Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • AURKEZPENA

  • + I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1. 2016ko jarduera-esparrua
    • 2. Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2. Arriskuan dauden eskubideak:
      • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
      • 2.2.Hezkuntzarako eskubidea
      • 2.3.Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
      • 2.5.Osasunerako eskubidea
      • 2.6.Adingabe arau-hausleen eskubideak
      • 2.7.Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
  • III. ATALA Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • 1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • 2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 4.Ekitaldietan parte-hartzea
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA Eranskina Arloko araudia

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2016
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea

Hurrengo paragrafoetan, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2016an egindako jardueretan eta balorazioetan aipagarriena izan dena aurkeztuko dugu.

 

Haurrak eta nerabeak berariaz aipatu dituzten edo horiek tartean dituzten kexa-espedienteak, 2016an, 521 izan dira, eta Ararteko erakundean aurkeztutako kexa guztien %20,45 izan dira. Zenbaketa horretan sartu ditugu alde batek eskatutako kexa-espedienteak (489), partikularrek edo erakundeek ezarrita dauden sarbide ezberdinen bidez (bulegoen, webgunearen, posta elektronikoaren bidez) aurkeztu dituztenak, bai eta ofiziozko espedienteak ere (32), erakundearen ekimenez ireki direnak, zaurgarritasun maila jakin bat edo haurren eta nerabeen beharren arreta ezegokia dagoelako susmoa egon denean, egoera horiek aztertzeko eta jarraitzeko xedez.

 

Haurren garapenerako egokia den bizitza-maila izateko eskubideari dagokionez, diruz estu bizi diren familien (bizikidetza-unitateak) erreklamazio nahikotxo heltzen arri dira; familia horietako batzuen egoera oso larria da eta seme-alabak dituzte bere kargu. Hain zuzen ere, 2012tik, aurretik ere modu lausotuago eta orokorragoan egin bazen ere, erakunde hau zenbait ekimen garatzen ari da egoera horiek eraginkortasunez kudeatu ahal izateko jarduketak ezagutzeko eta proposatzeko. Zalantzarik gabe, egoera horiek haur eta nerabe horien funtsezko eskubideak urratzen dituzte eta horien garapenerako aukerak murrizten dituzte. Azterlanak, diagnostikoak, eztabaida-foroak eta proposamen ugari kexa partikularren espedienteen esparruan. Horietako batzuk bizikidetza-unitate horietako seme-alabekin zuzenean lotutako jarduketetan gauzatzen dira (ezgaitasuna edo menpekotasuna duten haurrak; esku-hartze sozialeko programetan konprometituta dauden familiak horiek diru-sarrerak bermatzeko sistemaren betekizunekin bateragarriak ez direnean; guraso-lana proposatutako lan-eskakizunekin bateratzeko zailtasun itzelak dituzten guraso bakarreko unitateak, etab.). Beste egoera batzuetan, haurrak bizi-baldintzak gutxienekoak diren egoera orokor batek ukitutako pertsonetako batzuk “baino ez” dira.

 

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren gutxieneko sarrera horiek ukatzeak edo kentzeak haurraren eskubide eta interes gorenean duen eraginaren inguruko hausnarketa hori dela-eta, hain zuzen ere, 2015ean, gomendio orokor bat igorri zen. Hala, 2016an gomendio horren jarraipena egin da. Lanbide ez dago ados erakunde honek emandako argudioekin; horiek hemen daude jasota: Haurraren Eskubideen Komitearen 14. Ohar Orokorra; Europako Batzordearen “Haurtzaroan inbertitzea: desabantailen zikloa apurtzea” Gomendioa eta Haurrak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa.

 

Nolanahi ere, haur-pobretasunari buruz hitz egitean ez gara haurren orainaz ari soilik. Pobretasunaren inguruan zehaztasunez hitz egiteko, adituen ustez, denbora-ikuspuntua hartu behar da kontuan. Horrela, pobretasunaren belaunaldi-transmisioaren terminoetan hitz egitea saihestezina da. Izan ere, pobretasuna gurasoek seme-alabei helarazten diete, belaunaldiz belaunaldi, oinordetzan hartu daitekeen zerbait balitz bezala eta, alegia, bada. Eskurik hartzen ez badugu, Europako Batzordearen gomendio horretan azpimarratzen den bezala, pobretasuna transmitituko da. Hortaz, belaunaldien artean desabantailak transmititu daitezela saihestea ezinbesteko inbertsioa da Euskadiren etorkizunerako, eta epe luzerako onurak ekarriko dizkie bai haurrei, bai ekonomiari, bai gizarteari, oro har hartuta.

 

Planteamendu horietatik, itxaropentsua da Eusko Jaurlaritzak egindako iragarkia; hala, familiengan eta haurrengan inbertitzeko estrategia bat sustatuko du. Estrategia hori erakundeen artekoa izango da, egonkorra eta irismen handikoa. Horretarako, Haurren eta Familien aldeko Herrialde-itun bat ezarriko da eta horrek, besteak beste, haur-pobretasunaren prebentzioari erantzungo dio, baita berdintasunaren erreprodukzioari ere. Iragarritako estrategiak garrantzi handia izango duela suposatzen da; hala, horrelako erabaki batek ahalegin handia eskatzen du eta, agian, denbora ere bai. Hala eta guztiz ere, ekimena zuzentzeko eskumena duen sailak urtearen amaieran erantzun zuen aldaketa baterako oinarriak jartzen ari zirela baina aldaketa hori “ez dela ikusgarria izango epe laburrean, ezta ertainean ere”. Hori kezkagarria da erakunde honentzat; horregatik, beste jarduketa osagarri edo aurrendari batzuk egin daitezen eskatzera animatzen du, estutasun ekonomikoko eta desberdintasun sozialeko egoerei arreta ematen zaiela bermatzeko, konponbide integralak, irmoak eta egiturazkoak heldu bitartean.

 

Horietako jarduketa bat da, “epe laburrean” diru-sarrerak bermatzeko sistema. Hala, sistema hori nabarmendu behar da, hobe daitekeen arren. Izan ere, pobretasun-tasak eusten laguntzen du eta, oro har, ondorio positiboak ditu gizarte-kohesioan eta pertsonen eta erkidegoen ongizatean. Zenbait azterlanek adierazi duten bezala, sistema horri esker, pobretasun-egoeran dauden familien herenaren egoera hobetzen da eta pobretasun-atalaseak gainditzen dituzte (marjina handiarekin ez bada ere). Hala, beste heren bat muturreko pobretasun-egoeratik atera daiteke sistema horri esker.

 

Horrez gain, neurri handi batean, sistema horrek azaltzen du pobretasun erreala Euskadin elikadura-arazo larriekin lotuta ez egotea. Hori horrela da horren inguruan ohartarazten zuen “Haur-pobretasunaren eskualde-eragina Euskadiko Autonomia Erkidegoan EPDS 2012” txostenak emandako datua gorabehera. Horrez gain, 2015ean lehen mailako arretako osasun-profesionalen bidez egindako ikerketek eta 2016an familiekin zuzenean lan egiten duten erakunde sozialekin egindako ikerketek ez dute hori baieztatzen. Kontsultatutako pertsona guztiek adierazi dute ez dituztela egiturazko arazotzat hartzen kausa sozio-ekonomikoek eragindako elikadura eskasiako egoerak. Horrek ez ditu kasu zehatzak baztertzen, ezta dieta eskastzat hartu genezakeena ere (elikagaien aniztasun eskasa).

 

Egungo pobretasun-egoerei erantzuteko hartutako neurriei dagokienez, ezin dugu ahaztu euskal udalek egindako ahalegina. Izan ere, horiek, gizarte-larrialdiko laguntzen edo beste udal prestazio ekonomiko batzuen bidez, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan antolatutako gizarte zibilaren laguntzarekin, diru-sarrerak bermatzeko errenta heltzen ez den kasuetan osatzen dute eta konponbide zehatzak ematen dituzte.

 

Nolanahi ere, bloke hau ixteko, azpimarratu nahi dugu esku-hartze goiztiarra eta prebentzioa funtsezkoak direla politika eraginkorragoak egiteko; izan ere, sufrimendu dosi handiak ekiditeaz gain, merkeagoa izango da (gastu publikoari dagokionez) egoerak hain larriak ez direnean esku hartzea, pobreziaren eta gizarte bazterketa larriagoaren ondorioei arreta ematea baino.

 

Hezkuntzarako eskubideari buruz, Arartekoaren ustez, hezkuntza ituna lortzea lehentasunezko helburu edo asmo ukaezina izan behar da, eta horri esker gure sistemari behar dion egonkortasuna emango diogu. Horrez gain, Hezkuntza Saileko arduradun berriek orain arte erakunde honekin izan duten kolaborazio ildo berberarekin jarraitzea espero du Arartekoak; izan ere, beti esan dugun moduan, herritarrek eta zenbait hezkuntza eragilek eskatuta izapidetu diren kexen errealitatea hezkuntza zerbitzu publikoaren prestazioan hobekuntzak txertatzeko baliagarria izan daiteke, bikaintasuna lortu nahi duen zerbitzu honetan, eta Arartekoak ez dio horri lepoa ematen.

Kolaborazio horren emaitzen adibide batzuk dira ikasleak onartzeko prozesuan lehen aldiz egin diren aldaketak, erroldako datuei gehiegizko garrantzia ez emateko, bereziki Gasteiz hiriaren kasuan ondorio nabarmenak eragin baititu. Arartekoak kasu honetan hezkuntza arloko arduradunek izan duten inplikazio berezia nabarmendu besterik ezin du egin; bidenabar, bide beretik jarraitzeko animatu nahi ditu.

 

Hezkuntza administrazioa onarpen prozesu horietan aplikatzen diren irizpideak berraztertu beharraz ere jabetu da, gurasoetako bat zentroko ikasle ohia izatearen gaineko irizpidea zalantzan jartzen zuten kexa puntualen espedienteak izapidetzearen ondorioz.

 

Horri dagokionez, kontuan izan behar da askotan, ikasleak onartzeko irizpideak zalantzan jartzen direnean edo irizpide horietakoren bat gehiegi erabiltzen ari dela salatzen denean, horren atzean benetan dauden auziak askoz sakonagoak direla. Hala gertatu da, adibidez, ikasle etorkinen banaketaren auzian; aurten gai horrek kezka nabarmena eragin du Gasteizen, eta hiriko zenbait ikastetxetan sortzen ari ziren ghettoen egoera bideratzeko irizpideak finkatze aldera erakundeen arteko mahai bat sortu da. Gauza bera gertatzen da hezkuntza programazio edo plangintzako zenbait erabaki zalantzan jartzen direnean. Besteak beste, Miribilla (Bilbo) bezalako hezkuntza eremuei edo Eibar bezalako udalerriari dagozkionak aipatu behar dira.

 

Baina atzerriko jatorria daukaten ikasleen gaira bueltatuz, aipatu behar da 2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana berriki aurkeztu dela, eta ikasleak onartzeari lotuta erakunde honek xedatu dituen hainbat proposamen jaso dira bertan. Plan horrek aldizka berrikusi eta jarraipena egiteko konpromisoa jaso du; gure iritziz, arreta berezia eskaini behar zaio horri, nahikoa ez dela aldarrikatu duten iritzi kritikoak bideratzeko baliagarria izan daitekeen neurrian.

 

Ezgaitasunen bat daukaten ikasleak Diseinuko Goi mailako Arte Irakaskuntzara sarbidea izateko probetan txertatutako aldaketek osatzen dute erakunde honen eta hezkuntza arloko arduradunen arteko kolaborazioaren beste emaitzetako bat. Aurreko konpromiso bat betez, aurtengo (2016. urtea) proba antolatu, garatu eta ebaluatzeko emandako jarraibideetan eskainitako plazen %5 erreserbatu da %33 edo gehiagoko ezgaitasun maila aitortuta daukaten ikasleentzat.

 

Ezin da gauza bera esan ezgaitasunen bat daukaten ikasleek erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetara sarbidea izate aldera erakunde honek planteatutako iradokizunari dagokionez, aurreko eskolatze fasean erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntza eta baliabideak behar izan dituzten ikasleei ezarritako erreserba handituz. Kasu horretan, hezkuntza arduradunak ez dira bat etorri proposatu zitzaien iradokizunarekin. Horregatik, gure asmoa gai hau errepikatzea da.

 

Lanbide heziketako ikasketekin jarraituz, aurkeztutako kexek agerian utzi dute horrelako ikasketak egiteko nahia gero eta handiagoa dela, eta ez zaio beti erantzuna ematen, lehentasun eta preferentzia agindu batzuk aplikatzen direlako; ikasturte honetan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) sartutako zenbait aldaketek eragina izan dute, erdi mailako lanbide heziketako zikloetara sarbidea izateko baldintzei dagokienez. Hala ere, Arartekoaren aburuz, horrek ez du esan nahi eskaera handiena daukaten irakaskuntza zikloen eskaintza areagotzeko aukera baztertu behar denik.

 

Oraindik ez da behar bezala konpondu zer erantzun emango zaien neska-mutil jakin batzuen prestakuntza-beharrei, 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri ondoren eta 2014-2015 ikasturteko hasierako lanbide prestakuntzako programak eta prestakuntza iragankor bateratua emateko programak kendu ondoren. Horrela, 2015. urtearen amaieran adierazi ziguten 17 urtetik gorakoentzat ikastaro/modulu batzuk abiarazteko asmoa zegoela, I. mailako lanbide ziurtagiria lortzeko, Lanbidek finantzatuta eta Osabidezko Hezkuntzako partzuergoek emanda. Hala ere, erakunde honek dakienez, ez dira inolaz ere gauzatu dekretu horretan ezarritako aukerak. Enplegurako prestakuntzako azpisistema ere ez da behar bezala erantzuten ari gazte talde horren lanbide prestakuntzako beharrei. Gazte horiek denak “egoera txarrean daude gizartean”.

 

Beste gai batzuei dagokienez, hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleen gaineko kexa kasuetan hezkuntza arduradunek izandako kolaborazio jarrera ere nabarmendu behar da; oro har, kaltetutako familiei behar bezalako erantzun azkarra eman zaie.

 

Jarrera berezi horri esker, Gasteizko Gorbeialde HBI zentrora doazen ikasleen eskolatze baldintzen inguruan jasotako kexak laster bideratu ahal izatea espero dugu; EAEko hezkuntza bereziko zentro publiko bakarra da Gorbeialde HBI, eta erakunde honek ez du baztertu ofiziozko jarduketa hastea, ikasle horien osasun beharrizanei ematen zaien erantzuna aztertzeko, horren ondorioz Legebiltzarrean legez besteko proposamena onartu baita.

 

Eskola-jazarpenean gero eta sarriago agertzen dira internet eta teknologia berriak. Gai horrek hedabideen arreta izan du 2016an barrena, eta, horren ondorioz, ez da beti lasai eta egoki jorratu. Erakunde honek, beste erakunde batzuek (adibidez, Save the Childrenek) gai horretaz egindako azterketekin bat etorriz, berdinen arteko jazarpenak biktimentzat dakartzan ondorio garrantzitsuak abiapuntu hartuta, bi gauza saihestea proposatzen du: bata, gauzak puztea, eta, bestea, berdinen arteko tratu txarrak ukatzea. Bestalde, onartzen du eskola ez dela indarkeria horren sortzailea, ezta ere hori gauzatzen den toki bakarra, baizik eta konponbidearen zati bat.

 

Babesik gabe dauden haurrentzako gizarte zerbitzuen eremuan jasotako kexak, batez ere, haurrentzako zerbitzuen balorazioarekiko desadostasunari buruzkoak izaten dira, hau da, seme-alaben babesgabetasuna, guraso-ahalaren etetea eta foru erakundeak horien zaintza hartzea ondorioztatzen duten balorazioekiko desadostasunari buruzkoak. Demanda horietako asko, ehuneko handian, bide judizialean bideratu dira. Horiekin batera, ordea, balorazio, komunikazio eta informazio prozesuarekin zerikusia duten bestelako kontuak helarazten dira. Horien gainean esku hartzen dugu, eta, oro har, ez da hauteman administrazioak egindako jarduera okerrik.

 

Azkenengo bi urteetan zehar, Arartekoaren ekimenez abiarazitako jarduketa bat burutu da; horren bidez, jakin nahi zuen nola bermatzen ari den babesik gabeko haurrentzako foru gizarte-zerbitzuetan arreta jasotzen duten haurrek eta nerabeek entzunak izateko, ukitzen dituzten kontuetan iritzia adierazteko eta iritzi hori kontuan hartua izan dadin duten eskubidea. Urtearen amaieran, Arabako Foru Aldundiak egindako inprimakiak eta prozedura jaso ziren; hala, horiek egin zituen entzuna izateko eskubidea kontuan hartu behar den prozesuak hobetzeko aurretik hartutako konpromisoari erantzuteko. Erakunde honen ustez, hauxe da panorama: foru zerbitzuek zerbitzuak erabiltzen dituzten adingabeak entzutea hartzen dute kontuan eta hori garatzen dute sistematikoki, adingabeen iritziak aintzat hartuz.

 

Egoitza-harrerako baliabideen sareak okupazio-maila oso altua dauka. Edonola ere, horren ondorioz, ez da haur edo nerabe bat arretarik gabe geratu zerbitzu egoki bat ez egoteagatik. Dirudienez, hauxe ez da egoeraren araberako kontu bat. Hortaz, foru erakundeek plazak, zentroak, zerbitzuak eta programak sortu dituzte, haurren eta nerabeei horien beharretara egokitutako erantzunik eraginkorrena emateko. Gure ustez, zailtasunak gorabehera, sare dinamiko bat daukagu, errealitate sozialak eskatzen dituen beharrak kontuan hartzen dituena.

 

Horrez gain, familia-aukerak bilatzeko esfortzuak egiten jarraitzen da, horiek haurraren interesaren aurkakoak badira izan ezik, hartutako banatzeko neurriak eratzeko. Ez daude harrerarako eskaintzen diren eta horretarako egokiak diren familia ugari eta hori da arazo nagusietako bat, konpontzeko erraza ez dena. Adopziorako eskaintzen eta eratutako adopzioen inguruko datuei dagokienez, azkenengo urteetako antzeko mailatan jarraitzen dute, orain dela hamarkada bateko zifretatik oso urrun.

 

Desagertu ez badira ere, murriztu egin dira laguntzarik gabeko atzerriko adingabeek jarritako kexak harreran jarduteko moduari dagokionez. Hala, aurten, aurreko denboraldietako beheranzko joera apurtu da; kasu batzuetan, heldueren zifrak berreskuratu dira eta 2012ko zifren antzekoak dira. Ez da kexarik jaso Fiskaltzak dokumentazioa jasotzeari buruz emandako dekretuetan adierazitako datari baliotasun handiagoa emateko irizpidearen inguruan. Hala, zailtasun nagusiak gazte horien emantzipazio prozesuetan ematen dira (gutxienez, gazte horien talde batean), behin adin-nagusitasuna betetzean.

 

Arartekoaren ekainaren 17ko “Bakarrik dauden adingabe / gazte etorkinen arretarako bermeak” 5/2013 Gomendio Orokorraren jarraipenari dagokionez, erakunde honek uste du oso positiboa dela euskal lurraldean dauden adingabeei edo ustezko adingabeei ematen zaien berehalako arreta (behin-behineko zaintza). Hala, ez dago ados foru zerbitzuen jardunbide batzuekin; nolanahi ere, horien jarduketa laguntzarik gabeko atzerriko adingabeekin lotutako jarduketen inguruko Esparru-protokoloan xedatutakoan oinarritzen da. Aurreko paragrafoan adierazten den bezala, gabeziarik nabarmenenak gazte horietako askok adin-nagusitasuna betetzean jasotzen duten babesean daude: enplegua eta etxebizitza lortzeko zailtasunak; sar daitezkeen prestakuntzako eta lan-trebakuntzako programen murrizketa eta gizarteratzerako zerbitzuetatik eratutako programen eta prestazio ekonomikoen ahultasuna.

 

Urteak eman ditugu esaten beharrezkoa zela behar bezala kudeatzea haur eta nerabeen aurkako tratu txar larria, hau da, sexu-abusua. Hala, 2016an, dirudienez, baldintza egokiak eman direla ematen du, gutxienez, orain arte demanda horien berri izan ez duten eremu desberdinetatik erantzun egokiak eskatzen hasteko. Horren erakusgarria da eduki hori gero eta gehiago jorratzen dela urtean zehar egindako jardunaldi, seminario eta ikastaroetan, baita erakunde honek Justizia Auzitegi Gorenaren Gobernuaren Salarekin eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Fiskaltzarekin dituen lan-saioetan ere. Horrez gain, erakunde hau abokatutzaren ordezkari gaituekin elkartzen da, gure epaitegietan horien aurrean agertzen diren haurrei, biktima edo lekuko gisa, ematen zaien arreta aztertzeko sexu-abusuzko balizko kasuetan. Hezkuntza-arloko Protokoloa, adingabeen babesgabetasun, tratu txar, sexu-jazarpen eta sexu-abusu egoetarako eta Hezkuntza-arloaren eta adingabeak babesteko esku hartzen duten agenteen arteko lankidetza eta koordinaziorako izeneko protokoloa, kasu honetan artikulatutako eta koordinatutako lankidetzako erantzun gisa, ukitutako haurren eskubideen urraketa larriari arreta emateko aurrerapausoen erakusgarria ere bada.

 

Familia babesle bat izateko eskubidea dela eta, gurea bezalako gizarte garaikide europarrek erronka demografiko bat dute gaur egun: seme-alabak dituzten familien zailtasun ekonomikoak areagotu dira; zailtasuna gehiago daude gizarte-mugikortasunerako eta aukeren berdintasunerako eta pertsonek familia-proiektu bat hastea eta nahi adina seme-alaba izatea eragozten duten oztopoak mantentzen dira. Egoera horren aurrean, Arartekoak irmoki defendatzen du seme-alabak dituzten familiengan egiten den inbertsio ekonomikoa nabarmen handitu behar dela, Eusko Jaurlaritzak 2016an iragarritakoarekin bat etorriz. Horrez gain, uste du beharrezkoa dela familia-proiektuak eta gure gazteen emantzipazioa errazten dituzten baldintzak erabakitasunez bultzatzea.

 

Familien aldeko apustu hau, gure ustez, honako eremu hauetan zehazten da, aurreko urteetan adierazi dugun bezala: ekonomia edo finantza arloan neurriak hartu behar dira, familiei laguntzeko politiketan gehiago inbertitzeko, baina ez hori bakarrik. Aurten bideratu diren kexetan izan duen eragin bereziagatik, azpimarragarriak dira araudiaren eremuan hartutako neurriak. Erakunde honen iritziz, araudiaren eremuan komenigarria da familia ugarien inguruko Estatuko legeriaren aplikazioak sortutako disfuntzio asko argitzeko, euskal eremuan berezko arauketa bat sortzearen aukera aztertzea, familia horiei aitortzen zaizkien estatusa eta onurak argitzeko, edo hala badagokio, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean familia ahulenen inguruan ezarritakoaren arabera, bere kargu seme-alabak dituzten familiei laguntzeko neurriei bultzada berri bat ematen dien arauketa bat. Ekimen arautzaile hori interesgarria da eta, bereziki, guraso bakarreko familiei dagokienez, familia horiek ahulagoak direlako. Zentzu horretan, gogorarazi behar dugu lege horrek euskal herri-administrazioei helarazten diela derrigorrezkoa dela oztopoak kentzea eta jarduketa-neurri positiboak hartzea, ahultasun bereziko egoera batean dauden familiei laguntzera bideratutakoak. Hala eta guztiz ere, puntu honetan, gure legeria ez dago guztiz garatuta eta, autonomi erkidegoko beste araudi batzuek ez bezala, ez du mugapen-jarraibiderik edo definiziorik jasotzen, zehaztasunez identifikatzeko zeintzuk diren guraso bakarreko familiaren ereduan sartzen diren familia-unitateak. Izan ere, orokorrean baino ez du adierazten beharrezkoa dela ahultasun bereziko egoera batean dauden familiei babes gehiago ematea eta horrek, azken batean, babes berezirik gabe uzten ditu guraso bakarreko familiak. Adierazi behar da guraso bakarreko familia horietako titularrek -emakumeak batez ere– zailtasun gehiago dituztela seme-alabak zaindu eta hezteko eta, bereziki, laneko eta familiako bizitza adiskidetzeko.

 

Txosten orokorrean baieztatu genuenez, bateragarritasuna oraindik ere erronka handia da egungo familientzat. Horrekin batera, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren berariazko txosten honetan adierazi nahi dugu gazteei emantzipatzen lagundu behar zaiela.

 

Familien aldeko apustua egiteak estrategiak ezartzea esan nahi du eta neurri desberdinak pentsatzea eta sustatzea, gure gazteen emantzipazioa bultzatzera bideratutakoak. Izan ere, gazteek bereziki jasaten dituzte krisiaren eta langabeziaren ondorioak; hori dela-eta, ezin diote bizitzako proiektu autonomo bati aurre egin, horrela jatorrizko familiekiko menpekotasuna luzatzen.

 

Aurten ere, osasun-eskubidearen inguruko kexa asko atzerriko pertsonek osasun-arreta jasotzeko dituzten zailtasunen ingurukoak izan dira. Txosten honetan, aipatu ditugunak haurdun dauden emakumeek eta adingabeek osasun-arreta jasotzeko dituzten arazoetan oinarrituta daude. Hori horrela da haurtzaroaren inguruko legeriak azpimarratzen badu ere Espainiako herritartasuna duten haur eta nerabeek dituzten eskubide berak dituztela.

 

Atzerriko pertsonen eremuan, Arartekoak ofiziozko jarduketa bat hasi zuen jaioberriak diren adingabe atzerritarrek eskubidez jaso dezaketen osasun-laguntza jasotzeko dauzkaten zailtasunen berri izan zuenean. Arazoa ez da osasun-arreta jasotzeko unean sortu, medikuak agindutako prestazio osagarriak eskuratzerakoan baizik, esaterako farmazia-prestazioa. Hori gertatzen da umea jaiotzen denetik haurren gurasoek jatorrizko herrialdetik administrazio eskudunak (GSINak edo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, kasuaren arabera) laguntza jasotzeko eskubidearen aintzatespena izapidetzeko eskatu dien dokumentazioa lortzen duten arte igarotako denboragatik. Osasun Sailak adierazi zuen instrukzioak zuzendu zituela osasun-zentro guztietara kasu horietan nola jardun behar den jakinaraziz. Hala ere, kontsultatutako iturri batzuen arabera, haurrei arreta emateko ardura duten osasuneko profesional guztiek ez dute jarduteko moduaren inguruko informazio hori ezagutzen. Hori dela-eta, informazio osagarria eskatu zaio Osakidetzari.

 

Aurten, elikadura-portaeraren nahasmendua duten pertsonak babesteko elkarteek azaldutako zenbait alderdien jarraipena ere egin da, zehazki, paziente larriak sartzeko unitate espezializatu bat sortzeko demandari eta jantoki terapeutikoko zerbitzuak osatzeko beharrari dagokienez. Unitate espezializatuari dagokionez, zenbait gogoeta mota dela-eta, ezinezkoa izan da unitate hori garatzeko moduaren gainean ados jartzea. Jantoki terapeutikoei dagokienez, ordea, jakina da baliagarriak direla, baldin eta laguntza-eskema koherente eta koordinatu batean sartuta badaude. Osakidetzaren erantzunean, gogorarazten da, egitura horien ikuspuntua eraginkorra den arren eta egungo baliabideen mugaketa aitortzen bada ere, aurrekontuarekin lotutako eragozpenak daudela hori egiteko eta horiek ezin direla saihestu. Horri erantzunez, Arartekoak gomendio bat egin du; hala, gomendatu dio hurrengo aurrekontu-ekitaldirako aurreikuspenetan erakunde publiko horrek antzemandako gabeziei aurre egiteko beharrezkoa den zuzkidura jasotzeko.

 

Aurten, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea onetsi egin da eta Arartekoak adingabeek edari alkoholdunak eskuratzea kontrolatzeko udal-jarduketa aztertu du. Ondorio gisa, adierazi du egia esan egiaztatu dela neska eta mutil adingabeen edari alkoholdunen kontsumoa kontu konplexu bat dela. Hala, beharrezkoa da eragile guztien lankidetza, erakunde-eragileena, eragile sozialena eta partikularrena. Oraingoan, beste une batzuetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza edo Osasun Sailarekin egin izan duen bezala, oroigarri bat zuzendu die euskal udalei. Horren bidez, udalerrietan neska eta mutil adingabeei ematen zaien alkohola kontrolatzeko dituzten legezko betebeharrak gogorarazi dizkie.

 

Arartekoak justizia administrazioaren eremuan egiten duen esku-hartzean, mugaketa argi bat dago, hain zuzen ere, erakundea arautzen duen legean. Izan ere, lege horretan ezartzen da erakundea ez dela sartuko gai batzuetan, horien inguruko epai irmoa eman bada edo egoitza judizialean badaude. Hala eta guztiz ere, haurren eta nerabeen eskubideak babesteko eginkizunetan erakunde desberdinei esleitutako eginkizunak biltzen dira. Batetik, adingabeen Fiskaltzari esleitutakoak eta, bestetik, horien eskubideak defendatzen dituzten erakundeei esleitutakoak, Arartekoaren kasua bezalaxe. Hori dela-eta, praktikan, etengabeko komunikaziorako bide bat dago irekita; horren bidez, bi erakundeek informazioa partekatzen dute maiz eta kudeaketak egiten dituzte elkarrekin.

 

Bestalde, 2015ean, Administrazio Publiko eta Justiziako Sailak zenbait jarduketetan hartu du parte, besteak beste, epaileak agindutako kontsultagatik egindako familia-topaguneko puntuetan edo Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren jardueran. Jarduketa horietako batzuk azaltzen dira txosten honen beste atal batzuetan, gure ustez, herritarren intereseko eremuetara gehiago egokitzen den aurkezpen bat egite aldera (eta ez dagokion administrazioak antolatutako aurkezpena).

 

Joan den urtean esku-hartze bat iragarri zen haur arau-hausleei emandako arretari dagokionez; hala, haur horiei, 14 urte ez izateagatik, ez zaie adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Lege Organikoa aplikatzen eta babes-sistemara bideratzen zaie. Esku-hartze hori 2016an bukatu da, horren ondorioak 2017ko hasieran aurkeztuko diren arren. Dokumentuak babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako fiskaltzek, foru zerbitzuek eta udal zerbitzuek emandako informazioa eta iritziak jaso eta partekatzen ditu, Euskadin (hiru lurralde historikoetako bakoitzean ñabardura ezberdinekin) agintaritzek adingabe hauekin lotuta jarduten duten prozeduren ezagutza hobea izateko helburuz eta ahultasun elementu nagusienak ikusgarriago bihurtuz.

 

Poliziaren eremuan, kexaren bat jarri da poliziaren eginkizuna gauzatzeari dagokionez; baliteke eginkizun hori gauzatzean, noizbait, adingabeen eskubideak arriskuan jarri izana. Horri dagokionez, adierazi behar da egiaztatu berri dela Ertzaintzaren atxiloketa-zentroetan adingabeak zaintzeko gela espezifikorik ez dagoela eta adingabeentzako atxiloketa-liburu espezifikoei dagokienez jardunbide desberdinak daudela; urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren Araudiak eskatzen ditu horiek.

 

Jolaserako, atsedenerako eta aisialdi eta dibertimenduzko jardueretarako eskubideari dagokionez, kexa gehiago jaso dira Espainiako Futboleko Federazio Errealak atzerrian jaiotako nerabeei federazio-lizentzia igortzeko eskatzen dizkien dokumentu-errekerimendu berezien inguruan. Horien aurrean, dagokion Eusko Jaurlaritzako sailak arintasunez jardun du eta disfuntzio horiek konpontzeko beharrezko kudeaketak egin ditu.

 

Euskal eskola-kirol ereduaren zenbait alderdien inguruko kexak jarri dira, maizago, eredu hori Gipuzkoako kirol-programan gauzatzearen ingurukoak. Horiek direla bide, erakunde honek azterketa eta hausnarketa sakonagoak egin ditu pertsonen eskubideetara (funtsean, haurraren edo nerabearen interes gorenera) ahalik eta gehien egokitzen diren helburu, printzipio eta garapen-moduen inguruan. Erakunde hau bat dator indarreko eskola-kirol ereduarekin eta hori positiboa dela uste du; izan ere, eskola-kirolaren osagai hezitzailea azpimarratzen du. Hala eta guztiz ere, batzuetan, printzipio horiek hartzen duten forma zehatzak edo helburuak lortzeko formulek arazoak edo disfuntzioak sortzen dituzte eta horiei konponbide bat eman behar zaie. Hala, bulego honek eginkizun hori burutu du, ebazpen eta gomendio orokorrak igorriz eta hausnarketa eta eztabaidarako espazioak partekatuz.

 

Haurrek eta nerabeek parte hartzen duten aisialdiko eta denbora libreko jardueren inguruko gaietan Arartekoak egindako esku-hartzearen bi elementu nagusiak hauek izan dira: batetik, gurasoen eta jarduera egiten duten langileen arteko harremana eta informazioa, bereziki gerta daitezkeen antsietate edo tentsiozko egoerak kudeatu behar direnean. Gure esperientziaren arabera, kasu horiek zehatzak dira eta gaixotasun batengatik edo ez egokitzeagatik gertatzen dira. Bestetik, ezgaitasunen bat edo hezkuntza-behar bereziak dituzten haur eta nerabeek berdintasun-baldintzetan parte hartzea herri-administrazioek antolatutako aisialdiko jardueretan.

Diskriminatuak ez izateko eskubidearen epigrafearekin, hauxe adierazten dugu:

 

• Urtero adierazten dugu atzerriko pertsonen seme- alaba ugari pobretasun-egoeretan daudela. Horrez gain, 2016an, lehenengo aldiz, euskal hezkuntza-sistemak ikasle bati hiyab edo belo islamikoa jantzita sartzeko debekuari aurre egin behar izan dio. Horri erantzunez, Hezkuntza Sailak gomendio batzuk helarazi dizkie euskal zentroetako hezkuntza-erkidegoei, antolakuntza eta funtzionamenduko araudietan sartu beharreko edukiari dagokionez, eskola inklusiboaren eta aniztasunaren arretaren hezkuntza-esparru pedagogiko berrian. Halaber, esparru horretan, ikasle immigranteei arreta emateko II Plana eratu da. Horren bidez, beste kontu batzuen artean, adierazi den bezala, zentro batzuetan, bereziki, Gasteizen ematen ari diren “ghettifikazio” arazoei aurre egin nahi zaie.

 

Osasun-eremuan, atzerriko haur eta nerabe batzuek osasun-arreta jasotzeko dituzten zailtasunak kudeatu ditugu. Hori egin behar izan dugu, legez, estatuko haurrek duten osasunerako eskubide bera dutela ezarri arren. Bereziki azpimarratu behar da euskal ospitaleetan jaiotako atzerriko familietako haurrek zailtasunak dituztela osasun-arreta osoa jasotzeko, prestazio farmakologikoak barne. Izan ere, horien arreta osoa oztopatuta egoten da jatorrizko herrialdetako egoitza diplomatikoetan dokumentazioa izapidetu arte; batzuetan, herrialde horiek urrun daude eta izapidetzeak egitea garestia izaten da.

 

Azkenengo kontu bat aipatuko dugu baina ez ona delako, baizik eta horretan gabezia dagoelako; kontu hori errefuxiatuei emandako arreta da, bereziki haur errefuxiatuei emandakoa. Arreta hori ez da euskal administrazioek aurreikusi eta ezarri zuten intentsitate berean ematen ari. Izan ere, oraindik ez dira lurraldera heldu.

 

• Lanean jarraitzen dugu haur eta nerabeen aniztasun afektibo sexualeko eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzeko. Uste dugu funtsezkoa dela estrategiak adostea eta irizpideak ezartzea eremu honetan esku har dezaketen erakundeen artean; hala, horiek burutzen dituzten jarduketen erdigunean haurren eta nerabeen interesa jarri behar da, baita horien eskubideak ere.

 

Arartekoaren erakundean kezkatuta gaude laguntza publikoak hobeto zehatzeaz, haurren eskubideei hobeto egokituak izan daitezen. Laguntza horiek, oro har, 14/2012 Legearen babesean ezarri dira, pertsona heldu transexualentzat. Era berean, kezkatuta gaude genero-adierazpen edo -identitate anitzak dituzten edo genero-jokabide ez arautuak bizitzen ari diren haurrek gutxietsita dituztelako beren eskubideak, baita pertsona gisa modu askean eta erabat garatzeko ahala ere, helduak ados ez jartzearen edo behar bezalako orientabiderik ez edukitzearen ondorioz (senideak, ikastetxea edota herri-administrazioak). Horregatik, Arartekoak uste du funtsezkoa dela arlo honetan esku hartzeko eskumena duten erakundeen arteko estrategiak adostea eta irizpide argiak ezartzea, euren jardueren oinarri haur eta nerabeen interesa eta eskubideak hartuz, hori guztia, haurrak babesteko legeek eta araudiak ezarritakoari jarraiki (adingabearen interes gorena, bere iritzia emateko eskubidea, etab.), eta LGBTIen eskubideak babesteko nazioarteko eta hemengo tresnetan jasotako printzipioekin, edota emakumeen eta gizonen berdintasunerako legedian ezarritakoarekin bat eginez.

 

Ezgaitasunen bat duten haurrek helduek bezain beste arazo edo gehiago dituzte, hirugarren pertsonekiko duten menpekotasun berezia dela-eta, ekipamenduetan (etxebizitza-, hezkuntza-, osasun-, gizarte- eta kultura-ekipamenduetan, besteak beste) eta hiri-inguruan edo garraioan dauden irisgarritasun-urritasunengatik. Horrela, txosten orokorraren ondorioetan adierazi den bezala, uste dugu premia duela botere publiko guztiek haien jardueren premisa gisa irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua gain har dezaten eta herritar guztien beharren aniztasunari erantzuten dion ingurunea sortzeko. Horretarako, jendea biltzen den eraikin, establezimendu eta instalazioetan irisgarritasuna bermatzen duten ezinbesteko neurriak, lurraldea antolatzeko tresnak, hirigintzako planak eta urbanizazio-proiektuak abian jarri behar dituzte.

 

Bestalde, nahitaezkoa da ezgaitasunen bat duten pertsonek haien eskubide guztiak baliatzeko eta gizartean guztiz parte hartzeko aukera emango dien ekintza positiboaren neurriak hartzen sakontzea. Izan ere, txosten honetan aurkeztutako demandek eta ebazpenek ekintza positibo horiek hartzen dituzte kontuan; ekintza horiek hezkuntzaren eremuari eta osasunaren eta aisialdi-denbora librearen eremuei dagozkie.

 

Haur eta nerabe ijitoei eragin dieten Arartekoaren jarduketetan, aurten, izendatzaile komun bat egon da; izan ere, jarduketa horiek guztiek izan dute zer ikusia bizikidetza-gatazkekin edo auzokideekiko harremanekin. Oro har, egoera konplexuak dira eta gizarte-bazterketako eta marjinaltasuneko osagai altua daukate; urteetako bilakaera izan dute eta ondorio desberdinak izan dituzten esku-hartze anitz egin dira. Familia horietako haur eta nerabeei dagokienez, begi-bistakoa da normalean haurren babesgabetasun egoeretarako erabiltzen diren neurriak ez direla eraginkorrak. Beraz, beharrezkoa da elkarrekin hausnartzea lankidetzako erantzun desberdinen inguruan; erantzun horietan, erakunde- eta gizarte-eragile desberdinek elkarrekin lan egingo dute partekatutako helburuetatik abiatuz.

 

Aldi berean, premiazkoa da hedabideek ematen duten ijitoen eta, zehazki, haur eta nerabe ijitoen irudiaren inguruko gizarte-hausnarketa egitea. Haurrak biktima gisa hartu ohi dira eta nerabeak hausle gisa; tratamendu hori asko areagotzen da. Izan ere, neska eta mutil ijitoen kasuan, oso gutxitan ematen dira horien inguruko berriak modu positiboan eta ez dira eskubide-subjektutzat hartzen.

 

Amaitzeko, eta urtero bezala, gogorarazi nahi dugu 1989ko Haurraren Eskubideen Inguruko Konbentzioarekin, XX. mende amaierako paradigma-aldaketa eman zela Zuzenbideak haurra kontuan hartzeko moduari dagokionez: haurra, babes-objektu izatetik, eskubideen subjektu titular izatera igaro zen. Izan ere, haurra eskubide horiek gauzatzeko ahaldundu behar da. Hala, konbentzioak ez ditu eskubide berriak ezartzen haurrentzat: gainerako pertsonek dituzten eskubide berak dituzte eta estatuak bermatu behar du haurrek eskubide horiek gauzatu ahal izatea, helduek gauzatu ahal dituzten bezala. Hori lortzeko, paradigma-aldaketaren ardatz nagusi gisa, konbentzioak bi printzipio “iraultzaile” (eskubideak ere badira) hartzen ditu barne aurreko egoerari dagokionez: “haurraren interes gorenaren” printzipioa eta “haurra hori ukitzen duen erabaki guztietan entzuteko” betebeharrak ezartzen duen printzipioa. Bi printzipio horiek batera irakurri behar dira eta haurraren estatutu berriaren oinarrian daude, “eskubide-subjektu” gisa.

 

Haurrak eskubide-subjektutzat hartzearen ikuspegiak esan nahi du ikuspuntu berri bat ere egongo dela helduen eta haurren arteko harremanetan. Horrek dinamika demokratiko bat sortzen du harreman horietan. Haurrak ez “dira” inorenak, ezta bere gurasoenak ere. Haurrak ez dira inorenak, bereak baizik. Hala, eskubide-subjektutzat hartu behar dira eta horien interesa kontuan hartu behar da ukitzen dituzten erabaki guztietan. Horrez gain, haurren iritzia entzun behar da intereseko edukia ezarri aurretik.

 

Konbentzioaren 12-1 artikuluaren arabera: “Kide diren Estatuek umeari epai propio bat osatzeko moduan egotea bermatuko diote, bere iritzia modu askean adierazteko haurrarengan eragina duten gai guztietan, eta aintzat hartuko dira haurraren iritzi guztiak bere adinaren eta heldutasunaren arabera”. Hau da, ez da soilik haurra “entzun” behar, baizik eta “kasu egin” behar zaio. Horrek esan nahi du haurraren iritzia hartu behar dela kontuan (iritzi hori ez mantentzea erabakitzen duenaren arrazoiak justifikatu behar dira) eta iritzi hori beharrezkoa den unean entzun behar da, hala badagokio, erabakian eragina izan ahal izateko. Bestalde, erabaki horiek haurraren bizitza garatzen den eremu guztiekin daude lotuta: baldintza materialak; hezkuntza- eta jolas-prozesuak; osasunaren zaintza; garapen-aukerak, familia-egoera, etab.

 

Horregatik guztiagatik, berriz ere eskatzen ditugu parte hartzeko bide erreal eta egonkor gehiago; haurrak eta nerabeak entzutera bideratutako denborak; mekanismo egokiak; metodologia erakargarriak, etab. Horiek bermatu behar dute adingabeek horien bizitzan eragina duten eremu desberdinetan parte hartzen dutela.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)