Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • Aurkezpena
  • + I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1.    2010-2014 Jarduera-esparrua
    • 2.    Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. Atala.  Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1.    Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2.    Aztertutako gaiak:
      • 2.1.  Hezkuntza
      • 2.2.  Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
      • 2.3.   Familiak
      • 2.4.   Osasuna
      • 2.5.   Justizia
      • 2.6.   Mendeko adingabeak
      • 2.7.   Kultur jarduerak eta kirola
      • 2.8.   Beste batzuk: “lapurtutako jaioberriak”; atzerritarren seme-alabak
  • III. Atala.  Azterlana: Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
  • IV. Atala.  Gure haur eta nerabeen ahotsa: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + V. Atala.  Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko beste jarduera batzuk
    • 1.    Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 2.    Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 3.    Ekitaldietako parte-hartzea
    • 4.    Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
    • 5.    Adingabeentzako web gunea
  • VI. Atala.   Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • + VII. Atala.  Eranskinak
    • Grafikoak
    • Taulak
    • Arloko araudia
    • Arartekoaren argitalpenak

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2012
  • I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

I. Atala.  Arau- eta antolaketa-testuingurua

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2012. urtean zehar garatu duen jarduera erakundearen ardatz estrategiko nagusiei jarraiki bideratu da, bai eta 2010-2014 denboraldirako bulegorako marraztu diren jarduera ildoak kontuan hartuta ere. Plangintzaren aukera horiek gizarte- eta arau-testuinguru jakin batean gertatzen dira. Plangintza erantzunak ematen saiatzen da baina testuinguruak egiteko modu zehatza mugatu eta baldintzatu egiten du. Hori dela eta, adingabeen esparruan egindakoa xehetasunez azaltzen hasi baino lehen, hurrengo orrialdeetan, Haur eta Nerabeen Bulegoaren lan-lerroak gogora ekarriko ditugu. Halaber, jardueraren arau-testuingurua osatzen duten lege, dekretu eta erregelamendu nagusiak aurkeztuko ditugu.


Aurreko urteetan, atal hau osatzeko, haur eta nerabeen taldearen ezaugarriak aipatu ziren labur-labur, informazio-iturriek emandako adierazle sozio-demografiko nagusietan oinarrituta. Lan hori egitera animatu ginen, izan ere, ez zegoen haur eta nerabeen errealitateaz urtez urte adierazten ziren ahultasunak gaindituko zituen informazio-sistemarik. 2011. urtean pozik hartu genuen Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Haur eta Nerabeen Behatokiak EAEko haur eta nerabeen errealitatearen jarraipena egiteko adierazleen sistema prestatu izana. Sistema horri lotzen gatzaizkio gai hauetarako.

1.    2010-2014 Jarduera-esparrua

Haur eta Nerabeen Bulegoaren 2010-2014 jarduera-esparruan, 2010. urteko txostenean aurkeztu zen horretan, esku-hartze ildo nagusiak nolabaiteko zehaztasunez azaltzen ziren. Hala, erakundearen gainontzeko eremuetan bezala, bulegoak adingabeek aurkezten dituzten edo eurengan eragina duten kexak eta eskaerak jaso eta aztertzen ditu. Kexak eta eskaerak modu zuzenean edo legezko ordezkarien bitartez aurkeztu ditzakete. Lan hori modu batean norbaitek (pertsona batek, kolektibo batek) edo zerbaitek (komunikabideen bitartez edo beste bideren bitartez ezagutu den eskubideen urraketa posible bat) aurkezten digunaren aurrean “erreakzionatzean” datza eta lan-ildo proaktiboagoen bidez osatzen da. Azken horien artean jarduera hauek daude: sarean, modu kolektiboan eta lankidetza erabiliz egindako lana sustatzera eta haurren eskubidearen kultura zabaltzera zuzendutako jarduerak, bereziki, adingabeen parte hartzea eta euren ahotsa entzunarazteko aukera bultzatzen dituztenak.


Ararteko erakundeak gain hartu duen “matrize-eredua” dela-eta, eremu materialetan espezializatutako sektore-arloak zeharkako begiradek osatzen dituzte, kasu honetan, haurren eta nerabeen eskubideenak. Horren xedea elkar aberastea eta lan koherente eta sinergikoa lortzea da. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa berezko langileen hornidura txikiarekin egituratu da, haurrei eta nerabeei maiztasun handiarekin eragiten dieten gaien arloko aholkularien laguntzarekin batera. Horiek guztiak, arartekoak, arartekoaren ondokoak, gizarte harreman, ikerketa eta modernizazioko zuzendariak eta idazkari nagusiak Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Aholkularien Kontseilua osatzen dute eta jarduera-esparru orokor hori abiapuntutzat hartuta, urtero egiten diren lanerako planen definizioan eta konpromisoan eginkizun nabarmena daukate.


2012ko Jarduera Planak, esku artean dugun denboraldirako, lehen aipatu ditugun lan-ildoak zehaztu ditu. Plan hori gure bidai orria da eta horri esker adierazitako bidean zehar aurrera egin dezakegu ahaleginak batuz eta gure helburuak ahalik eta modu eraginkorrenean lortzeko beharrezkoak diren sinergiak sortuz. Ondorengo kapituluetan aipatuko diren jarduerak plan horren emaitza dira:

2.    Arau- eta eskumen-esparrua

Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonatzat, nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin batera hain zuzen.


1990. urtean Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa (HEK) berretsi zuen, 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen (NBE) batzarrak hartu zuena. HEK modu unibertsalean onartu den haurren eskubideen katalogoa da; aldi berean, estatuek errespetatzeko, bermatzeko eta betearazteko dauzkaten betebeharrak ezartzen dituena.


Konbentzioak, lehenengo bi artikuluetan haurren arloan erakundeen ekintza guztiak bideratu behar dituzten funtsezko bi printzipioak ezarri zituen: bereizkeriarik ezaren printzipioa eta adingabearen interes gorena.

  • Bereizkeriarik ezaren printzipioaren arabera, haur bakar batek ere ez du bereizkeriarik jasango haurraren, gurasoen edo ordezkari legalen arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa, jatorri nazionala, etnikoa edo soziala, estatus ekonomikoa, oztopo fisikoak, jaiotza edo beste edozein baldintzaren ondorioz. Halaber, printzipio horrek nesken eta mutilen, atzerritarren eta bertakoen, ezintasunen bat duten haurren eta ez dutenen eta abarren arteko aukera berdintasuna ere barne hartzen du.

  • Adingabearen interes gorena, hitzez hitz, honela formulatu da: “Herri-administrazioek edo administrazio pribatuek, epaitegiek, administrazio aginpideek edo erakunde legegileek haurren inguruan hartzen dituzten neurri guztietan ezinbestekoa izango da adingabearen interes gorena aintzat hartzea”.

6. artikulutik aurrera hiru eskubide talde handiak zerrendatu dira, HBP letren bitartez adierazi daitezkeenak: Hornidura, hau da, zenbait baliabide eta zerbitzu edukitzeko, jasotzeko edo eskuratzeko aukera edukitzeko eskubidea, haurren eta helduen artean baliabideak banatzea; babesa, hau da, gurasoen eta profesionalen zainketak jasotzeko eskubidea eta ekintza eta praktika neurrigabeak jasan behar ez izatea; eta parte hartzea, hau da, gauzak egiteko eskubidea, nor bere burua aditzera emateko eta banaka zein kolektibo batean ahotsa edukitzeko eskubidea.


Horrez gain, beste bi premisa hauek kontuan hartu behar dira: eskubideen zatiezintasuna eta euren arteko lotura eta haur guztien ongizatea zaintzeari dagokionez gurasoen, familia ingurunearen, erakundeen eta gizartearen ardura partekatua.


Aukerakoak baziren ere (hautazkoak) Espainiak bi protokolo sinatu (2000) eta berretsi (2002) zituen. Protokolo horiek babesaren arloaren barruko bi alderdi zehatz jorratzen dituzte: Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren Hautazko Protokoloa, gatazka armatuetan haurren parte hartzeari buruzkoa eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren Hautazko Protokoloa, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurrak erabiltzearen gainekoa. Bi horiei hirugarren bat gehitu behar zaie: Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren Hautazko Protokoloa, komunikazio prozedura baten ingurukoa. Espainiak 2012an sinatu zuen, parlamentuak oraindik berretsi ez duen arren. Protokolo hori sakonago jorratuko dugu garrantzi berezia baitauka.


Izan ere, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren inguruan gabezi esanguratsu bat konpontzera dator: banakako komunikazio eta erreklamazio prozedura bat ezarri ez duen giza eskubideen nazioarteko hitzarmen bakarra da. Bitxia bada ere, haurrak banaka joan daitezke beste hitzarmenen batzordeetara (giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eskubide zibilak eta politikoak, arrazagatiko bazterkeria, emakumearen aurkako bazterkeria, tortura, langile migratzaileak, ezintasunen bat duten pertsonak) baina hitzarmen horietako batzordeek ez “dakite ezer” haurren inguruan. Hala, protokolo horrek mekanismo bat ezarri du haurrek eta/edo euren ordezkariek salaketa ezartzeko aukera eduki dezaten espezializatutako nazioarteko batzorde baten aurrean euren eskubideak defendatze aldera, urratuak izan direla uste dutenean. Hauxe oinarritzat hartzen badugu: ez gara eskubideen titularrak ez baldin badugu horiek aldarrikatzeko mekanismorik, protokolo horrek duen garrantzia ukaezina da.


Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zenetik 23 urte pasa dira eta orain, lehenengo aldiz, haurren ahotsa modu zuzenean helduko da Haurren Eskubideei buruzko Batzordera. Azken horrek informazio hori eta ordura arte estatuen eta gizarte erakundeen txostenen inguruan heldu zaion informazioa baliatu ahalko du “estatu parte hartzaileen aurrerapen bikainak aztertzeko” lana burutzeko, HEH eta horri lotutako protokoloak betez. Bestalde, aurreikus daiteke epe ertainean antzerako mekanismoak sortuko direla maila nazionalean.


Nazioartean, lehen haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko marko unibertsala den Nazio Batuen Hitzarmena aipatu da, baina komeni da jakitea badaudela Espainiak berretsi dituen adingabeei eragiten dieten gai sektorialei buruzko zenbait nazioarteko itun –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazio Batuak, Nazioarteko Lan Erakundea, Europako Kontseilua, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren Konferentzia: Haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar. Gainera, Espainiako Estatuak gai horri dagozkion nazioarteko foroekiko duen lotura eta konpromisoaren adierazle gisa azpimarratu behar da Nazio Batuen Haurrei buruzko Biltzar Berezian (2002ko maiatzean egin zen) parte hartu zuela eta “Un mundo apropiado para los Niños y Niñas” izeneko dokumentuan jasotako Adierazpena eta Ekintza-plana onartu zituela.


Europar Batasunaren markoan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena.


Halaber, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia) ere aipatzekoa da. Gutun horrek, adingabeei dagokienez, adingabeen entzunak izateko eskubidea, adingabearen interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea ospetsu egiten ditu. Garapenean, bi gertaera gogoangarri: lehenbizikoa, «Haurren Eskubideen gaineko Europar Batasuneko Estrategiarantz» izeneko jakinarazpena, Europako Batzordearena (2006), zeinak hainbat egitura ezarri baititu EBko erakundeek haurren eskubideei lotutako arazoei aurre egiteko duten ahalmena indartzeko, eta egintzetan oinarritutako politiken zimenduak finkatu baititu, interesdunekiko elkarrekintza arintzeko asmoz; eta, bigarrena, Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agenda (2011), zeinak batez ere eremu jakin batzuetan jartzen duen arreta, EBk eremu horietan benetako balio gehigarria ekar dezakeelako, adibidez, haurrentzako justizia eskuragarri egiteko arloan, egoera zaurgarrietan dauden umeak babestuz eta Europar Batasunaren barruan zein kanpoan haurrengan eragina daukan indarkeriaren kontra borrokatuz. Agenda horretatik eratorritako ekintza batzuk txosten honen beste puntu batzuetan agertuko dira, erakunde honek parte hartu duen topaketa, foro edo dispositiboak baitira.


Edonola ere, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipioak ‑goian azaldutakoak‑ jada Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoaren zati dira, Adingabearen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan sartu ziren heinean (lege horren bidez partzialki aldatu ziren Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea. Lege hori botere publiko guztiak, berariaz haurrekin lotutako erakundeak, gurasoak eta senideak, eta biztanleria oro har lotzen dituen babeserako marko juridikoa da estatu-mailan. Lege horretan jasotzen dira nazioarteko araudiaren legearen eta haurren eskubideen aplikazio-esparrua, eta bereziki aipatzen da Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena. Herri-administrazioen jardunaren printzipio gidariak ezartzen dira, eta haurraren babes gabeko egoeretan zer egin zehazten da, bai eta haurrak babesteko erakundeak ere.


Iazko txostenean adierazi genuenez, adin txikikoak babesteari buruzko Estatuko legeria eguneratzeko prozesu bat hasi zen eta oraindik bukatzeko dago.


Espainiako Estatuaren lurralde- eta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, “Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera” izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.


Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmendu ditugu dokumentu honen eranskinean. Arloko araudi horretan 2012an egin diren berrikuntzak txosten honetako II. atalean azalduko dira, arlo bakoitzeko azalpenean.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)