Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea

Aurreko kapitulu guztietan aipaturiko problematika, premia, erantzun eta baliabide guztiak orri gutxi batzuetan biltzeak dakarren mugarekin, interes gorenekotzat dauzkagun hainbat alderdi nabarmentzeko asmoz heldu diogu atal honi, eta, kasuan-kasuan, txostena astiroago irakurtzera animatuko dugu.


2012. urtean bideratu diren kexa-espedienteetatik 300etan aipatu dira berariaz haurrak eta nerabeak eragindako per­tsona gisa, hau da, alde batek hala eskatuta erakundeak izapidetutako espedienteetatik %10 baino gehiago. Bideratutako  kexen argitan neska-mutilen eskubideen egoerari buruzko azken gogoeta egiteko, kontuan hartu behar dira gizarte-bazterketaren kontra borrokatzeko tresnekin zerikusia duten eta zenbait familiak egin dituzten 1.010 kexak, familia horietan adin txikikoak baitaude, ehuneko handi batean. Ikerketa askotan ikusi denez,  baliabide ekonomiko urriak eta ondasun materialak eskuratzeko aukerarik eza nolabait lotuta daude zenbait eskubide ‑hezkuntza eta osasuna, besteak beste‑ berdintasunean baliatzeko zailtasunekin, baita ere familia- eta gizarte-harremanetan sortzen dituzten ondorio  larriago edo arinagoekin.


Azkenik, bulegoak haurren eta nerabeen eskubideen inguruan jazo daitezkeen egoeren gainean bideratutako jarduera ofiziozko 13 espedientetan jaso da, alegia, erakundearen nahiaren ondotik hasitakoetan, baita EAEko haurren pobreziaren egoeraren analisi zehatz baten azterlanaren prestaketa ere.


Hain zuzen, azterlan horren bidez agerian jarritako egoerak txosten honetan gailendu beharreko lehenengo ondoriora garamatza: krisia geroz eta EAEko haur eta nerabe gehiagorengan edukitzen ari den eragina aipatu, ohartarazi. Nabarmendu, beste azterlan batzuk berretsi duten moduan, gabezia materialek haurrak etorkizunean desabantaila eta zaurkortasun egoeran utziko dituztela, haien hezkuntza, gizarte eta lan garapenari eragin diezaiokeela kontuan hartuta.


Horregatik, funtsezkoa da haurrak kontuan hartzea erabakiak hartzerakoan gure gizarteak bizi izan behar dituen erronken aurrean. Eta ez bakarrik haien garapen eta ongizateagatik, baita gizartearenagatik (bere osotasunean) ere, harentzat etorkizuneko kostua handia izan baitaiteke (herritarren eskumen-mailaren murrizketa, produktibitate txikiagoa, langabezia-tasa handiagoak, gizarte kohesio ahula, babes sistemaren kostu handiak, hezkuntza eta osasun sistemaren murrizketa, etab.). Hala, iruditzen zaigu haurrentzako politiketan gizarte gastuari lehentasuna eman behar zaiola eta aurrekontuetan jazotako murrizketek haurren esparruari eragiten ez diotela bermatu behar dela. Horretarako, botere publikoei gogora ekarri behar zaie, beste urtebetez, haurrei babes berezia emateko betebeharra dutela eta batzuetan zuenean haiei eta beste batzuetan haien familiei bideratutako gizarte prestazioak, bai ekonomikoak bai zerbitzuetakoak, haurren pobreziari aurre egiteko oinarrizko baliabideak direla.


Gure analisiarekin jarraituz eta izapidetutako kexen argitan, aurten kudeatutakoen bolumenaren ondotik berrets dezakegu hezkuntzaren esparrua dela zama gehien duen eremua, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduera mota guztiekin alderatuz gero.


Ikasleak onartzeko prozesuari buruzko kexak behin eta berriro egoteak eragiten du beste urtebetez indarrean egon dadila, gure ustez, erakunde honek hezkuntza-administrazioari mahaigaineratzen dion gomendioa, alegia, hezkuntza-administrazioak kontu handia izan behar du ikasleak onartzeko prozesuak kudeatzean, plaza nahikorik ez dagoen kasuetarako ezarritako lehentasunezko irizpideak erabat aplikatzen direla egiaztatuz eta beharrezkoak diren helburuetan -familiaren eta laneko beharrak bateratzea, adibidez- lagundu ezin duten beste horien aplikazioa berraztertuz edo berriz hausnartuz.


Hori horrela, azpimarratu nahi dugu lurralde batzordeak direnean eskolatze-proposamenak egiten dituztenak, hezkuntza-administrazioak bermatu beharko duela zentroetan finantzaketa baldintzek, baita eskola-garraio, -jantoki eta –materialerako familiei emandako laguntzek ere, bidea ematen dutela herritar guztiek unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-ikastetxe guztietarako sarbidea izan dezaten, adierazi den moduan, eta are gehiago une hauetan, hain zuzen, hainbat proposamenek dakartzaten eskolatze-gastuak gain hartzeko zenbait familiek zailtasun ekonomikoak dituztela esan dutenean.


Halaber, hezkuntza etxean ematea (homeschooling) erabaki duten familia batzuetan antzemandako ondorioak aipatu behar ditugu. Horri dagokionez, kezkatzen gaitu halako egoeren ondotik bideratutako eskolatze-aginduen behin-behineko ez betetzea tartean dauden adingabeen zaintza galdu edo kentzeko aukerarekin lotzeak.


Oro har, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eman dizkigun datuek aukera eman digute positibotzat jotzeko hezkuntza-eskaintzaren etengabeko hobekuntzarako ezarritako adierazleen betetzea. Dena den, zailtasunik handienek zero eta hiru urteko hasierako tartean egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan.


Lehenengo aldi horri dagokionez, Hezkuntza Sailak horren inguruan egindako diagnosiaren ziozko ondorioek, egungo eskaintza egokitzen laguntzeaz gain, estrategiak ezartzeko aukera emango dutelakoan gaude, hain zuzen, azken horiei jarraiki hezkuntza-aldi horretako hainbat kontu eztabaidagarri jorratzeko (adibidez, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko geletarako langile laguntzaileak egotea).


Edozelan ere, uste dugu beharrezkoa dela hezkuntza-arduradunek gain hartutako ildoa onartzea plangintza demokratikoa hezkuntza-komunitatearen ordezkari guztien partaidetzarekin ahalbidetu eta errazteko, nabarmendutako kexa batzuek agerian jartzen duten moduan. Arduradun berriek ildo horretatik jardungo dutelakoan gaude.


Horrez gain, zerbitzu osagarrien konfigurazioan –adibidez, jantokia-, ahal den neurrian, familia erabiltzaileen artean geroz eta gehiago zabaldutako eskaera berriak aintzat har daitezen animatu nahi dugu –adibidez, halal dieta eskatzen duten horien kasua-.


2012. urtean Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategiakoa abian jarri dela ikusi dugu. Plan horretan, azken batean, ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko zenbait helburu, xede eta ekintza estrategiko ezartzen dira.


Plan horren ebaluazio eta jarraipenaren bitartez kexa batzuk eragin dituzten egoerak pairatzen dituzten ikasleei ematen zaien hezkuntza-erantzuna hobetzen lagunduko duelakoan dago erakunde hau –adibidez gaitasun benetan handiak dituzten ikasleen kasua, baita arreta faltaren nahasmenduak dituzten ikasleenak ere-.


Hori horrela, berriz ere, eskola-ordutegian zehar osasun-premia bereziei emandako erantzuna bizkortzeko premia azpimarratzen dugu.


Azkenik, eskola-bizikidetzari dagokionez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila berdinen artean gertatzen diren tratu txarrekin lotutako episodio posible guztiak ahalik eta arintasun, eraginkortasun eta segurtasun handienaz jorratzeko egiten ari den ahalegina positibotzat jotzen badugu ere, nabarmendu nahi dugu jarduera burokratizatuak saihestu behar direla eta tratu txarren errealitatearen diagnosi ona lortu, biktimei laguntza, babesa eta segurtasuna eman eta eragindako familiekin konfiantzazko komunikazio egokia izatea xede duten helburu saihestezinei behar bezala erantzuteko bidea emango duten gida berrien aplikazio sistematikoa eta eraginkorra sakondu behar dela.


Babesik gabeko egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuen esparruari dagokionez, lehenengo adierazi behar dugu beharrezkoa dela babesik gabeko egoera arin eta neurrizkoei erantzuna emateaz arduratzen diren udaleko gizarte zerbitzuetan seme-alabak dituzten familien arreta muturreraino eramatea. Izan ere, ahots guztiek agerian jarri dute zailtasun ekonomikoko une latz hauetan seme-alabak zaintzeko trabak ugaritzen ari direla euskal etxeetan. Eta ez bakarrik oinarrizko premia materialei erantzuna emateagatik –hori ere aintzat hartu beharreko alderdia da-, baita gurasoen ahalmenak baliatzerakoan egoera horiek dakartzaten estres eta estutasun egoerengatik ere. Hala, babesgabeziaren ondoriorik larrienak argi eta garbi desaktibatuz edo minimizatuz haurren garapen-esparruko ongizate eta kohesio baldintzen inguruan zailtasun hasiberrietan laguntzak eta eremu naturaleko eta komunitarioko esku-hartzeak duen balio ordainezina azpimarratzen dugu.


Entzuna izateko eskubidea betetzeari dagokionez, beharrezkoa da arreta muturreraino eramatea gizarte zerbitzuen sistemako arreta jasotzen duten haurren eta nerabeen ahotsa egon dadin eta kontuan har dadin, haren egoera pertsonala eta familiakoa aztertzerakoan, babeserako neurri egokienak mahaigaineratzerakoan, bisiten erregimena arautzerakoan, haren egoera aldian-aldian berrikusterakoan, betiere, adingabearentzat onena den ikuspegitik eta hari lehentasuna emanez beste edozein interesen gainetik.


Aurten inoiz baino gehiago gailendu nahi dugu babesik gabeko egoeran dauden adingabeen egoitza-baliabideetako zaintza eta segurtasun zerbitzuetako jarduera protokoloa egiteko ezinbesteko premia, langile horiek zentroetan burutzen duten eginkizunaren gaineko hausnarketa sakon batekin eta, ondorioz, aipatu baliabideen kokapen, esku-hartze eta kontrolaren gainekoarekin batera.


Beste behin nabarmendu nahi dugu emantzipazio prozesuetan –horiek guztiak banakako hezkuntza programan artikulatuak- ezaugarri bereziak kontuan har daitezela, haurren baliabidetik ateratzeko kontua aurretik jorratu dadila eta benetako autonomia eskuratu arte beharrezkoa izan daitekeen babesa jaso dezatela beste programa batzuen eskutik, babes honetan hezkuntza laguntza barne hartuta.


Bakarrik dauden adingabe atzerritarren kasuan, dokumentazio kasu orotan entregaren bermeak gehitzea plan honi, tutoretzarekin amaitu dela adieraziz, baita adin nagusitasuna xedatzen duen fiskaltzaren dekretu baten ziozkoa denean ere, errekurtsoa jar daitekeela eta hori egiteko bideen eta epeen berri berariaz emango duen ebazpen administratiboa.


Horrez gain, haurren foru zerbitzuei eskatzen diegu kasu guztietan egin dezatela salbuespenezko inguruabarrengatiko bizileku baimenaren eskaerarako gomendio txostena; txostenak modu deskribatzailean jaso ditzala modu objektiboan har daitezkeen elementuak eta alde dagoen edo alde ez dagoen azken jarrera baina beti arrazoitua.


Haurren babeserako sistematik ateratzeko prozesuari emandako arretak ez digu ahaztarazi behar oraindik bakarrik dauden adingabe atzerritarrei premiaz harrera egiteko protokolo komun bat eduki gabe jarraitzen dugula. Aurten aurrerapen garrantzitsuak jazo direla badirudi ere, premia ezinbestekoa da eta atzerapena deigarria. Ildo horretan, berriro azpimarratzen dugu protokoloak argi utzi behar duela zertan datzan berehalako arreta eta nork eman behar duen, baita proba medikoen bitartez adina zehazteko prozesu bat hasi behar denean ere, neska-mutil horien behar bezalako laguntza bermatuz. Halaber, adingabe horiei ofiziozko abokatu-laguntza ematen zaiela bermatu beharko da eta proben emaitzen aurka jarri ahal izateko berme juridikoak eskaini eta, hala badagokio, emaitza berrikusteko proba osagarriak eskatu.


Eta, amaitzeko, bi aipamen: lehenengoa, familia-harrera eta erregulazioaren inguruan urratsak emateko premia azpimarratzea hizpide dituena, hain zuzen, orain arte familia-harreraren gainean definitu gabe dauden alderdiak argituz (familia-hartzaileen eskubideak eta betebeharrak, baldintzak, eskubide horiek bermatzen dituzten urratsak eta prozedurak, etab.); bigarrena, adopzio-hartzaileen egokitasuna eta adopzioaren osteko laguntza baloratzeko prozesuen inguruan hausnarketa sakona egiteko beharra, porrot aukera minimizatzeko azken xedearekin.


Familia-politikari dagokionez, 2011n adierazitakoa berresten dugu: euskal botere publikoek, oro har, jabetu behar dute garrantzitsua dela familientzako laguntzak gehitzea; izan ere, beharrezko babesa ematen dute premia-egoeretan, eta, alde horretatik, kasu askotan osatu eta ordezkatzen dituzte ongizate-estatuaren funtzioak. Herritarren kexek eta elkartegintza-sareak agerrarazi dute familientzako laguntza publikoak ugaritzeko behar hori, batez ere zailtasun bereziak dituztenentzat, hala nola familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta beren baitan mendekotasun- edo gaixotasun-egoera bereziren bat duten kideak dituzten familientzat. Uste dugu, gaur egun dauden zuzeneko laguntzez gain, beharrezkoa dela gaur egungo zerga-sistema berrikustea ere, familia-egoera guztietarako laguntza publikoa egituratzeko benetako tresna bihur dadin.


Nolanahi ere, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak aipatzen dituen familia ahulenak zeintzuk diren argiago zehaztu behar dela uste dugu. Gaur egun talde horiek zehazturik ez egoteak, guraso bakarreko familiekin gertatzen den bezala, bide ematen dio horien babesgabetasunari, kaltetu suertatzen baitira har litzaketen prestazioei dagokienez. Espero dugu Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana indarraldian dagoen aldian behin betiko argitzea hori eta ahulen diren familia horiei bereziki onura emateko neurriak ezartzea.


Beste urtebetez, administrazio guztiek guraso bakarreko familiei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei jartzen dizkieten traba formalak edo administratiboak indargabetzeko premia azpimarratu behar dugu, baita ama lesbianen egoera behin betiko argitzeko beharra ere semetasunaren edo alabatasunaren onarpenari dagokionez ama biologikoaren gaia dela-eta.


Horrez gain, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben diagnosian eta onarpenean aurrerapausoak eskatzen jarraitzen dugu, momentuz ez baitira indarkeria horren zuzeneko biktimatzat jotzen fisikoki erasotzen ez zaienean. Egoeraren inguruan kontzientziazio geroz eta handiagoa badago ere, oraindik ere asko dago egiteke haurren eskubideen ikuspegitik behar bezalako erantzuna bermatzeko. Aurten EAErako Save the Children erakundeak egindako proposamenak eta gomendioak abiapuntu ona izan daitezke eremu honetan urratsak irmo emateko.


Familia elkarguneei dagokienez, eta horren harira emandako gomendio orokorrean jasotakoaren ildotik, beharrezko da familia elkarguneen eta epaitegi deribatzaileen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzea, baita epaitegietako eskaerei behar bezalako garrantzia ematea ere.


Osasunaren esparruan, 2012. urte honetan 18 urtetik beherako atzerritar guztien osasun arreta publikorako eskubidea argitu da, baita ikasketengatik aldi baterako egindako harreretan ere.


Gaixotasun kronikoa duten pertsonen beharretara egokitu, osasunean emaitza hobeak lortu eta eraginkortasun gehiagorekin egite aldera osasun sistema eraldatzeko egiten ari den ahalegina azpimarratzen dugu. Kronikotasunaren estrategiaren garapenean aurrerapausoak antzeman ditugu, baita EAEn Gaixotasun Arraroen Estrategiaren Ekintza Planaren garapen hasiberria ere. Horrela bada, diagnosi goiztiarraren esparruan aurrerapausoak egon dira Jaioberrientzako Baheketa Programan 5 gaixotasun berri gaineratzean, baina oraindik ere bide luzea igaro beharra dago prebalentzia baxuko beste gaixotasun edo gaitzen kasuan, hala nola, Dravet sindromearen edo linfedemaren kasuan.


Bestalde, buruko osasun arazoak dituzten haurrekiko arretak erakunde hau kezkatzen jarraitzen du. Azken urteetan egindako aurrerapauso nabarmenak onartu arren, oraindik ere tarte bat dago gaixo eta senideen behar eta itxaropenen eta eskura dauden baliabideen artean, bereziki tarteko egiturei eta gizarte babesari dagokienez.


Bereziki premiazkoa iruditzen zaigu nortasun nahasmendua duten pertsonei -gehien bat nerabeak eta gazteak direnak- erantzuna emateko beharra, izan ere, diagnosia jasotzeko arazoak dituzte, ez dute sendagai espezifikorik eta haiekiko arreta-baliabideak ez dira nahikoak. Hala ere, ezin dugu ahaztu jokabide nahasmendua edo Haurren Eskubideen Batzordeak Espainiari egindako oharrarekin bat egin behar dugula. Bertan azaltzen zenez, AGHA duten haurrei gehiegizko sendagaiak agintzearen fenomenoa aztertu beharra dago eta haur horiei zein euren guraso eta irakasleei neurri sorta handia eta tratamendu psikologiko eta hezitzailea eskuratzeko aukera eskaintzen dieten ekimenak sustatu behar dira.


Mendeko haurrek gainditu behar izaten dituzten zailtasunek ez dute alde handirik mendeko pertsonek orokorrean gainditu behar dituztenekiko: mendekotasun graduen beheranzko balorazioak eta murrizketa handiak prestazioetan, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoerari arreta eskaintzeko sistemaren garapen amaigabean gertatutako atzerapen nabarmenaren ondorio. Mendeko haurren kasuan garrantzi berezia dauka familia ingurunean zaintzak eskaintzeko prestazio ekonomikoan egondako murrizketaren eraginak, izan ere, haur gehienek familia ingurunean jasotzen dute arreta.


Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Legeak -gizarte arretaren esparruan gure erkidegoari esleitutako eskumen esklusiboaren eta abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotako eskumen osagarriaren erabileraren adierazpen argia- esparru nahikoa eskaintzen digu gure herri administrazioek gizarte zerbitzuen alorrean azken urteetan zehar egiten ari ziren apustu irmoarekin jarraitzeko, arreta eta etengabeko hobekuntza areagotzeko bide horretan oztoporik izan gabe.


Gazte-justiziako sistemaren gizarte eta hezkuntza arloko zentro eta programen sareak epaitegien erabakiak eta beharra asetzeko neurri egokia duela dirudi. Hala eta guztiz ere, bateratzearen erabilera handiagoa egon zitekeen, bitartekaritza prozesuak bideratzeko aukerak ere miatuz nahitaez errua onartu behar izan gabe.


Era berean, adingabeen berariazko ofiziozko txandan hobekuntzak behar dira, neurri handi batean, letraduen prestakuntza hobearen bidez lortuko dena, garapen eta hezte prozesuan dauden pertsonentzako egokiagoak diren eta, nolanahi ere, helduen jurisdikzioarenak ez diren lan-moduak bidera ditzaten.


Azkenik, haur eta nerabeekiko hurbilagoa eta atseginagoa den justizia batera hurbiltzeko beharra aipatzen dugu, entzuna izateko, behar bezalako informazioa jasotzeko eta intimitatea edo pribatutasuna babesteko eskubideak, besteak beste, bermatu daitezen. Bereziki biktima edo lekuko gisa parte hartzen dutenean.


Eskola-kirolaren esparruan indarreko legeriak foru aldundiei hura arautzen duten xedapenak betetzen direla ikuskatzeko eta kontrolatzeko funtzioak esleitzen dizkie. Horien artean azpimarratu nahiko genuke, bertan parte hartzen duten erakundeek une oro adin horietako kirolaren oinarri izan behar den parte-hartze eta heziketa izpirituarekin bat egin behar dutela. Administrazioak alor horretan zigortzeko arauzko tresnarik ez izateak ez du oztoporik ezarri behar zeregin hori arduraz eta proaktiboki burutzeko. Erakunde honen ustez, kirol zentroek eta klubek zentzu horretan praktika oneko kode bat sinatzea norabide zuzenean doan urratsa da.


Jolaserako, atsedenerako eta aisia eta kultura jardueretarako eskubidea bereziki urratzen ari da krisi ekonomikoaren eragin gehien pairatu duten familietako haur eta nerabeen kasuan. Erakunde honek beharrezkotzat jotzen du heziketarako aisialdiko jarduerak burutzeko eta horiez gozatzeko haur guztien aukera berdintasuna bermatzen duen ahalegina mantentzea.


Joera homosexuala (gay eta lesbianak) edo bisexuala eta transgenero edo transexual identitatea (aurrerantzean lgtb) duten nerabeen egoerari dagokionez, EAEn Rainbow Europako proiektuaren esparruan egindako lanak agerian utzi du hezkuntza sistemak duen hutsune nabarmena sexu eta genero aniztasunarekiko eskubideekiko erabateko errespetua bateratu, ikusarazi eta sustatzerakoan.


Beste behin, adierazi behar dugu beharrezkoa dela hezkuntza-erakundeek beharrezko estrategiak jorratzea, eskola leku ziur bat izan dadin, adingabeei joera sexuala eta genero-identitatea modu aske eta bete-betekoan garatzeko babesa bermatuko diena, eskolako bizikidetza-eredu baketsu eta aniztasunaren integratzaile batean. Bestalde, hezkuntza zentroetan haur eta nerabeen identitate aniztasunari eta genero rolei buruzko egoerak edo jokaerak sortzen direnean adingabeak, familiak, irakasleak eta zentroak orientatzeko modua jorratu behar da. Egoera horiek, ezagutu ahal izan dugun moduan, haurrak oso gazteak direnean ere gertatzen dira.


Aurreko paragrafo horietan jorratutako arretako sektore-sistemen inguruko gogoetei eta bertan antzemandako aurrerapauso eta hobekuntza puntuei amaiera emateko, mugaketa ekonomiko handiko une hauetan horiek guztiek duten arriskuetako batekiko dugun kezka helarazi nahi dugu: administrazio, erakunde edota sail bakoitza, arauaren irakurketa zorrotzetik, bere eskumena denera mugatzea, ordura arte, batzuetan beste sistema, erakunde edo administrazioen lankidetzarekin, eskaintzen ziren prestazio eta zerbitzuak baztertuz, kontuan hartuta herritarrek erabiltzen zuten programa/zerbitzu horren bidez euren behar bat asetzen zutela.


Azkenik, ezin dugu amaitu haurren eskubideen gaineko gizarte kontzientzia indartu eta zabaltzeko eskaera berri bat egin gabe. Egia da duela urte batzuk baino handiagoa dela eta horregatik pozik egon behar gara eta zorionak eman behar ditugu. Baina oraindik asko egin beharra dago, bai maila orokorrean (eskubideen zabalkundea), baina egoera jakin batzuen gaineko kontzientziazioan (zigor fisikoa, tratu txarrak, sexu jazarpena...). Haurren eskubideak eta adingabearen interes gorenaren printzipioa direla-eta, heziketa ikuspuntua hartu beharra dago eta haur eta nerabeekin bideratutako edozein esku-hartze zuzendu behar duten lehentasunak ezarri behar dira. Hori dela-eta, herri administrazioei eskatu behar diegu gizartea sentsibilizatzeko eta haurren eskubideak sustatzeko ekimenekin jarrai dezatela eta indartu ere egin ditzatela.


Berriro ere Haurren Eskubideen Hitzarmeneko 12. eta 13. artikuluak nabarmendu behar ditugu, edo, bestela esanda, adingabeek beren iritzia adierazteko eta informazioa jaso eta emateko eskubidea dutela. Benetan parte hartzeko bide egonkor gehiago eratzen, horri denbora gehiago eskaintzen eta mekanismo egokiak, metodologia erakargarriak eta halakoak ezartzen aurrera egitera animatzen dugu, adingabeek beren bizitzari eragiten dioten arloetan parte hartuko dutela bermatzeko.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)