3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
align="left">2013. urtean ez da datuen babesera edo IKTetara berariaz zuzendutako jarduera arauemailerik egon, baina horrekin harreman eztabaidaezina duten arau– eta jurisdikzio-berrikuntzak egon dira, adibidez:
align="left">Europako eremuan:
align="left">– 2013ko ekainean Europako Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren txostena ezagutu genuen, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren eta Google-en artean ahazteko eskubidea delakoari buruz dagoen eztabaida dela eta. Txosten horren arabera, Google Europar Batasunak pribatutasunari buruz ezarrita duen legeriaren menpe dago –multinazionalak hori ukatzen zuen–, baina ez dago behartuta bereziki babestu beharreko informazioa bilaketa-indizetik ezabatzera. Izan ere, abokatu nagusiak dioenez, bilaketa-tresnen zerbitzuen hornitzaileak, datuak babesteko zuzentarauan oinarrituta, ez dira web-orrietan agertzen diren norberaren datuen arduradunak, eta bilatzaile bati publikoa egin den egiazko informazioa ezabatzeko eskatzea zentsuraren baliokidea izango litzateke. Irizpenak, artean loteslea ez bada ere, oraindik izapidetzen ari den eta gai horretan hain garrantzitsua izango den Datuak Babesteko Europako Erregulamendu berrian eragina izan dezake zalantzarik gabe; izan ere, bide emango dio Batasun osorako egoera berri bati, oraingo araudia zaharkituta dagoelako, Internet fenomenoa zabaldu aurretik egin baitzen.
align="left">– Informazioa eta argitalpenak formatu irekietan erabiltzeari dagokionez –Arartekotik politika hori irmoki sustatu da–, emaitza zientifikoak modu irekian argitaratzeko joera “itzulbiderik ez duen puntu” batera heldu da, Europako Batzordeak aurkeztutako azterketa baten arabera. Gero eta argitalpen zientifiko gehiago modu librean eta doan eskaintzen dira, eta eskuragarri daude bai zientzia-komunitatearentzat bai herritarrentzat, gobernuentzat, enpresa pribatuentzat eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat. Europako Batzordeak aurkeztutako txostenaren arabera, 2011n argitaratutako paperen %50 inguru doan eskuragarri daude jadanik, eta 2004 eta 2011 bitartean mundu osoan argitaratutako eta pareek berrikusitako artikulu zientifikoen %40 baino gehiago linean eskuragarri daude. Azterketa horren aurkezpenean, Europako Batasunak sarbide irekiak ezagutzaren zirkulazioa eta berrikuntza hobetzeko duen garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du open access delakoa lehentasunezkoa izango dela Horizonte 2020 izena duen Europar Batasuneko I+G programaren barruan, 2014-2020 aldian, finantzatutako argitalpen zientifikoetarako.
align="left">Estatuaren eremuan, abenduaren 9ko 19/2013 Legea, gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernu onari buruzkoa, onartu berri da. Lege horrek, besteak beste, informazio publikorako sarbidea edukitzeko eskubidea egikaritzea ahalbidetzen du (norberaren datuen babesaren arloan 15. artikuluan ezarritako murriztapenekin, besteak beste), eta informazioa berrerabiltzea indartzen du, Gardentasunaren Atarian argitaratzen den informazioa berrerabiltzeko bidea ematen duten formatu irekietan egotea sustatzen baitu, azaroaren 16ko 37/2007 Legeak, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzkoak, eta hori garatzeko araudiak xedatzen dutenarekin bat eginez.
align="left">Autonomia-erkidegoaren eremuan, Eusko Jaurlaritzak Arartekoaren ustez interesgarriak diren bi ekimen aurkeztu ditu abenduan, eta 2014an dagokien jarraipena egingo diegu:
align="left">– Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko liburu zuria, sustatzaileen hitzetan erreferentziako marko bat izango baita gizartea eta administrazioa sustatu, mobilizatu eta engaiatzeko.
align="left">– Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua egiteko izapideak hastea, proiektu horrek gardentasunerako herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra ezarri nahi baititu eta pertsonek haiengan eragina duten erabakietan era aktiboan parte hartzea sustatuko baitu.
align="left">Testuinguru sozialean, agerian utzi behar dugu herritarrek gero eta kezka handiagoa adierazi dutela Interneten dauden euren datuen segurtasunagatik. Arartekoak horren berri eman zuen hurrengo atalean aipatuko den ebazpenean. Bertan azpimarratu zuen 2013. urtean sarean anonimotasuna babesteko hainbat ekimen zabaldu direla, hala nola nortasun digitalen hazkundea, aplikazio espezifikoen garapena edo gai horren inguruko azterketak, adibidez orain dela gutxi egin den eta Internet and American Life Project-ek argitaratu duen inkesta bat. Bertan, erabiltzaileen %55ek aitortu dute beste erabiltzaileen, erakundeen edo gobernuaren aurrean informazioa ezkutatzeko neurriren bat hartu dutela. Neurri nagusia nabigatzaileko “cookie”-ak ezabatzea da, inkestan parte hartu dutenen %64k baieztatu dutenaren arabera.
align="left">Bestalde, IKTen bidezko gizarte-aktibismoa kontuan izanik, eta Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa baten esparruan, Digital Social Innovation ekimenak, metodo berritzaileen bitartez, gizarte-hobekuntzarako tresna digitalak erabiltzen dituzten Europako erakundeen eta taldeen mapa egiteko proiektuari ekin dio.