2.8. Beste batzuk
2.8.1. Justizia
Nahiz eta Arartekoa sortu eta arautzeko legeak 13.1. artikuluan argi eta garbi azaldu ez dela sendetsitako epaiaren gai izan edo epailaritza-erabakiaren zain egon daitezen arrenkurak banaka aztertzen hasiko, alde batetik, adingabeen fiskaltzari eta, bestetik, adingabeen defentsan jarduten duten erakundeei, besteak beste, Arartekoari, Adingabeen Defentsa Bulegoa zenaren lekukoa eta mandatua berariaz hartu duenari, esleitutako haurren eta nerabeen eskubideak babesteko funtzioek bat egiteak berekin dakar, praktikan, bi instantzien artean sarritan informazioa eta kudeaketak trukatzeko komunikazio-kanal bat izatea. Epaileekin eta fiskalekin lankidetzan jarduteko esparru horretan, edonola ere, ez dira banakako kasuak soilik lantzen (segur aski, ezta funtsean ere), baizik etab aita antzeko egoeretan dauden pertsona taldeei eragiten dieten gaiak edo antolaketa-gaiak (prozedurak, prozesuak, protokoloak edo jarduketak baino ez), pertsona batengan edo hainbat pertsonengan izandako eragin negatiboak erreparatuta, hobetu daitezkeenak. Hala, aurten gai hauen inguruan jardun dugu, besteak beste:
Haurren lapurreta, bai gurasoetako batek lapurtzen duenean, bai “lapurtutako haurrak” esaten zaienen kasuan. Azken kasu horiei buruz hitz egingo dugu 2.8. puntuan.
Bakarrik dauden adingabe etorkinak.
Homeschooling delakoarekin lotutako babes gabeko egoera deklaratzea.
Epaileak agindutako kontsultagatik familia elkartzeko puntuen txostenak eta harremana.
Salaketa bat duten 14 urtetik beherako adingabeen kasuan, gurasoei informazioa ematea.
Azken gai horrek erakundean gogoeta eginarazi digu, eta 2014. urtean horien inguruan gehiago sakontzeko asmoa dugu, egoera horiek familiaren gertuko esparrutik heltzeko, informazioa emanez eta egoeraren berri izanez, eta bitartekari- eta prebentzio-lanak eginez.
Gaiz aldatuz, esan behar dugu Herri Administrazio eta Justizia Sailari 2013. urtean egokitu zaizkion jarduketak txosten honen hainbat puntutan azaldu direla, herritarren intereseko esparruekin bat datorren aurkezpen bat egite aldera (eta ez aipatu administrazioak agindutako aurkezpen bat): osasun mentala gazteen justiziako baliabideetan, Osasuna atalean; familiak elkartzeko puntuak, Familia atalean; Auzitegiko Medikuen Laborategiko Unitate Genetikorako aurreikuspenak, ondoko atalean; etab.
Azkenik, Bulego honen 2012ko txostena amaitzeko, adierazi genuen beharrezkoa zela haurrentzat eta nerabeentzat adiskidetsuagoa eta gertukoagoa izango zen justizia bat lortzeko lanean jarraitzea, non entzunak izateko, informazio egokia jasotzeko, beren intimitatea eta pribatutasuna babesteko eskubideak edo beste edozein eskubide bermatzen diren. Batez ere biktima edo lekuko gisa parte hartzen duten kasuetan. Hori dela eta, eta berritzailea izateagatik eta, a priori, Euskal Autonomia Erkidegoan aplika daitekeen praktika egoki bat dela iruditzen zaigulako, Murtzian hemendik gutxira abian jarriko duten proiektu pilotuaren berri eman behar dizuegu, adingabeentzako justizia-areto adiskidetsu delakoen berri, hain zuzen. Epaitegietan kokatuta dauden espazio batzuk dira, eta bertan psikologoekin lan egiten da, abusuen biktima diren adingabeak aztertzen dira eta deklarazio judiziala ematen dute, konfiantzazko ingurune batean. Bideo-zaintzako sistema baten bidez, epaimahaiarekin komunikazioa manten daiteke eta haurraren lekukotza prozeduran aintzat har daiteke, bigarren mailako biktimizazioa eta errepikakorra gertatu gabe. Sistema judizialean hutsuneak daudela oharazten jardun duten gizarte-erakundeek eta espezialistek behin eta berriz eskatu izan dituzte neurri mota horiek, batez ere haurrak biktima edo lekuko gisa jardun behar duten egoeretan. Egiatan, zenbait lekutan badaude areto horien antzeko diseinua duten aretoak, baina adingabeekin lan egiten duten gizarte-erakundeen mendean daude, ez Justiziako administrazioaren mendean.
Egun hauetan eskura genuen informazioa ikusita, areto adiskidetsu horien ideia Delituen Biktimen Estatutuaren Lege Organikoaren Aurreproiektuak jada arautzen zuen, eta inspirazio gisa hartu zuen Europako zuzentarauaren lekualdaketa huts bat baino gehiago da, biktima guztien prozesu-eskubideen eta prozesuz kanpoko eskubideen katalogo orokorra izateko helburua baitu. Horrez gainera, Kode Penalaren erreforma berrian sartzen diren adingabeei buruzko neurri guztiek hauek izan zituen inspirazio: Lanzaroteko Hitzarmena izenez ezaguna den hitzarmena, eta Europako Kontseiluaren 2007ko Hitzarmena, Espainiak 2010. urtean berretsitakoa, haurrak esplotazioaren eta sexu-abusuaren aurka babestekoa. Hemen aztertzen ari garenarekin lotuta, bereziki interesgarria da hitzarmenaren VII. Kapitulua (baita 35. artikulua ere), ikerketari, auzipetzeari eta prozesu-zuzenbideari buruzkoa.
2.8.2. “Lapurtutako jaioberriak”
2012ko txostenean, gai honi buruz hitz egitez bukatzeko, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaria zenak (Eusko Jaurlaritzak adierazi zigun xede horretarako 2012. urtearen hasieran sortu zen Sail arteko Batzordearen buru zela, bai eta batzorde horren eta kaltetutako pertsonen elkarteen arteko lotura ere) Sail arteko Batzordeak sustatutako jarduketei buruz emandako informazioaren berri eman genuen. Jarduketa horien artean, deigarria iruditu zitzaigun “ADN frogak egiteko laborategi bat, Auzitegiko Genetika Unitatea, Donostiako Justizia Jauregian kokatua, Euskadiko Legezko Medikuntza Institutuaren Gipuzkoako zuzendariordetzan, eta Justizia Ministerioko Toxikologia Institutu Nazionalak lan horretarako balio duena bermatzen du”. Kaltetutako pertsonen taldeek eskatutako ekimenetako bat izan da, senideak bilatzeko modu gisa.
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko arduradunarekin harremanetan jarri ginenean argitu zigunez, berriz, atal hori ez zegoen pentsatuta DNA banku gisa ustezko egiaztapenak edo hirugarrenekiko gurutzatzeak egiteko bertan DNA lagin bat utzi nahi duen pertsona orori irekita, eragindako pertsonen taldeek eskatu ohi duten moduan edo erakunde honetan ulertu genuen bezala. Izan ere, sarbidea sistema judizialetik sortutako eskaeretara mugatuta dago: atalaren edozein eragiketa agindu judizial batek zehazten du eta, beraz, dagokion salaketa eta ministerio fiskalaren aldez aurreko onespena egon behar dira.
Kontuan hartzen badugu eragindakoen arazo nagusia probaren zailtasuna dela eta, egindako ikerketak ez direla ondorioetara heltzen, ezta ebidentziak aurkitzen ari ere, erakunde honen ustez, argi dago deskribatutako DNA bankuaren moduko diseinuak oso erantzun mugatua eskaini ahal izango duela. Uztailaren 13ko 1/2011 Gomendio orokorrean jada aipatu genuenez (1960ko eta 1970eko hamarkadetan jaioberriak beren ama biologikoengandik bidegabe banandu edo ebatsi zireneko egintzak argitzen lagunduko duten neurrien premia), DNA bankuaren sarbidea irekiko balitzaie ebasketa pairatu izanaren “susmoa” duten (bai eurek, bai euren seme-alaba edo senide zuzenek) baina salaketa batek aurrera egin ahal izateko beharrezkoak diren ebidentzia nahikorik ez duten pertsonei euren DNAren lagin bat utzi ahal izateko ustezko gurutzatzeetarako (eta gerta litezkeen topaketetarako), zalantza eta isiltasuneko urteen ostean batere erdeinagarri izango ez litzatekeen itxaropenezko bidea eskainiko litzaieke. Ezin dugu ahaztu berrelkartzea pisurik handiena duen motibazioetako bat dela eragindakoek gertakariak salatzen dituztenean.
Informazio horrekin Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailera jo genuen aurreko taldeak haurrak ebatsi izanaren susmoen inguruan garatutako jarduerekin jarraitzeko zuen aurreikuspenak ezagutze aldera, baita ustezko egiaztapenak edo hirugarrenekiko gurutzatzeak burutzeko bere DNAren lagin bat utzi nahi duen pertsona orori irekitako DNA banku bat abian jartzeko aukerari buruz duzun iritziaren berri izate aldera ere. 2013ko ekainean jasotako erantzunak 3 alderdiren inguruan eman zuen iritzia:
1.
Aztergai ditugun gertakariak jorratu eta aztertzeko aurreko gobernu taldeak eratutako sail arteko batzordearen etorkizuna. Horri buruz, aurreratu zuten berriz antolatuko zutela Eusko Jaurlaritzaren konfigurazio berrian. Hala ere, ordura arte egindako jarduerekin jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten eta hauxe jakinarazi zuten: adopzio irregularren eta haurren lapurreten kasuak bideratzeko, Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionalaren (TZFIN) jarduera Protokoloa” eta “Adopzio irregularren eta adingabeen lapurreten kasuetako hobitik ateratzearen aurreko gomendio Gida” erabiltzen zituztela.
2.
Auzitegi Medikuntzako Genetika Atalaren izaera; Legezko Medikuntzaren Euskal Institutuko arduradunak esan zuen moduan, prozedura judizialen izapidean jardungo du beti, EAEko organo jurisdikzionalei eta fiskaltzari egungo erantzuna baino azkarragoa emateko. Azken batean, ez da inolaz ere irekita egongo egiaztapenak egin ahal izateko laginak utzi nahi dituzten pertsonentzako.
DNA bankuaren ideiari dagokionez, aditzera eman zen TZFINen Profil Genetikoen Fitxategi (bankua) bakarra eta zentralizatua dagoela, TZFIN-ADNID izenekoa, eta erakunde honen ustez “eraginkortasun handiagorako bidea ematen du eta datuen eta emaitza analitikoen gurutzatzea nabarmen handitzen du”. Goian adierazitako protokoloak barne hartzen ditu ustez modu irregularrean adoptatutako seme-alaben eta senideen laginak jasotzeko Legezko Medikuntzaren Institutuen jarraibideak. Laginok betiere prozedura judizial baten esparruan eman behar dira.
3.
Legezko Medikuntzaren Euskal Institutuko Auzitegi Medikuntzako Genetika Atalaren egungo egoera; horretarako, inbertsio handia egin zen. Horri dagokionez, adierazi zen “arauz ezarritako beharrezko baimenak lortzeke daudela”, abian jartzeko 17025 ISO Arauari jarraiki egiaztatuta egon behar baita. Araudi horrek xedatutako baldintzak betetzeak hauxe dakar: “laborategian lan egingo duten pertsona kopurua handitzea eta egungo garapenerako prozedurak eta ekipamendua ugaritzea” eta horrek aldi berean “horretara bideratutako aurrekontu esleipena edukitzea” dakar; kontuan hartuta aurrekontuaren egungo esparru zorrotzean jarduera hori lehentasunezkotzat joz gero bakarrik emango litzatekeela.
Beraz, ondorioztatu behar dugu, Auzitegiko Genetika Sekzioaren garapenean egungo ekonomia-testuinguruari egotz dakizkiokeen atzerapenak gerta daitezkeen arren, erakunde honen ustez, egiaztapen posibleak egiteko irekia eta prest egongo den “ADN-banku bat” abian jartzea urrats garrantzitsu bat izango da, herri-administrazioek kaltetutako familiei eman diezaieketen lankidetzan eta laguntzan.
2.8.3.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT)
2012. urtearen amaieran, zenbait pertsonen argazki eta bideo intimoak baimenik gabe hedatu zirela jakin zuen, eta dirudienez, pertsona horiek Deustuko Unibertsitatearekin lotuta zeuden. Gero eta sarria
goak diren egoera mota horiengatik, batez ere, haurrei, nerabeei eta gazteei eragin diezaieketenean, oso kezkatuta gaudenez, eta arriskuan dauden eskubideen garrantzia eta sortutako gizarte-alarma dela eta, erabaki genuen komenigarria zela sortutako arazoaren inguruan sakontzea. Hausnarketa horretatik ateratako zenbait gogoeta eta ondorioa zalduko ditugu, haurrekin eta nerabeekin lotura zuzena baitute.
Gazteenek euren informazioa eta euren irudia babesteko ahalmena bereganatu beharrak Arartekoaren kezka eragin du aspaldiko urteetan, eta jada 2008an hainbat material didaktiko argitaratu izana da horren lekuko: Leihoak,”Abentura erreala mundu birtualean. Gozatu Internetez sarean erori gabe” eta Ciberbullying-a, teknologia berrien bidezko jazarpena prebenitzeko material didaktikoaren aurkezpena. Geroago berariazko atal ba sortu da baliabide elektronikoen erabilera arduratsuaz Eskubideen uhartearen web orrian.
Garai hauetan, esperientziak erakutsi digunaren arabera, esan dezakegu gure haurrak ez daudela informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien ahalmen handien eraginpetik kanpo, haien arriskuen eraginpetik kanpo ez dauden bezala. Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseiluak arrazoiz esan zuen, beherago aipatuko den e-inklusioari eta e-partaidetzari buruzko txosten berezia egin zuenean: segurtasunez erabili behar ditugu Internet eta sare sozialak. Googlek dena daki eta Facebook edozerekin lotzen da, baina arriskuak ere badaude.
Beraz, argi badaukagu haurren eskubideak babestu behar direla, ingurune birtualak dituen arriskuez jabetuta bagaude, haurrekin zerikusia duten erakunde guztien egitekoa izango da beren buruak babesteko behar dituzten tresnak ematea, Interneten erabilera seguru eta arduratsua lortzeko behar diren baldintzak sortuz. Dagoeneko ekimen interesgarriak eta praktika egokiak sortu dira helburu horri begira, baina orain ez ditugu zehatz-mehatz azalduko. Horietatik ikasgai interesgarri batzuk atera daitezke, pertsona helduentzako prebentzio ekimenetara eramateko, horrelakoek orain arte gutxi sustatu baitira.
Edonola ere, zalantzarik gabe, adingabeen heziketarako eta kontzientziaziorako ezinbestekoa da gizarte eragileen, gurasoen, erakunde publikoen -bereziki hezkuntza arlokoak eta agentzia espezializatuak- eta gizarte zibilaren arteko lankidetza eta koordinazioa. Euskadiko 2015 Agenda Digitalak taxutzen duen esparru egokia horretarako tresna aproposa izan liteke, eta, balio erantsi gisa, tokiko agenda digitalak sustatu eta bultzatuko ditu.
Hori horrela, interesgarria litzateke EAEko Administrazioak Andaluziako Batzordearen otsailaren 6ko 25/2007 Dekretuan ezarritako ekimenen antzekoren bat antolatzea. Interneten erabilera sustatzeko, arriskuei aurrea hartzeko eta segurtasuna zaintzeko neurriak ezartzen dituen dekretu horrek IKTak eta horien onurak eskuratu eta baliatzeko eskubidea aitortzen die gazteei, eta horrekin batera erabilera egokiari buruzko jarraibideak ematen ditu.
Arartekoak eskubideen ikuspegia eransten die bere azterketei, eta horrexegatik aldarrikatzen dugu, IKTak eta adingabeak elkarrekin lotzen dituzten jarduketetan, adingabeei informazioaren gizartea eskura jartzea eta sarean ingurune seguruan hazi daitezen ahalbidetzea dela helburua. Hala, Arartekoak e-inklusioari eta Euskadiko herritarrek IKTen bitartez eremu sozialean eta publikoan parte hartzeari buruz txosten berezi bat prestatzean, txostenaren gaia ez izan arren, Interneten erabilera segurua sustatzearen gaineko gomendioa jaso du bertan, ikuspegi global eta integratzailea hartuta. Hona hemen ikusmolde horren aurrerapena:
Bai adingabeekin, bai hezkuntza komunitateko gainerakoekin (irakasleak eta gurasoak), hedapenaren, sentsibilizazioaren eta heziketaren arloetan lan egitea proposatzen da.
Garatzaileek, eduki-sortzaileek eta eremu publikotik nahiz pribatutik sarearen garapenean parte hartzen duten beste profil, entitate eta erakunde batzuek sare seguruagoa sortzeko konpromisoa har dezaten lortu nahi da. Hortik abiatuta Arartekoak zenbait proposamen estrategiko egingo ditu, haur eta nerabeek IKTak modu seguruago eta arduratsuagoan erabil ditzaten sustatzeari lotuak.
Helburua da, azken batean, oreka bilatzea, alde batean jarriz berrikuntza eta gizarte sareek dituzten ahalbide izugarriak, eta beste aldean pertsonen eskubideen bermea. Informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra dira horretarako giltzarriak. Hitz batez, heldutasun digitala da gakoa, pertsona guztiek erabili ahal izan dezaten gailu mugikorren, Interneten eta gizarte sarearen ahalmen aparta, euren pribatutasuna, intimitatea eta irudia arriskuan jarri gabe, elkarrekin aurrera eginez benetako komunitate digitalaren eraikuntzan.
2.8.4. Gainerako esparruak
Segurtasunaren esparruan, aurten Ertzaintzaren Bilboko atxiloketa-zentroa eta Gasteizko udaltzainen atxiloketa-zentroa bisitatu dira. Bi zentroetako instalazioak, oro har, egokiak dira bere zeregina betetzeko. Hala ere, udaltzaingoaren zentroak ez du adingabeak zaintzeko berariazko lokalik, 5/2000 Lege Organikoak, abenduaren 12koak, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena (17.3. artikulua).
Haur eta Nerabeen Bulegoaren txosten honetan aztertu diren etxebizitzaren esparruan egindako jarduketek zerikusia dute etxe gabetze egoerekin (batzuk hur-hurrean daude eta beste batzuk ez horrenbeste), adingabeak zuzenean kaltetuta zeudela ziur genekien egoerekin, hain zuzen. Kasu batzuetan, pertsona eskatzaileei aholkatuz eta haiek bideratuz esku hartu da, eta beste batzuetan, berriz, bitartekaritza-kudeaketak egin dira, hitzarmenak edo irtenbideak lortzeko.
Azken garaietan, etxebizitzak enkantean jarriz eta esleitzen amaitzen duten betearazpen-prozeduretako familietan inpaktua arintzeko hartu diren neurrien artean, eta haurrak eta nerabeak babesteari begirune berezia diolako, interesgarritzat jotzen dugu atal honetan hau azpimarratzea: 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa, 2013ko urtarrilaren 2an indarrean jarritakoa. Agindu horren Xedapen Gehigarriak aginduan aurreikusitako esleipen-prozeduretatik salbuesten ditu “seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateak, baldin eta gizarte-bazterkeriako arrisku larrian badaude hipoteka betearaztearen ondorioz ohiko bizilekua zen etxebizitza odolkidetasunez edo hirugarren mailako kidetasunez ahaidetasunik ez duen pertsona bati esleitu zaiolako(…)”. Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak Eusko Jaurlaritzak egindako galdera bati erantzunez emandako informazioaren arabera (egindako galderaren 10/10/05/03/2426/13339 idatzizko erantzuna), 2013. urtean zuzenean esleitu zaie etxebizitza bat etxe gabetzeko egoeran, gizarte-bazterketako arriskuan eta ekonomia-egoera prekarioa zuen 23 bizikidetza-unitateri (aginduak xedatzen dituen baldintzak). Kasu horietako gehienak udal gizarte zerbitzuen bidez izapidetu dira, haiek aztertzen baitut egoera pertsonak, sozial eta ekonomiko zehatza.
Horrez gainera, gizarte zerbitzuetara joan ez diren eta aldi baterako ahulezia-egoera egiaztatzen den prozedura judizial batean sartuta dauden kasuak hautemateko, ekainaren 18an sinatu egin zen Botere judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) arteko lankidetza-hitzarmena, familia-etxebizitzatik botatzearen ondorioz sortutako urrakortasun-egoerak detektatzeari buruzkoa, neurri sozialak hartzea bideratzeko. Lankidetza-hitzarmen horretatik azpimarratuko genuke hipoteka betearaztearen ondoriozko egoerak eta errenta ez ordaintzearen ondoriozko etxegabetzeak aintzat hartzen direla. Esparru horretan aplikatzen badugu pobrezia pairatzeko arriskuan dauden adin txikikoei buruzko atalean azaldutako ebidentzia, idatziz jasotzen duena krisiak lehenago eragiten diela, gogortasun handiagoz, denbora luzeagoan eta ondorio kaltegarriagoekin eta iraunkorragoekin gizarte-desabantailako egoeran dauden pertsona eta talde horiei, ez zaigu zaila egingo pentsatzea pertsona eta talde horiek etxea errenta-erregimenean dutela batez ere. Hori dela eta, oso interesgarria iruditzen zaigu kasu horietarako ere neurriak hartzea. Hitzarmenak, Legebiltzarrak egindako galderari emandako erantzunean aipatzen denaren arabera, sinatu zenetik aplikatzen da neurri hori, eta aldi honetan, hain zuzen, errentan zegoen pertsona baten etxegabetzearen kasuan aplikatu da formalki.
Azkenik, jakinarazi nahi dugu ofiziozko esku-hartze bat hasi dela, Eusko Jaurlaritzako Familien Gainzorpetzeari Aurre Egiten Laguntzeko zerbitzuaren funtzionamendua zein den eta zer emaitza dituen jakiteko. Ikerketa oraindik bukatu gabe dago.
Arartekoak behin baino gehiagotan adierazi du bere kezka joera homosexuala (gay eta lesbiana) edo bisexuala duten nerabeez eta nortasun transgeneroa edo transexuala dutenez (aurrerantzean lgtb) euren errealitatea onartzen ez duten egoerak bizi baitituzte egunero eta, zenbaitetan arbuiatu ere egiten dituzte familian, eskolan edo gizartean.
Aurten ez da gai honi buruzko banako kexarik jaso, beraz, horrek esan nahi du berdintasun formala ziurtatu dela gure sistema publiko ia osoan. Aldiz, bide luzea daukagu oraindik egiteko aniztasun afektibo-sexual eta genero arlokoaren aurkako jarrerak errotik kentzeko; alor honetan lanean aritzen diren elkarteekin eta administrazioarekin izandako bileretan argi geratu da hori.
Azken urteetan ikusten ari ginenez haurtzaro eta nerabezaro lgtbren alorrean hezkuntza sisteman gabezia nabarmenak zeuden aniztasun afektibo-sexual eta genero arlokoaren eskubideekiko erabateko errespetua integratzeko, ikusteko moduan jartzeko eta sustatzeko. Ez zegoen irakasleak trebatzeko eta sentsibilizatzeko planik edo programarik eta geletan gai hauei ez zitzaien heltzen modu sistematikoan eta antolatuan, sexu joerari eta genero nortasunari buruzko berariazko materialik ez zegoen, eta material didaktikoetan elkarbizitzako eredu berriak ez ziren agertzen, besteak beste.
Aldiz, 2013an aurrerapen handiak egon dira alor honetan. Hasteko, Familia Politika eta Komunitate Garapeneko Zuzendaritzak eta bereziki pertsona gay, lesbiana, bisexual eta transexualen arretarako euskal zerbitzuak, Berdinduk, gai honi eman dioten bultzada azpimarratu nahi dugu. Horri esker, topaketarako hainbat espazio sortu dira eta gizarte erakundeek, ikastetxeek, hezkuntzako profesionalek, amek/aitek eta zenbaitetan beste eragile eta zerbitzuek kezkak, hausnarketak eta gaiari heltzeko proposamenak partekatzeko aukera dute eta ikuspegi interesgarriekiko ekimenak sortzen ari dira (trebakuntzakoak, informatzekoak, topaketarako eta harremanetarakoak, etab.).
Aipamen berezia behar du “Eskola segurua: homofobiari eta transfobiari aurrea hartu eta aurre egin” jardunaldiak, hezkuntza arloko eragile esanguratsuen arteko elkarlanerako abiapuntua izan baitzen, eskola seguruak sortzeko programak eta jarduerak egiteko, heltzeko eta sartzeko; eskola horietan aniztasuna modu positiboan bizitzeko aukera egongo da. Jardunaldiaren amaieran partaideek ohar batzuk egin zituzten eta etorkizuneko lanean kontuan izan beharrekoak zirela adierazi zuten:
Hezkuntzaren alorrean homofobiari eta transfobiari heltzeko eskumendun sailen jarraibide politikoen garrantzia.
Homofobia, transfobia eta aniztasun afektibo-sexualaren berezitasuna sartu hezkuntza sistemako antolakuntzan eta arauetan dagoeneko badauden protokolo eta agirietan.
Aniztasun guztietarako planteamendu komunak egoteko egokitasuna baloratu (fase eta kasu batzuetan gutxienez), partekatzen dituzten elementuak dauden heinean.
Hezkuntza erkidegoko kide guztien (irakasleak, irakasle ez direnak, ikasleak eta gurasoak, batez ere) trebakuntzaren eta elkarlanaren garrantzia, homofobia eta transfobiari heltzeko eta aniztasun afektibo-sexuala artatzeko behar dituzten tresnak izan ditzaten.
Curriculumetan LGTB edukiak sartzeko beharra, aniztasun afektibo-sexuala zehar-lerro bezala tratatzeko.
Dena dela, eta lehen esan bezala, jardunaldi honek balio erantsia ere izan zuen: lantaldea egonkortu eta instituzionalizatu egin zen. Urteko hirugarren hiruhilekoan biltzen da eta talde egonkorreko lehenengo bilera orduan izango da: eskola segurua. Talde horretan zerbitzu, erakunde edo organizazioen ordezkari ofizialak egongo dira.
Alor honetako bigarren zedarria Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana duela gutxi onartu izana da; argi geratu da euskal administrazioak hezkuntza sisteman ikuspegi hau sartzeko berariazko borondatea duela. Plan horri ko-heziketaren ikuspegi zabaletik heldu zaio; pertsonen osoko garapena du xede, jarrera estereotipatuak kendu nahi ditu eta generoari edo sexu joerari buruzko aurreiritzietan oinarritutako diskriminazio ororen aurka egiten du. Kontuan izan behar da DBHko ikasleen %23,6ren arabera kideren bat gay edo lesbiana izateagatik etengabe nola baztertzen den ikusi duela.
Amaitzeko, Rainbow Has europar proiektua aipatu behar. Arartekoa buru duen proiektu honen xedea aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetuan heztea da (ikus txosten honen V. kapitulua) eta euskal hezkuntza erakundeekin baterako lana egiteko aukera ematen digu; horren ondorioz, tresnak sortu nahi dira eskola haurrentzako toki segurua izan dadin sexu joera edo genero nortasuna dena delakoa izan arren, eta garapen osoa izan dezaten pertsona bezala. Lan honen xedea da hezkuntza arloko erakundeek, familiek eta ikasleek aliantzak eta estrategiak elkarrekin sortzea, eta indarrak batzea, Euskadin honakoak bermatzeko:
Txikitatik errespetuan, berdintasunean eta askatasunean heziko dela, eta horri esker behin betirako gaindituko direla aniztasun afektibo-sexualarekiko aurreiritziak eta genero rolak eta nortasunak ez direla zalantzan jarriko.
Sexu joera edo genero nortasun desberdina dela-eta bazterkeria edo zailtasunak dituzten haur, nerabe eta gazteei babesa eman eta lagun egin, erabat gizarteratu daitezen.
Haur eta nerabeen segurtasuna eskolan, euren garapen pertsonal osoa eta zoriontsua lortzeko testuingurua izan dezaten.
1 11.22 gomendioa. Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onetsi zuen “Arreta Goiztiarreko Eredua Euskal Autonomia Erkidegorako” agirian jasotako proposamenak eta aurreikuspenak gauzatzeko neurri egokiak martxan jartzea
2 Modu integralean erantzutea biztanleriako kolektibo jakin batzuei, adibidez, (...) goizegi, pisu gutxirekin edo ezgaitasunak izateko arriskuarekin jaiotako umeei; (...)
3 Menpekotasun-egoeretako eta autonomia pertsonalaren sustapeneko prebentzio-zerbitzuak bultzatu eta mantentzea: (…); arreta goiztiarra; (…).
4 Autonomia pertsonalaren sustapenerako eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarako eskubidearen titulartasunari buruzko (…) analisia ikusirik, gure ustez, gure administrazioek bermatu egin beharko lukete honako hauek Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistemara (AMAS) jo ahal izatea: Menpekotasun-egoeran dauden adingabe guztiek, haien jatorri nazionala edo aldez aurretiko administrazio-egoera zeinahi izanda ere, berdintasun-printzipioari jarraiki, baita neska-mutilak beren jatorri nazionalagatik diskriminatzeko debekua betez eta adingabeen interesa aldi berean dagoen beste edozein interes legitimoren aurretik lehenesteko printzipioa betez ere. Eskubidearen titulartasuna ezingo du oztopatu haren gurasoen egoera administratiboak, ezta administrazio-egoera erregularrean epe jakin bat daramatela ziurtatu ezin izateak ere.