1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
2012an, alde batek eskatuta bideratu diren kexen artean (hau da, erakundeak bere kabuz irekitako ofiziozko espedienteak eta Arartekoaren jarduera orokorra osatzen duten gainontzeko jarduerak kanpoan utzita), haurren eta nerabeen presentzia edo inplikazioa argi eta garbi aipatzen zuten 300 kexa-espediente izan dira guztira, alegia, Arartekoari azaldutako kexa guztietatik ia %10,2. Komeni da azpimarratzea zenbaketa horretan bi kasu hartu direla kontuan:
a. Nerabeek eta gazteek zuzenean egindako kexak.
b. Adin txikikoen ordezkariek egindako kexak. Oso ehuneko handian, pertsona hori adingabearen aita edo ama izan ohi da, baina batzuetan senideak eta hezitzaileak ere bai.
Ez dira zenbatu, baina aintzat hartu beharko lirateke gizarte bazterketaren kontra borrokatzeko tresnekin zerikusia duten eta zenbait familiak egin dituzten 1.010 kexak; izan ere, portzentaje handian, familia horietan adin txikikoak daude. Hainbat ikerketatan, baliabide ekonomikorik eta ondasun materialak eskuratzerik ez izatea zenbait eskubide (hezkuntzarakoa eta osasunerakoa, besteak beste) berdintasunean baliatzeko zailtasunekin lotzen dira. Horrez gain, pobrezia eta gizarte bazterkeria testuinguruek familian eta haurren ongizatean eragina daukate, hala nola, familia eta gizarte harremanetan, tratu txarren, indarkeriaren eta eskola uztearen aurrean zaurkorrago bihurtuz. Errealitate konplexu horri txosten honetako kapitulu berezi bat eskainiko diogu. Bertan, ekonomiako eta laneko krisia euskal haurren bizitzan izaten ari den eragina argi lezaketen adierazle nagusietara hurbilduko gara.
Kexa aurkezten duen pertsonari dagokionez, hauxe baiezta dezakegu: 2012an, kexetatik %20 adin txikikoek berek egin dituzte, eta ia kasu guztietan, horiek legezko adin nagusitasunaren mugan zeuden. Adin txikiko horietatik %80k emantzipazio prozesuari lotutako arazoak aipatu dituzte, eta gainontzekoek, berriz, goi mailako lanbide-heziketan sartzeko sortu diren zailtasunak. Kexen gainontzeko %80 helduek egin dituzte eta eragindako adingabeak tartean zeuden egoerak azaldu dizkigute. Kexa horietatik 26tan, edo %10,9tan, zenbait haur edo neraberi, hau da, adingabeen talde zehatz bati dagozkien egoerak azaldu dizkigute eta elkarte bat, erakunde kolektibo bat edo eragindako pertsona-multzoaren ordezkari gisa diharduen norbanako bat dute titulartzat.
(1. grafikoa)
Kexen banaketa, adingabearekiko harremanaren arabera
Iturria: guk geuk egina
Gaikako esparruen araberako espedienteen sailkapena (horren azterketa xehatua txosten honetako 2.2. ataleko muin nagusia osatzen du), ondorengo grafikoan islatutakoa da:
(2. grafikoa)
Kexen banaketa, arlo tematikoaren arabera
Iturria: guk geuk egina
Jaso ditugun 300 kexen artean eta txosten hau idatzi zen unean eskura genuen informazioari jarraiki, 29 gaitzetsi egin dira eta gainontzekoak itxita (bakoitza bere emaitzarekin) edo izapidetzearen fase jakin batean daude.
(3. grafikoa)
Baztertutako eta tramiterako onartutako kexen ehunekoa
Iturria: guk geuk egina
Kexak ez onartzeko hiru arrazoi nagusiak (kexetatik %76 biltzen baitituzte) hauek dira: argi eta garbi legez kontrako ezer ez egotea (%48,28), epailearen erabakiaren zain egotea (%13,79), aurretiaz erreklamaziorik ez egin izana edo erantzuna jasotzeko legezko epeak bete arte itxaron behar izatea (%13,79). Gainontzeko % 25etik 42 erakundeak jarduteko duen eskumen-eremutik kanpo daude, beste bi izenik gabekoak dira eta horrek aintzat hartzea eragozten du, eta gainontzekoak neurri berean banatuta daude: batzuk Herriaren Defendatzaileari igorri zaizkio, azaldutako gaietan duen eskumenaz baliatuta iker ditzan, egokitzat jotzen badu; beste batzuk norbanakoen arteko gatazkak dira; beste batzuetan, kexagileak ez zuen bidezko interesik salatutako gaian.
Edonola ere, kasu horietan kexan azaldutako egoeraren gaineko ikerketa edo esku-hartzea posible izan ez bada ere eta bistakoa den irregulartasun baten ondorioz gaitzetsi diren kexak alde batera utzita, izapidetzeko onartu ez diren kexen azterketak informazio baliagarria eman digu herritarrek euren eskubideak arriskuan ikusi dituzten egoerei buruzkoa.
Bestalde, Defentsa Bulego honen irizpidea honako hau da: alde batera utzita aipatutako eskumen-eragozpenen ondorioz erreklamazio bat formalki izapidetu dezakegun edo ez, erreklamazio hori jarri duenari gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diogula, betiere haren funtsa egiaztatu badugu. Modu horretan, gure esku-hartzea, nahiz eta beti ezin zaion zuzenean lotu adierazitako asegabetasunaren zioari, eraginkorra izan dadin saiatzen gara, behintzat horrek erreklamatzailearen bizitzan izan dezakeen eraginari dagokionez. Horixe da hurrengo orrialdeetan jaso ditugun jardueretako batzuen helburua.
(4. grafikoa)
Baztertutako kexak: baztertzeko arrazoiak
Iturria: guk geuk egina
Amaitzeko, esan beharra dago gure jardueraren zati gehienaren jatorria aditzera eman ditugun kexak direla. Dena den, kexa horiek azaltzen dizkiguten arazoek banakako kasuak gainditzen dituztenean edo gizartean alarma pizten dutenean, gure ustez haurren eskubideetako bat arriskuan jartzen ari den egoera bati dagokionez, Ararteko erakundearen jarduera-planak ofiziozko espedienteak abian jartzea aurreikusten du. Horren inguruan arituko gara hurrengo ataleko gaien azalpenaren harira.