Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua

Haurren Eskubideen Hitzarmenak, Nazio Batuek 1989an onarturikoak, 18 urtetik beherako adingabeei informaziorako eta parte-hartzeko eskubidea aitortzen die, bai eta eragiten dieten arlo guztietan beren iritzia emateko eta beren iritzia kontuan hartua izateko eskubidea ere. Geure eginez haurrentzat eta nerabeentzat lan egitea garrantzitsua bada hein berean edo gehiago izango dela haiekin lan egitea, haien ahotsa, iritzia eta ikuspegia entzutea, parte hartzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak emateko bideak eskaintzea, 2010eko ekainaren 25ean, Arartekoko Haur eta Nerabeen lehenengo Kontseilua eratu zen, funtzio nagusi Arartekoari bereziki adingabeei zuzenean eragiten dieten kontu edo ekimenen inguruan aholku ematea zuela.


Haur eta Nerabeen Kontseiluak neska-mutilen begirada gaineratu nahi du Arartekoaren proposamenetan, haiekin ekimenak, material didaktikoak, proiektuak eta bestelakoak kontrastatu, eta haurrentzat edo nerabeentzat interesgarri diren edo haien eskubideen defentsari eragiten dieten alderdiei buruzko iradokizunak bildu. Erakundea gure haurren eta nerabeen ahotsa entzuteko eta parte hartzeko esperientzia eskaintzeko —behintzat horietako talde bati— apustu argia da.


Adingabeek erakundean modu egonkorrean parte hartzeko eta egoteko bide hori lehenago erabili diren (eta aurrerantzean erabiliko diren) beste bide batzuen osagarri da; halakoak dira, esate baterako, azterlanak, txostenak, foroak eta bestelakoak, bai eta babesteko edo neurri judizialak betetzeko bizitegi-baliabideetan harrera egin zaien neska-mutilei egindako elkarrizketen esparruan sortutako eztabaida-taldeak ere.


Kontseilua hiru lurralde historikoetako DBHko 12 neska-mutilek osatzen dute. Neska-mutil horiek parte hartzeko barne-dinamiketan esperientzia duten hainbat ikastetxek proposatuta izendatu dira. Parte-hartzaileak hautatzeko eskakizunak hauek dira: gaitasun kritikoa izatea eta hausnartzeko, sortzeko eta berdinen artean eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko prest egotea, eta, batez ere, kontseiluan parte hartzeko eta inplikatzeko gogoa izatea. Nork bere iritzia adierazteko askatasun osoa izatea eta Arartekoak konfidentzialtasuna bermatzea dira kontseiluaren funtzionamenduaren oinarrizko arauak.


2012. urtean aurrez aurreko hiru bilera egin dira, bat Donostian, beste bat Muskizen (Bizkaia) eta beste bat Arartekoaren Gasteizko egoitzan. Bilera presentzialak beti eskola-ordutegitik kanpo egiten dira, eta kontseilu-kideek teknologia berrien erabilerari esker etxean egiten duten lanarekin osatzen dira: proposamenak helbide elektroniko bidez bidaltzen dituzte, kontseilu-kideekin komunikatzeko foro pribatu bat sortu da, eta abar.


Kontseiluaren funtzionamenduak eskola-egutegiari jarraitzen dio; hala, 2012. urteko azken bilera 2012-2013 ikasturteko lehenengo bilera izan zen. Hori izan zen lehenengo bilera kontseilua berritu ostean sartu ziren bost kontseilu-kide berrientzat ere; izan ere, kontseilua, kontseilu-kideek berek hala iradokita, partzialki berritzen da.
Hurrengo paragrafoetan laburki azalduko dugu 2012ko saioetan egindako lana.

 

 

2012ko martxoaren 23ko bilera

Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean (Aiete jauregia) egindako bileraren gai nagusia izan zen Europako Rainbow proiektuaren ikus-entzunezko materialaren analisia eta kontrastea. Proiektu horretan Ararteko erakundeak beste erakunde batzuekin parte hartzen du. Bilera horretan Farapiko antropologia aplikatuaren kontsultariak parte hartu zuen. Farapi Europako proiektu horretan parte hartzen ari den hamar erakundeetako bat da.


Rainbow proiektuaren xedea da haurren, nerabeen, gazteen eta irakasleen artean homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko testuak eta ikus-entzunezko materialak sortzea eta zabaltzea, eta Europan homosexualen eta transexualen eskubideak erabat errespetatu eta aitortuko dituen kultura bat sustatzea. Proiektua burutzeko bigarren urte honetan hainbat jarduera eraman dira aurrera (zehaztasun gehiagorekin aztertzeko, ikusi txosteneko 5.4 atala). Horietako bat izan da ikus-entzunezko materialaren hautaketa eta edizioa eta klasean edo hezkuntzaren beste eremu batzuetan lan egiteko orientazioak ematen dituen gida praktikoa. Ikus-entzunezko materialen hasierako hautaketa egin ostean, neska-mutilen hainbat talderekin analisia eta probak egiteari ekin zitzaion. Azterlan hori egiteko hautatutako taldeetako bat Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Kontseilua izan zen.


Hala, 2012ko lehenengo bilera horretan, proposatutako material didaktikoen inguruan lan egin zen. Ikus-entzunezko materiala osatzen duten 9 film laburren zati handi bat ikusi ondoren, honako kontu hauen inguruko eztabaida sortu zen: film labur oro haren hartzaileen adin-tarterako egokia ote zen (6-7 urte, 8-10 urte, 11-14 urte eta 15 urtetik aurrera); film labur guztiak ulergarriak ote ziren; horietako bakoitzarekin gelan jorra daitezkeen balioak edo gaiak.


Farapik aholkulari guztien ekarpenak bildu eta ikus-entzunezko materialak egiteaz arduratzen zen taldeari helarazi zizkion, baita Europako beste neska-mutil batzuen hausnarketari gehitu ere.

 

 

2012ko ekainaren 23ko bilera

Urteko bigarren bilera, 2011/2012 ikasturteko azkena, larunbat batean egin zen, goizez eta arratsaldez, Muskizen (Bizkaia). Suspergintza Elkarteak dinamizazioan parte hartu zuen. Bileraren gai nagusia teknologia berrien (IKT) erabilera segurua eta arduratsua izan zen.


Bileraren helburua gizarte-sareak erabiltzean dauden hainbat arrisku ikusi, esperimentatu eta sentsibilizatzea zen lankidetza-jolasen bidez. Jolas-dinamiken bidez gazteek egunerokotasunean gizarte-sareetan eta bizitzan topatzen diren hainbat egoera bizitzea bilatzen zen, teknologien erabileran norberaren erantzukizuna azpimarratuz (norberari buruz eskaintzen den informazioari dagokionez, besteak zaintzeko erantzukizuna, etab.). Azkenik, kontseilu-kideek online bizitza benetako bizitzan egiten dugunetik eta harremanak izateko dugun modutik (baloreak, errespetuzko jarrerak, hurbilekoak diren eta ez diren pertsonei guri buruz eskaintzen diegun informazioa, etab.) bereizi behar ez dela esperimenta zezaten bilatzen genuen.


Dinamika bost fasetan egituratu zen (ezagutza, baieztapena, lankidetza, komunikazioa eta gatazken konponbidea) eta bertan hainbat lankidetza-jolas garatu ziren: Palazzo Paletti, kartoizko irlak, jolasak jausgailuekin, komunikazio dinamikak, etab.


Goiz guztia hartu zuen bileraren zati hori amaitzeko aholkulariek konpromiso sinbolikoa sinatu zuten IKTen erabilera arduratsurako (beste lankidetza-dinamika bat erabiliz).


Bazkariaren ostean, Haur eta Nerabeentzako Kontseiluaren ikastaroaren ebaluazioa egin zen eta egun horretan bertan haien ibilbidea amaitu zuten bost aholkulariei agur formala egin zitzaien.

 

 

2012ko azaroaren 16ko bilera

2012. urteko azken bilera Arartekoaren egoitzan (Gasteiz) egin zen eta bost sailburu berriekin egindako lehengo hartu-emana izan zen.


Bileran jorratu zen gaia haurren pobrezia izan zen eta Arartekoak gai hori azpimarratu nahi izan du Haurren Eskubideen Hitzarmenaren onarpenaren urteurrena azaroaren 20an ospatzen zela kontuan hartuta. Gai horri heltzeko kontseiluak bilera egitea ospakizunaren ondotik bideratutako jardueretako bat izan zen.


Hala, aholkulariei eskatu zitzaien “erreportari” moduan hurbileneko gure inguruan haurren pobreziaren egoerari buruz haien ikuspegia eta haien lagunena helaraz ziezaguten. Gure neska-mutilek egindako lanaren ondorio nagusiak, bai etxean bai lan jardunaldian, honako paragrafo hauetan labur daitezke.


Krisi ekonomikoaren egoerak ez die zuzenean eragiten, behintzat oraingoz, gure kontseilukideei. Hala ere, eurengandik hurbil dagoen errealitatea bihurtu da, larritasun maila ezberdinetan eragina pairatzen ari diren jendea ezagutzen baitute (familiako kideak, lagunak…).


Haiek ez diete uko egin behar izan eskolaz kanpoko jarduerei eta kultura edota kirol jarduerei, eta ez dute aldaketa handirik izan euren aste-sarian, baina familiaren aparteko gastuetan (zinemara joatea, afaltzera ateratzea, etxetik kanpo bazkaltzea…) kontu eta prebentzio handiagoa antzeman dute. Etorkizun zalantzagarri baten aurrean kontrol eta aurrezte sentsazioa dago. Gabonetan euste hori gehiago nabarituko dela uste dute (neurrigabeko kontsumoaren garairik tipikoena izateagatik).


Eskolaren esparruan antzemandako murrizketei buruzko hainbat datu eman dituzte: beka gutxiago, hautazko ikasgaietarako bikoizketa gutxiago (irakasle gutxiago), testuliburuak mailegatzeko programaren edo gelen hornidura teknologikoaren geldiarazpena (arbela elektronikoak, banakako ordenagailuak…)


Etxean gai horren inguruan hitz egiten dela antzeman dute eta elkarrizketetan parte hartzen dute. Gurasoak kezkatuta ikusten dituzte eta, gainera, gauza guztiak kontatzen ez dizkietela uste dute. Uneko egoeran “edonori gerta dakiokeela” entzuten dute, prestakuntza maila altu batek edo ibilbide profesional luze batek ez zaituelako langabeziatik eta haren ondorioetatik immunizatzen edo babesten. Batzuei etxean une honetara zergatik eta nola heldu garen azaldu diete eta, kasu askotan, erantzuleak aipatzen dituzte.


Gurasoengan antzematen duten kezka elementu handienetako bat, hain zuzen ere, krisiak etorkizunean euren seme-alabengan izan dezakeen eragina da. Eta kezka horrekin bat egiten dute, 16 urteko ikuspegi optimistatik datozen urteetan “denak hobera egingo duenaren” ustean dezente erlatibizatzen den arren.


Lagunen artean ez da ohiko gaia, izan ere, kasuren batean baten batek eragina pairatzen badu ere, gai pribatutzat jotzen dute, konfiantza asko dagoenean bakarrik aipatzen dena.


Nolanahi ere, iritzi berekoak dira oinarrizko arazoa aberastasuna gaizki bananduta dagoela dela esatean.


Ez zaie erraza egiten krisiaren aldeko ondorioak aurkitzea horrenbeste sufrimenduren artean. Hala ere, zera aipatu dute:

  • Zarrastelkeriaren nolabaiteko murrizketa eta guztionak diren gauzen kontsumo zentzuzkoagoa (hala nola, sendagaiena).

  • Behar duguna baino gehiago kontsumitzen dugunaren kontzientzia handiagoa eta benetan garrantzitsuak diren gauzen balio handiagoa.

  • Elkarren arteko laguntzaren garrantzia, familia, auzokideak…

  • Albokoen egoerarekiko sentikortasun handiagoa: enpatia eta elkartasuna

  • Gizarte mugimendu handiagoa

Krisiari aurre egiteko proposamen nagusiak diruaren banaketa hobearekin lotuta daude, bai gastuaren partidei dagokienez (kontu garrantzitsuetara bideratuz, haien ustez, hezkuntza, osasuna eta kultura), bai pertsonen eta maila sozio-ekonomiko ezberdinen arteko banaketari dagokionez (maila ekonomiko altuagokoei murrizketa gehiago eta diru-sarrera txikiagoak dituztenei gutxiago). Atal horretan mailakako zergen inguruko hobekuntza ere aipatu dute.


Azkenik, eta lagunen testuinguru hurbilenean gauzatu dezaketen jardueraren kapituluan, elementurik errepikatuena zera da: edozer gauza egiten duzula ere, bestea ez da lotsatuta edo umiliatuta sentitu behar laguntza jasotzen egoteagatik. Horrek esan nahi du laguntza diskrezioz ematea, nabaritu gabe, aldarrikatu gabe… Gainontzekoari dagokionez, dirurik eskatzen ez duten jarduerak egin daitezke, gauzak parteka daitezke edo dagoeneko erabiltzen ez dituzun eta beste batzuek erabil ditzaketen gauzak uzteko formulak bila daitezke.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)