Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk

1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza

Arartekoak eta, dagozkion kontuetan, Haur eta Nerabeen Bulegoak, bere jarduera-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari, bai haien eskubideak jendarteratuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera arazotsuetan dauden adingabeen sektoreentzat diren baliabide jakin batzuk kudeatuz.


Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan, informazio-eskaerak eta abar. Horrela, bilerak egin ditugu eta parte hartu dugu UNICEF, Save the Children eta Haurren Erakundeen Plataformaren foroetan edota topaketa publikoetan. Horiek guztiek haurren eta nerabeen errealitatearen inguruan elkar aberastea dakar, baita lankidetzarako ildoak, arloak eta proiektu zehatzak aztertzea ere.


Ezintasunen bat duten pertsonen arloan, ezintasun, mendekotasun, buru-osasun eta gaixotasun kronikoen arloetako aholkulari koordinatzaileek, Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Aholkulari Batzordeko partaideak baitira, aldizka harremanak izaten dituzte sektore-erakundeekin. Horrela, aurten hainbat bilera egin dira ONCE, Elkartean, FEVAPAS, FEVAS, Euskal Gorrak, APSE, FEDEAFES, OME, Síndrome de Dravet fundazioarekin eta APREVASekin. Aztertutako egoera edo arazoren bat haur eta nerabeengan bereziki agertzen bada edo haiengan eragin berezia badu, elkarlanean aritzen gara, arazoen konponbideari haurren ikuspegia gehituz.


Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak proposatu du adin txikikoen adopzio kasuetan foru aldundiek erabili beharreko prozedura arautzen duen dekretua aldatze. Proposamen horrek harremanetan jarrarazi gaitu Ume alaia familia adoptatzaileen elkartearekin. Horren antzera, 131/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraiki babesik gabe dauden adin txikikoentzako egoitza-baliabideetan baldintza materialak eta funtzionalak egokitzeko aldi iragankorra bukatu izanak bide eman digu Euskadiko Gizarte Hezitzaileen Elkargoarekin harremanetan hasteko.


Azkenik, iaz bezala, aurreko kapituluan aipatu dugun Haur eta Nerabeen Kontseilua berritzeko prozesuaren ondorioz, berritzeguneekin, zuzendaritzekin, irakasleekin eta gurasoekin ditugun harremanak berritu edo ezarri behar izan ditugu; modu berean, foroetan, jardunaldietan eta biltzarretan parte hartzearen ondorioz, harremanetan egon gara haurren arloko beste erakunde batzuekin, hala nola Vivir sin Drogas fundazioarekin edo FAPMIrekin.

2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza

Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional eta/edo baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:

  • Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietako sailburuordea eta Goi Ikuskaritzako zuzendaria.

  • Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaria.

  • Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako zuzendaria.

  • Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako ahalduna eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.

  • Hiru foru aldundien Gizartekintza / Gizarte Politika / Gizarte Zerbitzuak sailetako haurren zerbitzuetako arduradunak (+ zenbait zerbitzu, programa eta baliabidetako arduradunak).

  • Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendaria.

  • Gazte Justiziaren Zerbitzuko arduraduna (+ zenbait programa eta baliabidetako arduradunak).

  • Osoko Balorazio Forentseko Gasteizko Unitatea.

  • Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

  • Eusko Jaurlaritzaren Industria Saileko Berriztatzeko Zuzendaritza (adin txikikoek sarean segurtasuna eta konfiantza izateko kulturarekin konprometituta dauden eragile publiko eta pribatuen Sarea)

  • Marokoko kontsula.

  • Gasteizko familia epaitegiak.

  • Gasteizko Udalaren Gizarte Zerbitzuen eta Adinekoen Arloko zuzendaria. (+ Gizarteratzeko Zerbitzuko eta Haur eta Familien Zerbitzuko arduradunak)

  • Gasteizko Udalaren Gazteria Ataleko arduraduna.

Bilera horietako batzuen esparruan edo hain zuzen ere horien ondorioz, Arartekoak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu politika publikoak eraginkor bihurtzeko plan, protokolo, estrategia eta bestelakoen proposamenak; horrez gainera, erakunde eskudunei iritzia eskatu ahal izan die egoera kezkagarri jakin batzuen inguruan —arretaren premia duten behar gisa azaldu zaizkie—, eta esku hartzean ezinbesteko eskubideak bermatu behar direla zehaztu.


Politika publikoetan herritarren eskubideak hobeto babestu eta zaintzeko lankidetza-ildo horretan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa Eskolako Bizikidetasunerako Behatokiko kide da (horrek partaidetza egonkorra dakar berekin), eta adin txikikoek sarean segurtasuna eta konfiantza izateko kulturarekin konprometituta dauden eragile publiko eta pribatuen Sareko kide ere bai. Etengabe parte hartzen du, Aholku Batzordeko partaide gisa, ikerketa-proiektu honetan: Euskal Autonomia Erkidegoan babesik gabeko haurrekin jarduten duten eskola- eta gizarte-hezkuntzako profesionalen arteko harremanak ulertzeko modua. EHUko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailak zuzenduta, bertan parte hartzen dute Euskal Herriko Gizarte Hezitzaileen Elkargoak eta Gipuzkoako Osabidezko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Partzuergoak.


Aurreko urteetako ildotik, oso harreman ona dugu herriaren beste defentsa-bulego batzuetako haur eta nerabeen sailekin, batez ere Kataluniako Síndic de Greugesekoekin eta Andaluziako Herriaren Defendatzailekoekin. Horiekin maiz trukatzen ditugu informazioa, irizpideak eta iritziak.

3.    Ekitaldietako parte-hartzea

Hala elkarte eta erakundeekin izandako elkarlanaren esparruan, nola Arartekoak berak gidatu dituelako, Arartekoak berak edo erakundeko langileek adingabeen gaineko foro eta topaketetan esku hartu dute, bai gure erkidegoan eta bai gure erkidegotik kanpo. 2012n izandako parte-hartze esanguratsuenak, dokumentu honetan orain arte aipatu gabeak, honako hauek izan dira:

  • Erkidegoko praktikan arrisku handiko familiekin esku hartzeko estrategiak, Bilbao.

  • Euskal eskola, arrazakeriaren aurkako hezkuntzaren erronkaren aurrean. Jardunaldia, Bilbao.

  • Ikasle ijitoak: eskolatzetik eskolako arrakastara. Jardunaldia, Bilbao.

  • Haurtzaroa, generoa eta laguntza humanitarioa: eskubideetan oinarrituz Palestinako lurralde okupatuetako biztanleria zaurgarrienari zuzendutako begirada. Jardunaldia, Bilbao.

  • Eskubideak krisian: Haurren Eskubideen Batzordea haurren eskubideak babesteko oinarrizko mekanismo gisa, Madril.

  • Adingabeen, emakumeen eta hirugarren adinekoen aurkako tratu txarrak zigor arloaren eta arlo zibilaren ikuspuntutik, Vitoria-Gasteiz.

  • AFN-Hren IV. Kongresu Nazionala, Donostia-San Sebastián.

  • Haurren minbiziaren kontrako VI. Gala, Bilbao.

  • Gorabideren 50. urteurrena, Bilbao.

  • Genero-indarkerian ez dago biktima bat soilik. Euskadiko txostenaren aurkezpena, Bilbao.

  • Emakumeen eta neskatoen eskubideak. Nazio Batuen Hitzaldia, Amán (Jordania)

  • Familia-politikak: gizarte-kohesioa lortzeko inbertsioa biltzarra, Vitoria-Gasteiz.

  • Ikerketaren eta praktikaren arteko zubiak eraikitzen. Tratu txarrak jasotako haurren nazioarteko XI. Biltzarra, Oviedo.

  • Gizarte zerbitzuak, krisia eta irtenbideak. Nazioarteko mintegia, Donostia-San Sebastián.

  • Dibertsitate funtzionala duten emakumeek eta neskek jasaten duten genero indarkeriari buruzko II. Jardunaldiak, Vitoria-Gasteiz.

  • Pobreziak eta krisi ekonomikoak Euskadiko haurren bizimoduan duten eraginaren azterlana egiteko eztabaida-taldea, Bilbao.

  • Adin txikikoak eta alkohola: droga-menpekotasunen prebentzioa hackeatzen. Topaketa, Portugalete.

  • Espainiako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren aplikazioaren jarraipen Jardunaldiak: Haurren Eskubideen Batzordeak 2010ean Espainiari Azken Oharrak egin eta bi urtera egindako balorazioa, Madril.

4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa

Erakunde hau, sortu zenez geroztiko hogei urte luze hauetan, etengabe aritu da haurrak beren eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta ezagutarazteko material didaktikoak egiten eta zabaltzen.


Neska-mutikoak izan dira, berriz ere, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko jardueretako mezuaren hartzaile nagusi. Aurten bat egin nahi izan dugu haurren pobrezia, baita gure neska-mutilena ere, dezente hazi dela ohartarazten dabiltzan ahots guztiekin. “Begiratu zure inguruan…” lemarekin, neska-mutilei gonbita luzatu nahi izan diegu beren inguruan begiratzeko, arretaz so egiteko, errealitate bidegabe batekiko sentikor bihurtzeko, agian beraien kideetako batzuk errealitate hori bizitzen arituko dira-eta. Baina “Zure eskubideak, bere eskubideak” adierazten dugunean zerbait egiteko gonbita ere bada; horrela aldarrikatzen dugu guztiok bizimodu duina izateko dugun eskubidea eta, bidenabar, elkarri laguntzen diogu eta elkartasunez partekatzen dugu daukaguna eta garena.


Kartelekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hezkuntzako ikastetxe guztiek jaso dute “Eskubideen uhartea” webarekin harremanetan jartzen dituen orri-markagailu ezaguna. Hor aurkitzen dituzte, ohiko edukiak ez ezik (haurren eskubideak sustatu eta defendatzeko jokoak, bideoak, ipuinak, loturak…), parte hartzeko berariazko gune bat ere, haurrek adieraz diezaguten zer eta nola ikusten duten pobrezia beraien inguruan, krisia beraiengan nola eragiten ari den, beren ustez zer gauza on sortzen ari den, beraiek zer egin dezaketen…


Jakina denez, Rainbow proiektuan (ingelesezko sigla: Rights Against IntoleraNce: Building an Open-minded World/ Intolerantziaren aurkako eskubideak: aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikitzen) parte hartzen ari gara iaztik, Europako zazpi herrialdetako 9 erakunde publiko eta pribatuekin batera. Proiektu horren emaitza gisa, 2012an argitaratu dira proposamen horretan aurreikusitako material didaktikoak, homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko eta Europan homosexualen eta transexualen eskubideak erabat errespetatu eta aitortuko dituen kultura bat sustatzeko. Film laburrak dira, adin ezberdinetarako sailkatuak, gida didaktikoa eta guzti. Gida horrek film bakoitzaren helburuak, ezaugarriak eta edukia azaltzen dizkio erabiliko duen hezitzaileari, eta, aldi berean, jarduera osagarriak eta sakontzeko jarduerak proposatzen ditu. Material horien guztien jendaurreko aurkezpena eta zabalkundea 2013ko lehen seihilekoan egiteko asmoa dugu.


Rainbow proiektuaren barruan, 2011. urtea bukatzeko, urte amaieran, film laburren lehiaketa batean parte hartzera gonbidatu genituen bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta heziketa-ziklo artistikoetako ikastetxeak. Lehiaketan Europako 15 eta 19 urte bitarteko nerabe eta gazteek egindako film laburrak aurkeztu ziren, LGTB gaiaren inguruan. Pozik adierazten dugu gazte basauriar batek irabazi zuela lehiaketa, Love izenburuko film laburrarekin, eta Milango Mix jaialdian jaso ahal izan zuela saria, familia osoa aldean zuela.


Gogoratuko duzuenez, Rainbow proiektuak bi urte iraun zuen eta 2013. urtetik aurrera Rainbow HAS izenekoan izango du jarraipena (Eskubideak aliantzen bitartez: etxean eta eskolan berritzen eta sareak sortzen), izan ere, proiektu horrek berriro Europako Batzordearen Justiziako Zuzendaritza Nagusiaren konfiantza merezi izan du. Aurrekoak bezalaxe, haurtzarotik hasita sexu-aniztasunera irekitako hezkuntza lortzea du helburu proiektu berri honek, sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik bereizkeria pairatzeko modu guztiak prebenitu eta haiei aurka egin ahal izateko.


Proiektu hori Ararteko erakundeak koordinatuko du eta Europako 8 herrialdetako 13 erakundek parte hartuko dute (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia –Katalunia eta Euskadi- Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua). 2013-2014 biurtekoan zehar garatuko da eta alderdi hau azpimarratu nahi du: sexu-aniztasunari dagokionez (sexu-orientazioari eta genero-identitateari lotutako aniztasuna), haurren eta nerabeen eskubideen egoeraren azterketa eta hobekuntza hezkuntza eremuan, zentzu zabalean, hau da, hezkuntza erakundeak, irakasleak zein mota guztietako familien elkarteak barne hartuz. Xedea haurtzarotik aniztasun sexualarekiko hezkuntza irekia jasotzea da, sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen ondoriozko bazterkeria edo jazarpena (edozein formatan, hau da, jarrera homofobo edo transfoboak) saihesteko eta horren aurka egiteko gai dena.


Proiektu hori abian jartzeko, Ararteko erakundeak herrialde parte hartzaileetako erakunde parte hartzaileak (unibertsitateak, ikerketa soziologiko eta pedagogikoak burutzen dituzten taldeak, udalak, haur hezkuntza sustatzeko elkarteak, LGTB pertsonen eskubideen aldeko elkarteak eta guraso bakarreko familien elkarteak) koordinatuko ditu batera lan egin dezaten bi urtetan zehar, ondorengo lan ildoak jarraituz honako xede hauek lortze aldera:

  • Europako familietan gai horren inguruan dauden eztabaida ezberdinak ikertzea eta bazterkeriaren aurkako zerbitzuen edo LGTB pertsona eta adingabeentzako zuzeneko babeserako zerbitzuen alorrean Europako praktikarik onenak aztertzea.

  • Nazio mailako eta nazioarteko mintegiak antolatzea agente publiko zein pribatuekin: hezkuntza erakundeak eta familia elkarteak, irakasleak eta LGTBen elkarteak edo hezkuntza esparruan eragin zuzena duten beste motatako elkarteak.

  • Prestakuntza eta sentsibilizazio lantegiak antolatzea irakasleekin eta familia elkarteekin edo ikasleen gurasoekin.

  • Dagoeneko dauden elkarte egituren bitartez, Europa mailako sareak sortzea eragina duten estrategiak finkatze aldera, hezkuntza esparruan erantzukizuna duten agenteen (politikan edo hezkuntzan lanean diharduten pertsonak, komunikabideak, etab.) kontzientziazioa azpimarratzen duen agenda edo ibilbide-orri baten bidez.

  • Proiektuaren emaitzak hedatzea agente guztien artean ondorengo aplikazioan ustezko eragina izan dezaten.

Proiektu hori amaitzen denean eta aipatutako lan ildoekin bat eginez, laburbilduz, hauek izango dira lortu nahi diren emaitza nagusiak:

  • Familien artean gaiaren inguruan gailentzen diren eztabaiden gaineko ikerketaren emaitzak jasotzen dituzten hainbat herrialdetako txostenak, baita praktikarik onenak jasotzen dituztenak ere. Halaber, alor zehatz horretan dauden baliabideen Europako mapa gaineratzea espero dugu.

  • Herrialde bakoitzeko guraso bakarreko familien elkarteen, LGTB adingabeak barne hartzen dituzten familien elkarteen eta parte hartu duten, parte hartzen ari diren edo hezkuntza eremuan LGTB pertsonen eskubideen gaia jorratu nahi duten gainontzeko elkarteen esperientziei lotutako datuak biltzen dituen txostena.

  • Guraso bakarreko familien elkarteak, LGTB adingabeak barne hartzen dituzten familien elkarteak eta familien beste elkarte batzuk batzen dituen Europako sare bat sortzea. Elkarte horiek etorkizunean gai horri lotutako eragin handiko estrategiei buruzko agendari atxikitzeko prest egon behar dira (proiektua behin amaituta).

  • Haurren eta nerabeen sexu-aniztasunerako eskubidea babesteko lan egin nahi duten helduentzako (irakasleak, gurasoak, baita herri-administrazioetako langile teknikoak ere) gomendio zehatzak jasotzen dituen prestakuntza tresna bat eratzea.

  • Kontzientziazioa eta eragina (lobbying) hizpide dituzten ekintzak diseinatzea, hainbat familien elkarteekin lankidetzan.

Laburbilduz, 2013. urtean Euskadin egingo den talde osoaren lehenengo bileraren bitartez abian jarriko den proiektu horren garapenaren oinarria gizarte aliantza sendoak ezartzean datza eta xedea herritarren eskubideen alorrean aurrerapausoak ematea da: elkarteen, erakundeen eta hezkuntzaren inguru formalaren arteko aliantzak, gehiengoaren interesak ordezkatzen dituzten elkarteen (ikasleen familien edo gurasoen elkarteak) eta gutxiengoen eskubideak defendatzen dituzten elkarteen (guraso bakarreko familien elkarteak eta LGTB pertsonen eskubideen babeserako elkarteak) arteko aliantzak. Erakunde honentzat erronka bat izateaz gain, Europa mailan aliantzen prozesu baten buru izateko aukera ezin hobea da. Horri esker, beste herrialde batzuen parean aurrera egingo dugu eta gure elkarteen eta erakundeen sareak konektatuko ditugu haurren, nerabeen eta gazteen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen defentsaren alde.

5.    Adingabeentzako web gunea

2011ko otsailean jendaurrean aurkeztu genuen Eskubideen uhartea web gunea.


Lehen Hezkuntzako haurrentzako web atari bat da (6 eta 12 urte bitartekoentzat). Bi helburu ditu: batetik, haurrak erakundera gerturatu nahi ditugu, giza eskubideen eta haurren eskubideen inguruko erreferente gisa ezagut dezaten —modu hurbilago eta eskuragarriago batean—; eta, bestetik, haurrak eurak beren eskubideen gainean sentsibilizatu nahi ditugu eta eskubide horien berri zabaldu.


2012an hezkuntza-eduki berriak gehitu zaizkie web orrialdean genituen atalei: Itsasargia, neska-mutilek beren eskubideak ezagutzeko tokia; botila, haurren eskubideen mapa daukana, ipuin bizidunekin eta e-bookekin; zurezko upela edo SOS gunea, non haurrek informazio interesgarria aurki dezaketen, laguntza behar baldin badute; arrainontzia, parte-hartzera animatzeko tokia; estekak eta jokoak; eta itsaspekoa, gurasoei eta hezkuntzako profesionalei bereziki zuzendutako orrialdeko gune bakarra. Gune horretan atal berri bat jarri da abian, udalerriek partaidetza eta haurren eskubideen kultura susta dezaten.


Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Eskola 2.0ko Eskola Bakegune web orrialderako esteka sartu zuen iaz; horregatik, EAEko lehen hezkuntzako ikasle guztiek eskuragarri dute oraindik ere.


Alabaina, aurten orrialdea ez dute Euskadiko herritarrek bakarrik bisitatu, bisita ugari jaso baitira beste autonomia erkidego eta herrialde batzuetatik. Orrialdera egindako bisiten erdia, gutxi gorabehera, Espainiatik kanpokoak izan dira eta Kolonbia nagusitzen da beste herrialde batzuen artean (Txile, Argentina, Mexiko eta Peru). Egiaz, Bogotatik bisitatu da gehien orrialdea, eta horren ondoren, Bilbo, Madril, Bartzelona, Txileko Santiago, Coruña, Sevilla eta Donostiatik.


2012ko martxotik, 14.446 erabiltzaile sartu dira web orrialdean, eta horietatik %27 berriro ere orria bisitatu dute beste zenbaitetan. Bisitari gehieneko egunak azaroaren 20aren, hau da, Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zen egunaren urtemugaren ingurukoak izan ziren.


Gehien bisitatu diren edukiei dagokienez, jokoekin eta estekekin lotutakoak izan direla esan dezakegu, baita haurren eskubideei buruzko informazio zehatza ematen duten atalak ere: eskubide zehatzekin zerikusia dutenak ‑historia bizien bitartez‑ eta Hitzarmenarekin lotutakoak.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)