Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • AURKEZPENA

  • + I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1. 2016ko jarduera-esparrua
    • 2. Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2. Arriskuan dauden eskubideak:
      • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
      • 2.2.Hezkuntzarako eskubidea
      • 2.3.Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
      • 2.5.Osasunerako eskubidea
      • 2.6.Adingabe arau-hausleen eskubideak
      • 2.7.Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
  • III. ATALA Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • 1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • 2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 4.Ekitaldietan parte-hartzea
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA Eranskina Arloko araudia

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2016
  • I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2016. urtean zehar garatu duen jarduera erakundearen ardatz estrategiko nagusiei jarraiki bideratu da, eta bulegorako aztergai dugun urterako taxutu diren jarduera ildoak kontuan hartuta. Plangintzaren aukera horiek gizarte- eta arau-testuinguru jakin batean gertatzen dira. Plangintza erantzunak ematen saiatzen da baina testuinguruak egiteko modu zehatza mugatu eta baldintzatu egiten du.

1. 2016ko jarduera-esparrua

2016rako lan-ardatz eta lan-ildoek luzatu egin dituzte, gauza batzuk eguneratuta, Arartekoak 2010-2014 aldirako jarduera-esparruan bildu zituenak. Esparru hura zehazki azaldu zen 2010. urteko txostenean.

 

Erakundearen gainontzeko eremuetan bezala, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak adingabeek aurkezten dituzten edo eurengan eragina duten kexak eta eskaerak jaso eta aztertzen ditu. Kexak eta eskaerak modu zuzenean edo legezko ordezkarien bitartez aurkeztu ditzakete. Lan hori modu batean norbaitek (pertsona batek, kolektibo batek) edo zerbaitek (komunikabideen bitartez edo beste bideren bitartez ezagutu den eskubideen urraketa posible bat) aurkezten digunaren aurrean “erreakzionatzean” datza eta lan-ildo proaktiboagoen bidez osatzen da. Azken horien artean jarduera hauek daude: sarean, modu kolektiboan eta lankidetza erabiliz egindako lana sustatzera eta haurren eskubidearen kultura zabaltzera zuzendutako jarduerak, bereziki, adingabeen parte hartzea eta euren ahotsa entzunarazteko aukera bultzatzen dituztenak.

 

Ararteko erakundeak gain hartu duen “matrize-eredua” dela-eta, eremu materialetan espezializatutako sektore-arloak zeharkako begiradek osatzen dituzte, kasu honetan, haurren eta nerabeen eskubideenak. Horren xedea elkar aberastea eta lan koherente eta sinergikoa lortzea da. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa berezko langileen hornidura txikiarekin egituratu da, haurrei eta nerabeei maiztasun handiarekin eragiten dieten gaien arloko aholkularien laguntzarekin batera.

2016ko jarduera planak (esan dugunez, 2010-2014 aldirako estrategiaren esparruan azaldutakoa) han azaldutako lan-ildoak zehaztu ditu, esku artean dugun denboraldirako. Plan hori gure bidaia orria da eta horri esker adierazitako bidean zehar aurrera egin dezakegu ahaleginak batuz eta gure helburuak ahalik eta modu eraginkorrenean lortzeko beharrezkoak diren sinergiak sortuz. Ondorengo kapituluetan aipatuko diren jarduerak plan horren emaitza dira.

2. Arau- eta eskumen-esparrua

Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonatzat, nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin batera hain zuzen.

 

1990. urtean Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) berretsi zuen, 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen (NBE)batzarrak hartu zuena. HEH modu unibertsalean onartu den haurren eskubideen katalogoa da; aldi berean, estatuek errespetatzeko, bermatzeko eta betearazteko dauzkaten betebeharrak ezartzen dituena.

 

Konbentzioak, lehenengo bi artikuluetan haurren arloan erakundeen ekintza guztiak bideratu behar dituzten funtsezko bi printzipioak ezarri zituen: bereizkeriarik ezaren printzipioa eta adingabearen interes gorena. 6. artikulutik aurrera, lau eskubide multzo handi zerrendatu dira: Hornidura, hau da, zenbait baliabide eta zerbitzu edukitzeko, jasotzeko edo eskuratzeko aukera izateko eskubidea, haurren eta helduen artean baliabideak banatzekoa; Sustapena, alegia, erabat garatzeko eta osasun eta hezkuntza maila gorenak izateko eskubidea; Babesa, hots, gurasoen eta profesionalen zainketak jasotzeko eskubidea eta ekintza eta praktika neurrigabeak jasan behar ez izatea; eta Parte-hartzea, hau da, gauzak egiteko eskubidea, nork bere kabuz adierazpenak egiteko eta banaka zein taldean hitza izateko eskubidea.

 

Horrez gain, beste bi premisa hauek kontuan hartu behar dira: eskubideen zatiezintasuna eta euren arteko lotura eta haur guztien ongizatea zaintzeari dagokionez gurasoen, familia ingurunearen, erakundeen eta gizartearen ardura partekatua.

 

Aukerakoak baziren ere (hautazkoak) Espainiak ere sinatu eta berretsi ditu Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko bi protokoloak. Protokolo horietan babes kontuak aipatzen dira batez ere:HEHren Hautazko Protokoloa, gatazka armatuetan haurren parte hartzeari buruzkoa; HEHren Hautazko Protokoloa, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurrak erabiltzearen gainekoa; eta HEHren III. Hautazko Protokoloa, komunikazio prozedura baten ingurukoa. Azken protokolo horrek mekanismo bat ezarri du haurrek edota euren ordezkariek salaketa jarri ahal izan diezaioten beren eskubideak babesten espezializatutako nazioarteko batzorde bati, eskubide horiek urratuak izan direla uste badute. Beraz, modu zabalago eta indartsuagoan onartu dute haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu direla.

 

2016an Haurren Eskubideen Batzordearen azken bi ohar orokorrak onartu ziren; jakina denez, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioko parte diren estatu sinatzaileen eta aukerako protokoloen betetze mailaren jarraipena egiteaz gain, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren interpretazio egokirako orientazioak ere eskaintzen ditu konbentzioa aplikatu beharreko hainbat esparrutan, eta helburu horri dagozkio aipatutako bi ohar orokorrak:

 

• 19. Ohar Orokorra,haurren eskubideak gauzatzeko aurrekontu publikoak egiteari buruzkoa. Aurrekontu publikoei dagokienez, parte diren estatuei 4. artikulua aplikatzeko laguntzea da helburua, betebeharrak ezarriz eta konbentzioan aldarrikatutako eskubide guztiak gauzatzeko moduari buruzko gomendioak helaraziz, aurrekontu publikoei lotutako erabakiak hartzean eraginkortasuna, efizientzia, berdintasuna, gardentasuna eta iraunkortasuna gidatzat hartuta.

 

• 20. Ohar Orokorrahaurren eskubideak nerabezaroan ezartzeari buruzkoa. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak 18 urtetik beherako pertsona guztien eskubideak aintzatesten dituen arren, batzordearen abiapuntua da ezarpenean eboluzio gaitasunak eta garapena aintzat hartu beharko liratekeela. Nerabeen eskubideak gauzatzea bermatzeko hartutako ikuspuntuak oso desberdinak dira haur gazteenen kasuan hartutako ikuspuntuekin konparatuz gero. Hala, haurrek nerabezaroan eskubideak gauzatu ahal izatea bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko orientazioak eskaintzen zaizkie estatu partaideei. Nerabeen gorputza eta duintasuna errespetatu eta aitortzea barne hartuko duen eta giza eskubideetan oinarrituko den ikuspuntuaren garrantzia nabarmendu behar da; ahalduntzea, herritartasuna eta beraien bizitzetan parte hartze aktiboa izatea, osasuna, ongizatea eta garapena sustatzea, eta giza eskubideak sustatu, babestu eta gauzatzearekin konpromisoa izatea, bereizkeriarik gabe.

 

2016ko maiatzean, Espainiako Gobernuak, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren bitartez, Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren V. eta VI. Aplikazio Txostena eta Aukerako Protokoloak aurkeztu zituen (lehendabiziko biak, hirugarrena 2014ko apirilean sartu baitzen indarrean); bertan erreforma nagusiak jaso ziren, 2010ean Haurren Eskubideen Batzordeak emandako gomendioei erantzunez, eta, oro har, Espainian haurren eta nerabeen eskubideen egoera aurkeztu zen. Autonomia Erkidegoetatik iritsitako informazioa Haurtzaro eta Familien Erkidegoen arteko Batzordetik eta Haurtzaroaren Behatokitik jaso da, ordezkatutako gizarte zibilaren eta erakunde publikoen ekarpenekin. Parte hartze prozesua elkarteen mugimendura ere zabaldu da, Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu mailako Kontseiluaren bitartez.

 

Bestalde, gizarte zibilak, Haurtzaroko Elkarteen Plataformaren gidaritzapean, txosten osagarria egiteko prozesua garatu du urte osoan zehar, eta oraindik txostena ez da bukatu; Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioko 45. artikuluan xedatutakoari erreparatu zaio, kide diren estatuen txostenez gain haurtzaroko elkarteen estatu mailako koalizioek Haurren Eskubideen Batzordera bideratutako txosten osagarriak egiteko aukera jasotzen baitu. Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak prozesu horretan parte hartu du, plataformak defendatzaileekin urtero antolatzen dituen topaketen bitartez.

 

Haurren eskubideei begirako nazioarteko erreferentziazko ituntzat aipatu dugu, halabeharrez, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH); bada, ezin dezakegu ahaztu, halere, haurrak ez direla HEHn bakarrik ageri, Espainiak berretsitako eta sinatutako nazioarteko beste zazpi itunetan ere engaiatutako eta eragindako haur eta nerabeak baitaude:

 

• Eskubide Zibil eta Politikoak haurrenak ere badira.

• Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalak haurrenak ere badira.

• Arrazagatiko bereizkeriak haurrak ere kolpatzen ditu.

• Tortura motaren bat jasaten duten haurrak daude.

• Emakumea izateagatik bereizkeria jasaten duten neskatilak daude.

• Urritasunen bat duten haurrak daude.

• Behartutako desagertzeak pairatzen dituzten haurrak daude.

 

Ondorioz, beharrezkoa da nazioarteko zazpi itun horien edukia ezagutzea, bai eta horien segimenduak egiten dituzten batzordeen jarduera ezagutzea ere. Beharrezkoa da itun horiek diotenaren berri edukitzea, horietan eragin ahal izateko. Nolanahi ere, horixe da aipatu batzordeek jada hartu duten ikuspegia, eta hainbat lan elkarrekin egiten hasi dira.

 

Nazioartean, gogoan izan behar da badaudela Espainiak hainbat hitzarmen berretsi dituela –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazioarteko Lan Erakundeak, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren gaineko Konferentziak, besteak beste-, adingabeei dagozkien sektore-gaietan:haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar.

 

Europar Batasunaren esparruan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena.

 

Halaber, aipatzekoa da Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia). Gutun horrek, adingabeei dagokienez, haurrak entzunak izateko eskubidea, haurren interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea aldarrikatzen ditu. Garapenean, bi gertaera gogoangarri: lehenbizikoa, «Haurren Eskubideen gaineko Europar Batasuneko Estrategiarantz» izeneko jakinarazpena, Europako Batzordearena (2006), zeinak hainbat egitura ezarri baititu EBko erakundeek haurren eskubideei lotutako arazoei aurre egiteko duten ahalmena indartzeko, eta egintzetan oinarritutako politiken zimenduak finkatu baititu, interesdunekiko elkarrekintza arintzeko asmoz; eta, bigarrena, Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agenda (2011), zeinak batez ere eremu jakin batzuetan jartzen duen arreta, EBk eremu horietan benetako balio gehigarria ekar dezakeelako, adibidez, haurrentzako justizia eskuragarri egiteko arloan, egoera zaurgarrietan dauden umeak babestuz eta Europar Batasunaren barruan zein kanpoan haurrengan eragina daukan indarkeriaren kontra borrokatuz.

 

Haurrak eta nerabeak babestearen arloan, Espainiako legeria sakon eguneratu zen 2015ean. Horren berri zehatz samarra eman genuen bulegoaren iazko txostenean. Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan (Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa), abenduaren 28ko 54/2007 Legean (Nazioarteko Adopzioari buruzkoa), abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan (Genero-indarkeriaren aurka babes osoa emateko neurriei buruzkoa) eta Kode Zibilean funtsezko aldaketak egin ziren, garrantzitsuak, haur eta nerabeen eskubideak bermatzeari dagokionez.

 

Espainiako Estatuaren lurralde- eta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, “Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera” izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.

 

2016an haurren araudiko alderdi jakin batzuk eguneratzeko zenbait lan egin dira, 2015ean onartu ziren legeetan egindako aldaketa sakonen argitan (aurreko paragrafoetan aipatu ditugu horiek). Lan horiek, zehazki, babesik gabe dauden haurrentzako gizarte-zerbitzuek esku hartzeari buruzkoak direnez gero, dagokion atalean azalduko ditugu.

 

Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmendu ditugu dokumentu honen II. eranskinean. Arloko araudi horretan 2016an egindako balizko berrikuntzak txosten honetako II. kapituluan azalduko dira, arlo bakoitzeko azalpenean.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)