1. Gizarte-eragileekiko lankidetza
Arartekoak eta, dagozkion kontuetan, Haur eta Nerabeen Bulegoak, bere jarduera-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari, bai haien eskubideak jendarteratuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera arazotsuetan dauden adingabeen sektoreentzat diren baliabide jakin batzuk kudeatuz.
Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan, informazio-eskaerak eta abar. Horrela, bilerak egin ditugu eta parte hartu dugu UNICEF, Save the Children eta Haurren Erakundeen Plataformaren foroetan edota topaketa publikoetan. Horiek guztiek haurren eta nerabeen errealitatearen inguruan elkar aberastea dakar, baita lankidetzarako ildoak, arloak eta proiektu zehatzak aztertzea ere.
Ezintasunen bat duten pertsonen arloan, ezintasun, mendekotasun, buru-osasun eta gaixotasun kronikoen arloetako aholkulari koordinatzaileek, Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Aholkulari Batzordeko partaideak baitira, aldizka harremanak izaten dituzte sektore-erakundeekin. Horrela, aurten hainbat bilera egin dira ONCE, Elkartean, FEVAPAS, FEVAS, Euskal Gorrak, APSE, FEDEAFES, OME, Síndrome de Dravet fundazioarekin eta APREVASekin. Aztertutako egoera edo arazoren bat haur eta nerabeengan bereziki agertzen bada edo haiengan eragin berezia badu, elkarlanean aritzen gara, arazoen konponbideari haurren ikuspegia gehituz.
Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak proposatu du adin txikikoen adopzio kasuetan foru aldundiek erabili beharreko prozedura arautzen duen dekretua aldatze. Proposamen horrek harremanetan jarrarazi gaitu Ume alaia familia adoptatzaileen elkartearekin. Horren antzera, 131/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraiki babesik gabe dauden adin txikikoentzako egoitza-baliabideetan baldintza materialak eta funtzionalak egokitzeko aldi iragankorra bukatu izanak bide eman digu Euskadiko Gizarte Hezitzaileen Elkargoarekin harremanetan hasteko.
Azkenik, iaz bezala, aurreko kapituluan aipatu dugun Haur eta Nerabeen Kontseilua berritzeko prozesuaren ondorioz, berritzeguneekin, zuzendaritzekin, irakasleekin eta gurasoekin ditugun harremanak berritu edo ezarri behar izan ditugu; modu berean, foroetan, jardunaldietan eta biltzarretan parte hartzearen ondorioz, harremanetan egon gara haurren arloko beste erakunde batzuekin, hala nola Vivir sin Drogas fundazioarekin edo FAPMIrekin.