3.Arartekoak sinatutako hitzarmenak
– Hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Iñigo Lamarca arartekoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2013ko urriaren 8an, teknika eta bitarteko telematikoen, informatikoen eta elektronikoen erabilera eta aplikazioa sustatzeko bi erakundeen arteko harremanetan.
Gobernuak eta Arartekoak konpromisoa hartu dute bien arteko agirien trukean eta harremanetan ziurtagiri elektronikoak erabiltzeko.
Hitzarmena abian jartzen denean, Jaurlaritzak Arartekoarekin dituen hartu-emanen eraginkortasuna eta arintasuna hobetuko dira. Hobekuntza garrantzitsua da kalitatezko zerbitzu publikoak bidezko epeen barruan eman ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak zein Arartekoak balio eta eraginkortasun juridiko bera emango diete sinadura elektroniko aurreratua daukaten agiri elektronikoei zein eskuz egindako sinadura duten agiriei.
– Hitzarmena GSIA elkartearekin
2013ko irailaren 15ean, hitzarmen bat sinatu zuten Arartekoak eta Haurren eta Nerabeen Soziologiaren Taldeak (GSIA elkartea). Horren helburu nagusia jarduera hauetan zehazten da:
Gizartea sentikorrago bihurtzea haur eta nerabeen eskubideen gainean. Eskubideok Nazio Batuen Haurren Eskubideen Hitzarmenean aitortuta daude.
Haurren eskubideen eta haurren soziologiaren arloetan, profesionalak, gizarte-ikertzaileak eta etorkizuneko profesionalak etengabe trebatzea.
Txostenak, azterlanak eta ikerketak egitea haurren eta nerabeen egoeraz eta bizi-baldintzez.