AURKEZPENA
“Jendeari bere giza eskubideak ukatzea bere gizatasuna zalantzan jartzea da”. Nelson Mandela.
Atsegin handiz eta ohorez aurkezten dizuet Arartekoaren 2015. urteko txostena. Jakina denez, joan den udan aukeratu ninduten ararteko, eta hautaketa horren ondotik, gaixoaldi latza etorri zen. Horregatik, hasteko, bidezkoa iruditzen zait ezinbestean bi pertsona aipatzea: lehena, Iñigo Lamarca, kemenez eta eragingarritasunez zuzendu baitu Ararteko erakundea 10 urte pasatxoan; eta, bigarrena, Julia Hernández nire ondokoa, arduraz eta zerbitzua egiteko asmoz bereganatu baitu, hainbat hilabetean, erakunde hau zuzentzeko eginkizun zaila, jarduneko ararteko gisa. Eskerrik asko biei, erakunde honen eta bere langileen izenean, baina baita aldi horretan defentsa-erakunde honetara jo behar izan duten Euskadiko herritarren izenean ere, kasu egin baitzaie esku hartzeko egin dizkiguten eskaerei.
Gure jarduera, euskal herri-administrazioek burututako gobernantzaren analisia, euskal administrazioek herritarren eskubide eta askatasunak betetzen ote dituzten ikuskatzea, administrazio egokia egiteko eskaerak betetzea, horiek denak jorratuko ditugu urteko azterketa honetan. Eta azterketa hau egiteak Arartekoari ematen dion aukera aprobetxatuz, oso bereziki nabarmendu nahi dugu giza eskubideen aldeko kultura
indartu behar dela, botere publikoek nahiz herritar guztiok eskubide horiek sustatzen eta sendotzen lan egin dezagun. Beti gogoan izan dezagun, gure jarduera guztietan, eskubide horiek errespetatzeko printzipioa bermatu behar dugula une oro.
Horretarako, Zuzenbideko Estatu Demokratikoa osatzen duten erakunde eta organoei eskatu behar diegu erabat errespeta ditzatela pertsonen eskubideak eta berme-sistema, eta printzipio eta balio demokratikoekin ustez bateraezina den jarduera bati buruz herritarrek egiten dituzten salaketa guztiei beti erantzun argia eman dakiela, sistemaren zuzentasunaz egon litekeen edozein zalantza desagerrarazteko, edo ikerketa bat eragin dezala, dagozkion erantzukizunak argitzeko, hala badagokio.
Azken urteotan gertatu den bezalaxe, gure lanaren azterketarekin batera, aurten ere azpimarratu behar dugu krisi ekonomiko eta soziala oraindik ere ondorio larriak sortzen ari dela milaka familiaren egoeran eta bizi-kalitatean. Egungo krisia konpontzeko, ezinbestekoa da eskubide sozialen unibertsaltasuna aitortzea. Dudarik gabe, horren ondorioak are sakonagoak, luzeagoak eta kaltegarriagoak izango lirateke botere publikoek beren erantzukizunak bereganatu izan ez balituzte eta krisi luze honek herritarroi ezarri dizkigun ondorio larriak, neurri batean behintzat, arindu ez balituzte, gizarte-murrizketak mugatuz eta arreta berezia eskainiz egoera txarrenean dauden pertsonei, baliabide ekonomikorik ez dutenei eta langabeei.
Gizartea ere ezin da errealitate horretatik urrun egon, eta herritar guztien berdintasuna lortzeko eragile aktibo bihurtu behar du, izan ere, Philip Randolph-ek zioenez, “pertsonarik xume eta ahulenak nagusi eta ahaltsuenek dituzten eskubide zibil, ekonomiko eta sozialak baliatu ahal dituenean soilik da demokratikoa komunitate bat”.
Gure erakundea eta burutu dugun jarduera ez dira egoera orokor horretatik kanpo geratu.
Aipagarria da Arartekoak herritarrekin zerikusia duten jarduera anitz egin dituela, ia 9.000. Horrela, herritarrek berriro kexa ugari egin dituzte oinarrizko gaien gainean: adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Legetik eratorritako prestazio ekonomikoen gainean. Azken urteotan gertatu den gehikuntza hori egiaztatzeko, 2010. urteari begira jarri behar dugu, bost urteotan %45eko hazkuntza izan dela ikusteko.
Hala ere, Arartekoaren eraginkortasuna aldaketarik gabe mantendu da. Horren adierazgarri, kexa-prozedurak batez beste 63 egunean bideratu dira 2015ean.
Era berean, herritarrak artatzeko gure bulegoetara etorri diren herritarren kopurua 2015ekoaren antzekoa da, 5.200 pertsonatik gora.
Gure txostenean (zehazki, I. kapituluan), garrantzi berezia eman nahi izan diegu gure gizarteko arazoen irudi aski argia izaten laguntzen diguten jarduera-datuei.
Jakin badakigu informazioak herritarrak trebatu eta aktibatzen dituela, eta gure lana sozializatzeko, ikusarazteko eta gardenago egiteko iturria dela. Horregatik, Ararteko erakundean informazio oparoa emateko ahaleginak egin ditugu, bai gure web orrian (ararteko.eus) horren erakusgarri da orrialdeak 110. 000 bisita izan dituela eta 2015ean 200.000 orrialde baino gehiago ikusi direla, bai gizarte-sareen bitartez: Twitterren dugun profilean, 3.900 jarraitzaile inguru dauzkagu, eta Facebookeko orri berrian (2015ean zabaldua) jada 560 pertsonak baino gehiagok egin dute bat gurekin.
Berriz ere pozik egon behar dugu Arartekoak iaz aztertu zituen jardueretan nahastutako administrazio gehienek hartu duten konpromisoagatik. Begi-bistakoa da gure ebazpenak oso eragingarriak direla, bada, ohi bezala, aztertu ditugun kasu zehatzetatik %86tan administrazioak onartu egin ditu Arartekoaren gomendioak.
Orobat, hainbat lorpen azpimarragarriren ondorioz, aldaketak egin dira euskal administrazio askoren araudi eta politika publikoetan. Horiekin batera, beste zenbaitetan, administrazioei gogorarazi behar izan diegu arauak kasu zehatz bati ezarri ahal izateko, pertsona horren banakako egoera onartu behar dela, eta, arazoak dauden garaietan, oraingoa kasu, ezinbestekoa dela arau horiek berriz interpretatzea eta erraztasunik handiena ematea administrazioaren jardueran horien mamia bete ahal izateko. Zoritxarrez, aurten ere adierazi behar dugu oraindik kasu askotan (txostenaren I. atalean ikus daitekeenez) administrazioak ez duela erantzuten beti behar bezain azkar, edo argiro eskasa den informazioa bidaltzen duela, eskatutakoari ez dagokiona. Horrek eragin kaltegarria izaten du egiten dugun zerbitzu publikoaren kalitatean.
Horregatik, euskal herri-administrazioei ardura eskatu beharrean nago, Ararteko erakundearekin behar bezala lankidetzan aritu daitezen, izan ere, horren ondorioz, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko da, eta pertsonen eskubideak babesten dituzten bermeak indartuko dira, inolako zalantzarik gabe.
Kudeaketa publikoari dagokionez, nabarmendu nahi dut Ararteko erakundea iaz Q-epea sareko kide bihurtu zela. Sare hori Euskal Herriko 29 erakunde publikok (administrazio eta enpresa publikok) osatzen dute eta helburu hauek lortzeko konpromisoa hartu dute: bikaintasuna bilatzea; ikaskuntza partekatuaren bitartez, gure erakundeen kudeaketa hobetzen aurrera egitea; eta euskal herri-administrazioan kalitatearen kultura
sustatzea. Erakunde hau buru-belarri lankidetzan aritu da Euskadin gardentasunari buruzko legeria ezartzeaz sare horretan egin diren lanetan.
Halaber, 2015ean apustu irmoa egin dugu giza eskubideen nazioarteko erakundeen berrikuntzek, doktrinak eta argitalpenek ikusgarritasun eta presentzia handiagoa izatearen alde. Horretarako, Europako erakundeekin (Europako Kontseilua, Giza Eskubideen Europako Agentzia eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia) eta Nazio Batuetakoekin (Batzar Nagusia, Nazio Batuen Organoak eta Goi Mandataria) zerikusia duen informazioa sartu dugu gure webean (giza eskubideen gaineko guneetan eta Interneteko berrietan. Apustu hori erakundearen barruko informazio-tresnetan ere islatu da. Gainera, sendotu egin da Arartekoak giza eskubideak defendatzeko nazioarteko erakundeekin duen harremana.
Gizarte-erakundeak Arartekoaren begi-belarriak dira, gure antenak. Errealitatea ezagutzen laguntzen digute errealitate hori kexa zehatzetan gauzatu baino lehen, gure arreta behar duten egoerak antzematen laguntzen dute, eta, zenbaitetan, guk ofiziozko jardueren bitartez prebentzio moduan esku hartzea ahalbidetzen dute. Horregatik, aukera honetaz baliatuta, gizarte-erakundeen eta boluntarioen eginkizun antolatzailea eta sostengatzailea aldarrikatu nahi dut, bada, etengabe eta modu eredugarrian erakusten dute beraien indarra, baita inklusio, kohesio, ekitate eta gizarte-justiziaren alde egiten duten lana ere.
Bukatzeko, Ararteko erakundea giza eskubideak betetzen ote diren ikuskatzeko eta zaintzeko tresna gisa eratuta dagoenez gero, zera azpimarratu nahi dut hemen: sortzen diren erronka ugarientzat konponbideak bilatzen jarraitu behar dugu, giza eskubideak errealitatean eraginkorrak eta errespetatuak izango direla bermatzeko, batez ere eskubide-jabeak mendekotasun, bazterketa eta ahultasun egoeran baldin badaude, izan ere, Mary Robinsonek adierazi zuenez, “giza eskubideak pertsonen bihotzetan inskribatuta daude; hor zeuden legegileek beren lehen aldarrikapena idatzi baino askoz lehenagotik”.
Manuel Lezertua Rodríguez
ARARTEKOA