6. Arartekoaren 6/2011 Gomendio orokorra, urriaren 27koa. Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuinguruan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna.
I. Aurrekariak
Hainbat forotan eta bide ezberdinetatik kezka adierazi digute kirolaren esparruan hainbat entrenatzailek adingabeekin izan dituzten jokabide eta jarrera batzuen inguruan, eta Ararteko erakundeak kezka horiek jaso ditu. "Gehiegizkoak" izateagatik gaitzesgarritzat jotzen diren jokabideak dira eta, nolanahi ere, nekez jo daitezke hezigarritzat, izan ere, "norbera gainditzea eta norbanakoaren ahalmena lehertzea bultzatzeko asmoz, pertsona mugara eramatea" oinarri hartuta, jokabide ikaratzaileak, iraingarriak, laidogarriak izaten dituzte, neurriz gaineko zigorrak ezartzen dituzte, etab.
Berriro diogu, haur eta nerabeekin egindako kirol jardueraz ari gara eta, jarduera horretan, adingabearen interes gorena da −alegia, haren garapen pertsonala eta soziala bilatzea lehentasunezko eginbehar gisa− edozein azterketa eta balorazioren ardatz nagusia.
II. Oinarriak
Gehienek onartzen dute, eta horrela xedatzen dute arau eta politika publikoek, adin horietako kirol jardueraren helburuak hezkuntza duela oinarri. Kirol diziplina jakin baten trebetasun edota gaitasun teknikoak ikasi eta garatzea baino harago doa haurren erabateko hezkuntza osatzeko, norberaren eta gizartearen garapen osasungarria lortzeko balore positiboen hezkuntzan barneratuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko kirola eta zehazki eskola adineko kirola erregulatzen duen arau multzoak lehentasunezko hezkuntza orientazio hori biltzen du eta kirol modalitate horren elementu artikulatzaile ezberdinetara bideratzen saiatzen da. Hala eta guztiz ere, onartezintzat edo behintzat gaitzesgarritzat eta, beraz, neurri batean zigorgarritzat, joko diren jokabide horiek eskatzen dituen azken urratsean, lehiaketaren uneak arautzera mugatzen da, klubaren edo erakundearen kirol jarduera edo entrenamenduaren eremuan gerta daitekeen ezer ez aipatu gabe.
III. Gomendioak
Euskal herri administrazio eskudunek, bakoitza ordenamendu juridiko eta administratiboak derrigortzen edota ahalbidetzen duen heinean, haur eta nerabeekin bideratu beharreko hezkuntza kirol jardueraren garapen egokirako jokabiderik egokienak zehatz ditzaten eta horrek lehentasunez izan behar duen hezkuntza edukiarekiko kontrakoak direnak zigor ditzaten, une, eremu eta testuinguru orotan aplikagarria den diziplina erregimen baten bidez.