16. Etxebizitza
I. Arloa kopurutan
2011n, ezetsi edo beste defentsa erakundeei igorri zaizkien kexak alde batera utzita, Etxebizitza arloan 168 erreklamazio jaso dira guztira; hori Ararteko erakundean izapidetutako erreklamazio guztien %9,04 da. Dagozkien administrazioen arabera, kexak honela banakatzen dira:
– Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusia (Eusko Jaurlaritza) 135
– Toki administrazioa 122
– Foru administrazioa 131
Bestalde, heldu dieten gaiei dagokienez, honela banatu dira erreklamazioak:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 154
– Etxebizitza babestuaren alokairua 148
– Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura 130
– Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik 123
– Beste alderdi batzuk 112
– Etxebizitza erosteko eta eraberritzeko laguntzak 131
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
189 | 30 | 140 | 47 | 63 | 30 | 19 |
Zenbateko horien arabera, erreklamazioak %50 hazi dira 2010ean Etxebizitza arloan jaso zirenen aldean. Zalantzarik gabe, lotura zuzena dago krisi ekonomikoko egoeraren eta herritarren erreklamazioen hazkundearen artean; izan ere, arrazoizko prezioko etxebizitza ondasun urria da, eta haren eskaria handitu egin da egungo egoera sozioekonomikoan, gero eta familia gehiagoren diru-sarrerak murriztu direlako, langabeziaren hazkundearen eta soldaten murrizketen ondorioz.
Kexa azpimarragarriei buruzko kapituluan ikusten denez, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Saila (gure kontrolaren mendeko administrazio erakunde nagusia) oso prestu agertu da Ararteko erakundeak egindako proposamen eta gomendioen aurrean, eta horren ondorioz, herritarrek salatutako jarduketen ehuneko handia konpondu da haien alde.
II. Lege edo gizarte testuingurua: Arloko lege erreformak edo sektoreko planak
Joan den urteko abenduaren 28an, Gobernu Batzordeak Exebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea, 2010-2013 baimendu zuen; agiri horretan, bere indarraldian Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak etxebizitza babestuari eta hiri berrikuntzari dagokionez ekin behar dien estrategia eta ekintzak jaso dira. Plan zuzentzaile horren xedatzen duen misio nagusia honakoa da: "Etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen etxebizitza-beharrak ebaztea, eta, horretarako, alokairuko etxebizitza-parkea gehitzea eta hazkunde iraunkorragoa sustatzea –gaur egun dagoen bizitegi-parkea birgaitzea eta berritzea bultzatuz–, eta guztia erakundeen erantzukidetasunarekin eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin". Helburu hori betetzeko bost ardatz estrategiko ezarri dira:
a) "Etxebizitza eskuratzea erraztea, baliabideak alokairura,batez ere, bideratuz".
b) "Hiri-birgaitzeko eta -berritzeko beste politika bat birformulatzea eta gidatzea".
c) "Lurzorua kudeatzeko politika aktiboa sustatzea".
d) "Etxebizitza-politikaren zerbitzura dauden baliabideak eta tresnak optimizatzea".
e) "Etxebizitza-politikaren gobernantza berrirantz aurrera egitea".
Plan zuzentzailea onartu ondoren, Jaurlaritzak etxebizitza eta hiri berrikuntzan izandako ekintza poliotikoa aztertu eta kontrolatu zuen Eusko Jaurlaritzak, 2011ko apirilaren 13an egindako eztabaida monografiko batean; legebiltzarraren 61 ebazpen onartuz amaitu zen hura, eta haien bitartez Euskadiko Autonomia Erkidegoaren administrazioari dei egiten zaio herritarrek etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea erabili ahal izatea lortzea bermatzeko neurririk zorrotzenak hartzera. Jarraian, laburbilduta, Arartekoak azken urteetan etxebizitza babestuari buruz egindako gomendio eta iradokizunetan proposatutako alderdietan eragina izateagatik esanguratsuenak deritzegunak aipatuko ditugu.
Alokairua sustatzeko xedez, etxebizitza babestua lortzeko bide nagusi gisa, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketak burutzeko eskatu dio Jaurlaritzari: udalez udal, alokairuko etxebizitza sustapen publikoen kokapenen mapa diseinatzea, alokairuan sustatutako etxebizitza babestuak %50 arte gehitzea, alokairura bideratzen diren etxebizitza hutsen kopurua handitzea eta etxebizitzen jabeen eta maizterren arteko bitartekaritza programa berria sortzea prezio arrazoizkoagoko etxebizitzen alokairu merkatuan eskaintza handitzeko.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura berrikusteko, etxebizitza premia neurtzeko parametroak sartuz, eta zozketa batean esleitzen den eta etxebizitza okupatzen den bitartean igarotako denbora murrizteko.
Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzari plan zuzentzaileko ardatz estrategiko bakoitzean "denbora konpromisoari, erakunde arduradunari eta adierazleei buruzko neurri zehatzak" sartzeko eskatzen dion ebazpena. Izan ere, haiek ez sartzeak etxebizitza politika publikoaren plangintza agiri horretan agindutako ekintzak betetzen diren behar bezala ebaluatzea galarazten du.
Bukatzeko, herritarrek etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea bermatzen duen Etxebizitzaren Legea onartzearen premiazkotasuna azpimarratzen duten zenbait ebazpen aipatu behar ditugu; horretarako, auzitegien aurrean eska daitekeen benetako eskubide subjektibo gisa arautu behar da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari etxebizitza eta lurzoruari buruz dauden arauak modernizatzeko eskatzen zaio, etxebizitza eta lurzoru politikan behar den gardentasuna bermatzeko.
2010-2013rako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak berak onartzen duenez, Etxebizitzaren Legea –haren aurreproiektua izapidetzen ari da oraindik– ezinbesteko tresna da bertan jasotako ekintza asko behar bezala ezarri ahal izateko; beraz, hura atzeratzea, herri-botereek herritarren oinarrizko premia gero eta handiagoei erantzuteko ahalegin berezia egin behar duten uneotan, oztopo argia da etxebizitza politika publikoa eraginkortasunez kudeatzeko.
Herritarrak etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubide subjektiboa legez onartzeke egonda, ekitaldi honetan onartutako arautegi eta xedapenek egungo etxebizitza arautegiaren alderdi jakin batzuk aldatu edo berrikusi baino ez dute egin, hala nola azalerako araubideko babes ofizialeko etxebizitzen titularrek lurzorua erosteko betekizunei buruzkoak (Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailburuaren 2011ko maiatzaren 18ko Agindua, zeinen bidez gainean babes ofizialeko etxebizitza batzuk azalerako eskubidean eraikita dauden Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusiaren jabetzako lurzorua erosteko betekizunak xedatzen baitira), babes ofizialeko etxebizitza eskuratu ahal izateko diru-sarreren mugak (Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitza eskuratu ahal izateko eskatzen diren urteko diru-sarrera muga haztatuak aldatzen dituena), eta etxebizitza birgaitzeko finantzaketa kualifikatua eta laguntzak jaso ditzaketen jarduketak (Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailburuaren 2011ko azaroaren 23ko Agindua, etxebizitza birgaitzeko finantza neurriei buruzko agindua aldatzen duena).
Tokiko eremuan, aurten, berriz ere, aipatu behar dugu euskal udalek udal etxebizitza tasatua (Maruri-Jatabeko Udala) eta udal etxebizitzen alokairua (Munitibarko Udala eta Eako Udala) arautzeko toki ordenantzak onartzen jarraitu dutela; horrela, etxebizitza parke publikoa handitzen lagundu dute, Lurzoruaren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legean emandako eskumenak erabiliz.
III. Jarduera-plana
Atal honetan aipatu behar da Etxebizitza arloan, bikotekide edo ezkontide bananduek "Etxebizitza eskatzaileen erregistroan" duten antzinatasuna zenbatzeari buruz egindako kontrol eta jarraipen jarduketa (43/2011/34O).
Ofiziozko jarduketa bari ekin genion, elkarbizitza unitatea apurtzen denean bikotekide edo ezkontide bananduek "Etxebizitza eskatzaileen erregistroan" duten antzinatasunari buruz Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak hartutako konpromisoaren betetze maila ezagutzeko.
Iazko ohiko txostenean aipatu genuenez, herritarren kexa biren (1670/2009/34 eta 294/2010/34) izapidetzean izan genuen esku-hartzearen ondorioz, sailak konpromisoa hartu zuela ordura arte izandako irizpidea aldatzeko eta, ondorioz, banandutako elkarbizitza unitatearen kide biei jatorrizko antzinatasunari eustea onartzeko.
Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak bikotekide biei berdintasuneko tratua bermatzeko irizpidea aldatzeko prest agertu zenetik urtebete igarota, pentsatu dugu egokia dela konpromiso horren jarraipena egitea eta banandu diren bikotekide edo ezkontideek "Etxebizitza eskatzaileen erregistroan" tratu berdintasuna dutela bermatzeko hartutako neurriak azaltzeko txostena eskatzea sailari.
Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak egindako txostenean jakinarazi digute urtarrilean, apirilean eta ekainean bilerak egin direla mantenu informatikoaren arduradunen eta "Etxebizitza eskatzaileen erregistroa"ren arduradunen artean aplikazio informatikoak banakako pertsonei dagokien antzinatasuna zenbatzea ahalbidetzeko, eskabideari dagokionaren ordez. Sailak aurreikusi duenez, "2012ko urtarrilaren amai aldera aplikazio informatikoa prest egongo da xede horretarako". Espero dugu laster informazio hori bete dela baieztatzea, eta horrela amaitutzat ematen dugu gure jarraipen jarduketa.
IV. Kexarik aipagarrienak
Etxebizitza arloan sartzen diren gaien sailkapenari jarraituz, herritarren erreklamazioa eragin duten kontu nagusiak aztertuko ditugu jarraian.
IV.1. Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura
Aurten, 2010ean bezala, herritarren kexa eta kontsulta asko jaso ditugu1 non egiten zituztenek premiaz eskatzen baitzuten babes publikoko etxebizitza. Kasu askotan argudiatzen zuten euren etxebizitza premia larriagotu egin zela, ezin zutelako alokairu pribatu baten errenta ordaindu lana edo gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea galtzeagatik, utzarazpen judizialeko prozedura batean sartuta egoteagatik edo infraetxeetan bizitzeagatik ere bai, eta salatu zuten, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailaren "Etxebizitza eskatzaileen erregistroan" urteetan inskribatuta egon arren, ez zirela babes ofizialeko etxebizitza baten esleipendunak gertatu. Erreklamazio horiek guztiak aztertuta, berriz egiaztatu dugu alokairuko etxebizitza publikoaren eskaintza urria dela eta barematze bide objektiboak sartu behar direla etxebizitza babestuaren esleipenean, ahalmen ekonomiko txikiena duten edo gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonek eta familiek dituzten etxebizitza premia larriei erantzuteko.
Etxebizitza babestuaren eskaria gero eta handiagoa izatea eragiten duten arrazoiei dagokienez, hipoteka maileguak ez ordaintzeagatiko utzarazpenak, Ekonomia Antolamenduan pertsona horiek jasaten duten egoera bidegabeari heldu diogu; izan ere, etxebizitza kenduta, finantza erakundeekin sortutako zorra ordaintzen jarraitu behar dute. Hori dela-eta, finantza erakunde horien eta kaltetutako pertsonen arteko bitartekaritza tresnak sortu behar dira, ordaintzeke dagoen zorra birfinantzatzeko aukerak edo etxebizitzaren enkantea saihestea bilatzen dutenak errazteko.
Halaber, atal honetan, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoaren eta etxebizitza eta lurzoruari buruzko finantza martxoaren 4ko 39/2008 Legeko 29. artikuluak dakarren "Babes Ofizialeko Etxebizitza parkearen barruko ibilbideen" arauketaren aplikazioari buruz emandako gomendioa azpimarratu nahi dugu. Kasu honetan, herritar batek salatu zuen Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak ez ziola erantzunik eman bere etxebizitza babestua bere familiaren premia berrietara egokitzen zen beste batekin trukatzeko egindako eskaerari (1364/2010/34). Izan ere, etxebizitza babestuak ez zuen pertsona bakoitzeko gutxieneko legezko ratioa (15m2) betetzen, babes ofizialeko etxebizitza esleitu ondoren alaba bi jaio zirelako.
Zenbait informazio eskaera egin ondoren, sailak jakinarazi zigun jabetzako babes ofizialeko etxebizitzarik ez zegoenez gero, "ezinezkoa zela egiten zitzaizkion truke eskaerei erantzutea". Administrazio jarduketak legezkotasunaren oinarria urratzen zuela eta sailaren ardura falta erakusten zuela ikusita –lege agintaldiaren hiru urteetan ez baitzituen jarri behar ziren tresnak babes ofizialeko etxebizitza parkearen barruko mugimenduak ahalbidetzeko-, kexa espedientea ebazpen bat atera genuen: Arartekoaren ebazpena, 2011ko ekainaren 16koa, honen bidez Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailari gomendatzen zaio, etxebizitza trukatzeko berariazko premia egiaztatu ondoren, erreklamaziogilearen babes ofizialeko etxebizitza tamaina handiagoko batekin truka dezala.
Azkenean sailak gomendioa onartu eta jarraian administrazio jarduketa irregularra konpondu zuen.
Atal hau amaitzeko, aipatu behar dugu hurrengo kapituluan, Emakumeen berdintasun eta osotasunaren arloari buruzko zatian, aurten administrazioek genero indarkeriaren biktima diren emakumeen etxebizitza premiako egoera bereziari eman dioten erantzunari buruzko berariazko azterketa egin dugu.
IV.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Babes publikoko etxebizitzen alokairuak eta "Etxebizitza hutseko programa" (Bizigune) barruko etxebizitzen kudeaketak Etxebizitza arloan ezagutu diren kexetako asko eragin dituzte aurten ere. Alokairu kontratuak amaitzerakoan, bermeari atxikitzeari eta etxebizitza itzulitako egoerari dagokienez, sortu ohi diren desadostasunei buruz egin ditugun jarduketak ez ezik, egin ditugun zenbait esku-hartzetan Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak erreklamaziogileen nahiak onartu ditu ondorio pertsonal eta ekonomiko handietako kontuetan. Adibidez, erreklamazio batzuk maizterrari errentagatik ordaindutako zenbatekoak itzuliz amaitu dira, alokatutako etxebizitza alokatua izateko baldintzetan eman ez zenean, gabezia handiak egoteagatik (155/2011/34 y 304/2011/34); beste batzuen ondorioz, berehala hastea aurreikusten zen utzarazpen prozedurak eten dira, alokatutako etxebizitzaren okupatzaileek zor zituzten zenbatekoak ordaintzeko konpromisoak hartu ondoren (577/2011/34 y 799/2011/34).
Aipamen berezia merezi du herritar ijito baten kasua. Alokairuko araubideko babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenduna izanik, erakunde honetara jo zuen ohartu zenean etxebizitza babestuen sustapenaren gainontzeko esleipendunek euren etxebizitzak okupatzen zituztela eta bere alokairu kontratua funtsik gabe atzeratzen zela (60/2011/34).
Etxebizitza babestua ematea atzeratzea justifikatzeko arrazoien azalpena eskatu genion Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailari eta erantzuna honakoa izan zen: Sestaoko Udalak sailari jakinarazi zion erreklamaziogilea eta haren familia atzeraeraginez udal erroldatik ateratzeko espedientea hasita zegoela eta erroldatzea etxebizitza babestua esleitzeko oinarrizko betekizuna izanda, sailaren ustez egokia zen udal ebazpenari itxarotea erreklamaziogileari etxebizitza emateko edo, bestela, etxebizitzaren esleipena baliogabetzea udal erroldako baja berretsiz gero.
Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailaren jarduketa aztertu bitartean, Sestaoko Udalak udal erroldan baja emateko zabaldutako espedientea zuzenbidearen araberakoa zenentz aztertu genuen, eta azkenean kontrako iritzia eman genuen gure ebazpenean: Arartekoaren ebazpena, 2011ko ekainaren 6koa, Horren bidez, Sestaoko Udalari gomendatzen zaio familia bat udal erroldan ofizioz bajan ematen duen ebazpena bertan behera utz dezala, familia udal erroldan mantendu dezala eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari jakinarazi diezaiola familia horrek erroldaren baldintza betetzen duela, esleitu dioten babes ofizialeko etxebizitza berehala eman diezaioten (Ijitoei eta beste gutxiengo kultural batzuei buruzko kapituluan gomendioa eta dagokion toki administrazioak emandako erantzuna xehe aztertu ditugu).
Azken gomendio horretan adierazitako oinarri juridikoak oinarri hartuta eta uste genuenez, etxebizitza babestua esleitzeko unean, erreklamaziogileak erroldatze betekizuna betetzen zuela, etxebizitza berehala eman zezala eskatu genion sailari. Eskakizun horren ostean, sailak onartu zuen etxebizitza alokairuan uztea erreklamaziogileari, eta horrela herritarraren kexa eragin zuen administrazio jarduketa zuzendutzat jo genuen.
IV.3. Kalteak etxebizitza babestuetako eraikitze akatsengatik
Babestutako etxebizitzetan eraikitze gabeziak agertzeak oraindik eragiten du Ararteko erakundeak esku-hartzea, etxebizitza babestuen esleipendunek eskatuta. Herritarren erreklamazio gehienetan, baietsi dugu, guk haren lankidetza eskatu ondoren, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak zegozkien txosten teknikoak egin dituela eta eraikuntza enpresei frogatutako eraikitze gabeziak konpontzeko eskatu diela (721/2009/34, 964/2010/34, 1370/2010/34, 240/2011/34, 492/2011/34, eta 496/2011/34). Kasu horietan, gure ustez administrazio jarduketa zuzendu egin da; izan ere, administrazioak bete egin du eraikuntza enpresari babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikaziotik bost urteko epean agertutako eraikuntza akatsak konpontzeko eskatzeko duen lege betebeharra.
Hala ere, ikusi dugunez, erreklamazio batzuetan, administrazio erakundeak eskaera egin arren, eraikuntza enpresek ez diote zuzen erantzuten eraikitze gabeziak konpontzeko aginduari eta, denbora igarota, etxebizitzen titularrek berriz jo behar izan dute Arartekoarengana, beste kexa espediente bat eraginez (61/2011/34 eta 287/2011/34). Horri dagokionez, gure ustez, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailak beharrezkoak diren neurriak hartu behar ditu babes ofizialeko etxebizitzetan frogatutako eraikitze akatsak konpontzeko aginduen jarraipen zuzena egiteko eta ez die etxebizitzen esleipendunei pasarazi administraziora jo eta behin eta berriz eraikuntza enpresei zuzendutako aginduak epean ez betetzea erreklamatzeko zama.
IV.4. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honetan herri-administrazioen etxebizitzari buruzko funtzionamendu eta prozedura alderdiak aztertzen ditugu. Horien barruan, aipatu behar ditugu zenbait herritarrek Arabako Lurralde Historikoan Bizilagun zerbitzuak duen funtzionamendu eskasari buruzko erreklamazioak aurkeztu dituztela (1038/2011/34, 1283/2011/34 eta 1339/2011/34).
Erreklamaziogileek salatu zutenez, hitzordua lortu eta, jabetza horizontalari eta alokairuei buruz, aurrez aurreko aholkularitza eta bitartekaritza jaso ahal izateko jarritako telefonoa komunikatzen zegoen beti eta, beraz, ezinezkoa zen behar zuten hitzordua lortzea.
Aurretik ezarritako ordutegian adierazitako telefonoan Bizilagun zerbitzuko inorekin kontaktatzerik ez zegoela egiaztatu ondoren, erreklamaziogileek zioten bezala, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailari eskatu genion zehazteko zer tresna jarriko zuen herritarrak hitzordurako telefono sistemara eta horrela aurrez aurreko arreta zerbitzura iritsi ahal izateko.
Gure lankidetza eskaerari erantzunez, sailak konpromisoa hartu zuen egungo hitzordu sistema hobetzeko, beste programa informatiko bat ezarriz. Horren aurrean, amaitutzat jo genuen gure esku-hartzea, baina hala ere, etorkizunean berriz galde genezake hitzordurako telefono zerbitzu horren funtzionamendu zuzenerako hartutako neurrien eraginkortasunari buruz.
V. Ondorioak
Egungo krisi ekonomikoak agerian utzi du indarrean dagoen araudiaren eta euskal herri-administrazioek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko sustatutako planen ahultasuna.
Egunez egun gero eta herritar eta familia gehiagok etxebizitzarako hileroko gastuei aurre egiteko dauzkaten zailtasunek (eta haien adierazgarririk gorena utzarazpen judizialen hazkundea da) herritarren kexak eta kontsultak areagotu dituzte argi eta garbi. Haietan, agerian utzi da herri-administrazioek azken garaiotan gero eta gehiago agertzen diren etxebizitza premia handiko egoerei behar bezala erantzuteko duten ezintasuna.
Zentzu horretan, berriz azpimarratu behar dugu Etxebizitzaren Legea onartzeko premia larria, gehien behar duten pertsonek eta taldeek justizia auzitegien aurrean etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea eskatu ahal izatea bermatzeko.
Halaber, uste dugu premiazkoa dela herri-botereek neurria zehatzak hartzea euren hipotekak ordaintzerik ez duten pertsonek etxebizitza galtzea ekiditeko eta eskatzen diegu, xede horrekin, susta ditzatela finantza erakundeen eta euren etxebizitzak kentzeko mehatxua pairatzen duten pertsonen arteko bitartekaritza tresnak eta bideak sortzea.
Alokairu araubideko etxebizitza babestua sustatzearen alde egitearekin batera, horretarako baliabide publikoak handitu behar dira, alokairuko etxebizitza parke publikoak sortu ahal izateko, krisi uneotan haren eskaria handitu baita. Era berean, alokairu merkatuko bitartekaritza programak indartu behar dira, batez ere etxebizitza hutsa mugiaraztea bilatzen dutenak.
Bukatzeko, esan behar da, 2011 honetan, orokorrean, herri-administrazioen lankidetza maila ona ikusi dugula, etxebizitza babestuaren kudeaketan ohikoak diren arazoek sortutako herritarren kexak eta kontsultak izapidetzerakoan (eraikitze gabeziak konpontzea, maizterren eskubide eta betebeharrei buruzko desadostasunak, edo herritarrenganako arreta zerbitzuen funtzionamendua).
Hala ere, euskal herri-administrazioei eskatzen diegu ahalegin handiagoa egin dezatela, aurrerantzean, kontu horiek ardura bereziz konpon ditzatela; norberaren, familia eta gizartearen garapen osorako ezinbestekoa den oinarrizko ondasun baten kudeaketa publikoak merezi duen erantzuna jasoko dute herritarrek.
1 Besteak beste, honakoak aipa ditzakegu: 1820/2010/34, 1821/2010/34, 106/2011/34, 226/2011/34, 549/2011/34, 799/2011/34, 905/2011/34, 1193/2011/34, 1207/2011/34, 1284/2011/34, 1296/2011/34 eta 1515/2011/34.