3.Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional edota baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:
• Euskadiko Eskola Kontseilua.
• Etxebizitza Sailburuordetza eta Lanbide (egoera ekonomiko prekarioa eta adingabeak kargura dituzten familiei eragiten dieten egoerak).
• Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Gizarte Garapeneko zuzendaria.
• Berdindu zerbitzua.
• Biltzen zerbitzua.
• Arabako Gizarte Zerbitzuen diputatua eta diputatu nagusia.
• Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Gazteria zuzendaria.
• Hiru foru aldundietako Gizarte Ekintza / Gizarte Politika / Gizarte Zerbitzuen sailetako haurren zerbitzuetako arduradunak (horietaz gain, hainbat zerbitzu, programa eta baliabidetako arduradunak).
• Emakunde. Erakundeen arteko talde teknikoa.
• EAEko Fiskal Nagusia, Gipuzkoako atzerritartasuneko fiskala eta fiskalburua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adingabeen arloko fiskalak.
• Bilboko, Gasteizko, Galdakaoko eta Lasarte-Oriako udalak.
Bilera horien testuinguruan, edo, hain zuzen ere, bilera horien ondorioz, Arartekoaren erakundeak politika publikoak eragin dituzten planak, protokoloak edota estrategiak bertatik bertara jakin ditu, eta zenbait egoera kezkagarri erakunde eskudunei jakinarazi dizkie, artatu beharreko beharrizan gisa formulatuta, edo esku-hartzean eskubideak bermatzea zehazte aldera.
Herritarren eskubideak politika publikoetan hobeto babestu eta zaintzeko lankidetza ildo horretan, Haurren eta Nerabeen Bulegoa Eskola Elkarbizitzarako Behatokiko batzarraren parte da, aurten 2016an deialdirik egin ez bazaio ere. Genero indarkeriaren eraginpean egon diren haurrei buruzko Emakundeko erakundeen arteko talde teknikoak gidatutako lan prozesuan parte hartzen jarraitu du.
Ohi bezala, herrien beste defendatzaile batzuetako haur eta nerabeen arloekin harreman bikaina daukagu; informazioa, irizpideak eta iritzia trukatzea maiz gertatzen da. Aurten bereziki interesgarria izan da urtero Haurtzaroko Elkarteen Plataformak antolatzen duen Defendatzaileen Topaketan parte hartzea, Espainiar estatuan haurren eta nerabeen eskubideen egoerari buruzko balorazioak partekatzea eta horri buruz hitz egitea ekarri baitu, erakunde honek Haurren Eskubideen Batzordera igortzen duen txosten osagarriaren ekarpen gisa, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren jarraipen lan gisa.