8.Ofiziozko jarduerak
Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako. Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2013an ofiziozko 59 espediente bideratzen hasi gara (69 aurreko urtean). Arloen arabera, aipatzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoari dagozkionak, baita ingurumenaren, segurtasunaren eta ogasunaren gainekoak ere.
(9. taula).Ofiziozko espedienteen banaketa, arloen arabera
Kop. | % | |
Haurrak eta nerabeak | 18 | 30,51 |
Ingurumena | 6 | 10,17 |
Ogasuna | 5 | 8,47 |
Segurtasuna | 5 | 8,47 |
Osasuna | 4 | 6,78 |
Adinekoak eta mendekotasun egoeran dauden | ||
pertsonak | 4 | 6,78 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 3 | 5,1 |
Gizarteratzea | 3 | 5,1 |
Hezkuntza | 2 | 3,39 |
Etxebizitza | 2 | 3,39 |
Espetxeratuak | 2 | 3,39 |
Justizia | 1 | 1,69 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak | 1 | 1,69 |
Herri-administrazioen zerbitzuko langileak | 1 | 1,69 |
Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak | 1 | 1,69 |
Gaixo kronikoak | 1 | 1,69 |
Guztira | 59 | 100 |
Antzeman daitekeen moduan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduera nagusitu da ofiziozko jarduerak hasterakoan. Jarduera horietatik asko erakundeak aurreko urteetako bere gomendioak betetzen ote diren jakiteko egiten duen azterketaren ondorio dira, adibidez, gai hauei dagozkienak: arreta goiztiarraren eredua garatzea, babesik gabeko haurrentzako egoitza-baliabideen funtzionamendua, euskal udalerri batzuetan foru aldundien tutoretzapeko adin txikikoak udal erroldan sartzeko arazoak edo “ebatsitako haurren” kasuak ikertzeko jarduerak. Beste jarduera batzuk, berriz, urtean barrena antzeman diren egoerei edo arazoei aurre egiteko hasi dira; horien artean, azpimarragarria iruditzen zaigu EAEn haurren malnutrizioaren adierazleak aztertzeko jarduera.
Ingurumenaren arloan, nabarmentzekoak dira autonomia erkidegoko hainbat udalerritan gazteen lonjek sortutako eragozpenak direla-eta hasi diren ofiziozko 6 espediente.
Orobat, segurtasunaren arloan, zenbait ekimen ezberdin burutu ditugu: horietako batzuk Deustuko ertzain-etxera eta Gasteizko Udaltzaingora egindako ikuskapen-bisiten euskarritzat hartu ditugu; beste batek, berriz, zerikusia zuen Ertzaintzaren terrorismoaren aurkako sailaren bideo-zainketa grabaketen kopien bilakaera aztertzearekin. Azkenik, beste ekimen bat dantzaleku batean baimendutakoaz gaineko tokia jartzeari buruzkoa zen.
Halaber, Ogasun arloan gai hauetan abiarazi ditugun ofiziozko jarduerak ere aipatu behar ditugu: Donostiako Udalak uraren kontsumoari lotuta jarritako zabor tasa; Euskadiko 3 ogasunek doako laguntza juridikoko batzordeei zerga-datuak ematea, doako justiziaren onura jasotzeko.
Buruko osasunari eta mendekotasunari buruzko txosten berezien jarraipenaren bidez, zenbait ekimen abian jarri dira adinekoen edo buruko gaixotasun edo gaixotasun kroniko bat duten pertsonen eremuan. Era berean, arlo horretan ekin zaio kronikotasunaren estrategiaren eta arreta soziosanitarioaren bilakaera aztertzeari.
Beraien garrantzi eta eraginagatik, hemen nabarmenduko dugu 2013ko hasieran egindako Lanbideren egoeraren Azterketa-Diagnostikoaren bitartez hasi zen jarduera. Geroago jarduera hori erakunde horrek onartutako hobekuntzen azterketarekin osatu zen.Halaber, etxebizitza arloan, Eusko Jaurlaritzaren gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzuaren funtzionamendua eta lortutako emaitzak zertan diren aztertu da.
Horren eta ofiziozko beste jarduera batzuen gaineko informazio osatuagoa txosten honetako II. eta III. kapituluetan aurkitu daiteke, bai eta Haurren eta Nerabeen Bulegoaren txosten erantsian ere.