AURKEZPENA
Aurkeztera goazen agirian bilduta daude Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2016. urtean egindako jardueraren elementurik esanguratsuenak. Gogorarazi nahi dugu, aurten ere, erantsitako txostenaren formatua daukala, hau da, osotasun integratu baten (Arartekoak Legebiltzarrarentzako egin duen 2016. urteko txostena) zatia izanda ere, modu independentean irakur daitekeen agiria egin dugu. Horrela, erakundearen antolaketarekin eta funtzionaltasunarekin lotutako errealitatea islatzen du, talde bereziki ahul horri dagokionez: Ararteko erakundearen jardueraren zati bereizezina izanda, haien eskubideak bermatzeko kezka, interesa eta jarduerak zeharkako ikuspuntu batetik egiten dira. Ikuspuntu horrek adingabearen interes gorenari ematen dio lehentasuna, eragindako eremua edo bizitzaren alderdia edozein dela ere. Azaldutakoaren ildoan, testuan zehar txosten orokorreko zatiak eta atalak aipatu egiten dira eta, modu berean, txosten orokorrean Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenari erreferentzia egiten zaio, bai kasu batean, bai bestean, garrantzi edo zehaztasun handiagoko gogoetak egiten diren bakoitzean.
Informazioa bost kapitulutan egituratuta dago, eta seigarren kapituluan eranskinak eta arloko araudia agertzen dira. Lehenengoan bulegoaren jardueraren araudi-testuingurua azaltzen da, bai eta txostenak hizpide duen urterako ezarritako plangintzaren barruan dauden lan-ildoak ere.
II. kapituluan, guztien artean luzeena, Ararteko erakundearen berezko jardueratik abiatuta, ikusitako arazo nagusiak aipatzen dira, arriskuan ikusitako eskubideen inguruan bilduta. Abian jarritako jarduerak eta herritarrek aurkeztu dituzten kexen; egindako ikuskapen bisitaldien; ofiziozko ikerketen; arduradun publikoekin eta gizarte erakundeekin izandako bileren; foroetan, batzarretan eta profesionalen topaketetan parte hartu izanaren ondorioz lortutako ikaskuntzak errepasatzen dira.
III. kapituluan zehazki azaltzen da zer-nolako jarduera burutu duen haur eta nerabeentzako gure partaidetza-organoak: Haurren eta Nerabeen Kontseiluak.
IV. kapituluak haurren eskubideei dagokienez, errespetuan oinarritutako kultura sortzen laguntzeko zenbait jarduera bildu ditu.
Azkenik, V. kapituluak ixten du agiria. Bertan, haur eta nerabeen eskubideen egoeraren balorazioa egiten da, laburpen gisa.