8. Arartekoaren 8/2011 Gomendio orokorra, azaroaren 15ekoa. Banandutako gurasoek jaso behar duten informazioa, administrazioak haien seme-alabez dituen datuei dagokienez, eta aurkeztu behar dituzten agiriak.
I. Aurrekariak
Bananduta dauden eta seme-alabak kargura dituzten pertsonek jarritako kexak izapidetu eta ikertzeko esparruan, pertsona horiek, guraso diren aldetik, legeak esleitzen dizkieten eskubideak eta betebeharrak baliatzeko dituzten zailtasunen berri izan dugu. Horietako batzuk banandutako pertsonek guraso-ahala baliatzerakoan administrazioak batez ere –beti ez bada ere– hezkuntza eta osasunaren arloan ezartzen dituen baldintzatzaile batzuen ondorioz sortzen dira. Administrazioak adingabe bati buruzko datuak dituenean, haren intimitatea babesteko betebeharra dauka. Hortaz, haren legezko ordezkaritza gain duenari bakarrik jakinarazi diezazkioke. Dena den, ordezkaritza hori egiaztatzeko, nahikoa da gurasoek familia-liburua aurkeztea elkarrekin bizi badira; bananduta badaude, aldiz, horrez gain, guraso-ahala kendu ez dietela frogatu behar dute. Osasunaren esparruan, jagoletza ez duen gurasoak "guraso-ahala egiaztatzen duen agiria" ere aurkeztu behar du. Kontu horrek hiru kexagai eragin ditu.
2011. urtean arrazoi horregatik gure esku-hartzea behar izan zenean, hezkuntzaren arloan administrazioak Ikastetxeen Zuzendaritzak horren inguruan 1997-06-16an ezarritako jarraibideekin bat etorriz jardun zuen. Arartekoaren ebazpen hau une horretan argitaratu zela kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak horren inguruko jarraibide berriak argitaratu zituen. Ondorioz, erakunde honek bertan jasotako gomendioak mahaigaineratu zituen gomendiook hobetzeko, Haurren eta Nerabeen Bulegoaren laburpenean islatu denaren arabera.
II. Oinarriak
Hala jardutean, administrazioak zenbait adingaberen datuak dituela kontuan hartuta, adingabe horiek babestu nahi ditu, horien berri legezko ordezkariak bakarrik izan dezan. Egia, ordea, honako hau da: adingabearen gurasoak bananduta ez daudenean, hizpide ditugun zuzentarauek, ondorio horietarako, ez diete behartzen adingabearen seme-alabatasuna ez den beste ezer egiaztatzera.. Banantzerakoan bakarrik behartzen zaie seme-alabei buruzko neurriak zehazten dituen ebazpen judiziala edo notario-agiria aurkeztera. Eskakizun horren logika bikoitza da: alde batetik, seme-alabak haren kargura dituen pertsona baten banantzea ez da bere horretan adierazle nahikotzat jotzen guraso-ahala kentzeko legezko kausa batean sartuta egoteko eta horrek hala ez dela bermatzen du, banantzerik jazotzen ez denean, beharrezkotzat jotzen ez diren kautelen bitartez; bestetik, aipatu adierazlea indartu egiten da, gainera, seme-alaben zaintza beste gurasoaren esku utzi bada.
Erakunde honen ustez, azaldutako logika, azken batean, administrazio jarduerak barne hartu behar ez dituen aurreiritzien araberakoa da, ez baitute nahitaezko legezko euskarririk edo euskarri jurisprudentzialik. Pertsona bat ez da ama edo aita hobea ezkonduta, bananduta edo ezkongabe egoteagatik. Beste kontu bat izango litzateke gurasoen eta seme-alaben arteko zereginak larriki ez betetzeagatik guraso-ahala kendu izan baliote. Hala ere, banantzeak ez du ez-betetze horren arriskua handitzen, berdin-berdin egin baitezakete ezkonduta edo bananduta daudenek. Era berean, adingabeen jagoletza gurasoetako bati eman izanak ez du esan nahi beste gurasoak egitekoren bat bete ez duenik.
Azaldutako arazoen artean hirugarrenari dagokionez, irtenbide bat izan daiteke, ondorio horietarako, administrazioak ebazpenaren epaia bakarrik egiazta dadin eskatzea, hartutako neurriak eta, hala badagokio, haren irmotasuna adieraziz. Dena den, antzeman dugu epaitegiek ez dituztela mota horretako ziurtagiriak egiten. Horregatik, pentsatu genuen gure egitekoa zela Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Aretoari hausnarketa hori helaraztea, onartu zuena, eta EAEko epaitegi guztietara luzatzea adostu zuena.
III. Gomendioak