8. Etorkinak
I. Aurrekariak
Atal honetan etorkin atzerritarrei eragiten dieten jarduerarik esanguratsuenak aipatuko ditugu.
Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien eskubideak defendatzen ditu erakundea sortzen eta arautzen duen 3/1985 Legean ezarritako mugak kontuan hartuta. Jarduera publikoak kontrastatzeko funtzioak biztanleria gizarteratzera eta dibertsitatea kudeatzera bideratutako zerbitzu publikoen kudeaketaz arduratzen diren euskal Administrazio Publikoei bakarrik eragiten die. Atzerritarren sarrerari, egoitza-baimenari eta lan-baimenari buruzko immigrazio-politikak Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak dira, beraz, Arartekoak ezin ditu herritarrek jarduera-eremu horren inguruan dituzten kexak artatu eta Herriaren defendatzailearen Bulegora bideratzen ditu halakoak.
Migrazio-mugimenduak, hots, pertsonak beren jatorrizko herrialdetik beste batzuetara joatea, faktore askoko fenomeno globala dira, eta horrenbestez, giza eskubideak errespetatzen dituzten eta nazioartean berdintasunik eza eragiten duten zioak kontuan hartzen dituzten politika publikoak eskatzen dituzte.
Atzerritarren sarrera, egoitza eta lana arautzen dituen lege-erregimenak eta araudia aplikatzearen ondoriozko jarduerek garrantzi itzela dute atzerritarren integrazio-prozesuan, beren eskubideei eta hartzen dituzten gizartearekiko harremanari eragiten baitie.
Migrazio-prozesuei esker, gure artean jatorri ezberdineko pertsonak bizi dira, beraz, gero eta garrantzi handiagoa dute bertakotzera eta dibertsitatea kudeatzera zuzendutako politika publikoek.
Espainian egoitza-baimena duten atzerritarrak 5.100.000tik gora dira. 2011. urtean 5.751.487 atzerritar bizi ziren Espainian, eta horietako %80k egoitza-baimena zuen. Horietako askok epe luzerako baimena zuten.
Estatistikako Institutu Nazionaleko datuen arabera, gaur egun 145.256 atzerritar daude Euskadin erroldatuta, hau da, biztanleria guztiaren %6,6. Portzentaje hori are handiagoa da Espainiako nazionalitatea lortu duten herritarrak ere kontuan hartuz gero. Ezin da ukatu jatorri-aniztasuna gure gizartearen ezaugarrietako bat denik. Hala ere, portzentaje hori beste autonomia erkidego batzuetakoa edo estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da, horietan atzerritarrak biztanleria osoaren %12,2 baitira. Euskadin, biztanleriaren guztirako kopurua immigrazioari esker mantendu ahal izan da, bestela murriztu egingo baitzen.
2011n, gure erkidegoan, atzerritarren kopuruak estatuko beste autonomia erkidego batzuetan baino hazkunde handiagoa izan du kopuru erlatiboetan. Talde horretako pertsonek lan-merkatuan sartzeko gehien erabiltzen dituzten sektoreak etxeko lanena eta pertsonen zaintza dira.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2010eko Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerriko etorkinen gaineko inkestaren (AEI 2010) arabera, talde horretako pertsona gehienak gazteak dira eta administrazio-baimena dute (%82,2), eta taldearen heren batek epe luzerako egoitza-baimena du.
Datu garrantzitsua da atzerritarren helburu nagusia lana bilatzea dela. Atzerritarren %7,1ek bakarrik aitortzen du emigratzeko arrazoietako bat gizarte-laguntzak izan zirela. Hitz batez, gizarte-laguntzak ez dira faktore erabakigarria migrazio-proiektuan, pertsona gehienek duintasunez bizitzea ahalbidetuko dien lana eduki nahi baitute. Zenbaitetan etorkinen kolektibo osoari aplikatzen zaio kasu bakan batzuetan gertatutakoa, baina inolaz ere ez dira joera orokorrak.
Ikuspegiren azken barometroko ondorioek erakusten dutenez, Euskadiko biztanleriak uste du immigrazioak onurak ekartzen dizkiola ekonomiari, baina zalantzak ere erakusten ditu zenbait zerbitzu publikotan zein langileen eskubideengan dituzten ondorioen inguruan. Barometroak ondorioztatu du euskal gizartearen tolerantzia-maila zertxobait jaitsi dela, baina ez omen dago muturreko planteamenduen zantzurik.
Azkenik, Etorkinak gizarteratzeko foroaren txostenetan jasotakoa aintzat hartuta, esan beharra dago finantza-krisia, enpleguaren suntsipena eta enplegua sortzeko ekimenik eza kalte handia eragiten ari zaizkiela Europar Batasuneko etorkinei.
II. Arloa kopurutan
Jasotzen ditugun kexak arlo ezberdinetakoak izaten dira, etorkinek Administrazio Publiko desberdinekin baitituzte harremanak, gainerako herritarrek bezalaxe. Aurten gizarte arloko diru-laguntzak kendu izanagatiko kexek gora egin dute, izan ere, kontu horrek biztanleria osoari eragin dio, eta bereziki, atzerritarrei. Beste arlo batzuetan izapidetutako kexen artean nabarmentzekoak dira Herrizaingo Sailean eta Ingurumen Sailean kultu islamikorako zentroak irekitzeko lizentzien inguruan bideratutakoak.
III. Araudi-testuingurua eta politika publikoak
Hizpide dugun arloan esku hartzen duten erakunde publikoek hainbat arau prestatu dituzte eta jarduera berriak jarri dituzte abian, ohikoa den legez. Goiburuko honetan horietako batzuk aipatuko ditugu, izan ere, gehiago sakontzea luzeegia gertatuko litzateke eta hori ez da txostenaren helburua. Neurri horiek etorkinen sarreraren kontrolari, beren estatutu juridikoari eta Administrazio Publikoek gauzatzen dituzten integrazio-politikei eragiten diete. Politika horiek bi uren artean mugitzen dira, izan ere, alde batetik migrazio-fluxuak kudeatu eta pertsonen sarrera eta egoitza irregularra kontrolatu behar dute eta, bestetik, giza eskubideak, pluraltasuna eta aniztasuna errespetatu behar dituzte, baina askotan bateraezinak izaten dira edo ez datoz bat erabaki-maila guztietan.
Europar Batasuna
Europar Batasunak eskumen-muga esanguratsuak ditu hizpide dugun gaiaren inguruan, baina gero eta eragin handiagoa izaten ari da immigrazio eta asilo politiketan. Aurten garatu dituen jardueretako bat immigrazioak Europari dakarzkion onura ekonomiko, sozial eta kulturalak areagotzera zuzendutako Gainerako Herrialdeetako Nazionalen Integraziorako Europako Agenda izan da. Agenda horren arabera, ezinbestekoa da etorkinek bizitza kolektiboko arlo guztietan modu aktiboan parte hartzea, eta nabarmendu egiten du tokiko agintariek zeregin horretan duten funtsezko eginkizuna. Gainera, hainbat zuzentarau eman dira, adibidez, Batasunetik kanpoko herritarrei Estatu kide bateko lurraldean bizitzeko eta lan egiteko baimena ematen dien baimen bakarra eskatzeko prozedura bakarra ezartzen duena edo gizakien salerosketa prebenitu eta haren kontra borrokatzeko zein biktimak babesteko emandakoa.
Kontseiluak aldatu egin du Europar Batasuneko Estatu kideen kanpoko mugetan lankidetza eraginkorra kudeatzeko Europako Agentzia (FRONTEX) sortzen duen araudia, erakundeari botere eta eskumen gehiago emateko (bere gaitasun operatiboa indartze aldera) eta giza eskubideak betetzen direla bermatzeko egin ere.
Europako Parlamentuak hainbat ebazpen eman ditu, besteak beste, ezegonkortasunaren ondoriozko migrazio-fluxuei eta EBko kanpo-politikaren eginkizunari buruzkoa, Schengenen gaineko aldaketei buruzkoa edota Bulgaria eta Errumania Schengen esparruan sartzeari buruzkoa. Horietan EBko politikan garrantzi itzela duten gai horiei buruz duen iritzia adierazten du.
Batzordeak hainbat komunikazio egin ditu, hala nola, migrazioenganako eta mugikortasunarenganako hurbilketa globalari buruzkoa, Immigrazioari eta Asiloari buruzko urteko txostenari buruzkoa, Schengenen gobernantzari buruzkoa –Barne-mugetako muga-kontrolik gabeko espazioa sendotzea–, edo Europar Batasunak jendea berriz hartzearen gainean egindako hitzarmenen ebaluazioari buruzkoa.
Estatua
Estatuak aurten onartu dituen arauei dagokionez, honakoak aipatu behar dira: lehenik eta behin 2/2009 Lege Organikoak aldatu ondoren atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei zein beren gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Araudia onartzen duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretua, eta ondoren, Europar Batasuneko Estatu kideetako zein Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmena sinatu duten gainerako Estatuetako herritarrak Espainian sartu, libreki zirkulatu eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua aldatzen duen azaroaren 18ko 1710/2011 Errege Dekretua.
Atzerritarrek Espainian dituzten eskubideei eta askatasunei zein beren gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 31 bis eta 59 bis artikuluak aldatzen dituen uztailaren 27ko 10/2011 Lege Organikoa ere aipatuko dugu. Aldaketa horren bidez areagotu egiten dira tratu txarrak ematen dizkieten edo esplotatu egiten dituzten pertsonak salatzea erabakitzen duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak zein gizakien salerosketaren biktima diren pertsonak babesteko neurriak.
Etxeko zerbitzuaren lan-harremana arautzen duen azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuak ere eragin handia du langile atzerritar askorengan.
Halaber, atzerritarren itzulera arautzen duten, genero-indarkeria zein gizakien salerosketa jasan duten emakume atzerritarrei aplikatu beharreko prozedura ezartzen duten edota jatorri errumaniarra duten pertsonek inoren kontura lan egin ahal izateko administrazio-baimenak jasotzen dituzten jarraibideak eta zirkularrak egin dira. Estatuko Fiskaltza Nagusiak Fiskaltzak atzerritarren eta immigrazioaren arloan egiten dituen jarduera espezializatuetan batasuna lortzeko irizpideei buruzko zirkularra prestatu du.
Aurten honako hauek onartu dira: Herritarrei eta Gizarteratzeari buruzko 2011-2014 Plan Estrategikoa; arrazakeriaren, arrazagatiko diskriminazioaren, xenofobiaren eta bestelako intolerantzia moten kontrako estrategia integrala; eta arrazakeriari eta xenofobiari loturiko gertaerak jakinarazteko sistemen gaineko jarduera-protokoloa, arrazakeriari lotutako arau-hausteak ikertu ahal izateko. Protokoloak gertaera arrazistak salatzera bultzatu nahi ditu biktimak eta lekukoak, Europako Kontseiluaren arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako Europako Batzordearen gomendioari jarraiki, eta arrazakeriari eta xenofobiari lotutako jazoeren zerrenda zehatzagoa egiteko asmoa du.
Euskal Autonomia Erkidegoa
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Euskadiko gutxiengoen eskubideen defentsari buruzko Legez besteko proposamena onartu zuen 2011ko abenduaren 15ean.
Aurten Inmigrazioaren aldeko Itun Soziala jarri du abian Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, eta gogoeta bultzatzea helburu duen agiri bat prestatu du. Itunak biztanleria plural eta inklusiboaren ideia azpimarratzen du. Funtsezko askatasunak, eskubideak eta betebeharrak praktikan jartzeko orduan pertsona bertokoa edo atzerritarra den albo batera utzi eta berton bizi dela bakarrik kontuan hartzea esan nahi du horrek, eta ideia horrek eragin handia izango du politika publikoak egin eta aplikatzeko orduan, beraz, garrantzitsua izango da betetzen direla egiaztatzeko segimendua egitea.
Itunak aurreiritzietan eta gehiegizko orokortzeetan oinarrituta immigrazioa laidoztatzen duten diskurtso guztiak baztertzeko konpromisoak eta dibertsitateak duten garrantzia ere jasotzen du, eta arrazakeria edo xenofobia mota ireki zein zoliei aurre egiteko eta zigorgabetasun-esparru ezberdinei gogor egiteko eta salatzeko deia egiten die herritarrei. Batasunerako deia ere egiten du, immigrazio eta integrazio politikak ez daitezen hauteskundeen edo legebiltzarreko gehiengoen araberakoak izan.
Berdintasuna, giza eskubideak, kultura-aniztasuna, genero-ikuspegia edo normalizazioa eta unibertsalizazioa bezalako printzipioak barne hartzen dituen Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura arteko Bizikidetasunaren III. Plana ere onartu da. Planak biztanleriari eta immigrazioari buruzko euskal politika laneratzea, eskola-arrakasta, dibertsitatearen kudeaketa, partaidetza zein diskriminazioaren aurkako borroka bezalako helburuak lortzeko moduan eratzeko proiektuak ere aurreikusten ditu.
Eusko Jaurlaritzaren Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zenbait jarduera egin ditu gizakien salerosketaren biktima izan diren emakumeen inguruan. Sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeei (adin txikikoei barne) laguntza psikologikoa eta judiziala emateko koordinazio-protokoloa egin da, gaiaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina egin da eta hainbat baliabide-gida prestatu dira. Jarduerok oso garrantzitsuak dira, izan ere, fenomeno hori oraindik ere gertatzen da gure gizartean nahiz eta emakumeen eta neskatoen eskubideak urratu, talde hori zaurgarri utzi eta salerosten dituzten erakundeek antolamendu juridikoa hautsi.
IV. Jarduera-plana
IV.1. Bilerak
Aurten hainbat aldiz izan ditugu batzarrak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Immigrazio eta Aniztasunaren Kudeaketa Zuzendaritzarekin.
Bilera horietan atzerritarrei arreta juridikoa emateko zerbitzu berriaren funtzionamenduari buruzko jakin-mina erakutsi genien zenbait gabezia antzeman genituelako. Gabetasun horiek arazoak Heldura bideratzeko jarduera-protokoloa duten talde zaurgarrien arretan edo zerbitzu hori eredutzat duten pertsonen arretan (laguntzarik gabeko adingabe atzerritarrak, prostituzioan diharduten emakumeak edo bestelako genero-indarkeria jasaten duten emakumeak) aurkitu genituen bereziki.
Halaber, babesik gabeko adingabe atzerritarren arloan duten eskumenari buruzko kezkak ere helarazi genizkien, hala nola, adingabe atzerritarrak hartzeko protokoloa egiteko premia edo haurrak babesteko zentroetako erregistro pertsonalei zein beren defentsa-eskubideari eragiten dien araudia hobetzeko premia.
Bileretan gizakien salerosketa prebenitzeko, haren kontra borrokatzeko eta biktimak babesteko jarduera publikoak martxan jartzeak duen garrantzia ere planteatu genuen.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ematea arautzen duten arauei buruzko kontuak ere planteatu ziren, eragin handia baitute atzerritarrengan.
Jakinarazi zigutenez, aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak egingo ditu etxebizitzen egokitasunari eta gizarte errotzeari buruzko txostenak. Mota horretako txostenak derrigorrezkoak dira familia berriz elkartzeko eskaria eta egoitza-baimena izapidetzeko, hurrenez hurren. Gizarteratzeko ahaleginari buruzko txostenak ere egiten ditu. Txosten horiek egoitza-baimena berriztatzeko eskakizunak betetzen ez dituzten atzerritarren kasuan egiten dira. Eusko Jaurlaritzaren eginkizun berriok eragina izango dute pertsonen dokumentazioa erregularizatzeko eta familiak berriz elkartzeko prozesuetan.
Langabezian dauden atzerritarrek beren oinarrizko premiak betetzeko gastuei aurre egiterakoan dituzten arazoak azpimarratu nahi izan dituzte aurten ikusi ditugun gizarte-erakundeek, izan ere, eskakizunak gogortu dituztenez, etorkinek ez dute diru-laguntzarik lortzeko aukerarik.
Aurten Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei laguntzeko Zuzendaritzarekin ere bildu gara. Erakunde hori mota guztietako genero-indarkerien biktimak artatzeko politikak zuzentzeaz eta koordinatzeaz arduratzen da; ez du bere lana etxeko tratu txarretara eta sexu-erasoetara mugatzen, beraz, derrigortutako prostituzioaz eta emakumeen zein neskatoen salerosketaz ere arduratzen da, eta indarkeria mota horiek, zoritxarrez, emakume atzerritarrei eragiten diete.
IV.2. Jardunaldietan eta mintegietan parte hartzea
Arartekoak atzerritarren inguruko jardunaldi eta mintegi askotan hartu du parte, besteak beste, Herriaren defendatzailearen Bulegoak Espainian gertatzen den gizakien salerosketari buruz antolatu zuenean. Bertan giza eskubideak kontuan hartzeak eta salerosketaren biktimak identifikatu eta behar bezala tratatzeak (emakume atzerritarren egoitza-baldintzen kontrolari buruzko jarduerak eta krimen antolatuaren kontrako borroka alde batera utzita) duten garrantzia azpimarratu zen. Hori lortzeko ezinbestekoa da sexu-esplotaziorako salerosten diren emakumeak antzemateko eta identifikatzeko zein datuak biltzeko zereginetan aritzen diren eragile publikoei eta sozialei behar bezalako prestakuntza ematea. Eusko Jaurlaritzak ere diskriminazioaren kontrako borrokari eta Euskadin bizi diren etorkinen gizarteratzeari buruzko hainbat jardunaldi antolatu ditu eta gu bertan izan gara.
Euskal Herriko Unibertsitateak arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorroto-delituen gainean antolatutako jardunaldia ere nabarmendu nahi dugu. Bertan ikuspuntu penaletik aztertu ziren delituok, ezartzen zaizkien zigor eskasak eta horiek jazartzeko dauden zailtasunak nabarmendu ziren eta adierazpen askatasunerako eskubidearekiko talka agerian utzi zen. Gainera, Kataluniako fiskaltza espezializatuaren praktika aztertu zen.
IV.3. Egindako bisitak
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko baliabide bat bisitatu dugu. Bisita horri buruzko informazioa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko atalean jasotzen da. Arlo horri buruzko kontuetan itzulpen-zerbitzua zutela egiaztatu ahal izan genuen. Jaso genuen informazioaren arabera, jarduera-protokoloa Eusko Jaurlaritzak atzerritarrak juridikoki artatzeko ezarritako eredu berrira moldatzen ari ziren.
IV.4. Iritzi-artikuluak
Arartekoak aurten egindako iritzi-artikuluen artean arrazagatiko diskriminazioaren kontrako nazioarteko egunean (martxoak 21) argitaratutakoa aipa dezakegu; bertan egun dauden desberdintasunei buruzko eta diskriminazioak pobreziaren gorakadan, indarkeria sortzeko orduan zein pertsonen gaitasunen garapena ekiditeko orduan izan dezakeen eraginari buruzko gogoeta egiten zen.
Planteatzen zen, baita ere, desberdintasunak eta aniztasuna kontuan izan behar direla pertsona guztiek justizia lortzeko, bakean eta aske bizitzeko eta berdintasuna izateko duten desioa betetzeko aukera izan dezaten.
Gainera adierazpen instituzionala ere egin da tolerantziaren nazioarteko eguna dela-eta. Agirian azpimarratzen zen erlijio arteko eta erlijio barruko komunikazioa oso garrantzitsua dela erlijioagatiko tolerantziarik ezaren kontra borrokatzeko, eta botere publikoei Euskal Herrian haziz doan erlijio-dibertsitatea onartuz eta aintzat hartuz aurrera egiteko beharrezko neurriak har ditzatela eskatzen zien erakunde honek.
IV.5. Ikerketa-lanak
Aurten bi ikerketa-lan argitaratu dira.
"Etorkinek zerbitzu eta prestazioetara duten sarbidea, euskal autonomia erkidegoan" izeneko lana Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Mugak ikerketa-taldeak egin du. Azterlan horrek garrantzi handia du gizartearentzat, izan ere, gehiengoak uste du etorkinek asko edo gehiegi erabiltzen dituztela gizarte-zerbitzuak. Azterlanak erakutsi du justu kontrakoa gertatzen dela, etorkinek zailtasunak eta mugak dituztela prestazio sozialak lortzeko, bereziki beren egoera administratiboa irregularra bada.
2010eko urteko txostenean adierazi genuen legez, ezinbestekoa da etorkinek zerbitzu eta prestazio publiko gehiago erabiltzen dituzten ideia hori azterlan eta ikerketen bidez gezurtatzea, ez baita egia. Ildo beretik jarraituta, La Caixa Fundazioaren "Immigrazioa eta Ongizate-estatua Espainian" azterlana ere aipatu nahi dugu.
Bertan planteatzen diren ondorioetako bat zera da, "dei efektua" existitu existitzen dela, baina ez diela harrera-herrialdeko gizarte-programei erantzuten, eskulanaren benetako eskariari baizik. Eskaria lurralde jakin batzuetan kontzentratzeak etorkinek zerbitzu eta prestazio publikoak gehiago erabiltzen dituzten ideia hori indartzen duela ere ondorioztatzen du azterlanak. Beste ondorio bat ere ateratzen du hizpide dugun lanak, izan ere, gure ongizate erregimenaren egitura-ahuleziak nabarmentzen dizkigu haren puntu sendoak eta ahulak erakutsita.
Mota horretako azterlanak egin arren, etorkinek zerbitzu publikoak eta diru-laguntzak gehiegi erabiltzen dituztela dioten mezuak barru-barrura sartu dira gizartearen sektore guztietan, atzerritar talde batzuek zergarik ordaintzen ez dutela ere zabaldu da, eta gure ustez hori kezkagarria da gizartearen kohesioari eta diskriminazioaren kontrako borrokari begira, mezu horiek ez baitatoz datu objektiboekin bat.
Azpimarratu egin behar dugu zerbitzu publikoak jasotzeko baldintza berak bete behar dituztela etorkinek eta bertokoek, eta hein berean ordaintzen dituzte zergak. Dena den, eta azterlanak ondorioztatzen duenari jarraiki, etorkinek zailtasun handiagoak izan ohi dituzte araudiak eskatzen dituen eskakizunak betetzeko (egoitza independentea, aldez aurretik toki batean aldi batez bizi izana edo epe jakin batez udal-erroldan izen emanda egon izana egiaztatzea), eta beren egoera juridikoaren arabera ez dute prestazio eta zerbitzu publiko jakin batzuk jasotzeko eskubiderik.
Ez da ahaztu behar zaurgarritasun-egoerak eta langabeziak diru-laguntzen eskaria areagotu duela, bai bertokoen artean, bai etorkinen artean.
Azkenik, azterlanak planteatzen du etorkinen ikuspuntu ekonomiko edo utilitarista kontuan hartu beharrean bizirauteko borrokan dituzten benetako zailtasunak direla aztertu eta gogoan hartu behar direnak, adibidez, egoera administratibo irregularra, errenta-kontraturik lortu ezina, edo jatorrizko herrialdean familiak duen egoerari heltzerakoan nazioarteko zuzenbide pribatuaren arloan sortzen diren arazoak, horien erruz etorkinek zailtasun handiak baitituzte diru-laguntzak lortzeko.
Arartekoak ikertzaile ezberdinek egindako "Adingabeak edo atzerritarrak? Esku hartzeko politiken azterketa, lagundu gabeko adingabe atzerritarren gainekoa" azterlanean ere lagundu du, eta lan horren laburpena Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean aurki daiteke.
V. Kexarik aipagarrienak
V.1. Atzerritarren estatutu juridikoari buruz hartutako kexak
Mota horretako kexak Herriaren defendatzaileari igortzen zaizkio. Turista edo ikasle izateko bisa ukatu izanari buruzkoak izaten dira. Atzerritarrekin ezkonduta dauden Batasuneko pertsonei familia elkartzeko eskaria ukatu izanaren ondoriozkoak ere izan daitezke. Beste arrazoi bategatiko kexak ere egoten dira, kanporatze-zigorra ezarri zaien pertsonei gizarte errotzeagatiko egoitza-baimen berezia lortzeko eskaria onartu ez izanagatik alegia. Azken kasu horretan, ezarritako araudi berriak argitu egin du irizpideak bateratzerakoan jarraitu beharreko prozedura. Nazionalitatea lortzeari, jatorrizko herrialdera bueltatzeari eta etorkinen estatutu juridikoarengan eragina duen araudiaren aplikazioarekin lotura duten alderdi ezberdinei buruzko kontsultak ere jaso dira.
2011n zehar Herriaren defendatzaileak Atzerritarren eta Mugen arloko Komisariotza Nagusiaren urtarrilaren 25eko 1/2010 zirkularraren inguruko esku-hartzearekin jarraitu du, eta jarduera hori aipatu egin nahi dugu garrantzitsua delako. Hainbat kexa aurkeztu ziren zirkular horren ondorioz, izan ere, egoera irregularrean egote hutsagatik, pasaportearekin behar bezala identifikatuta egon arren, atzerritarrak atxilotu zitezkeela ematen zuen ulertzera.
Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiek jakinarazi zuten zirkular horrek ez zuela identifikazio-kontrolak sistematikoki jarriko zirenik esan nahi, eta ez zegoela kolektibo jakin bati zuzenduta (egoera irregularrean dauden atzerritarrak, kasurako).
Arrazagatiko diskriminazioa deuseztatzeko Batzordeak ere zirkular horri buruzko iritzia eman zuen Espainiari buruz egindako azken gogoeten bidez; agiri horretan erakundearen 31. (2005) eta 13. (1993) gomendio orokorrak gogorarazten dira.
Errumaniar jatorriko pertsona batek lan egiteko administrazio-baimena galtzea
Interesduna Espainian bizi zen eta uztailean txartela zigilatu behar zuen enplegu-eskatzaile gisa, baina ez zuen halakorik egin eta errumaniar jatorridun pertsonei eragiten dien araudi berria aplikatu zitzaion. Horrenbestez, Espainian lan egiteko administrazio-baimena iraungi zitzaion, araudi berria 2011ko uztailaren 22a baino lehen lan-eskatzaile gisa izen eman ez zutenei aplikatu baitzitzaien. Iraungipena ez zitzaion administrazio-ebazpen bidez jakinarazi, Lanbiden kontsulta bat egiterakoan baizik. Honako hau araudi berriak errumaniarren eskubideei eragin dien atzera pausuak dakartzan ondorioen adibidea da.
Lagundu gabeko adingabe eta gazte atzerritarrak
Talde horien inguruan egin ditugun jarduerak hizpide izan dugun Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean aztertu ditugu. Jarduera horiek hainbat elementurengan dute eragina, besteak beste: babeserako erakundeek ematen duten arretari buruzko datuen urteroko jarraipena, premiazko harrerarako protokoloa prestatzeko egindako jarduerak, egoitzarako harrera-zentroetan artatutako adingabeek eskatutako dokumentazioa ez ematea, Fiskaltzak adina zehazteko dekretu bat eman izanagatik tutoretza etetea, defentsa-eskubidea, emantzipazio-prozesuaren zaurgarritasun-egoera eta jarraipena egiteko premia...
V.2. Euskal administrazio publikoen jardueren inguruan jasotako kexak
V.2.1. Udal-erroldan izen emateko zailtasunak
Atzerritarrek mota horretako arazoak izaten dituzte indarrean dagoen pasaporterik ez badute. Ez da ohikoena izaten beren jatorrizko herrialdeetako agintariek normaltasunez ematen baitituzte, beraz, horren inguruan jasotzen ditugun kexak kasu zeharo bereziak izaten dira. Aurten jaso dugun kexa bat ezkontzaz kanpoko harreman batean alaba bat izan duen jatorri marokoardun ama batek igorri digu, umearen aitaren laguntzarik ez duenez pasaportea lortzeko arazoak baititu. Erakunde honen ustetan, halako egoerak aztertzerakoan umearen interesak hartu behar dira kontuan, bereziki pasaportea ez emateko arrazoia Kontsulatu baten funtzionamenduari eta Espainian eta Europan indarrean dauden balore konstituzionalak errespetatzen ez dituen antolamendu juridiko baten aplikazioari edo interpretazioari lotuta dagoenean (kasu honetan Marokokoa).
Besteak beste, atzerritarrek udal-erroldan izena emateko dituzten zailtasunak hizpide dituen gomendio orokorra prestatu dugu aurten: Arartekoaren urriaren 17ko 5/2011 gomendio orokorra. Udalek beren udalerrietako egoitzetan bizi diren etxerik gabekoak eta foru aldundiek tutoretzapean dauzkaten adingabeak udal erroldetan jasotzeko jarduerak egiteko betebeharra.
V.2.2. Desberdintasunak atzerritarren arloko berariazko ofiziozko txanda betetzerakoan
Atzerritarren arloko berariazko ofiziozko txandak bere gain hartzen ditu pertsona bati sarrera ukatzea, bere herrira itzultzea edo Espainiako lurraldetik kanporatzea ekar dezaketen prozedura administratiboak eta nazioarteko babesaren inguruko prozedura guztiak. Atzerritarrak botatzea ekar dezaketen prozedurak modu ezberdinean artatzen dira hiru lurralde historikoetan. Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen araudiaren arabera, pertsona atxilotu eta kanporatzeko administrazio-espedienteari hasiera ematen zaio, baina Araban ez dago atzerritarrak soilik artatzeko guardiarik. Gabezia hori konpentsatzeko xedez, guardian dagoen abokatuak polizia-bulegoan eta epaitegian dauden edo kanporatze-agindua duten atzerritarrak artatzen ditu, eta 48 orduko alegaziorik egonez gero, artatu dituen abokatuak berak egiten ditu atxilotuaren guardiako artapenaren barruan.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Immigrazio eta Aniztasunaren Kudeaketa Zuzendaritzak onartu du jarduera ezberdina dela, beraz, harremanetan jarri da Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Justizia Sailburuordetzarekin, horixe baita atzerritarrek hiru lurralde historikoetan jasotzen duten arreta juridikoa indarrean dagoen legediarekin bat etortzeko beharrezko neurriak garatzeko eskumena duen organoa. Arartekoaren erakunde hau ere jarriko da Sail horrekin harremanetan hizpide dugun gaiaz jarduteko.
V.2.3. Familia berriz elkartzeko egoitza-prozeduretarako etxebizitzaren egokitasunari buruzko txostena
Etxebizitzen egokitasunari buruzko txostenak egiteko zuzentarauak aldatu dituen udalerri bati eragiten dion kexa bat bideratu dugu. Zuzentarau berri horiek familia-unitate bakarra onartzen zuten etxebizitza bakoitzeko, eta lehen mailako familia izan behar zen, beraz, neba-arrebak beste familia-unitate bat lirateke. Udalerriak aldaketak egin zituen zenbait espedientetan irregulartasunak aurkitu zituelako, izan ere, interesdunari aldeko txostena eman ondoren aldatu egiten zen etxebizitzan bizi ziren eta bertan erroldatuta zeuden pertsonen kopurua. Nolanahi ere, irizpide hori aplikatzeak etxebizitzaren egokitasunari buruzko txostenak lortzea zaildu zuen, etorkinek zailtasunak izaten baitituzte eurek bakarrik etxebizitza baten alokairua ordaindu ahal izateko.
Familia berriz elkartzeko egoitza-prozeduretan etxebizitza egokia dagoela egiaztatzeari buruz Lan eta Immigrazio Ministerioak 2011ko ekainaren 28an emandako DGI/SGRJ/4/2011 Jarraibideak familia-unitate bat baino gehiago elkarrekin bizi daitekeela aurreikusten du, beraz, berrezarri egin ziren aurreko jarduera-irizpideak.
V.2.4. Ezintasun-gradua aitortzeko eskabidea bideratzea ukatzea
Honako espediente honen kasuan, Foru Aldundiak ez zuen ezintasun-gradua aitortzeko eskabidea izapidetu. Ezintasun-gradua aintzatetsi, adierazi eta kalifikatzeari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak arautzen du ezintasun-graduaren aitorpena.
Araudiak ez du inolako salbuespenik xedatzen atzerritarrek egindako eskariak bideratzeko orduan, eta ez du eskariok ez onartzerik aurreikusten. Foru Aldundiak azkenean hartu zuen eskabidea, baina aurreratu zuen ezezkoa emango diola uste baitu egoera administratibo irregularrean dauden pertsonek oinarrizko gizarte-zerbitzuak hartzeko eskubidea dutela, baina ez gizarte-zerbitzu espezializatuak hartzekoa, atzerritarrek Espainian dituzten eskubideei eta askatasunei zein beren gizarteratzeari buruzko Lege Organikoaren 14.3 artikuluan eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 3. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Kasu honetan kontuan hartu beharreko hainbat elementu daude. Alde batetik, eskabideak bideratu eta ebazpena beste edozein administrazio-ebazpenek izan behar duen edukiarekin emateko betebeharra, eta bestetik, egoera irregularrean dagoen atzerritarrak bere ezintasun-gradua aitortzeko prozedura izapidetzeko duen eskubidea. Oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzu eta prestazio sozialek ez dute "toki komunik" araudian ezta hura Administrazio Publiko ezberdinek aplikatzeko prozesuan ere, batez ere kontuan hartuz gero Autonomia Erkidego bakoitzak duela gizarte-laguntzarako arloko eskumena. Gainera, balorazioa egiterako orduan aplikagarriak diren beste araudi batzuk ere hartu behar dira kontuan, besteak beste, pertsona orok duen duintasunerako eskubidea edo Ezintasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa eta haren Eskumeneko Protokoloa.
Nolanahi ere, gogoetarako elementu garrantzitsua da aipatutako araudian ez dagoela ezintasuna aitortzeko debekurik, eta aitorpen horrek eragin garrantzitsua duela bestelako eskubideengan (etxebizitza, lana, zergak…). Seme-alabak bere ardurapean dituen emakume bat da hizpide dugun kasuaren protagonista. 2003az geroztik bizi da EAEn, eta ezin izan du bere egoera administratiboa legeztatu ez duelako lan-eskaintzarik lortu. Ezintasuna aitortu izan balitzaio babestutako lanaren baitan aurkitu ahal izango zuen lan-eskaintzaren bat. Azkenik, gogoratu behar dugu ezintasunen bat duten emakume atzerritarrek gizarte-bizitzaren esparru ezberdinetan bazterkeria pairatzeko faktore gehiago dituztela eta hainbat diskriminazio jasaten dituztela. Hizpide dugun kexak planteatzen duen arazoak izugarrizko garrantzia duela uste dugu pertsona hori guztiz zaurgarri geratzen delako, beraz, jarduera ezberdinak abian jartzea erabaki dugu eta laster emango dugu horien berri.
V.2.5. Bestelako jarduerak
Aurten gora egin dute generiko deritzegun kexek; horietan bertoko pertsonek etorkinek zerbitzu eta prestazio publikoak gehiegi erabiltzen dituztela eta Administrazio Publikoek lehentasunezko tratua ematen dietela salatzen dute, Islamaren itzala handiagoa izateak gizartean izan dezakeen eraginari buruzko beldurra adierazten dute, edota atzerritarrek delitu gehiago egiten dituztela eta botere publikoek ez dituztela behar bezala jazartzen salatzen dute.
Kasu horietan guztietan Arartekoak erantzun egiten du, uste baitugu garrantzitsua dela erakunde honetara jotzen duten pertsonei jakinaraztea beren datuak eta "egiatzat" dituzten uste horiek ez datozela bat immigrazioaren fenomenoaren inguruan egin diren azterketa zorrotzen datuekin eta gizartean inolako oinarririk gabe zabaldu diren aurreiritzien ondorio direla. Horrela gizarte-politiken defentsaren eta giza eskubideekiko zein gizarte demokratikoaren balioekiko (pluraltasunerako eta aniztasunerako eskubidea) errespetuaren aldeko ikuspuntua helarazi nahi diegu eta, era berean, beren usteak gezurtatuko dituzten azterlan eta ikerketen ondorioen berri eman nahi diegu. Arlo horretan faltan botatzen dira gizarte-politikek pertsonen ongizatean, gizartean eta ekonomian dituzten eraginak (kohesio handiagoak eta elkarbizitza hobetzeak gizarteari ekarriko lizkiokeen onurak, etorkizunean ekidingo liratekeen gastuen aurreikuspena, sor daitezkeen ekarpenen aurreikuspena...) neurtuko dituzten ikerketak eta ebaluazioak.
V.2.6. Txostenaren beste atal batzuetan aztertzen diren kexak
Txostenaren beste atal batzuetan etorkinei eragiten dieten jarduerak jasotzen dira, beraz, arlo horietara joko dugu: etorkinek identifikazio-saioetan parte hartzea (ikus II.5. Justizia kapitulua); atzerritar adingabeei osasun-laguntza fakturatzea (ikus II.12 Osasuna kapitulua); atzerritarrei eragiten dieten polizia-jarduerak (ikus II.4 Herrizaingoa kapitulua); kulturako zentro berriak irekitzea (ikus II.6 Ingurumena kapitulua); udalerrian erroldatu ahal izateko atzerritarrei dokumentazio gehigarria eskatzea (ikus II.11 Administrazio publikoen erregimen juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak kapitulua).
VI. Ofiziozko jarduerak
VI.1. Saharako herritarrek Espainiako nazionalitatea eskatzea
Joan den urtean, 2010eko urteko txosteneko etorkinei buruzko atalean, Mendebaldeko Saharako pertsonek Espainiako nazionalitatea eskatzeko egindako eskariak tartean hartzen zituen eta Herriaren defendatzailearen bulegora bideratu genuen administrazioaren kabuzko jarduera bat aipatu genuen.
Talde horren inguruan egiten diren jarduerak oso ezberdinak izaten dira eta ez dago herri horrek eta bertako herritarrek bizi duten egoera berezian aplikatzeko egokia den araudirik, beraz, hizpide dugun jarduera profitatuta gai horren inguruan dugun iritziaren berri eman genuen. Oroigarri bat igorri dugu Herriaren defendatzaileak gaiaren inguruan jarduerarik egin duen edo halakorik egiteko asmorik duen jakiteko.
VI.2. Atzerritarrak juridikoki artatzeko eredu berriaren jarraipena
Administrazioaren kabuzko jarduera bat hasi genuen eredu berriaren funtzionamenduaren berri izateko, bereziki honako kasuetan: Koordinazio eta Laguntzarako Unitatearen (EKLU) arreta-eskariak hartzeko eta bideratzeko prozedura, datu pertsonalen tratamendua, zerbitzu berriaren egungo egoera, 2011ko lehen hiruhilekoan egindako artapen-kopurua, eta Zerbitzua eskatzen duten pertsonen profil nagusiak. Jarduera hori etorkinei arreta juridiko-soziala eskaintzeko Heldu programa kentzearen inguruan izandako esku-hartzea amaitzen duen Arartekoaren 2010eko urriaren 1eko ebazpenari jarraipena egiteko asmoz egin genuen.
Immigrazio eta Aniztasunaren Kudeaketa Zuzendaritzak artapen-eskariak hartu eta Koordinazio eta Laguntzarako Unitatearen bidez bideratzeko jarraitzen duen prozeduraren berri eta planteatutako gainerako gaien berri eman digu Eusko Jaurlaritzak. Jaso dugun informazioa kontuan hartuta, esan daiteke Zerbitzua bete-betean ari dela funtzionatzen. Horrenbestez, erakunde honek hizpide dugun espedientea itxi du, baina zerbitzuaren gaineko beste kexarik jasoz gero berriro irekiko du.
VI.3. Etorkinak bakarrik bizi direnean, eta beren ezkontidea edo ezkontzakoaren antzeko beste harreman iraunkorren baten bidez lotuta dagoen pertsona estatuko lurraldean bizi ez denean, bizikidetzako unitate ekonomiko independentea eratzeari buruzko araudiaren desegokitasuna (Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 5.1 a) artikulua).
Administrazioaren kabuzko jarduera bat hasi dugu, eta horren bidez araudi hori aldatzeko premia adierazten duten hainbat gogoeta helarazi ditugu.
Pertsona horien sarrera eta bizitzea erregulatzen duen araudia hauxe da: abenduaren 11ko 2/2009 Lege organikoaren bidez egindako erreformaren eta gero, Espainian bizi diren atzerritarrek dituzten eskubide eta betebeharrei eta haien gizarteratzeari buruzko lege organikoa eta garatzeko araudia, 557/2011 EDak onartu zuena. Araudi hori dela-eta, atzerritarrek Estatuko Administrazio Orokorrari Espainian sartzeko, bizitzeko, lan egiteko edo jatorrizko herrialdean bizi den bikotekidearekin elkartzeko baimena eskatu behar diote.
Baimen horiek eskuratzeko bete behar diren baldintzak sailak dira lortzen. Oro har bikotekideetako bat Espainian bizi bada eta bestea jatorrizko herrialdean bizi bada ez da biek bananduta bizi nahi dutelako. Orokorrean, lehen aipatu dugun araudiarekin zerikusia dauka, oso murriztailea baita. Espainian bizi den bikotekideak familia berriro elkartzeko duen aukera honen menpe dago: bi bikotekideek zenbait baldintza bete behar dituzte eta Estatuko Administrazio Orokorrak berriro elkartzeko baimena eman behar die.
Araudi hori oinarritzat hartuta, Espainian bizi den atzerritarrak, jatorrizko herrialdean bizi den bikotekidearekin berriro elkartzeko baimena lortzeko, ohiko administrazio egoera eduki behar du eta familia mantentzeko eta behar bezalako ostatua edukitzeko nahikoak diren diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du (lehen aipatutako araudiaren 52. artikulua eta hurrengoak). Baldintza horiek betetzea zaila da. Hori dela eta, beste bikotekidearekin berriro elkartzeko baimena eskatu duten bikotekide askok ez dute lortu. Familia berriro elkartzeko eskatzen duten pertsonak langabezian baldin badaude edo laguntzen titularrak baldin badira ez dituzte berriro elkartzeko bete beharreko baldintzak betetzen, azken kasu horretan, gizarte laguntza sistematik datozen diru-sarrerak ez direlako aintzakotzat hartzen.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzeko dekretu berrian agertzen den xedapenak Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistematik kanpo utziko ditu pertsona asko eta asko, kasurik gehienetan bete ezin den baldintza bat eskatzen duelako: bi bikotekideak elkarrekin bizi izatea.
Adingabeak tartean dauden kasuetan araudi hori zentzu hertsian aplikatzea oso kezkagarria da. Adingabe horiek beharbada Espainian jaio dira eta, nolanahi ere, gurasoek baloratu dute euren interes gorena Espainian bizi daitezen dela. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren iraungipenak haur asko babesik gabe utz ditzake. Xedapen horrek, adingabeak daudenean, Haurraren Eskubideen Hitzarmenaren eta Haur eta Nerabeen Babes eta Arretarako Euskal Legearen aurkakoa da.
Atzerritarrek ezingo dute bete bi bikotekideak elkarrekin bizitzeko eskakizuna; horregatik, pertsona askori iraungi egin zaie eta egingo zaie diru-sarrerak bermatzeko errenta.
Eredu aldaketa hori, haurrak daudenean, oso kezkagarria da eta adingabe horien bizitzan ondorio oso larriak sortzeaz gain, babeserako erakundeen (foru aldundiak) esku-hartzea eragin dezake. Hobe da (eta jasangarriagoa) haur horiek euren gurasoekin bizitzea.
Umeen egoera aztertzen duten txostenek, esaterako Unicefek eta Pere Tarrés Fundazioak 2011ko urrian egin berri duten "Leihoak zabalduz: gizarte-arriskuan dauden umeak, nerabeak eta familia etorkinak" txostenak, umeen pobreziaren gorakadari buruzko datu kezkagarriak uzten dituzte agerian.
Horrenbestez, uste dugu araudi hori berrikusi eta, izapide egokiak egin ondoren, bertan behera utzi beharko litzatekeela. Gainera, uste dugu mendeko umeak tartean daudenean interpretazio mesedegarriagoa egin beharko litzatekeela. Halako kasuetan 147/2010 Dekretuaren 5.2 c) artikulua aplika liteke.
Eusko Jaurlaritzak erantzun digu gure gogoetak kontuan izango dituela 147/2010 Dekretuaren hurrengo aldaketa egiterakoan.
Epeei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko Plangintza eta Berrikuntza arloko zuzendariarekin eta Lanbideko Prestakuntza eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren zuzendariarekin egindako bileran jakinarazi ziguten zenbaketa 147/2010 Dekretua indarrean jarri zen egunetik aurrera egin behar dela, hau da, 2010eko ekainaren 18tik aurrera, beraz, prestazioak gutxienez 2012ko ekainera arte egon beharko liratekeela indarrean.
VII. Ondorioak
1. Eusko Legebiltzarrak Euskadiko gutxiengoen eskubideen defentsari buruzko Legez besteko proposamena onartu du. Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana ere onartu da, eta immigrazio arloan itun soziala lortzeko jarduera ezberdinak ere jarri dira abian. Mota horretako lanabesak oso beharrezkoak dira eurek ezartzen baitituzte euskal politika publikoen oinarri izan behar diren parametroak, esaterako, atzerritartasuna alde batera utzi eta egoiliarra izatea kontuan hartzen duen, immigrazioa xede alderdikoiak lortzeko erabiltzea ekiditeko konpromiso partekatua duen, edo praktikan aniztasuna, normalizazioa eta unibertsalizazioa defendatzen dituen herritartasun pluralaren eta inklusiboaren printzipioa. Politika horien oinarrizko printzipioak Administrazio Publiko guztietan eta arduradun politiko zein publikoen adierazpenetan aplikatu beharko lirateke.
2. Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei (adibidez, etorkinei) eragiten dieten zerbitzuak eta prestazioak murriztu eta moztu dira. Gainera, Administrazio Publikoek gizarte-erakundeei eta esku-hartze eremu horren inguruko programei laguntzeko ildoak kendu dituzte. Baliabide pertsonalak eta kulturalak ekarriko dituzten pertsona ekintzaile gehiago dituen gizarte kohesionatua izango badugu, integrazio-prozesuak artatzeak lehentasuna izan behar du Administrazio Publikoentzat. Zaurgarritasun-egoerei jaramonik ez egiteak atzerapausoa dakarkie politika publikoei, eta horrek gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen kopurua areagotzea ekar dezake.
3. Gastu publikoaren murrizketak eta aldaketa demografikoetara moldatzen ez den sistemaren zurruntasunak prestazio eta zerbitzu publikoak lortzeko lehia handiagoa dakarte, eta horrek erraztu egiten du ardura zaurgarrien diren taldeei egoztea, esaterako, etorkinei.
4. Gure gizartea gero eta pluralagoa eta anitzagoa da, beraz, kontuan hartu behar da pertsonek beren nortasun kulturala eta erlijio-askatasuna izateko duten eskubidea, beti ere bestelako oinarrizko eskubideekin bateragarria baldin bada. Erlijio-askatasunerako eskubidearen gaineko edozein araudi eginez gero, ezingo da eskubidea erabiltzea ekidin. Administrazio Publikoek indarrean dagoen legea bete behar dute, eta kultu islamikorako tokiak irekitzea legezko arrazoirik gabe ekidin dezaten auzokideek egin ditzaketen mobilizazioek ezin dute erabakian eraginik izan.
5. Garrantzitsua da giza eskubideen arloko nazioarteko konpromisoak kontuan hartzea, besteak beste, adigabeei buruzkoak, sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeei buruzkoak, lan-esplotazioaren biktima direnei buruzkoak, ezintasunak dituzten pertsonei buruzkoak edo jatorrizko herrialdeetan jazarpena pairatzen duten pertsonei buruzkoak. Atzerritarrei eragiten dieten erabakietan kontuan hartu behar da pertsona bakoitzaren egoera pertsonala, eta egoera hori behar bezala haztatu behar da migrazio-fluxuak kontrolatzeko neurriak aplikatzerakoan. Eragile publiko eta sozial guztiek giza eskubideak betetzea eta errespetatzea gizarte bati aurrera egitea ahalbidetzen dion funtsezko oinarria da.
6. Jatorri ezberdina duten pertsonenganako aurreiritziek eta beren jarrerei, jokabideei zein prestazio eta zerbitzu publikoez egiten duten erabilerari buruzko informazio zehatza ez erabiltzeak zaildu egiten dituzte bizikidetza eta diskriminazioaren zein gizarteko ezberdintasunen kontrako borroka.
Garrantzitsua litzateke talde jakinen kontrako diskriminazio –eta gaitzespen-jarreren zergatia aztertzen duten diziplina anitzeko ikerketak egitea.