2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Ingurumen informazioa eta partaidetza
Arartekoaren erakundeak jarraitzen du dokumentazio publikoa eskuratzeko eskubidearen egikaritza zuzenarekin zerikusia duten erreklamazioak jasotzen. Gai honek Arartekoaren abenduaren 30eko 6/2010 gomendio orokorra eragin du, gardentasunari eta dokumentazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzkoa; gomendio horretan printzipio eta gomendio multzo bat jasotzen zen, horren egikaritza zuzena bermatzeko. Eskubide honen disfuntzioak garrantzitsuak dira, haren egikaritza zuzena beste batzuk egikaritzeko instrumentala baita, hala nola herritarren partaidetzarakoa edo benetako jagoletza judizialerakoa. Zalantzarik gabe, ingurumen arloan garrantzi handia hartzen du informazioa eskuratzeko eskubide horrek. Aarhus-eko hitzarmenak, gure antolamendu juridikoak hura berretsi izanak eta batasunaren zuzenbidean hori onartu izanak erakusten dute ingurumen gaiei buruzko gardentasunak sorrarazten duen interes orokorra.
Berriki gai honi buruzko bi ebazpen eman ditugu, nabarmendu beharrekoak. Bi jarduketek kausa eragin dute Mutrikuko elkarte ekologista batek herri administrazioaren esku dagoen ingurumen dokumentazioa eskuratzeko ikusitako atzerapenean. Kasu honetan, informazioa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eskatu zitzaion, eta zerikusia zeukan Mutrikuko Portuaren Plangintza Berezian aurreikusitako obrek natur inguruneari eragingo zioten inpaktuaren zenbait alderdirekin. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aipatutako informazio eskabideei erantzuna emateko prozesua azaldu digu. Oro har, eskabideei harrera hurrenkeraren arabera ematen zaie erantzuna eta, zenbait kasutan, premien eta ebazpen lehentasunen arabera. Kasu honetan, sailak zehaztu du elkarte horiekin zenbait komunikazio izan dituela eta horien bitartez Mutrikuko portuari buruzko informazioa eta dokumentazioa igorri ahal izan diela. Testuinguru horretan alegatzen du, erreklamazioetan aipatutako kasu zehatzari begira, lan zamak ez zuela ahalbidetu eskatutako informazio eskaerari erantzunik ematea legezko epeen barruan. Horren ondoren, elkarte erreklamaziogileak jakinarazi digu beste bilera bat izan duela eta horretan gai honi buruzko zenbait alderdi jorratu zirela orokorki. Bilera hori izan eta gero, baieztatu digu eskatutako txostenetariko bat jaso duela eta beste eskabideari eman beharreko erantzuna jasotzeko zegoela. Informazio hori aztertu eta Ingurumen Sailak eskatutako dokumentazioaren zati bati emandako erantzuna egiaztatu eta gero, Arartekoak bi ebazpen eman ditu; ebazpenotan gogora ekartzen ditugu gardentasunari eta informazio publikoaren eskuraketari buruzko gomendio orokorrean jasotako printzipioetariko batzuk. Bietan berresten dugu ingurumen informaziorako eskaerak azkar, lehentasunez eta uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritako hilabeteko epearen barruan izapidetzeko eta ebazteko betebeharra; izan ere, aipatutako legeak honakoak arautzen ditu, besteak beste: ingurumen informazioa eskuratzeko eta partaidetza publikoa nahiz ingurumen legeriaren gaineko justizia bideratzeko eskubideak. Bestelako eskubideak, hala nola erabaki publikoetan parte hartzekoa, egikaritzeko funtsezkoa den epe hori bete ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek behar adina baliabide tekniko eta elektroniko izan behar dituzte. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren jardun egokia jaso dugu zenbait ingurumen gai edo gatazkatan interesatutako elkarte ekologistekin edo herritarren elkarteekin informazio bilerak izateko orduan. Hori dela eta, legezko betebeharra osatzeko, interesgarria da formula alternatiboak bilatzea, behar adina informazio helarazteko eta ingurumen gaietan interesa duten elkarteen partaidetzari bultzada emateko.
2.2. Ingurumen kontrola
Atal honetan plangintzen, egitasmoen eta jardueren ingurumen eragina ebaluatzeko jarraitutako administrazio prozedurei men egiten zaie; era berean, honako gaiak ere jorratzen dira: ingurumen eraginaren ebaluazioa, ingurumen baimen integratua eta jarduera sailkatuetako lizentziak edo jarduera komunikatuak.
Muskizko petrolioa fintzeko planta. Herritarren eta ekologisten zenbait elkarteren erreklamazioak jasotzen jarraitu dugu; horietan beren kezka eta ardura azaltzen dute Petronor SAren petrolioa fintzeko planta baten funtzionamenduak ingurumenari eta pertsonen osasunari ekar diezazkiekeen ukipen eta eraginak direla eta. Beste alde batetik, haien ustetan, ingurumen ikuskapenaren inguruan informatzeko eta administrazio eskudunek ingurumen kontrolaren inguruan jarraitzen dituzten erabaki eta neurrietan parte hartzeko dauden zailtasunak azaltzen dituzte. Gai horri buruz, gogorarazi beharra dago Arartekoaren 2012ko irailaren 24ko ebazpena, petrolioa fintzeko planta baten ingurumen kontrolari buruzkoa. Gure ondorioetan azaldu genuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak beharrezko tramitea eman behar diela trabengatik, herritarren osasunari egindako kalteengatik eta hiri ingurumenari sortarazitako ukipenengatik jasotako erreklamazioei. Halaber, planteatu genuen interes berezikoa izango zela gai honek ukitutako administrazioek, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, herritarren partaidetzarako mekanismoren bat ezartzea (mahaia, bilgunea edo bestelako formaturen bat), ingurumenari eta biztanleen osasunari sortarazitako ukipenen jarraipena egiteko. Foro horretan beti esku hartu behar izango lukete industri jardueraren ordezkariek eta ingurumena babesteko helburua duen elkarte, erakunde edo taldeetako kideek. Petronor-i buruzko mahai bat sortzeko aukerari buruz (betiere ingurumenari buruzko informazioa eta partaidetza hobetzeko), Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzarekin bilera bat izan dugu; eta oraindik ere bileraren balorazioari buruzko erantzuna emateko dago. Legebiltzarrak gai honi buruz aurrera eramandako ekimena ere aipatu behar da. Izan ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordeak, 2013ko azaroaren 18an egindako bilkuran, honako ez-legezko proposamen hau onetsi du: Petróleos del Norte SA enpresak Muskizen, Abanto-Zierbenan eta Zierbena
n aurrera eramandako jardueren gaineko ez-legezko 181/2013 proposamena, hain zuzen ere. Ebazpen honetan Muskizko Udalari eskatzen zitzaion ingurumenaren eta herritarren osasunaren ukipenei buruzko jarraipen mahaia abiarazteko, inplikatutako agente guztien partaidetza bermatuz (bakar-bakarrik “indar politikoak eta enpresa” aipatzen zituen). Ukitutako administrazioek susta dezaketen azken irtenbideari kalterik egin gabe, gure ebazpenean aipatu genuen mahai horretan, ingurumen kontrolerako administrazio organo eskudunekin batera, industria horren ordezkari bat eta herritarren edo ekologisten elkarteetako kide bat ere (bereziki ingurumen prozesuaren inguruan sortu edo kokatutako elkarteetakoa) sartu behar zirela. Prozedura hauetan interesdunek parte hartzeko mahaiak eratzeak balio izan dezake ingurumen informazioa zabaltzeko lanabes gisa, bai eta proposamenak, salaketak edota bestelako aldarrikapenak aurkezteko bide gisa ere.
Eguratsera isuritako substantzia kimikoetariko batzuen ingurumen kontrolari dagokionez, bentzeno eta toluenoren immisioak eta emisioak arautzen dituen aire kalitateari buruzko arautegiaren inguruan jasotako kontsulta bat aipatu genuen. Konposatu organiko lurrunkorrei (KOL) gagozkielarik, gaur-gaurkoz bentzenorako immisio balio bat baino ez dago araututa aire kalitatea arautzen duen 102/2011 Errege Dekretuan. Gizakion osasuna babesteko gehieneko balioa, aire kalitatea neurtzeko kabinen sareak kontrolatu beharrekoa, urtean 5 mikrogramokoa da m3 bakoitzeko (μg/m3) batez beste. Beste kontu batek men egiten zion airea neurtzeko kabinek atzeman ditzaketen bentzenoaren gehieneko ezusteko kopuruei. Izan ere, kasu horietan industri prozesuren batetik datozen kontzentrazio zehatzengatiko esposizioak egon daitezke. Aipatu beharra dago Eusko Jaurlaritzak ingurumen gorabehera eta larrialdien kontrola eta osasun arriskuen ebaluazioa aurreikusi dituela esposizio handien kasuan unitate mugikor baten bitartez.
Gaur-gaurkoz KOLen esposizio handien gainean ez dago gutxieneko balioak arautzen dituen europar arautegirik batere, gorago aipatutako bentzenoaren urteko batez bestekoa izan ezik. Edozein kasutan ere, zehaztu beharra dago Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzak erreferentziatzat hartu duela gorabeheraren batean Estatu Batuetako Substantzia Toxikoak eta Gaixotasunak Erregistratzeko Agentziaren arautegia (ATSDR). Agentzia horrek pertsonen esposizio handien mailak ezarrita ditu istripuengatiko ezusteko esposizioak izaten direnean. KOLen isurpen fokuei dagokienez, aipatzekoa da bentzenoaren immisioak ekoizteko iturri nagusia hiriguneetako trafikoa izan ohi dela. Zenbait kasutan KOLen emisio horiek iturri industrialetatik etor daitezke. Kasu hauetan, mugak ingurumen baimen integratuetan jaso behar dira, emisioen gehieneko balioak edo bestelako parametro edo neurri tekniko baliokideak txertatuz. Berriki konposatu organiko lurrunkorren emisio instalazioei buruzko urtarrilaren 8ko 1/2013 Dekretua onetsi da. Toluenoari dagokionez, gure antolamendu juridikoan ez dago haren immisio edo emisio mailak arautzeko inolako araurik. Erreferentzia gisa erabil daitekeen arau bakarra da lan arriskuak prebenitzeko markoan baliatu ohi dutena. Garrantzitsua da adieraztea Arartekoak Petronor-eko petrolioa fintzeko jarduera industrialaren gainean egindako ebazpeneanzehaztu genuela autonomia erkidegoek babeserako arau gehigarriak arau ditzaketela estatuaren administrazioak substantzia kutsagarri arriskutsuenetariko batzuetarako finkatutako gehieneko emisio balioei eta aire kalitateari dagokienez. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu behar izango luke arriskuaren ebaluazioa, bai eta hori mugatzeko estrategia baten ezarpena ere. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari proposatu genion osasunarentzat kaltegarrienak (esate baterako, bentzenoa) diren konposatu organiko lurrunkorren esposizio handietarako gehieneko balioak erregulatzeko.
Haustura Hidraulikoa Euskadin. Gas naturala haustura hidraulikoaren bitartez ateratzeko teknikari fracking irizten zaio eta elkarte ekologisten arreta eta kezka gune nagusietariko bat da. Erakunde honek ebazpen bat prestatu zuen 2012ko azaroaren 19an, ezohiko gas hobien erauzketari buruz.Ebazpen horretan ondorengo hau ondorioztatu genuen: gasa erauzteko ohiko sistemaren aldean, haustura hidraulikoak sortaraz ditzakeen ingurumen eragin desberdinak, osasun publikoko arriskuak eta karbonoaren aztarna kontuan hartuta, behar-beharrezkoa zela esplorazio eta ustiapen faseei ekin baino lehenago herri administrazio eskudunek luzamendu bat onesta proiektu horien burutzapenari dagokionez. Luzamendu hori ezinbestean lotu behar izango zitzaiokeen natur baliabide hori ezohiko hobietatik ateratzeko erabaki estrategikoaren ekonomi, gizarte eta ingurumen balorazio bati. Gai honi buruzko zenbait ondoriorekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen sailei zuzendutako azaroaren 19ko 84/2012 gomendioa jaso genuen. Zehatzago, Euskadiko 2020rako Estrategia Energetikoa berrikusteko prozesu bati ekiteko eskatzen zen, estrategia horretan Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gas naturalaren hobiak esploratzeko eta ustiatzeko ingurumen balorazio egokia jaso zedin. Erabaki horrek eta haren ingurumen balorazioak eztabaida sozial, garden eta irekia hartu behar izango dute beren barnean; horretarako, iradokitzen dugu ezohiko gasari buruzko mahai bat sortzea. Halaber, komenigarritzat jotzen dugu eskumenen eremu desberdinetan hidrokarburoen ezohiko hobiak esploratzeko eta ustiatzeko teknika baten erregulazio zehatza ahalbidetzea. Izan ere, botere publikoek beren-beregi arautu beharko lukete ezohiko gasaren hobiak esploratzeko eta ustiatzeko beharrezkoak diren jardueren ingurumen eragina ebaluatzeko premia.
Aipatutako ebazpenaren ondoren, Energiaren eta Meategien aurreko Zuzendariaren txosten bat jaso genuen. Idatzi horretan aurreko gobernu taldearen balorazioa igorri zen. Dokumentuak egindako zundaketen esplorazio izaera azpimarratzen zuen, hori egitea beharrezkoa baitzen ezohiko gasaren ustiapenaren bideragarritasun tekniko, ekonomikoa eta ingurumenekoa zehaztu ahal izateko. Txostena ez zetorren bat Euskadiko 2020ko Estrategia Energetikoaren ingurumen ebaluazio estrategiko bat egiteko premiarekin ingurumen legeriaren baldintzei jarraiki. Aitzitik, Arartekoaren ebazpenak zenbait elementu proposatu nahi zituen ezohiko gas naturalaren hobiak ustiatzeko erabaki estrategikoaren inguruko ingurumen eztabaida eta ebaluazioari begira. Horretarako, estrategia energetikoaren berrikuspenak ekar zezakeen aukera planteatu genuen, horrek eztabaida sozial, garden eta irekia ahalbidetuko zuelakoan, Euskadin ezohiko gasaren erabilerari zegokionez. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Polita Sailaren erabaki eremuari zegokionez, honako premia azaldu genuen: Euskadiko 2020 Estrategia Energetikoa izeneko plangintzaren ingurumen ebaluazio estrategikoaren premia, hain zuzen ere.
Gauzak horrela, 2013ko urrian Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikaren Sailaren gaur egungo arduradunen iritzia eskatu genuen aipatutako gomendioen inguruan, horren betetzeari buruzko balorazio egokia egin ahal izateko. Orain arte Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren erantzuna jaso dugu; erantzun horretan pentsatzen du 3E2020 onetsia izan dela aplikagarria den arautegian ezarritakoari jarraiki. Hala eta guztiz ere, Arartekoaren gomendioari men eginez, haren edukia berrikusi edo aldarazi behar izanez gero, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aztertuko du ea plana ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren pean jarri behar den, gaiari buruzko arautegi eta jurisprudentzia berriari jarraiki.
Parke eolikoak eta energia berriztagarrien gaineko gizarte eta erakunde adostasuna. Pertsona talde batek gure erakundera jo zuen, iritzia eman geniezaion orduko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2011. urtean Euskadiko zenbait parke eoliko baimentzera bideratutako administrazio tramitazioan izandako jarrerei buruz. Zehatzago, erreklamazioak azaltzen zuen ez zitzaiela erantzunik eman egindako alegazioei eta interesdunei ez zitzaiela jakinarazpenik egin Orozko eta Laudioren arteko Larragorriko parke eolikoa baimentzeko tramitazioan. Beste alde batetik, osagarri gisa, Eusko Jaurlaritzaren politika energetikoari buruzko beste gai orokor bat ere helarazi zigun. Jasotako erreklamazioek beren kezka azaldu zuten gure autonomi erkidegoan potentzia txikiagoko parke eolikoak ugaltzen ari zirelako, nahiz eta maiatzaren 14ko 104/2002 Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean aurreikusita egon ez. Mini parke eoliko horien existentziak eta energia berriztagarriko iturri honen gaineko beste gai batzuek berekin ekartzen zuten Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren lurralde planifikazio sektoriala berrikusteko premia. Erreklamazioa nahiz Industria Sailak igorritako informazioa aztertu ondoren, ebazpen bat prestatu dugu; horrela bada, ebazpen horretan parke eolikoa baimentzeko espedientean aurkeztutako alegazioei erantzuna emateko jarraitutako izapidea aztertzen dugu, bai eta administraziotik erantzun arrazoitua lortzeko eskubidea ere. Era berean, energia eolikoaren lurralde planifikazioa berrikusteko perspektibak baloratu ditugu, bai eta, nola ez, energia berriztagarrien bultzadak beharrezko duen gizarte eta erakunde adostasuna ere. Ebazpen horretan azaltzen dugu herri administrazioek informazio publikoko izapideetan aurkeztutako alegazioei erantzun egokia eman behar diotela nahitaez; izan ere, alegazioen araberako beren-beregiko erantzun egoki bat ez emateak babesgabetasuna ekar diezaieke alegazioak aurkeztu dituzten pertsonei. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak eta gaiak ukitutako gainerako administrazioek ere jarraitu behar dute Euskadin planifikazio energetiko estrategikoa bultzatzen, oro har energia berriztagarriak eta bereziki energia eolikoa bultzatzeko sustapen neurri eraginkorrak bideratuz, Euskadiko 2020ko Estrategia Energetikoak zehazten dituen helburuak betetzea ahalbide dadin. Planifikazio energetikoaren zeregin horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek jarraitu behar dute gizartearen, erakundeen eta herritarren adostasuna bultzatzen, betiere ingurumen irizpideei jarraiki, eta 2020rako energia berriztagarrien kuota handitzeko helburu estrategikoen markoaren barruan.
2.3. Kutsadura akustikoa
Arartekora erreklamaziorik gehien helarazi duen jarduera gazteen lokalen erabileratik eratorritakoa izan da. Halaber, ostalaritzako establezimenduek edo gastronomi elkarteek sortarazitako eragozpenak eta trabak errepikatu dira, besteak beste musika ekipoen erabileragatik, ateak zabalik uzteagatik eta antzeko arrazoiengatik. Halaber, kanpoaldean egiten diren emanaldiekin zerikusia duten kexak handitu dira, hala nola musika kontzertuak eta zenbait udalerritako plazetan eta espazio publikoetan aurrera eramaten diren jarduerak. Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago kexa mota hauek zenbait jarduerari edo jarduera soziokulturalei men egiten dietela (esate baterako, kontzertuei, antzerkiari, izotz pisten instalazioa ahalbidetzen duten Gabonetako jarduerei eta antzekoei) eta horiek guztiek gure udalerrietako kaleetan jartzen diren plataformak edo eszenatokiak behar dituztela. Kasu hauetan, agerian jartzen da zaratotsaren aldetik zer-nolako eragozpenak eragiten dituzten eraikinetako fatxadetan jartzen diren bozgorailuek eta inguru horretan sortzen den zalapartak. Nabarmentzekoa da jarduera mota hauek, gehienetan, egunez egin ohi direla. Itxiera ordutegiei dagokienez, azpimarratzekoa da Irungo Udalak, erakunde honetan izapidetutako zenbait espedienteren ondorioz, beharrezko neurriak hartu dituela ostalaritzako establezimenduetako bezeroek edariak kanpoaldera ateratzea saihesteko. Era berean, animaliek egoitzazko hiri lurzoruan eragiten dituzten trabak eta eragozpenak ere azaltzen dira.
Alde batetik, azpimarratu beharra dago urterik urte handitzen direla nabarmenki auzokideen artean izaten diren zaratotsekin zerikusia duten kontsultak eta kexak. Printzipioz, adierazi beharra dago gai hau partikularren arteko gatazkak konpontzeko mekanismoen bitartez erabaki behar dela. Hala eta guztiz ere, udalak gai honetan esku hartzeko duen eremuaren berri izateko informazio eskaera batzuk egin ditugu. Kasu hauetan, udal teknikariek neurketak egiten dituzte etxebizitzetan eta proba horien emaitzaren berri eman diete ukitutako auzokideei. Aurreko kasuetan, zehaztu dugu, gure ustetan, Zaratotsari buruzko Legeak ahalbidetuko lukeela toki administrazioei esku hartzea kalitate akustikoko helburu batzuk bermatzeko, baita muga horiek gainditzen dituzten etxe jarduera batzuetan ere; nolanahi ere, legeriak ahalbidetuko luke erregulazio propioa ezartzea, mota honetako gatazkak konpontzeko mekanismoak bideratze aldera.
2.4. Lurzoruaren eta uraren kutsadura
Plataforma ekologista batek berriro ere Barakaldoko Oiola urtegitik kontsumorako ateratzen diren uren kalitatearen egoera planteatu du 2012ko azaroan izandako beste gorabehera baten ondoren; izan ere, gorabehera horrek eragin zuen urtegiaren konexioa pertsonen kontsumorako uraren hornikuntza sarearekin eten beharra. Erreklamazioaren gaiak men egiten dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plataformak gorabehera berri horren ondoren aurkeztutako idatziei emandako erantzunari; gauzak horrela, Osasun Sailari eskatu diote neurriak har ditzala Oiolatik datozen kontsumo uren kalitatea kontrolatu ahal izateko. Horretarako, bada, eskatzen dute plagizida baten (hexakloroziklohexanoa, HCH) kutsadura kontrolatzeko jarraipen organo baterako deialdia egin dadila eta uraren kontrol analitikoen gainean igorritako informazioa hobe dadila. Gai honetan lehenago ere esku hartu dugu; horrela bada, Oiolako urtegiko uraren kalitatea bermatzeko hartutako neurriei buruzko Arartekoaren 2012ko martxoaren 19ko Ebazpena prestatu genuen. Ebazpen horretan plataformari Oiolako urtegiaren uraren kalitatearen kudeaketari buruzko informazio eta argibide zehatzak, nahikoak eta eguneratuak emateko betebeharra gogorarazten genuen. Orobat, Osasun Sailari adierazi genion kontsumo uren kalitatearen kudeaketarekin zerikusia zuten partaidetza mekanismoak eta informazio sistemak bideratzeko. Kalitate kontrolari zegokionez, protokoloan ezarritako parametroak betetzen zirela egiaztatzeko eta justifikatzeko premia azaldu genuen; halaber, aipatu genuen HCHren presentzia ebaluatu behar zela Oiolako urtegiko lehentasunezko substantzia arriskutsu gisa, haren presentzia eteteko edo desagerrarazteko helburuarekin. Erreklamazio horri emandako erantzunean Osasun Sailak jakinarazi zigun zeintzuk izan ziren plataformari uraren kontrol analitikoen gainean emandako erantzunak. Aldi berean, adierazi zigun kutsaduraren jarraipen azpibatzorde teknikoaren bilera bat aurreikusirik zegoela, egoera baloratzeko, behin urtegiaren uretan ia-ia urtebete igaro ondoren HCHren presentziarik gabe. Plataformari ere deitu zioten azkenean bilera horretara. Ebazpenean ondorioztatu genuen Osasun Sailak partaidetza bideratzeari eta informazioa eskuratzeari begirako mekanismoak bermatzeko baliabideak jartzen ari zela, aurreko ebazpenean
aipatu genuenari jarraiki. Nolanahi ere den, proposatu genion Oiolako uretan, biotan nahiz sedimentuetan HCHrik ez zegoela egiaztatzeko eska zitezkeen neurriak baloratzeko. Uren kalitatearen informazioa eskuratzeari buruz, Osasun Sailak jarraitu behar zuen eskuratutako informazioa igortzen eta beharrezko laguntza teknikoa eskaintzen, eskuratutako datuen ulermen egokia bermatzeko asmoz.
2.5. Kutsadura elektromagnetikoa
Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskola 2.0 programan erabilitako ordenagailuen wifi bitartezko eta haririk gabeko konexioek sorrarazten dituzten eremu elektromagnetikoei buruzko problematika jorratzen duten bi kexa izapidetu ditu. Laudioko guraso talde batek eta Lezoko Herri Eskolako Kontseiluak Hezkuntza Sailari eskatu zioten kable bitartez konektatzeko aukera, haririk gabeko konexioak sorrarazten dituen eremu elektromagnetikoen eragina murrizteko asmoz. Hezkuntza Sailak proposamena ezetsi zuen. Arartekoaren 2013ko apirilaren 4ko Ebazpen bitartez sailari eskatu genion Eskola 2.0 hezkuntza programara sartzeko baldintzak berrikus zitzala eta, bidenabar, programa hori garatzeko irrati-frekuentzien emisio mailak murriztea ahalbide zezaketen neurriak abiaraz zitzala. Gainera, ukitutako pertsonen partaidetza bultzatu behar zuen eta hainbat gai eta alderdi kontuan hartu, esate baterako irrati-frekuentzien eremu elektromagnetikoen esposizioak (horien barruan haririk gabeko sareen eragina dago) pertsonen osasunari epe luzera eragiten diezazkioketen arriskuak.
Arartekoak adierazi zuen, wifi sareek irrati-frekuentziako eremu elektromagnetikoak sorrarazi arren, emisioak oso maila baxukoak direla eta komunitate zientifikoak ez duela egiaztatu pertsonen osasunari eragiten diotenik. Gainera, Hezkuntza Sailak wifi sareak erabiltzen dituzten bi ikastetxetan egindako neurketek ez zituzten legezko mugak gainditzen. Hala eta guztiz ere, eztabaida honek irekita jarraitzen du gaur egun. Nazioarteko organismoen erabaki eta gomendio batzuetan eskatzen dute bermeekin arreta handiz jokatzeko. Hori berori adierazten du Europar Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 1815 Ebazpenak; horretan gomendatzen da esposizio mailak murrizteko indarreko mugen azpitik eta ikastetxeetako Interneteko konexioetan kableari lehentasuna emateko. Loteslea ez den arren, botere publikoek kontuan hartu behar dute ebazpen hori. Eusko Legebiltzarrak ere 2011ko urriaren 5eko ez-legezko proposamena onetsi zuen aho batez eta horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion Europar Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 1815 Ebazpenari atxikitzeko.
Gure gomendioari emandako erantzunean, Hezkuntza Sailak ziurtatu du ikastetxeetako ikasle guztien eta gainerako langileen segurtasunik gorena bermatu nahi duela. Haren ustetan, gaur-gaurkoz, ez dago zientifikoki egiaztaturik maila oso txikietan emititutako irrati-frekuentzien eremu elektromagnetikoek eragin negatiboa dutenik haurren osasunean. Halaber, gaineratu du Eskola 2.0 programa wifi sare bitartez garatzeko pentsatua izan zela, programaren izaera eta kontzeptua bera kontuan hartuta; horiek gelaren bizkortasun eta antolakuntza malguagoa ahalbidetzen dutelako. Hori guztiori zela eta, Hezkuntza Sailak jarraitzen zuen wifi konexioko sistemaren alde egiten.
Edozein kasutan ere, epe luzera begira osasunarentzako eraginei buruzko ziurgabetasun zientifikoaren eta gizarte kezkaren mailaren jakinaren gainean egonik, Hezkuntza Sailak gomendagarritzat jo zuen ardura printzipioaren arabera jardutea eta zenbait neurri hartzea. Horrela bada, gaur egun, salbuespen gisa, ahalbidetzen die Eskola 2.0 hezkuntza programara kable bitartez sartzea ikasgeletan klabea jarri duten ikastetxeei, baldin eta sistemaren segurtasun eta eskuragarritasuna bermatzen badute. Era berean, wifi sarbide puntuetan irrati-frekuentzien esposizio mailen murrizketen alde egitea erabaki du. Orobat, adierazi du jarraituko dutela lortu nahi diren parametroak betetzeko jarraipen eta kontrol hobea ahalbidetuko duten neurketak eta azterlan osagarriak egiten.