13. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
I. Arloa kopurutan
Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea izeneko arloa 2010. urtean sortu zen, arlo autonomo modura, izan ere, esparru horretan bildu nahi dira arlo horretan egiten diren erreklamazioak, baina, batez ere, ikusgaitasuna eta berezko nortasuna eman nahi zaie IKTei eta datuak babesteari dagokienez herritarrek dituzten eskubideak babesteko jarduerei.
Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea izeneko arloan jaso diren erreklamazioen kopuruak txikia izaten jarraitzen du, 6 kexa jaso baitira, hau da, bideratutako guztien %0,32, baina gehitu egin dira iaz izapidetutakoen aldean.
Eragindako administrazioen arabera, kexa gehienak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurkakoak izan dira (Eusko Jaurlaritza).
Azpiarloak aztertuz gero:
– Datuak babestea 4
– Beste alderdi batzuk 1
– Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak 1
Arlo honetako kexen eta kontsulten izapidetze egoerari eta emaitzari dagokienez:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea |
6 | 0 | 6 | 2 | 3 | 1 |
Aurreko datuen ondorioz, hona hemen egin behar dugun lehenengo hausnarketa: urte honetan egin diren kexa guztiak urte berean amaitu direla, eta Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak deritzan azpiarloa Arartekoaren lanean nolabaiteko presentzia hartzen ari dela ikusten hasi garela.
Aurkeztutako datuen harira, jarraikako bi hausnarketa egin behar da:
Ondorioz, aipatu diren hausnarketekin, ezinbestekoa da administrazioarekiko harremanetan IKTen erabilera bultzatuko duten ekimenak zabaltzea, eta, baita ere, herritarrek berariazko eremu honetan dituzten eskubideak barreiatzea eta horiez kontzientziaraztea.
Horri bideratutako tresna bat da Arartekoak egindako Herritarrek Herri-administrazioekin bide elektronikoak erabilita harremanetan jartzeko dituzten eskubideen dekalogoa. Tresna horretan arauan eratutako eskubide guztiak aztertzen dira, banan-banan, eta ahalegin handia egin da dibulgazio hizkuntza eta formatua erabiltzeko, araua oso konplexua baita; harekin, eskubide horiek ulertzen eta ezagutarazten lagundu nahi du Arartekoak.
2011ko otsailean, Datuak babesteko euskal agentziak EAEko herri administrazio eta erakundeetako fitxategien arduradunen iritziari buruzko azterlana egin du. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea - Lehendakaritzak egin du, eta handik balio handiko ondorioak atera dira. Besteak beste, inkestatu gehienen ustez erakundeak datu pertsonalak babesteko teknika eta giza baliabideak dauzkala, eta nabarmentzen da administrazio elektronikoko zerbitzuak oso lotuta daudela datuen babesaren munduari.
2011n Estatu osoko egoera orokorra ez da oso ona izan eskubide horiek aurrera egiteko, aurreko urtean egiaztatu zenez, krisi ekonomikoaren agerpenak gaiari buruzko proiektuak oso geldirik utzi dituelako.
Ikerketa eta ekimen interesgarri batzuk dauzkagu, datu pertsonalen babesari buruzko egungo egoera hobeto definitzeko:
Autonomia Erkidegoaren eremuan, 2011n azterlan bi amaitu dira. Azterlan horiek informazio garrantzitsu eta erabilgarria eman dute herri-administrazioek ekimenak izateko:
II. Lege edo gizarte testuingurua: Arloko lege erreformak edo sektoreko planak
2011n Justizia Administrazioan informazio eta komunikazio teknologien erabilera arautzeko uztailaren 5eko 18/2011 Legea onartu zen. Lege horrek, Justizia Administrazioarekiko harreman elektronikoetan, herritarrek dituzten eskubideak eta justiziaren profesionalek dituzten eskubideak eta betebeharrak aitortzen ditu, eta horrek jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa ematen laguntzen du bizkortasunik handiena behar duen eta aldi berean prozedura judizialaren bermeak eta frogagarritasuna zorrotz betetzea eskatzen duen sektore batean.
Berriz ere, ezagutzera eman behar dugu 11/2007 Legeko amaierako zazpigarren xedapeneko 4c) artikuluaren lege garapena ez dela egin, minusbaliotasuna duten pertsonei eta adinekoei sartzeko berdintasuna bermatzeko, zein ere diren haien egoera pertsonalak, baliabideak edo ezagutzak; izan ere, Arartekoarentzat talde horienganako arretak lehentasuna dauka eta IKTak bereziki erabilgarriak dira haientzat.
Dokumentuen digitalizazioaren, dokumentu elektronikoen, espediente elektronikoen, sinadura elektronikoari eta administrazioaren ziurtagiriei buruzko politikaren, egiazko kopia egiteko eta dokumentu elektronikoen arteko bihurketa egiteko prozeduren, Espainiako herri-administrazioen komunikazio sarera konektatzeko betekizunen eta erregistro erakundeen artean idazpenak trukatzeko datu ereduaren elkarreragintasunari buruzko Arau Teknikoa onartzen duen Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzaren 2011ko uztailaren 19 Ebazpenak ere 11 Legean jasotako herritarren eskubideak ahalbidetzeko administrazioek bete behar dituzten betebeharren esparru konplexua osatzen du.
Arloaren muinari zuzenean lotuta ez badago ere, uste dugu, duen garrantzia dela-eta, estatu mailarako, sektore publikoaren informazioaren berrerabilpenari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea garatzen duen urriaren 24ko 1495/2011 Errege Dekretua azpimarratu behar dela, bat baitator Arartekoak duen filosofiarekin: sektore publikoaren informazioa interesa duen edozein pertsona edo enpresaren eskura jartzea sustatu eta erraztu behar da, hura berrerabiltzeko xedez. Izan ere, filosofia horren inspiratu ditu haren proiektu batzuk. (ikus txosten honetako VII. atala)
Halaber, Zerga Administrazioaren Estatu Agentziarekin harreman elektronikoa izateko sinadura elektronikoaz beste identifikazio eta benetakotzat egiaztatzeko sistemak onartzen dituen Zerga Administrazioaren Estatu Agentziaren Presidentziaren 2011ko azaroaren 17ko Ebazpenak herritarrekin elkarrekintza elektronikoa izateko baliabideak zabaldu ditu –arauan, baliabide horiek xehetasunez sailkatu dira–. Arau horrek eta inspiratu duen filosofiak hausnarketa eragin dezakete herri administrazioetan –baita autonomikoetan ere– ziurtagiri elektronikoen erabilerak egun duen geldialdiari buruz, eta eztabaida bultza dezake autentifikazioaren eta sinadura elektroniko onartuaren artean dagoen desberdintasunari buruz, batentzat eta bestearentzat betekizun desberdinak ezarriz. Horrek, bestalde, sarbidearen legea betetzea erraz dezake, hainbat mota eta zailtasun mailatako irtenbideen eta eskakizunen alde eginez.
Autonomia eremuan, 2011 oparoa izan da arlo honi lotutako planak onartzeari edo haiek prestatzen aurrera egiteari dagokienez. Horrela, sakontzeko asmorik gabe, honakoak aipa daitezke:
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Informazioaren Gizartean Plan berri bat sartu du, 2015 artekoa, IX. legealdi honetako planen egutegian. Plan berriaren izena AD@15 edo Euskadi 2015 Agenda Digitala da.
Interes orokorreko beste ekimen bat, zenbait erakunde publiko eta pribaturen artean bultzatua, METAPOSTA abian jartzea izan da. Interneteko postontzi eta kutxa gotorra da, eta han fakturak, nominak, banku ziurtagiriak, polizak... segurtasun eta lege balio osoz jaso eta gorde daitezke.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, joan den abenduaren 27an, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, 2015 (ZTBP2015) onartu du. 2015ean I+Gn BPGd-ren %3ko inbertsiora iristea espero du, eta helburua "ekonomiaren hazkundea, enplegua eta Euskadiko ongizatea suspertzea" da, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren bitartez balio erantsi handiagoa sortzen duten jarduerak bultzatuz.
Europako eremuan, Malmöko adierazpenarekin administrazio elektronikoa estrategikoki birbideratzeko hartutako erabakia dela-eta, Europar Batzordeak "Europarako Administrazio Elektronikoaren Ekintza Plana, 2011-2015" diseinatu du, Ministerioen arteko erabaki horrek dakarren garrantziarekin, baina haren ekintza batzuk Europarako Agenda Digitalean daude sartuta. Ekintza plan berriaren helburu orokorra IKTek dauzkaten gaitasunak ustiatzea da, administrazio adimentsu, berritzaile eta iraunkorrak sustatzeko.
Europar Batasunaren poloniar presidentziak (Barne eta Administrazio Ministerioa) eta Europar Batzordeak Ministerioen administrazio elektronikoari buruzko seigarren biltzarra: "Mugarik gabeko administrazio elektronikoko zerbitzuak europarrentzat" an
tolatu dute Poznan hirian (Polonia), 2011ko azaroaren 17 eta 18an.
Ministerioen administrazio elektronikoari buruzko biltzarra Europar Batasunean gaiari buruz dagoen gertakaririk handiena da, eta bi urtean behin egiten da. Espainiak sektore publikoaren informazioaren berrerabilpenari buruzko eta e-Justice proiektuari buruzko mahai-inguruetan parte hartu zuen.
III. Jarduera-plana
Arestian aipatu dugunez, Arartekoaren lan arlo hau 2010ean sortu zen eta haren helburuen artean datuen babesari eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideei buruz herritarrek dituzten eskubideei balioa ematea eta haiek hedatzeko eginkizun ekintzailea izatea daude. Izan ere, ulertzen dugu eskubide horiek erabiltzeak eta haiek babesteak berritzeko ahalmen handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutela, eta hori lehen mailako elementu estrategikoa da krisi ekonomikoko eta enplegua suntsitzeko egungo testuinguruan.
Horrexegatik, 2011n helburu horri lotutako zenbait jarduketa planifikatu eta burutu dira.
– Bilerak administrazio eta erakundeekin
Datuak Babesteko Euskal Agentzia:
Agentziarekin dauden ohiko lankidetza harremanen barruan, 2011n erakunde bien eginkizunen arteko koordinazio tresnen bila sakondu da, eta horrek lankidetza hitzarmena ekarriko du. Haren oinarriak adostasunez finkatu dira. Halaber, hobekuntza iraunkorrari eta zerbitzuak emateko kalitateari lotutako esperientziak eta plangintza estrategikoari buruzkoak trukatu dira, Euskal Agentziak esperientzia handia baitauka arlo horietan.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Idazkaritza:
Zenbait bilera egin dira erakunde bien artean komunikazio elektronikoko sistema ezartzeko, agiri truke guztiak bide telematiko seguruen bidez egiteko xedez. Horretarako prozedura zehaztuta dago eta 2012aren hastapenean gauzatuko da. (ikus txosten honetako VII.3 atala)
Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoaren zuzendaritza:
Zuzendaritza honi dagokio, Eusko Jaurlaritzaren baitan, administrazio elektronikoko politikak bultzatzea eta, beraz, derrigorrezko erreferentea da informazio eta komunikazio teknologien esparruan. Zenbait kontaktu eta informazio truke izan dira haren zuzendariarekin, Euskadi mailan gaiak duen egoerari buruzko informazio eguneratua edukitzeko
– Txosten bereziak
2011n aurrerapen handia egin da E-inklusioari eta Euskadiko herritarrek IKTen bidez gizarte esparruan eta esparru publikoan duten partaidetzari buruzko txosten berezia egiteko, eta hura 2012ko lehen lauhilekoan amaitzea espero da.
Hura egiteko, lankidetzako dinamika parte hartzailea garatu da, eta horrek oso aberastu du proiektua. 4 lan-talde an
tolatu dira, eta haietan 35 lagunek parte hartu dute. Arartekoaren Haurren eta Nerabeen Kontseiluaren saio ia monografiko bat burutu da. Hartan, haren kideek ideia eta proposamen berri eta oso interesgarriak ekarri dizkiote proiektuari.
Arestian aipatu taldeetan, arrakala digitalei, inhibitzaileei eta oztopoei buruz, "deskonektatuta" edo arrakala digitalen ondorioz euren gizarte bazterkeria larritzeko arriskuan dauden gizarte taldeei buruz eta herritarren jabekuntzarako behar diren osagaiei buruz hitz egin zen, eta "Euskadiko e-inklusio mapa" egiteko ahalegina egin zen, egun Euskadin informazioaren gizarteari an
tzemateko dugun modurako hurbilketa edo argazki finkoa.
Herritarren partaidetzari, partaidetzaren bidezko gizarte jabekuntzari, dauden oztopoei, partaidetzan IKTek duten eginkizunari, administrazioek open government eredu berrietaranzko bidea egiteko duten erronkari, eta abarri buruz ere hitz egin zen.
Halaber, imajina daitekeen etorkizunari buruzko hausnarketa egin zen, Euskadi inklusiboaren bila, bertan pertsona guztiek IKTak erabiltzeko aukera berdintasuna izan eta haiei etekin osoa atera ahal izateko; Euskadiko gizarte esparruan eta esparru publikoan kalitatezko partaidetza handiagoa ahalbidetzeko gomendioei buruz ere hausnartu zen.
Proiektuaren aurrerapenari buruzko informazioa eta intereseko beste albiste batzuk biltzen ari dira txosten berezirako zabaldutako blogean.
– Web eduki berriak eta lankidetza foroak
Arartekoak zenbait ekimen abiarazi ditu. Halakoak Arartekoaren berrikuntza jarduketei buruzko VII. kapituluan jaso ditugu.
– Ofiziozko jarduerak
Datuen babesaren eta hari datxezkion eskubideen eremuan, 2011n Arartekoak adingabeak babesteari buruzko erantzukizuna duten herri-administrazioek eskatuta osasunari buruzko datuak emateari buruzko urriaren 10eko 4/2011 Gomendio orokorra eman du. Han osasun datuen babesa azpimarratu da, batzuetan bereizi gabe eta orokorrean eskatzen dituztelako adingabe batekin diharduten gizarte zerbitzuek.
- Arlo horretako giza eskubideak eta praktika onak sustatzeko jarduketak
Txosten honetako Herri-lan, Garraio eta Azpiegitura arloan interes handiko zenbait oharbide oso egoki egin dira. Izan ere, Herritarrak Zerbitzu Publikoetan Elektronikoki Sartzeko ekainaren 22ko 11/2007 Legea (aurrerantzean HZPESL) garatzeko, toki erakundeek iragarki taula elektronikoak izan behar lituzkete, horrek ikaragarri erraztuko bailuke herritarrek izapidetzen ari den informazio publikoan sartzea, eta segurtasun juridikoa emango luke.
Aurten, herritarrek Osakidetzaren Osarean ordua eskatzeko sistemari buruz aurkeztutako kexak ezagutarazi behar ditugu. Kexa horiek zuzenean lotuta daude Lege horrek aldarrikatzen duen bide an
iztasunerako eskubidea eraginkortasunez betetzeari eta teknologia hain zurrunaren alde egiteak sortutako bazterkeria digitaleko arriskuei; izan ere, zurruntasun hori dela-eta, tresna hori oztopo bihurtzen da erabiltzailea/administrazioa harremanean. Sortutako ezinegonaren ondorioz, hura ezartzeko egutegia birpentsatzea eta 70 urtez gorako pertsonentzat operadorearen bidezko ordua eskatzeko sistema telefonikoa jartzea erabaki da.
Arlo honetan praktika onak sustatzeko eremuan, Eusko Legebiltzarrak 2011ko apirilaren 13an onartutako 10. ebazpena aipatu behar dugu. Haren bidez, dei egiten zaio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio Sailari Euskadin egon litezkeen babespeko etxebizitzaren eskatzaileen erregistroak derrigorrez koordina ditzan, izapideak herritarren alde erraztearen alde..
Ebazpen hori, bestalde, Etxebizitza Plan Zuzentzailearen ildoarekin bat dator, eragile guztien sareko lanerantz aurrera egiteko helburuan, administrazioa modernizatzearen eta administrazio elektronikoaren erabileraren alde eginez.
Era berean, ona deritzogu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak burututako ekimenari, toki polizientzat eta segurtasun pribatuarentzat "Polizia fitxategietako datu pertsonalen tratamendua"ri buruzko prozedura garatzeko. Proiektua Arartekoari igorri zitzaion, haren iritzia jasotzeko, baina oraindik ez dugu jakin onartu denentz.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu Arartekoaren ustez ezinbestekoa dela, euskal herri-administrazioen arteko elkarreragingarritasunean eta interkonexioan aurrera egiteko, ahalegina egitea datuak, ziurtagiriak eta agiriak elektronikoki trukatu ahal izateko eredu komuna sortzea; haien eraginkortasuna hobetzeko ere balio behar luke, haien informazio sistemen elkarreragingarritasuna sustatuko bailuke. Azken helburua, 11/2007 Legeko betekizuna betetzea litzateke, hark xedatzen duenez, herritarrek ez dituztelako eman behar administrazioak dagoeneko dauzkan datuak edo agiriak. Zentzu horretan, elkarreragingarritasuneko eredu katalana (MCI) Kataluniako toki administrazio guztientzat an
tolakuntza, eginkizun, justizia eta teknologia eredu bateratua sortzean datza, eta praktika ona deritzogu. Ona litzateke, beraz, euskal administrazioetan ere hura gauzatzea.
– Ikerketarako diru-laguntzak
2011n emandako ikerketarako diru-laguntzaren lanek aurrera jarraitu dute. Haren helburuak erabiltzaile eta kontsumitzaileen telekomunikazioei, teknologiari eta garraio mota orori buruzko eskubideak aplikatzea, eta eskubide horiek gure erkidegoan defendatzea eta eskatzea dira. 2012aren erdialderako amaitzea espero da.
IV. Kexarik aipagarrienak
IV.1. Datuak Babesteko Euskal Agentzia
Pertsona batek kexa bat jarri zuen Datuak Babesteko Euskal Agentziaren aurka, Arabako Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen (GOFE) jarduketen inguruan aurkeztutako salaketa testuen karietara; haren aburuz, horrek datu pertsonalen komunikazio okerra zekarren, eta Agentziak –hara jo zuen ondoren berak– ez zuen bete Erakunde horri zigorra jartzeko ahalmena erabiltzeko duen betebeharra. Erakunde honen aburuz, Datuak Babesteko Euskal Agentziak –arrazoitutako ebazpen bi hartu zituen gaiari buruz– ez zuen oker jokatu.
IV.2. Eusko Legebiltzarra
Herritar batek zalantzan jarri du Eusko Legebiltzarrak izapidetutako legebiltzarreko galdera bati buruz dagoen dokumentazioan sartzen uztea ukatu izana. Legebiltzarraren ustez, ez zeukan eskumenik eskaera horri buruz erabakitzeko, agiriaren jatorria ez zegokiolako berari, eta EAEko administrazio orokorrak ebatzi behar zuen ezagutzea eskatzen den dokumentazioan sartzea egokia denentz. Arartekoak bere egiten du gardentasunari eta herritarrak informazioa eskuratzeari buruzko lege aurreproiektuaren filosofia. Izan ere, administrazioen arteko lankidetza arauak ezartzearen alde egiten du, informazio publikoa errazago eskuratu ahal izateko.
IV.3. EITB
Kexa bat jaso zen EITBk ez ziolako erantzunik eman telebista programa bat emititzearen ondorioz aurkeztutako erreklamazioari. Programa horretan, gertaera traumatiko baten biktima izandako familia bat identifikatzea ahalbidetzen zuten datuak eman ziren. EITBk ulertu zuen, zerbitzu publikoa den aldetik, informatzeko helburua eta herritarrak prebenitzeko ondorioa nagusitu ziren, eta informazioa emanez lortu zen hori, baina barkamena eskatu zien kaltetuei. Arartekoaren ustez, hainbeste datu identifikagarri eman gabe ere lor zitekeen helburu hori.
IV.4. Datuen babesa poliziaren eremuan
Arlo honetan kexa bi aurkeztu dira.
Haietako batek taldeko kexa batekin du zerikusia. Haren bidez, hauteskunde hautagaitzen kontrolari lotutako datuak erregistratzen dituzten polizia fitxategiak egoteko posibilitateari buruzko kexa helarazi zitzaion Arartekoari. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari argibideak eskatu ondoren, zeuden datuak ikusita, ezin izan zen ondorioztatu jokabide irregularrik gertatu zenik. Arartekoak gogorarazi zion Barne Sailari, polizia fitxategiak datuek babesteko legediaren guztiz mende egon behar dutela, datuen ofiziozko baliogabetzea barne, eta polizia fitxategietan datuak sartuta dituzten pertsonek haiek eskuratu, zuzendu eta baliogabetzeko Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak ematen dizkien eskubide guztiak erabiltzeko bidea izan behar dutela; halaber, proposatu zuen polizia fitxategiak arautzeko legea eta herritarrek haiei buruz dituzten eskubideei buruzko informazioa eskuragarri egon behar luketela Sail horren web gunean, edonork ezagutu ahal izateko.
Bigarrenak zalantzan jarri zuen polizia batek erreklamaziogilearen aseguru konpainiari datuak jakinaraztea legezkoa izatea. Daukagun informazioarekin, ez dugu ikusi haren eskubideak urratu zirenik.
IV.5. Datuen babesa justizia eremuan
Izapidetu den kexa batean salatu zen Bilboko Udalak informazioa eman ziola zaintza ez zeukan guraso bati, haurrari lotuta burutu zen esku-hartze soziofamiliarrari buruzko informazio eskaerari erantzunez; guraso hark informazio hura erabili zuen epaitegiak jarri zituen neurriak aldatzeko demandan. Gure ustez, adingabearen datuak ez ezik familia guneko beste pertsonenak ere emateak dagokion pertsonaren berariazko baimena behar du eta, argi dagoenez, hura ez zen eman. Kexa aurkeztearen ondorioz, zenbait jarduketa burutu ziren Udalaren –prest agertu zen gertaerei irtenbidea emateko– eta Justizia Administrazioaren aurrean. Haren Gobernu Salak honako ebazpena helarazi zien epaitegiei: behar diren datu garrantzitsuak biltzen dituen berariazko txostena eskatu behar da, eta ez administrazio espediente osoak, pertsonen intimitatea kaltetzea saihesteko.
IV.6. Izenpe
Erreklamaziogileak Izenperen Herritarra ziurtagiria kontratatu zuen. Kexaren arrazoia da zailtasunak izan zituela zuzen instalatzeko eta ordaindu behar izan zuela instalazioa errazteko tutoretzapeko programa bat lortzeko, eta harreman telefonoa 902 delako bat izan zela. Beharrezko gestioak egin ondoren egiaztatu zen herritar ziurtagiriak funtzionatzeko behar den instalazioa, berez, doakoa dela, ziurtagiria erabiltzeko ezinbestekoa ez den aplikazio baten jaitsiera izan ezik, eta, beraz, ebatzi zen Izenperen jokabidea ez zela okerra izan.
V. Ondorioak
2010aren aldean, ikusten da arlo honetan jasotako kexa kopuruak hazkundea –txikia bada ere, zenbaki absolutuetan– izan duela; hazkunde horrek lotura zuzena dauka administrazio elektronikoaren erabileraren aurrerapen motelarekin, eta herritarren eskura dauden zerbitzu elektronikoak hedatzeko eta administrazioarekiko harreman elektronikoetan dauzkaten eskubideei balioa emateko erakundeen ekintza bateratuaren beharrarekin.
Datuen babesari dagokionez, aurkeztu kexen testuinguruan, administrazioen (kasu honetan, Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritza) lankidetza arauak ezarri beharraren alde egin ahal izan dugu, informazio publikorako sarbidea errazteko, gardentasunari eta herritarrek informazio publikoa eskuratzeari buruzko lege aurreproiektuaren filosofiaren arabera; eta, berriz ere, gure iritzia eman dugu polizia fitxategiak datu pertsonalen babesari buruzko legediaren mende egoteari buruz, datuen ofiziozko baliogabetzea barne; horri lotuta, adierazi dugu euren datuak polizia fitxategietan sartuta dauzkaten pertsonek bidea izan behar dutela dauzkaten eskubideak erabiltzeko, eta ezinbestekoa dela eskubideei buruzko informazioa era eskuragarrian ematea.
Oso ona da Euskadiko Botere Judizialaren gobernu erakundeen lankidetza justizia prozeduretan, administrazio espediente osoen ordez, auzirako behar diren datu garrantzitsuan dakartzan berariazko txostena eskatzea lortzeko, jokoan dauden eskubideen garrantzia dela-eta.
Arartekoak jarraitzen du ikertzen Interneteko aztarna digitalaren arazoa eta ahanzturarako eskubidea, batez ere Aldizkari Ofizialetan datuak argitaratzeak eta Interneteko bilaketa motorrek datuak indexatzeak dakartzaten ondorioak ikusita, eta, alderdi horiei buruz, Auzitegi Nazionalak emateke duen epaia garrantzitsua da.
IKTen eremuan, urtean burututako jarduketak herritarrek informazio teknologiei, haien hedapenari eta administrazio elektronikoko praktika onei dagokienez dituzten eskubideen errespetuaren azterketari lotuta egon dira. Herritarrek herri-administrazioekin harreman elektronikoak izateko dituzten eskubideen dekalogoa egin du Arartekoak.
Zentzu horretan, oso ontzat jo behar dugu, sare sozialen eta 2.0 aplikazioen irisgarritasunari buruz ONCEk egin duen txostena; gainera, diseinu unibertsalaren eta erabilgarritasunaren ikuspegitik, minusbaliotasuna duten pertsonen arlorako interes handia du. IKTek integraziorako eta gizarteratzeko tresnak izan behar dute. Hori gertatzea, ordea, urrun dago, eta besteak beste, gertatzen da pertsona horiek administrazio publikoko lanean erabili behar dituzten aplikazioak, edo euren lana eskuratzeko probetan erabili behar dituztenak sarritan ez direla irisgarriak eta bazterkeria sortzen dutela.
Arartekoak 2012an argitaratuko duen Inklusio digitalari eta gizarte partaidetzari buruzko txosten berezian pertsona taldeei eta haien berariazko premiei lotutako kontzeptu horiek aztertu dira.
Halaber, euskal herri-administrazioen arteko elkarreragingarritasunean eta interkonexioan aurrera egiteko, datuak, ziurtagiriak eta agiriak elektronikoki trukatu ahal izateko eredu komuna sortzearen aldeko lan bateratu eta koordinatua bultzatu da; izan ere, horrek ageriko abantaila ekarriko lieke herritarrei zerbitzu elektronikoek zabaltzen dituzten aukerei dagokienez.
Egungo krisi ekonomikoak nabarmen moteldu ditu pixkanaka baina etengabe gertatzen ari ziren aurrerapenak, informazio eta ezagutza teknologiei datxezkien eskubideak betetzeari eta zerbitzu elektronikoak herritarren eskura egoteari dagokienez. Ahal den neurrian geldialdi hori arintzeko, jarduketa ildo bi sustatzearen alde egin da: