Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • AURKEZPENA

  • + I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1. 2016ko jarduera-esparrua
    • 2. Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2. Arriskuan dauden eskubideak:
      • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
      • 2.2.Hezkuntzarako eskubidea
      • 2.3.Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
      • 2.5.Osasunerako eskubidea
      • 2.6.Adingabe arau-hausleen eskubideak
      • 2.7.Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
  • III. ATALA Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • 1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • 2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 4.Ekitaldietan parte-hartzea
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA Eranskina Arloko araudia

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2016
  • II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
  • 2. Arriskuan dauden eskubideak:
  • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.

2. artikulua

1. Estatu kideek Hitzarmen honetan aipatutako eskubideak errespetatuko dituzte eta bermatuko dute beren jurisdikziopean dauden haurrei aplikatuko zaizkiela, alde batera utzita haurren, gurasoen edo legezko ordezkarien arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, nazio-, etnia- edo gizarte-jatorria, ezintasun fisikoak, jaiotza edo bestelako edozein ezaugarri.

 

2.8.1. Atzerritarren seme-alabak

Bakarrik dauden adingabe edo gazte atzerritarrekin berariaz zerikusia duten jarduerak (txosten honen 2.3. atalean aipatu ditugu) ez ezik, atzerritarren seme-alabak ere kexetako protagonistak izan dira beste arlo batzuetan. Zehatz samar azalduko ditugu jarraian.

 

Hezkuntza administrazioaren mendeko zentro publiko batek ez zion ikasle bati hiyaba edo estalki islamiarra jantzita bertaratzen utzi. Zentroko zuzendaritzak Antolamendu eta Funtzionamendu Araudiaren babesean jokatu zuen, araudi horretan txanoak edo burua estaltzeko beste edozein arropa erabiltzea debekatu baitzen. Horren ondorioz, familiak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan.

 

Horrelako egoera batek Euskal Autonomia Erkidegoan horrenbesteko oihartzuna lortu duen lehen aldia izan da, baita Arartekora kexa modura iritsi den lehen aldia ere. Gure iritziz, aurrekaririk ez izateak azalduko luke hezkuntza arloko administrazioak, lehenik eta behin, duela zenbait urte Madrilgo Erkidegoan gertatutako adibidearekin konparatuz erantzutea; izan ere, orduan gertatutakoa hizpide dugun egoeraren parekoa zen, eta Madrilgo Administrazioarekiko Auzietarako 32. Epaitegiaren epaiarekin itxi zen (2012ko urtarrilaren 25eko 35. Epaia); epaia argia izan zen: ezarritako debekua zilegizkoa zela berretsi zuen.

 

Aurkeztutako kexa aztertzen hasterakoan, erakunde honek gogoan izan zuen, hala ere, Lleidako Udaleko Elkarbizitza eta Gizalegeari buruzko Udal Ordenantzaren gainean Auzitegi Gorenak esandakoa; ordenantza horretan xedatu zenez, zerbitzuen eta udal ekipamendu eta eraikinak erabiltzeko testu arautzaileak erabat estaltzen duen beloa janzten zuten emakumeak horretarako prestatutako espazio eta lokaletara sartzea eta bertan egotea debekatu edo mugatzeko aukera ezarri zuen. Epaian, bai Lleidako Udaleko Osoko Bilkuraren erabakiak, bai erakunde horrek onartutako testu arautzaileak zuzenbidearen aurkakotzat jo eta baliorik gabe utzi zituen Auzitegi Gorenak.

 

Zalantza izpirik gabe, hezkuntzari ez dagokion eskumen esparru baten gaineko adierazpenak dira; bestalde, estalki osoaren erabilera eztabaidatu da erabaki horretan, ez estalki sinple edo hiyabari dagokiona. Auzitegiak bere irizpidea azaltzen duen lehen epaia (eta bakarra, uste dugu) izan da, eta auzitegiak berak onartu bezala, eztabaida bizian dagoen gai bat da. Arartekoaren iritziz, bertan jasotako gogoetak ezin dira alde batera utzi, izan ere, arrazoiketaren oinarria doktrina konstituzional tinkoa da.

 

Hartara, doktrina horretan oinarrituz, Auzitegi Gorenak argi eta garbi eta modu kategorikoan ondorioztatu du erlijio askatasunaren eskubidea baliatzeko muga ezarri ahal izateko legea funtsezkoa dela, eta horren ordez ezin dela beste araudi iturrik baliatu; hortaz, hezkuntza arloko administrazioak hasierako erantzunean aipatutako aurrekariak baztertu egin behar dira.

 

Hortaz, gaia aztertzerakoan ezin izan ditugu hezkuntza arloan estalkia erabiltzeari buruzko ondorengo beste adierazpen batzuk ahaztu, erakunde honen iritziz planteatutako arazoari ongi erantzuten ez badiote ere. Horrelakoa da Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren azaroaren 28ko 277/2014 zenbakidun epaiaren kasua. Epai horretan Gaztela Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ikastetxeek antolatzeko gaitasuna daukatela xedatu zuen, gaitasun hori irakasteko askatasunaren azken adierazpen gisa ulertuta, elkarbizitzarako arauak edo erregimen bat ezartzeko dagokiela defendatzeko; arau horiek janzteko irizpide zehatz batzuk izateraino iristen dira, baita gurasoek seme-alabentzat erlijio printzipioetara hobekien egokitzen zaien ikastetxea aukeratzeko gaitasuna gehitzea edo gaineratzea ere; hala ere, zalantzan jarritako erlijio askatasunerako eskubidea mugatzearen gaineko estaldura legala ez zen azaldu edo justifikatu.

 

Beharrezkotzat jotako elkarbizitza eta jokabide arauak zehaztuz, ikastetxeek bertako antolaketa eta funtzionamendu arau propioak onartu eta ezartzeko antolaketa gaitasun aitortua daukatela zalantzan jartzea ez dago Arartekoaren helburuen artean; baina, gure ikuspuntuaren arabera, eta aurreratu dugun moduan, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak lortutako ondorioak, dirudienez, ez du arazo honetarako erantzun egokirik eman. Ikastetxeen gaitasun hori zalantza izpirik gabe onartzeak ezin du ekarri, aldi berean, oinarrizko eskubide baten babesa arriskuan jartzea, alegia erlijio askatasunerako eskubidea, aipatutako gaitasuna gehiegi erabiltzeagatik; ezin da alde batera utzi erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea baliatzea mugatzeko formalki lege bat behar dela; exijentzia konstituzional bat da.

 

Gaia aztertu ondoren ondorio horietara iritsita, Arartekoak kezkaz ikusi ditu hezkuntza ikuskaritzak prestatutako txostenean jasotako proposamenak; izan ere, ikasgela barruan estalkia erabiltzeko erabakiak ekarritako egoera arautzea esklusiboki ikasle kexagilearen ikastetxearen esku uzten zuen. Hala ere, azkenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunek euskal ikastetxeen hezkuntza komunitateetara zenbait gomendio igortzea erabaki zuten, aniztasunari erreparatzeko eta eskola inklusiboaren marko pedagogiko berriaren testuingurua aipatuz. Gomendio horietan buruan painelua janzten duten neskatoen eskolatzea ez debekatzeko gomendatzen zen, eta antolaketa eta funtzionamendu arauek edo hezkuntza proiektuak horrelakorik onartzen ez duten kasuetan testuok berrikusteko gomendatu zen, aniztasunari erreparatzeko eta eskola inklusiboaren marko pedagogiko berriaren planteamendutik.

 

Hezkuntzaren esparruan, gainera, Gasteizen ikasle etorkinen banaketari lotuta sortutako kezka txosten honen 2.2 atalean nabarmendu zen; horren ondorioz, erakundeen arteko mahai bat eratu da, eta mahai horretan hiriko ikastetxe jakin batzuetan sortutako “ghettizazioa” bideratu ahal izateko irizpideak ezarri nahi dira. Ikasleak onartzeari lotuta erakunde honek plazaratutako zenbait proposamen 2016-2020ko Eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plan aurkeztu berrian jaso dira. Ahots kritiko batzuek dagoeneko esan dute ez dela nahikoa, baina baliteke planean bertan jarraipena egiteko eta aldizka berrikusteko jasotako konpromisoari esker antzemandako ahultasunak bideratu ahal izatea.

 

2.5 atalean, osasun arloari buruzkoan, euskal ospitaleetan jaiotako atzerriko familien seme-alabek bizi duten egoera sakon azaldu da; haur horien dokumentazioa kasuan kasuko enbaxada eta kontsulatuekin izapidetzen den bitartean, zailtasunak izaten dituzte ez osasun arreta jasotzeko, baina bai prestazio farmakologikoetara sarbidea izateko. Atzerriko emakume haurdun batzuek euskal osasun sisteman artatu eta haurdunaldian laguntza jasotzeko izan dituzten zailtasunak ere azaldu dira, modu laburragoan. Haurdun dagoen emakumearen eta haurraren osasun egoerari jarraipen egokia egitea oso garrantzitsua da etorkizunean osasun maila aproposa bermatzeko. Kasuak, nolanahi ere, modu positiboan ebatzi dira.

 

Atzerrian jaiotako neska zein mutilek futbol federatua egiteko lizentzia lortzeko izan dituzten arazoak ere positiboki konpondu dira (tartean atzerriko nazionalitatea daukaten familietako semeak), txosten honetako 2.6 atalean azaldu bezala.

 

Haur eta nerabe ugarik bizi duten pobrezia egoerari buruz ezin dugu horren positiboki hitz egin, haur eta nerabeen familia burua gehienetan atzerritarra denean, profil hori baita, azterlan guztiek azaldu dutenez, haurren populazio pobrearen artean. Horren ondorioz, esparru honetan hartu beharreko neurriek, arazoen muinari dagozkionak eta integralak izatea nahi badugu, pertsona batzuei atzerritarrak izateagatik bereziki eragiten dien elementu bereizleak bereziki hartu beharko lituzkete aintzat.

 

Administrazioaren araudiaren esparruan, aintzat hartuta gehienetan estatuko administrazio nagusiaren eskumena dela, aurten Herriaren Defendatzaileari bideratutako ofiziozko jarduketa bat abiarazi da, Espainian dagoen Gineako enbaxadan pasaporte bat izapidetzeko aukerarik ez izateak eragiten dituen ondorioei buruzko kezka helarazteko. Horrek zailtasun ugari eragin zituen, besteak beste, Gineako amen haurrak Erregistro Zibilean inskribatzeari dagokionez. Enbaxadak ematen duen ordezko ziurtagiria ez da herri-administrazio guztietan onartzen ondorio guztietarako pertsonak identifikatzeko dokumentu gisa.

 

Bukatzeko, gehitu behar da pertsona errefuxiatuek, tartean haur ugarik bizi duten egoera urtero erakunde honek antolatzen duen udako ikastaroko gaia izan zela. “Europa asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak” izenburupean, ikastaroan asilo eskubidearen edukia landu zen, ikuspuntu teorikotik zein aplikazio praktiko eta eskubidearen erregulazioaren ikuspuntutik.

 

Ikastaroaren helburua bigarren mundu gerratik Europan izan den asilo eskaririk handienak eragindako arazoen magnitudea aztertu eta eztabaidatzea zen, baita euskal, espainiar eta europar mailako zenbait erakundek emandako erantzunak ere (edo erantzunik eza). Honako hauek izan ziren eztabaidaren elementuak: 1) Europako Parlamentuak -Europan herritartasunaren ordezkari gorena den aldetik- bideratutako ekimenak eta zenbait talde politikok hartutako jarrera gaur egungo egoeretan asilo eskubidea baliatzeak dakarren erronkari eman beharreko erantzunei dagokienez; 2) erakunde humanitarioek hartutako edo sustatutako ekimenak, neurriak eta ikuspegia jazarpena pairatzen duten pertsonak babesteko eta pairatzen dutena arintzeko, haurren errefuxiatuak bereziki aintzat hartuz.

 

2.8.2. LGTBI haurrak eta nerabeak

 

Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:

 

• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.

• Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo eta sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.

• Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI haur eta nerabeen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.

 

Arartekoak, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren bidez eta LGBTIen eskubideen arloaren bidez, “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko espazioan parte hartzen jarraitu du, aurreko urteetan bezala. Eratze mistoa (soziala-instituzionala) duen lan-foroa da, Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak eta Berdindu Zerbitzuak babesten dutena. Eskolan, mutikoen, neskatoen eta nerabeen aniztasun sexual eta afektiborako eskubideekiko errespetua eta sustapena bultzatzeko xedea dauka talde horrek, eta Arartekoak aldizka hartzen du parte bertan -Haurren eta Nerabeen bulegoaren bidez eta LGBTIen eskubideen atalaren bidez-, beste erakunde batzuekin batera (horien artean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila nabarmentzen dugu). Talde horren zeregina, funtsean, adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko jarduerak eta protokoloak koordinatzea da, hezkuntza-zentroetan ikasleen genero-identitateei eta -rolei eragiten dieten egoerak eta jarrerak agertzen diren kasuei dagokienean.

 

2016an egin zen bilera bakarrean, Euskadiko hezkuntza-zentro guztiei zuzendutako dokumentuaren azken idazketa hitzartu zen. Hauxe da dokumentuaren izenburua: Ikastetxeei zuzendutako protokoloa, ikasle transei edo genero portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzeko. Dokumentuak sarreran adierazten duen moduan, hezkuntza-sistemaren lerro estrategiko bat da aniztasunari erantzutea. Hori dela eta, hezkuntzako profesionalek gai izan behar dute, eskola inklusiboaren parametroetan oinarrituta, ikasleen eta haien familien dibertsitatea ezagutu eta aitortzeko. Hezkuntzako profesionalek aniztasun horiek detektatuz gainera, ikasle horiei beren eragozpenak gainditzeko lagungarri izango zaizkien bitartekoak eskaini behar dizkiete bizi dituzten egoera jakin batzuk gainditzeko, gainerako ikaskideekin berdintasun baldintzetan pertsona oso bezala garatzeko, aske eta zoriontsu bizi izateko eta arrakasta akademikoa lortu ahal izateko. Protokolo horrekin, Euskadiko hezkuntza-sisteman sexu-joera eta genero-identitate edo -adierazpen anitzei ematen zaien arretari erantzun nahi zaio, bai eta eskolan homo/lesbofobia eta transfobia prebenitu nahi ere.

 

Arartekoaren ustez, protokolo hori aurrerapen nabarmena da, eskolan aniztasun sexual eta afektiboa aitortzeari begira. Horrekin guztiarekin, irakasleen prestakuntza espezifikoa azpimarratu behar dugu orain, aipatu protokoloa ezartzeko erantzukizuna duten horiek baliabide nahikoz hornitze aldera, bai arrakastaz bete ditzaten protokoloan jasotako xedeak, bai, eskolako egoera indibidualetatik harago, giza aniztasunari harrera egiteko eta, bereziki, aniztasun sexual eta afektiboari harrera egiteko klima era dadin ikasgelan eta hezkuntza-zentroaren multzoan, prebentzio gisa. Irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programa nahikorik ez egotea, gai horiek ikasgelan modu sistematikoan eta antolatuan jorratu ez izana, sexu-joera eta genero-identitateari buruzko material zehatza modu antolatuan erabili ez izana edo egun dauden tresna didaktikoetan bizikidetza-eredu berriak islatu ez izana horren adibide argiak dira, eta, horren ondorioz, irakasle kontzienteenek ez dute behar besteko laguntza jasotzen hezkuntza-sistemaren eskutik, gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko.

 

Horregatik, ezinbestekoa da Euskadiko hezkuntza-zentroen eta hezkuntza-erakundeen artean baterako lana sustatzea, eskola haur horientzat benetan inklusiboa eta toki segurua dela ziurtatuko duten tresnak sortzeari begira, euren sexu-joera edo genero-identitatea edozein izanik ere.

 

2016. urtearen hasieran bukatu zen 2015eko txostenean aurreratu genuen kexa bat; bertan, zalantzan jarri zen Osakidetzako Gurutzetako ospitaleko Genero Unitatearen jarduera gai honetan: arreta desegokia eman zitzaiola legez neska erregistratuta egon arren, mutil bizi eta sentitzen zen adingabe bati. Oraingo honetan, erakunde honek Arartekoaren 2016ko otsailaren 12ko Ebazpena igorri dio Osakidetzari, elkarrizketa-bide irekiak ezar ditzan eta zabal-zabal erantzun diezaien genero-identitate anitza duten haurren familiek osasun-zerbitzuen ikuspegiaren inguruan dituzten kezkei eta egiten dituzten informazio-eskaerei. Bestalde, ebazpen horren bidez, Osakidetzari eskatu zaio kontuan har ditzala zenbait printzipio edo jarduera-ildo, bai transexualei ematen zaien arretan, bai euskal legeriak arlo honetan aurreikusi duen gida klinikoan.

 

Arartekoak egindako ikerketaren emaitzari dagokionez, eta Osakidetzak adierazitako gogoetak ere aintzat hartuz, erakunde honek ondorioztatu ahal izan du erronka zientifiko, sozial eta gizatiar berriak dituen jarduera-eremu baten aurrean gaudela, eta pertsona horiek eta bereziki haurrek eskatzen duten arretan inplikatuta dauden zerbitzu publiko guztiei -baita osasun-zerbitzuei ere- eragiten diela.

Gauzak horrela, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari zuzendutako gomendio horrekin, aipatu pertsonei arreta emateari bideratutako jarduera publikoak hobeto orientatzen lagundu dezaketen eta nazioartean aitortuta dauden printzipio batzuk gogorarazi nahi izan ditu Arartekoak. Horien artean, printzipio hauek nabarmentzen ditugu: transexualitatea despatologizatzeko printzipioa, sentitutako sexua errespetatzeko printzipioa, ezagutza zientifikoari eta praktikoari irekitzea, bai eta arlo honetan eskarmentu aitortua duten beste instantzia batzuen doktrina-korronte ezberdinei irekitzea ere, eta informazio zabala jasotzeko eskubidea, zerbitzuaren erabiltzaileak modu aktibo eta informatuan hartu ahal izan dezan parte bere osasunari eragiten dioten erabakietan.

 

Haurrei dagokienez, era berean azpimarratu nahi izan da haur horiek adierazitako eskaerak entzutea eta egoki bideratzea eskatzen duela adingabeen interes gorenak, eta profesional adituen laguntza bermatu behar dela horien banakako ibilbidean, hori edozein izanik ere, eta, horretarako, zerbitzu publikoen esparruan sartu behar direla psikologiako profesionalak. Bestalde, haurtzaroak eta nerabezaroak berezkoa duten eboluzio-izaera dela-eta, pertsonen nortasuna osatzean etapa batzuen garrantziari arreta emanez gainera, egokitzat jotzen dugu osasun zerbitzuek eremu honetan egiten dituzten jardunetan gizarte ikuspuntua barne hartzea eta tentuz ibiltzea, diagnostiko azkarrak edota itxiak egitea ekidinez, kategoria geldi edo finkoen arabera, atzera bueltarik gabeko prozesuetara azkarregi jo dezaketenak.

 

Azkenik, Arartekoak Osakidetzari adierazi dio gai honen inguruan dauden askotariko ikuspegi sozial, zientifiko eta doktrinalak sartu behar direla legez aurreikusi den gida klinikoan, transexualen arretan orientatzeko balio behar diela horrek osasun-zerbitzuei, eta ezagutzaren azken-mailara eta ebidentzia zientifikora igo behar dela arreta, horretarako, beharrezkoa balitz, nazioarteko eremuko pertsona eta erakunde adituen irizpideetara joz.

 

 

2.8.3. Ezgaitasunen bat daukaten haurrak eta nerabeak

 

Aurreko urteetan bezala, kopuru aldetik ezgaitasunen bat daukaten haurrei eta nerabeei gehien eragiten dieten kexak irisgarritasun gabeziei buruzkoak dira, bai ekipamenduetan (etxebizitza, hezkuntza, osasuna, gizarte arlokoak, kulturakoak, etab.), bai hiri ingurunean edo garraioan. Hori ikusita berriz ere gogoratu behar da irisgarritasun unibertsalari esker herritar guztiek bizitza sozial eta ekonomikoan parte hartze aktiboa izateko aukera daukatela, haurrak barne, eta denak aukera berdintasunean.

 

Garraioari eta mugikortasun arazo handiak dituzten haurrak mugitzean duen eraginari dagokionez, Bilboko Trafiko eta Aparkalekuen Ordenantzak (TAO/OTA) ezarritako betekizuna nabarmendu behar da atal honetan, ezgaitasunen bat daukaten pertsonen ibilgailuen ezohiko araubidea aplikatu ahal izateko (36. eta 37.1 artikuluak), ezgaitasunen bat daukan pertsona, halaber, ibilgailuko gidaria denean. Erakunde honek bi gomendiotan gai honi buruzko adierazpenak egin ditu (azkena 2014an), eta horietan Bilboko Udalera jo du, aipatutako araubidearen onurak aparkatzeko txartel bakarreko titular diren pertsona guztiei hedatzeko eskatuz. Aurten irizpidea zalantzan jarri da berriz ere, eta udalak oraindik ez ditu onartu erakunde honen argudioak.

 

Aurreko gaiarekin zuzenean lotuta, jakinarazi behar da aurten martxoaren 22ko 50/2016Dekretua onartu dela, ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duena. Dekretuak, irisgarritasun unibertsalaren eta bizitza independentearen printzipioekin bat etorriz, beharrezko neurriak artikulatu ditu ezgaitasuna dela medio mugikortasun murriztuko pertsonen ibilgailuak aparkatzea errazagoa izan dadin. Estatu mailan 2014an helburu berarekin onartutako errege dekretuarekin alderatuta aldaketak dakartza; izan ere, ezgaitasunen bat daukaten pertsonen garraio kolektiboan lan egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei eta ikusmeneko ezgaitasunen bat daukaten pertsonei aparkatzeko txartela lortzeko eskubidea aitortu eta behin-behineko aparkatzeko txartelak emateaz gain, txartela lortzeko eskubidea daukaten titularren artean 3 urtetik beherako pertsonak ere jaso dira, bizitza funtzioetarako ezinbesteko gailu teknikoak etengabe behar badituzte edo larritasuna dela medio 4. edo 5. mailako ezgaitasunaren balorazioa jaso badute (patologia larria edo oso larria).

 

Hezkuntza esparruari dagokionez, txosten honen 2.2. atalean babes premia desberdinak dituzten haurrek dauzkaten zailtasunak aipatu ditugu, ezgaitasuna dela medio; kasu batzuetan modu positiboan konpondu dira eta beste batzuetan, ordea, ez: laguntza langileak ez jartzea edo berandu iristea, esku-hartzearekin ados edo pozik ez egotea, derrigorrezko hezkuntzen ondorengoetan laguntza aitorpena ukatzea edo zailtzea, eta bestelakoak izan dira.

 

Osasunari buruzko 2.4 atalean aurten autismoa zuen haur bati zegokion kexa izapidetu dugu; kasu honetan ongi bukatu da.

 

Denbora librearen eta aisialdiaren atalean, azkenik, Gasteizko Udaleko oporretako programan hezkuntza premia bereziak dituzten gazteentzako plazen erreserbari buruzko ebazpena gogoratu behar da; dokumentu honetako 2.7 atalean sakonago azaldu da, eta hor nabarmendu bezala, hau ere onartu egin da.

 

2.8.4. Neska-mutil ijitoak

 

Aurten Arartekoak familia ijitoetako haur eta nerabeei eragiten zien gaiei buruzko herritarren eskaera batzuk izan ditu. Lehenik eta behin argitu behar da azaldutako zailtasunak bizikidetza arazoei lotuta daudela, eta gizarte zailtasun eta bazterketa egoeran dauden familiak inplikatuta daude; ez daude lotuta ijitoen herrikoak izateagatik sortutako bazterketarekin. Nolanahi ere, familia horietako haurrak eta nerabeak iritzi publikoaren epaiketen eraginpean daude, argi eta garbi.

 

Arartekoaren esku-hartzea 2015. urte amaieran hasi zen, Bilboko auzo bateko herritar talde batek eskatuta; erakunde honek esku hartzeko eskatu zuten inguruan bizikidetza arazo larriak sortzen zirelako, eta arazo horietan neurri handi batean mutil talde bat zen protagonista, gehienak adingabeak eta familia berekoak; beste bizilagun batzuk asaldatu, lapurtu eta erasotzen zituzten. Egoera ez zen berria, baina okerrera egin zuen. Eskatzaileek igorritako kezkan, gainera, adingabeak nabarmentzen ziren, babesik gabeko egoera larrian zeudela aipatzen baitzen, heldu erreferente aproposik ez zeukatela eta gurasoen istorioa errepikatzera “bideratuta” zeudela azaltzen baitzen.

 

Egoera aztertuta, erakunde honek lehenengo ondorioa eta ondorio argia egoera konplexua zela aitortzea izan zen. Egoera konplexua, lehenik eta behin, urte luzez luzatu zelako. Konplexua, horrez gain, esku-hartze ugari egin zirelako eta, hala ere, ordura arte ez zutelako ondorio eraginkorrik izan. Konplexua da, halaber, familia erdiesteko eta familiarekin hitz egiteko zailtasunengatik. Konplexua da, amaitzeko, inplikatuta dauden eragile anitzak eta eremu desberdinak direla-eta. Horrenbestez, artikulatu beharreko erantzunetan nahitaez bi ezaugarri hauek inplikatu beharko lirateke: konplexutasuna eta denbora.

 

Adingabeen arretari dagokionez, berriz ere nabarmendu zen ordura arte egindako esfortzuek ez zutela ia emaitzarik eragin. Familiako ia adingabe guztiak babesgabetasun egoera larrian zeudela onartu ondoren, bazterketa neurrien bitartez aplikatutako esku-hartzea ez zen eraginkorra izan, lortutako emaitzak ikusita. Haurrak eta bereziki nerabeak egoitza harrerako baliabideetan egoten ziren harik eta familia egiturara itzultzen ziren arte, eta familia egiturak aterpea ematen zien. Horrek, agian, banan-banako kasuak jorratzeko estrategia berrien inguruan hausnarketa bat egitea ekarri beharko luke. Haurrak hobeto kontrolatu eta jarraipena egiteko egoitza baliabideetatik egindako esku-hartzeak mespretxatu gabe (azkenaldian indartu zirenak), solaskide batzuek haurrak gurasoekin mantentzeko aukera aipatu zuten, eta etxean hezkuntza eta gizarte esku-hartze intentsua egitea; horrela, familia nukleoari eustea izango litzateke aldaketarako palanka. Horretarako, nolanahi ere, bizikidetza-unitateen banaketa bat egin beharko litzateke; izan ere, horrek bizikidetza-unitate bakoitzaren ezaugarriei eta beharrizanei egokitutako lan espezifikoa eta partikularra egitea ahalbidetuko luke.

 

2016ko ekainean, liskarrek okerrera jo eta bizilagunen kexak areagotu ondoren, Udalbatzak plan bat egiteko konpromisoa hartu zuen (helburu eta xede zehatz batzuek gidatutako jarduketa, epe, arduradun eta beharrezko baliabide zehatzekin); plan horretan “parte hartzea” (erakundeena eta udal arlo desberdinena), “kolaborazioa” eta “jarduketa koordinatua” funtsezko elementuak ziren. Arartekoaren ustez, ingurunean esku-hartze holistiko, planifikatu, antolatu bat egiteak, inplikatutako erakunde eta udal arlo desberdinek garatu beharreko ekintzak antolatzeko esku-hartzea, planteatutako arazo konplexuari ekiteko bide egokia zen. Auzoetako auzokideen eta gizarte erakundeen parte hartzea ere, gure ustez, aurreikusi egin beharko litzateke aipatutako planean. Nolanahi ere, 2017. urtean planeko helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du Arartekoak.

 

Planaren proposamenen artean babesgabetasun egoeran zeuden adingabeei arreta emateko jarduketak ere aurreikusi ziren. Gizarte zerbitzuen euskal ereduan definitu bezala, egoera horretan Bilboko Udalak eta Haurren Foru Zerbitzuak koordinazio eta lankidetza maila handienarekin lan egitera deituta daude, bereziki konplexuak diren egoeretan erantzun konplexuak (eta osatuak) eskaintzeko.

 

Egoera horri lotuta, baina liskar horiei eta iritzi publikora igortzen ari ziren ijitoen komunitatearen eta inplikatutako familiako adingabeen irudiari (haien ustez estereotipo txarrez beteta) zenbait hedabidek emandako tratamenduaren ikuspuntutik, esku hartzeko beste eskaera bat jaso zen urte erdian ( nolanahi ere, aipatutako adingabeen pribatutasun, ohore eta irudi propioaren eskubideak bereziki babestu beharko lirateke). Arartekoaren erantzuna nahi genuena baino mugatuagoa izan zen komunikazio enpresa pribatuen jarduna zelako, eta ez herri-administrazioarena (erakundea arautzeko legeak definitutako jarduketa esparrua); hala, erantzuna kexan aipatutako arloan eragin handiko eragile batzuekin zenbait kudeaketa egitera bideratu zen, ez soilik egoera zehatz honi ekiteko, baizik eta komunikabideek informazioa modu ez baztertzailean tratatzeko eta pertsonen eskubideak sustatzeko modu jakin batean planteatzeko. Testuinguru horretan kokatzen dira Kazetarien Euskal Elkargoarekin eta Elkartearekin harremanetan jarri izana; talde horiek bideratzen dituzten ekimenen artea, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioaren kode deontologikoa nola aplikatzen duten informatu eta gidatzen dute, erakunde hori baita kode etikoari buruzko zalantzak pizten dituzten kazetaritza jardunen jarraipena eta salaketa egiteko organoa, eta edozein pertsonak edo erakundeak izan dezake sarbidea.

 

Erakundearen hirugarren esku-hartzea uda ondoren aktibatu zen, herritarrek arbuiatu zutenean familia batek Gasteizko etxebizitza bat okupatu izana. Familiak, bestalde, Arartekoarengana jo zuen aldez aurretik, haurretako bi eskolatzeko zailtasunak izan zituztelako, etxebizitza okupatzeko titulu baliagarririk ez zutenez erroldatu izanetik eratorrita. Udal erroldan inskribatzea zerbitzu publikoak jaso ahal izateko ondorio garrantzitsuak dituen eskubide bat da (betekizun gisa eskatzen baitute erroldatuta egotea) eta beste era bateko eskubideak erabiltzeko, esaterako eskubide politikoak (bozkatzeko eskubidea, herritarren parte hartzea, etab.). Kexa hura ebatzi egin zuen, eta haurrak eskolatu egin zituzten alokairu kontratu bat aurkeztu eta, horrenbestez, udal erroldan jasotzea aurkeztu ondoren.

 

Auzokideekin dituzten harremanen zailtasunak, berriz, ez dira murriztu. Horiei dagokienez, esku-hartzeak irekita jarraitzen du eta hainbat esparrutan du eragina (segurtasuna, elkarbizitza, gizarte zerbitzuak, etab.); horrenbestez, datorren urteko txostenean emango da emaitzen berri.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)