Aurkezpena
Urtero bezala, atseginez aurkezten dut Arartekoaren urteko txostena. Oraingo honetan beste gertakari bat gehitu behar diogu: 2014. urtean bukatuko da erakundearen buruzagitzan jardun dudan bigarren agintaldi hau, Euskadiko pertsonen eskubideak babesteko Legebiltzarraren ordezkari bezala.
Txosten honetan aztergai dugun urtean, gure lanaren laburpena egiteaz gain, berriro nabarmendu behar dugu ekonomia- eta gizarte-krisi hau oso ondorio larriak izaten ari dela milaka familien egoeran eta, horregatik, txostenak konnotazio bereziak dauzkala. Konnotazio horiek bultzatzen gaituzte gure sineste demokratikoak birsortzeko premiaz mintzatzera, gizarte zintzoa errebindikatzera, norberaren eta taldearen etikari eta denon interes edo ongizateari balioa ematera, parentesi mingarri eta luze hau konponbidean jartzen ahalegintzeko tresna gisa. Krisia 2008an sortu zen eta egungo langabezia-tasa eta gizarte-murrizketa nabarmenak dira horren seinalerik argienak.
Gure erakundeak, aurten burututako lanean, ezin izan du bazter utzi egoera orokorra. Azpimarratzekoa da ikaragarri ugaritu direla herritarrekin zerikusia zuten Arartekoaren jarduerak, 12.507 izan baitira. Horrela, berriro gainezka egin digute herritarrek azaldu dituzten kexek (9.610) honelako oinarrizko gaietan: Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen ondorioz sortutako prestazio ekonomikoak, banketxeen aurkako erreklamazioak, udal tasak eta zergak, etxebizitza babestua alokatzea, bekak, erregistro zibila, hots kutsadura edo garraioak, besteak beste. Ugaritze hori egiaztatzeko, 2010. urtera jo eta ordutik izandako hazkuntzari begiratu besterik ez daukagu: %93koa izan da, 3 urtean bakarrik.
Gure txostenean garrantzi berezia eman nahi izan diegu jarduera-datuei. Izan ere, gure gizartean eta euskal herri-administrazioetan dauden arazoen argazki finkoa lortzen laguntzen digute eta, aldi berean, gure lanak bere anitz aldagaitan duen eraginaren ikuspegia ematen digute: administrazioaren, Arartekoarekin lankidetzan aritzen diren gizarte-erakundeen eta gure erakundeaz baliatzen diren herritarren ikuspegia. Azken horiek jasotzen dute zuzenean gure lanaren onura.
Informazioak herritarrak gaitzen eta aktibatzen dituela eta sozializazio-iturri dela ohartuta, Arartekoan informazio pila ematen ahalegindu gara gure web orriaren bitartez, eta horren adierazgarri dira aurten izan ditugun 110.298 bisita eta ikusi diren 280.558 orrialde. Horrela, gainera, baliabide publikoak kudeatzean gardentasun printzipioa betetzea eta herritarrek Arartekoarekiko dituzten eskubideak baliatzea erraztu dugu, zerbitzu karta berrituz eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta datu pertsonalak babesteari buruzko eskubideak erabiliz.
Lorpen azpimarragarriak egin dira eta, horien ondorioz, aldaketak burutu dira araudian eta euskal herri-administrazio askotako politika publikoetan. Horrekin batera, tamalez, nabarmendu behar dugu erakunde batzuek ez diotela Arartekoari lagundu edo, bestela esanda, ez dietela lagundu beraien arazoa konpontzen saiatzeko asmoz gugana jo duten pertsonei, ezin baita ahaztu laguntzarik ezak zuzenean eragiten duela Arartekoari esku hartzeko eskatu diotenen bizi-baldintzetan.
Era berean, zenbaitetan, administrazioei gogorarazi behar izan diegu arauak kasu zehatz bati aplikatzeak berekin dakarrela pertsona horren banakako egoera onartzea eta, oraingoa bezalako garai latzetan, ezinbestekoa dela arauak berriz interpretatzea eta ahalik eta erraztasunik handienak ematea, administrazioaren jardunbidean arau horien mamia gauzatu ahal izan dadin.
Krisiak, bere aurpegirik beltzenarekin batera –langabezia eta ohiko etxebizitza galtzea, beste zerbait ere jarri du agerian: elkartasunaren eta duintasunaren balio gorena, gizarte-justizia nahi izatea. Herritarrek laguntzeko eta laguntzak emateko burutu dituzten ekimen ugaritan hezurmamitu da nahi hori.
Horregatik, aukera honetaz baliatuta, gizarte-erakundeen eta GKEen zeregin egituratzaile eta sostengatzailea aldarrikatu nahi dut. Izan ere, diru-laguntzen murrizketak direla-eta erakunde horietako asko ekonomikoki ahulduta dauden arren, beren eginkizuna biziki garrantzitsua dela jakinda, ahalegin izugarria egin dute beren burua inoiz ez bezala indartzeko, gizarteko inklusioaren, kohesioaren, ekitatearen eta justiziaren alde. Orobat, adineko pertsona askoren lan goresgarria azpimarratu nahi dut, bada, banaka beren familiekin edo gizarte-erakundeetako partaide gisa, gizalegearen, bidezko justiziaren, adorearen eta komunitate-arduraren eredu bihurtu dira. Sekula ezingo diegu behar bezala eskertu beren isileko lan etengabea, gizarte bezala dugun izaerarik onenarekin lotzen gaituena.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA