Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea

2010eko txostenean adierazi genuen eta irmotasun handiagoz azpimarratu genuen 2011koan kezkatuta geundela iruditzen baitzitzaigun haurren pobrezia-egoerak nolabait handitu egin zirela, kontuan hartuta une haietan gure lurraldeari zuzenean lotu gabeko zantzuak edo informazioa bakarrik genituela. Maiz hartu-eman ona izaten dugun eta haurren egoera jorratzen duten gizarte erakunde, profesional eta pertsonen hitzek, baita diru-sarrerak bermatzeko sistemari lotutako kexak ugaritu zirela egiaztatzeak ere (aurreko urtekoak hirukoiztu eta % 3.000 baino gehiago handitu aurreko bi urteekin alderatuz gero; horietako askotan haurrak tartean)- ez ziguten aukerarik eman berri onak iragartzeko.


Hala, urtearen azken hiruhilekoan azterlan kuantitatiboa egiteko eskatu zen krisiak EAEko haurrengan zuen eragina ezagutu eta agerian jartzeko. Ondoren, hori kontuan hartuta, epe ertainean eta luzean gastu publikoaren murrizketa eta egokitzapen-neurriak jorratzen dituzten politikek izan ditzaketen ondorioen inguruko hausnarketa bultzatzeko, gazteenen etorkizuneko aukerak zehaztuz. Jarraian, azterlanaren ondorio nagusiak hitzez hitz aipatuko ditugu.


2007an hasitako dezelerazio ekonomikoa ondorio oso larriak ari da eragiten herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean. Edozelan ere, krisi ekonomikoaren eragina ez da ari izaten homogeneoa herritarren artean, gehiago ari baitzaie eragiten bereziki zaurkorrak diren gizarte taldeei. Horien artean, haurrak dira pobreziaren arriskua pairatzeko aukera gehien dituztenak ekonomia, gizarte, partaidetza, lege eta politika mendetasunaren ezaugarriak kontuan hartuta.


2012. urtearen hasieran, La infancia en España 2012-2013: el impacto de la crisis en los niños” Unicef (“Haurrak Espainian 2012-2013: krisiak haurrengan duen eragina” UNICEF) txostenak hauxe jarri zuen agerian: haurrak dira krisiaren azken erantzuleak baina beste gizarte talde batzuk bezainbeste edo gehiago ari dira sufritzen haren ondorioak. Aldi berean, haiek nozitzen ari diren eragina ez da ari izaten hain bistakoa krisiari eta haren ondorioei aurre egiteko gaitasun gutxien (banaka eta taldean) dutenak baitira”. Azterlan horrek ohartarazi zuen Espainian haurren pobrezia arriskua handitu egingo zela –une hartan kotak % 26 baino handiagoak ziren-. Ordutik hona, kezkaz beteta geure buruari galdetzen genion halako zenbat egoera paira zitzaketen euskal gizataldeek.


Azterlan horretan egindako analisi kuantitatiboak guztiz eskuragarri dauden estatistikako bigarren mailako iturrietako 58 adierazleren sistema du oinarri, analisi konparatzailerako berriki eguneratutakoak eta estrapolatutakoak (Euskal Autonomia Erkidegoaren, Espainiaren eta Europar Batasunaren artean). Adierazle horiek hainbat eremutako informazioa ematen digute: pobrezia eta eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, osasuna eta aisia.


Krisiaren eragin nabarmenetako bat pobrezia gehitzea izan da. EAEn pobrezia larriko egoeretarako ezarritako atalasetik (batez bestekoaren % 40) beherako diru-sarrerak dituzten familietan bizi diren 15 urtetik beherakoen proportzioa % 3,5etik % 6,2ra pasa da 2008tik 2012ra. EAEn pairatutako hazkundea Espainian tarte berean erregistratutakoa baino txikiagoa bada ere, kontuan hartu beharra dago ia 3 portzentaje-puntuko igoera gertatu dela.


Pobrezia erlatiboko tasak (batez bestekoaren % 60ko atalasea kontuan hartzen duena) estatuko batez bestekotik dezente beherago dagoen balioa dauka eta ez du erakutsi okerrerantz doanik, baina 15 urtetik beherako herritarren %16,1 eragiten dio une honetan.

 

(16. grafikoa)
Pobrezia larri/altuko arriskuan eta pobrezia erlatiboko arriskuan dauden 15 urtetik beherako haurren %. (Eurostat metodoa). EAEko eta Espainiako bilakaera 2008-2012

Iturria: EAEko datuak Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkestatik hartu dira. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza. Espainiako datuak Bizi-baldintzen Inkestatik hartu dira. EIN.
Pobrezia larria/altuaren adierazleari buruzko oharra: Espainiarako eskura dauden azken datuak 2010ekoak dira. Espainiako datuek 28 urtetik beherako adingabeei buruzkoak dira.
Pobrezia erlatiboaren adierazleari buruzko oharra: Espainiarako eskura dauden azken datuak 2012ko behin-behineko datuak dira eta 16 urtetik beherako adingabeen adin-tartea dute hiz­pide.

 

 

Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak garatutakoa, oraintsu argitaratu da 2012ko edizioan. Errealitate hori mugatzeko eta bertan gehixeago sakontzeko beste pobrezia-adierazle batzuetarako datuak eskaintzen ditu inkesta horrek.


Lehenik, esan dezakegu pobreziak eragin handiagoa duela adin txikiko biztanleengan. EAEn, 15 urtetik beherako biztanleengan mantenu-probrezia izateko arrisku-tasa %11,7koa da, hau da, biztanleentzat oro har lortzen den tasa baino 4 puntu pasatxo gehiago. Krisia hasi zenetik izan duen 2,6 puntuko igoera ere biztanleria osoak izandakoa baino handiagoa da. Datu absolutuetan, 15 urtetik beherako 35.000 haur baino gehixeago beren oinarrizko beharrei aurre egin ezinik geratzeko arriskuan dauden familietan bizi dira.


Gainera, 15 urteko euskal adingabeen %22,2 inguru, oinarrizko premiak asetzetik haratago, euskal gizartean espero diren ongizate eta erosotasuneko gutxieneko mailak mantentzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko diru-sarrera nahikorik gabe bizi da. Guztira 66.458 adingabe daude arriskuan, EAEn ongizate gabeziagatiko arriskuaren eragina duten pertsona guztien 15,6%.

 

(17. grafikoa)
Mantentze-pobreziako arriskuan eta ongizate gabeziako arriskuan dauden 15 urtetik beherako haurren %. (Eurostat metodoa). EAEko eta Espainiako bilakaera 2004-2012

Iturria: EAEko datuak Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkestatik hartu dira. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza. Espainiako datuak Bizi-baldintzen Inkestatik hartu dira. EIN.
Oharra: EAEko 2012ko eta 2008ko datuak datu doituak dira (2012ko atalaseak), 2004ko datua, berriz, urte hartan argitaratutako txostenetik dator eta ez dago doitua. Espainiako datuak gutxi gorabeherakoak dira, 16 urtetik beherako herritarrei egiten diete erreferentzia eta Eurostat metodoaren araberako pobrezia erlatiboko (batez bestearen % 60) arriskuari dagozkio..

 

 

Haatik, normalean erabiltzen diren pobrezia-adierazleetan, esan dugunez, diru-sarreren maila kontuan hartuta aipatzen da pobrezia egoera jasateko arriskua, baina arrisku hori beti ez da benetako pobrezia edo prekarietate bihurtzen. Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkestan erabilitako benetako pobreziaren adierazleek kontuan hartzen dute ez bakarrik diru-sarrera nahikorik ez izatea (arriskuan egotea), baizik eta baita ere egoera hori beste elementu batzuekin nahastea. Azken elementu horiek egoera orekatu dezakete ala ez.


Haurrei dagokienez, 15 urtetik beherako herritarren % 9,5ek pairatzen zuten 2012an EAEn mantentze-pobrezia errealeko egoera (gogora dezagun arriskuan zeuden adingabeen zenbatekoa % 11,7koa zela) eta adingabeen %14,1ek ongizate falta errealeko egoera (% 22,2 arriskuan). Adierazle horien datuak argiago azaltzen dute 2008. urtearekiko hazkundea.

 

(18. grafikoa)
Mantentze-pobrezia errealeko egoeran dauden 15 urtetik beherako haurren %. EAEko bilakaera 2008-2012

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza.

 

 

(19. grafikoa)
Ongizate-gabezia errealeko egoeran dauden 15 urtetik beherako haurren %.
EAEko bilakaera 2008-2012

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza.

 

 

Honatx azterlaneko beste datu esanguratsu bat: 14 urtetik beherako kideren bat duten familiak osatzen dituzten herritarrentzako pobrezia-arriskua herritarrentzat orokorrean zenbatetsitakoa (% 7,3) baino 3,4 portzentaje-puntu altuagoa da eta % 10,7koa da. Gainera, adingabeak bizi diren familia guztietatik, pobreziarako arrisku berezia dute: guraso bakarreko familiek, atzerriko nazionalitatea duen pertsona baten mendeko familiek, kualifikazio baxuko edo 35 urtetik beherako familia-burua duten familiek.


Gabetze-adierazleek pobrezia azterketen ikuspegi osagarria eskaintzen digute eta gastuari eta kontsumo ereduei, familiek zailtasun ekonomikoei aurre egiteko dituzten estrategiei, familien lehentasunei, etab. buruzko informazioa gaineratzen du. Oro har, krisi ekonomikoak errentaren batez besteko mailaren beherapena ekarri du, baina, era berean, eragin handia izan du kontsumo ereduen eta beharrak asetzeko estrategien aldaketan.


Joera orokorra lehenik eta behin funtsezkoenak ez diren gastuak murriztea eta ondoren oinarrizkoak murriztu behar izan arte itxarotea da. Horregatik, azpimarratu beharra dago, herritarren % 16,7 premia biziko gastuak murriztu behar izan dituzten familietan bizi direla, duela lau urte erregistratutako tasa bikoizten duena.


Azken urtean bigarren eskuko jantziak erabili dituzten familietan bizi diren pertsonen ehunekoak ere gora egin du, 2012an EAEko herritarren % 7,1era igo baita, krisiaren hasieran % 3,7 inguruan kokatzen zen bitartean.

 

(20. grafikoa)
Arrazoi ekonomikoengatik 10 urte baino gutxiagoko ibilgailurik ez duten, oinarrizko premien gastuak murriztu dituzten eta azken urtean bigarren eskuko jantziak erabili dituzten familietan bizi diren herritarren %. EAEko bilakaera 1996-2012

  1996 2000 2004 2008 2012
Arrazoi ekonomikoengatik 10 urte baino gutxiagoko ibilgailurik gabeko familietan bizi diren herritarren % 16,2 14,8 14,5 14,8 18,3
Oinarrizko premien gastuak murriztu dituzten familietan bizi diren herritarren % 7 6,3 9,1 8,1 16,7
Azken urtean bigarren eskuko jantziak erabili dituzten familietan bizi diren herritarren % 5,1 3,7 5,8 3,7 7,1

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza.

 

 

Euskal familien ia %17k aitortu zuten 2011n nekez edo oso nekez iristen zirela hilaren bukaerara; tasa hori kezkagarria da, bada urtebeten bakarrik, 2010 eta 2011 bitartean, 1,7 puntu hazi da. Gainera, EAEko familietako %20,9k ez zuen gaitasunik 2011ko ustekabeko gastuei aurre egiteko, Espainiakoa baino 15 puntu baxuagoko zifra izan arren, EAEn urtebete lehenago erregistratutakoa baino 1,9 puntu handiagoa da.


Beste datu interesgarri batek azaltzen duenez, familia askok koltxoi motaren bat duten neurrian (aurrezkiak, familien laguntza…), nolabaiteko atzerapena egoten ohi da krisi ekonomikoaren hasieraren eta bere eragin guztia pairatzen deneko unearen artean. Horrela bada, EAEko herritarren % 12,3 2012an euren betebeharrei eta ohiko gastuei aurre egiteko aurrezkiak neurri handi batean erabili behar izan dituzten familietan bizi da, 2008an erregistratutakoa hirukoizten duen tasa.


Halaber, denbora tarte berean, euren gastuak estali ahal izateko senideei, auzokideei, lagunei edo erakundeei dirua eskatu behar izan dizkieten familietan bizi diren pertsonen ehunekoa bikoiztu egin da. Horietatik %12,9 dira.


Etxebizitzaren adierazleei dagokienez, soilik 3 datu nabarmenduko ditugu:

  1. 1. Ordaindu gabeko jabetzako etxebizitza duten 10 familietatik ia 3k harekin loturiko gastuetarako diru-sarreren % 30 baino gehiago bideratzen dute eta alokairuan bizi diren 10etatik 6 egoera berean daude.

  2. 2. 2012an, EAEko herritarren % 5,9 etxebizitzarekin loturiko gastuak ordaindu ez izanagatik edo atzeratu izanagatik sortutako arazoak dituzten familietan bizi da, 2008an egoera horrek % 2,9ri besterik eragiten ez zion bitartean.

 

(21. grafikoa)
Ordainketak (alokairuak, kredituak, hipotekak, ordainagiriak) burutu ez dituzten edo atzeratu dituzten familietan bizi diren herritarren %. EAEko bilakaera 2004-2012

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza.

 

 

(22. grafikoa)
Azken neguan uneren batean hotza pasa duten familietan bizi diren herritarren %. EAEko bilakaera 1996-2012

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza

 



  1. 3. Herritarren % 8,3 etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko aukerarik ez izanagatik azken neguan uneren batean hotza pasa duten etxebizitzetan bizi da. Hotza pasa duten familia pobreetako herritarren kopurua 33,6% ingurukoa da.

 

 

 


Enpleguaren
arloan, ez dago dudarik lanik eza dela biztanleen pobreziarako eta gizarte-bazterketarako arriskua gehien areagotu duten aldagaietako bat. Lan-merkatuan ez parte hartzeak edo oso gutxi parte hartzeak bazterketa-prozesuak hastea eragiten edo bultzatzen dute, eta horiek zuzeneko ondorioak dituzte beste gizarte-eskubide batzuk baliatzean.


Langabezia tasa maila kezkagarrietara heldu da. 2012ko hirugarren hiruhilekoan, EINen zenbatespenen arabera, EAEko biztanleria aktiboaren % 15,5 langabezian zegoen, hau da, bi urte lehenago baino 5 portzentaje-puntu gehiago eta ekonomia dezelerazioaren hasiera baino lehenago erregistratutako tasa baino 9 puntu gehiago. Espainiako batez bestekoarekiko aldeko ia 10 puntuko distantzia mantentzen duen arren, ia 5 puntutan gainditzen du Europar Batasuneko batez bestekoa eta, ondorioz, EAEko 157.700 pertsona 1 langabezian daude gaur egun. Esan dugun moduan, pobreziak herritar guztiengan eragin bera ez duen bezala, langabezia eta lana neurri ezberdinetan sakabanatzen da. Hainbat gizarte taldek aukera handiagoa dute eragina pairatzeko euren sektore ekonomikoaren, kontratazioaren izaeraren edo kualifikazio mailaren arabera.


Interesgarria da pobreziaren eta langabeziaren arteko harremana aztertzea. Langabezian dagoen pertsona baten mendeko familia batean bizi diren pertsonen mantentze-pobreziako arriskua % 49,4koa da (batez beste orokorra baino 42,1 portzentaje-puntu gehiago).


Are gehiago, zenbatetsitakoaren arabera, 2012an EAEko familien % 8,10ek dituzte euren kide guztiak langabezian, hau da, duela bi urte besterik ez egoera horretan zeuden familien bikoitzak. Kasu horietan pobrezia-arriskua % 7,3tik (tasa orokorra) % 45,7ra igotzen da.

 

(4. taula)
Kide guztiak langabezian dituzten familien %. EAE eta Espainiako bilakaera 2006-2012

  Eskura dagoen azken datua Aurreko urteetako datuen seriearen bilakaera
Lurralde eremua 2012  (III. hiruhilekoa) 2010  (III. hiruhilekoa) 2008  (III. hiruhilekoa) 2006  (III. hiruhilekoa)
EAE 8,1 4,71 2,63 2,51
Espainia 13,36 10 5,02 3,28

Iturria: Biztanleria Aktiboaren Inkesta. EIN

 

 

Ikusten dugun moduan, langabeziaren eta pobrezia-tasen arteko lotura dago, baina eraginak garrantzi gehiago edo gutxiago dauka gizarte babeserako sistemen erantzunaren arabera. EAEko pobrezia-tasak Europar Batasunekoen azpitik eta, bereziki, Espainiako batez bestekoaren azpitik kokatzea Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren eragin positiboari lotzen zaio gehienbat. Prestazio horiek, kasu batzuetan, mantentze-pobreziaren atalasea gainditzeko aukera eskaintzen dute eta, beste batzuetan, atalase horren eta eskura dituzten diru-sarreren arteko aldea murrizteko aukera.


Hala eta guztiz ere, aipatu beharra dago, prestazio horiek jasotzeko eskubidea mantendu bada ere, krisiaren eragina nabaritu dela, izan ere, hileroko zenbatekoa murriztu da eta prestazioak eskuratzeko baldintzak zorroztu dira. Horregatik, bereziki garrantzitsua izango da lan honetan aurkezten diren adierazle multzoaren bilakaeraren jarraipena egitea, neurri batean, sistema honek krisi egoeretan duen indarra ebaluatzen lagundu baitezakete.


Edukien azken multzoan, arlo jakin batzuk aipatuko ditugu: hezkuntza, osasuna, aisia eta parte-hartzea. Arlo horiek haurrentzat izugarrizko garrantzia duten arren, epe ez oso luzean begi-bistakoak izango dira krisiaren eraginak eta gastua murrizteko erabaki politikoek horietan izango dituzten ondorioak.


Ez da harritzekoa hezkuntzari eskaintzen zaion garrantzia, izan ere, bertatik helduaroan garatzen joango diren aukera eta jarrera ugari sortzen dira. Hezkuntza ikastearen sinonimoa da, norbere garapenaren edo gaitasun pertsonal eta sozialak eskuratzearen sinonimoa, baina baita lan-merkatuaren aurreko aukerena, sarrera ekonomikoetarako aukerarena eta, ondorioz, norberaren zein gizarte guztiaren pobrezia murriztearena. Horregatik, gaur egiten dugunak eta ez dugunak etorkizunean eragina izango du eta hezkuntzan egindako inbertsioa gizartearen garapenerako eta kohesiorako ardatz nagusietako bat bihurtzen da.


EAEn, zentro publikoetako lehen hezkuntzako gastua guztira (843.684 € 2009an) zein sistema publikoan lehen hezkun­tzako ikasle bakoitzaren batez besteko gastua (6.551,3 € 2009an) handitu egin da azken urteetan. Zehazki, 2009an ikasle bakoitzeko egindako inbertsioak % 14 egin du gora 2007an egindako inbertsioarekiko.


Hala eta guztiz ere, hezkuntza sisteman egindako inbertsioa, garrantzitsua izanik, ez da adierazle nagusia sistemaren eraginkortasuna edo hezkuntzak pertsonen ongizatean eta pobrezia-tasak murrizterakoan duen eragina neurtzerakoan.


Informe sobre la pobresa infantil a Catalunya bezalako azterlanek argi uzten dute pobreziaren eta eskolatze-tasen arteko lotura. EAEk eskolatze-tasa altuak ditu 17 urtetan, ia-ia ehuneko ehun 2009-2010. ikasturtean (%98,6), Europako batez bestekoa baino 10 puntu inguru gehiago.


EAEko balioak oso onak diren arren beste herrialdeekin alderatuz eskolatze-tasei edo ikasketak goizegi uzteari dagokionez, ezinbestekoa dirudi ildo horretan ahalegina mantentzea ongizate-maila altuagoak lortzeko eta pobrezia-tasak mantentzeko etorkizuneko ongizate-kotak bermatze aldera.

 

(23. grafikoa)
Eskolatze-tasa garbia 17 urterekin. EAE eta Espainiako bilakaera 1999-2010

Iturria: Las cifras de la educación en España. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa.
Oharra: EAEko eta Espainiako datuek Araubide Orokorreko irakaskuntza, Arte Plastikoak eta Diseinua, Kirol Ikasketak eta Ikasketa Artistikoetako goi-mailako gainontzeko ikasketak barne hartzen dituzte. Europa mailako azken datuak 2008/2009koak dira.

 

 

Hezkuntza sistemarekin gertatzen den moduan, osasunean egindako inbertsioa ezinbestekoa da herrialde baten garapena neurtu eta Hitzarmenak zehaztutako itxaropenak betetze aldera. EAEk 2009an Barne Produktu Gordinaren ia %9 osasun arloko gastuetara bideratu zuen eta ehuneko hori, gutxienez egun arte, pixkanaka handituz joan da. Hala ere, ez daukagu gai horren gaineko datu gaurkotuagorik.


Alor honetan dagoeneko ditugun datu gutxietako batek azaltzen du uneko krisia herritarren elikatze jokabideetan eragina izaten ari dela. 2012ko iturri estatistikoek % 7,7an kokatzen dute elikadura arazo larriak edo oso larriak dituzten familietako herritarren ehunekoa. Errealitate horrek 2008an, krisiaren hasieran, herritarren % 5,7ri bakarrik eragiten zion.

 

(24. grafikoa)
Elikadura arazoak (larriak edo oso larriak) dituzten familietan bizi diren herritarren %. EAEko bilakaera 2000-2012

Iturria: Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta. 2012. Lan eta Gizarte Gaietarako Saila. Eusko Jaurlaritza.

 

 

Gainera, herritarren % 3,6 behintzat bi egunetan behin proteinak dituen janariren bat ordaindu ezin duten familietan bizi da, 2008an erregistratutakoa (% 2,3) baino ehuneko altuagoa eta 2004ko mailetarako atzerapena eragiten duena.


Aisialdiko ekintzei dagokienez, hasteko hauxe adierazi behar dugu: eskolatze eskubideen hazkundearen eta unibertsalizazioaren ondorioz, haurren arteko hezkuntza ezberdintasunak gaur egun aisialdiaren erabilerarekin-hezkuntza ez formaleko eremu gisa ulertuta‑ eta aisialdiko baliabideak eskuratzearekin lotzen dira gehien bat.


2012an herritarren % 21,6 euren aisialdiko gastuak murriztu dituzten familietan bizi zen, hau da, 2008an krisiaren hasieran (% 10,1) baino pertsona kopuru bikoitza eta 1996tik erregistratutakoak baino tasa nabarmenki altuagoa, ia 1986ko errealitatearekin bat eginez, urte hartan herritarren % 27k pairatu baitzuen aisialdiko gastuen murrizketa.


Bukatzeko, kapitulu honen hasieran adierazitakoa azpimarratu nahi dugu: gabezia materialen ondorioz, haurrak etorkizuneko desabantaila eta ahultasun egoeran daude, euren gara hezkuntza, gizarte eta laneko garapenean eragina izan dezakeena. Horregatik, ezinbestekoa da haurrak kontuan hartzea gure gizarteak pairatzen dituen erronken aurrean erabakiak hartzerakoan, ez soilik euren garapen eta ongizatearengatik, baita gizarte guztiarenarengatik ere, etorkizuneko kostea garestia izan baitaiteke (herritarren eskumen maila murriztea, produktibitate gutxiago, langabezia-tasa handiagoak, babeserako sistemaren koste handiak, hezkuntza eta osasun sistema urritzea, etab.)

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)