1. Arartekoaren 1/2011 Gomendio orokorra, uztailaren 13koa.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan jaioberriak beren ama biologikoengandik bidegabe banandu edo ebatsi zireneko egintzak argitzen lagunduko duten neurrien premia.
I. Aurrekariak
Arartekoak hainbat kexa jaso ditu jaioberriak ama biologikoengandik bidegabe ebatsi edo banandu izanari buruz. Kezka bikoitza helarazten digute, alde batetik seme-alabak edo ama ezagutzeko nahia eta bestetik egintzak argitu eta horiek auzitaratzekoa.
Egintza horiei eginbide penalak zabaldu zaizkie salaketak jarri diren gainerako autonomia erkidegoetan. Salaketa horietako askotan Anadir Elkarteak (Adopzio Irregularrek Kaltetutakoen Elkarte Nazionala) joan den 2011ko urtarrilaren 27an Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean aurkeztu zuen salaketarekiko atxikimendua eskatu izan da. Estatu osoko ospitale eta klinika ezberdinetan haurren jaiotzen inguruan izandako irregulartasunak dira salaketon muina.
Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat salaketa jarri dira hiru fiskaltzetan.
Ama biologikoek semea edo alaba adopzioan eman nahi izatea zalantzan jartzen den kasuak eta amaren identitatea ezezaguna delako adoptatutako seme-alabek beren jatorria zein den jakin ezin duten kasuak dira kexetan jasotzen direnak. Semea edo alaba jaio eta gutxira hil egin zela pentsatu eta ondoren heriotza horien baldintzak oso argiak izan ez zirela jakin duten amek ere jarri dituzte kexak. Aipatutako ezohiko baldintza horiek hainbat izan daitezke, besteak beste: medikuaren partean ageri diren datuak eta eman zieten informazioa ez datozela bat, edo medikuen parteetan jasotako datuetan ez dagoela ama biologikoaren daturik, adopzio-amaren datuak bakarrik jaso zirela ama biologikoa bailitzan, edo guraso biologikoei ez zietela umeen heriotzari buruzko datu zehatzik eman; horrek heriotzak benetakoak izan ote ziren zalantzan jartzea ekarri zuen, eta zalantza horiek are handiago egin ziren hilerrietako ehorzketa-liburuetan begiratu eta beren semea edo alaba han lurperatu ez zela jakiterakoan.
SOS Euskadiko Haur Lapurtuak Elkarteak ere jo du erakunde honetara, eta horrelako gertakariak ikertzeko izaten ari diren zailtasunen berri eman digu.
II. Oinarriak
Aurrerapenak eman dira giza eskubideen eta bereziki umeen eskubideen aitorpenean eta babesean, eta horrek beharrezko egiten du ikuspegi kritikoa izatea garai batean orain aitortzen diren eskubide horiek berak mugatzen zituzten jardueren inguruan. Adopzio-prozeduren gardentasuna eta bermeak asko hobetu dira; zeharo aldatu da diru-kontuengatik edo ezkontzatik kanpo jaiotzeagatik umeak amengandik banatzeak pizten duen sentsibilitatea. Berme horiek oso zail egiten dute une honetan ama biologikoa nor den ez jakitea edo umeak adoptatua denik ez jakitea, eta zaildu egiten du, baita ere, adopzioan emateko zein esplotatzeko asmoz umeen trafikoa egin ahal izatea. Hala ere, garrantzitsua da izandako tentua nahikoa izan ote den baloratzea.
1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Biltzar Orokorrak umeen eskubideei buruz onartu zuen Hitzarmena inolako erreparorik gabe onartu zuen Espainiak 1990ean; hitzarmen hori onartu izanak umeen eskubideak aitortzea eta estatua horiek babestera behartuta egotea ekarri zuen. Hitzarmena oso-osorik sartu behar da antolamendu juridikoan, eta botere publikoek ap
likatu egin behar dute.
Jasotzen diren eskubideen artean identitatea izateko eskubidea dago. Eskubide horrek hainbat alderdi ditu, besteak beste, jatorri biologikoa ezagutzeko eskubidea, norberaren historia izateko eta ezagutzeko eskubidea, jaio bezain pronto erregistratua izateko ume orok duen eskubidea, izen eta nazionalitate bat izateko eskubidea eta, ahal den neurrian, gurasoak ezagutu eta haien zaintzapean egoteko eskubidea. Pertsona baten identitateak nondik datorren, bere gurasoak nortzuk eta nongoan ziren edo non jaio zen jakitea eskatzen du.
III. Ondorioak
1 Ama biologikoei beren umeak lapurtu edo bidegabe banandu izanak alarma eta erakundeekiko mesfidantza sortu dute gizartean, beraz, botere publikoek badute zertaz kezkatu. Horrenbestez, abian diren prozedura judizialen emaitzak edozein direla ere, eta nahiz eta irregulartasun-kasu gehienak 60ko eta 70eko hamarkadetan gertatu, gaia jorratu egin beharko lukete agintariek.
2 Ezinbestekoa da gertatutakoa argitzea, eta horretarako bide judiziala erabiltzeaz gain (egonez gero, bide horretatik ezarriko lirateke kasuan kasuko erantzukizunak), komenigarria litzateke gertatu zenaren berri edukitzeko eta adopzioak egiteko jarraitu ziren prozedurak nolakoak izan ziren jakiteko beste mekanismo bat ere sortzea. Horretarako egokia litzateke aditu independenteek osatutako Batzorde bat eratzea, gertatutakoa azter dezaten eta, txosten bat egin ondoren, biktimei nolabaiteko ordaina emateko bideak proposa ditzaten.
3 Kaltetutako pertsonei egintzak argitzeko prozesuan parte hartzea ahalbidetuko dien prozedura baten aldeko ap
ustua egin beharko litzateke.
4 Artxiboen eta erregistroen eskuragarritasunari buruzkoa zein jaiotzaren erregistroari buruzkoa bezalako araudiak (bereziki Justizia Ministerioaren 1999ko azaroaren 10eko Agindua eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 1999ko otsailaren 15eko eta 2004ko uztailaren 1eko Jarraibideak), hau da, hizpide ditugun kasuetan ap
likatzen diren araudiak aztertzea ere izan beharko litzateke ikerketaren helburuetako bat, horrela identitatea izateko eta jatorri biologikoa ezagutzeko eskubideak bermatuko dituen eta beste eskubide batzuekiko talka behar bezala neurtuko duen bestelako araurik onartzea beharrezkoa ote den baloratu ahal izango litzatekeelako.