8. OFIZIOZKO JARDUERAK
Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako. Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2011n ofiziozko 74 espediente bideratzen hasi gara (58 aurreko urtean).
19. taula. Ofiziozko jardueren banaketa, alorren arabera
Ofizioz egindako espedienteak | % | |
Haurrak eta nerabeak | 18 | 24,33 |
Gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak | 7 | 9,46 |
Herrizaingoa | 7 | 9,46 |
Adinekoak | 5 | 6,76 |
Ogasuna | 5 | 6,76 |
Osasuna | 4 | 5,41 |
Ezintasunen bat duten pertsonak | 4 | 5,41 |
Etorkinak | 4 | 5,41 |
Ingurumena | 3 | 4,05 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak | 2 | 2,7 |
Justizia | 2 | 2,7 |
Gaixo kronikoak | 2 | 2,7 |
Etxebizitza | 2 | 2,7 |
Espetxeratuak | 2 | 2,7 |
Hezkuntza | 2 | 2,7 |
Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak | 1 | 1,35 |
Emakumeen berdintasuna eta osotasuna | 1 | 1,35 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 1 | 1,35 |
Talde terroristen biktimak | 1 | 1,35 |
Hirigintza eta lurralde antolamendua | 1 | 1,35 |
Guztira | 74 | 100 |
Ikus daitekeenez, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduera da nagusi abiarazitako ofiziozko jardueretan; hain zuzen, era guztietako jarduerak jorratu dira izendapen horren azpian, eta honako hauek aipa daitezke erakusgarri gisa, ez modu zehatzean: diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitza-prestazio osagarria etetearen ondoriozko jarduerak; Vitoria-Gasteizko Zaramaga auzuneko meskitaren inguruan egindako bitartekaritza; Debako babesik gabeko haurrentzako egoitzara egindako ikuskapen-bisita; ostalaritzako lokaletan adingabeak onartzeko eskubidearen inguruan egindako ikerketak; hainbat txosten berezitako gomendioen jarraipena; fibromialgia, neke-sindrome kronikoa, sentikortasun kimiko anizkoitza eta/edo elektrohipersentsibilitatea duten pertsonei emandako arretaren inguruko jarduerak.
Horrez gain, nabarmentzekoak dira familia-elkarguneen jarraipena, babes ofizialeko etxebizitzak zuzenean adjudikatzeko prozedura bat, mugako autonomia-erkidegoek emandako osasun-arretaren ondoriozko beharrizanak, bereizkeria-kasuak ostalaritzako establezimenduetan onarpen-eskubidea baliatzeko orduan, ezintasunen bat duten pertsonei arreta emateko zentroak arautzeko beharra, EAEko ospitale-zentroetan barneratze psikiatrikoko segurtasun-neurriak betetzea, Ertzaintzak Errekaldeko Kukutza gaztetxean egindako jarduera, genero-indarkeriaren ondorioz eraildako emakume baten kasuan prebenitzeko eta babesteko neurriak egokiak ote zen aztertzea, hilerri musulmanei buruzko gomendio orokorraren jarraipena nahiz PFEZri buruzko araudia aldatzeko egindako proposamena.
15. grafikoa. Ofiziozko jardueren banaketa, eragindako administrazioen arabera
Informazio hori ikusirik, 2011. urtean hasitako ofiziozko jarduerak zein administraziori bidali zaizkien aztertuta, Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da, % 40 baino gehiagorekin, eta ondotik doaz foru eta toki administrazioak.