2.2.Hezkuntzarako eskubidea
28. artikulua
1. Estatu kideek haurrak hezkuntzarako duen eskubidea onartzen dute (…).
29. artikulua
1. Estatu kideek haurraren hezkuntza honetarako bideratu behar delakoan daude:
a) Haurraren nortasuna, gaitasunak eta ahalmen fisiko eta mentala ahal den guztia garatzeko;
b) Giza-eskubideei eta oinarrizko askatasunei eta Nazio Batuetako Agirian azaltzen diren printzipioei buruzko errespetua irakasteko haurrari;
c) Bere gurasoenganako, bere kultura-nortasunarenganako, bere hizkuntza eta baloreenganako, bizi den estatuko baloreenganako, jatorrizkoa duen estatuko baloreenganako eta bere zibilizazioa ez diren zibilizazioarenganako errespetua irakasteko haurrari;
d) Haurra, gizarte aske batean, elkar ulertzeko izpirituarekin, bakearekin, tolerantziarekin, sexuen berdintasunarekin, eta herri, talde etniko, nazional, erlijioso eta indigena jatorria duten guztiekin adiskidetasunez eta zentzuz bizitzen prestatzeko;
e) Haurrari ingurugiro naturalarekiko errespetua irakasteko.
2.2.1. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Azken urteetan, hezkuntza arloan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) lortu duen erabateko gaitzespena gailendu da; dirudienez, gaitzespen hori bukarazi nahi da.
Estatu mailan, Diputatuen Kongresuko Hezkuntza Batzordean 2016ko abenduaren 1ean hartutako erabakiak azpibatzorde bat sortzea xedatu du, Hezkuntzarako Estatu mailako Itun Sozial eta Politiko handia prestatzeko. Horren adibide edo froga gisa, berriki abenduaren 9ko 5/2016 Lege Errege Dekretua argitaratu da, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren ezarpen egutegia luzatzeko premiazko neurriei buruzkoa; neurri horien artean jaso da, besteak beste, orain arte horren polemikoak izan diren ebaluazioak ezartzeko epea luzatzea.
Bestalde, EAE mailan, izendatu berri den gobernua hezkuntza bereziki aintzat hartzen duen gobernu akordio baten emaitza da. Akordio horretan, aukera berdintasuna sustatzeko eta elkarbizitza demokratiko, solidario eta arduratsua eraikitzeko hezkuntza ezinbesteko elementutzat jo da. Akordio horretan jasotako konpromisoen artean hezkuntza eragile guztien artean hezkuntza arloko itun bat lortzea ere ageri da; Hezkuntzako Euskal Lege berria eratzea izango da prozesu horren amaieran. Erakunde honen iritziz, itun horretan “Heziberri 2020” Planaren inguruan azken urteetan garatu diren proiektuen jarraitutasuna aztertu beharko litzateke, eta horien testuinguruan entzun diren iritzi kritikoak ere aintzat hartu beharko lirateke.
Hain zuzen ere,proiektuetako bat aurten eman da ezagutzera, EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana. Aurkezpenean jaso denez, EAEko hezkuntza sistemak eta beste hezkuntza sistema batzuetan frogatutako esperientziek posible egiten dute hezkuntza bikaintasunerantz jotzeko lan ildo eraginkorrenei buruzko datu eta ondorioak izatea, betiere berdintasuna galdu gabe.
Hala ere, duela gutxi PISA 2015 txostenaren ebaluazioen emaitzak jakin dira. Emaitzek agerian utzi dute euskal ikasleek atzera egin dutela azterketako hiru ataletan (zientziak, irakurmena eta matematikak). Oso kezkagarria izan behar da, hezkuntza arloko hainbat ahots nabarmenek ohartarazi duten moduan; Arartekoak bat egin nahi du aipatutako ahots horiekin. Erakunde gisa, sailburuak Euskadiko Eskola Kontseiluari eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari eskatu dien azterketako datuak lehenbailehen jakitea espero da, proban lortutako puntuazioaren beherakada azaltzeko arrazoiak aztertu eta egoera bideratzeko proposamenak egin ahal izateko.
Beste analisi-puntu bat Save the Childrenek bere azterlan honetan erabilitakoa da: “Necesita mejorar. Por un sistema educativo que no deje a nadie atrás”. Erakunde horrek nabarmendu du neska edo mutil bat eskola-porrota izateko arriskuan jartzen duten arrazoiak bat baino gehiago direla, eta konplexuak, baina oraindik ere arrazoi sozioekonomikoak eta bazterketarekin lotutakoak direla nagusi: ikaslerik txiroenak atzean geratzeko probabilitatea gainontzekoena baino hiru aldiz handiagoa da. Horregatik, bere txostenean bederatzi printzipio identifikatu ditu, gomendioekin batera, maila desberdinetan ekintza politikoak gauzatzeko. Ekintza horiek burutu beharko lirateke, baldin eta sistema ekitatibo bat lortu nahi bada, non jatorrizko desberdintasunek ez duten eraginik izango neska-mutilen emaitzetan.
Atal honetako azken gaitzat, Arartekoak nahitaez hauxe aipatu behar du: berriki, 2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana aurkeztu da, eta ikasleak onartzeari lotuta erakunde honek xedatu dituen hainbat proposamen jaso dira bertan. Plan horrek aldizka berrikusi eta jarraipena egiteko konpromisoa jaso du; gure iritziz, arreta berezia eskaini behar zaio horri, nahikoa ez dela aldarrikatu duten iritzi kritikoak bideratzeko baliagarria izan daitekeen neurrian.
2.2.2. Kexatzeko arrazoiak
2016an kexa egiteko arrazoiak ez dira aurreko urteetakoen oso bestelakoak. Errazago irakurtzeko, multzo hauetan bildu dira: ikasleak onartzea, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, lanbide heziketa, eskola jantokia, bekak eta bizikidetza.
2.2.2.a) Ikasleak onartzea
Aurreko urteetako txostenetan adierazi zenez, Arartekoak konponbidea aurkitu nahi zion urtero errepikatzen den egoera bati: erroldako datuen gehiegizko edo iruzurrezko erabilera, familiaren bizilekua gertu egoteari buruzko irizpidea ezartzean datu horiei ematen zaien puntuazioa kontuan hartuta. Hortaz, ofiziozko espediente bat hasi zuen 2015ean arrazoi horregatik, eta, nolanahi ere, ohiko lankidetza-harremana izan zuen Hezkuntza Sailarekin, hezkuntza-sistemarako hobekuntzak bilatzen. 2016an, lehenbizikoz, aldaketak egin dira ikasleak onartzeko prozesuan, erroldako datuei gehiegizko garrantzia ez emateko, bereziki Gasteiz hiriaren kasuan ondorio nabarmenak eragin baititu. Hezkuntza administrazioak berak emandako informazioaren arabera, guztira bi urteko 270 ikasleren kasuak eta hiru urteko 80 ikasleren kasuak berrikusi dira; azkenean, guztira 70 kasutan iruzurra izan dela baieztatu da. Arartekoak kasu honetan hezkuntza arloko arduradunek izan duten inplikazio berezia nabarmendu besterik ezin du egin; bidenabar, bide beretik jarraitzeko animatu nahi ditu.
Gai horri dagokio, hain zuzen, txosten orokorreko II.2 kapituluan nabarmendu dugun kexetako bat. Beraz, hemen jaso dugu.
2016-2017 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesuan hezkuntza arduradunek lehen aldiz ohartarazpen bat baliatu dute; ohartarazpen horren arabera, aldez aurretik salaketa bat eta ondoren erakunde eskumendunak emandako ziurtagiri ofiziala izanik, errolda ziurtagiria faltsua dela frogatzen bada (dela dokumentua faltsua delako, dela bertan jasotako datuak aldatu egin direlako), orduan hezkuntza administrazioak, eskatzaileari entzunaldia eskaini ondoren, baremoko atal horretako puntuak murriztu ditzake. Erakunde honetan aurkeztu diren hainbat kexaren arrazoia, hain justu ere, horixe izan da.
Arartekoak ulertu duenez, errolda datuak gehiegi erabiltzeari dagokionez azken urteetan askotan plazaratutako gomendioak onartu badira ere, horrek ez du eragotzi aurreikuspen horiek aplikatuz hartutako neurriak berrikusteari ekitea, eta halaxe egin dugu, eta hainbat erabaki desberdinekin ebazpenak eman ditugu.
Kasuetako batean, adibidez, kexa aurkeztu zuen familiak eskaerak aurkezteko epea ireki zenean (ikasleak onartzeko prozesua abiatuz) errolda agiri bat baino ez zuen aurkeztu, eta bertan interesduna alabetako batekin etxebizitza batean erroldatuta zegoela ageri zen; ondoren jakinarazi zutenez, gertuko senide batekin sinatutako logela bat alokatzeko kontratu bati esker zeuden etxebizitza hartan. Etxebizitza hura oso gertu zegoen lehen aukera gisa eskatutako ikastetxetik, eta horri esker gehienezko puntuazioa eman zitzaien familiaren etxebizitzaren gertutasunaren baremoari buruzko atalean. Orduan, familia unitateko gainerako kideen bizilekuari buruzko balizko erreferentziarik ez zuten egin, eta soilik ondoren jakin zen, Gasteizko Udalaren kolaborazioari esker, familiaren bizilekua egiaztatze aldera salatutako kasuetan ziurtagiriak aztertu eta egiaztatzeko Onarpena Bermatzeko Lurralde Batzordeak hartutako erabakiaren ondoren.
Udaletik emandako informazioak frogatu zuen familiaren lehenengo etxebizitza saldu ondoren, aita eta familiaren beste bi alabak beste etxebizitza batean erroldatuta egon zirela, eta ikasleak onartzeko prozesuan parte hartu zuen alaba ere, onarpen prozesuan amaitu eta gero, bigarren etxebizitza horretan inskribatu zela.
Horrenbestez, erakunde honek ulertu zuenez, informazio berri horrek aurkeztutako ziurtagiriari printzipioz zor zaion ohiko egoitza eta bizilekuaren presuntzioa modu arrazoituan zalantzan jartzeko bide ematen zuen; bidenabar, hezkuntza arduradunek hartutako erabakia 2016-2017 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesua kudeatze aldera onartutako jarraibideetan jasotako ikuskatze eta fiskalizazio ahalmenak baliatzearen ondorio izan zela uste dugu.
Aztertutako beste kasu batzuetan, ostera, ez da horrelakorik gertatu. Adibide gisa ikus daiteke Arartekoaren 2016ko urriaren 3ko Ebazpena, horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatzen zaio 2016-2017 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesuan egindako eskaerari emandako tratamendua berrikus dezala, zehazki: etxebizitza eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik hasiera batean esleitu zitzaizkion puntuak kentzeko erabakia; azkenean, Hezkuntza Saileko arduradunek onartu egin dute.
Hezkuntza administrazioa onarpen prozesu horietan aplikatzen diren irizpideak berraztertu beharraz ere jabetu da, gurasoetako bat zentroko ikasle ohia izatearen gaineko irizpidea zalantzan jartzen zuten kexa puntualen espedienteak izapidetzearen ondorioz. Horixe gertatzen da Lasarte-Oriako guraso elkarte batek egindako kexan (jarraian azalduko dugu).
2014ko apirilean,Burunzpe Guraso Elkarteko arduradunek elkarte honetara jo zuten, eta Lasarte-Orian kokatutako haur eta lehen hezkuntzako bi ikastetxe publikoen artean ikasle etorkinen banaketari dagokionez desoreka zegoelako kexa bat aurkeztu zuten.
Udalerri horretan haur eta lehen mailako hezkuntza eskaintza Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko bi ikastetxe publikoetan dago: P. Garaikoetxea-Landaberri HLHI eta Sasoeta-Zumaburu HLHI zentroetan, alegia.Burunzpe elkarteko kideen seme-alabak azken zentro horretako ikasleak dira, eta ikasle etorkinen indize edo proportzio handiagoa dago ikastetxe horretan; aipatutako guraso elkartearen kideen aburuz, egoera horrek zenbait ondorio kaltegarri dakartza bai hezkuntzari dagokionez, bai gizarteari dagokionez.
Kexa aurkezterakoan, elkarteko ordezkariek erakunde honi adierazi zioten bere ikuspuntuaren arabera desoreka eragiten ari zen faktoreetako bat ikasleak onartzeko Garaikoetxea-Landaberri HLHI zentroa erabiltzen ari zen baremazio irizpideetako bat zen, hain zuzen ere, seme-alabak ikastetxe horretan eskolatu nahi zituzten familietako gurasoak zentro horretako ikasle ohi izatea.Burunzpe elkartearen arabera, P. Garaikoetxea-Landaberri HLHI ikastetxeak irizpide hori aplikatzeak ondorio baztertzaileak eragiten ditu. Nolanahi ere, ordezkariek planteatzen dutenez, beste era bateko neurriak ere hartu behar dira, tartean eskola mapa orekatzea, ikastetxeei beharrezko baliabideak ematea, ratioak gainditzeko aukera modu orekatuan erabiltzeko ahalegina egitea edota ikastetxeak bateratzeko prozesua aztertzea.
Arartekoak kexa hau izapidetzen bukatu du 2016ko otsailaren 25eko Ebazpena emanez, bertan esku hartzeak iraun zuen hilabeteetan zehar egindako kudeaketa guztiak azaldu dira, eta testu horren irakurketara jotzen dugu. Hala ere, ebazpen horretan jasotako ondorioetako batzuk jarraian azaltzea komenigarritzat jo dugu.
Erakunde honen iritziz, gurasoak ikasle ohiak izatea irizpide gisa erabil daiteke ikasleak onartzeko prozesuetan, ez dago horretarako eragozpenik, betiere zentroen ordezkaritza organo gorenek hala adosten badute eta hezkuntza administrazioa eskolako giro ona bermatze aldera faktore garrantzitsuena“familiak zentroko parte direla sentitzea“ dioen Erkidegoko Ikastetxeen Kontseiluko Parte hartze Batzordearen argudioarekin bat baldin badator.
Hala ere, gure ikuspuntuaren arabera, ikasle etorkinak Lasarte-Oriako haur eta lehen hezkuntzako bi ikastetxe publikoen artean modu orekatuan banatzea lortzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren helburu ukaezinetako bat izan beharko litzateke.
Onartu behar da Sailak dagoeneko zenbait plangintza neurri hartu dituela; neurriok eraginkorrak izatea espero dugu, eta une honetan existitzen den desoreka epe ertainean konpontzeko lagungarriak izatea. Hain zuzen ere, Sailak bigarren hezkuntzako ikastetxeak gradualki fusionatzea erabaki du; horrek, zalantza izpirik gabe, haur eta lehen hezkuntza mailako eskolatze eskaera aldatzea ekarriko du.
Baina, nolanahi ere, eta Sailak ikasleak ikastetxe horien artean modu desorekatuan banatuta daudela onartzen duen bitartean, ezin dio uko egin martxoaren 4ko 35/2008Dekretuan berariaz adierazitako balizko ekimenak egoki erabiltzeari. Hain zuzen ere, berariazko laguntza behar duten ikasleentzako plazak gorde (14. artikulua) eta ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua gehienez %10 areagotzeari (20.artikulua) buruz ari gara.
Azken horri dagokionez, garrantzitsua da, halaber, Sailak aukera hori gaizki ez erabiltzea, eta benetan dagokion helburuetarako erabiltzea, hau da, berandu iritsitako ikasleak hartzeko. Horren haritik, askok ohartarazi dute igoera hori baliatzeko aukera modu desegokian baimentzen ari dela ohiko matrikula dela eta (“ratio gaineko” matrikulazioa); horrenbestez, geroago, ez da bideragarria izango berandu iritsitako ikasle gehiago hartzea.
Horri guztiari, jakina denez, gainerako jarduera eta helburu estrategikoak ongi betetzea ere gehitu behar zaio; orain arte Ikasle etorkinentzako hezkuntza arretarako programa, eskola eredu inklusibo eta kulturartekoaren barruan (2012-2015) dokumentuan jasotakoei jarraipena emango zaie
Bukatu baino lehen, kontuan izan behar da askotan, ikasleak onartzeko irizpideak zalantzan jartzen direnean edo irizpide horietakoren bat gehiegi erabiltzen ari dela salatzen denean, horren atzean benetan dauden auziak askoz sakonagoak direla. Hala gertatu da, adibidez, ikasle etorkinen banaketaren auzian; aurten gai horrek kezka nabarmena eragin du Gasteizen, eta hiriko zenbait ikastetxetan sortzen ari ziren ghettoen egoera bideratzeko irizpideak finkatze aldera erakundeen arteko mahai bat sortu da. Gauza bera gertatzen da hezkuntza programazio edo plangintzako zenbait erabaki zalantzan jartzen direnean. Besteak beste, Miribilla (Bilbo) bezalako hezkuntza eremuei edo Eibar bezalako udalerriari dagozkionak aipatu behar dira.
2.2.2.b) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak
Era berean, Hezkuntza Saileko arduradunen lankidetzari esker, oro har azkar erantzun ahal izan zaie hezkuntza-premia bereziak dituzten neska-mutil eta nerabeen familiek egindako kexei. Oro har, adibide gisa Euskadiko Dislexia Elkartearen (DISLEBI) izenean aurkeztutakoa aipa daiteke; Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak ondo hartu zuen. Kexa horretan, kexagileak kezkatuta agertu ziren hezkuntza administrazioak ez zuelako erantzunik eman dislexia daukaten ikasleen hezkuntza beharrizanei erantzun hobea emateko balizko ekarpen gisa planteatutako hainbat ekimenen aurrean, Euskadiko Logopeden Elkargoaren parte hartzearekin prestatutako “Eficacia de las intervenciones para el tratamiento de la dislexia: una revisión” txostena egin ondoren, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei arreta emateko mahai teknikoan.
Jarrera berezi horri esker, Gasteizko Gorbeialde HBI zentrora doazen ikasleen eskolatze baldintzen inguruan jasotako kexak laster bideratu ahal izatea espero dugu; EAEko hezkuntza bereziko zentro publiko bakarra da Gorbeialde HBI, eta erakunde honek ez du baztertu ofiziozko jarduketa hastea, ikasle horien osasun beharrizanei ematen zaien erantzuna aztertzeko, horren ondorioz Legebiltzarrean legez besteko proposamena onartu baita.
Azkenik, atal honetan aipatu behar ditugu Diseinuko Goi mailako Arte Irakaskuntzara sarbidea izateko probetan egin diren aldaketak, ezgaitasuna duten ikasleei dagokienez. Aurreko konpromiso bat betez, aurtengo (2016. urtea) proba antolatu, garatu eta ebaluatzeko emandako jarraibideetan eskainitako plazen %5 erreserbatu da %33 edo gehiagoko ezgaitasun maila aitortuta daukaten ikasleentzat.
2.2.2.c) Lanbide heziketa
Ez da emaitza bera lortu, ordea, ezgaitasunen bat duten ikasleek erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetara sarbidea izate aldera erakunde honek egindako iradokizunari dagokionez: zabal dezatela aurreko eskolatze fasean erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntza eta baliabideak behar izan dituzten ikasleei ezarritako erreserba. Erakunde honen iritziz, hezkuntza arduradunak ez dira bat etorri proposatu zitzaien iradokizunarekin. Horregatik, gure asmoa gai hau errepikatzea da.
Lanbide heziketako ikasketekin jarraituz, aurkeztutako kexek agerian utzi dute horrelako ikasketak egiteko nahia gero eta handiagoa dela, eta ez zaio beti erantzuna ematen, lehentasun eta preferentzia agindu batzuk aplikatzen direlako; ikasturte honetan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) sartutako zenbait aldaketek eragina izan dute, erdi mailako lanbide heziketako zikloetara sarbidea izateko baldintzei dagokienez. Hala ere, Arartekoaren aburuz, horrek ez du esan nahi eskaera handiena daukaten irakaskuntza zikloen eskaintza areagotzeko aukera baztertu behar denik.
Oraindik ez da behar bezala konpondu zer erantzun emango zaien neska-mutil jakin batzuen prestakuntza-beharrei, 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri ondoren eta 2014-2015 ikasturteko hasierako lanbide prestakuntzako programak eta prestakuntza iragankor bateratua emateko programak kendu ondoren.
Beste hainbatetan esan dugun bezala, Euskadin Oinarrizko Lanbide Heziketa arautzen duen dekretuak aukera ematen du, berariazko deialdi baten bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzeko, 17 urtetik gorako pertsonentzat, bigarren mailako ikasketa egiaztaturik ez badute. Ildo beretik doa bigarren xedapen gehigarria, izan ere, hezkuntza-premia bereziak dituzten taldeentzat egokitutako lanbide prestakuntzako eskaintzak ezarri eta antolatzeko aukera ematen du. 2015eko bukaera aldera, adierazi ziguten 17 urtetik gorakoentzat ikastaro/modulu batzuk abiarazteko asmoa zegoela, I. mailako lanbide ziurtagiria lortzeko, Lanbidek finantzatuta eta Osabidezko Hezkuntzako partzuergoek emanda. Hala ere, erakunde honek dakienez, ez dira inolaz ere gauzatu dekretu horretan ezarritako aukerak.
Orobat, enplegurako prestakuntzako azpisisteman ere ez zaie behar bezala erantzuten ari gazte talde horren lanbide-prestakuntzako beharrei. Gazte horiek denak “egoera txarrean daude gizartean”.
2.2.2.d) Eskola-jantokiak
Zerbitzu osagarriei dagokienez, eskola jantokiarena bezala, Sailak, berriz ere, zentzuzko jarrera agertu du gaixotasun bat zeukan adingabe baten kasuan; gaixotasunaren ondorioz elikadura mota zehatz bat jarraitu behar zuen aipatutako ikasleak, eta elikadura mota horrek jantokia erabiltzea baldintzatzen zuen. Azkenik, arazoa konpondu ahal izan zen ikaslearen beharrizanetara egokitutako menu berezia prestatzeko zenbait teknika eman zirenean, baita sukaldeko langileei elikadura segurtasunaren gaineko prestakuntza eman eta gero.
2.2.2.e) Bekak eta bestelako ikasteko diru-laguntzak
Beka eta bestelako laguntzen atalean, kexarako arrazoiak aurreko urteetan agertutakoen berdinak dira: eskaerak ebazterakoan administrazioaren jarduna atzeratzea, onartutako zenbatekoak ordaintzean atzeratzea, etab. Nabarmendu beharrekoa da, hala ere, prozeduretan Arartekoaren jarduna gero eta lehenago eskatzeko joera dagoela; horren ondorioz, erakunde honen balizko esku hartzea atzeratu behar izaten da, administrazio espedienteen izapidetzea aurreratuago dagoen arte.
2.2.2.f) Eskolako bizikidetza
Aurten ere balizko eskola-jazarpenaz jaso ditugun kexak aipatu behar ditugu. Horietan, gero eta sarriago agertzen dira internet eta teknologia berriak. Gai horrek hedabideen arreta izan du 2016an barrena, eta, horren ondorioz, ez da beti lasai eta egoki jorratu. Aitzitik, azpimarratzekoak dira ganorazko zenbait ekimen, adibidez, Save the Childrenena, bere azterlan eta kanpaina honekin: “Ni horretan ez naiz ibiliko”. Kanpaina horretan, berdinen arteko jazarpenak biktimentzat dakartzan ondorio garrantzitsuak abiapuntu hartuta, bi gauza saihestea proposatzen du: bata, gauzak puztea, eta, bestea, berdinen arteko tratu txarrak ukatzea. Bestalde, onartzen du eskola ez dela indarkeria horren sortzailea, ezta ere hori gauzatzen den toki bakarra, baizik eta konponbidearen zati bat. Izan ere, bere proposamen eta gomendioetan islatzen denez, hezkuntza eta hezkuntza-ingurua funtsezkoak dira indarkeria mota horri aurre egiteko.
Iaz, urteko txostenaren idazketari esker, ohartarazi genuen hezkuntza arloko Ikuskaritzaren esku hartzeak, arlo honetan eta kasu askotan, garrantzi handia duela, familiekin harremana izatearen ikuspuntutik, familiek behar bezala artatu dituztela senti dezaten eta hezkuntza administrazioan konfiantza izan dezaten. Kexen aukeraketan, jarrera zuzentzeko prozedurari lotuta aurten izapidetutako kasuetako bat aipatu nahi dugu. Honako gomendio hauek ere bereziki nabarmendu nahi ditugu: hezkuntza administrazioak formalki onartu dituen arren, kasuetako bat behin betiko ebaztea gaur egun oraindik ere gehiegi luzatzen ari da: Arartekoaren 2016ko otsailaren 26ko Ebazpena. Haren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatzen zaio, beren-beregi eta modu arrazoituan ebatz dezan elkarbizitzari larriki eragiten dion jokabide bategatiko neurri zuzentzailea aplikatzeko jarraitutako prozeduraren baliogabetasuna adierazteko egindako eskaeraren ingurua eta Arartekoaren 2016ko otsailaren 24ko Ebazpena, honen bidez gomendatzen zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ebazpen berariazkoa eta arrazoitua emateko kexa sustatu duen interesdunak Hezkuntza Ikuskaritzara bideratutako idatziari.
Honatx txosten orokorreko hezkuntza arloan nabarmendu dugun beste kexa bat, bizikidetzari buruzkoa:
Batxilergoko lehen mailako ikasle baten amak kexan azaldu zuenez, idatzi bat igorri zioten semearen jokabidea zuzentzeko ohiko prozedura abiarazi zutela eta hogei egunez eskolara joateko eskubidea bertan behera uzteko behin-behineko neurria ezarri ziotela jakinarazteko.
Kexa izapidetzen hasi ondoren, interesdunak uko egin edo bertan behera uzten zuela ez zuen onartu hezkuntza arloko administrazioak, eta, horrenbestez, erakunde honen esku hartzeko tartea bereziki estutu da. Nolanahi ere, gogoan izanik hezkuntza ikuskaritzak ikastetxeen erreferente izatea lortu nahi duela eta, aldi berean, ikasleen eta hezkuntza komunitate osoaren eskubideak bermatzeko elementu erabakigarria izatea lortu nahi duela, erakunde honen aburuz konpromiso horiek benetan gauzatuz gero ikuskaritzak bere baloraziopean jarritako kasu guztien balorazio kritikoa egin beharko luke, nahitaez. Horregatik, hasitako esku hartzea bukatu aurretik kexa aztertzerakoan sortutako hausnarketetako batzuk hezkuntza arloko arduradunei igorri nahi genizkien, erabateko kautelaz, betiere.
Horretarako, eta sarrera gisa, ikasleek betebehar eta eskubideei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuak bete nahi zuen helburua aipatzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Zioen azalpenean azaltzen denaren arabera, Euskal Eskola Publikoaren Legeak eskatzen duen moduan ikasleek arbitrariotasunik gabeko diziplina trataera izatea bermatzeko helburuari eutsi zion, beharrezko prozedura bermeekin eta legezkotasunaren, tipikotasunaren eta aldebiko entzunaldiaren printzipioekiko errespetu osoarekin; horrez gain, elkarbizitzarako eskumenak eskuratze aldera jokabidea zuzentzeko prozesua funtsezko tresna izatea lortu nahi zen, eskola curriculumaren oinarrizko eskumenen artean jasoz, betiere hezkuntza ikuspuntua izanik. Horrela, jokabidea zuzentzeko hezkuntza prozesua zigor edo administrazio izaeradun zehapen prozedura bihurtzea ekidin nahi zen, ikaslearen eta ikastetxearen artean gatazka juridiko izatea bihur zitekeena, eta, batez ere, edozein hezkuntza neurrik hezkuntza balioa mantentzea lortu nahi zen.
Jarraian, eta dekretu honetako agindu batzuen gaineko erreferentziak zehatzago jasoz, kexa aurkeztu zuen emakumeak planteatutako zenbait alegazio nabarmendu nahi ditugu, besteak beste, jokabidea zuzentzeko bide alternatiboei buruzkoa eta ezarritako kautelazko neurriaren eta neurri zuzentzailearen balizko gehiegizkotasunari buruzkoa.