Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
  • 2.    Aztertutako gaiak:
  • 2.1.  Hezkuntza
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

2.1.  Hezkuntza

Aurreko grafikoetan adierazi bezala, aurten izapidetu diren eta adingabeekin lotura zeukaten kexen ia erdiak (%46k) hezkuntza sistema formalari lotutako egoerak ditu hizpide. Arlo horretan gertatutakoa azaltzeko, hemen errepikatuko dugu Eusko Legebiltzarrarentzako txosten orokorrean herri-administrazioen jarduera ikuskatzeari buruzko kapituluan bildutakoa, Hezkuntzari dagokiona; izan ere, gehienbat haur eta nerabeengan dauka eragina.


Ikasleen onarpenari buruzko kexa kopurua aurreko urteetan aurkeztutakoen antzekoa da. Kexak eragin dituzten arrazoiak errepikatu egin dira. Hala, aurten berriz ere lekurik ez dagoenean aplikatzen diren onarpenerako lehentasunezko irizpideak zalantzan jarri dira -bereziki, familia unitatearen urteko errentaren irizpideari lotutakoa- eta berriro agerian jarri da erroldaren datuen gehiegizko erabilera.


Halaber, hezkuntza-administrazioak baimendutako ratioa berriro aintzat har dezan hizpide duten kexak jasotzen jarraitu dugu. Horri dagokionez, interesdunei jakinarazi diegu indarrean dauden ratioak gaindi daitezkeela, bakarrik, eta salbuespenez, ezarritako arrazoien ondotik, aurretik zentroen berariazko eskaera eginda, eta ratioa ehuneko hamar handitzeko egungo aurreikuspenak xede duela behin ikasturtea hasita eskolatu behar diren ikasleak eskolatzea.


Hori horrela, azpimarratu nahi dugu, gure iritziz, hezkuntza-administrazioak prozesuaren kudeaketa mekanizaturako bidea emango duen aplikazio informatikoaren xehetasunak argitaratu beharko lituzkeela, bereziki, bigarren eta hirugarren aukeren esleipenari buruzkoak.


Jakina den moduan, ohiko prozesu horretatik kanpo, ikasleen onarpena eskolatzeko lurralde batzordeen bidez kudeatzen da. Proposamenak aurkezterakoan, batzorde horiek, familiek adierazitako borondateaz gain, euskal hezkuntza-sisteman ahalik eta integraziorik normalizatuena jarraitu behar dute, zehazki honako irizpideen babesean: 1) zentroaren gertutasuna familia etxebizitzari dagokionez eta eskolan dagoeneko anai-arrebarik ote dagoen; 2) funts publikoekin mantendutako zentro guztien (publikoak eta itunduak) arteko oreka; 3) zentroetan dauden baliabide teknikoen eta giza baliabideen erabilera eraginkorra eta 4) zentroaren egokitasuna ikasleari hezkuntza-erantzuna emateko.


Joan den urtean, aipatu genuen izapidetutako kexa batzuen ondotik beldur ginela ea familien nahia behar bezala kontuan hartzen ari ote zen, adierazi baikenuen hainbat kasutan eskolatzeko proposamenak hizkuntza eredutik eta familiek eskatutako zentro motatik aldentzen zirela. Hori horrela, aurten are kezka handiagoaren isla agerian jarri behar dugu. Hain zuzen, familia batzuen kexak jaso ditugu eta horiek, egindako eskolatze-proposamenarekin ados ez egoteaz gain, eskolatze-gastuak gain hartzea zailtzen duen egoera ekonomiko zailaren egoera agerian jartzen saiatu dira. Ildo horretan, kexa horiek eskolatze-gastuen arteko desberdintasuna mahaigaineratzen dute, dela ikastetxe publikoa edo pribatu hitzartua, egoera hori alde batera utzi ezin dela argudiatzeko, hain zuzen, familien asmotik aldentzen diren eskolatze-proposamenak egiteko irizpideak ponderatzerakoan.


Hezkuntza Sailak nabarmendu du ikastetxe pribatu hitzartuen finantzaketa baldintzek eta eskola-garraio, -jantoki eta –materialerako familiei emandako laguntzek aukera ematen dietela herritar guztiei eskola-mapa konfiguratzen duten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe-sarean (bai titulartasun publikoko bai pribatu hitzartuko ikastetxeek osatutakoa) erabateko sarbide unibertsala izan dezaten.


Halaber, ikastetxe aldaketa edo lekualdaketaren aukerari lotutako kexa nahikotxo izapidetu ditugu, ikasleak onartzeko ohiko prozesua alde batera utzita. Egoera horren ondotik egiaztatu ahal izan dugu bi arrazoi daudela aurretik eskatutako zentroan ikasturte batez egotetik salbuesten dutenak: ikaslearentzako arriskua edo pairamendua dakarten egoerak eta hezkuntza-ikuskapenaren txosten baten bitartez behar bezala egiaztatuta egon daitezela, eta adin oso goiztiarretan distantzia esanguratsuetara aldatzea dakarten bat-batean jazotako helbide aldaketak -azken egoera hori eguneratutako erroldaren egiaztagiriarekin froga daiteke-.


Gure ustez, beharrezkoa da zenbait adingaberen eskolatzerik ezaren egoerarekin amaitzen saiatu diren erabaki judizialen gainean jarraitu diren eskolatze aginduak jorratu dituzten hainbat kasu aipatzea. Halaber, erakunde honetara jo dute deseskolatzea eta eskola-absentismoa errotik kentzeko onartutako programa aplikatzeko moduaren aurka dauden hainbat familiak. Gure iritziz, kexa horiek guztiek agerian jartzen dute gizarte-izaerako demanda bat dagoela “etxeko hezkuntza” edo “homeschooling“ izenarekin ezagutzen den hezkuntza-aukeraren inguruan.


Beste kontu batzuk aintzat hartuz, esan behar dugu, oro har, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako datuek optimistak izateko bidea ematen digutela, hain zuzen, hezkuntza-eskaintzaren etengabeko hobekuntzarako ezarritako adierazleen betetzeari dagokionez. Hori bai zailtasunik handienek zero eta hiru urteko hasierako tartean egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan.


Horri dagokionez, urte horretan aurkeztutako kexa guztien artean Barakaldon dagoen herritarren demanda bideratzeko asmoz aurkeztutako kexa gailentzen da. Jakin dugun eskaera horrek ekimen garrantzitsuak eragin dituela, horien artean, udalbatzak 2011ko abenduaren 29an egindako ohiko bilkuran onartutako mozioa. Horren arabera, dagozkion aginduak eman daitezen eskatu da Barakaldo Haurreskolak Partzuergoan sar dadin. Hain zuzen ere, mozio hori ez betetzeak herritarren demandari funtsa ematen dio, kontuan hartuta une honetan zero eta bi urteko tarte horretarako programatutako hezkuntza-eskaintza zabal dadin eskatuz erakunde honetan kexa moduan aurkeztu dela. Euskadiko Eskola Kontseiluak aurkeztutako Txostena 2008-2010 urteetakoak Barakaldon jazotako plaza eskasiaren arazo partikularrak biltzen ditu.


Hezkuntza-plangintza edo -programazioaren alderdiei dagokienez, 2012. urtean hainbat ebazpen eman ditugu Iruarteta HLHIren hezkuntza-komunitateak hala eskatuta izapidetutako kexen ondotik. Lehenengoa (Arartekoaren ebazpena, 2012ko urtarrilaren 31koa) ikastetxe honetara Mujika-Solokoetxe HLHIko ikasleak lekualdatzea hizpide duen hartutako erabakiari buruzkoa, hain zuzen, azken ikastetxe hori barne hartzen duen eraikinaren egitura berritzeko obren ondotik eta, jarraian, bigarrena (Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 12koa) Iruarteta HLHIren hezkuntza-eskaintza laugarren ildo batera zabaltzeko erabaki administratiboari buruzkoa. Bi ebazpenetan nahitaez aintzat hartu behar diren bi alderdi gailendu behar ditugu hezkuntza-programazioari edo –plangintzari lotutako hainbat kontu jorratzen direnean: alde batetik, egoeran sartuta dauden hezkuntza-agenteen parte-hartzea eta, bestetik, hartutako erabakien motibazio betea.


Hain zuzen, Irungo Elatzeta HLHIrako aurreikusitako hezkuntza-ibilbide berriari buruzko kexa bat izapidetzeak aukera eman digu egiaztatzeko hezkuntza-administrazioaren aldetik jarrera harkorra egon dela. Ildo horretan, interesdunei adierazi diegu oso positibotzat jo dugula Hezkuntza Sailak aintzat hartu izana familiek 2. zk.ko ibilbide hori prestatu eta indartzeaz arduratu den lantaldean (Hirubide BHI, Elatzeta HLHI eta Leka-enea HLHI zentroak barne hartzen ditu) zuzenean parte hartu izana.


Are gehiago, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Hezkuntza Batzordearen aurrean Arabako eskola-maparen berri emateko egindako Legebiltzarreko agerraldi batean gailendu nahi izan du aipatu mapa plangintza demokratikoaren ondorioa dela, hezkuntza-komunitatearen ordezkari guztien partaidetzarekin, erakunde honek behin eta berriro errepikatu duen moduan.


Aurreko honi lotuta, onartu behar dugu Gasteiz hirirako mapa berri honetan ezarritako programazioak aukera eman duela joan den urteko (2011) txostenean jaso genuen egoera bideratzeko; bertan haur kopuru esanguratsua geratu zen plazarik gabe ikasleen onarpenerako prozesuan.


2012. urtean Gasteiz hirian bi urteko geletan hezkuntza-plangintzan ezarritako adierazleen betetzearen jarraipena egiteko hasitako ofiziozko jarduera amaitu dugu. Ikastetxeen zuzendariak emandako erantzuna eta, bereziki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2012ko martxoaren 19ko saioan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izandako esku-hartzeak aukera eman du plaza eskaintza familien demandara egoki dadin hezkuntza-administrazioak egindako plangintzaren ahalegina berresteko. Hala, adierazi behar dugu 2012-2013 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesua itxi egin dela eta ez dela aparteko kexarik erregistratu Gasteizen zabalkuntza eremu berrietan bi urteko plazen eskaintzaren inguruan.


Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak haur hezkuntzako lehenengo zikloaren gainean egindako diagnosiaren lehenengo aurrerapenaren berri izan dugu. Jakin badakigu, diagnosi horren esparruan, hezkuntza-ikuskapenak txosten bat egin duela hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko geletarako langile laguntzaileei buruzkoa, eta honako alderdi hauek jorratzen dituela: (1) Bi urteko geletan Hezkuntza Sailekoak ez diren zenbat langile dauden; (2) eskaintzen dituzten zerbitzuaren modalitateak, kontratuen tipologia eta kontratatzen dituzten eragileak; (3) geletan langile horiek eman beharreko denbora –ordutegiak- eta esku-hartze motak; eta (4) familiek ordaindu beharreko kuotak.


Txosten hori egiterakoan sailak beharrezko esku-hartze ildoak zehazteko eta horretarako jarduera egutegi bat ezartzeko proposamenaren berri baino ez dugu izan. Hortaz, jarduera horrek eman ditzaken erantzunak ezagutzeko zain geratzen gara.


Lanbide heziketaren esparruan goi-mailako irakaskuntzen eskaintza handiagoa ez egotearen ondotik haserre dauden herritarren kexak jaso ditugu. Horrez gain, nabarmendu beharrekoak iruditzen zaizkigu zenbait interesdunek egindakoak, kontuan hartuta aldez aurretik euren aukeraren barruan dagoen familietako bati lotutako erdi-mailako ziklo bat gainditu ostean, probaren zati zehatza egitetik salbuetsita egongo zirela uste zutela. Haien matrikulak izapidetzerakoan horiek izapidetzeaz arduratzen ziren ikastetxeen akats baten ondotik, probaren emaitzak argitaratzerakoan, zati zehatzean kalifikatu gabeko hautagaitzat jo ziren. Dena den, azkenean, salatutako akatsak konpondu egin dira.


Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren onarpenaren berri eman nahi dugu. Horren bidez euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzen dira eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesten da (EHAA, 74. zk., apirilaren 16koa).


Halaber, berriz ere ikastetxe atzerritarretan euskara eta euskal literaturaren irakaskuntza ezartzearen ondotik sortutako arazoak mahaigaineratu behar ditugu. Tamalez, aipatu arazoek oraindik ere dihardute hainbat zentrotan, zehazki, San Bonifacio ikastetxe alemanean, eta arazook bideratzeko hezkuntza-administrazioaren jarrera erabakigarriagoaren falta sumatzen dugu.


Horrez gain, 2012. urtean Hezkuntza Marko Hirueleduna (HMH) (Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 22koa) esperimentatzeko hautatutako ikastetxe batean erabilitako ikasleen banaketarako irizpideen gaineko iritzia azaldu behar izan dugu.


Egia da HMHren jardun esperimentalaren ezaugarri diren orientabide ireki eta malguek ikasleak taldekatzeko hainbat irizpide barne hartzen dituztela, ikastetxeei aitortu zaien antolakuntza-, pedagogia- eta kudeaketa-autonomia gauzatuz. Kexa eragin duen kasuan, aukeratutako sailkapena justifikatzeko argudiatu da baliabide gehiago esleitu dituztela taldeen artean zeuden desberdintasunak orekatzeko. Izan ere, ematen du taldeen ebaluazioaren emaitzek erabilitako estrategia bermatzen dutela. Edonola ere, emaitza horiek alde batera utzita, noiz nolakoak baitira, erakunde honen ustez, komenigarria litzateke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak azterketa sakonagoa egingo balu. Horrela, ondorioztatu ahalko da HMH esperientzian parte hartzeko baldintzak egokiak diren haien prestakuntza akademikoa hezkuntza hirueleduneko proiektu horrekin bat eginez jarraitu nahi duten ikasleen aukera berdintasuna bermatze aldera.


Ikastetxeei dagokienez, adieraziko dugu Txingudi-Irungo ikastola HLHIko eta Txingudi BHIko gurasoen elkarteak erakunde honen esku-hartzea eskatu dutela, zenbait helbururen artean, ikastetxe horien ohiko mantentzean tartean dauden hainbat administraziok eduki behar duten ardura-maila zehazteko. Jakin badakigu ikastetxe horiek -ikastolak eta eskola publikoa batzeko prozesuaren ondorioz irakaskuntzako sare publikoaren zati direnak- egoera berezia ari direla pairatzen. Izan ere, hezkuntza-egitasmoaren eta -plangintzaren ondorioetarako Irungo udalerrian bizi diren ikasleei erantzuna ematea aurreikusi bada ere, zentro horiek dituzten ondare ondasunak eta 2011ra arte eman ez zen titulartasuna Hondarribiko Udalari dagozkio. Bideratutako izapideetan Hondarribiko alkatetzaren jarrerak harritu gaitu, kategorikoa izan baita Txingudi ikastolako instalazioak barne hartzen dituen eraikinen sarbideak eta instalazioak mantentzeko baliabide ekonomiko gehiago ez emateko erabakiari dagokionez.


Garraio eta jantoki zerbitzu osagarriei dagokienez, joan den urtean adierazi genuen garraio eta jantoki zerbitzu osagarriak konfiguratzeko moduak gure esku-hartzea baztertzea eragin zuela, hain zuzen, eztabaidatik salbuetsi gabeko hainbat kasutan, kontuan hartuta kudeaketa zuzenaren jantoki zerbitzuaren baimenak berekin dakarrela eguerdiko eskola-garraioaren zerbitzua ukatzea. Halaxe jazo zen Duranako Ikasbidea Ikastola IPIren inguruan aurkeztutako kexarekin.


Horri dagokionez, 2012. urtean agerian jarri behar da Ikasbidea ikastolako autobusaren erabiltzaileen guraso elkarteak (TTIPI-TTAPA Ikasbidea elkartea) hilabeteak daramatzala haren eskaeretan aintzat hartzeko bide formal bat gaitzeko helburuaren inguruan lanean. Ildo horretan, erakunde honen bitartez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean mahaigaineratutako eskaera bat berariaz ebazten ahalegindu gara baina, saiakerak behin eta berriro egin arren, oraindik ez dugu aldeko emaitzarik lortu.


Halaber, eztabaida eragin du hezkuntza-administrazioak hartutako erabakiak, alegia, Ametzaga, Sarria eta Bitoriano herrietan bizi diren ikasleei ematen zitzaien eskola-garraioaren zerbitzua eteteari buruzkoak. Eskola-kontseiluetako hainbat ordezkarik, baita Arabako Zuia udalerriko ikastetxeetako gurasoen elkarteetakoek ere, gure bitartekaritza eskatu dute.


Jantoki zerbitzuari dagokionez, jankideek garraiorako eskubidea izan edo ez izatearen arabera ordaindu behar dituzten zenbait prezio zalantzan jartzen dituzten kexak gailendu behar ditugu.


Zerbitzu horren gaineko irizpideek xedatzen dute garraiorako eskubidea duen ikaslearen jantokiko kuota eskubide hori ez duenarena baino baxuagoa izan dadin. Azken horiek tratu desberdintasun horretaz kexu ziren eta, gure iritziz, ez dakar oinarririk gabeko bereizkeria, eskola-jantoki zerbitzua ezartzeko lehentasuna lotuta baitago eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleak egoteari.


Hala, iruditzen zaigu kexa horiek agian agerian jartzen dituztela krisi ekonomikoaren ondorioak, beste ekitaldi batzuetan ez baitira mahaigaineratu, kontuan hartuta duela gutxi arte jantokirako eskubidea lortzeaz baino arduratzen ez ziren familiek orain prezio sistema zalantzan jarri dutela.


Horrez gain, azken urteotan familia batzuek behin eta berriro egindako bi eskaera jorratzen ari gara. Horietako bat, dieta begetarianorako aukera aitortzea, azkenean onartu egin dena. Hain zuzen, Administrazioen eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra. Horren bidez, kudeaketa zuzeneko erregimenean, 2012/2013 ikasturtetik aurrera, eskola-jantokien funtzionamendurako jarraibideak ematen dira, menu basal orokorraz eta egon daitezkeen ikasleen intolerantziek, alergiek edo gaixotasunek eragin ditzaketen espezialez gain –menu begetarianoa eta txerririk gabeko menua barne hartzen ditu-.


Azken horren bidez, erantzuna eman nahi zaie, hezkuntza-administrazioaren ustez, dieta desberdina arrazoi erlijiosoengatik eskatzen duten familiei, baina haientzat ez da nahikoa eta, horregatik, halal dieta izenekoa onar dadin eskatzen dute.


Eskaera hori, besteak beste, Euskadiko Kontseilu Islamikoak sinatu du eta haren eskaerak beste esparru batzuetara zabaltzen ditu, adibidez, arabiera eta Marokoko kultura irakastera bideratutako Espainia eta Maroko arteko programaren esparruan irakasleak kontratatzera.


Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, 2012. urtean osasun-arloko premia jakinei buruzko kexak (1 motako diabetes mellitus) izapidetzen jarraitu dugu eta eskola-orduetan eskaini beharreko osasun arreta bereziari buruzko zirkularra, 2005eko azaroan onartutakoa, gure jardueraren oinarritzat hartu dugu.


Halaber, 2012ko azaroaren 29ko Arartekoaren ebazpenean adierazitakoa gailendu behar dugu, hain zuzen, hezkuntza-premia bereziak dituen adingabe baten kasua (haren familia-etxebizitzatik gertu dagoen hitzartutako zentro batean matrikulatzea baimendu zaio eta hezkuntza-laguntzarako espezialista bat behar du).


Halaber, Euskal Gorrak - Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak berriro ere entzumen ezgaitasunen bat duten ikasleen premien inguruko hainbat kexa helarazi dizkigu, bereziki hizkuntzak, lanbide heziketako ikasketa jakin batzuk edota, areago, unibertsitate ikasketak egiten ari direnenak.


Horrez gain, familia baten kexa ebazteko aukera izan dugu. Familia horrek haren semearen txosten psikopedagogikoak eskuratu nahi zituen, baita adingabeak, La Ola eskola itxi eta Berango-Merana HLHIko gela egonkor batean eskolatuta egon ostean, Getxoko Julio Caro Baroja BHIn egon eta gero, gelako arduradunaren, laguntzarako langileen eta garraio-arduradunen laguntzarekin lekualdatu zituzten egiaztatu ere.


Beste urtebetez, eragindako familia batzuek azpimarratu dute gaindohatzeko baldintza pertsonalei loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten eta arreta faltaren nahasmenduak dituzten ikasleei erantzun hobea ematen ahalegintzeko premia. Horri dagokionez, Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa abian jartzeak xede hori lortzeko beharrezko estrategiak indartzeko aukera emango duelakoan gaude.


Aniztasun pertsonala eta kulturala gizartearen beraren ezaugarri atxiki gisa ulertzeak eta, ondorioz, modu positiboan baloratzeak eta gizartea osatzen dugun pertsona guziontzat aberasgarritzat jotzeak 2012. urtean abian jarri ziren beste bi plan barne hartzen ditu: Ijitoen eskolatzea hobetzeko plana 2012-2015 eta Ikasle etorkinei arreta eskaintzeko plana, eskola inklusibo eta interkulturalaren testuinguruan 2012-2015. Argi dago erakunde honek urteetan zehar jarraipen berezia egin duela bi kolektibo horietako haurren eskolatzearen inguruan; izan ere, erakundearen ustez, zaurkortasun egoera berezian daude. Ikuspuntu hori oinarritzat hartuta, poztasunez hartu ditugu plan eta lan-proposamen horiek, Ararteko erakundeak egindako iradokizun eta gomendioekin bat datozen jarduerak biltzen dituztenak eta euskal haur guztien (euren jatorria, identitate kulturala edo maila sozio-ekonomikoa alde batera utzita) aurrerapena berdintasun baldintzetan saihesten duten oztopoak gainditzeko bide eraginkorra izango direlakoan gaude.


Ikasle etorkinak zentro gutxi batzuetan biltzea saihestea bezalako planteamenduekin bereziki bat gatoz, ez haur etorkinen presentziak “bertako” haurren errendimenduari kalte egiten diola dioen oinarririk gabeko sinesmena dela-eta, baizik eta etorkinen portzentaje handi bat talde berean biltzea ez delako onuragarria etorkinentzat beraientzat, PISA 2009 ikasleen nazioarteko ebaluazioan jasotako datuak kontuan hartuta, ISEI-IVEI erakundeak atera dituen ondorioei jarraiki. Ikasleen errendimendua ez da baxuagoa kanpoan jaio izan direlako bakarrik. Goian aipatutako planaren diagnosi-oinarria izan den ikerketa horren arabera, kalifikazioetan dagoen aldea “euren ezaugarri sozioekonomikoen eta kulturalen bitartez azaldu daiteke”. Egoera ekonomikoak familia jakin bat non biziko den eta euren seme-alabak zein ikastetxetan ikasiko duten zehazten du. Begi bistakoa da etorkin gehienak hirietako gunerik txiroenetan bizi direla eta eremu horietako eskoletan bildu ohi direla. Beraz, administrazioaren ardura da bere esku dauden baliabide guztiak baliatzea baztertzaileak edo bidegabeak izan daitezkeen jarduera mota guztiak saihesteko. Ez bakarrik arrazoi pedagogikoak direla-eta, baita gizarte mailako arrazoiengatik ere: zentro edo sektore jakin batzuen ghettizazioa edo estigmatizazioa saihestea eta gizarteratzea sustatzea.


Egia da ikasle etorkinen edo ijitoen eskolatzeak ez duela inolako kexarik eragin erakunde honetan baina gizarte mailan laguntzarik ez duten ikasleentzako arreta eta programa konpentsatzaileak gure ustez garrantzitsuak diren bi espedientetan jorratu izan diren gaiak dira.


Horietako lehenengoak Gasteizko “Pedro Anitua” Hezkuntza Konpentsatzaile eta Lanbide Heziketarako Partzuergoaren deuseztapena dauka hizpide. Gure ofiziozko jarduera abian jartzea eragin zuen gertakaria hauxe izan zen: 2012ko ekainean, partzuergo horren Gizarteratzeko eta Laneratzeko Hezkuntza Ikasgelen (AISE) programaren deuseztapen posiblea. Dena den, zenbait hilabete beranduago partzuergoa bera desagertu zen, 27 urtetan zehar lanean aritu ostean.


Jasotako informazio guztia aztertu eta gero, ondorioztatu genuen 2011. urtean Arabako Foru Aldundiak bat-batean AISE programaren finantzazioa bertan behera utzi zuenez eta Gasteizko Udalak ordura arte egiten zuen ekarpen ekonomikoa aurreko urteekin alderatuz murriztu zuenez, horrek guztiak desoreka ekonomiko garrantzitsua eragin zuela. Are gehiago, partzuergoa “larriki zauritua” geratu zen eta ezin izan zuen 2012-2013 ikasturterako prestakuntza eskaintza bat abian jartzeko erronka bere gain hartu, ezta Hasierako Lanbide Prestakuntza Programen atalean ere. Estatutuen 3. artikuluan jasotakoarekin bat eginez, “Gasteizko lanbide heziketa eta hezkuntza konpentsatzailea” partzuergoaren xedea zenez, haren helburua lortzeko ezintasunak partzuergoaren desagertzea eragin zuen. Edonola ere, Hezkuntza Sailak Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programen jarraitutasuna bermatu zuen eta ohiko baldintzak mantentzen saiatu zen, ordura arte kudeatzen zituen erakundeak bere lana burutzen jarrai zezala bide alternatiboak topatuz. Gainontzeko programa eta zerbitzuak desagertu ziren.


Gertakari horrek gure artean eragin duen lehenengo erreakzioa atsekabe handia izan da. Jakin badakigu partzuergoaren jarraitutasunari buruzko erabakia bazkide diren erakundeen legezko erabaki politikoen eremuaren barruan eta lehentasunak ezartzeko lana zailtzen duen aurrekontuak mugatu dituen testuinguru estu baten barruan dagoela. Hala eta guztiz ere, adierazpen publiko zein pribatuetan aditzera eman ohi dugun moduan, ez daukagu inolako zalantzarik jarduera konpentsatzaile eta prebentzio jarduerek haurren eta nerabeen hezkuntzarako eskubidearen gauzatzean duten balioaren inguruan. Gure ustez, partzuergoak sortu zituenak bezalako hezkuntza inguru konpentsatzaile horiek modu erabakigarrian laguntzen dute desberdintasunak gizarteratzean eta arriskuan dauden gazteek gaitasunak, ezagutzak eta jarrerak eskura ditzaten bidea errazten dute, eginkizun eta funtzio ezberdinak gara ditzaten pertsona helduaren estatusa lortu arte, emantzipazioa sustatuz.


Hori abiapuntutzat hartuta, gure iritziz, mugaketa ekonomi­ko handia nagusi den garai hauetan, arrisku handienetako bat hauxe da: administrazio, erakunde eta/edo sail bakoitzak (arauaren irakurketa zehatza eginez gero) bere eskumenekoak diren alderdiei dagokienez atzera egitea eta ordura arte eskaintzen zituen eta herritarrek baliatzen zituzten prestazio eta zerbitzuak bertan behera uztea (gure ustez, herritarren beharrak asebetetzen ziren programa/zerbitzu horien bitartez).


Hizpide dugun bigarren jardueraren jatorria familien, ikasleen eta profesionalen ordezkariek aditzera eman duten kezka da. Kezkaren arrazoia da orain arte Bilboko Udalak eskaintzen zuen Udako-Neguko Eskola gizarte- eta hezkuntza-laguntzarako programaren murrizketa gogorra. Programa horren xedea laguntzarik jasotzen ez duen gizarte inguruneko gazteei gizarte zein hezkuntzako laguntza ematea zen. Modu paraleloan hainbat dei jaso ditugu gure esku-hartzeari lotuta: zuzendaritza taldeak, ikastetxe jakin batzuetako gurasoen elkarteak, kolektibo pedagogikoak, 5. Barrutiko Gizarte, Hezkuntza eta Osasun Baliabideen Mahaia, etab.


Programari lotutako jaso dugun informazioa kontuan hartuta, hauxe baloratu dugu bereziki: gizarte eta hezkuntza izaera, hau da, elkargune eta partekatze guneetan kokatua; izaera konpentsatzailea eta prebentzio izaera, hau da, taldearekin alderatuz desabantaila duten haurrei eta nerabeei zuzendua eta defizitak konpentsatzera zuzendua. Prebentzio izaera dauka arrisku eta zaurkortasun egoerek okerrera egitea zailago bihurtuko duelako; familien artean sortutako konfiantza eta laguntzeko eginkizuna, batez ere gurasoei, euren guraso-eskumenak garatze aldera (harremanetan jarri diren pertsonek gehienbat alderdi hori aipatu izan dute); komunitate izaera, mutikoen eta neskatilen inguruan bertan garatzen delako, filosofia normalizatzaile baten barruan, estigmatizazioaren aurkakoa; eta, azkenik, herrialdean duen errotzea eta gizarte-hezkuntzako eragileen sarean duen eginkizuna, izan ere, kasu batzuetan familien eta baliabide komunitarioen arteko (edo, batzuetan, azken horien arteko) elementu “konektore” bilakatu baita.


Aurreko kasuan bezala, erabakia udalaren legezko politiken erabakien esparruan kokatzen dela ulertzen dugun arren, egokitzat jo genuen unera arte zerbitzu hori jasotzen zuten 600 ume baino gehiagok ordutik aurrera izango zuten egoerarekiko gure kezka helaraztea eta programa eragiten zuten beharren estaldurari buruzko aurreikuspenen inguruan galdetu genuen.


Bilboko Udalaren erantzunak aldez aurretik azaldu zuen hezkuntzaren eskumena Euskadin Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokiola eta udal programa horren existentzia nolabait azaldu zuen: duela hamar urte baino gehiago hasi zen une hartan ez baitzegoen programen bidezko gaur egungo eskaintza bezalako eskaintzarik ikasleen gizarte eta kultura inguruari loturiko beharrak bideratzeko.


Argudio horiei erantzunez adierazi genuen moduan, ez dugu zalantzan jarriko hezkuntzarako eskubidea bermatzeko eskumena, hezkuntza behar berezi eta zehatzak dituzten haurrentzako derrigorrezkoak diren laguntzekin baina zalantzaren bat sortu da programak berdintsuak direla baieztatzeari dagokionez. Bestalde, administrazio edo erakunde jakin bat eskumenduna izateak argi uzten du zeinena den jarduteko erantzukizun saihestezina baina horrek ez du esan nahi gainontzekoak modu osagarrian jardun ezin dutenik, eremu jakin batzuetan ekintzak bideratu ahal izateko lankidetzan aritzea ezinbestekoa baita. Une honetan koordinazioak berebiziko garrantzia eskuratu du, koordinazioa baita bikoiztasunak eta sakabanaketa saihesteko helburua lortzea bermatuko duena. Gainera, horri esker, herritarrek euren beharrentzako erantzunak jaso ahalko dituzte.


Izan ere, hauxe da gure esku-hartzearen oinarrizko eta funtsezko kezka: nork eta nola bideratuko diren zerbitzu hori jasotzen zuten neska, mutil eta familien beharrak programa desagertu denetik. Zentzu horretan bai lepora genezake, behintzat gure ikuspuntutik, ordura arte eskaintzen zen eta herritarrek jasotzen zuten zerbitzua bertan behera utzi izana, behar horren estaldura bermatuko duen eta eskudun izan daitekeen beste administrazio, erakunde edo sail baten erreleboa behar bezala kudeatu gabe.


Azkenik, eskola-bizikidetzari dagokionez, gure jarduerak ikastetxe batean berdinen artean jazotako tratu txarren kasu bati lotutako jarduera amaitzen duen 2012ko martxoaren 27ko Arartekoaren ebazpena aipatuz laburtuko ditugu. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako 2. mailan ikasten zegoen bitartean berdinen arteko tratu txarren kasu batean egon zen gazte baten familiak erakunde honen esku-hartzea eskatu du, hezkuntzako agenteek egoera horren aurrean jardun zuten moduagatik. Erakunde honek positiboki baloratzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeetan berdinen artean gertatzen diren tratu txarrekin lotutako episodio posible guztiak ahalik eta arintasun, eraginkortasun eta segurtasun handienaz jorratzeko egiten duen ahalegina. Horretarako neurria izan da, esate baterako, Ikastetxeetan berdinen arteko tratu txarrak gertatzen direnean jarduteko gida eta Eskolan ciberbullying-aren aurrean jarduteko protokoloa gida berriak onartu izana. Hala ere, kexa honetan aztertutako kasuaren errealitatearen ondorioz, berriz ere azpimarratu behar dugu jarduera burokratizatuak ekidin behar direla eta tratu txarren errealitatearen diagnostiko ona egiteko, biktimei laguntza, babesa eta segurtasuna emateko eta ukitutako familiekin konfiantzazko harremana eta komunikazio ona izateko helburu saihestezinak era arrakastatsuan bete eta aseko dituzten gida berri hauen aplikazio sistematiko eta eraginkorra sakondu behar dela.


Arazo horri dagokionez, 2012an Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren jarduerari hasiera eman genion. Ararteko erakundeak bertan parte hartzen du osoko bilkurako kide gisa. Horrela bada, eremu bikoitza sortzen da, denboran modu sistematiko eta egonkorrean, beharrezkoa den burutzarekin eta esku hartzen duten agente eta talde ezberdinen presentziarekin, errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetzaren sustapenean aurrera eginez.


Behatokiak bilatzen dituen helburuetako bati jarraiki (ikusi 19/2012 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortzeko dena), urteko bigarren osoko bilkuran ISEI-IVEIk Ikasleen arteko tratu txarrak Lehen Hezkuntzan eta DBHn izeneko 2012ko txostenari buruz egindako ikerketa aurkeztu zen. Azterlan horrek adin ezberdinetako ikasleek euren zentroan eta hurbileneko inguruan gertatzen den ikasleen arteko tratu txarrari buruz dituzten iritziak eta ikuspuntuak biltzen ditu eta errealitate horren inguruko informazio oso garrantzitsua eskaintzen du. Azterlanak lortutako emaitzak aurreko ikerketetan (2004, 2005, 2008 eta 2009) lortutakoekin parekatzen ditu eta horren bidez antzemandako aldaketen azterketa eta balorazioa egin daiteke, baita arazoa konpontzeko bideratutako neurrien eraginarena ere. Hala eta guztiz ere, 2012ko txostenak aldagai kopuru gehiago gaineratu ditu azterketan (18 Lehen Hezkuntzan eta 19 Bigarren Hezkuntzan, azterlan guztietan egin izan diren 12 eta 13 aldagaien aurrean, hurrenez hurren) tratu txarren testuinguru berriak islatzeko helburuarekin, hala nola, ziberbullyinga, edo egun arte ezkutuan zeuden tratu txarraren ezaugarriak ikusarazteko, besteak beste, eraso homofobikoa.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)