Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
CASTELLANO
  • A
  • A
  • A

Liburuaren aurkibidea

  • AURKEZPENA

  • + I. ATALA Arau- eta antolaketa-testuingurua
    • 1. 2016ko jarduera-esparrua
    • 2. Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • 1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + 2. Arriskuan dauden eskubideak:
      • 2.1.Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
      • 2.2.Hezkuntzarako eskubidea
      • 2.3.Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
      • 2.5.Osasunerako eskubidea
      • 2.6.Adingabe arau-hausleen eskubideak
      • 2.7.Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • 2.8.Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; neska-mutil ijitoak.
  • III. ATALA Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • 1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • 2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • 3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • 4.Ekitaldietan parte-hartzea
  • V. ATALA Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA Eranskina Arloko araudia

Txostenen bilatzailea

Erakundeen aurkibidea

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2016
  • II. ATALA Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
  • 2. Arriskuan dauden eskubideak:
  • 2.4.Familia babeslea izateko eskubidea
Deskargatu formatu librean:
  • RTF
  • XML

2.4.Familia babeslea izateko eskubidea

18. artikulua

 

1. Bi gurasoek dituzte betebeharrak haurra hazi eta hezteko garaian, eta estatu kideek indar guztiak jarriko dituzte printzipio horren onespena bermatzeko. Gurasoei edo, hala dagokionean, legezko ordezkariei dagokie haurra hazi eta garatzearen erantzukizuna. Estatuen ardura garrantzitsuena haurraren interesa izango da.

 

2. Hitzarmen honetan jasotako eskubideak bermatu eta sustatzeko, estatu kideek laguntza egokia emango die gurasoei eta legezko ordezkariei, haurra hazteko betebeharrean behar bezala joka dezaten; halaber, haurrak zaintzeko erakunde, instalazio eta zerbitzuen sorrera bultzatuko dute.

 

Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko.

 

2.4.1. Araudi-eta gizarte-testuingurua

 

2015 urte oparoa izan zen Estatuan eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan familien babesean zuzenean eragiten duten lege, arau eta beste tresna batzuen ezarpenari dagokionez (horri dagokionez, Arartekoaren 2015eko urteko txostenaren epigrafe bera kontsulta daiteke). Aitzitik, 2016. urtean, ez da berrikuntza nabarmenik egon horri dagokionez.

 

Hala eta guztiz ere, aipagarria da lehendakariak 2016ko martxoan egindako iragarpena; hala, Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Haurtzaroko Estrategia deritzona iragarri zuen. Horren helburua da haurren pobretasuna saihestea eta mutil eta nesken aukerak berdintzea eta, batez ere, ziurgabetasun ekonomikoak seme-alabak edukitzea edo familia-proiektuak hastea gomendatzen ez duenaren pertzepzio soziala leheneratu nahi da. Horretarako, herrialdearen familia eta haurtzaroaren aldeko itun bat egiteko proposatzen da, hasiera batean 2020ra arte urtean 50 milioi euro inbertituz. Horrez gain, gizarte-politika horietarako inbertsioa handitu nahi da aurrekontuaren egoerak hori ahalbidetzen duenean. Iragarritako estrategia ibilbide-orri bat da inplikatutako eragile publiko eta pribatu guztiekin (erakundeak, alderdi politikoak, gizarte-eragileak eta hirugarren sektorea) eztabaidatzeko eta gaia jorratzeko. Estrategia horretan, proposamenen dekalogo bat jaso da eta horren helburua da esparru orokor egokia sortzea pertsonak bizitzaren etapa guztietan garatzeko. Neurri horietako asko ez dira laguntza edo diru-laguntzen definizioan sartzen; izan ere, horien helburua da baldintza egokiak sortzea familien zerbitzu-beharrak eta demandak asetzeko. Horrela, seme-alabak dituzten familientzat gutxieneko diru-sarrerak bermatu nahi dira; ekipamendu eta zerbitzu soziokulturaletarako sarbidea; gazteen emantzipazioa bultzatzea; denboraren antolaketa egokiagoa sustatzea familientzako eta adiskidetzerako; haurrei arreta emateko “kalitatezko” zerbitzu “eskuragarrietarako” sarbidea erraztea; gurasotasun positibo eta familia-bitartekaritzako programak ezartzea; familia-topaguneko puntuen sarea indartzea eta gizarte-hezkuntzako esku-hartze programak indartzea.

 

Urtearen amaieran, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazi digu estrategia hori Eusko Jaurlaritzaren sailei aurkezteko barne-lana hasia dela, sailen arteko adostasuna lortzeko asmoz, erakunde arteko ezein urrats egin baino lehen. Gorago aipatutako estrategiaren oinarrizko lerroek orientatu beharko dute, edonola ere, Familiei Laguntzeko IV. Plana. Plan hori zehazten hasi beharko litzateke Familiei Laguntzeko erakunde arteko III. Planaren ebaluazioa bukatutakoan –aurreratuta dago-.

 

 

2.4.2. Kexetan pozik ez egoteko azaldu diren arrazoiak

 

Seme-alabengatiko laguntzei buruzko euskal legeriaren babespean eskatu diren laguntzen ukapena dela-eta, kexak jasotzen jarraitu dugu 2016an ere. Horietan guztietan, arazo formalak azaldu dira; txosten orokorreko III. atalaren 2.4 puntuan (familiei buruzkoan) aipatzen da horren adibide bat, Arartekoaren 2016ko apirilaren 20ko Ebazpena eragin zuena. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazio orokorraren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.

 

Puntu horretan, aurreko urteetan egin dugun moduan, seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen emakida automatizatzeko egokitasuna berretsi behar dugu, eskaera-izapide baten mende egon beharrik gabe, gero eta konplexuagoa baita izapide hori interesdunentzat, eta, zalantzarik gabe, laguntza horiek jasotzetik baztertzen baititu, praktikan, laguntza horien onuradun izan daitezkeen pertsona asko.

 

Haatik, 2016an protagonismo berezia hartu dute familia ugariei buruzko kexek. Horietatik hiru gai nabarmenduko ditugu, oso garrantzitsuak baitira, gure ustez:

 

Lehenbizikoa gai honekin lotuta dago: bikote bat hausten denean (dibortzioagatik edo banantzeagatik, izatezko bikoteen kasuan) sortzen den arazoa, eta, horren ondorioz, familia ugariaren titulua zer gurasori eman erabakitzeko zailtasuna. Kexa horietan adierazten da, horren ondorioz, zaila dela guraso bati edo besteari esleitzea familia ugariaren titulua.Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2.2 c) artikuluak ezartzen du beharrezkoa dela bi gurasoetako bat aukeratzea familia ugariko kidearen izaera mantentzeko. Horrenbestez, beste gurasoak titulartasuna galduko luke, familia ugaritik kanpo geratuz. Gurasoen arteko adostasunik ez badago, bizikidetzaren irizpidea hartuko da kontuan, hau da, familia ugariaren titulartasuna esleitu beharko zaio judizialki zaintza duen gurasoari –aitari edo amari–. Ukitutako herritarrentzat zaila da arau hori ulertzea, batez ere, kasu batzuetan. Izan ere, kasu horietan, zaintza ofizialki bati esleitu arren, bisiten araubidea zabala da eta bi gurasoek dute erantzunkidetasuna seme-alaben heziketa eta zaintzari dagokionez. Beraz, bi gurasoetako bat familia ugariaren onuretatik baztertzen duen arau hori ez da bidezkoa. Arazo honen inguruan aurkeztutako kexen konponbidea desberdina izan daiteke. Batetik, gai horren inguruko Estatuko legeria erreformatu daiteke eta, bestetik, euskal eremuanex novo arauketa bat egitea. Horrek, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearekin bat etorriz, bultzada berri bat emango lieke familiei laguntzeko neurriei, kargura dituzten seme-alaben kopuruaren arabera.

 

Horrez gain, estatuko araudi horrek ez ditu kontuan hartzen benetan seme-alabekin bizitzearekin lotutako baldintza horiek, zaintza partekatuko kasuetan ematen direnak. Familia ugarien inguruko Estatuko legeria aztertu ostean, erakunde honek gai horren inguruko iritzia eman zuen joan den urtean. Hala, azpimarratu zuen egia zela manu horrek eskatzen duela, seme-alabak gurasoetako batekin bizitzeari uzten dioten dibortzioen kasuan, bi gurasoetako bat aukeratu behar dela familia ugariaren tituluaren parte izateko. Hala eta guztiz ere, familia ugarien tituluen kudeaketako administrazio-jardunbidean -foru aldundien eskumenekoa dena- konponbide bat ezarri behar da, seme-alabak bi gurasoekin bizitzeari uzten dioten zaintza partekatuko kasuei erantzun bat emateko.

 

Zaintza partekatua nahiko berria da eta eremu honetan legezko hutsune bat dago; horrela, Eusko Jaurlaritzari helarazi genion arazo hori, Eusko Legebiltzarrak gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015Legean adierazitakoa kontuan hartuta, irizpide homogeneo bat ezartzeko foru erakundeek familia ugarien inguruko Estatuko Legearen manu hori aplikatzeko. Izan ere, familia ugarien tituluak kudeatzeko eskumena foru aldundiek dute. Irizpide homogeneo hori ezarri da; horrela, familia ugariaren titulua urtero txandakatuko dute guraso bien artean, zaintza partekatua den kasuetan. Formula horrek kudeaketa-arazo ugari sorrarazi dizkie foru erakundeei eta, horregatik, herritar askok kexak aurkeztu dituzte Arartekoaren aurrean, arauketa horrekin, ez direlako zaintza partekatuaren aukera hautatu duten gurasoen legezko itxaropenak asetzen. Izan ere, zaintza partekatua aukeratzen duten gurasoek familiei laguntzeko neurri desberdinen onurak izaten jarraitu nahi dute zaintza partekatuaren araubidea indarrean dagoen bitartean.

 

Haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bosgarren xedapen iragankorra interpretatzeko orduan sortu da bigarren arazoa; izan ere, xedapen horrekFamilia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulu berriaren ondorioetako batzuen atzeraeraginezko luzapena aplikatu du, 2015eko urtarrilaren 1etik eta legea indarrean sartu arte, hau da, 2015eko uztailaren 17ra arte titulua galdu duten familia ugariei bermatzeko matrikulazio- eta azterketa-hobariak lortu ahal izateko hezkuntzaren alorrean, lege hori indarrean sartzen denetik familia ugarien izaera oraindik duten gainerako familiek bezalaxe. Izan ere, familia horiek titulua mantenduko dute (eta kasu horretan, titulu horren onura guztiak) 21 urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat edo ikasten duen 26 urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat, neba-arreba nagusiek izaera horretatik kanpo geratzeko legezko adina beteta duten arren.

 

Arazoa sortzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak 26/2015 Lege horren bosgarren xedapen gehigarriaren terminoen interpretazio murriztailea egiten duelako, matrikulazio eta azterketa onuren luzapen hori soilik 2015/2016 ikasturterako aplikatzen dela jo duelako. Hala, jo du kexagilearen bi seme-alaba txikiek ezingo dutela baliatu, ikasturte horretatik aurrera, familia ugariaren kide izaera, hezkuntzaren alorrean zenbait matrikulazio eta azterketa onura izate aldera. Erakunde honen ustez, exegesiaren xede den bosgarren xedapen gehigarriaren literaltasunetik eta izaeratik ezin da ondorio hori atera. Horregatik, txosten honen amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendutako gomendio bat jaso dugu. Hala, gomendio hori 2017. Urtea hasi ostean argitaratuko da eta gainerako foru aldundiei ere jakinaraziko zaie, baita Eusko Jaurlaritzari ere, xedapen horren aplikazio uniformea ezartzeko Euskal lurralde osoan. Gomendio horretan, egiaztatzen da ez dela egokia jotzea onura hori soilik ikasturte batean aplikatuko dela (2015/2016), Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen bezala. Izan ere, Legean ez da mugaketarik ezartzen zentzu horretan, ez esplizitua, ez inplizitua. Herritarren aldeko lege-arau baten interpretazio murriztaile bat da hori. Horrek, indar handiagoarekin, legegilearen nahian beren-beregi babesteko eskatuko luke eta interpretazio hori ezin da inolaz ere legezko xedapen horretan aurkitu. Hortaz, ondorioztatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako interpretazioa, kexagilearen familia onura horietatik baztertzen duena 2016/17 ikasturtetik aurrera, ez dela Zuzenbidera egokitzen etaHaurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak egindakoFamilia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen erreformaren izaera eta literaltasuna urratzen dituela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio kexagilearen bi seme-alaba txikiei aitortzeko, ikasturteekin lotutako mugarik gabe, familia ugarien inguruko legerian ezarritako hezkuntzaren arloko matrikulazio eta azterketa onurak, seme-alabek legeria horren aplikazio-eremutik kanpo geratzeko legezko adina bete arte.

 

Hirugarren gaia, berriz, hauxe da: Bizkaian, familia ugarientzako zerga-onurak kendu direla ondasun higiezinen gaineko zergan. Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioak (Hirukide) erakunde honi adierazi zion ez zegoela ados Bizkaian, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, familia ugarietako kideen aukerako hobaria kentzearekin Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren maiatzaren 18ko 4/2016 Foru Araua indarrean sartzearen ondorioz. Gai horren inguruan egin ditugun azterketa eta esku-hartzearen ondorioz, Arartekoak 2016ko azaroaren 2ko Ebazpena eman zuen. Horren bidez, Bizkaia Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailari iradokitzen dio seme-alabak euren kargu dituzten familien aldeko onura fiskalen aitorpenean aurrera egitea sustatzeko Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Horrez gain, ebazpen horretan, euskal herri-administrazio guztiei gogorarazten zaie Legean beren-beregi jasotako herritarren demandari erantzun nahikoak eskaini behar dizkiotela. Batetik, neurri desberdinek aplikatzen zaizkien familiengan izan dezaketen eragin ekonomikoa aztertu behar da eta, bestetik, familiei babes egokia eman behar zaie, bereziki familia ahulenei. Hori guztia lortzeko, zalantzarik gabe, ezinbestekoa da era askotako neurri publikoetan –baita zerga arlokoetan ere– neurrien eraginpean dauden familiak seme-alabarik ote duten kontuan izateko ohitura hartzea. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailari iradokitzen diogu hausnarketa-prozesu bat hasteko, lurralde historiko horretan bere kargu seme-alabak dituzten familiak babesten dituzten tresna eta neurri ekonomikoen indartzean aurrera egiteko eta sakontzeko, horien bizitza-proiektuak autonomiarekin garatu ditzaten laguntzeko, kostuak konpentsatzeko neurriak ezarriz. Horrez gain, iradokitzen zaio, aurrerago, erabakiak hartu aurretik, aktibatu nahi dituen neurri fiskalek bere kargu seme-alabak dituzten familiengan izan ditzaketen eragina aztertzeko, zerga-erreformak barne. Izan ere, espediente honetan zalantzan jartzen dena bezalako erreformek onura fiskalak kentzen dizkiete familia horiei. Bestalde, uste dugu aurrerapausoak egin beharko lituzkeela, oro har, familientzako zerga-onurak homogeneizatzeko, seme-alabak dituzten familiak Euskal Autonomia Erkidego osoan, beren bizitokia edozein dela ere, sistema berdintsu batez babesturik egon daitezen.

 

Guraso bakarreko familiek dituzten zailtasunak adierazten dituzten kexak jasotzen jarraitzen dugu; hala, zailtasunak dituzte haien familia estatusa onartua izateko eta seme-alabengatik dagozkien hobariak eskuratzeko, kontuan izanda familiako titular bakar bat seme-alaben arretaz eta hezkuntzaz arduratzeak dakarren zailtasun erantsiak. Adierazi egin den bezala, gure toki-administrazioetan familia horiek oso modu desberdinetan onartzen direla igarri dugu (bereziki udal-kiroldegien esparruan). Izan ere, kasu batzuetan guraso bakarreko familien berezitasuna erabat onartzen eta aintzat hartzen dute, baina beste batzuetan ez dute errealitate hori inola ere ezagutzen, eta horrek kalte nabaria eragiten die mota horretako familiei. Berri positibo gisa, adierazi beharra dago, txosten hau ixtear zegoenean, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirola Sailak erakunde honi jakinarazi diola tarifak berrikusteko prozesuan daudela (2017rako gauzatuko direnak). Hala, jarduketa hori bat dator 2014an egindako iradokizunarekin; izan ere, horren bidez, proposatu zitzaion udal kirol-instalazioetako hobaridun tarifak berrikusteko, hain zuzen ere, berrikuspen hori kide gutxiago dituzten guraso bakarreko familien sustapenaren ikuspegi integratzailetik egiteko proposatu zitzaion.

 

Familia homoparentalen egoera dela eta, 2016an kexaren bat jaso dugu gai honen gainean: lesbianen bikoteek zailtasunak topatzen dituzte seme edo alabaren ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna erregistratzeko orduan. Arrazoi horren harira, hainbat arazo juridiko sortzen dira, eta guztiek eragiten diote estatuan arlo honen inguruan dagoen legediaren ezarpenari, laguntza bidezko ugalketa-teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen ezarpenari batez ere. Ondorioz, zailtasunak agertzen dira bi emakumek osatutako familietan jaiotako haurrak erregistroan inskribatzeko orduan.

 

Legeak mugak ezartzen dizkigun arren –gure zeregin instituzionaletatik kanpo geratzen baita botere judiziala kontrolatzea, bai eta Gorte Orokorrek emandako legeak aldatzeko proposatzea ere–, Ararteko erakundeak, bere eskumenen neurrian, zenbait jardueraren bidez jorratu du dagoeneko kontu hori (Espainiako Herriaren Defendatzaileari txosten bat bidali diogu, baita ere 4/2010 Gomendio Orokorra).

 

Hala eta guztiz ere, ezin dugu alboratu egun indarrean dagoen araudiak –ama bien aldeko seme-alabatasuna onartzeko xedea duenak– egun ezartzen duen erregulazioa: hain zuzen, emakume horiek ezkonduta egon behar dute eta seme-alabek laguntza bidezko ugalketa-teknikak erabiltzearen ondorioz jaioak izan behar dute. Bi baldintza horiek biltzen ez badira, ama biologikoaren bikotekidearen aldeko seme-alabatasuna ezartzea adopzio-prozesuaren bidez baino ezin da egin, ezkontza zibilaren esparruan edo autonomia erkidegoak izatezko bikoteen inguruan duen legediari jarraiki. Prozedura hori, ordea, ez zaie bikote heterosexualei ezartzen, ezkonduta egon edo izatezko bikote izanda ere, automatikoki onartzen baitzaie seme-alabatasuna. Ildo honetan, aipatu behar dugu, estatuko legegilearen aukera denez, Arartekoaren erakundeak ez duela eskumenik estatutu juridiko hori, laguntza bidezko ugalketari buruzko legeak sortu duen hori, zalantzan jartzeko. Hala ere, jakin badakigu araudi horrek pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Beraz, diskriminazioa sor dezaketen desberdintasunak dira. Kontu horren gaineko kexak eta kontsultak jasotzen jarraitu dugu, eta eragindako herritarrentzat konpondu ez den gaia dela adierazten digu horrek. Arrazoi horiengatik guztiengatik, erakunde honek horren berri emango dio, berriro ere, Espainiako Herriaren Defendatzaileari, eta eskura dituen bitarteko guztiak jarriko ditu egungo egoera aldatzea ahalbidetuko duten aldaketak sustatzeko.

 

2016an, beste kontu batek ere bereganatu du gure arreta: Gizarte Segurantzako inprimaki jakin batzuk ez daude egokituta familia homoparentalen errealitatera. Berriz ere Estatuko administrazio bati eragiten dion kontua dela aintzat hartuta, Espainiako Herriaren Defendatzaileari bidali diogu, erakunde horrek izapidetu dezan. Bada, gero jakinarazi digu, bere esku-hartzearen ostean, seme edo alaba jaiotzeagatiko prestazioen eskabideetako zenbait alderdi aldatu direla; zehazki,A gurasoa eta B gurasoa jarri da, aitaren eta amaren ordez.Aitzitik, inprimakietan bertan jasotako beste erreferentzia batzuk ez dira aldatu; hala nola, amatasunagatiko prestazioei eta aitatasunagatiko prestazioei egiten zaien aipamena; izan ere, eta Herriaren Defendatzaileak adierazitakoaren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta horren garapen-araudian ezartzen dena kopiatuz jaso behar da aipatu izendapena, eta ez aipatu legea, ez horren araudia, ez daude alderdi horretan aldatuta.

 

 

2.4.3. Banantze- eta dibortzio-prozesuetan haur eta nerabeei eman behar zaien arreta berezia

 

Oso kezkatuta ikusten dugu, oraindik ere, jasotzen zenbait kexatan (gai eta eremu desberdinetakoak) bikote gatazkatsuen hausturak eragindako komunikazio-arazo larriak islatzen eta adierazten direla, eta horiek seme-alabengan larriki eragiten dutela. Hortaz, hainbat kexa aztertu ditugu, honako hauekin zerikusia dituztenak: administrazio-kudeaketak egiteko zailtasunak; familia-elkarguneen funtzionamenduari eta bertako profesionalen erabakiei buruzko salaketak; profesional horiek eta epaitegietako lantalde psikosozialek egindako txostenak, e.a. Ondorioz, alde biei eskatu nahi diegu, beste behin, arduraz joka dezatela eta, adingabeen interesa zaintzearren, komunikazioa lortzeko ahaleginak egin ditzaten, desadostasunik egonez gero epaiaren erabakia alde batera utzi gabe.

 

Bai Arartekoaren 2016ko maiatzaren 12ko Ebazpena ematean, bai deribazio judizialaren ondorioz familien elkarguneetara egin diren ikuskatze-bisitetan, erakunde honek bere jardueraren gidaritzat hartu ditu inguru gatazkatsu horiek, baita ere neska edo mutil bakoitzak, erabakiak hartzeko orduan, bere eskubideak lehentasunezko gaitzat jo daitezen duen eskubidea babestea.

Creative Commons lizentziako
Lan hau Creative Commons-en Attribution 3.0 Unported lizentziapean dago.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)