I. Familiak
I. Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioko 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomi Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak "komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika" gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta egiteko kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Halaber, familiak babesteko politika horrekin zerikusia duten herritarren kexak bideratu ditugu, bai eta haiei arreta emateko beste edozein jarduketa publikorekin zerikusia duten kexak ere, nahiz eta erakunde honen beste lan-arlo batzuetan inskribatu, hala nola ogasun publikoaren arloan, etxebizitzarenean, funtzio publikoarenean, gizartean baztertuta dauden pertsonen arloan eta abar.
II. Arau- eta gizarte-testuingurua
Euskal Autonomia Erkidegoan, familiak babesteko politika publikoetarako oinarriak ezartzen dituen lege– eta arau-esparrua, lehenik eta behin, familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak eratu du; horren bidez, arlo horretan izan beharreko esku-hartze publikoaren oinarriak eta printzipioak ezarri dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, azken urteetan, familiei laguntzeko araudi bat egin du, eta hori da seme-alabengatiko diru-laguntzak arautzen dituen oinarria, bai eta familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko oinarria ere. Gaur egun arlo horien gainean indarrean dauden arau esanguratsuenak honako hauek dira: 255/2006 Dekretua, abenduaren 19koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, eta 177/2010 Dekretua, ekainaren 29koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa.
Gainerakoan, gogorarazi behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoan familiei laguntzeko politika publikoen ildoak eta norabideak familiei laguntzeko erakunde arteko planetan jasota daudela. Horien abiapuntua Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko I. Plana izan zen; izan ere, familiei laguntzeko sistema unibertsal, integral eta koordinatu bat lortzeko bidearen hasiera izan zen hori, eta horren ondoren etorri zen Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko II Plana, 2006tik 2010era bitarteko aldirako programaturikoa; dena dela, 2011. urtean indarraldia luzatu zaio.
Azkenik, 2011ko abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III Plana (2011-2015) onartu du Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, hil horretako 27an egindako bileran. Plan horrek datozen bost urteetan familiei laguntzeko politika publikoak lotuko dituen estrategia eta helburuen esparrua ezartzen du. Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskuduna familiei laguntzeko politika publiko autonomikoak zuzentzeko eta ezartzeko, eta hori izan da lan-arlo honetan izan dugun solaskide instituzional nagusia.
III. Jarduera-plana
2011. urterako egindako jarduketa-planaren esparruan, arlo honetan egindako jarduketa nagusien berri emango dugu. Hain zuzen ere, agerian jarriko dugu zein izan diren Arartekoarentzako arretagune nagusiak familientzako laguntzaren arloan.
III.1. Bilerak elkarteekin
• Familia ugarien elkartea
Bilera bat egin dugu Hirukide Euskal Autonomia Erkidegoko familia ugarien elkartearekin. Bilera horretan, elkarteak lan-ildo nagusiak zein dituen eta botere publikoei zer eskatzen dien jakinarazi digu, eta erakunde honek hori dena jaso du, aztertu eta, hala badagokio, dagokien administrazioei helarazteko. Horien artean, familia-errenta estandarizatua deritzona arautzeko eskaera nabarmendu behar dugu bereziki; hain zuzen, eskaera horren xedea da irizpide homogeneo batzuk lortzea familiak diruz laguntzeko neurriak sustatzen dituzten administrazio guztientzat. Arartekoak uste du familia ugariek, kide asko izaten dituztenez, modu objektiboan dutela aurrera ateratzeko laguntza publiko handiago baten premia; izan ere, zailtasun gehigarriei egin behar izaten diete aurre, batez ere ekonomikoei eta denborazkoei. Erakunde publikoek, alde horretatik, jabetu behar dute familia ugarien atzean adingabe gehiago dagoela –banako gisa eskubideak dituzte, eta, ondorioz, babesa eta estaldura merezi dituzte–; beraz, beharrezkoa da estaldura kuantitatibo hori berriro kalkulatzea, familiei laguntzeko ahalegin publikoa legitimatzeko; izan ere, askotan, ahalegin ekonomiko eta dedikazio itzelarekin, garatzeko euskarria ematen diete familia horietako adingabeei, hori azkenean gizarte osoaren onerako izango baita. Erakunde honetan konpromisoa hartu dugu familia ugarien egoera zein den astiro aztertzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko familiei buruzko azterlan zabalago baten esparruan. 2012. urtean heldu asmo diogu horri, eta ondoren aipatuko dugu zertan datzan.
• Guraso bakarreko familien elkartea
Beste talde batzuekin egindako bilera zabalago baten esparruan, aukera izan genuen Magala guraso bakarreko familien elkartearekin elkartzeko. Elkarteak adierazi zigun kezkatuta zeudela, halako familiarik ez delako ikusten eskuarki eskoletan erabiltzen dituzten material didaktikoetan, bai eta ikasleei errealitate horren berri ematea xede duten hezkuntza-material espezifikoak urri direlako edo are halakorik ez dagoelako ere. Elkarte horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan guraso bakarreko familien integrazio eta normalizazioari bide emango dieten ikasmaterialak heda daitezen sustatzea, eta adierazi digute zailtasun handiak izan dituztela ikastetxeetan zabaltzeko halako materialak euskaraz lortzen. Dauzkaten material gehientsuenak ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez daude, eta testu horiek euskarara itzuli behar izaten dituzte; horretarako, erakundeen laguntza bilatzen dute. Konpromisoa hartu dugu arlo honetan Eusko Jaurlaritzaren laguntza lortzeko, eta azaldu diegu Arartekoan ere lanean ari garela, homofobiaren aurka borrokatzeko eskolan hezkuntza bidez esku hartzeko Europako proiektu batean parte hartuz (Rainbow), Hezkuntza Saila ikasleek eta irakasleek familia-aniztasuna erabat onartu eta barnera dezaten sustatzeko inplika dadin.
Horrez gain, Arartekoak bi elkarteei adierazi die prest dagoela beren lan-esparruan euskal administrazio publikoen funtzionamendu bidegabearen inguruan detektatzen dituzten kexak bideratzeko, bai eta haien egoera hobetzeko sustatzen diren prestazioak aski ez direla edo prestaziorik ez dagoela salatzeko kexak bideratzeko ere.
III.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
• Bilera Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzarekin
Bilera bat egin dugu Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzarekin, bi erakundeok arlo horretan egiten dugun lanari buruzko informazioa trukatzeko, bai eta erakunde honetan jasotako kexa jakin batzuekin loturiko zenbait konturi buruz dugun iritzia erkatzeko ere. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritza familien inguruan egiten ari den lanaren eduki nagusia zein den azaldu zigun Zuzendaritzak, bai eta zein diren Eusko Jaurlaritzak jarraitu edo sustatu nahi dituen politika publikoen ildo estrategikoak ere, Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plan onartu berrian ezarritakoak. Alde horretatik, jakinarazi zigun plan hori testuinguru ekonomikoak baldintzatu duela, inoiz baino gehiago behartzen baitu lehentasunak ezartzera. Halaber, zuzendariak nabarmendu zuen plan horrek aldaketa kuantitatibo bat dakarrela aurrekoen aldean: zeharkakotasuna ideia gidari gisa agertzen da, eta horren xedea da ondorio eraginkorrak lortzea, Jaurlaritzako beste sail batzuen eta beste euskal administrazio publiko batzuen inplikazio eta konpromisoari dagokionez; horrez gainera, beste jarduketa-ildo batzuk ireki asmo dira, orain arte ibilitako bideez bestelakoak, familien gastuengatiko konpentsazio-politika gainditzeko eta familiei laguntzeko zerbitzu berriak eskaini ahal izateko.
Arartekoak adierazi zuen bat zetorrela plan berria inspiratu duen ildo orokorrarekin eta filosofiarekin, eta gure erakundean jasotako kexa hauekin loturiko kontuak jorratu genituen:
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak gogoan hartu zituen gure planteamenduak, eta elkarri dei egin genion erakundeetako baten eskuduntzakoak gerta zitezkeen berritasunei buruz informatzeko.
III.3. Familiei buruzko txosten berezia
2011. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan familiei laguntzeko politika publikoei buruzko txosten berezi bat egitea erabaki dugu.
Ikusirik oso barreiaturik daudela familiei laguntzeko neurri publikoak –hainbat administraziotatik eta hainbat ikuspuntu edo heldulekutatik eratzen joan dira–, ohartu gara –nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan jadanik badugun Familiei Laguntzeko azaroaren 12ko 13/2008 Legea, bai eta erakunde arteko hainbat plan ere, 2002. urtetik eratuz joan direnak– zehaztasun falta handia dagoela familiei laguntzeko politika publikoak eratzeko oinarri izan behar duen esparru juridiko-formalean eta politiko-kontzeptualean. Gainera, erakunde honetara etortzen diren euskal familien eskarien argitan, ikusi dugu esparru hori –nahiz eta pixkanaka hobeto zehazten ari den– oraindik ere ez dela aski garatu familien espektatibei erantzuteko; alde horretatik, nabarmendu behar dugu gure lurraldean familiei laguntzeko abiarazi diren politikak oso urrun daudela oraindik guregandik hurbil ditugun Europako herrialdeetan sustaturiko politika aurreratu eta babesleetatik.
Familiei laguntzeko politika publiko horiek bultzatu eta indar daitezen sustatzeko asmoz, Arartekoak xede hartu du aipaturiko txostenaren bidez arlo horretan zer politika publiko dauden argitzeko, bai eta euskal familiek zer premia eta eskari dituzten argitzeko ere. Azterlan horrek –oinarriak 2011. urtean prestatu ditugu– 2012. urtean ikusiko du argia, eta horrek modua emango digu familiei laguntzeko gure sistema hobetzeari begira administrazioei gomendioak egiteko.
III.4. Arlo horren inguruko giza eskubideak sustatzeko foroetan, jardunaldietan eta jarduketetan izandako parte-hartzea
Nabarmendu nahi dugu arartekoak, 2011ko urrian, Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Federazioak antolaturiko Familia Ugarien V. Biltzarrean parte hartu duela, Donostiako Kursaal jauregian. Ekitaldi horretan, arartekoak aukera izan zuen familia ugarien meritua eta balio soziala agerian jartzeko, haien ahalegin bereziarekin gure gizartearen etorkizunari laguntzen baitiote, eta, aldi berean, haien aldarrikapenak jendaurrean babestu zituen. Horrez gain, konpromisoa hartu zuen euskal familiei buruz egin asmo dugun azterlanean familia ugarien egitekoa eta eskariak bereziki kontuan hartzeko, familiak babesteko politika indartsuak garatu dituzten Europako herrialdeen batez bestekoaren parean jartzeko gure babes-maila.
IV. Kexarik aipagarrienak
Familiekin lotuta jaso ditugun kexetatik gehienak lana eta familia bateragarri egiteko arloaren gainekoak izan dira. Horrek pentsarazten digu gaur egun lana eta familia bateragarri egitea, zalantzarik gabe, kezka nagusi dela familientzat. Aurreko ataletan azaldu dugu jadanik zein diren kexa horien ondoriozko arazo nagusiak. Horrez gain, batez ere familiei eragiten dieten beste kexa batzuk ere jaso ditugu, baina, ikuspegi materiala zutenez, erakunde honetako beste atal batzuetan izapidetu dira, hala nola ogasun-atalean. Horiek jarraian hartuko ditugu hizpide.
IV.1. Zehaztasunik eza guraso bakarreko familiei dagozkien onura jakin batzuen irismen subjektiboan
Nahiz eta familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak administrazio publikoak behartu egiten dituen oztopoak gainditzera eta jarduketa-neurri positiboak hartzera oso egoera ahulean dauden familiei laguntzeko, hala ere, gure legediak, esate baterako Kataluniakoaz bestela, ez du definiziorik edo zedarritze-araurik guraso bakarreko familien ereduan zein familia-unitate sartzen diren zehatz samar identifikatzeko, eta, ondorioz, zalantzak sortzen dira dauden onurak aplikatzeko orduan. Arazo horixe planteatu da udal kirol-instalazioetan familientzat sorturiko tarifa hobaridunak eskuratzeko orduan. Arazoa planteatuta, tokiko erakundeak estaldura handitzearen alde agertu ohi dira, baina ordenantza fiskal berriei begira.
IV.2. Familia ugariak eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga
Familia ugariei zerga-onurak aplikatzearen ondorioz kexak sortzen dira tokiko zergaren esparruan, batez ere Ondasun Higiezinen gaineko Zergarekin (OHZ). Zerga horren gaineko hiru foru-arauek oso modu laxoan arautzen dute familia horien aldeko hobari bat ezartzeko aukera. Hala, ahalmena ematen diete beren lurralde historikoko toki-erakundeei OHZ arautzen duten ordenantzen bitartez zerga horren kuotaren % 90 ere ezartzeko familia ugarietako kide diren subjektu pasiboei. Horrek esan nahi du udalerri bakoitzak bere ordenantza fiskalaren arabera zehaztuko duela onura ezarriko duen edo ez, ondasun higiezinek zer motatakoak eta zer ezaugarritakoak izan behar duten, zenbat iraungo duen, urteko zenbatekoa zein izango den, bai eta hobariaren gainerako alderdi garrantzizko eta formalak ere, beste zerga-onura batzuekin bateragarri izateko baldintzak barne direla. Ohikoena da, hobaria aplikatzea onartu bada, inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean aplikatzen jarraitzea. Alabaina, tokiko erakunde batzuek beren ordenantza fiskaletan ezarri dute urtero egin behar dela onura aplikatzeko eskaera, onura hori aplikatu aurreko kontrol gisa; hori, ordea, are kaltegarriagoa da familia horientzat, eta bide eman dezake zergaren kuotan hobaririk ez aplikatzeko, onura aplikatzeko eskaera-epea igaro delako.
IV.3. Zerga-arazoak banandutako familientzako errentan
Iristen zaigun kexa-kopuruarengatik, ikusten dugu jatorrizko familia-unitatea desegiten denean sortzen direla zergadunen eskariak zerga-arloan. Besteak beste, gurasoetako zeinek egingo duen aitorpena seme-alabekin batean, hari aplikatuko baitzaio murrizketa, edo nola aplikatuko den ondorengoengatiko kenkaria, edo zein baldintza bete behar diren seme-alaben urteko mantenua ordaintzearen ondoriozko kenkaria aplikatzeko, edo ezkontideari edo izatezko bikote erregistratuari konpentsazio-pentsioa ordaintzeagatiko kenkaria. PFEZren arauak izaera arautua du, eta jurisprudentziak zorroztasun erabatekoz aplikatzen du legezkotasun-printzipioa, zerga-onurak, berez berdintasun-printzipioaren aurkakoak diren neurrian, modu murriztailean aplikatu behar direla oinarritzat hartuta. Bestalde, kontuan izan behar da zerga-arloan berariaz debekaturik dagoela zerga-onurak analogiaz aplikatzea. Horrek guztiak askotariko arazoak sortzen ditu, kasuistikaren arabera baizik konpondu ezin direnak eta herritar askorentzat egoera bidegabeak ekar ditzaketenak.
V. Arloan sustaturiko ofiziozko jarduketak
Familia homoparentalei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei oztopo formalak kentzeari buruzko Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 Gomendio Orokorrari dagokionez, ofiziozko jarduketa bat hasi dugu Espainiako Herriaren Defendatzailearen aurrean –horren berri xeheki emango dugu kapitulu honetan LGTB pertsonen arretari eskainitako atalean–, eta hari lotzen gatzaizkio.
VI. Ondorioak
2011. urtean eremu honetan detektatutako arazoen artetik, honako hauek nabarmendu nahi ditugu bereziki:
VI.1. Familientzako laguntza publiko gehiagoren beharra
Euskal botere publikoek, oro har, jabetu behar dute garrantzitsua dela familientzako laguntzak gehitzea; izan ere, premia-egoeretan beharrezko babesa ematen dute, eta, alde horretatik, kasu askotan osatu eta ordezkatzen dituzte ongizate-estatuaren funtzioak. Herritarren kexek eta elkartegintza-sareak agertu dute familientzako laguntza publikoak ugaritzeko behar hori, batez ere zailtasun bereziak dituztenentzat, hala nola familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta beren baitan mendekotasun– edo gaixotasun-egoera bereziren bat duten kideak dituzten familientzat. Uste dugu, gaur egun dauden zuzeneko laguntzez gain, beharrezkoa dela gaur egungo zerga-sistema berrikustea, benetako tresna bihur dadin familia-egoera guztientzako laguntza publikoa egituratzeko.
VI.2. Laguntzen hartzaile izango diren familia-talde ahulenen definizioa
Bestalde, sumatu dugu beharrezkoa dela argiago zehaztea zein diren Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak aipatzen dituen familia ahulenak. Gaur egun talde horiek zehazturik ez egoteak, guraso bakarreko familiekin gertatzen den bezala, bide ematen dio horien babesgabetasunari, kaltetu suertatzen baitira har litzaketen prestazioei dagokienez. Espero dugu Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plan onartu berria indarraldian dagoen aldian behin betiko argitzea hori eta ahulen diren familia horiei bereziki onura emateko neurriak ezartzea.
VI.3. Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planaren (2011-2015) garrantzia:
Egokitzat jotzen dugu 2011. urtearen amaieran onartutako erakunde arteko plan honek ezarri asmo duen zeharkako ikuspegi hori, bai eta komunitate-zerbitzuen eskaintza handiago bat sortzeari begira familiei laguntzeko modu berrietarantz bideratzea ere. Nolanahi ere, beharrezkoa da arlo honetan erantzukizunen bat duten euskal erakunde guztiek beren ahaleginak koordinatzea, haien aurreikuspenak eraginkorrak izan daitezen.
VI.4. Euskal Autonomia Erkidegoko familien egoerari buruzko txosten berezi bat egitea
Familiei laguntzeko politika publikoak bultzatu eta indar daitezen sustatzeko asmoari dagokionez, Arartekoaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko familien egoerari buruzko txosten berezi bat egitea, arlo horretan dauden politika publikoen panorama zein den argitzeko, bai eta euskal familiek dituzten premiak eta eskariak zein diren argitzeko ere. Azterlan horrek –oinarriak 2011. urtean prestatu ditugu– 2012. urtean ikusiko du argia, eta horrek modua emango digu familien errealitatea, haien arazoak eta eskariak zein diren hobeto ezagutzeko, eta, ondorioz, administrazioei gomendioak egiteko, familiei laguntzeko gure sistema hobetzeari begira.