6. Ingurumena
I. Arloa kopurutan
Ingurumen-arloaren barruan, lurzoruari, urari, aireari, florari eta faunari eragiten dieten kutsadura-kategoriek sortutako kalteei buruzko erreklamazioak sartu dira. Guztira, erreklamazio-kopurua 96 kexakoa da. Aurtendik aurrera, txostena beste atal eta azpiarlo batzuetan banatuko da. Hain zuzen, ingurumenaren gaineko zein eragin-mota salatu den hartu da irizpide gisa, eta alde batera utzi da lurzorua hirigintza aldetik nola sailkatuta dagoen.
Azpiarlokako banaketaren arabera, sailkapena honako hau da:
– Kutsadura akustikoa 57
– Ingurumenaren kontrola 9
– Ingurumenaren informazioa eta parte-hartzea 9
– Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 8
– Beste eragin batzuk 4
– Lurzoruaren eta uraren kutsadura 3
– Kutsadura elektromagnetikoa 2
– Ingurumeneko beste kutsadura batzuk 2
– Etxebizitzetarako lurzoruan sailkatutako jarduerak 1
– Hondakinak eta isurketak 1
Eragindako administrazioen arabera, kexak honela multzoka ditzakegu:
– Tokiko administrazioa 74
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 19
– Foru administrazioa 8
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
218 | 119 | 91 | 59 | 25 | 7 | 8 |
Aipatzekoa da igo egin dela ingurumen-arloan jaso ditugun erreklamazioen kopurua. Jendeak bere etxebizitzan jasaten duen zarataren inguruko kontsultak eta erreklamazioak ugaritu egin dira. Gehikuntza hori kutsadura akustikoa eragiten duten iturriak ugaritu izanaren ondorio da (industria-jarduerak, jolas-jarduerak, azpiegiturak). Erlijio musulmaneko talde batzuk Bilbon eta Gasteizen eskatzen ari diren kultuko zentro berriek eta antzeko jarduerek gizarte-gatazka sortu dute ingurumen-kontroleko lizentziak izapidetzen ari ziren bitartean, eta, horren ondorioz, esku hartu behar izan dugu. Horrez gain, ugaritu egin dira herritarrek eta elkarteek ingurumen-informazioa eskuratzeko dituzten zailtasunen inguruko kexak.
Arartekoak arlo honetan duen eraginkortasun-mailari dagokionez, adierazi behar dugu administrazioaren esku zegoen ingurumen-informazioa lortzeko eragozpenei buruzko hainbat erreklamaziori eman diegula irtenbidea. Hala, erantzuna eman zaie Lapuebla de Labarcako Udalean ezarri asmo den hondakin-uren araztegi bati buruzko ingurumen-informazioaren eskaerei eta Abanto-Zierbenako Udalean aurkeztu duten zuhaitz-mozketa bati buruzko informazio-eskaerari; horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ere erantzuna eman dio Abanto-Zierbenako Udalak osoko bilkuran onartutako mozio bati, udalerriari eragiten dioten goi-tentsioko energia elektrikoaren garraiorako lineen gainekoari. Bestalde, Ingurumen Sailak jakinarazi digu hainbat salaketa izapidetu dituela Muskizko abere-ustiategi batean izandako isurketa bati dagokionez.
Ikusi dugu, hiri-lurzoruan kokatutako jarduerek sortzen dituzten zarata-arazoei dagokienez, erreklamazio gehiagotan jarri direla halako arazoak konpontzeko bitartekoak, erakunde honek hala eskatuta. Hala, besteak beste, aipatuko dugu kasu batzuetan neurriak hartu direla taberna edo diskoteka batzuek sortzen duten zarataren aurka (Barakaldo, Gorliz, Igorre, Mungia, Erandio, Sopela, Ordizia, Irun eta Laudio, besteak beste), bai eta gazte-lokal batzuek (Deba, Ibarra eta Elgoibar) eta arrandegiek, harategiek, gastronomia-elkarteek, izozte-lantegi batek eta halako jarduerek sortzen dituzten eragozpenen aurka ere. Zaratarekin loturiko beste kasu batean, bide batek sortzen duenari buruzkoan hain zuzen, Bidegi foru sozietateak, dagokion kexa-erreklamazioa izapidetu ostean, konpromisoa hartu du bide-azpiegitura horretatik datorren zarata leuntzeko.
Elkarteekiko harremanen atalean, ekitaldi honetan ere Arartekoa lanean aritu da ingurumena babesten jarduten duten elkarteekiko harremana eta komunikazioa sustatzen eta hobetzen. Alde horretatik, ingurumen-foroa aipatu behar dugu. Izan ere, tresna horrek sustatu egiten du elkarte horiek Arartekoan sartu eta parte hartu ahal izatea.
Oraindik izapidetzen ari diren aurreko ekitaldietako kexei dagokienez, nabarmendu behar dugu administrazio batzuk asko luzatzen direla eskatutako informazioa bidaltzeko eta erakunde honi laguntza emateko orduan. Udal hauen kasuak bildu ditugu: Azpeitia, Urkabustaiz, Beasain, Mutriku eta Durango. Bestalde, aipatu behar dugu kasu batzuetan Arartekoak berriro esku hartu behar izan duela, lehendik salatutako arazoak berriro sortu direla eta; hala gertatu da, esate baterako, Beasaingo eta Mutrikuko hainbat jarduera sailkaturekin.
II. Lege-arloko berritasunak
Lege-arloko berritasunen atalean, aurten Gorte Nagusiek hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea onartu dute. Arau horrek hondakinak prebenitzeko eta birziklatzeko estrategia baten oinarriak ezartzen ditu. Hain zuzen, estrategia horren xedea da materia berri gutxiago erabiltzea, materia hori eraldatzeko energia gutxiago erabili behar izatea eta atmosferara gas gutxiago igortzea.
Bestalde, Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak hainbat neurri ezarri ditu mugikortasun jasangarriari bide emateko; energia-eredu horren oinarria ingurumen-iraunkortasuna da, eta, horren bidez, berotegi-ondorea duten gasen igorpena gutxituko dela bermatzea.
Atmosferaren kutsadurari dagokionez, bi xedapen onartu dira airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legea garatzeko: urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretua, airearen kalitatea hobetzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena.
Eusko Jaurlaritzak ehizari buruzko martxoaren 17ko 2/2011 Legea onartu du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-jarduera arautu du.
Legebiltzarrean, hainbat legegintza-proposamen interesgarri daude, hala nola klima-aldaketari buruzko lege-proiektua eta Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentaraura egokitzeko xedez hainbat lege aldatzeko aurkeztutako lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen aldaketa bat barne hartzen duena.
III. Jarduera-plana
III.1. Bilerak elkarteekin
2011. urtean, ingurumen-ataleko helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ingurumenari loturiko elkarteekiko harremanak indartzen jarraitzea izan da. Lankidetza-esparru edo bilera-foro hori, nagusiki, Ingurumena 2.0 proiektuaren barruan gune birtual bat sortuta garatuko da.
Aurten, hainbat bilera egin ditugu elkarte ekologista hauekin: Ekologistak Martxan,
Ezpitsua, Txipio Bai eta Errigoiri-Arrieta Garbi Plataforma.
Bileren helburu nagusia izan da gobernuz kanpoko erakunde horiei hainbat jarduketa-proposamen helaraztea ingurumenari dagokionez, batez ere informazioa eskuratzeko eta ingurumenean parte hartzeko eskubidea baliatzeari dagokionez. Horrez gain, teknologia berriak erabiliz gizarte-foro bat egiteko proposamenaren berri eman diegu.
Bestalde, hainbat bilera egin ditugu Kokearen Aurkako Koordinakundearekin eta beste hainbat elkarterekin, hala nola Turruntero, Por Muskiz Bai eta Kima Berdea elkarteekin. Horien helburua izan da Petronorren planta inguruan bizi direnek zer arazo dituzten jakitea, Arartekoaren hainbat salaketa, kexa eta jarduketari eman baitiete bide.
Horrez gainera, behin elkartu gara Izate Ingurumen Elkartearekin. Hain zuzen, Galdames bisitatzera joan ginen, zeru zabalean dagoen harrobi hori zein egoeratan dagoen eta ingurumenari nola erasaten dio ikusteko.
III.2. Bilerak administrazioekin eta zerbitzuekin
Urte honen hasieran, bilera bat egin dugu Erandioko Udalarekin, ostalaritzako jarduerek sortzen dituzten kutsadura akustikoaren arazoei buruz hitz egiteko.
Alde batetik, bilera bat egin dugu Uraren Euskal Agentziarekin, Euskadiko barne arroetarako Uholde Arriskuen Aldez Aurretiko Ebaluazioari buruzko dokumentua ezagutzeko.
Bestalde, Añarbeko Ur Mankomunitatearekin elkartu gara, Loiolako (Donostia) hondakin-uren araztegian usainak eta zarata tratatzeko zer sistema daukaten ikusteko. Bilera horretan, instalazioaren ingurunean sortzen diren usainek eragindako gatazkaren ondorioz zer gestio egin duten jakinarazi ziguten. Interesdunek adierazi digutenez, jarraipen-mahai batean parte hartu ahal izan dute, eta, horren bidez, zuzenean ezagutu ahal izan dute zer neurri aurreikusi dituzten prozesuetan sortzen den usaina kentzeko; horrez gain, beren arazoak azaldu eta neurri berriak proposatu ahal izan dituzte.
III.3. Gomendio orokorrak
Txosten honetan, ingurumen-prozesuetan parte hartzeko eskubideari buruzko gomendio orokor hau sartu dugu: Arartekoaren 12/2011 Gomendio orokorra, abenduaren 28koa. "Demokrazia eta herritarrek parte hartzea. Bereziki, ingurumen-prozesuetan parte hartzea".
III.4. Web gunearen, Intranetaren eta gizarte-sareetako foroen kudeaketa
2011. urtean, Ingurumena 2.0 ingurumenari buruzko blog bat jarri dugu abian. Foro hori ingurumenaren esparruan jarduten duten elkarteekin eta oro har herritarrekin ingurumenaren gaineko kontuei buruz gogoeta egiteko leku gisa proposatu dugu, batez ere informazioa eskuratzeko eta ingurumenean parte hartzeko eskubideari buruz gogoeta egiteko. Parte-hartzea ona izan da. Hamar elkartek hartu dute parte ekimen horretan 2011. urtearen amaierara bitartean: Meatzaldea Bizirik, Por Muskiz Bai, Kima Berdea, Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Txipio Bai, Errigoiti-Arrieta Garbi Plataforma, astondopunta, Sagarrak, Izate eta Berdeak-Verdes equo.
Bestalde, hogeita hamar sarrera egin dira, hainbat gairen inguruan. Besteak beste, Ibaizabalen ezkerraldean (Bizkaia) aireak zer kalitate duen azter dadila planteatu da, eta neurketa-kabinetako datuak eskuratzeko zailtasunak izaten direla; bestalde, jakinarazi digute litekeena dela Areetako hondartzara isurketak egin izana, bai eta Muskizko industria-jardueraren ondorioz istiluak izan direla ere. Halaber, hainbat proposamen egin dira ingurumen-arloan parte hartzeko moduaren kalitatea hobetzeko eta ingurumen-arloko justizia eskuratzeko trabak saihesteko. Blog horrek jendearen artean duen eraginari dagokionez, pertsona interesdunen hirurogeitik gora iruzkin jaso ditugu, eta 4.500 bisita inguru.
III.5. Ofiziozko jarduerak
Petrolioa fintzeko Muskizko industria-jarduerak eragozpenak sortzen dituela eta, bizilagunek eta elkarteek bidalitako hainbat erreklamazio izapidetu ditu Arartekoak; izan ere, esku har dezagun eskatu digute horien bidez. Erreklamazio horien ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak informazio hau bidali digu: administrazio horrek egindako ingurumen-kontrolaren jarraipena, ingurumen-baimen integratua, ingurumena zaintzeko plana eta ikuskapenei egindako ikuskapen orokorrak; horrez gain, 2010eko urtarrilean eta otsailean izandako istiluei buruzko informazioa ere eman digu. Geroago, zona horretako hainbat pertsonak eta auzo- eta ekologista-elkartek emandako informazioari esker, jakin dugu hainbat istilu izan zirela 2011ko ekainean. Gertaera horiek ikusirik, Arartekoak bidezko iritzi dio arlo horretan eskumenen bat duten euskal administrazio publikoei ofiziozko espediente bat irekitzeari. Azaldutako gertaerak egiaztatzeko asmoz, Muskizko Udalera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun Publiko eta Herrizaingo Sailera jo dugu, ondoko hau argitzeko: zer jarduketa egin dituzten istiluen berri izan ostean, eta zer neurri hartu dituzten gai arriskutsuak tartean direla izan diren istripuen ondoriozko ingurumen-kontrolaren, osasun publikoaren eta arriskuen kontrolaren gaineko eskumenei dagokienez.
Zenbait elkarte ekologistarekin izandako bileren ondorioz, Gasteizko udalerrian metano gasa ateratzeko zulo bat egiteko proiektuaren berri izan dugu. Elkarteek kezkatuta daudela adierazi dute, "shale gas" deituriko gasa ateratzeko ezohiko sistema horrek ingurumenean eta giza-osasunean izan dezakeen eraginarengatik. Ezohiko gas hori lortzeko, apurtze-sistema erabiltzen da. Hori dela eta, ofiziozko kexa bat ireki dugu, aurreikusitako zundaketa hori onartzeko zer izapide egin diren eta ingurumenean zer eragin izango duen aztertzeko, bai eta gasa ateratzeko sistema hori aurreikusten duten planen eta programen ingurumen-ebaluazioa egin beharrik ba ote den aztertzeko ere.
III.6. Iritzi-artíkuluak
Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Munduko Egunean, "Ingurumena buru-belarri" iritzi-artikulua argitaratu dugu aurten, ingurumenaren arloko elkarteek, elkarte ekologistek eta herritarrek ingurumenaren alde egiten duten lanari buruzko artikulua.
2011ko abenduan, klima-aldaketari buruzko konferentzia bat izan da Hegoafrikan: Nazio Batuen Erakundearen Durbango Konferentzia, klima-aldaketari buruzkoa. Arartekoak "Milurtekoaren oihua.#Durban berotu dezagun" izenburuko artikulua argitaratu du bilera horren inguruan, zein garrantzitsua den kontuan hartuta. Konferentzia hori da, beharbada, azken aukeretako bat planeta hau gobernatzen duten liderrengatik poz hartzeko moduko planeta-akordioak lortzeko.
III.7. Parte hartzeko foroak, eskubideak bultzatu eta sustatzeko ekitaldiak
Batetik, 2011ko urtarrilean, hainbat elkarterekin bildu gara Bilbon, Ekologistak Martxan elkartearen egoitzan, Ingurumen informazioari eta gardentasunari buruzko gomendio orokorra zabaldu dugula jakinarazteko.
Horrez gain, Bakeaz elkarteak 2011ko otsailean Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritzarekin elkarlanean antolaturiko "Parte hartzeko tresnak ingurumeneko gatazkak konpontzean" jardunaldian parte hartu dugu.
IV. Kexarik aipagarrienak
Arartekoak ingurumenaren arloan egin dituen jarduketa nagusiak hiri-lurzoruko jolas-jarduerek, bizitegitarako eraikinekin muga egiten duten industria-jarduerek edo bide-azpiegiturak ondoan izateak sortzen duten kutsadura akustikoari dagozkionak izan dira. Badira herritarrak kezkatzen dituzten beste ingurumen-kutsatzaile batzuk ere, hala nola atmosferaren kutsadura, lurzoru kutsatuak, kontsumoko uren kutsadura eta eremu elektromagnetikoak.
Beste kexa batzuetan, administrazioen esku dagoen ingurumen-informazioa behar bezalako baldintzetan eskuratzeko zailtasunei loturiko arazoak azaldu dira, edo gabeziak daudela ingurumen-erabakietan parte hartzeko eskubideari dagokionez.
Bestalde, jarduera batzuen funtzionamenduak ingurumenari edo pertsonen osasunari asko eragiten ez badiote ere alderdi txarrak izan ditzakeela-eta gizartearen erantzun sutsua eragin duten jardueren ondoriozko jarduketak ere sartu ditugu ingurumen-atalean.
IV.1. Ingurumen-arloko informazioa eta parte-hartzea
Atal honetan, administrazioek ingurumen-informazioa eskuratzeko eta ingurumenaren arloko erabakietan parte hartzeko eskubideei dagokienez gaizki funtzionatzearen ondoriozko erreklamazioak bildu dira.
Hainbat erreklamazio jaso ditugu ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzeko orduan izaten diren zailtasunen inguruan. Aipatuko dugu erantzun ona jaso dugula Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Uraren Euskal Agentziari kontu honen inguruan bidalitako bi gomendiori dagokienez. Eskabide horien gainean erantzun eraginkor bat lortzeko helburuarekin, URA-Uraren Euskal Agentziari ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskaerei epearen barruan erantzun diezaien gomendatzen dion Arartekoaren 2010ko abenduaren 21eko ebazpena eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskaerei epearen barruan erantzun diezaien gomendatzen dion Arartekoaren 2010ko abenduaren 21eko ebazpena egin ditugu. Bi gomendioak onartu dituzte, eta erreklamatzaileari erantzuna eman diote, informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen urtarrilaren 18ko 27/2006 Legean ezarritako hilabeteko epea soberan gaindituta.
Erriberabeitiko Udalak ez zion erantzuten herritar batek etorkizunean Manzanosen instalatzekoa den hondakin-uren araztegiari buruz aurkeztu zuen informazio-eskaerari. Hala, informazioa bidal zezala eskatu genion, eta Manzanosko hondakin-uren araztegia kokatu asmo duten lurzatiari buruzko arkitekto aholkulariaren txostena jaso genuen. Udal horrek kontsulta egin zuen erreklamatzaileari zuzenean erantzuteko betebeharra bazuen ere, erreklamatzaileari erantzuna helarazi genion, eta bertan behera utzi genuen gure esku-hartzea. Beste erreklamazio batean, elkarte batek adierazi zuen ez zutela informaziorik mindak legez kanpo isurtzeagatik jarritako salaketa baten inguruan egin ziren izapideei buruz. Informazioa eskatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurkeztutako salaketa horren ondorioz zer izapide egin ziren jakinarazi zigun.Horrez gain, jakinarazi ziguten interesdunei ere eman ziela horren berri.
Ildo horretan, beste elkarte batek galdetzen zuen zergatik ez zion erantzun Abanto-Zierbenako Udalak udalerri horretan zuhaitzak moztea justifikatzen zuten txosten teknikoei buruzko ingurumen-informazioa eskatzeko idazki bati. Udalak eskabide horri ez zion erantzun ingurumen-legedian ezarritako epearen barruan. Erreklamazio hori jaso ostean, eskabideari emandako erantzunari buruzko informazioa eskatu genion administrazio horri, informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen uztailaren 18ko 27/2006 Legean jasotako eran. Horri erantzunez, bulego teknikoak txostena bidali zigun. Informazio hori ikusirik, bidezkotzat jo genuen Udalari idazki bat bidaltzea, administrazio horrek informazioa azkar eta modu lehenetsian eskuratzeko edo bidaltzeko azkartasun-printzipioa bete behar duela gogorarazteko. Ingurumen-legedian ezarri denez, ebazteko epea ez da izango, luzapenik ezean, hilabete baino gehiagokoa, eskabidea erantzuna emateko ardura duen erregistroan jasotzen denetik aurrera. Arlo honen gaineko gomendioan, zeina Arartekoak Eusko Legebiltzarrarentzat egindako 2010eko urteko txostenean jaso baitugu, planteatu genuen teknologia berriak erabiliz epe hori 15 egunetara gutxitu beharko litzatekeela. Halaber, adierazi genion, baldin eta hala egin ez bazuen, administrazio horrek igorri behar zuela eskatutako txostena.
Jendearen parte-hartzeari dagokionez, Muskizko gizarte-erakunde eta elkarte batzuek azaldu digute arazoak dituztela Petronor enpresaren ingurumen-baimen integratuan ezarritako ingurumen-arloko kontrol-neurriak betetzen ote diren kontrolatzeko jarraipen-batzordean parte hartzeko. Horri dagokionez, Arartekoaren abenduaren 29ko 12/2011 gomendio orokorrean ("Demokrazia eta herritarrek parte hartzea. Bereziki, ingurumen-prozesuetan parte hartzea), planteatu genuen administrazio publikoek parte hartzeko mekanismoak ezarri behar dituztela ingurumenari eragiten dioten jardueren funtzionamenduaren ondorioz sortutako gatazkak kudeatzeko, eta bertan ordezkaturik egon behar dutela herritar eta elkarte interesdunek. Foro horietan funtsezkoa da informazio erabilgarri guztia noiznahi eskuratzeko modua ematea eta alderdien artean komunikatzeko bideak ezartzea.
IV.2. Ingurumenaren kontrola
Atal honetan, proiektuek eta jarduerek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko egiten diren prozedura administratiboetako disfuntzioak aipatzen dira. Prozedura horien barruan honako hauek sartzen dira: ingurumen-eraginaren ebaluazioa, ingurumen-baimen integratua eta jarduera sailkatuetarako lizentziak edo jarduera jakinaraziak.
Batetik, Errigoitiko (Bizkaia) industrialdearen garapenari buruz iritzia eskatu zigun auzo-plataforma batek planteatutako erreklamazioa izapidetu dugu, han kokatu asmo duten biomasa-plantaren ondoriozko industria-erabilerak ingurumenari kalte egin diezaiokeela eta. Horri dagokionez, Errigoitiko Malluki industriaguneko lurzorua garatzeko egindako administrazio-jarduerei buruzko gure esku-hartzea amaitzen duen Arartekoaren 2011ko uztailaren 21eko ebazpena aipatu genuen. Ebazpen horretan, Errigoitin (Bizkaia) onartutako plan partzialaren ingurumen-ebaluazioa egin beharra zegoela adierazi genuen.
Bestalde, hainbat erreklamazio jaso ditugu Bilbon eta Gasteizen kultuko bi zentro ireki daitezen baimentzeko egin den esku-hartze administratiboaren inguruan. Gasteizen kasuan, auziaren ardatza zen hainbat arazo sortu zela erlijio-komunitate batek kultuko jarduera bat egin asmo zuelako lokal batean, horretarako obra-lizentzia jadanik bazuelarik. Auzi hori amaitzeko, ebazpen hau eman dugu: Arartekoaren ebazpena, 2011ko urriaren 3koa, Zaramaga auzunean kultu musulmanerako zentro berria irekitzearen inguruko arazoetan jarduteko moduari buruzko ondorioak emateko. Bilboren kasuan, beste hainbat konturen artean, adierazi zen atzerapenak izan zirela jarduera-lizentzia izapidetzeko, aurreikusia zegoela kultuko zentro berriak irekitzeari buruzko udal araudi bat egitea eta gizarte-gatazka sortu zela zentro berriak irekitzearen ondorioz.
IV.3. Kutsadura akustikoa
Atal honen barnean, batez ere zaratak eragiten dituen arazoei buruzko erreklamazioak sartu ditugu. Hiri-lurzoruan, industria-lurzoruan eta lurzoru urbanizaezinean dauden jarduera sailkatuei buruzko erreklamazioak jaso ditugu. Baita administrazioak egiten dituen lanek edo azpiegiturek ateratzen duten zarataren ondoriozko erreklamazioak ere.
Kexetan aipatzen da toki-administrazioek ez dutela ezer egiten, nahiz eta hainbat jolas-jardueraren funtzionamenduak (tabernak, jatetxeak edo jolas-elkarteak), ezarriak zaizkien neurri zuzentzaileak betetzen ez dituztenez gero, eragozpenak sortzen dituzten, batez ere zaratagatik eta usainengatik.
Jarduera horiek sortzen dituzten eragozpenak ez dira kontu hutsala. Zaratak, usainek eta bibrazioek immisioak dakartzate eurekin, eta horiek eragin berezia dute ingurumenean, osasun publikoan eta sortzen dituzten erasoen kalteak pairatzen dituzten pertsonen oinarrizko eskubideetan. Komeni da gogoraraztea 2011ko urriaren 18ko Epaian, Martinez Martinez Espainiaren aurka kasuari buruzkoan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak oraintsu emandako doktrina. Honela dio: "Bizilekua, eskuarki, bizitza pribatua eta familiakoa egiten den lekua, espazio fisikoki mugatua da. Banakoak eskubidea du bizilekua errespeta diezaioten; hori ez da hartzen soilik espazio fisiko soil bat izateko eskubidetzat, baizik eta baita espazio hori lasaitasun osoz gozatzeko eskubidetzat ere. Bizilekua errespetatzeko eskubidea urratzea ez da soilik irain material edo gorputzezkoak egitea, hala nola pertsona baten bizilekuan baimenik gabe sartzea, baizik eta baita kalte gorpuzgabeak egitea ere, hala nola zarata, igorpenak, usainak eta bestelako esku-hartzeak egitea. (...) Administrazioaren jardunak ez bakarrik ez du mugatu behar halako esku-hartzeetara, baizik eta, gainera, banakoak adierazitako egitate horietatik babesteko ardura du". Bestalde, Konstituzio Auzitegiak auzi hori nabarmendu du 2011ko irailaren 29ko 150/2011 Epaian; izan ere, iritzi dio zarata-maila saihesgarri eta jasanezin jakin batzuen eraginpean luze egon behar dutenei bizilekuan norberaren eta familiaren intimitatea gordetzeko oinarrizko eskubideari dagokion babesa eman behar zaiela.
Alde horretatik, organo publiko eskudunak ezinbestean erabili behar du ordenamendu juridikoak hirugarrenei eragozpenak edo kalteak ekar diezazkieketen soinu-immisioak prebenitzeko eta, hala badagokio, saihesteko ematen dion ahalmena. Administrazio publikoek jarduera sailkatuak kontrolatzeko eta ingurumen-legedira egokitzeko esku hartu beharra ez da soilik aukerako kontu bat; aitzitik, interes orokorraren defentsan eta legediaren ondoriozko betebeharrak beteko direla bermatzeko ordenamendu juridikoak egozten dien ahalmen publikoa baliatzea dakar.
Batetik, ikusi dugu jarduera batzuek klandestinoak liratekeela, irekitzeko lizentziarik edo, areago, zenbait kasutan jarduteko lizentziarik gabe funtzionatzen ari direlako. Lizentzia izateko eskakizuna, alkatearen eskumenekoa, ezin da saihestu eragozpenak, administrazioaren atzerapenak edo beste arrazoi pribatu batzuk alegatuta. Lizentziarik ez duten jarduerei dagokienez, erakunde honek bat egiten du Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian erabili den irizpidearekin, hau da, lizentziarik gabeko jarduerak klandestinotzat jo behar direla; hala, Zuzenbidearen araberakotzat jotzen dugu udal agintaritzak jarduera hori ixtea, dagokion espedientea izapidetu ondoren. Kexa honetan gertatutako egoerak saihesteko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 65. artikuluan jarduera ixteko aukera ematen du, baldin eta inguruabarrek hala gomendatzen badute, interesduna entzun ondoren.
Hainbat jarduketa egin ditu Arartekoak problematika horrekin lotuak: .
Horri dagokionez, argi geratu behar du jarduera beti interes publikoko eskakizunetara egokitzeko baldintza inplizituaren mendekotzat jo behar dela. Eskakizun horiek ahalmena ematen diote Administrazioari, proportzionaltasun egokiarekin, baimendutako jardueran esku hartzeko, eta jarduleei, are ofizioz, beharrezkoak diren zuzenketa- eta egokitzapen-neurriak ezartzeko, jarduerak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko edo, azken beltzean, emandako baimena ezeztatzeko, interes publikoko eskakizunetara egokitzeko aukera guztiak ahitu direnean; izan ere, bestela, zaintza, segurtasun, bizikidetza eta ordena publikoaren arloko betebehar nagusiei dagokienez utzieraz jardutea litzateke.
IV.4. Lurzoruaren eta uraren kutsadura
Atal honetan, hala jabari publiko hidraulikoko nola itsas-lurtarreko uren eta itsasaldearen ingurumen-kalitateari eragiten dioten isurketen ondoriozko kexak jaso ditugu. Horren barnean sartzen da kutsadura biologikoak eta lurzoruaren kimikak ingurumenean duten eragina.
Atal honetan, Santa Marina ospitaletik (Bilbo) hondakin-ur batzuk isuri zirela-eta pertsona batek aurkeztu zigun erreklamazioa sartu behar dugu. Hainbat salaketa aurkeztu zituen, baina ez zuen lortu jardueraren titularrak arazoa konpontzeko hartu zituen neurriei buruzko erantzunik. Auzi horrek eragiten zien administrazioetara jo genuen, isurketen gaineko salaketaren inguruan zer jarduketa egin zituzten jakiteko. Kasu honetan, informazioa eskatu genien Osakidetza/Euskal Osasun Publikoari, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailari, Bilboko Udalari eta Uraren Euskal Agentziari. Lau administrazioek bidali ziguten salatutako gertaerei buruzko informazioa. Dokumentazio hori irakurrita, ondoriozta dezakegu ospitaleko instalazioek eragindako isurketa ur beltzak eta euri-urak bereizi beharraren ondorio eta sarea ez artatzearen eta ez mantentzearen ondorio izan zela. Jakinarazi zigutenez, 2009. urtean egin dira urak bereizteko eta sarea mantentzeko lan horiek. Geroago, aurreko txostenetan aipatu da ikuskapenak egin direla, eta ez dela isurketa gehiagorik ikusi. Nolanahi ere, adierazi behar da Bilboko Udalari dagokiola saneamendu-lanak ikuskatzea eta kontrolatzea, eta Uraren Euskal Agentziari, ostera, ibilguetara egindako isurketak kontrolatzea eta baimentzea.
IV.5. Kutsadura elektromagnetikoa
Atal honetan, telefonia mugikorreko eta telebistako antenek eta instalazioek, energia elektrikoa banatzeko sareek edo Internetera wifi bidez konektatzeko sistemek sortzen dituzten uhin elektromagnetikoen igorpenei buruzko kexak sartu ditugu.
Horri dagokionez, Donostiako bizilagun batzuen erreklamazio bat jaso dugu. Horren bidez, adierazi digute telefonia mugikorreko hainbat estazio ezarri dituztela haien etxebizitzen inguruan eta ospitale pribatu bateko gelen barruan. Horri dagokionez, bizilagunek adierazi dute kezkatuta daudela zona horretako bizilagunen osasunean izan ditzakeen kalteengatik, era horretako instalazioek sortzen duten kutsadura elektromagnetikoen ondorioz. Erreklamazio horrekin bat etorriz, kexa horren inguruan jarduteko izan dugun aukera Donostiako Udalak instalazio irrati-elektrikoak baimentzeko ezarririk dagoen araubidea aplikatuz zer jarduketa egin dituen kontrolatzea izan da. Kasu honetan, bada instalazio horiek arautzen dituen udal ordenantza bat, eta hori aldatzeko proposamen bat ere badago; proposamen hori izapidetzen ari dira oraindik. Auzitegi Gorenak emandako hainbat epairen bidez sortu den jurisprudentziaren arabera, udal administrazioek badute ahala irailaren 28ko 1066/2011 Errege Dekretuan ezarritako mugak baino murriztaileagoak ezartzeko. Alabaina, beste araudirik onartzen ez den bitartean, Donostiako Udalean udal lizentziak baimentzeko dagoen araubidea hirigintzako kontuen gainekoa da nagusiki. Igorpen irrati-elektrikoen kontrolari dagokionez, ordenantzak ezartzen du Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren ziurtagiri bat behar aurkeztu behar dela, aipaturiko Errege Dekretuan ezarritako gehieneko muga horiek betetzen direla egiaztatzeko.
Telefonia-antena baten instalazioari buruzko informazio-eskaerari erantzuten ez ziotela eta, ebazpen hau eman dugu: Arartekoaren ebazpena, 2011ko azaroaren 30ekoa. Horren bidez, Getxoko telefonia mugikorreko antena bati buruzko informazio eskaera bati ez erantzuteagatik aurkeztutako kexa-idazki bat amaitutzat jo da.
Bestalde, Laudioko guraso-talde batek adierazi digu ez daudela ados Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak garatzen duen Eskola 2.0 programaren barruan wifi-sare bidez haririk gabe konektatu beharrarekin. Erreklamazioan eskatu dute har daitezela neurriak konexio-sistema horrek dakarren kutsadura elektromagnetikotik eta ikastetxeetan haren eraginpean dauden pertsonen osasunari ekar diezazkiokeen ondore kaltegarrietatik babesteko. Idazki horretan, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 2011ko maiatzaren 27ko ebazpena aipatu dute. Horren bidez, haurrak babesteko helburuarekin, Internetera kable bidez konekta daitezen lehenesteko eskatu dute. Erreklamazioan azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Osasun eta Ingurumen Sailei eskatu diete har ditzatela neurriak ikastetxeak kutsadura elektromagnetikorik gabeko zona zuritzat jotzeko. Nolanahi ere, planteatu dute ahalbidetu eta babes dadila Eskola 2.0 programan kable bidezko konexioa erabil dadin. Gaur egun auzi horren balorazio bat egitekotan gaude.
V. Ondorioak