2. Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional eta/edo baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:
Bilera horietako batzuen esparruan edo hain zuzen ere horien ondorioz, Arartekoak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu politika publikoak eraginkor bihurtzeko plan, protokolo, estrategia eta bestelakoen proposamenak; horrez gainera, erakunde eskudunei iritzia eskatu ahal izan die egoera kezkagarri jakin batzuen inguruan —arretaren premia duten behar gisa azaldu zaizkie—, eta esku hartzean ezinbesteko eskubideak bermatu behar direla zehaztu.
Politika publikoetan herritarren eskubideak hobeto babestu eta zaintzeko lankidetza-ildo horretan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa Eskolako Bizikidetasunerako Behatokiko kide da (horrek partaidetza egonkorra dakar berekin), eta adin txikikoek sarean segurtasuna eta konfiantza izateko kulturarekin konprometituta dauden eragile publiko eta pribatuen Sareko kide ere bai. Etengabe parte hartzen du, Aholku Batzordeko partaide gisa, ikerketa-proiektu honetan: Euskal Autonomia Erkidegoan babesik gabeko haurrekin jarduten duten eskola- eta gizarte-hezkuntzako profesionalen arteko harremanak ulertzeko modua. EHUko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailak zuzenduta, bertan parte hartzen dute Euskal Herriko Gizarte Hezitzaileen Elkargoak eta Gipuzkoako Osabidezko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Partzuergoak.
Aurreko urteetako ildotik, oso harreman ona dugu herriaren beste defentsa-bulego batzuetako haur eta nerabeen sailekin, batez ere Kataluniako Síndic de Greugesekoekin eta Andaluziako Herriaren Defendatzailekoekin. Horiekin maiz trukatzen ditugu informazioa, irizpideak eta iritziak.