar barneratze-zentro batean aurki dezakegu, edo denbora jakin bat igaro ondoren, berriz aurki dezakegu, arrisku bereziko beste egoera batean. Horrek agerian jartzen du gure gizartean oraindik ere baztertzeko benetako zirkuituak edo ibilbideak daudela, horietako askok lotura dutela familiarik ez izatearekin, familiak gaitasunik ez izatearekin edo, besterik gabe, familiak porrot egitearekin, adin txikikoari eusteko, hura hezten eta haren beharrak asetzen laguntzeko funtsezko elementu gisa.
Ondorioak eta gomendioak:
Horregatik, txostenean, azterturiko ahultasun-egoera bakoitzari bilakaerazko begiratu bat eman ostean, zeharkako elementu batzuk azpimarratu dira. Elementuok eragina dute aztertu diren sektore guztietan edo askotan, eta haien beharrei ematen zaien erantzuna baldintzatzen ari dira. Gure sistemetan gertatzen diren eta bereziki adierazgarriak diren 11 ahultasun dira (beraz, familia ingurunea bezalako beste elementu garrantzitsuak –funtsezkoak aztertutako egoera askotan– alde batera uzten dituzte, baita hainbat egitura faktore ere, kasu askotan arrisku egoera berezien jatorrian daudenak):
Txosten honetan orokorragoak diren gomendioen artean honako hauek aipa daitezke:
2 Agerraldiaren testu osoa eskura daiteke Arartekoaren web orrialdean.