1.Gomendio orokorrak
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Nolanahi ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2013. urtean, 9 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke (www.ararteko.net).
1.1. Arartekoaren 1/2013 Gomendio Orokorra, urtarrilaren 18koa
Deribazio judizialaren bidez familia elkarguneen erregulazioa eta funtzionamendua.
Arartekoak familia elkarguneez duen kezka orain urte batzuk sortu bazen ere, gomendio orokor hau 2011 eta 2012. urteen bitartean bertatik bertara egin den ikerlan baten ondorioa da. Ikerlan horren bidez aztertu nahi zen zenbateraino betetzen den Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko familia elkarguneak erregulatzeko araudia.
Gomendio orokor horretan Arartekoak hainbat neurri proposatu ditu, batez ere epaitegiekin lankidetzan aritzearen eta koordinatzearen arloan.
1.2. Arartekoaren 2/2013 Gomendio Orokorra, otsailaren 5ekoa
Arkitektura-oztopoak dituzten egoitza-eraikin kolektiboetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharra, bereziki igogailuak instalatuta.
Arartekoaren gomendio honen bitartez baloratu eta aztertu nahi dugu euskal botere publikoek zer-nolako jarduera-eremua duten bizitzeko eraikinetan arkitektura-oztopoak kendu ahal izateko tresnak bereganatzeko.
1.3. Arartekoaren 3/2013 Gomendio Orokorra, otsailaren 15ekoa
Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak borondatearen kontrako ospitaleratze egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neurriak hartzeko beharra.
Gomendio horretan, Ararteko erakundeak neurri batzuk proposatzen ditu, adibidez, pazienteari informazioa emateko idazki bat eskura izatea eta bertan argi eta erraz azaltzea haren eskubideak; eta bide bat abiaraztea, neurriak eragindako pertsonari eskubide horiek irakurri dizkiotela eta haien edukia behar bezala ulertu duela idatziz jaso ahal izateko.
Orobat, pazientearen historia klinikoan dagoen informazioa eta nahi gabeko barneratzearen gainekoa eskuratzea mugatzeari dagokionez, bidezkoa iruditzen zaio osasun-administrazioak hartutako murrizketa-neurriek behar bezala bermatzea babestu egingo direla hain kontuzkoak diren datu horiek.
Etorkizunari begira, azpimarratu dugu behar-beharrezkoa iruditzen zaigula Nahi Gabeko Barneratzeari buruzko Protokoloa betetzera bideratutako neurri gehiago hartzea.
1.4. Arartekoaren 4/2013 Gomendio Orokorra, martxoaren 4koa
Aldi baterako kontratazio-burtsak erregulatzen dituzten arauetan, diskriminazio positiborako neurriak ezar daitezela, ezgaituak euren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetara iritsi ahal izatea errazteko.
Arartekoak gomendatzen die, batik bat oraindik neurririk hartu ez duten administrazioei, enplegu publikorako sarbidea eraendu behar duten printzipioak bermatuz, diskriminazio positiboko neurriak ezar ditzatela aldi baterako kontratuetarako beren lan-poltsak erregulatzeko arauetan, ezinduek beren ezaugarrietara egokitutako lanpostuak errazago eskura ditzaten.
1.5. Arartekoaren 5/2013 Gomendio Orokorra, ekainaren 17koa
Bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeak.
Arartekoak eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Sailak koordina dezala Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduteko baterako protokolo baten prestakuntzaren bukaera. Protokolo horretan parte hartu beharko dute Fiskaltzak, Gobernuaren Azpiordezkaritzek, polizia kidegoek, Segurtasun Sailak, Herri Administrazio eta Justizia Sailak eta Osasun Sailak, baita foru aldundien adin txikikoak babesteko zerbitzuek ere, eta horien guztien eginkizunak eta jarduerak argitu beharko dira.
Orobat, Arartekoak nabarmendu du oso garrantzitsua dela gizarte-laguntza edota bideratze egokia izatea adin txikiko eta gazte horiek babes-baliabideetatik irteten direnean.
1.6. Arartekoaren 6/2013 Gomendio Orokorra, ekainaren 27koa
Berriz aztertu behar da jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan sarrera ukatzeko eskubidea baliatzeari eta diskriminazioa debekatzeari buruzko araudia.
Ararteko erakundeak kexak jaso izan ditu erantzunik ezaren ondorioz edo administrazioak emandako erantzuna ez delako egokia izan. Kexek aditzera eman zuten atzerritar jakin batzuei ez dietela taberna edo diskoteka batean sartzen utzi, hau da, jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan.
Gomendio horretan, Ararteko erakundeak ondorioztatu du sarrera ukatzeko eskubideari eta diskriminazioaren debekuari lotutako araudia hobetzea nahitaezkoa dela, bereziki, ikuskizun publiko eta aisialdirako jardueren arloan. Halaber, zigortzeko prozedura eta berme sistema ere hobetu beharko lirateke.
1.7. Arartekoaren 7/2013 Gomendio Orokorra, abuztuaren 7koa
Abokatu elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek eta doako laguntza juridikoko lurralde batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izatea.
Arartekoak hiru Foru Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari eskatzen die neurriak har ditzaten eta beharrezko lankidetza-hitzarmenak sina ditzaten Orientazio Juridikoko Zerbitzuek eta Doako Laguntza Juridikoaren Probintzia Batzordeek beharrezko zerga informazioa izan dezaten doako justizia erregulatzen duen araudiak esleitzen dizkien funtzioak aurrera eramateko. Era berean, gogorarazi du Datu pertsonalak babesten dituen lege organikoari jarraiki, informazioa ondorio horietarako bakarrik eman beharko dela eta, edozelan ere, aurretik eskatzailearen berariazko baimena izanda.
1.8. Arartekoaren 8/2013 Gomendio Orokorra, irailaren 24koa
Osasun Sistema Nazionalean asegururik ez duten pertsonei osasun-arreta jasotzeko orduan aldez aurretiko erroldak eragiten dizkien mugak.
Arartekoak honako gomendio hau egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: berrikus dezala ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuak ezartzen duen urtebetez erroldatuta egon izanaren eskakizuna, Osasun-sistema Nazionalean asegurudunak zein onuradunak ez diren pertsonek benetan osasun-arreta jasotzeko aukera izan dezaten.
1.9. Arartekoaren 9/2013 Gomendio Orokorra, azaroaren 5ekoa
Dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskabideak ebazterakoan oinarritzat hartzen diren irizpideak egokitzea.
Arartekoak, besteak beste, honako gomendio hauek helarazi nahi dizkio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari: