2.3. Familiak
2.3.1. Familiei laguntzeko politika publikoak
Erakunde honek familiei laguntzeko politika publikoez duen iritzia azaltzeko aukera izan zuen 2012ko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak antolatutako Familien Biltzarrean. Horrela nabarmendu genuen familiek giza eskubideen defentsan duten zeregin garrantzitsua, premia egoeretan babesa eskaintzeko duten ahalmena eta banakakoen artean elkartasun-lotura irmoak ezartzeko gaitasuna.
Familiak publikoki babestea banakoak euren giza garapenean babestea dela kontuan hartuta, banakako eta taldeko eskubideak lortzeko eta premia gehien dutenak (adingabeak, baina baita ere nagusiak, gaixotasunen bat edo mendekotasuna duten pertsonak) bereziki babesteko, agerian utzi genuen familien babesa gizarte estatua mantentzeko ezinbesteko estrategia publikoa dela, beraz, krisi egoeran, inoiz baino gehiago, familia politikak gizartearen kohesioa bermatzeko eta garai hauetan horrenbeste ageri den pobrezia eta gizarte desegituraketa saihesteko inbertsio publikorik onena dira.
Adierazi genuen, gure urteko txostenetan egiten ari garen moduan, familien alorrean jardutea ez dela soilik laguntza publikoetako politikak edo diru-laguntzak bideratzea (bereziki, seme-alabak edo mendeko pertsonak edukitzeari dagokionez, baita lana eta familia bateratzeko laguntzari dagokionez ere), horrez gain, eta gero eta gehiago, kultura, gizarte eta ekonomia aldaketa sakonak sustatu behar dira, familien beharrak gure jarduera ekonomikoan erabat barneratzeko ikuspuntu berriak ireki ditzaten. Ildo horretan, botere publikoak mentalitate aldaketen prozesuen buru izan behar dira, zaintzak, etxeko lanak, atsedenak, aisiak, giza harremanek eta ordainsaririk gabeko borondatezko beste parte-hartze sozial mota batzuek nahitaez behar duten eremua onartzeko. Gainera, ezin da bidezko familia antolakuntzarik egon zaintza eta etxeko lanen banaketan elkarren arteko erantzukizunik ez badago, eta ezin da ekonomia eta lan ordainduaren antolakuntzarik egon emakumeen erabateko parte-hartze soziala sustatzeko eta gizonek etxearen eta zaintzaren bizitzan esku-hartzeko beharra ezagutu gabe. Horretarako, lanaren antolamendua oinarrizko giza beharretara egokitu behar da, giza bizitzaren eremu ezberdinak -lana, familia eta eremu pertsonala- bateratzeko aukera eskaintzen duten formula berriak indarrez sustatuz.
Ikuspuntu horietatik, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak 2011ko azken egunetan onartutako Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planak (2011-2015) oinarri duen norabide orokorrarekin eta filosofiarekin bat egiten dugula errepikatu nahi dugu, nahiz eta gure erakundean jasotako kexen inguruko hainbat konturekiko dugun kezka helarazten jarraitzen dugun, hala nola, 255/2006 Dekretuan jasotako seme-alabengatiko diru-laguntzak eskatzeko kudeaketa errazteko beharra; norbere kontura lan egiten dutenak familia eta lana bateratzeko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuan araututako laguntzen onuradun gisa gaineratzeko beharra; guraso bakarreko familiei zuzendutako neurri bereziak bideratzeko edo laguntza publikoan areagotzeko beharra; baita jagoletza ez duten gurasoak laguntza horiek eskuratzeko araubidea berrikustearen komenientzia ere, banaketak edo dibortzioak dauden kasuetan, kasu bakoitzean hitzarmen arauemailean xedatutako seme-alaben arretarako behar zehatzak kontuan hartuta.
Familia-politiken eremuan eskatzen genuen familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren onespena baikor hartu dugu. Arau horrek familia-errenta estandarizatzeko sistemak ezartzen ditu familia mota eta egoera ezberdinei bidezko tratua emateko. Sistema horiek familientzako laguntza ekonomikoetan edo familiei laguntzeko zerbitzuetan aplikatzekoak dira, baldin eta familia-unitatearen maila ekonomikoa laguntza edo zerbitzu horietara iristeko baldintza bada, edo prestazio horren zenbatekoa edo zerbitzuagatik ordainduko den zatia zehazteko irizpidea bada. Familia-errentak estandarizatzeko sistema horiek baliokidetasun-sistemak dira, errenta neurtzeko gai direnak, ez bakarrik familia-unitateko kide-kopuruaren arabera, baizik eta baita ere unitatearen osamoduaren arabera. Izan ere, kontuan izan behar da ezen, diru-sarreren maila berbera duten baina osamodu desberdina duten familia-unitateek, ez dutela izaten gaitasun ekonomiko berbera, erosteko ahalmenari eta bizi-kalitateari dagokienez.
Atal honekin amaitzeko, Euskadin familiak laguntzeko zuzendutako politika publikoen egoera zein den aztertzeko txosten berezia garatzeari buruz iazko bulegoaren txostenean jasotako iragarpena gauzatzen hasi dela jakinarazten dugu, Ados Consulting aholkularitzaren laguntza teknikoarekin. Azterlan horrekin, EAEko familia politikak hurbileko Europako herrialdeetan sustatutako politika aurreratu eta babesleenekin parekatzeko diagnosia lortu nahi dugu, azkenik euskal familien eskaera eta beharrei erantzuna emateko hainbat gomendio proposatu ahal izateko.
2.3.2. Familia homoparentalak
Guraso bakarreko familiei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari eta bi emakumez osatutako bikote batek laguntza bidezko ugalketa-tekniken bitartez seme-alaba bat duenean ama ez-biologikoaren legezko amatasunaren zehaztapenari buruzko Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 Gomendio Orokorraren jarraipen gisa, bere garaian, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Aniztasunaren Kudeaketa Zuzendaritzari laguntza eskatu genion aipatutako gomendio orokorrean jasotako bi iradokizun nagusiak betetze aldera. 2012. urtean hori gauzatzeko beharra azpimarratu dugu. Orain arte, jakin dugu zuzendaritza horrek (txosten hau amaitu zenean eta LGTB kolektiboarekin zerikusia daukaten gaiei dagokienez, Familia eta Komunitate Politiken Zuzendaritzaren barruan zegoen) orain arte alor horretan eman diren aurrerapausoen inguruko datuak biltzen jarraitzen duela. Zuzendaritzaren eskutik lortu dugun informazioa ikusita, ondorioztatu dezakegu, Euskadin, emaitza oraindik desberdina dela. Hala, administrazio oztopo formalak deuseztatzeari dagokionez, gaur arte ezin izan dugu egiaztatu jaurlaritzako sail guztietan zeharka jorratu ote den eskabide, inprimaki eta bestelako agirien egoera berrikustera zuzendutako ekimenik, ikusi ahal izan dugunez, oraindik ere oztopo formalak baitaude guraso bakarreko familientzat eta bikote zein ezkondutako bikote homosexualentzat. Estatu mailako eskumeneko eskabideei dagokienez, Espainiako Herriaren Defendatzaileak –aldez aurretik horren inguruan bidali genion errekerimendu bati erantzunez- Berdintasunaren Estatuko Idazkaritzak emandako informazioa helarazi digu. Bertan, adierazi da legezko errealitate horrekin bat ez datozen administrazio agiri edo inprimakien kasuan, banaka eskatu beharko dela egokitu ditzaten.
Bi emakumeren arteko ezkontzaren barruan lagundutako ugalketa bidez jaiotako haurren seme-alabatasuna legez zehazteko arazoari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, 2011. urtean une horretan Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza zenaren bidez, jakinarazpen bat bidali die lagundutako ugalketa-teknikak aplikatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro publiko eta pribatu guztiei; horren bidez, jakinarazi zien ama lesbianek lege-egoera anbiguoa dutela eta laguntza eskatu zien, eragindako guztiei (teknika horien bidez seme-alabak izan nahi dituzten emakumez osatutako bikoteei) adieraz ziezaieten beharrezkoa dela Erregistro Zibilaren ardura duen epaileari haur jaioberria semetzat edo alabatzat hartu nahi dutela adieraztea. Gai hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren web orrialdean jaso da, hortaz, gai horri lotutako informazioa bitarteko horretan argitaratu da. Dena den, gaur egungo Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak jakinarazi digu oraindik klinika eta osasun zentro jakin batzuetan ez dietela informazio nahikoa ematen arazo hori daukaten emakumez osatutako bikoteei. Horren harira, Espainiako Herriaren Defendatzaileak jakinarazpen bat bidali digu, bi emakumeren arteko ezkontzaren barruan lagundutako ugalketa bidez jaiotako haur baten ama ez-biologikoa legez zehazteari lotutakoa. Bertan, azaltzen da Justiziako Estatuko Idazkaritzak ulertzen duela legeak ezarri duela amaren ezkontideak eman behar duen baimena seme-alaba jaio baino lehen eman behar duela. Baina, horrez gain, adierazi digute, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Orokorrak besteak beste 2008ko apirilaren 17ko, maiatzaren 22ko eta azaroaren 24ko ebazpenetan azaldutakoa aintzat hartuta, baliozkotzat eta nahikotzat jotzen dela ama ez-biologikoak umea jaio ondoren, umea inskribatzean, adierazitako adostasuna ere.
Justiziako Estatuko Idazkaritzak emandako argibide hori oso garrantzitsua da, hortaz, gure ustez, laguntza bidezko ugalketa-tekniken gaineko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen interpretazio posible hori Euskadiko erregistro zibilen ardura daukaten organo judizialen artean helarazi eta zabaldu beharra dago (gure gomendio orokorrean jasotako ikuspegiarekin bat dator).
2.3.3. Familia elkarguneak: haurrek euren gurasoekin harreman eta kontaktu erregularra izateko duten eskubidearen zerbitzurako tresna
Bulego honetako 2011ko txostenean dagoeneko iragarritako jarraipenean aurreratzeko helburuarekin eta han adierazitako kezka-elementuak bereziki kontuan hartuta, 2012ko urrian zehar, erakunde honetako langileek bost FEG bisitatu zituzten epaileak aginduta -Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Portugalete, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eskumenekoak, eta Barakaldo, udalaren erantzukizunekoa- eta euren kudeaketa bideratzen duten lau erakundeetako arduradun eta profesionalekin elkarrizketak izan zituzten. Lehen fase hori amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko arduradunekin bilera bat izan zen lehen balorazioa helarazi eta hainbat kontu kontrastatze aldera. Azkenik, hainbat familia-epaileren lankidetza ere eskatu zen. Horiek -kontu hauetan duten esperientzia zabaletik- erakunde honek azaldutako hainbat kezka-elementuri buruz zuten iritzia helarazteko asmoa adierazi zuten.
Horren guztiaren emaitza Deribazio judizialaren bidez familia elkarguneen erregulazioa eta funtzionamenduari buruzko gomendio orokorra izan da, 2013ko lehen egunetan jendaurrean aurkeztu bada ere, 2012ko azken lauhilekoan egindako jarduera biltzen duena,
Gomendioak erakunde honen ustez hobetu beharreko elementuak aipatzen ditu, hemen modu laburrean hitzez hitz bilduko ditugunak. Dena den, horietako bakoitza gomendioaren gorputzean zehaztasunez azaltzen dela aipatu beharra dugu, hemen jasoko ez badugu ere. Bertan, antzemandako aurrerapausoak eta azpimarratzen diren praktika profesional onak ere bilduko dira.
Ondorioz, adierazpena honakoa da:
Bestalde, baina, berriro ere, zailtasun egoeretan dauden eta gatazkarekiko konponbide hitzartuak bilatzea erabakitzen duten familiei laguntza eskaintzeko zerbitzua denez, Bitartekarien Erregistroari buruzko eta erregistro horretan inskribatzeko egiaztatu beharreko familia-bitartekaritzako prestakuntza zehazten duen azaroaren 21eko 246/2012 Dekretuaren onespena ospatu dugu, araubide horrek eskainitako zerbitzuaren kalitatea lortuko duelakoan, zerbitzua eskaintzen duten profesionalen kualifikazio egokia eta berezia bermatzean.