I. Arloa kopurutan
Justizia-arloan, guztira 51 espediente berri ireki dira 2011n, hau da, Arartekoak urtean zehar tramiterako onartu dituen espediente guztien %2,74. Hona hemen arlokako banaketa:
– Justizia Administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua 35
– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak 6
– Doako laguntza juridikoa 4
– Beste alderdi batzuk 4
– Justizia administrazioaren giza- eta diru-baliabideak 1
– Beste elkargo profesional batzuk 1
Arlo honetan jasotako gainerako erreklamazioak, guztira 43, formalki baztertu behar izan ditugu, horien gaineko eskumenik ez genuelako. Zenbait kasutan, partikularren arteko gatazkak izan dira; beste zenbaitetan, berriz, Estatu zentraleko administrazio-organoen jarduketen aurkako kexak izan dira, eta, beraz, estatuko gure homologoari helarazi dizkiogu horiek. Gainerakoak auzitegien erabakiekin ados ez egoteagatik sortu dira, eta haien independentziak galarazi egiten du jurisdikziotik kanpoko instantziek kontrola ditzaten. Horregatik, kexek auzibidean zeuden auzien ebazpen edo izapideari eragiten ziotenean, kasuan-kasuan bidezko ziren errekurtso-bideetara igorri behar izan ditugu beroriek planteatu dituzten pertsonak; eta gobernu izaerako kontuei buruzko auziei dagokienez, berriz, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari, Fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Ikuskaritza Zerbitzuari eman diegu horien berri.
II. Jasotako kexak, gizarte eta araugintza testuinguruan
II.1. Pertsona analisiaren erdigunean kokatzeko beharra: erreklamazioen kudeaketa krisi-testuinguruan
Kexek agerian jartzen dituzten arazo espezifikoez harago, ohikoa da Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren aurka jartzen diren kexetan pobreziarekin, ahultasunarekin edo gizarte-bazterketarekin loturiko egoerak agertzea. Krisi ekonomikoaren ondorioz, ugaritu egin dira halako egoerak, eta, hori dela eta, aurten ez dira soilik zigor-arloko kexetan agertu, baizik eta baita jurisdikzio zibilarekin loturikoetan ere.
Kasuren batek halako ezaugarriak dituenean, zaila izaten da zehaztea horrek eskubideen defentsan zer ondorio dakartzan, erreklamatzailearen problematika oro har kontuan hartu gabe. Izan ere, pertsona hori bere bizitzaren uneren batean Justizia Administrazioaren erabiltzaile bihurtzea ezin da izan elkarri eraginez erakunde honetan kexa bat jarrarazi dion babesgabezia-egoeraren inguruabar ugarietako bat gehiago besterik.
Horregatik, Defentsa Bulego honen irizpidea honako hau da: alde batera utzita aipaturiko eskumen-eragozpenen ondorioz erreklamazio bat formalki izapidetu dezakegun edo ez, erreklamazio hori jarri duenari gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diogula, betiere haren funtsa egiaztatu badugu. Modu horretara, gure esku-hartzea, nahiz eta beti ezin zaion zuzenean lotu adierazitako asegabetasunaren zioari, eraginkorra izan dadin saiatzen gara, behintzat horrek erreklamatzailearen bizitzan izan dezakeen eraginari dagokionez. Xede horren ondorio dira jarraian aipatuko ditugun jarduketak.
II.2. Epaitegiekin eta Fiskaltzarekin elkarlanean egindako kudeaketak
Arlo honetan egin dugun lanaren zati bat informazioa eta aholkuak emanez eta epaitegien eta banakoen aurrean zuzeneko kudeaketak eginez garatu dugu. Azken horien artetik, etxebizitzaren gaineko hipoteka-bermearekin izenpeturiko maileguak ez ordaintzeagatik enbargo- eta utzarazpen-prozedurei aurre egin behar izan dieten pertsonei eragin dietenak nabarmendu dira aurten. IV. atalean, ildo horretan egindako lanaren kasu paradigmatiko bat jaso dugu.
Organo judizialetan egin ditugun kudeaketei dagokienez, lehenik eta behin, aitortu eta eskertu egin behar dugu une oro Epailetza, Fiskaltza eta epaitegi eta auzitegietako idazkaritzetako instantzia guztietan eman diguten laguntza. Halaber, Justizia Administrazioari Laguntzeko Zerbitzuek eman diguten laguntza nabarmendu nahi dugu; izan ere, laguntza hori gabe ezingo genuen izan erabiltzaileari eman beharreko arretaren ikuspegi osoa, eta hori, goian adierazi dugun bezala, esparru honetan jarduteko oinarrizko irizpidea da Arartekoarentzat. Aurrerago aipatuko dugu zein garrantzitsua den laneko filosofia horrek jarraipena izatea.
- • Kudeaketa horien bidez konpondu diren kasuetako batzuk epaitegian beren buruaren defentsa ordaintzeko baliabiderik ez zuten pertsonek planteatu dituzte. Talde hori ugaritu izana da, auzigaiak gehitu izanarekin batera, igarotzen ari garen egoera ekonomikoaren ondorioetako bat. Erreklamatzaile batzuek horri egotzi diote, gainera, botere publikoek doako justiziaren onura emateko orduan irizpide murriztaileak hartu izana. Beste batzuk izapidetzeetan atzerapenak izan direlako kexatu dira; aurkeztutako kasuetan, atzerapen horiek familia-esparruari eragin diote batez ere, hala elkartzeko prozesuei nola adopzio eta dibortzioei. Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea arreta handiz aritu da elkarlanean Arartekoarekin, alderdi horiei guztiei dagokienez.
- • Izapidetzeetan izandako atzerapenei dagokienez, hainbat erreklamaziok agerrarazi dute espediente batzuk, egiaz, epaitegietako langileen bajak bete ez direlako zeudela geldirik. Justizia Auzitegi Nagusiko Idazkaritzarekin eta probintzia bakoitzeko idazkaritza koordinatzailearekin horri buruz hitz egiteko parada izan dugu. Haien laguntza arduratsua erabakigarria izan da planteatutako kasuak konpontzeko. Espero izatekoa da arazoa behar bezala bideratuko dela, Bulego Judizial Berria zabaltzeaz bat ezarriko diren antolaketa-irizpideen esparruan.
- • Identifikatu ditugun beste disfuntzio batzuek edo hobetzeko moduko beste alderdi batzuek espediente judizial batean interesa duten pertsonei ematen zaien arretarekin dute zerikusia, bai eta beste arrazoi batzuengatik zerbitzu publiko hori erabiltzen duten pertsonei ematen zaien arretarekin ere. Azken alderdi horrekin loturiko kexen artean, euskara erabiltzeak justiziarentzat dakarren kostuari buruzkoak nabarmendu behar ditugu, kopuruagatik.
– Kexa horien sustatzaileetako batzuek protesta egin dute eragozpenak izan dituztelako eta denbora gehiago itxaron behar izan dutelako epaitegiekin euskaraz komunikatzea aukeratu dutela eta. Adibide gisa, 2009ko irailean jarri eta 16 hilabete geroago amaitu zen administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aipa dezakegu: kexaren sustatzaileak helarazi zigun dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen denez, hark gaztelaniaz jardun izan balu auzitan, 274 egun lehenago emango zuten epaia; izan ere, denbora hori igaro zen prozesuan ordezkari zuenak euskaraz bidalitako idazki guztiak itzultzera bidaltzeko.
– Beste batzuek, berriz, kexa zuten Epaitegiaren jakinarazpenak ele bitan jaso bai baina euskarazko bertsioak, egiaz, gaztelaniazkoaren ondoan sinbolikoki agertzea beste funtziorik ez zuelako; izan ere, gaztelaniazkoak soilik zeuzkan datu garrantzitsuak, eta, beraz, bertsio horrek soilik betetzen zuen komunikazio-funtzioa. Hala gertatu zen, esate baterako, Hauteskunde Batzordeak emakume bati hauteskunde-mahaian parte hartzeko betebeharra zuela jakinarazteko bidali zion idazki batekin. Hain zuzen, herritar horrek bi kexa jarri zituen idazki horri zegokionez: batetik, euskaraz idatzitako zatia ulertezina zen, gaztelaniazko bertsioaren egitura hartu baitzuen mekanikoki, eta hori, haren iritziz, errespetu falta zen hartzaile euskaldunentzat; bestetik, ez zuen ematen aurkeztu behar zuen orduari, lekuari eta mahaiaren zenbakiari buruzko informazio guztia. Datu horiek soil-soilik gaztelaniazko bertsioan azaltzen ziren, eta, beraz, hartara jo gabe interesduna in albis geratzen zen.
Auzi hori –Hizkuntza Eskubide, Kultura eta Kirolaren Atalaren laburpenean aztertuko dugu–, gure iritziz, oso urrun dago normalizatuta egotetik. Hala baieztatu dute bai abokatutzan, epailetzan eta fiskaltzan eta bai idazkaritza judizialetan jasotako kexen ondorioz harremanetan jarri garen eragile juridiko guztiek. Ildo berekoa da Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak horren inguruan aurkeztutako txostena ere. Haren azken ebaluazio-agiria, 2011ko abenduaren 2an onarturikoa, jendarteratu gabe zegoen txosten hau amaitu genuen egunean.
– Epaile eta fiskalekin izandako lankidetza bereziki emankorra izan da adingabeen justiziaren arloan, hamalau urteko mutil baten amak helarazi zigun kasuan agerian geratu zenez. Haren semeak hainbat arazo izan zituen adin bereko beste gazte batekin, eta, horren ondorioz, hark hainbat mehatxu, bortxa eta kalte material egin zizkion; fisikoki ere eraso zion, ospitaleko laguntza behar izateraino. Ospitaleak Guardiako Epaitegiari jakinarazi zizkion gertaerak, eta handik Adingabeen Epaitegira eraman zuten auzia. Honaino, adingabeen arteko jazarpen-kasu serio samar bat litzakete, eta prozesuak Epaitegian jarraitu beharko luke. Alabaina, kezka piztu zitzaigun biktimaren ohar batzuk aurkitu zituztelako haren ikastetxean eta etxean, eta haietan adierazten zuelako bere burua hiltzeko asmoa zuela, egoera hark sortzen zion hersturaren ondorioz. Horregatik, ziurtatu nahi izan genuen Epaitegiak eta Adingabeen Fiskaltzak bazituztela beharrezko judizio-elementu guztiak kasua premiazkoa izan ote zitekeen balioesteko, eta egin ere, berehala egin zuten hori. Amak eskatu zigun adieraz geniezaiela beraren esker ona, bai Fiskaltzan eman zioten arretagatik eta bai neurriak azkar eta modu eraginkorrean hartzeagatik; izan ere, horrek egoerari aurre egiteko behar zuen konfiantza eman zion haren semeari.
- • Ohiko jardun-eremu bat ebazpen judizialen betearazpenarekin loturikoa da. Aurten, gure jarduketa guztiak ezkontza-prozeduren ondoriozkoak izan dira:
– kasu batzuetan, arazoak ondasunak inskribatzeko orduan sartu dira; izan ere, irabazpidezko ondasunen sozietatea likidatu ondoren, pribatibo bihurtu dira, eta aukera eman da hirugarrenen aurrean halakotzat baliarazteko, edo etxebizitza adjudikatu zaion gurasoak bien etxebizitza erabiltzeko.
– aurten ere ez da falta izan banantze- eta dibortzio-prozeduretan seme-alabei dagokienez judizialki hartutako neurriak ez betetzearen ondoriozko kasurik. Larrienak adingabeen nazioarteko osteak izan dira. Bizkaian gertatu dira, eta adingabeen eskubideak defendatzeko eskatutako laguntza osoa eman dio Fiskaltzak erakunde honi: lehenengo kasuan, amak Kubara eraman zuen adingabea, eta horrek zaildu egiten zuen kontua, herrialde horrek ez baitu sinatu Hagako Hitzarmena, funtsezkoa arlo horretan; bigarren kasuan, Durangoko ebazpen judizial bat Portugalen baliaraztea zen kontua; izan ere, horren bidez agindu zen haur bat aitari itzuli behar zitzaiola, ezkontzaren eta gurasoen erantzukizunaren arloko ebazpen judizialen eskumen, aitortza eta betearazpenari buruzko 2201/2003 arautegian (EE) xedatutakoarekin bat etorriz.
- • Azkenik, Erregistro Zibilei dagokienez, erakunde honek urtean zehar egindako esku-hartzeak honela laburbil daitezke:
– Jasotako kexa batzuetan abusuzkotzat edo baztertzailetzat jotzen ziren jaiotza edo ezkontza bat inskribatzeko betekizun jakin batzuk. Alabaina, egiaztatu genuen zuzenbidearen araberakoak zirela, eta adierazitako asegabetasuna betekizun horien zergatikoa behar beste ez azaltzearen ondorio zela gehiago. Ondorioz, erreklamatzaileei epaitegietan horren inguruan eman zizkiguten argibideak helaraztea izan zen gure esku-hartzearen xedea, bai eta inskripzioa betetzeko behar zuten laguntza ematea ere.
– Informazio falta hori bera zegoen hainbat eta hainbat kexaren atzean, hala nola Erregistro Zibil Nagusiko atzerapenek eragindako kexen atzean. Erregistroarekin harremanetan jartzeaz gain, interesdunak beren espedienteen egoeraren eta aurreikusitako izapidetze-epeen inguruan orientatzeko asmoz, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari adierazi genion komenigarria litzatekeela informazio hori sustatzaileei eurei ematea, haien herriko Erregistro Zibilean.
– Gure beste esku-hartzeak bake-epaitegietako erregistro ordezkariek informatizazioaren arloan dituzten gabezien ondoriozko arazoek eragin dituzte, horiek konpontzeko jo dugun instantzia judizial eta administratiboekin bat etorriz. Horri buruz jardungo dugu hurrengo atalean.
II.3. Justizia Administrazioaren Modernizazioa
Justizia hala alderdi arauemaileetan nola materialetan modernizatzeko prozesuak modu esanguratsuan eragin du gure lanean. Alderdi hauek nabarmendu behar ditugu:
- •Urtez urte egiaztatu dugunez, erregistro zibilen eremuan behin eta berriz sortzen diren disfuntzioetako batzuk konpontzeko giltzarria ez da soilik arauen eremukoa: beharrezkoa zen aplikazio eta konexio informatiko egokiak eskuragarri egotea, ez soilik barruti-buruetan, baizik eta baita bake-epaitegietan ere. Sailak hasieran horren inguruan zituen aurreikuspenak betetzea eragotzi zuten bateraezintasun-arazoak alde batera utzita, haren ahaleginari esker, horretarako beharrezko tresnak –Inforeg-4 aplikazioa– ezarri ahal izan ziren, bi fasetan; 2011. urtearen amaieran burutu zen prozesua. Espero izatekoa da ezarpen horrekin hobekuntzak izango direla –erakunde honek horren jarraipena egingo du– herritarrek arlo horretan jartzen dituzten kexen zio hauei dagokienez:
– Erregistro batean jadanik jasota dauden ziurtagiriak aurkeztu behar izatea beste batean ondoreak izan ditzan, funtzionarioek horiek biltzeko ofizioz jarduten ez dutenez gero. Hala gertatu zitzaion emakume bati, erregistroak berak haren ezkontza-eguna oker idatzi zuela-eta akatsa zuzentzeko eskatu zuenean: horretarako behar zituen dokumentuak lortzeko, hainbat bake-epaitegitara joan behar izan zuen, jaio zen herrikora –Portugalete–, ezkondu zen herrikora –Sestao–, bizi zen herrikora –Trapagaran–, eta azkenean, barruti-burura joan behar izan zuen –Barakaldo–. Halako egoerak saihesten lagunduko dute, informatizazioak berekin dakarren babesa emateaz gain, Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legeak ekarritako arauketa berriak horri buruz ezartzen dituen irizpideek. Lege hori argitaratu eta hiru urteren buruan sartuko da indarrean.
– Ohiko posta erabiltzea beste epaitegi batzuei erregu bidez lankidetza eskatzeko. Horren ondorioz, espediente xumeak, hainbat epaitegitatik pasatu behar izaten baitute izapide burokratiko huts gisa, arrazoizkoa baino gehiago luzatzen dira. Esate baterako, martxoan, Donostiako bi adingaberen abizena grafiaz aldatzeko eskatu zuten, pasaportean hala jasota gera zedin, udan atzerrira joateko behar zutela eta. Bada, ekainaren amaieran, familia kexatu egin zen Arartekoan, espedientea oraindik ebatzi gabe zegoelako. Orduan egiaztatu genuen atzerapen horren zergatia ez zela izapidearen konplexutasuna –ez zen batere konplexua–, baizik eta oraindik ez zela Donostiara iritsi Zegama
ko bake-epaitegiak –hangoa zen aita– ondore horretarako egin behar zituen eta Tolosakoak, barruti-buru gisa, bidali behar zituen dokumentuak.
– Bake-epaitegietan seme-alaba jaioberriak euskaraz inskribatu ezina. 2005. urtetik, halako inskripzioak egin ahal izateko Erregistro Zibila arautzen duen araudia aldatu zenetik, kexa ugari jaso dira arrazoi horregatik. Horregatik aritu ginen eskatzen zegokien instantziei −Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, Justizia Ministerioa, erregistro zibilak, epaitegiak eta udalak– modu koordinatu eta arduratsuan jardun zezatela. Hori, azkenean, 2011. urtean gertatu zen.
- • Bulego judizial eta fiskal berriaren ezarpena
Urtean zehar ildo horretan izan diren aurrerapenak Justizia Sistema modernizatzeko prozesuaren ondorio izan dira. Horretarako, funtsezko erreferentzia gisa arau hauek hartu dira: 2003an egindako Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren erreforma, Bulego Judizial Berria ezartzeko legeria prozesala aldatzen duen azaroaren 3ko 13/2009 Legearekin batera, eta azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena.
Uztailean, Auzialdiko Auzitegiei buruzko Lege-proiektua onartu zen. Horren xedea zen barruti judiziala gainditzea mugape jurisdikzionalaren oinarri gisa, bai eta kide anitzeko erakunde hori maila guztietara hedatzea ere. Orain arte aipaturiko arazoetako zenbaiten izaera kontuan hartuta, begi bistakoa da lehen mailako justizia profesional bat sortzeak eragin handia izango lukeela bake-epaitegia gainditzeko, eta horrek berekin ekarriko lukeela auzialdiak hirigune nagusietan kokaturiko auzitegi espezializatuetan biltzea. Alabaina, bederatzigarren legealdia amaitu zenean bulegoa sortu gabe zegoen artean –giltzarria plantaren diseinu berrirako–, bai eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatu gabe ere, eta horrek Fiskaltzari ahalmen berriak ematen zizkion ikerketaren arloan. Nolanahi ere, bizkortze prozesalerako neurriei buruzko urriaren 10eko 37/2011 Legea onartu zen.
Helburu horixe du, espezializazioa eta lurralde-ezarpena alegia, Bulego Fiskal Berriaren ereduak, urritik aurrera garaturikoak.
Bestalde, etengabeko harremana daukagu idazkaritza judizialekin; hain zuzen, horien funtzioak zabaldu egin dira eredu berri horretan, eta, zuzendaritza prozesalaz gain, Bulego Judizialeko langileen lana kudeatzeko eta gainbegiratzeko funtzioak ere eman zaizkie. Horri buruzko arau-erreferentzia honako hau da: 3/2011 Instrukzioa, irailaren 5ekoa, Gobernu Idazkaritzen eta idazkari judizialen erantzukizuneko zerbitzuak garatzen eta funtzionatzen jartzen dituena.
Azkenik, detektatutako arazo batzuk gainditzeko lagungarria dela eta, 2011n onartutako uztailaren 5eko 18/2011 Lege berria aipatuko dugu, Justizia Administrazioko informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera arautzen duena.
III. Jarduera-planean sartutako beste jarduera batzuk
III.1. Bilerak elkarteekin
Zigor-prozesuetan giza eskubideak bermatzeko sistemen birtualtasunari buruz hitz egiteko Arartekoarekin elkarrizketa eskatu duten tokiko eta nazioarteko GKEei eta elkarteei erantzun diegu.
Horien artean, SEGI taldeko kideak daude; izan ere, Auzitegi Nazionalak, hala izateagatik, erruduntzat jo zituen, erakunde terrorista bateko kide izatea egotzita. Auzitegi Gorenak ezeztatu egin zuen zigor hori, horretarako ziorik ez zegoela iritzita, eta agindu zuen eraman zitezela atzera jarduketak, auzitegi epai-emaileak epaia behar bezala arrazoitu zezan. Hala egin zuten 2011ko azaroan, eta, horren ondorioz, beste kasazio-errekurtso bat jarri zen. Errekurtso hori ebatzi gabe zegoen txosten hau amaitu genuen egunean.
Emaitza dena delakoa izanik ere –horri buruzko iritzirik ezin dugu eman, independentzia judizialarekiko errespetuz–, erakunde honek urteak daramatza ohartarazten arriskua dagoela botere publikoek, "terrorismoaren gizarte-ingurunea" bakartu nahian, zigor arloko esku-hartzearen mugak aurreratzeko, egitate zigorgarriaren eremuan egintza terrorista konkretuekin loturarik izan ez baina halako egintzak egiten dituztenen helburuekin ustezko bat-etortze ideologiko bat agertzen duten jokabideak sartzeraino. Ohartarazpen hori bera egin izan dute, orobat, nazioarteko hainbat instantziak, hala nola Terrorismoaren kontrako Borrokan Giza Eskubideak Babesteko Nazio Batuetako kontalari bereziak eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak; hain zuzen, azken horrek Espainiari buruz egin duen azken txostenean adierazi du kezkatuta dagoela barne-zuzenbidean terrorismoaren definizioek izan dezaketen gehiegizko irismenarengatik. Baldin eta, azken buruan, terrorismoaren aurkako borrokaren xedea askatasunen esparrua defendatzea bada eta hori badu zuribidea, horretarako hartuko duen politika kriminala nekez izango da bateragarria, gure iritziz, askatasun ideologikorako eta parte-hartze politikorako eskubideek babesturikotzat jo beharko liratekeen jokabideak kriminalizatzearekin.
III.2. Bilerak erakunde eta korporazioetako arduradunekin
Erakunde arteko lankidetza, ezinbestekoa Arartekoaren lanerako, bereziki da ezinbestekoa hizpide dugun jarduketa-eremuan. Horregatik du hainbesteko garrantzia erakunde honentzat Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako lehendakariarekin eta kideekin koordinatuta jarduteak. Haren egoitzan egin genuen, gainera, arlo honetan egiten dugun lanari eta justizia-zerbitzu publikoa hobetzeko gomendioei buruzko laburpenaren jendaurreko laburpena.
Horrez gain, bilera bat egin dugu fiskal nagusiarekin eta probintziako hiru fiskalburuekin. Bilera horretan, gai hauei buruz jardun genuen: atxiloketetan eman beharreko bermeak, atzerritartasuna, adingabeak, gutxiengo etnikoak eta zigor-betearazpena, bai eta gorago azaldu ditugun kasu jakinak ere.
Korporazio profesionalei dagokienez, bilerak egin ditugu hiru lurralde historikoetako abokatuen elkargoetako gobernu-batzarretako kideekin, bai eta Erizaintzako Bizkaiko Elkargoko kideekin ere.
Urtean zehar, hainbat bilera egin ditugu Justizia sailburuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko hainbat kiderekin. Justizia Administrazioari laguntzeko dituen zerbitzuak bisitatu ditugu, bai eta auzitegi-barruko bitartekaritzarena ere, aurten epaitegi guztietara zabaldu baitu bere esku-hartze eremua.
III.3. Inkomunikazio-araubidean atxilotutako pertsonen berme-sistema hobetzeko neurriei buruzko gomendioen jarraipena. Legebiltzarrarentzat egin genuen azken txostenean, Arartekoak horri buruz egin zuen azterketaren berri eman genuen. Argia ikusi eta bi hilabete geroago, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiari buruzko azken txostena argitaratu zuen. Txosten horrek baieztatu egiten zuen, alderdi guztietan, gure proposamenaren oinarri zen analisia, bai eta berori ezartzeko beharra ere. Maiatzean, horren inguruko lan-saio bat egin genuen erakunde horrekin.
Herrizaingo Sailak gure gomendioei eman dien erantzuna txosten honetan Herrizaingo Sailari eskaini diogun atalean aztertu dugu. Halaber, atal horretan jaso dugu jarraipen horren esparruan 2011. urtean euskal polizien hainbat komisariatara egin genituen bisiten emaitza. Azkenik, arlo horrexen inguruan, polizia-jarduketei buruzko beste ebazpen bat egin dugu, inkomunikazioari buruzko azterlanean esandako horretan sakontzeko.
III.4. Azkenik, erakunde honek parte-hartze handia izan du arloan jorratutako gaien inguruko ekitaldietan, hitzaldiak ematen eta materialak egiten; horien artean hauek nabarmendu ditzakegu:
- – Deustuko Unibertsitatea: "Eskubideen defentsa utopien krisien esparruan" hitzaldia.
- – Bizkaiko Abokatuen Elkargoa: "Eremu instituzionala: eskubideen defendatzaileak babesteko mekanismoak" hitzaldia, mahai-inguruan.
- – Lan-mintegia Bartzelonako Síndic de Greuges erakundearekin: Torturaren eta Tratu Txarren Prebentzioa.
- – Varsovian egindako nazioarteko mintegia, Herriaren Defentsa Bulegoei eta Torturaren aurkako Nazio Batuen Hitzarmenaren Aukerako Protokoloari buruzkoa.
- – Kriminologiako Euskal Erakundea: biktimologiaren gaur egungo eginkizunari buruzko hitzaldia.
III.5. Gomendio orokorrak
Gomendio orokorrei dagokien txosten honetako atalean, 2011ko azaroaren 15ean egindakoaren berri eman dugu: banandutako gurasoek jaso behar duten informazioa, administrazioak haien seme-alabez dituen datuei dagokienez, eta aurkeztu behar dituzten agiriak.
2011n arrazoi horregatik gure esku-hartzea eragin zuten kasuetan, hezkuntza arloan, Ikastetxeen Zuzendaritzak 1997-06-16an gai horretaz ezarri zituen jarraibideen arabera jardun zuen administrazioak. Arartekoaren ebazpen hori argitaratu zen aldi berean, Hezkuntza Sailak gai horren gaineko jarraibide berriak atera zituen. Beraz, hemen bildutako gomendioak azken horiek hobetzeko oinarri gisa egin zituen erakunde honek, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren laburpenean adierazten denez.
IV. Kexak
Ondoren aipatuko ditugun bi kasuetan, Justizia arloak Arartekora kexa jartzera etorri diren herritarrei emandako laguntza azaldu nahi dugu.
IV.1. Taldeko identifikazio-saioetako eginbide judizialetarako zitazioak
Salatutako egoera: Pertsona bat gosaria hartzeko bere txandaren zain zegoela Bilboko San Frantzisko kaletik hurbil dagoen eliza batean, bi ertzain hurbildu zitzaizkion, eta dokumentazioa eskatu zioten; ondoren, zentralera deitu zuten, haren datuak jakinarazteko. Horren ostean, zitazio bat eman zioten, eta ohartarazi zioten Bilboko Instrukzioko epaitegi batean agertu behar zuela hurrengo egunean, taldeko identifikazio-saio batean parte hartzeko.
Pertsona horrek, mauritaniar nazionalitatekoa bera, bederatzi hilabete zeramatzan Espainian bizitzen. Bere kexan adierazi zuen hasieran minduta sentitu zela, azaldutako egitateak bera bezala zain zeuden pertsonen aurrean gertatu zirelako, eta haien aurrean, batere arrazoirik gabe, delitu-jokabide baten susmagarri gisa agertu zelako. Bestalde, beldurra sentitzen zuen; izan ere, gaztelaniaz hitz egiteko mugak zituen, eta ez zuen ondo ulertzen zitazioaren zergatia, ez eta han aipatzen zen prozedurak berarekin zer ikustekorik zuen ere. Hurrengo egunean, epaitegian agertu zen, eta hitzez hitz adieraziko dugu han gertatutakoari buruz hark azaldutakoa: "Azalpenik eman gabe, gela batean sartu ninduten beste pertsona batzuekin batera, eta, handik pixka batera, joateko esan zidaten. Animalia baten moduan tratatua sentitu nintzen: inork ez zidan azalpenik eman eta inork ez zidan barkamenik eskatu galarazitako denborarengatik".
Arartekoaren esku-hartzea: Bilboko Epaitegien Dekanotzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin jarri ginen harremanetan, eta gertatutakoaren berri eman genien, bai eta gure iritzia agertu ere, hots, hori baieztatzera, Justizia Administrazioaren funtzionamenduan zer hobetu asko zegoela.
Alde horretatik, adierazi genien, pertsona orok justiziari laguntzeko duen betebeharra zalantzan jarri gabe, laguntza hori eskatzean asertzioz jarduteak ez duela esan nahi adeitsu izaterik ez dagoenik. Aitzitik, administrazio onaren printzipio bat da hori, botere publiko guztiak lotesten dituena, eta, gure iritziz, agenteek emandako zitazio-eginbidean jasorik ez zegoena; izan ere, agindu irmo eta hotz bat ematen zuen, eta bete ezean isuna jarriko zela mehatxu egiten zuen, beste informazio osagarririk eman gabe.
Bestalde, ez zen formetan zuzena izateko kontu huts bat. Izan ere, ez da gauza bera taldeko identifikazio-saio batean susmagarri gisa parte hartzea, edo soil-soilik saioa haren antza duten pertsonekin osatzeko parte hartzea. Beraz, arrazoizkoa dirudi zitatu den pertsonari zuzenbidean aditu ez den batek ulertzeko moduan azaltzea bi egoera horietako zeinetan dagoen. Gure iritziz, zaila behintzat bazen hori ondorioztatzea zitazio-eginbidean erabili zen eratik; izan ere, hartzaileari soil-soilik adierazi zitzaion agertu beharra zuela, "errekeritu gisa, taldeko identifikazio-saio batean parte hartzeko".
Azkenik, iritzi genion ez dela beharrezkoa informazio hori hartzaileen ezaugarrietara egokitzea, bereziki horiek atzerritarrak direnean.
Emaitza: Gogoeta horiek azaldu genizkien instantzia judizialen erantzuna oso harkorra izan da. Justizia Sailari dagokionez, adierazi du erabat ados dagoela azaldu genizkion irizpideekin. Alde horretatik, jakinarazi digu Barakaldoko epaitegietan esperientzia pilotu bat abiarazi dutela, eta horren bidez, elkarte batekin hitzartu ondoren, Sailak konpromisoa hartu duela taldeko identifikazio-saioetan parte hartzeko behar diren pertsonak ekartzeko. Esperientzia horren funtzionamendua gogobetegarria izan da, eta, beraz, sistema EAEko epaitegi guztien eskura jarri du.
Sailak gaineratu du hori guztia ez dela oztopo herritarrei epaitegira etortzen direnean merezi duten tratu ona emateko, areago pertsona hori hizkuntza dela-eta ulertzeko zailtasunak dituen atzerritar bat bada. Ondorioz, Sailak iragarri zigun agindua emango zuela, inputatuekin eta biktimekin egiten den bezala, beharrezkoa denean interprete bat eska dadin, halako inguruabarretan Justiziarekin kolaboratzeko dei egiten zaien herritarrek beren presentziaren arrazoia zein den eta epaitegian zeren gisa agertu behar duten jakingo dutela bermatzeko.
IV.2. Emakume banandu bat bere semearekin bizi zen etxebizitzaren hipoteka-betearazpena
Hori da, azaldu dugun bezala, Arartekoak formalki eskumenik ez zuen kexetako bat, partikularren arteko gatazka bat zenez gero. Nolanahi ere, ikusirik egoera zein bidegabea zen eta zer kalte sortzen zizkion erreklamatzailearen semeari, esku hartzea erabaki genuen, Legeak adingabeen defentsan erakunde honi ematen dizkion funtzioekin bat etorriz.
Salatutako egoera: Kexaren sustatzailearen senar ohiak ez zuen ordaindu biek izenpetua zuten mailegu baten partea, eta mailegu horren berme gisa garai hartan biena zen etxebizitza zuten jarria. Ondorioz, aurrezki-kutxa hartzekodunak etxebizitza enbargatu eta utzaraztera hertsatu zuen emakumea, banantzearen ondoren bera bizi baitzen han, hamar urteko semearekin. Erreklamatzaileak Arartekora jo zuen, bidegabe irizten ziolako ordaindu ez zuena senar ohia izanik ondorioak berak eta beraren semeak pairatu behar izateari.
Arartekoaren esku-hartzea: Emakume horri azaldu behar izan genion mailegua solidarioa zela, eta betearazteko, berdin ziola bietako zeinek ez zuen ordaindu; beraz, azaldu genion enbargoa ez zela Legearen aurkakoa, nahiz eta hori ez zen eragozpena beste zordunaren aurka erreklamatzeko eskubidea baliarazteko. Ondorioz, gure esku-hartzearen xedea finantza-erakundean borondate ona kudeatzea izan zen, kasuaren inguruabar bat baliarazteko asmoz; izan ere, xeheki aztertu ostean, ikusi genuen inguruabar hori ez zegoela betearazpen hori agindu zenean: Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, irabazpidezko sozietatea desegin zela eta, epai bat eman berri zuen, eta, horren bidez, erreklamatzaileari adjudikatu zion etxebizitza. Beraz, erreklamatzailea maileguaren berriz finantzaketa eskatzeko moduan zegoen, eta horrek indarra kentzen zion ekintzari, Prozedura Zibilaren Legeko 693.3 artikuluan ezarritako eran.
Dena dela, horretarako, lehenik epai hori izapidetu behar zen, zegozkion instantzietan, eta horretarako enkantea egiteko falta zen denbora baino gehiago behar zen. Ondorioz, erakunde horri planteatu genion erreklamatzailearekin akordio bat egin zezakeela, bitarte horretan betearazpen hori geratzeko, epaiak adierazitako zentzuan ekar zitzan ondoreak, edo, behintzat, higiezina enkantean baino modu hobean saltzeko modua izan zezan. Azaldu genion akordio hori, estatutuz esleitua zuen gizarte-bokazioarekin hobeki ezkontzeaz gain, ez zela ekonomikoki kaltegarria Kutxarentzat, eta ez zuela izango betearazpenak zekarren zailtasunik.
Emaitza: Gure lehenengo saioek ez zuten emaitzarik izan: Kutxaren zerbitzu juridikoek kanpoko aholkularitza-zerbitzura bidali gintuzten, haien esku uzten baitzituzten era horretako betearazpenak, eta hark protokolo estandarizatu bat oinarritzat hartuz jarduten zuen. Egiaztatu genuenez, protokolo horretan ez zegoen jasota ikusarazi genizkion inguruabarrak kontuan hartzen zituen aukerarik –ez bakarrik alderdi sozial-gizatiarrarekin loturiko inguruabarrak, baizik eta ezta alderdi juridiko-ekonomikoarekin loturikoak ere, eta hori are deigarriago egin zitzaigun–. Beraz, hori erakundearen zuzendaritzari azaltzea erabaki genuen. Horren ondorioz, bertan behera utzi zuten enkantea, eta proposatutako akordioa onartu zuten. Hala, erreklamatzaileak mailegua berriz finantzatu ahal izan zuen, ordainketa atzeratuei aurre egin, eta enbargoa saihestu.
Horren ondorioz, Aurrezki Kutxak Arartekora jo zuen, eta prest agertu zen aurrerantzean ere erakunde honekin elkarlanean aritzeko, haren erantzukizun sozial-korporatiboari erantzunez.
V. Ondorioak
- • Epailetzak, Fiskaltzak eta idazkaritza judizialek emandako laguntzak modua eman digu, beste urte batez, herritarrek erakunde honi azaldu dizkioten arazoetako asko konpontzeko. Alabaina, egia zera da: Justizia Administrazioaren erabiltzaileek behin eta berriz adierazi digutela ez daudela pozik haren funtzionamenduarekin, sekula baino auzi gehiago izan den testuinguru batean. Eztabaida liteke hori zeren ondorio den, soilik herritarrek Justizian duten konfiantza areagotu delako, 2011n onartutako Bizkortze Prozesaleko Neurriei buruzko Legearen hitzaurrean baieztatzen den bezala, edo baita krisiaren ondorioz gizarte-gatazkak ugaritu direlako ere. Nolanahi ere, ondorioa hauxe da: nahiz eta euskal justizia buru den estatuko epaien ebazpen-tasan, sistemari eutsiko bazaio, beharrezkoa da aldaketa estrukturalak egitea, eta horiek, beste neurri batzuen artean, Bulego Judizial eta Fiskal Berria abian jarrita etorriko dira.
- • Gure epaitegi eta auzitegiak antolatzeko eredu berriak mapa judiziala berriro gauzatzea dakar, eta, horrekin batera, epaileei eta fiskalei esleituriko funtzioak aldatuko dira. Justizia Saila sistema hori ezartzeko oztopoak gainditzeko egiten ari den ahalegina balioesten dugu; izan ere, prozesu konplexua da, eta eragile juridiko guztien laguntzaren premian da oraindik ere. Erronka, nolanahi ere, ebazpenen azkartasun, hurbiltasun, gardentasun eta kalitate aldetik herritarrei zerbitzu hobea emateko ahal den guztia egitea da.
- • Sumatu ditugun arazoetako bat, eta espero dugu antolaketa-irizpide berriek modu positiboan eragingo dutela horretan, honako hau da: atzerapenak izaten direla espediente judizialen izapidetzeetan, epaitegietako langileen bajak betetzen ez direla eta. Nabarmendu behar dugu saihestu egin behar dela ordezko langile kualifikaturik ez dagoelako zerbitzuaren kalitatea baldintzaturik geratzea; izan ere, jadanik mugatua bada, area mugatuagoa izango da gaur egungo aurrekontu-testuinguruan.
- • Hobekuntza, edonola ere, ezin da soilik neurtu baliabideen kudeaketari loturiko eraginkortasunaren bidez; izan ere, epaitu beharrekoak Justizia Administrazioarekin duen harremana ez da, ezinbestean, ondasun juridikoak defendatzeko "zerbitzu" bat eskatzen duen "bezeroarena". Soziologia juridikoak erakusten digu, zerbitzu hau jurisdikzio-ahalmenak baliatzeari datxekion hertsaduraren bidez ematen den neurrian, "botere"-erlazio bat dela, eta horrek agerian jartzen duela sistemaren alderdi bermatzailea. Ahalmen hori Legearen arabera baliatuko delako bermatzen du horrek, baina baita adeitasuna eta errespetua ere, eta, horrez gain, gatazkak eraginkortasunez konponduko direla. Hori horrela, beharrezkoa da bitartekaritzak eta justizia leheneratzaileak eskaintzen dizkigun ahalmenak aprobetxatzea, biktimak pozikago uzteko eta auzi askoren azpian dauden gatazkak osokiago konpontzeko.
- • Nabarmena da urtean zehar asko aurreratu dela informazioaren teknologien arloan, Inforeg-4 aplikazioa epaitegi guztietara hedatuta. Justizia Saila zoriondu behar dugu, berak zuzendu baitu ezarpen-prozesua. Espero dugu hori lagungarri gertatuko dela lankidetza judiziala bizkortzeko, eta, hala, epaitegiek ez dutela gehiago funtzionatu beharko, elkarri dokumentazioa eskatzeko, ohiko posta bidez igorritako erregu bidez.
- • Era berean, azken informatika-aplikazioak ezarrita, konpondu egingo dira, azkenean, erakunde honetara kexa asko ekarri dituen lege-urratze bat: bake-epaitegietan seme-alaba jaioberriak euskaraz ezin inskribatzea. Nolanahi ere, arlo honetako botere publikoen jarduketa etorkizunari begira aztertuta, ondoriozta liteke funtsezkoena ez dela hainbeste gogobetetzea, baizik eta etorkizunari begira gauzak hobetu egin behar direla konturatzea: euskaldunek Legeak aitortzen dizkien eskubideak baliatzeko pairatu duten atzerapen izugarria bezalakorik ezin da berriro gertatu. Horregatik uste dugu, arrakasta inori egotzi behar izatekotan, 2005. urteaz geroztik arazoa salatuz, alternatibak proposatuz eta irtenbidea modu koordinatuan bila zezaten botere publikoak estutuz herritartasuna modu arduratsuan baliatu duten gurasoei egotzi behar zaiela.
- • Euskarak Justizia Administrazioan duen lekuari buruzko gainerako alderdiak hizkuntza-eskubideen arlori dagokion txosten honetako zatian jorratuko ditugu. Nolanahi ere, beste urte batez, jasotako kexek agerian utzi dute, gure hizkuntza ofizialetako bat edo bestea erabiltzeak dakartzan kostuen ondorioz, oraindik ere bide luzea dagoela egiteko zerbitzu publiko horren erabiltzaileek hizkuntza libreki aukeratu ahal izan dezaten. Horrek azaltzen du zergatik ez den handitu euskararen erabilera gure epaitegi eta auzitegietan beste esparru sozial eta instituzional batzuetan areagotu den hein berean, eta are zergatik dituen geratzeko zantzuak, iritzia eskatu diegun eragile juridiko guztiek baieztatzen duten bezala.
- • Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak modu arduratsuan lagundu dio Arartekoari kexa-espedienteak ebazten, hala behar izan duenean. Halaber, aukera izan dugu egiaztatzeko lan ona egin duela informatizazioaren, adingabeen justiziaren eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren ezarpenaren arloan. Hala ere, ezin dugu ahaztu desadostasunak daudela bi arlo espezifikotan Sailaren jarduketa-irizpideen eta erakunde honen gomendioen artean:
– Sailak atxilotuei epaitegietan ematen dien orientazio sozialaren inguruko arreta, bai eta zigor-betearazpenaren eta bergizarteratzearen ingurukoa ere.
– Justizia Administrazioaren esparruan hizkuntza aldetik gaitzeko teknikariak egiten ari ziren prestakuntza-, motibazio- eta dinamizazio-lana; izan ere, aurten alde batera utzi du haien lana.
Gure txostenetan nabarmentzen genuen bi zerbitzuak indartu behar zirela. Sailak, aldiz, moztea edo ezabatzea erabaki du; izan ere, iritzi dio ez direla beharrezkoak, edo beste eragile juridiko batzuen eskumenak hartzen dituztela. Txosten honetan bi arlo horiei berariaz eskainitako ataletan –Espetxeetan dauden Pertsonak eta Hizkuntza Eskubideak–, zehazkiago azalduko dugu zergatik ez gatozen bat erabaki horrekin eta zer analisitan oinarritzen garen horretarako.
- • Inkomunikazio-araubidean atxilotutako pertsonen berme-sistema hobetzeko gomendatu ditugun azken neurriei dagokienez, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearen azken txostenak, urteko lehenengo hiruhilekoan argitaraturikoak, alderdi guztietan baieztatzen du gure proposamenaren oinarritzat hartu dugun analisia, bai eta hori ezartzea beharrezkoa dela ere. Erakunde honek deitoratzen du hala eta guztiz ere Euskal Poliziak oraindik ez dituela hartu neurri horietako gehienak.