X. ATALA. ONDORIOAK OINARRIZKO ESKUBIDEEN ETA ASKATASUNEN EGOERA EUSKADIN, ADMNISTRAZIOAREN JARDUERAREN ARABERA
3/1985 Legeak, otsailaren 27koak, Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duenak, 32.2 xedatzen du "Legebiltzarrari aurkezteko txostenari, Euskal Autonomia Erkidegoan, eskubideen babesen balorazio bat erantsi behar zaiola".
Lehenik esan behar da Arartekoak bere jardueran hartutako ezagueraren bidez egiten duela balorazio hori, eta bere jarduteko eremuan barneratzen diren euskal erakunde publikoek (hots, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, lurralde historikoetako administrazioak eta toki administrazioak) herritarren eskubideak zenbateraino betetzen dituzten islatzen saiatzen dela.
Horrek esan nahi du, ondorio hauetarako, ez direla kontuan hartuko 2011. urtean zehar Arartekoak bere jardueran jakin barik urratu diren eskubideak, ezta Arartekoaren lan esparrutik kanpo daudenak ere, Estatuaren Administrazioaren ekintzak direlako.
Atal honetan egiten den balorazioak, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen jarduerak eta jarduera horietan izan litekeen eskubide-urratzea izango ditu hizpide.
Atala Konstituzioaren testuaren lehenengo goiburuan bildutako eskubideen azterketan oinarrituz egituratzen da, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 9. artikuluan ezarritakoarekin lotuta, horien defentsa esleitzen baitzaio Ararteko erakundea araupetzen duen Legearen 1.1. artikuluan.
Atal honetan egindako balorazioaz gain, txosten honen II. kapituluko alorretako bakoitzean administrazioaren jardueraren esparru desberdinak eta herritarren eskubideekin duten lotura xehatuta aztertzen dira.
Txosten honen III. kapituluan ere, lehentasunezko taldeei dagozkien alorretan, zenbait balorazio egiten dira talderik ahulenen eskubideen egoeraz.
Gainera, 2011n egin diren gomendio orokorren kapituluan, kasu askotan herritarren eskubideekin zerikusia duten gaiak azaldu dira. Behin eta berriz, kexarik gehienak gizarte eskubide deritzanen ondorioz egin dira, baita Espainiako Konstituzioaren 103.2 artikuluaren urratze posibleen ondorioz ere –artikulu horretan administrazio publikoei eraginkortasunaren printzipioari adituz eta legearen eta zuzenbidearen erabat mende, interes orokorrei objektibotasunez zerbitzatuz jokatzea ezartzen zaie−.
2011n, eskubide sozialekin zerikusia duten kexen nagusitasun hori bereziki agerian jarri da krisi ekonomikoaren ondorioz, baita gastu publikoa murrizteko politiken ondorioz ere.
Egungo testuinguru ekonomikoan larriagotu egin da herritar askoren egoera. Horrela, nabarmenki areagotu da eduki ekonomikoko gizarte-laguntzak eten edo iraungi zaizkien pertsonen kopurua, batik bat diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria, horiek gizarte-kohesioaren funtsezko faktorea baitira.
Gizartean baztertuta zeuden pertsonez gain, areagotu egin da baztertuak izateko arriskuan daudenen kopurua, kasurik gehienetan lana galdu dutelako.
Egoera ekonomikoak eragin kaltegarria izan du, halaber, babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko asmoz herritarrek egin dituzten erreklamazioak gehitzean, eta zenbait kasutan familia-egoera lazgarriak azaldu dira. Horren haritik, azpimarratu beharra dago euskal familia askok, beraien diru-sarrerak zorrozki gutxitzearen ondorioz, gehienetan lana galdu dutelako, ezin izan dietela aurre egin bizi diren etxebizitza erosteko sinatu zituzten hipoteka-maileguei. Euskal Autonomia Erkidegoan, egun bakoitzeko, batez beste zazpi familia gertatzen dira kaltetuta etxea utzarazteko prozesuengatik; horrek erakusten digu zein larria den egoera. Horren ondorioz, nabarmen gehitu dira enbargo eta utzarazpen prozesu judizialei aurre egin behar zieten pertsonen kexak, etxebizitzaren gaineko mailegu hipoteka-bermedunak ez ordaintzeagatik.
Krisi garai honetan, ez da ahaztu behar murrizketa publikoek eragin berezia dutela emakumeengan −horien kargura daude mendekotasuna duten pertsona gehienak−, eta eragin horrek kasu batzuetan gaizkiagotu egiten duela "pobreziaren feminizazioa" deritzan hori.
Bestalde, beste zenbaitetan ere adierazi dugu herritarrek administrazio on bat izateko eskubidea dutela, eta, hori, gai publikoetan parte hartzeko oinarrizko eskubidearekin lotuta dagoela; hori guztia administrazio publikoen jardunbidea arautzen duen legerian jasota dago. Herritarrek 2011n aurkeztu zituzten kexetako askok oro har administrazio ona izateko eskubidea izendatu duguna osatzen duten alderdien ingurukoak izan dira.
Badira oinarrizko eskubide eta askatasun publiko deritzen eskubideetakoren bat ustez bete ez dela dioten kexak ere.
Ararteko erakundeak uste du Euskal Autonomia Erkidegoan eskubideak babesteko egoera baloratzeko funtsezko erreferentea dela Konstituzioaren 10. artikulua.Konstituzioaren 10. artikulua I. tituluaren atartea da. Bertan jaso eta arautzen da gizon-emakumeen oinarrizko eskubide eta betebeharren sistema. Artikulu horrek hauxe dio lehenengo atalean: "Ordena politikoaren eta gizarte bakearen oinarri dira gizabanakoaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, eta legeei eta gainerakoen eskubideei zor zaien begirunea". Arartekoak egiten dituen ekintza guztiak pertsonen duintasunaren eta balio demokratikoen erabateko babesak bideratzen ditu.
2011. urtean oso berri ona izan dugu eskubide eta askatasunen arloan. Beste zenbaitetan ere adierazi izan dugu Arartekoaren jarduera-eremutik kanpo zeuden arren, salatu egin behar zirela ekintza terroristaren ondorioz gure erkidegoan gertatzen ziren giza eskubideen urratze larriak. Horregatik, oso pozik gaude aurten ETAren atentatu hilgarririk gertatu ez delako.
Gainera, poztasunerako eta itxaropenerako arrazoia are handiagoa da ETAk "indarkeria betiko utzi duela" iragarri duelako. Ekintza terrorista amaitzeak lasaitasuna ekarriko die hainbeste urtetan askatasunerako eskubidea urratu zaien eta bizia eta osotasun fisikoa etengabe galtzeko arriskua pairatu izan duten milaka euskal herritarri. Era berean, bukaera emango zaio euskal herritar askok eta askok aldi horretan jasan duten estortsio ekonomikoari.
Hasi den aldi berri honek pertsona guztien eskubideak gauzatzen asko aurreratzea ahalbidetuko du.
1. BERDINTASUN PRINTZIPIOA
Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua
"Legearen aurrean berdinak dira espainiarrak, eta jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein egoera edo gorabehera pertsonal edo sozialarekin lotutako bereizkeria ezin da nagusi izan".
Espainiako Konstituzioaren 9.2. artikulua
"Botere publikoei baldintzak bultzatzea dagozkie askatasun eta pertsona baten eta denena batera osotzen dutenena benetako eta eragileak izan daitezen; baita galarazi edo osotasuna zailtzen dituzten oztopoak eragitea hiritargoen parte hartzea erraztea bai politika mailan, bai ekonomia, kultura eta gizarte mailan ere".
Ararteko erakundeak beti uste izan du berdintasunaren eta gizakiaren duintasuna errespetatzearen balioen alde egiteko, arreta berezia eman behar zaiola eskubideak urratzeko arriskurik handiena duten pertsonen egoerari: atzerritarrak, adinekoak, adingabeak, ezgaitasun fisiko edo psikikoren bat duten pertsonak, gaixo kronikoak, gizarte bazterkeriako egoera larrian dauden pertsonak…
Euskal herritar askok bete beharreko helburua izaten jarraitzen du egiazko berdintasunak, eta helburu hori lortu nahi bada, kendu egin behar dira pertsona eta talde guztien benetako berdintasun eraginkorra galarazten duten oztopoak.
Kexa askok, zuzenean edo zeharka, berdintasun printzipioaren balizko urratzearekin dute zerikusia.
Erakunde honek bere esku-hartzeetan ahaleginak egin ditu Konstituzioaren testuan mugatutako zioetako edozeinengatik baztertzaileak diren botere publikoen jarduerak gerta ez daitezen.
Zehaztu behar dugu sarritan berdintasun printzipioa urratzea beste eskubideetako edozeinekin lotu behar dela eta, horregatik, kasu horiez egiten den azterketan, batzuetan, printzipio hori ere hizpide izaten da.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, genero arrazoiak direla-eta egiten den bereizkeriarik larriena, indarkeria sexistaren fenomeno kezkagarria da eta emakumeen duintasun, askatasun eta osotasun fisikoaren aurkako eraso onartezina da.
Genero indarkeria kezka nagusietako bat da erakunde honentzat. Horrela, lehentasunezko garrantzia hartzen dute indarkeria hori desagerrarazteko borrokak eta ahaleginak, ohartzen baikara gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sortu duela emakumeen kontrako indarkeria. Aurten ere deitoratu egin behar dugu emakume asko gaur egun gure gizartean oraindik pertsonen eskubideen kontrako urratze larrienaren biktima direla. Horren ondorioz, 2011. urtean hiru emakume hil dira Euskadin.
Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen bizitzako zorigaitzak hausnar eragiten digu, berriz ere, emakumeei arreta eskaintzeko eta artatzeko gure sistemaren gabezien gainean.
Eztabaidaezina da arau bidezko neurriak garrantzitsuak direla, baina horrek ez digu ahantzarazi behar zein den funtsezko helburua: genero indarkeriaren biktima diren emakumeei kasu egiteko oraingo baliabideak hobetzea, tresna malguagoen bitartez, une bakoitzean azaleratzen diren beharrei erantzun dinamikoagoa eman ahal izateko. Genero indarkeriaren arloan eraginik gabekoak edo eskasak gertatu diren irizpideak berriz aztertzeak ezin du indargabetu genero indarkeriaren kontrako borroka berdintasunezko politiken barruan txertatzeak dakarren kontzeptuzko aurrerapena.
Bestalde, onartu beharra dago administrazioek, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak, ahalegin handia egin dutela larrialdietako eta egonaldi ertain eta luzerako harrera zerbitzuak eratzeko, eta zerbitzuok oso ondo erantzuten dietela tratu txarrak jasandako emakumeen beharrei.
Urtero errepikatzen den gai bat zera da: genero indarkeriaren biktima diren emakumeek kexak egiten dituztela etxebizitza babestuak eskuratzeko exijitzen dizkieten baldintzen kontra, izan ere, benetan oso eranginkortasun gutxi dute tratu txarrak jasandako emakumeen eskaera handiari erantzuteko ezarrita dauden bideek. Irizpide horiek berriro aztertu behar dira, eta administrazio guztiek hartu behar dute parte arazo larri horri erantzun egokia eman ahal izateko.
Sexuagatiko bereizkeriaren beste adierazpen bat izan daiteke emakumeak herriko jai nagusietako ospakizun jakin batzuetatik kanpo uztea, horretarako ekimen pribatutik antolatutako emanaldiak izateari eta errotutako tradizioak izateari helduz.
2011n, ez da gogobetetzeko modukoa izan iaz Arartekoak jaiez eta berdintasunaz egin zuen gomendio orokorraren bilakaera aztertzearen emaitza, ez baitute erantzun jaietako berdintasunaren gaiak eragindako udal nagusiek: Irungo eta Hondarribiko Udalek.
Orobat, zenbait arazo azaldu dira funtzio publikoko sexuagatiko bereizkeria dela-eta. Horrek agerian jartzen du herri-administrazioek ez diotela begirik kendu behar jarduera batzuek berdintasunaren printzipioan izan dezaketen eraginari.
Atzerritarrak eta gutxiengo kulturalak eskubideetan urradura gehien jaso ditzaketen taldeak dira, batik bat egoera administratibo irregularretan dauden kasuetan.
Azterlan zorrotzetan oinarrituta ez dagoen diskurtso sozial bat zabaldu da herritarren artean, alegia, immigrazioa delinkuentziarekin lotzen da eta zerbitzu publikoak eta prestazioak gehiegikeriaz eta iruzur gisa erabiltzen dutela esan ohi da. Diskurtso hori oso kezkagarria da instituzioek eta Herri Administrazioek immigrazioari eta integrazioari buruz prestatzen dituzten politika publikoei eragin ahal dielako, baita bizikidetzari eta gizarte kohesioari ere. Horregatik, garrantzitsua izango litzateke diziplina anitzeko ikerketak egotea, talde horrekiko bereizkeria eta gaitzespen jarreren zergatiak aztertzeko.
Oso egokia da Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartzea Euskadiko gutxiengoen eskubideak babesteko. Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana ere onartu da eta hainbat jarduera abiarazi dira arlo horretan. Euskal politika publikoek herritarren multzo anitz edo inklusiboaren printzipioa hartu behar dute oinarri.
Bestalde, pertsonek kultura-identitatea izateko eta erlijio askatasuna baliatzeko duten eskubidea errespetatu behar da, betiere oinarrizko beste eskubide batzuen aurkakoa ez bada.
Azkenik, komeni da adieraztea kexa batzuk poliziak atzerritarrekin egindako esku-hartzeei buruzkoak direla eta, atzerritarren ustez, atzerritarrak izateagatik gertatzen direla esku-hartze horiek. Horrela, arazo batzuk sortu dira, adibidez, taldeko identifikazio-saioetan parte hartzeko atzerritarrei deitzeko modua, arraza-ezaugarrietan oinarritzen diren identifikazio-kontrolak, poliziaren prentsa-oharretan ustezko gaizkileen naziotasuna aipatzea edo atxiloaldia luzatzea.
Ijito herriko pertsonak oso estigmatizatutako taldea izan da tradizionalki, eta gizarte zerbitzu eta aukeretara gutxiago iritsi dira.
Talde hau bazterketa sozialerako arrisku handiena duen taldeetariko bat da. Gogoratu behar da ijitoek bereziki arazoak dituztela etxebizitza lortzeko zailtasunengatik eta auzokideak aurka agertzen direlako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako III. Euskal Planaren (2009-2011) indarraldia amaitu dela adierazi behar dugu, eta eskasak izan dira hura betetzearen ardura duten administrazio publikoek gauzatutako neurriak.
Behar bezalako etxebizitza gizarteratzeko edozein proposamenek saihestu ezin dezakeen baldintza bat da. Familia ijitoak –eta, horrenbestez, emakume, neska-mutil eta adineko pertsona asko– etxebizitza duinerako eskubidea errespetatzen ez duten baldintzetan bizi dira. Egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan, funtsezkoa da herri-administrazioaren esku-hartzea, behar bezalako etxebizitza bat eskuratu ahal izateko.
Bestalde, ezgaitasunen bat duten pertsonek zailtasun larriak izaten dituzte gainerako biztanleekiko benetako berdintasuna lortzeko laneratzeari nahiz eguneroko bizitzari dagokienez. Izan ere, askotan ezinezkoa izaten da garraiobideetara iristea edo hiri- eta arkitektura-oztopoak gainditzea.
Legerian aurrerapauso erraldoiak egin diren arren, homofobiak eta heterosexismo baztertzaileak, estigmatizazio eta bereizkeriaz gain, gizarte bazterkeria izugarria ere ekarri dute pertsona homosexual, gay eta lesbianen aurka, bai eta nortasun transexualekoen eta transgenerokoen aurka ere.
LGTB elkarteek salatutako arazo nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu: beharrezkoa da adineko gay eta lesbianei beren eskubideen berri ematea, bikotekidea hiltzen denean babesik gabe gera ez daitezen; beharrezkoa da neurriak hartzea ikastetxeak familia homoparentalen ikuspegi integratzaile eta normalizatu bat emango duten material didaktikoz hornitzeko; beharrezkoa da eskola-jazarpenaren aurkako borroka orokorrean jazarpen homofobikoaren aldagaia kontuan hartzea; beharrezkoa da genero-barruko indarkeriaren ondoriozko arazoei heltzea; eta kezka dago sexu-askatasuna muga lezaketen udal arauen inguruan, hala nola espazio publikoen erabilerari buruzko Bilboko ordenantzaren inguruan.
Funtsezkoa da hezkuntza administrazioak estrategiak balia ditzala eskola-eremuan homofobia eta transfobia desagerraraziko dela bermatzeko; eta funtsezkoa da, halaber, adingabeen orientazio sexualaren eta genero identitatearen garapen askea eta erabatekoa kontuan hartzea eskolan bizikidetasun eredu baketsua –dibertsitatea integratuko duena– definitzeko.
2. FUNTSEZKO ESKUBIDEAK ETA ASKATASUN PUBLIKOAK
2.1. Bizitzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua
"Guztiek dute bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea, sekula ere torturarik eta zigor edo tratu krudel edo iraingarririk jaso gabe. Indarrik gabe geratzen da heriotzazigorra, gerra garaian lege penal militarrek erabaki dezaketena alde batera utzita."
Bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidearen babesa Ararteko erakundearen lehentasunezko arduratako bat da.
Erakunde honek beti salatu izan du Euskadin indarkeria zital eta ankerraz jardun duten edo oraindik diharduten talde terrorista guztiek eskubide horiek urratzen dituztela.
Zorionez, 2011n, ez da inor hilik gertatu atentatu terroristen ondorioz. Gainera, ETAk "indarkeriaren behin betiko amaitzea" deitzen duen horri buruz egindako adierazpenak berarekin ekarri du jazarpen-indarkeriaren menpe bizi diren pertsonak askatasunean bizi ahal izatea, beren bizitza edo osotasun fisikoa direla-eta beldurrik izan gabe.
Aitzitik, tamalez, emakumeen kontrako indarkeriak bizitzeko eskubidearen eta osotasun pertsonalerako eskubidearen aurkako urradura larrienetako bat izaten jarraitzen du eta erakunde bermatzaile hau ezin gera daiteke axolagabekerian.
2011. urtean Euskadin hiru emakume hil dira −June Estornes, Rosario Román eta Deisy Mendoza− indarkeria matxistaren ondorioz. Genero indarkeria erabat kentzea pertsona guztien arteko egiazko berdintasuna lortzen denean bakarrik posible izango den arren, botere publikoek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei erantzun egokia eman behar diete. Uste dugu gogoeta bat egin beharra dagoela generoko indarkeriaren biktima diren emakumeei aplikatzen ari zaien justizia sistemaren eraginkortasunari buruz, bereziki babes efektiboari dagokionez.
Arartekoa kezkatzen duen beste gai bat da polizia instalazioetan ustez emandako tortura eta tratu txarrei loturiko salaketena. Gure proposamenen artean, azpimarratu dugu ezinbestekoa dela poliziaren jarduna etengabe ikuskatzeko lan prebentiboa egitea. Helburua polizi kidegoek torturarik edo tratu txarrik ez ematea da eta, horrelakorik jazotzen den kasuan, bidegabeko jarduera horiek ezagutu eta zigortzea posible izatea.
Tratu txarren prebentzioari dagokionez, arreta bereziz diogu atxiloketa ikus-entzunezko grabazioekin hornitzeko beharra dagoela. Neurri horrek, 1999. urtean erakunde honek lehen aldiz proposatuak, prebentziorako nazioarteko erakunde guztien babesa du. Neurria eraginkorra izan dadin, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste, Herrizaingo Sailak eta gainerako polizia kidegoek epe bat ezartzea atxiloketa garaietan eginiko grabazioen kontserbazioa bermatzeko, jardueren ondoriozko balizko erantzukizun administratibo eta zigor arlokoen gehieneko preskripzio aldian. Egiaztatu ahal izan dugunaren arabera, Ertzaintzak ezarrita dauka grabazioak hiru hilabeteko epean automatikoki suntsituko direla, eta horrek mugatu egiten du neurri horren izaera bermatzailea.
2.2. Askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea. Atxilotuen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 17. artikulua
"1. Pertsona orok du askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea. Inori ezin zaio askatasuna kendu, artikulu honetan eta legeak aurreikusitako kasuetan ezartzen denari jarraituz ez bada.
2. Aurreneurrizko atxilotzea ezin daiteke egitateak argitzeko ikerketek zenbat iraun behar eta hori baino luzeagoa izan; betiere, gehienez hirurogeita hamabi ordu igaro ondoren, atxilotua askatua izango da, edo, bestela, agintaritza judizialaren esku geratuko da.
3. Atxiloturik dagoen pertsona orori berehala jakinarazi beharko zaio, berak ulertzeko moduan, zer eskubide dituen eta zein diren atxilotzeko arrazoiak, eta ezin behartuko da deklaratzera. Bermatzen da atxilotuak abokatuaren laguntza izango duela poliziarekiko egitekoetan eta egiteko judizialetan, legeak ezarritako moduan.
4. ‘Habeas corpus’ prozedura arautuko du legeak, legez kontra atxilotutako pertsona guztiak epailearen eskuetan berehala uzteko. Era berean, legeak ezarriko du behin-behineko kartzelaratzearen gehienezko iraupenaren epea".
Azken urteetan, adingabeek eta gazteek poliziaren aldetik tratu desegokia jaso izana edo poliziaren dependentzietatik kanpoko egindako ekintzetan Udaltzaingoaren edo Ertzaintzaren agenteek gehiegizko indarra erabili izana salatu duten hainbat kexa jaso ditugu. 2011n, nabarmendu beharra dago banakako 50 kexa inguru aurkeztu zirela Bilboko Kukutza gaztetxearen eraikina jendez hustearen eta eraistearen aurkako protestetan Ertzaintzak izandako jarduera dela eta.
Polizia- funtzioaren gauzatzeari lotutako kexek errepikatu diren kontuak mahaigaineratu dituzte, hala nola, indarkeriaren erabilera eta horren gaineko kontrola, epailearen lehenengo kalifikaziotik arau-haustetzat jo diren jokabideengatik atxilotzea, poliziaren uniformean polizia-agentea identifikatzen duen zenbakia edo erreferentzia ez eramatea, ustez desegokiak izan diren jardunbideen barruko ikerketak, atestatuen eta administrazio salaketen edukia, eragin duten gertakariei dagokienez, eta salaketa bat hartzeari uko egin izana.
Kexa horiek berriro ere azaleratu dute horrelako egoerak detektatzeko eta berriz gertatzea ekiditeko eta agenteak ordenamendu juridikoak atestatu edo salaketa bat egiteko ematen dien ahalmenaz gehiegi baliatzea prebenitu eta kontrolatzeko eman ditugun gomendioetan aipatu ditugun prebentzio eta kontrolerako mekanismoak ez direla betetzen ari.
Polizia-jardueretan eta jokabideetan berme-sistema bat ezartzeari buruz Arartekoak emandako urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrean, honakoak azpimarratzen dira:
Atxiloketa-zentroei dagokienez, adierazi dugu egoitza espezifikoak eduki behar dituztela adingabeentzat, eta atxiloketaren erregistroko liburu berezia izan behar dutela haientzat.
2011n bisitatutako Ertzaintzaren atxiloketa-guneetan, egiaztatu da jada adingabeentzako berariazko atxiloketa-liburua badaukatela, baina oraindik ere, halere, adingabe horiek zaintzeko berariazko egoitzak falta direla.
Atxiloketarekin lotutako erregistroek eta gainerako dokumentuek fideltasun eta zehaztasun osoz islatu behar dute jarduera nola gauzatu den. Arreta handiz bete behar dira, eta horien edukian desadostasunak ez egotea ziurtatu behar da. Eskubideen informazioari buruzko aktetan jasota geratu behar da pertsona atxilotuari leporatzen zaizkion gertakizunak zein diren jakinarazi zaiola.
Atxiloketaren hasi-hasieratik atxilotuei abokatu-laguntza jasotzeko aukera eman beharko zaie. Bestalde, atxilotutakoari informazio ulergarria eman beharko zaio atxilotuta egotea eragin duten egitate eta arrazoi juridikoei buruz.
Gainera, inkomunikazio-araubidean dauden atxilotuentzako berme-sistema hobetzeko gomendatu ditugun neurriak berretsi beharrean gaude. Neurri horiek, izan ere, bat datoz Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Komitearen azken txostenean jasotakoekin. Atsekabea adierazten dugu euskal poliziek proposamen horietatik asko ezarri ez dituztelako.
2.3. Intimitaterako eskubidea eta norberaren datuak babesteko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikulua
"Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta nork bere irudia izateko eskubidea bermatzen da".
Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikulua
"Legeak informatikaren erabilera mugatuko du herritarren ohorea eta norberaren eta familiaren intimitatea eta beren eskubideez erabat baliatzeko aukera bermatzeko".
Intimitate eskubidea eta administrazioek erabiltzen dituzten izaera pertsonaleko datuen babesa bermatzeko hiritarren exijentzia gero eta handiagoa da. Konfidentzialtasunarekiko errespetua exijigarria da izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategien kopuru handiaren aurrean, izan baliabide informatikoen bitartez zein ez, izan kalifikatuak edo ez bereziki babestuak.
Osasunaren arloko datuak lagatzeari dagokionez –adingabeen babesaz arduratzen diren administrazio publikoek eskatzen dituztenean–, beharrezkoa da datu horietarako sarbidea kalitate printzipioaren arabera eman dadila; hau da, ematen diren datuak egoki eta pertinenteak izan daitezela eta ez daitezela gehiegizkoak izan lortu nahi den helbururako. Horretarako, lagatzaileak, behar ez bezala zehaztutako eskaerak ontzat eman gabe, lagapen-hartzailearen eskaera helburu duten amaierakoarekin bat egiten ote duen egiaztatu behar du
2.4. Funtzio publikoan sartzeko berdintasunaren printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua
"Halaber, funtzio eta kargu publikoak berdintasunez lortzeko eskubidea dute, legeak ezarritako baldintzen arabera".
Erakunde hau euskal administrazio publikoek berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioei zor dioten errespetua bermatzen saiatzen da. Horiek, Konstituzioaren agindu espresagatik, enplegu publikora iristean agertu behar dira.
Gogoan hartu beharra dago, halaber, Espainiako Konstituzioko 9.2 artikuluaren agindua, eta, ahal den neurrian, bultzatu beharra dago, bazterketa positiboko neurriak ezarriz, berdintasun efektiboa lortu dadila enplegu publikora sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat; bereziki, ezgaitasuna duten pertsonen eta emakumeen kasuan.
2011n, polemikoa izan da funtzio polizialetara sartzeko izangai ziren emakumeei emandako tratamendua.
Ertzaintzaren barruan emakumeen eta gizonen artean kopuruari dagokionez dauden desberdintasunak deuseztatzeko neurriak hartzeak ez du biderik ematen emakume izangaien aldeko lanpostu-erreserba bat egiteko.
Izan ere, Arartekoa beti agertu izan da Ertzaintzaren baitan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala murrizten saiatzeko xedearekin hasitako bidearen alde. Horretarako, desberdintasunak desagerrarazi eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezarri dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak hautagaiak bertan sartzeko hautaketa-prozesuetan. Hala eta guztiz ere, egungo arau-eremuaren arabera, gure ustez ez zen bidezkoa halako neurriak hartzea, hala nola emakume hautagaien aldeko plaza erreserba bideratzea.
EAEko Justizia Auzitegi Gorenak berriki eman dituen epaiak bat datoz erakunde honen aurreraturiko iritziarekin eta, horren ondorioz, arautegia nahitaez aldatu beharra sustatu behar izan du (EAEko Poliziaren Legearen laugarren aldaketari buruzko Lege Proiektua).
Gainera, kexarako arrazoi izan dira barne sustapeneko prozedura batzuen harira ezarri diren beste neurri batzuk, zeinak, kexa-sustatzaileen arabera, zeharkako bazterketa bat baitziren.
Salatu da, halaber, Ertzaintzako oinarrizko eskalako lehen agentea izateko deialdian, hautaproba fisikoak baztertzaileak izan direla. Alde horretatik, gaur egun orokorra da Ertzaintzaren eta beste udaltzaingo batzuen oinarrizko eskalaren agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozeduren deialdietan ezartzea gaitasun fisikoko nahitaezko proba baztertzaileak oposizio aldiko proben artean; hori aintzat hartu beharra dago. Are gehiago, gaur egun lasaigarria da gaitasun fisikoko horrelako probak genero-ikuspegitik lantzea. Ondorioz, zenbait neurri edo ekintza positibo hartu behar dira, normalean emaitzak sexuaren arabera bereizteko joera dakartenak.
Amaitzeko, adierazi beharra dago enplegu edo eginkizun publikoetan aritzeko interesa izan dezaketen guztien berdintasun efektiboa zabaldu behar dela, halaber, aldi baterako enplegurako sarbidera (lan poltsak, ordezkapenak...) eta orobat kontuan hartu beharrekoa dela lanbide karreran edo sustapenean zehar.
Horiek prozesu guztiak izapidetzean, ahalik eta gardentasunik handiena zaindu behar dute administrazioek, baita bertan parte hartzen dutenen bermeak ere, bereziki motibazioaren exijentziari dagozkienetan.
2.5. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea. Errugabetasun ustearen printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute epaileen eta auzitegien babes eraginkorra jasotzeko eskubidea, beren zilegizko eskubideak eta interesak erabiltzeko, babesik eza sekula ere gertatu barik."
"2. Legeak aurretik ezarritako ohiko epailea izateko eskubidea dute pertsona guztiek, baita legelariaren babesa eta laguntza izateko, euren kontrako akusazioa jakiteko, atzerapen bidegaberik gabeko eta berme guztiak dituen prozesu publiko bat izateko, babeserako egokiak diren frogak erabiltzeko, nork bere buruaren kontra ez aitortzeko, erruduntasunik ez aitortzeko eta errugabetasunpresuntzioa erabiltzeko eskubidea ere.
Senidetasuna edo sekretu profesionala dela aitortzeko beharra ez dagoenean erabakitzeko arauak jarriko ditu legeak".
Askotan, Justizia Administrazioaren aurkako kexetan planteatzen diren arazoez harantzago, pobreziako, ahultasuneko edo gizarte bazterketako egoerak egoten dira sakonean. Krisi ekonomikoko egoerak berarekin ekarri du bazterketa arazoak –zentzu zabalean– dituzten pertsonen egoera horiek arlo penalean ez ezik, jurisdikzio zibilean ere gertatzea.
Aurten nabarmentzekoa da etxebizitzaren gaineko hipoteka-bermearekin izenpeturiko maileguak ez ordaintzeagatik enbargo– eta utzarazpen-prozedurei aurre egin behar izan dieten pertsonek aurkeztutako kexak.
Oraindik ere kexatzeko arrazoi nagusiak dira prozesu judizialak gehiegi luzatzea, justizia administrazioko langileek emandako tratua, edo funtzionamenduan gertaturiko errakuntzak edo arduragabekeriak. Aurten ebazpen judizialak betearazteari buruzko kexak ere egin dira, guztiak senar-emazteen arteko prozedurekin lotutakoak.
Doako justiziari dagokionez, onura hori gauzatzeko ardura duten instantzien eta onura hori eskatzen duen pertsonaren arteko komunikazio prozesua hobetu behar da.
Epaiketan beren defentsa ordaintzeko bitartekorik ez dutela planteatzen duten pertsonen kopuruak gora egin du, eta gora egin du, halaber, auzien kopurua; izan ere, krisi ekonomikoaren bestelako ondorioak dira horiexek.
Positiboki baloratzen da aurten arlo judizialaren barreneko bitartekaritza zerbitzua epaitegi guztietara zabaldu izana.
Prozesu judizialak izapidetzerakoan izan diren atzerapenei dagokienez, zenbait kexatan agerian jarri zen espediente batzuk gerarazita daudela epaitegietako langileen bajetan ordezko langileak kontratatzen ez direlako. Kasu horiei konponbidea eman zitzaien Justizia Administrazioaren esku-hartze prestuari esker, eta etorkizunean bulego judizial berriaren antolamendu-irizpideen bitartez konpondu beharko da egoera hori.
2.6. Askatasunik ez duten pertsonen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 25.2. artikulua
"Askatasuna kentzen dituzten penak eta segurtasun neurriak berreziketa eta birgizarteratzea lortzeko izango dira eta ezin izango dira nahitaezko lanak izan. Presondegiko pena duen kondenatuak Kapitulu honetako oinarrizko eskubideak izango ditu, kondenak apropos ezarritakoak, penaren zentzuak edota presondegietako legeak mugatzen ez badituzte behintzat. Edozein modutan, ordaindutako lana izateko eta gizartesegurantzaren onura guztiak izateko eskubidea izango du, baita kulturaz gozatzeko eta nortasuna guztiz garatzeko eskubidea ere".
Konstituzio aginduak agintzen duenez, askatasunaz gabetzeko zigorren helburua berriro gizarteratzea da. Horregatik, ahalegin guztiak presoak errehabilitatzera bideratu behar dira. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen da administrazio zentralaren eta autonomikoaren arteko lankidetza, indarrean dagoen araudiak exekuzio penalari buruz eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoz.
Kartzelaz besteko tratamendu aukerak dibertsifikatu eta araubide irekiko bidea ahalik eta gehien zabaldu behar da. Horretarako, elkarte sarearen lanaren alde egin behar da, zigorra bestela betetzeko modu gehienak errazten dituen esparru gisa.
Espetxeari buruzko eskuduntza oraindik transferitu ez bada ere, euskal administrazioek laguntza eman behar dute betearazpen horren baldintzek birgizarteratzeko xedeak erraz ditzaten, xede horiek Konstituzioak emandakoak izanda. Ildo horretan sartzen dira baimenak, lanerako eta terapiarako irteerak, aldian-aldian aurkeztu beharraren mendeko askatasun egoerak, senideen eta gizarte ekimeneko erakundeen bisitak, eta, oro har, internoek, bai familia eremuan, bai gizartean eta lanean, kanpotik birgizarteratzen –edo espetxeak eragiten duen desgizarteratzea arintzen– lagundu behar duen laguntzarekin kontaktua izatera zuzendutako jarduera guztiak.
Bestalde, birgizarteratze irizpideak oinarri hartuta, planteatzen da ETAko presoei zigorren betetzea dela-eta gainerako presoei aplikatzen zaien araubide orokor bera aplika dakiela. Horrenbestez, behin ETAk bere jarduera kriminala berariaz abandonatu duenean, espetxe politika zentzu horretan aldatu beharko litzateke, Euskadiko edo gure autonomia erkidegotik gertuko kartzeletara aldatzeari, baimenen aplikazioari, baldintzapeko askatasunei, espetxe onuren zenbaketari edo gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituztenak kartzelatik ateratzeari dagokienez.
2.7. Hezkuntzarako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua
"1. Pertsona guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna onartzen da.
2. Gizakiaren nortasuna guztiz garatzea izango da hezkuntzaren xedea,bizikidetzako printzipio demokratikoen eta oinarrizko eskubide eta askatasunen arabera.
3. Aginte publikoek gurasoen eskubidea bermatzen dute, semealabek euren uste erlijioso eta moralekin bat datorren heziketa jaso dezaten.
4. Oinarrizko hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.
5. Aginte publikoek herritar guztien hezkuntza eskubidea bermatuko dute irakaskuntzaren programazio orokorraren bitartez, interesa duten sektore guztien partehartzeaz eta ikastegiak sortuz.
6. Ikastegiak sortzeko askatasuna onartzen zaie pertsona fisiko eta juridikoei, printzipio konstituzionalen errespetuaren arabera.
7. Irakasleek, gurasoek, eta behar denean ikasleek ere parte hartuko dute Administrazioak diru publikoaz finantzatutako ikastegien kontrol eta kudeaketan, legeak esaten duenaren arabera.
8. Aginte publikoek hezkuntzasistema ikuskatu eta homologatuko dute legeak betetzen direla bermatzeko.
9. Aginte publikoek legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko laguntza emango diete ikastegiei.
10. Unibertsitateen autonomia onartzen da, legeak ezarritakoaren arabera".
Hezkuntzarako eskubidea prestazio eskubide moduan konfiguratzen da eta, horregatik, agian egokiago zatekeen hura gizarte eskubideen artean jorratzea. Aitzitik, hura kokatzen den konstituzio testuingurua eta aukeratutako metodoa ikusita, atal honetan aztertuko da.
Beharrezkoa da hezkuntza administrazioak jarrai dezala hezkuntza programazioa egokitzen eta etengabe hobetzen, unibertsitatez besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko ezarrita dauden irizpideak bete daitezela lortu arte. Horri dagokionez oso positiboa da konpromisoa gaineratu izana hezkuntza eragile guztien partaidetza herritarren hezkuntza beharrizan errealen planifikazio demokratiko eta egokia sortzeko prozesuan bermatzen saiatzeko.
Hezkuntza administrazioak arreta guztia jarri beharko du ikasleak onartzeko prozesuen kudeaketa zaintzeko, egiaztatuz ikaspostu gutxiegi dauden kasuetarako aurreikusita dauden lehentasunezko irizpideak aplikatzen direla, hautatutako ikaspostura sartzeko garaian aukeren berdintasun egiazkoa dagoela segurtatze aldera.
Zerbitzu osagarrien –jantokia eta, bereziki, eskola garraioa– prestazioari dagokionez, hezkuntza administrazioak ahaleginak egin beharko lituzke zerbitzurako sarbidea ematen duten irizpideen aplikazio malguagoa egiteko, aplikazio horrek ikasleei ematen zaien arreta hobetzen badu eta arbitrarioa ez bada.
Bestalde, hezkuntza premia bereziei dagokienez, jotzen da eskola inklusiboaren esparruan dibertsitateari arreta emateko hurrengo plan estrategikoa errefortzu garrantzitsua izango dela praktika zuzenen aldeko eta hezkuntza-zerbitzuen arteko koordinaziorako jarduketa-dinamika sendotzeko eta finkatzeko. Nolanahi ere, eskola ordutegian zehar dauden osasun premia berezien erantzuna arindu beharko da.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa sailak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu, bananduta eta dibortziatuta dauden gurasoei haien seme-alaben eskolako bilakaeraren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea onartuz (seme-alaben zaintza daukaten edo ez alde batera utzita), baita irakasleekin elkarrizketak edukitzeko eta zentroko hezkuntza komunitatean lankidetzan aritzeko eskubidea ere, gainontzeko gurasoen baldintza eta arreta berarekin.
3. HERRITARREN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
3.1. Zerga-sistema bidezkoa. Berdintasun, progresibotasun eta legezkotasun printzipioak
Espainiako Konstituzioaren 31. artikulua
"1. Herritar guztiek lagunduko dute gastu publikoei eusten, nork bere ahalmen ekonomikoarekin bat, zergen sistema bidezko baten bitartez, berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituta, eta sistema horrek inola ere ez du edukiko konfiskatzeko gaitasunik.
2. Gastu publikoak baliabide publikoen esleipen zuzena egingo du, eta bere programazioan eta gauzatzean eraginkortasun eta ekonomia printzipioei eutsiko die.
3. Prestazio pertsonal edo ondareprestazio publikoak legearekin bat bakarrik ezarri ahal izango dira".
PFEZ da kexa gehien eragiten dituen zerga. Hiru lurralde historikoetan zerga hori arautzen duten foru arau berriek garrantzizko berritasunak gehitu dituzte eta, denborak aurrera egin ahala, arauon aplikazioak arazo gutxi sortu ditu.
Planteatzen diren gaiak askotarikoak dira eta kasu ugari dituzte oinarri:
Tokiko zergen esparruan, kexa batzuk jaso dira ondasun higiezinen gaineko zergaren, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eta hiri-lursailen balio-gehikuntzaren gaineko zergaren aplikazioa dela eta.
Kudeaketa errazteko eta azkartzeko asmoarekin tokiko erakunde batzuek nahitaez helbideratzen dute zerga zor jakin batzuen kobrantza. Batetik, ordaintzeko modu hori nahitaezkoa izatea eta, bestetik, bestelako ordainketa bitartekoen murrizketa, toki entitateen ahalmenen gehiegikeria bat dira, foru araudian estaldurarik ez duena.
Bereziki dramatikoa da, berme hipotekarioa exekutatu ondoren beren etxebizitza galdu duten pertsonen egoera. Hain zuzen, pertsona horiek egoera horretara iritsi dira hitzartutako ordainketei ezin aurre egitearen ondorioz. Batzuetan, pertsona horiek, beren etxebizitza galtzeaz gainera, maileguen zati baten zordunak izaten jarraitzen dute, eta hala eta guztiz ere, ondasunaren transmisioak eragiten dituen zerga-likidazioak ordaindu beharrean aurkitzen dira, zeren eta toki entitateek hiri-lursailen balio-gehikuntzaren gaineko zerga –plusbalioaren zerga izenaz ezagutzen dena– bidaltzen baitiete, ordain dezaten.
Justizia materialaren ikuspuntutik, jotzen dugu derrigortutako transmisioek zerga horretatik salbuetsita egon beharko luketela. Hori dela eta, gomendio orokor bat egin da, zerga horiek araupetzen dituzten foru arauak eta udal ordenantzak alda daitezen, hain zuzen ere zerga ordaintzetik salbueste aldera ohiko etxebizitzaren gaineko exekuzio hipotekarioen ondoriozko sailen transmisioak.
Aurreko urteetan bezala, kexa ugari eragin ditu Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga erregulatzen duen araudiak ezinduentzat ezarritako salbuespena era murrizgarrian aplikatzeak. Erabateko ezintasuna onartuta daukaten pertsonek salbuespen hori ere erreklamatzen dute.
Tasei dagokienez, zerbitzuaren prestazio erreal eta eraginkorra kexatzeko gai da oraindik, adibidez, zaborraren tasaren kasuan.
Era berean, asko gehitu dira uraren tasaren fakturazioaren inguruko kexak, batez ere hornidura erregularizatzeko prozesuen ondorioz, erabiltzaileen aldaketak higiezina hornitzeko kontratuan ez islatzeagatik.
Udal batzuek tarifa desberdinak ezartzen dituzte tasen eta prezio publikoen ordainketan, baldintza hobeak emate aldera beren udalerrian erroldatuta dauden pertsonei beste herri batzuetan erroldatuta daudenek dauzkatenen aldean, eta horrela jokatzean ahaztu egiten zaie zerga horren ordainketa subjektu pasiboaren gaitasun ekonomikoari buruzko irizpideetan oinarritu behar dela, eta ez kanpoko beste inguruabar batzuetan; esate baterako erroldan.
3.2. Jabetza pribaturako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 33. artikulua
"1. Jabetza pribaturako eta jaraunsletzarako eskubidea onartzen da.
2. Eskubide hauen funtzio sozialak bere edukia mugatuko du, legeekin bat.
3. Inori ezingo zaio ondasun eta eskubiderik kendu baliagarritasun publiko edo gizartearen interesarengatik ez bada, beharrezko kalteordainketaren bitartez eta legeek ezarritakoaren arabera".
Jabetza pribaturako eskubidearen edukia, bestalde, eskubide horri Konstituzioan ematen zaion funtzioak mugatzen du. Hori dela-eta, lursail bateko jabeak eraikitzeko jasaten duen muga eta zorua udalaren hirigintzako plangintzarekin bat etorriz erabiltzeko duen betebeharra justifikatu egiten dira gure hiri eta herrien arrazoizko garapenaren gizarte interesarekin.
Jabetza eskubideak erabilera, gozamen eta ustiapen ahalmenak barne hartzen ditu, lurrari buruzko legediarekin eta hirigintza antolamenduarekin bat. Hiri lurra eraldatu eta hartan eraikitzeko ahalmena botere publikoen eskumena da, eta ez jabetza eskubidearen berezko ahalmen bat. Horregatik, lur jabeen eskubide eta betebeharrak kasuan kasuko hirigintza legediaren arabera gauzatzen dira.
Gora egin du hirigintzaren kudeaketatik heldutako kexen kopuruak (urbanizazio gastuen ordainketa, berriro bizilekua emateak).
Jabe batzuek zalantzan jartzen dituzte udalen jarduera legitimoak, lanak egiteko edo erabilera aldaketak egiteko baimenak ukatzen dituztenean udal plangintzaren aurkakoak direlako.
Higiezinen merkatuko egungo krisi egoeran, hirigintzaren arloko gatazka maila jaitsi egin da, hirigintza eta eraikuntza zereginen jaitsiera nabarmenaren ondorioz.
Ondare erantzukizunaren irudiak esan nahi du herritarrek ondarean jasandako kalteengatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dutela horiek zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izan badira, eta horrek oraindik kexak sorrarazten ditu.
Eragindako kalteak ordaintzearen izaera objektiboak eragiten du beharrezkoa ez izatea errua edo axolagabekeria egotea zerbitzu publikoen jardun edo jardun ezean. Izan ere, nahikoa zen kausalitate erlazioa frogatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu normalarekin edo normala ez denarekin eta eragindako lesioarekin.
Administrazio publikoak, orokorrean, ez dira eragindako kalteen erantzukizuna onartzearen aldeko izaten, eta, askotan, beharrezkoa izaten da erantzuteko betebeharraren izaera objektiboa.
Derrigorrezko desjabetzeen arloan, zenbait kexa aurkeztu dira desjabetutako lursailak itzultzeko eskaerak –hain zuzen ere lursail horiek bere garaian afektazioa eragin zuen xederako erabili ez direlako– izapidetzerakoan geroratzeagatik. Administrazioak, batzuetan, hiru urte behar izan ditu erreklamazio-egileei erantzuteko eskatzen zuten lursail-itzulketa ez dela bidezkoa.
4. GIZARTE ESKUBIDEAK (GIZARTE ETA EKONOMI POLITIKAREN PRINTZIPIO GIDARIAK)
4.1. Familiaren babesa. Adingabeen eskubideen babesa
Espainiako Konstituzioaren 39.1. eta 4. artikuluak
"1. Aginte publikoek familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatuko dute."
"4. Umeek nazioarteko euren eskubideak zaintzeko hitzarmenetan ezarritako babesa izango dute".
Familia gizabanako gehienen oinarrizko erreferentzia da eta adingabeen, adinekoen eta beharrizan bereziak, dependentzia edo gaixotasunen bat dituzten gizabanakoentzako berebiziko zeregina du. Familia tradizionalaren bilakaerak arreta berezia eskatzen du, eredu hauen guztien berdintasuna sustatzeko ere: familia guraso bakarrak, sexu bereko gurasoak dituzten familiak, bananduak edo berriz elkartuak.
Bestalde, beharrezkoa da familia ugarienganako arreta bultzatzea, botere publikoen laguntza handiagoa behar baitezakete euren beharrizanak asetzeko. Ez da ahaztu behar familia ugari bakoitzaren atzean, banaka eskubideen subjektu diren eta babes eta estaldura behar duten adingabe gehiago daudela. Administrazio publikoek laguntzak taxutu ditzakete familientzat; esate baterako, familia ugariei onura fiskalak aplikatzea tokiko zergetan hobariak ematearen bitartez.
Bestalde, guraso bakarreko familien babes berezia beharrezkotzat jotzen dugu eta, gure ustez, familia hauek, bi seme-alaba dituztenean, familia ugarien mailarekin parekatu beharko genituzke, Estatuko legeetan jadanik gertatzen den bezala.
Guraso bakarreko familien elkarte batek helarazi zigun kezkaturik zeudela eskola-esparruan "ikusezinak" zirelako, eta jotzen zuten komenigarria izango litzatekeela eskoletan erabiltzen diren material didaktikoetan errealitate hori islatzea.
Interesarekin itxaroten dugu berriki onetsitako Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planaren garapena. Plan horrek, testuinguruak baldintzaturik dagoenak, lehentasunak ezartzea eskatzen du, sekula baino gehiago. Ados gaude zeharkakotasunaren ideiarekin, zeina plan honetako kontzeptu gidaria baita, bai eta familiei laguntzeko zerbitzuen eskaintza berri baten aldeko apustuarekin ere.
Lana eta familia bateragarri egitea familien kezka nagusietako bat da. Berriz esan beharra daukagu: beharrezkoa da lana eta familia bizitzan uztartzeko neurrientzako laguntzak abian jartzea, egungo araudiarekin une honetan estaldurarik gabe jarraitzen duten langile autonomoentzat.
Beharrezkoa da herri administrazioetako pertsonalaren lan baldintzen neurri arau-emaileek lanaldia malgutzeko edo berrantolatzeko neurriak barne hartzea, lanaren eta familiaren uztarketa laguntzeko sortu baitira, egungo araudiak eragiten dituen interpretazio zalantzak argitzeko asmoz.
Arartekoaren lehentasunetako bat da, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren bitartez, adingabeen eskubideak –bereziki, ahulenen eskubideak– babestea.
Familiaren babesik gabeko haur eta nerabeei dagokienez, beharrezkoa da, udal zerbitzuen partetik batik bat, familiei laguntzeko eta esku hartzeko apustu sendoagoa egitea.
Bestalde, indartu beharra dago foru aldundietako gizarte-zerbitzuek familiekin –bai itxuraz berregitura daitezkeen familiekin eta bai harrera- edo adopzio-familiekin– egiten duten lana.
Kezkagarria da, bestalde, gizarte zerbitzuetan artatutako neska-mutilen emantzipazio-unea, zeren eta familiaren laguntzarik ez dutenez, Administrazioari egokituko baitzaio bitarteko aldi hori egoki egin dadila zaintzea.
Babesik gabeko adingabeen kasuan, bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoera azpimarratu beharra dago. Adingabe horien etorreran 2009an hasitako beheranzko joera berresten bada ere, oraindik ere nahikoa ez den babes sarea edukitzen jarraitzen dute. Berriz diogu larritasun kasuetarako harrera-protokolo bat eduki beharra dagoela. Beharrezkoa da, gainera, ez dadila berriz gerta adingabe horiei, foru-baliabideetatik kanpo ateratzen direnean, zaintza-amaierari edo familia-harreraren amaierari buruzko dokumentaziorik ez emateko jokabidea.
Bestalde, ikusi dugu hobera egin duela babeseko gizarte zerbitzuen funtzionamenduak, bai babesgabetasuneko egoerak detektatzeari dagokionez, bai familia-harrerako zerbitzuetan emandako arretari dagokionez.
Nerabeek beren gurasoen aurka indarkeria erabiltzeko egoeren aurrean, positiboki baloratzen dugu administrazio arlo desberdinetatik taxutzen ari den erantzuna, eta berresten dugu ahalegin handiagoak egin behar direla prebentzioaren arloan eta hasierako faseetako arretaren arloan.
Bestalde, gogoeta egin beharra dago generoko indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben egoerari buruz. Momentuz ez dira indarkeria horren biktima gisa aitortzen, berariaz erasorik jasan ez badute.
Hezkuntzapremia bereziak edo berariazkoak dituzten talde batzuk eskolatzeari buruz, izendatzaile komuna berriro ere familiekiko lankidetzaren hobekuntzan datza.
Beharrezkoa da ezgaitasunak dituzten ikasleen heziketa beharrizanei erantzun egoki bat ematea; populazio etorkinetik datozen ikasleak, herri ijitoaren ume eta nerabeak eta gizarteak gutxietsitako populaziotik datozenak.
Beste alde batetik, beti eragin izan dute kezka berdinen arteko eskola jazarpenaren kasuek. Tratamendu iraunkorra behar duen fenomenoa da, hain larria izanik, eta familiek, bizikidetza planek eta hezkuntza zentroek artikulatutako gainerako tresnek zeregin garrantzitsua dute kasu honetan. Kasu batzuetan teknologia berriak jazarpenerako bide gisa erabiltzen dira; horri "ziberbullying" deritzo.
Orientazio sexual edo genero-identitate desberdineko nerabeek bazterketa egoerak eta gizarteratze zailtasunak pairatzen dituzte. Batzuetan, "jazarpen homofobiko eta transfobiko" deitutakoa oharkabean pasatzen da, berdinen artean detektatutako tratu txarretako egoeren jatorri gisa.
Garrantzitsua da Administrazioak dibertsitate afektibo eta sexuala kudeatzeko lan planean bere buruari planteatu izana jazarpen homofobikoa detektatzeko tresnak biltzeko beharra.
Kezkagarria da hainbat erakunde sozialen txosten eta azterlanek azaldutako umeen pobrezia egoeraren hazkundea.
Denboran zehar egindako azterketek erakusten dutenez, haurrek helduek baino pobrezia-arrisku handiagoa dute, eta, areago, arrisku hori handiagoa da haurren talde jakin batzuetan. Pobrezia horrek berekin dakar infraetxeak sortzea, elikadura egokia bermatua ez izatea, hezkuntza eta aisialdiko jarduerarik ezin egin izatea, ikasketak garaia baino lehenago utzi behar izatea.
4.2. Osasunerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua
"1. Osasuna babestua izateko eskubidea onartzen da.
2. Aginte publikoen eskuetan dago osasun publikoa antolatu eta babestea, neurri prebentibo eta prestazio eta zerbitzu beharrezkoen bitartez. Legeak ezarriko ditu guztion eskubide eta betebeharrak, honi dagokionez.
3. Aginte publikoek osasunhezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola bultzatuko dituzte. Aisiaren erabilpen egokia ere erraztuko dute".
Herritar batzuk kexu dira osasun prestazioak ukatu zaizkielako prestazio horiek zerbitzu zorroan aurreikusita ez egoteagatik, zeren eta osasun sistema publikoaren erantzukizuna soilik iristen baita legeetan, erregelamenduetan eta bestelako garapen-tresnetan berariaz aurreikusitakora.
Gaixoen kezkagaiak ez dira soilik osasun asistentziaren ingurukoak: itxaron zerrendak bezalako alderdi instrumentalak, zerbitzuen kartera edo prestazioak lortzeko prozedurak, bestea beste.
Berriro ere pazienteek beren historia klinikoa eskuratzeko arazoak dituztela azaldu da kexetan.
Batzuetan zail gertatzen da oreka bat aurkitzea osasun administrazioak bere burua antolatzeko ahalmenaren eta erabiltzaileen eskubideen artean; esate baterako, familiako sendagilea edo sendagile espezialista aldatu nahi direnean. Ahal den neurrian, prozedura horiek malguagoak izan beharko lirateke eta, gainera, gaixoari ahal den informazio guztia eman beharko litzaioke.
Bestalde, garrantzitsua da Osakidetzak, inguruabar jakin batzuetan, gaixoei jakinarazi ahal izatea aukerarik badagoela euren egoerak bideratzeko beste mediku baten bigarren iritziari edo aldez aurretiko baimenei lotutako prozeduren bitartez.
Itxaron zerrendekin lotuta jasotako kexek zerikusia izan dute tratamenduekin, bereziki hauekin: ebakuntza kirurgikoak, tratamenduak, bereziki ernalezintasunari lotutakoak, espezialistei egindako kontsultak eta probak egitea.
Ebakuntza kirurgikoetarako itxaronaldiari dagokionez, kexak planteatzen dira ez soilik itxaronaldiaren iraupenarengatik, baizik eta, baita ere, ebakuntza kirurgikoa egingo den datari buruzko informazioa ez emateagatik.
Halaber, zenbait kexa aurkeztu dira ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak izapidetzerakoan gertatutako geroratzeengatik.
Gaixotasun kronikoak dituzten gizabanakoei dagokienez, jarduketa batzuk egin ditugu honako kasu hauetan: linfedema primarioek eta sekundarioek ukitutako pertsonak; metabolismoaren jaiotzetiko gaixotasunak dituzten pertsonak; prebalentzia txikiko gaixotasunak –gaixotasun arraro gisa ezagutzen direnak– dituzten pertsonak; ageneriek ukitutako pertsonak; fibromialgia, neke kronikoa, sentiberatasun kimiko anitza eta elektro-hipersentiberatasuna daukaten pertsonak; eta gaixotasun neuromuskularrak dauzkaten pertsonak.
Aurrerapen batzuk lortu dira kronikotasunaren garapenean. Halere, erakunde-laguntza handiagoa eman behar zaie gaixo horien elkarteei eta haien eskubideen alde lan egiten duten entitateei, eskaintzen dituzten zerbitzuak eta programak bermatu ahal izateko.
Azkenik, buru-gaixotasuna duten pertsonei dagokienez, deseatzekoa litzateke Buru Osasunaren Estrategian gaixoaren askatasuna murrizten duten neurriak lantzeko protokoloak direla-eta proposatutako ekintzak aplikatzea.
Buru gaixotasun larriak dauzkaten pertsonen tratamendu anbulatorio ez-borondatezkoa ez da soilik arauen ikuspegitik landu behar; izan ere, oso garrantzitsuak dira lan terapeutikoa, zerbitzuak eskuragarri egotea eta erkidegoan asertibitatez lan egiten duten tratamendu-ekipoak eskuragarri egotea.
4.3. Ingurumen egokia izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua
"1. Herritar guztiek dute pertsonaren garapenerako ingurumen egokia izateko eskubidea, baita hura zaintzeko betebeharra ere.
2. Aginte publikoek baliabide naturalen zentzuzko erabilpena zainduko dute bizimodua babestu eta hobetzeko eta ingurumena konpontzeko, guztien elkartasun ezinbestekoan oinarriturik.
3. Aurreko atalean ezarritakoa urratzen dutenentzako, zigor penalak ezarriko dira legeak esaten duenaren arabera, edo behar denean zigor administratiboak ere bai, eta eragindako kaltea ordaindu beharko dute".
Ingurumenaren arloan jasotako kexa gehienak udal baimenen araubidearen pean dauden jarduera sailkatuen zarata, usain eta keen ondorioz herritarrek jasaten dituzten eragozpenen ingurukoak dira.
Kutsadura akustikoari dagokionez, kexa ohikoenak ostalaritzako establezimenduek –taberna, pub, jatetxe, txoko edo sozietate gastronomikoak– sorrarazten dituzten zaratek eragindako arazoen salaketak dira, establezimendu horiek ez dituztelako isolamendu akustikorako neurriak egokitasunez betetzen, edo musika ekipoen gehiegikeriazko erabilerarengatik.
Zenbait kexa jaso ditugu gazteen taldeek elkartzeko saltokiak edo lonja komertzialak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz sortzen diren zaratengatik.
Kasu askotan ikus daiteke, horrelako jarduerek eragindako eragozpenak arintzeko neurriak hartzerakoan, udalen partetik utzikeria edo gehiegizko pasibotasuna dagoela, eta hori kasuan kasuko jarduera- eta irekiera-lizentziak baimentzen dituen administrazioa izanda ere.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu aipatu gabe utzi euskal udal askok emandako erantzun positiboa, neurriak hartu baitituzte tabernetatik edo diskoteketatik edo beste jarduera batzuetatik –arrandegiak, harakindegiak, sozietate gastronomikoak edo izozketa-tailer bat– heldutako zaraten inguruan izapidetutako kexen harira.
Bestalde, behar den irekitzeko edo jarduerarako lizentziarik gabe lanean ari diren jarduerak topatu ditugu, hain zuzen ere klandestinotzat jo beharko liratekeenak. Halakoetan, udal agintariek jarduera itxi lezakete, inguruabarrak direla-eta hori gomendagarria denean, interesdunari entzunaldia eman ondoren.
Aipagarriak dira ere Administrazioaren obra edo azpiegiturek eragindako zaratengatik erreklamatzeko egindako kexak.
Bidegi foru sozietateak konpromisoa hartu du, erakunde honek izapidetutako kasu bat dela-eta, bide azpiegitura batetik heldutako zarata arintzeko neurriak hartzeko.
Fenomeno berezia da partikularrek eragindako arazo eta eragozpenen hazkundea. Udalek, ordenantzen bidez, muga onargarriak gainditzen dituzten auzokideek eragindako zaratak zehapen gisa tipifikatu ditzakete.
Beste fenomeno berri bat izan da jarduera batzuen ingurumen-kontrolaren izapidetzean zehar gure esku-hartzeak eragin dituen gatazka sozialei dagokiena; horixe gertatu da, izan ere, erlijio musulmaneko kolektibo batzuek Bilbon eta Gasteizen kultu-egoitza berriak eskatu dituztenean.
Zoruaren kutsadurari eta kutsadura hidrikoari dagokienez, uren eta itsas bazterren kalitateari eragiten dioten isurketekin zerikusia duten kexak kontuan hartu behar dira, bai esparru publiko hidraulikoan, bai itsas-lehortarrean, eta zoruaren kutsadura biologiko eta kimikoetan oinarritutako ingurumenaren aurkako eraginak salatzen dituztenak ere.
Kutsadura elektromagnetikoak herritarrak kezkatzen ditu, energia elektrikoa zabaltzeko sareen, wifi bidez Internetera konektatzeko sistemen, telefonia mugikorraren eta telebistaren instalazio eta antenek eragiten dituzten uhinen emisioa dela eta.
Nahiz eta ezin den eremu elektromagnetikoek eragindako arriskua zehaztu ikuspegi guztiz zientifiko batetik, ezta osasunarekiko eragina ere, arauek eta ordenantzek babeserako neurri gehigarriak exijitzen ari dira. Gainera, Administrazioak esku hartu beharko du instalazioen legezkotasuna kontrolatzeko, arau-emaileak diren indarrean dauden araudia eta udal ordenantzak kontuan hartuta.
Guraso-talde batek planteatu du ez daudela ados nahitaezkoa izatearekin, Eskola 2.0 programaren barruan, wifi sare baten bidezko haririk gabeko konexioa edukitzea.
Gomendio orokor bat egin da, non adierazten baita beharrezkoa dela administrazio publikoek parte hartzeko mekanismoak susta ditzatela, ingurumenean eraginak dakartzaten jardueren funtzionamendutik eratorritako gatazkak kudeatzeko. Dauden parte-hartze prozesuetan, kalitate-estandar oinarrizko batzuk ezarri behar dira, ingurumen gaietan parte hartzeari dagokionez. Gainera, funtsezkoa da prozeduran interesdunak diren alde guztiek emaitzari buruzko komunikazioa jasotzea. Informazio horren barruan, honakoak sartu behar dira: erabakiari buruzko informazioa, egindako alegazioei buruzko informazioa eta parte-hartze prozesuaren gaineko inferentziari buruzko informazioa.
Azkenik, oraindik alternatiba guztiak irekita daudelarik ingurumen-gaietan parte hartzea funtsezko elementua da erabaki on bat hartuko dela bermatzeko.
4.4. Etxebizitza duina izateko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 47. artikulua
"Espainiar guztiek dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea.
Aginte publikoek beharrezko baldintzak sustatu eta behar diren arauak ezarriko dituzte eskubide hori gauzatzeko, lurraren erabilpena interes orokorrarekin bat arautuz, espekulazioa galarazteko.
Gizarteak erakunde publikoen hirigintzajarduerak sortutako gainbalioetan parte hartuko du".
Jakina denez, azken urteotan, euskal herritarren kopuru esanguratsu baten arazo nagusietako bat etxebizitza duina eskuratu ahal izateko zailtasun objektiboa izatea da. Botere publikoak etxebizitza babestuen sorrera bultzatzen aritu dira, merkatu librean etxebizitza erostea ezinezko dutenei etxebizitza eskuratzea posible egiteko beste neurri batzuekin batera. Neurriak bereziki zuzendu zaizkie etxebizitza-premia larria duten sektore horiei.
Etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidea nabarmenki mugaturik geratu da azkenaldian, krisi ekonomikoko egoera dela eta. Horrek, pertsona eta talde ahulenen diru-sarrerak murriztea dakarrenez, areagotu egin ditu herritar askok dituzten zailtasunak alokairuko gastuen edo etxebizitzen gaineko hipoteka kuoten ordainketari aurre egin ahal izateko.
Gainera, indarreko araudiak eta euskal herri-administrazioek onartu dituzten planak eta neurriak nahikoak ez direla ikusi da, horien bitartez dagoen babes publikoko etxebizitza eskaerari erantzun nahi bazaio eta egungo testuinguru ekonomikoan bizitasun handiagoz azaltzen ari den etxebizitza beharreko egoera bereziei aurre egin nahi bazaie.
Egungo krisia aukera bat bezala hartu behar da etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea benetan bermatuko duen etxebizitzari buruzko legea onartzeaz hausnartzeko, eta euskal herri-administrazioek etxebizitza programak eta politikak berritzeko modua azter dezaten, herritar guztiei eskubide hori ziurtatzeko.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat jotzen da apustu irmoa egitea alokairu araubideko etxebizitza babestua sustatzearen alde; horrekin batera, baliabide publikoak nabarmen handitu behar dira, alokairuko etxebizitzen parke publikoak sortu ahal izateko, krisi uneotan halako etxebizitzen eskaria handitu baita. Era berean, lehendik dauden alokairu-merkaturako bitartekaritza programak indartu behar dira, batez ere etxebizitza hutsa mugiaraztea bilatzen dutenak.
Krisiaren ondorio dramatikoenetako bat da egunetik egunera gora egiten duela etxebizitzarako gastuei aurre egin ezinik dauden herritarren eta familien kopuruak. Horren erakusgarri nagusia da utzarazpen judizialek gora egin izana. Presakoa da botere publikoek neurriak hartzea une hauetan hipoteken ordainketa bere gain ezin hartu dezaketen pertsonek beren etxebizitzak galdu ez ditzaten. Horri dagokionez, finantza entitateen eta beren etxebizitzak galtzeko arriskua pairatzen duten pertsonen arteko bitartekaritza-tresnak eta –bideak sustatu beharko lirateke.
Oso positiboki baloratzen ditugu Eusko Legebiltzarreko 2011ko apirilaren 13ko eztabaidan onetsitako 61 ebazpenak, eta bereziki honakoetara zuzendutakoak: alokairuko etxebizitzen kopurua handitzea; alokairuko etxebizitzen sustapen publikoak kokatzeko mapa bat diseinatzea, udalen araberakoa; %50era arte handitzea sustatzen diren alokairuko etxebizitzen kopurua; errentamendurako etxebizitza hutsen kopurua handitzea; eta bitartekaritza programa berri bat sortzea etxebizitzen jabeen eta maizterren artean, etxebizitzak alokatzeko merkatuan modu oneko eskaintzak egin daitezela sustatzeko.
Bestalde, gabeziak edo hutsak konpontzea etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubideari estuki lotuta dagoen betebehar bezala hartu behar da, eta administrazioek arreta bereziarekin eskatu behar diete hori enpresa eraikitzaileei.
4.5. Ezgaitasun fisikoa, sentimenezkoa edo psikikoa dutenen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 49. artikulua
"Aginte publikoek minusbaliatu fisiko, sentimenezko eta psikikoentzako prebentzio, tratamendu, birgaitze eta gizarteratze politika egingo dute. Behar duten zainketa espezializatua eskainiko die, eta laguntza berezia emango die, izenburu honetan hiritar guztientzat ezarri diren eskubideak erabili ahal izan ditzaten".
Ezgaitasunen bat duten pertsonek eguneroko bizitzan zailtasun handiak izaten jarraitzen dute hori berdintasunezko baldintzetan garatu ahal izateko, arazoak baitituzte hirian ibiltzeko, erabilera publikoko eraikinetara sartzeko, garraioa erabiltzeko edo lanpostua eskuratzeko.
Botere publikoek beren kasa bizi ahal izatea bermatu behar die ezgaitasunen bat duten pertsonei, oinarrizko premiak betetzeko nahikoak diren laguntzekin.
Nabarmentzekoa da berriki onetsi dela abuztuaren 1eko 26/2011 Legea, Arauak Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Itunaren arabera egokitzekoa. Lege horrek, izan ere, eredu-aldaketa bat dakar, legea onetsi den unetik aurrera ezgaitasuna duten pertsonak eskubideen titularrak direlako eta ez soilik laguntza-politiken xedea.
Ingurune fisikoaren edo hirigunearen eta eraikinen irisgarritasuna dela eta, oraindik ere ezgaitasunen bat duten pertsonek kexak jartzen dituzte erakunde honetan.
Hornikuntza publikoak eta ekipamendu kolektiboak erabili ahal izateko eskubideak berarekin dakar egon daitezkeen arkitektura-oztopoak deuseztatzea. Adibidez, esanguratsua da horrelako oztopoak egotea buru-osasuneko zentro baten sarbidean.
Asko aurreratu bada ere, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala da ezgaitasunen bat duten pertsonen aldarrikapen nagusietako bat, eta erronka handi bat, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako eragileek aurre egin beharrekoa. Hori guztia egiaztatu ahal izan dugu erakunde honek EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruz egin duen txosten-diagnostikoan.
Txosten horretan egiaztatzen da irisgarritasunaren arloko kalifikazio ona merezi dutela Bilboko metroaren sistemak edo tranbien sistemek, eta, aldiz, trenbide-garraioak ia irisgarritasunik batere ez duela. Errepide bidezko sistemak ere ez dira sobera egokiak, irisgarritasun graduari dagokionez, kontuan hartzen bada autobus terminal nagusien egoera, bai eta EAEko lurralde osoko geralekuen egoera ere.
Baldintza berberetan emango den hezkuntza eta prestakuntza da sistemaren beste oinarrizko zutabeetako bat ezgaitasunen bat duten pertsonak erabat eta aktiboki gizartera daitezen. Nolanahi ere, hezkuntza-errealitateak asko falta du helburu hori lortzeko; hala egiaztatu dugu, esate baterako, zeinu-hizkuntzaren interpreteak behar dituzten entzumen urriko pertsonek egindako kexak bideratzean.
Berriz nabarmendu behar da ahalegin handiagoak egin behar direla hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeentzako hezkuntza-erantzunean.
Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, gaur-gaurkoz dauden onuren aplikazioa kasu askotan interpretazio formalisten baitan dago. Horri dagokionez, uste dugu une oro interpretazio finalistak aldeztu behar direla, ezgaitasuna duten pertsonei onura horietaz baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
Azkenik, adierazi nahi dugu komunikazioaren irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak hartu behar direla. Horregatik, gure ustez erabakigarria da botere publikoen jarduerak komunikazioan irisgarritasun-baldintzak ezartzera bideratzea, horrela ziurtatuko baita ikusmen eta entzumen urriko pertsonek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra dela. Horrela, garraio publikora iristeko erraztasunari buruz, egiaztatu da ez dagoela inolako bitartekorik komunikazio zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Era berean, egiaztatu dugu eraikin publikoetako arreta-guneak kokatzen diren lekuetan informazioa eta komunikazioa erraztuko duten baliabide teknikoen hutsa, hezkuntza, osasun eta baliabide sozialen irisgarritasunari dagokionez.
Azkenik, adierazi behar da egungo gizarte sareak ia eskuraezinak direla zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
Horrez gain, herri-administrazioetako web orrialde asko eskuraezinak dira zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
4.6. Adinekoen eskubideak
Espainiako Konstituzioaren 50. artikulua
"Aginte publikoek, pentsio egoki eta aldizka eguneratuen bitartez, adineko pertsonen nahikotasun ekonomikoa bermatuko dute.
Eta familiaren betebeharrak alde batera utzita, euren ongizatea sustatuko dute gizarte zerbitzu sistema baten bitartez, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdiko arazo espezifikoak konpontzeko".
Adintsuen taldea gero eta ugariagoa da, euskal biztanleen ia %20 hartzen du, bizi-itxaropena areagotu egin delako. Horrez gain, oso talde heterogeneoa da; izan ere, batetik, autonomia pertsonala eta gizartean aktiboki esku hartzeko gai diren pertsonak barne hartzen ditu, eta, bestetik, autonomia pertsonala oso mugatuta duten menpeko pertsonak.
Herri-administrazioek bere egin behar dute zahartze aktibo eta osasuntsuaren ideia, eta adintsuen bizimodu aktiboa eta autonomoa sustatu behar dute, ez bakarrik pertsona horiek bizi-kalitate hobea izan dezaten, baizik eta baita ere gizarte-zerbitzuak iraunarazten laguntzeko. Ikusmolde horren oinarria da adineko pertsonen independentzia, partaidetza, duintasun, laguntza zein auto-errealizazio printzipioak onartzea. Administrazio publikoek zahartze aktiboa sustatzeko zehaztutako neurriak gauzatu egin behar dira.
Iaz nabarmendu genuenez, adineko pertsonek jasaten dituzten tratu txar egoerak, bereziki, psikologikoak, guztiz azaleratu gabeko egoerak dira, eta, hortaz, tratu txarrak prebenitu eta antzemateko neurriak hartu behar dira.
Oso kezkagarriak dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eginiko azterlanaren emaitzak. Izan ere, azterlan horren arabera, susmoa zegoen gure erkidegoan 60 urtetik gorako 13.249 pertsonak tratu txarrak –bereziki psikologikoak– pairatzen ari izateari buruz. Hori dela eta, oso positiboa da sail horretan egindako kanpaina, adineko pertsonen aurkako tratu txarrei aurrea hartzeko eta tratu txar horiek ikustarazteko.
Osasun eta gizarte arreta aldibereko, koordinatu eta iraunkorrerako beharrak, arretaren jarraitutasun printzipiorako doituta, garrantzi berezia hartzen du adinekoen kasuan, eta bereziki menpekotasuna duten adinekoenean.
Oraindik ere zenbait gabezia daude egoitzetako arretari dagokionez.
Berriro ere agerian jarri da hiru alde handiak daudela foru aldundiek adineko pertsonentzako egoitzen plazetarako ezartzen dituzten prezio publikoen zenbatekoen artean. Gizarte zerbitzuei buruzko legea garatzeko araudian, prezio publiko horien artean orain dauden aldeak gutxitzeko joera izan beharko lukete.
Adineko pertsonek erakutsi dute nahiago izaten dutela, ahal dela, beren etxean gelditu, mendetasun-egoerari aurre egin ahal izateko. Hori lortzeko, indartu egin behar dira xede horretara bideraturiko neurriak; esate baterako, telelaguntza zerbitzua, etxez etxeko laguntza, etxebizitzen egokitzea, eguneko zentroak, egoitzetan eta eguneko zentroetan aldi baterako egonaldiak eta asteburukoak eskaintzea, bono-taxi zerbitzua...
Familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoa lehenesterakoan izan den goraldiak eta prestazioen guztizkoan egoitza-arretak izan duen beherakadak berresten dute nahiago izaten dela mendetasun egoeran dagoen adineko pertsonak beren etxean geratzea.
Gure burua zoriondu beharrean gaude, Eusko Jaurlaritzak telelaguntza zerbitzua bere gain hartu duelako, eta horrek orain arte antzemandako hainbat arazo amaitzea ekarriko duelako; izan ere, zerbitzua jaso ahal izateko eskakizunak malguagoak izango dira eta zerbitzua hobetzeko aukerak ere egongo dira.
5. LABURBILKETA
Atal honek Euskal Autonomia Erkidegoko eskubideen babesaren egoeraren balioespena biltzen du, hala eskatzen baitu Arartekoaren jarduna arautzen duen legeak. Legearen egitura Konstituzioak ematen dituen eskubide guztietan datza, baina, laburbilketa atala izanik, ez ditu Arartekoaren erakundearen ekintzek sorrarazten dituzten gai guztiak agortu nahi, logikoa denez.
Hori dela-eta, balorazio osatuagoak gainerako atalen gaineko jarraipena egitea ere eskatuko du, eta, batez ere, I. atalaren gainekoa. Izan ere, eremu bakoitzaren azterketan eremu material bakoitzeko benetako balorazioak biltzen dira eta kasu guztietan ez dira atal honetan laburbildu.
Halaber, bereziki behartsuak diren eta eskubideetan urradurak jasateko aukera gehiago dituzten talde batzuei eragiten dieten gaiak azter daitezke txostenen honen III. atala aztertuz.
Bestalde, V
. atalari esker eskubide batzuk aztertu ahal izango ditugu, 2011n egindako txosten monografikoen bitartez edo lantze fasean daudenen bitartez.
Edonola ere, espero dugu atal honetan eta txostenaren gainerakoetan bildutako diagnostikoa lagungarri izatea botere publikoentzat herritarren eskubideen defentsan neurri zehatzetan sakontzeko, bereziki egungo krisi ekonomikoko egoera eta egoera horrek pertsonen eskubideetan duen eragina direla eta.