Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • AURKEZPENA

  • + I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1. 2016ko jarduera-esparrua
    • 2. Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2. Arriskuan dauden eskubideak:
      • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
      • 2.2.Hezkuntzarako eskubidea
      • 2.3.Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
      • 2.5.Osasunerako eskubidea
      • 2.6.Adingabe arau-hausleen eskubideak
      • 2.7.Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
  • III. ATALA Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • 1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • 2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 4.Ekitaldietan parte-hartzea
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA Eranskina Arloko araudia

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2016
  • II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
  • 2. Arriskuan dauden eskubideak:
  • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea

27. artikulua

(Haurren eskubideei buruzko Hitzarmenekoa)

 

1. Haur guztiek dute beren garapen fisikoa, mentala, izpirituala, morala eta soziala bultzatuko duen bizitza-maila izateko eskubidea, eta estatu kideek hori onartzen dute.

 

2. Gurasoek edo haurra zaintzen dutenek haurrari bere garapenerako beharrezkoak diren baldintzak eman behar dizkiete, beti ere bere ahalbide eta diru-baliabideen arabera.

 

3. Estatu kideek, estatuko baldintzen eta dituzten baliabideen arabera, guraso edo haurren erantzukizuna dutenei laguntza emango diete eskubide hau bermatu dadin, eta beharrezkoa bada laguntza materiala eta laguntza-programak bideratuko dituzte, batez ere elikadura, jantzi eta etxebizitzaren arloan.

 

Zaila da prekariotasun ekonomiko edo pobrezia egoeretan bizi diren haur eta nerabeen kopurua zehaztea, eta zaila da, halaber, oinarrizko beharrizanak estaltzeko zailtasun egoeretan daudela azaltzen duten familien espedienteetako haur eta nerabeen kopurua zehaztea. Beste urte batez, diru sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaile guztietatik seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza unitateen ehunekoaren estimazioa aplikatzen bazaie erakunde honek izapidetutako prestazio ekonomiko horren espedienteei, ondorioztatzen dugu 196 familia zailtasun ekonomiko larriko egoeran bizi direla, eta gehienetan adingabe bat baino gehiago dago.

 

 

2.1.1. Arauzko testuingurua eta testuinguru soziala

 

2016. urtean ez da arlo honetako araudi berrikuntzarik aurkeztu, eta gizarte testuinguruari dagokionez, zenbait datu jakitera eman dira, esaterako:

• Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularren kopuruak behera egin du. 2015.urtean 66.000tik gora izan ziren, eta 2016an behera egin du, pixkanaka; abenduan jasotzaileen kopurua 63.797 zen. Datu hauek eta lanik gabeko pertsonen tasak behera egin duela ikusita, badirudi krisi ekonomikoaren une kritikoenak atzean geratu direla; nolanahi ere, berreskurapenaren erritmoa motela eta ezegonkorra da.

 

• FOESSA fundazioaren Pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzea: faktoreak, prozesuak eta esku hartzeko proposamenak azterlanak ohartarazi zuen haurren pobreziari buruzko informazioa modu isolatuan aztertzea arriskutsua dela; gaur egun bizi dugun garaiarekin bat dator, dena sinplifikatzen duen garaia baita, berehalako eragina eta irudia gailenduz, gertaerak testuinguruan eta konplexutasunez aztertzea zinez zaila izaten da. Hortaz, berehalakotasunaren atalasea gainditzea eta errealitatea testuinguruan ikustea proposatzen da, denboraren ikuspuntuarekin; hala, horrek pobrezia gurasoek semen-alabei transmititzen dietela aztertu eta horri buruz hitz egitera garamatza, belaunaldiz belaunaldi, oinordetzan har daitekeen zerbait izango balitz bezala; hain zuzen ere, oinordetzan hartzen den zerbait da. Pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzeak, autoreen aburuz, aukeren berdintasunaren mitoen aurrean jartzen gaitu; horrez gain, gizartearen estratifikazio eredu modura, klaseen egitura ustez desagertu izana ere parez pare jartzen digu.

 

• UNICEFek apirilean aurkeztu zuen Berdintasuna haurrentzat: Espainiako kasua txostena. Desberdintasunen errealitatearen argazki eguneratua. Azken zortzi urteetan krisi ekonomikoak eta finantzarioak astindu dituen komunitate guztietatik haurrena eta gazteena da deigarriena. Ulergarri esanda, krisialdiak haurrengan eragin latzagoa izan du, eta ondorioak denbora luzeagoz ordainduko dituzte, batzuen kasuan bizitza osoan. UNICEFen Report Carden 13. alearen edizioan jasotako informazioan oinarrituz, azterlanak Espainiak eta inguruko beste herrialde batzuek dauzkaten erronkak aurkeztu nahi ditu, desberdintasunaren eta haurren pobreziaren artean ezartzen den lotura delikatu horretan.

 

 

2.1.2. Arartekoaren jardunbidea herritarren eskarien aurrean

 

2.1.2.a) Iazko txostenean nahiko sakon landu genuen Arartekoaren 2/2015Gomendio orokorra, apirilaren 8koa, politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharrari eta, bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sistemari buruzkoa. Erakunde honetan diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoei buruzko kexak aurkezten dituzten bizikidetza unitateetan haurren presentzia handia da, eta horixe izan zen abiapuntua gutxieneko diru-sarrerak ukatu edo bertan behera uzteak haurren interes nagusi eta eskubideetan duen eraginari buruzko hausnarketa egiteko.

Gomendio orokorra plazaratu eta gero, Lanbidek erakunde honi erantzun zion printzipio hori modu sektorialean aplikatzen dela, hau da, haurren esparruan baino ez dela aplikatzen (gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, dibortzio egoerak, banaketa, adopzio prozedura, tutoretza eta harrera araubidea eta pareko egoerak). Arartekoak, Haurren Eskubideen Batzordearen 14. Ohar Orokorrarekin eta haur eta nerabeak babesteko sistema aldatu zuen uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoarekinbat etorriz, administrazio publiko guztiek nahitaez bete behar duten araua dela esaten jarraitzen du.

 

Ondorengo informazio eskaeren erantzunetako batzuetan, erakunde honek gomendio orokorrean azaldutako argudioa jasotzen zuten erantzunetan, Lanbidek esan zuen jarduketa horren ondorioz –betebehar bat (ez betekizuna) ez betetzea eta, ondorioz, prestazioa etetea / bertan behera uztea– “adingabe horiek babesik gabe geratzen badira, gizarte zerbitzu eskudunek (kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzua) haurren ardura har dezakete”. Irizpide hori, erakunde honen iritziz, adingabeen eskubideen inguruan eta haurrak eta nerabeak babesteko politika eta neurriak hartzeko jardun-irizpideen inguruan nazioarteko mailan, Europan eta autonomia erkidegoan onartu diren jarraibide guztien kontra dago. Horrez gain, haurren legediak ezarri zuenez, “gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen pobrezia egoera ezingo da aintzat hartu babesgabetasun egoera baloratzeko” (urtarrilaren 15eko 1/1996 Legearen 18.2 artikulua, indarrean dagoen bertsioan).

 

Irizpide hori babesgabetasun egoeran dauden adingabeen kasuetako gizarte zerbitzu eskudunekin erkatze aldera, eta Lanbidek adingabeak administrazio publikoaren babespera bideratzen dituen egoeretan gizarte zerbitzu eskudunek nola jokatuko luketen jakiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari informazioa eskatu zitzaion, espediente hartan aipatutakoa. Foru zerbitzua kautelaz mintzatu zen, eta egoera bakoitza modu bereizian landu eta jorratu behar dela gogorarazi zuen. Hala ere, irizpide orokor gisa azaldu denez, gorago aipatutako lege aginduaren ondorioz,“administrazio hau ezingo litzateke adingabeen kargu egin, salbu eta familiak adingabeak zaintzeko eskaera egiten badu, seme-alabak zaintzea eragozten duen aldi bateko egoera larria daukatelako, edo baliabide ekonomikorik ezak babesgabetasuneko beste adierazle objektibo batzuekin agertzearen ondorioz adingabeak babesgabetasun egoeran egongo balira; horrek zaintza bereganatzea eragingo luke. Baina inolaz ere ez arrazoi horregatik bakarrik, indarrean dagoen araudian argi geratu den moduan”.

 

2.1.2.b) Beste kexa honetan azaldutako egoerak haurrei bereziki erasan die, sistema publikoen artean lankidetzan eta koordinazioan lan egiteak dakarrenarekin. Lanbidek pertsona baten diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioak bertan behera uztea erabaki zuen, lan eskaintza bateko hautapen prozesu batean parte hartzeari uko egin ziolako. Bizikidetza unitatea emakume batek, bikotekideak eta bien alabak osatzen zuten. Kexagileak Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako familia mailako esku-hartze programa batean hartzen zuen parte, Trebatu programan. Kexaren izapidean zehar, familia esku-hartzeak abian jarraitzen zuen. Arartekoaren ustez, aintzat hartu behar zen familia horrek familia mailako interbentzio sozioedukatiboko programa batean parte hartu zuela. Lanbidetik eta familia esku-hartzeko programatik lantzen ari ziren helburuak deskoordinatuta zeudela argi zegoen. Arartekoaren ustez, lan eskaintza bateko hautapen prozesuan parte hartzeari uko egiteko kausa justifikatua zegoela aztertu egin behar zen, aintzat hartuta sinatutako Inklusio Aktiboko Hitzarmenak ez zituela aipatzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko familia eta gizarte mailako esku-hartze programaren ondorioz adostutako ekintza eta konpromisoak. Lanbidek gizarteratze eta laneratze prozesuak sustatzeko esku hartu duten beste eragile batzuen diagnosia eta gizarte esku-hartzeak aintzat hartzea zentzuzkoa da, 2016ko maiatzaren 24ko Arartekoaren Ebazpena.

 

2.1.2.c) Hirugarren kexa batean familiek –gehienetan guraso bakarrekoak– seme-alabak zaintzeko dituzten beharrizanen gainean Lanbidek egiten duen balorazioa aipatu da. Kasu honetan, kexagileak azaldu zuenez, dibortziatuta zegoen eta bi seme adingabeen zaintza esklusiboa zeukan; semeetako batek ezgaitasun maila jakin bat zeukan. Enplegu bat eskaini zioten, segurtasun zaintzaile gisa, astero txanda desberdinetan. Seme adingabeen beharrizanak aintzat hartuta (bereziki ezgaitasuna daukan semearena), lan baldintzek eragiten zizkioten zailtasunak azaldu zituen. Familia bizitza uztartzea ezinezkoa zitzaionez, enplegu eskaintza baztertu zuen; horrenbestez, Lanbidek prestazioa etetea erabaki zuen. Arartekoaren ustez, adingabearen interes gorena aintzat hartuz, egoera pertsonalak eta lanaren ordutegiak justifikatu egiten zuten enplegua baztertu izana; horrenbestez, enplegua baztertzeko kausa justifikatu bat egoteari buruzko aurreikuspena betetzen zen, 18/2008 Legearen 28.1.i) artikulua aplikatuz, 4/2011 Legearen aldaketak emandako bertsioan, Arartekoaren 2016ko abenduaren 2ko Ebazpena.

 

2.1.2.d) “Eskualdeen eragina haurren pobrezian Euskal Autonomia Erkidegoan. EPDS 2012” txostenean, 2014an Eusko Jaurlaritzak emandakoa, ondorioztatu zen pobrezia errealaren eta pribazio arazo larrien arteko loturaren ondorio latzenak elikadura arazo larriei zegozkiela (EAEko haur populazioaren %5,9). Datua kezkagarria da, eta, bestalde, ordura arte genituen pertzepzioen guztiz aurkakoa da; hala, 2015ean errealitate horretatik gertu zeuden eragileekin biltzeari ekin genion, datua egiaztatzeko eta, horrenbestez, esparru horretako neurriak eskatzeko.

 

Aipatutako txostenean adierazi zenez, “gabezia modu larrienak, esaterako elikadura arazo larriak pairatzea, metaketa pobreziari ere lotu ohi dira. Hala, adierazle horretan Bilbo beste eskualde batzuk baino askoz gorago ageri da, elikadura arazo larriak dituzten haur txiroen populazioa %12,6 baita; Gasteizen %9,7 eta %7 ingurukoa Ezkerraldean eta Eskuinaldean; hala, Arartekoa Bilboko Udalarekin harremanetan jarri zen horri buruzko informazioa lortze aldera. Gizarte Ekintza Arloko arduradunekin bilera egiterakoan jakinarazi ziguten udal Osasun Arloak udalerrian eskolatutako haur guztien osasunaren jarraipena egiten duela (ikastetxe publikoetan zein itundutakoetan), zentroetara joaten den sendagileen talde baten bitartez. Kasu puntualak salbu, ez da elikadura arazo larririk antzeman. Elikadura desegokia, ordea, bai antzeman da (janari azkar eta aurretik prestatutako janari gehiegi jatea, opil asko, freskagarriak eta gozokiak, etab.), eta horrek haurren obesitate indizeak areagotu ditu, Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko profesionalek 2015ean egondako bileran esandakoaren ildotik. Horrenbestez, eta bere iritziz, esfortzua hezkuntza programetan egin behar da.

 

Nolanahi ere, etxebizitzari lotutako beharrizanak (mantentzea eta energia), osasun beharrizanak, edota oinarrizko beharrizanak estaltzeko zailtasunak dauden egoeretarako laguntza ekonomikoak daude. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), eta zenbait egoera direla medio GLLak ere jaso ezin dutenentzako udal laguntza bereziak. Laguntza horien zenbatekoa, guztira, ia 7 milioi eurokoa izan zen 2015ean.

 

Udal Prestazio Ekonomiko Bereziak hainbat lerrotan artikulatzen dira; 2016an aurrekontuko kapituluekin bat datoz:

 

1. Etxebizitzaren lerroa: alokairuetarako laguntza, kaleratzeak saihesteko, derramak, etab.

 

2. Pobrezia energetikoaren lerroa: ehuneko handi batean, eskatzaileak nagusiak dira (asko, emakume alargunak), diru-sarrera justuekin (gehienez diru-sarrerak bermatzeko errenta), neguan etxea bero izatea lortzen ez dutenak (gehienetan etxe zaharrak dira, ez oso ondo isolatuak).

 

3. Oinarrizko beharrizanen lerroa, bertan sartzen dira elikadura, arropa, etab.: haurren pobreziari lehentasuna ematen zaio, baina behar duten familiei bideratutako laguntzak gizarte elkarteekin antolatzen dituzte, hitzarmenen bitartez:

 

• Bizkaiko Gurutze Gorria: elikadura eta higiene kit-ak.

 

• Cáritas: “erosketa txekea” programa, iraganean; seme-alabak dituzten emakumeentzako programa, eta oinarrizko beharrizanak dituzten familientzako programa.

 

• Elikagaien Bankua: udal diru-laguntza jasotzen dute, eta oinarrizko gizarte zerbitzuek pertsonak banaketa zentroetara bideratzen dituzte. Udal laguntza, printzipioz, pertsonek jasotzen dituzten paketeak hobetzeko ematen dira, produktu galkorrekin edota proteina gehiagoko produktuekin osatuz.

 

Seme-alabak dituzten familien beste beharrizan batzuk GLLekin betetzen dira, ez baitira bat ere ez zorrotzak erroldatze denborarekin: betaurrekoak, audifonoak, etab. Odontologia tratamenduak jasotzea planteatzen ari dira, Afrikako komunitatearen zati handi batek ahoa oso egoera txarrean izaten baitu iritsitakoan.

 

Egoera ekonomiko prekarioan dauden familiekin harremanetan daudenekin elkartzeko “katea” jarraituz, Arartekoa Gurutze Gorria eta Cáritas Bizkaiarekin harremanetan jarri da.

 

Adingabe eta familiekin egiten diren programetan aritzen diren Cáritas Bizkaia erakundeko arduradunek adierazi dutenez, artatutako familia eta pertsona kopuruak zein esku-hartzearen esparru honetako gastuek gainditu egiten dute udalarekin daukaten hitzarmenean jasotakoa, ekimen publikoak ez baitu beharrizanen %100 estaltzen. Bi programetako beste ideia partekatu bat, hain zuzen ere, udal gizarte zerbitzuekin elkarlanean eta oso harreman onean lan egiten dutela da; gizarte zerbitzuetatik programa behar duenari eskaintzen zaio (izan ere, udal erantzun bat da), eta udal finantzaketarik ez daukaten beste programa batzuetan artatu daitezkeela uste dutenean, Cáritasera joateko bideratu eta orientatzen dituzte.

 

Oinarrizko beharrizanak betetzeko familien laguntza programaren arduradunaren arabera, 2007ko udatik elikagaien eskaerak gora egin zuen. Une horretara arte, ohikoenak alokairurako edota berokuntza gastuetarako eskaerak ziren, elikagaiak ematea aspaldi desagertu baitzen zerbitzuetatik. Eskaera horri erantzuteko supermerkatuetan ordaintzeko bonoak ematea erabaki zuten, eta janari bonoetan milioi bat euroko zifrara iritsi ziren. Beste erakunde batzuek elikagaien gaiari ekin ziotenean (Elikagaien Bankua, Gurutze Gorria...), oinarrizko “beste” beharrizan batzuen arreta lehenetsi zuten berriz ere. Hala ere, supermerkatuetako bonoak erabiltzen jarraitu zuten, bolumen txikian; laster aldatzea aurreikusi dute, txartel-zorroak erabiliz, erabiltzaileen estigmatizazioa murriztuz. Diru-sarrera txikiak dituzten pertsonek erabiltzen dituzte batez ere, osagarri gisa, baina elikadurarako erabiltzen dutela bermatzea beharrezkotzat jo da.

 

Programa orokorraren pertsona onuradunen profila (programa, esan dugun bezala, beste beharrizan batzuk estaltzeko baliatu da berriz ere, ez nahitaez elikadurari lotutakoak) diru-sarrerak bermatzeko errentatik beherako edo oso beherako diru-sarrerak dituzten pertsonena da. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko betekizunak betetzen ez dituzten pertsonak dira (gehienetan erroldari dagozkionak), baina baita prestazioa eten edo azkendu zaien pertsonak ere. Prestazioa eten eta bertan behera utzi den egoeretan, kasuak batez ere banaka aztertzen dira, bizikidetza unitatean adingabeak dauden, lehen aldia baldin bada, eteteko arrazoia, etab. aztertuz.

 

Programa horren barruan, GLLen aurrerapenak ere egiten dira: oinarrizko gizarte zerbitzuaren informazioarekin, aipatutako kontzepturako dirua aurreratzen da (betaurrekoak, audifonoak, etab.), eta ondoren udalak zuzenean ordaintzen du.

 

Zaurkortasun egoeran dauden guraso bakarreko familientzako programak lau lan ildo ditu: 1) laguntza ekonomikoa, 2) prestakuntza –harreman espazioetatik eta tresna espazioetatik artikulatuta–, 3) hazkuntzan laguntzea eta 4) etxebizitzarako laguntza. Udalarekin hitzartutako programan esku-hartzeak sei hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da, baina luzeago jo ohi du. 2015ean 25 familiak hartu zuten parte, 35 adingaberekin.

 

Gurutze Gorriarekin egindako bileraren helburua krisiak kolpatu dituen eta adingabeak dituzten familiei laguntzeko programa ezagutzea zen. Udalaren iritziarekin bat etorriz, eta programetan ikusten dena aintzat hartuta, haien ustez elikadura arazoak ohitura ez osasuntsuetatik eratortzen dira, eta ez horrenbeste elikadura faltatik. Hortaz, esku-hartzea hezkuntza zentzuan egin behar dela uste dute (osasunerako hezkuntza). Hala ere, 2012an bulego zentraletatik “laguntza zuzenak” emateko jarraibidea ezarri zen, aspaldi utzitakoa. Eskaera non egon daitekeen aztertu ondoren, bikoizketarik ez egoteko, eta erosketa poltsaren zenbatekoa murrizte aldera, laguntza zuzen horiek haur txiki eta jaioberrien higiene produktu eta elikagaietara bideratzea erabaki zen, oso produktu garestiak direlako. Aintzat hartu behar da Elikagaien Bankuak familientzako elikagaiak eskaintzen jarraitzen duela, eta Cáritasek, berriz, arropa.

 

Programa haur jaioberrientzako janari eta higiene produktuak jasotzen dituen kit bat banatzean datza. Gizarte zerbitzuetatik eta gizarte erakundeetatik bideratzen dituzte; nolanahi ere, egoera aztertu egiten da eta laguntza ematea egokia den baloratzen da. Bizkaiko hainbat lekutan garatzen dituzte, ez bakarrik Bilbon, eta Bilboko Udalaren ekarpenez gain beste ekarpen osagarri batzuk ere jasotzen dituzte (EDP, Víctor Tapia fundazioa, BBVA, Foru Aldundia...).

 

2015ean Bizkaian 1.733 familia artatu zituzten; ia erdia Bilbon zeuden. Profila diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzeko errolda epea lortu ez duten familiena da, edo diru-sarrerak bermatzeko errenta eten edo bertan behera utzi zaien familiena; hala ere, iristen ez diren familiak dira.

 

 

2.1.3. Haurren pobreziari aurre egiteko

neurrien segimendua

 

2015. urteari buruzko Bulegoaren txostenean haurtzaroan eta familietan inbertsio estrategia bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren iragarkia jaso zen, erakundeen arteko estrategia bat, egonkorra eta irismen handikoa, Familia eta Haurtzaroaren aldeko Herri Hitzarmen baten bitartez, besteak beste, haurren pobrezia eta berdintasunik eza transmititzea prebenitzeko. Ekimena oso positiboki hartu zen; erakunde honek, hala ere, lanean hasteko premia azaldu zuen, eta ekimenaren garapenaren gaineko interesari eutsiko ziola azaldu zuen.

 

Arartekoak 2016ko amaieran eskatutako informazioari Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak emandako erantzunean ez da jaso haur eta nerabeen berdintasunik ezan eta egoera ekonomiko prekarioetan eragina daukan aurrerapen esanguratsuak egin direnik. Berriz ere nabarmendu da Eusko Jaurlaritzak haurtzaroan eta familian inbertitzearen aldeko itun sozial handi baten bitartez oinarriak ezarriko dituen akordio zabal bat gidatzeko interesa agertu duela. Aldaketara oinarriak, “epe labur eta ertainean ikusiko ez den” aldaketarako. Hala bada, epe laburrean haur kopuru aipagarri batek eskubide oinarrizkoenak urratzen dizkien berdintasunik gabeko egoera batean hazten jarraitzen badu, estrategia horrek, itun horrek, ekintza osagarriak beharko ditu, erantzuna denbora gehiagoz luzatuko ez duten neurriak.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)