2.7. Pobrezia pairatzeko arriskuan dauden adin txikikoak
Kexa-espedienteen ikerketarekin eta kudeaketarekin lotutako Bulegoko jardueraren informazio estatistikoaren eta datu kuantitatiboen inguruko atalean, jada adierazi dugu, zenbateko osoan aintzat hartu ez baditugu ere, ez dugula ahaztu Diru-sarrera Bermatzeko Errenta hartzen duten bizikidetza-unitateen ehuneko handi batean (%26,7 2012ko urrian, Haurren pobrezia Euskal Autonomia Erkidegoan txosteneko datuen arabera) 16 urtetik beherako adingabeak zeudela. Kalkulu hori gure estatistiketan sartuko bagenu, haurrak eta nerabeak kaltetzen dituzten eskasia ekonomikoko egoeren berri ematen duten 236 espediente inguru izango genituzke eta, arazo hori, haurren pobrezia pairatzeko arriskuarena, erakunde honek artatu duen gorabehera nagusia izango litzateke, zenbatutako espedienteen ia erdia (%45) gai horren ingurukoa izango bailitzakete, eta beste esparruekiko alde handiarekin.
(6. grafikoa).Alde batek eskatuta bideratutako kexa-espedienteen banaketa, diruz urri dabiltzanen gutxi gorabeherako kopurua barne hartuta
Haurren artea
n pobrezia-egoerak areagotu egin direla egiaztatzeak 2012ko azken hiruhilekoan azterketa kuantitatibo bat (Krisiaren eragina haurrengan: Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatea) egitera bultza gintuen, krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko haurrengan izan dituen eraginak zein izan diren jakiteko eta eragin horiek bistaratzeko. Eragin horiek oinarri hartuta, gastu publikoaren murrizketa-politikek eta doikuntza-neurriek, epe ertainean eta epe luzean, izan ditzaketen ondorioei buruzko hausnarketa egitea sustatu nahi da, gazteenen etorkizun-aukerak zehazten baitituzte. Azterketaren ondorio nagusiak 2013ko urtarrilaren amaieran aurkeztu ziren eta Bulegoaren 2012ko urteko txostenean jasota daude.
Apirilaren hasieran, defentsa-bulegoen arteko lankidetza-ekimenen esparruan, Andaluziako Herriaren Defendatzailearekin lan-mintegi batean parte hartu genuen, Ekonomia-krisia eta gizarte-eskubideak izenekoan. Mintegi horretan, ekonomia-krisiak zenbait kolektibotan izandako eraginak aztertzen ziren, eta kolektibo horien artea
n zeuden haurrak eta nerabeak. Lan- eta eztabaida-saioen ondoren, ondorio hauek atera ziren (mintegia amaitzean ezagutzera eman zen hitzez-hitzezkotik atera dira):
1)
Egungo krisi ekonomikoaren ondorioz Andaluziako eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoetan biztanleek bizi duten errealitateak, ikusi dugunez, hainbat elementu komun ditu, baina baita ezberdintasun garrantzitsuak ere, estatistika datuek egiaztatzen dutenez. Horrela, 2011. urteari dagokionez, pobrezia pairatzeko arrisku-tasa, Estatistikako Institutu Nazionalaren esanean, batez beste 21,8koa da Estatuan. Euskal Herrian, berriz, 10,8koa, eta Andaluzian 31,7koa. Adin txikikoei buruz, Espainian (2012. urtea) 25,9koa da. Magnitude hori 37,4an kokatzen da Andaluzian, eta 16,1ean Euskal Herrian.
2)
Ondorio hori abiapuntu hartuta, defentsa-erakundeen eskarmentuak agerian jarri du oraingo egoera ekonomikoak sortutako arazo batzuk eragin handiz agertzen direla Andaluzian eta ez hain indartsu Euskal Herrian.
3)
Bi defentsa-erakundeok ezin gara ezer egin gabe geratu errealitate horren aurrean, alarma-oihua zabaldu behar dugu oraingo egoera ekonomikoarengatik herritarren eskubideak arriskuan egon daitezkeela uste dugunean. Pobreziak eta gizarte-bazterketak ezinbestez baldintzatzen dituzte pertsonen eskubideak eta edukirik gabe uzten dituzte arau autonomiko, nazional nahiz nazioartekoek egindako aldarrikapenetako asko.
4)
Botere publikoei gogorarazten diegu, krisi garaian egon arren, babes berezia eman behar dietela gizarteko sektorerik ahulenei. Beraz, mugak, murrizketak eta gastu publikoari eutsi beharra gorabehera, eskatzen diegu behar diren neurri eta jarduera guztiak sustatu eta gehitu ditzatela, krisiaren eraginari eta ondorioei aurre egiteko. Edonola ere, ezin dute eta ez dute kalterik jasan behar iraganean lortu ziren aurrerapenek.
5)
Gure iritziz, administrazioen arteko koordinazio-bideak gehitu behar dira gizarte-bazterketarako arriskua dagoenean. Lotura hori are beharrezkoagoa da ahulezia handiko uneetan. Proposatzen edo garatzen den edozein jarduerak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da administrazioen arteko koordinazioa.
6)
Administrazioei eskatzen diegu beharrezko laguntza eskain dezatela, gizarte-eskasiako egoerei azkarrago eta, batzuetan, eraginkortasun handiagoz heltzen dieten gizarte-erakundeen, taldeen edo ekimenen lana errazteko.
7)
Gure gizartean sektore jakin batzuek nozitzen dituzte gehien krisiaren ondorioak. Horien gizarte-bazterketa eta bazterketa-arriskua prebenitzeko eta horri erantzuteko, bi erakundeok hauxe adierazten dugu.
Lehena.- Euskal Herriko diru-sarrerak bermatzeko errentaren eredua eta Andaluzian orain dagoen elkartasuneko gutxienezko diru-sarrerarena alderatu ondoren, ados gaude oso garrantzitsua dela herritarrei gutxienezko diru-sarrerak ziurtatzeko tresna bat edukitzea, eskubide subjektibo moduan, gizarteratzeko eta laneratzeko mekanismoekin batera.
Bigarrena.- Euskal Herrian dagoen eredua erreferente bat izan daiteke, guk uste, Andaluzian oinarrizko errenta bat ezarriko duen araua onartzeko hartu den konpromisoa bete dadin.
Hirugarrena.- Bi defentsa-erakundeon aburuz, garrantzizkoa da estaldura unibertsaleko gizarte-zerbitzuen sistema babestea, herritarrentzat hurbila izateko irizpidean oinarritutakoa. Sistema horrek erantzun behar die egungo krisi ekonomikoak areagotu dituen bazterketa-egoerei.
Laugarrena.- Mendekotasun sistema dela eta, bi defentsa-erakundeoi lorpen historikoa eta gizarte-aurrerapen utziezina iruditzen zaigu 39/2006 Legeak mendekotasun egoeran daudenei aitortzen dien eskubide-multzoa.
Bosgarrena.- Alarma eta kezka azaltzen dugu eskubide gutxitzea ekartzen ari diren legegintza-eta ekonomia-neurrien aurrean. Andaluzian, neurri horiek sistema geldiarazteko eta indargabetzeko egoera larria ahalbidetzen ari dira. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu gutxienezkoen hitzarmen bat egitea, finantza-euskarri egokiaren bitartez, Mendekotasunaren Legeko funtsezko alderdiak eta eskubideak beteko direla bermatuko duena.
8)
Adin txikikoak dira pobrezia pairatzeko arrisku handiena duten taldeetako bat, izan ere, besteren mende daude ekonomia, gizarte, parte-hartze, lege eta politika arloetan. Talde ahul horren gainean, zera adierazten dugu:
Lehena.- Estatu soziala mantenduko bada, estrategia publiko saihestezina da familiei laguntzea; beraz, orain inoiz baino gehiago, familiaren aldeko politikak inbertsio publikorik onenak dira gizarte-kohesioa bermatzeko eta pobrezia eta gizarte-desegituratzea prebenitzeko.
Bigarrena.- Arlo guztietan prebentzio-jarduerak mantendu daitezen eskatzen dugu, izan ere, horiek mantentzeak, egoera larrienetan esku hartzearen kostu ekonomiko, pertsonal eta soziala saihesteaz gain, gizarte-garapena eta gizarte-kohesioa ahalbidetzen ditu, dudarik gabe. Politika orekatzaileak indartzeko unea ere bada.
Hirugarrena.- Botere publikoei galdatzen diegu tresna bat abiaraz dezatela, luzamendutan ibil gabe, pobreziari kontra egiteko. Tresna horrek berariazko ekintza eraginkorrak ezarri behar ditu pobrezia gutxitzeko eta bi autonomia erkidegoetan pobreziaren mugatik behera bizi daitezkeen haurrei laguntzeko.
Azken batean, kontua da ahulena lehenestea, etorkizunean inbertitzea, gizarte-justizia egitea.
Ildo horri jarraiki ematen du bere iritzia Secretariado Gitano Fundazioak 2013. urtean argitaratu zuen Krisiaren eragina ijitoengan izeneko azterketan. Azterketa horretan azpimarratu zuen krisiak eragin bereziki negatiboa izan zuela ordurako egoera ahulean zeuden pertsonengan eta taldeetan, espainiar estatuan ijitoen komunitatearen bi herenak baino gehiagoan, hain zuzen. Esaten duten bezala, krisiak lehenago eragiten die, gogortasun handiagoz, denbora luzeagoan eta ondorio kaltegarriagoekin eta iraunkorragoekin gizarte-desabantailako egoeran dauden pertsona eta talde horiei. Azterketak ohartarazten du ijitoen komunitateak egoera larria bizi duela gaur egun, egungo ekonomia-krisia dela eta: igo egin dira pobrezia-tasa, langabezia-tasa(biztanleria ijitoaren %42 lanik gabe dago), infraetxearen tasa, pilaketa eta txabolismoa5, jada independenteak ziren pertsonek gizarte-babeseko sistema itzuli behar izan dute... Haur ijitoek nabarmen igartzen dituzte egoera horiek, ijitoen komunitatearen herenak 15 urte baino gutxiago baititu (Ikerketa Soziologikoen Zentroko datuen arabera). Euskal Autonomia Erkidegoan, ijitoekin zerikusia duten zurrumurruak entzuten dira, eta bereziki ohartarazten dute beharrezko adela hezkuntza-laguntzako eta gizarte-laguntza hezitzaileko neurriak mantentzea, bai eta sendotzea ere, eskolatzean, emaitza akademikoetan, Bigarren Hezkuntzako mailetara eta goragokoetarako ekonomikoki sustatzean lortu diren aurrerapenak gelditzen ari baitira, eta zenbait kasutan, atzera egiten ere ari baitira. Horrek ezinbestean haur eta gazte horien etorkizunean eta oro har beren komunitatearen etorkizunean eragin kaltegarria izango luke.
Ekainean, Europako Kontseiluko giza eskubideen komisarioak, Nils Muiznieksek, bere kezka adierazi zuen, Espainiako hainbat lekutara egindako bisitan jakin baitzuen haurren pobrezia areagotu egin dela eta, azaldu ziotenez, haurren malnutrizio egoerak daudela. UNICEFek 2011n osatutako haurren pobreziaren txosteneko datuek eta ezagutu izan dituen gertaera bereziki dramatiko batzuek asaldatuta, arazo hori jasoko du krisiak giza eskubideen alorrean daukan eraginaren inguruan irailean argitaratzeko asmoa duen txostenean. Errealitate hori hobeto ezagutzeko eta, Andaluziako Herriaren Defendatzailearekin partekatu genuen mintegian agerian geratu zenez, autonomia erkidego ezberdinetako gizarte-errealitatea desberdina dela jakinda, beste ikerketa bat hasi genuen ofizioz, haurren malnutrizio kasuak berariaz aztertzeko, ateratako ondorioak helarazteko eta komisarioak bere txostenean egin zuen diagnostikoa aberasteko asmoz.
Aipatutako errealitate desberdin horiek jada agerikoak izan ziren gure azterlanean: Estatu osorako zehaztutako %26ko nolabaiteko pobrezia arriskuaren adierazlea bera ere, EAEn %16an geratzen zelako. Konparatzeko datuei dagokienean egoeraren larritasuna baxuagoa izateko joera hori bera errepikatu egin zen aztertutako ia adierazle guztietan. Horiek horrela izanik, hala eta guztiz ere, azterlanean adierazle gehienetan kalteak edo okerreratzearen zantzuak nabaritu ziren, eta ,horrenbestean, besteak beste, egoera asaldagarria ez baldin bada ere, erne egon beharra dago okerrera egin dezakeen eboluzio baten aurrean.
Zehazki osasunaren adierazleei zegokienez, elikadurari buruzkoa ziren, hain justu, iritzia eman ahal izateko moduan eguneratuta zeuden datu apurretako batzuk. Orduan ondorioztatu genuenez, ezin genuen malnutrizioaz hitz egin, baina bai elikadura-dietaren kalitatean eta orekan nolabaiteko kalteak jasan izanaz.
Gauzak horrela, ez genuen uste haurrek bizi dituzten pobrezia-egoerek nabarmen okerrera egin zutenik gure lurraldean, baina lehen ere aipatu bezala, gai honen inguruan erne mantendu behar dela uste genuen. Horregatik, laguntza eskatu genien Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politika, Hezkuntza eta Osasun sailei, bi gai hauen berri eman ziezaguten:
1.
Zuen sailean detektatzen ariko zinateketen haur elikadura okerreko datu, adierazle edo are zantzuei buruz ere.
2.
Elikadura arazoak detektatu izan baldin balira, aurre egiteko txertatutako programak, zerbitzuak edo jarduerak.
Jasotako erantzunak aztertu eta gero, ondorio hauek atera genituen:
Honako hau ez da arrazoi sozio-ekonomikoen ondoriozko haur-desnutrizio larri edo kronikoak eragindako egiturazko arazoa, baina egia da gora egin duela behar beste elikagai jasotzen ez dituzten umeen kopuruak: eguneko une jakinetan ez dute behar beste jaten, dieta urria edo orekatu gabea dute eta beharrezkoak diren zenbait elikagai ez dituzte behar beste hartzen.
Gizarte-zerbitzuek, osasun-sistemak eta hezkuntza-sistemak ez dute antzeman 2013ko urtarrilean aurkeztu genuen txostenean eman genituen datuek gorakada esanguratsu edo kezkagarririk jasan dutenik. Izan ere, txosten horretan jaso genuen EAEn 16.000 ume egon zitezkeela egoera horretan.
Uste dugu EAEko neska-mutilen elikadura-premien (eta, oro har, bizi-baldintza egokien) bilakaera gertutik jarraitu behar dela azpimarratzea garrantzitsua dela, eta horretarako egiten diren zein kontu horren gainean eragina duten politika publikoak hobetzea ere ezinbestekoa dela. Adituekin bat gatoz: gizarte-politikaren erronka familiek baldintza egokietan bizi ahal izateko beharrezko baldintzak dituztela bermatzea da, seme-alabei elikadura egokia euren kabuz emateko gai izan daitezen.
Ikuspuntu hori abiapuntu hartuta, eta aipatzen ari garen Euskadiko haur-pobrezia txostenak umeen pobreziaren fenomenoari aurre egiteko proposatzen dituen jarraibide edo oinarrizko gomendioekin bat eginez, honako puntuak azpimarratu nahi ditugu:
Haur-pobrezia egoerak neurtzeko eta horien jarraipena egiteko adierazle-taula bat garatu beharko litzateke, elikadurari (eta, zehatzago esanda, gabeziaren ondoriozko malnutrizioari) buruzkoak ahaztu gabe.
Lurralde osoan sistema ezberdinen arteko (bereziki osasuna, hezkuntza, diru-sarreren bermea eta gizarte-zerbitzuak) koordinazioa eta sare-lana hobetu behar da, horrela pobrezia-egoeran dauden edo oinarrizko elikadura-premiak dituzten familien egoerei erantzun azkar, malgu eta integralak eman ahal izateko.
Epe ertainera umeen aldekoagoa den ikuspegia hartu beharko litzateke kontuan politika publikoak diseinatu eta garatzeko orduan, horrela seme-alabadun familiak modu positiboan diskriminatuko dituzten eta Estatu sozial inbertsiogilearen postulatuekin bat datozen politikak egiteko.
Data horietan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak lehen aipatu dugun “Haurren pobrezia Euskal Autonomia Erkidegoan” izeneko txosten luzea aurkeztu zuen. Dokumentu horretan jasotako informazioak urtarrileko gure txostenak emandako datu kuantitatiboak berresten zituen, eta inolaz ere ez dago kontraesanean harekin. Informazio kualitatibo oso garrantzitsua ematen du, ordea, haurren pobreziari buruzko ikuspuntu oso eta xehetasunez bete bat emanez. Euskal Autonomia Erkidegoko egoera gainerako autonomia-erkidegoekin eta Europar Batasuneko herrialdeekin alderatzeko datuak ematen ditu, diru-sarrerak bermatzeko euskal sisteman eta pobrezia-egoeretako gainerako gizarte-transferentzietan izandako eraginari buruzko datuak, haurren pobreziari heltzeko politika publikoen analisia eta balorazioa, eta ondorioen eta gomendioen atal interesgarri bat. Hemen, labur-labur, interesgarritzat jotzen ditugun datu batzuk azalduko ditugu, bi multzotan taldekatuta: lehenak, orain arte dugun egoeraren diagnostikoa osatzen du; eta bigarrenak, gure inguruneko herrialdeetan garatu dituzten haurren pobrezia prebenitzeko eta arazo horri heltzeko politika publikoen analisietatik zer ikasi dugun azaltzen du.
A) Diagnostiko zehatzago bat egiteko datuak:
Haurren ongizatearen tasek oro har behera egin dutela esatea ez litzateke guztiz zuzena. Zuzenagoa da esaten ongizateko posizio batean daudenen eta pobrezia-egoeran egoteko arriskuan daudenen artea
n polarizazio handiagoa dagoela, eta horrenbestez, tarteko zerrendaren garrantzia argi eta garbi txikitu egin dela.
Espainiarekin alderatuz gero, Euskadiko 18 urtetik beherako biztanleriaren artea
n pobrezia-tasak askoz ere txikiagoak dira Espainiako gainerako autonomia-erkidegoetan erregistratzen direnak baino. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Europako gainerako herrialdeetakoekin alderatzen direnean, egoera ez da horren ona, nahiz eta emaitzak erabiltzen den metodologiaren araberakoak izan zertxobait. EU-SILC estatistikak Europar Batasuneko herrialdeetan bildu dituen datuen eta EPDS metodoak Euskal Autonomia Erkidegoan bildu dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera Europako testuinguruan tartekoa dela esan daiteke, eta EB15eko eta EB27ko bata bestekoen oso antzeko tasak, baina pixka bat baxuagoak, dituela esan daiteke. Hala ere, bilakaerari begiratzen badiogu, pobreziaren tasak azken urteetan neurri handiagoan hazi dira Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan baino.
Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari esker eusten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan haurren pobrezia-tasei, eta era berean, sistema horri esker esan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko egoera nahiko ona dela Europaren testuinguruan. Helmen handiko familia-prestazio unibertsalen politika bat ez izanda, Europaren erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetan dagoena bezalakoa, gaur egun Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta da Euskadin haurren pobrezia-tasei eusteko tresna nagusienetako bat. Hala, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak, Gizarte-larrialdiko Laguntzak eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriak osatutako sistemak %30 murrizten ditu haurren pobrezia-tasak Euskadin.
Hala ere, sistemaren eraginkortasuna ez da erabatekoa, eta biztanleriaren ehuneko handi bat kaltetua gera daiteke sistema horren babes-esparrutik kanpo. EPDSren datuen arabera, benetako pobrezia-egoeran dauden seme-alabak dituzten familien biztanleria hiru talde nagusitan banatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan: talderik txikiena –kasuen %30-, berez benetako pobrezia-egoeran dauden familiak dira, hain zuzen ere, jasotako diru-laguntzei esker egoera horretatik ateratzen direnak; talde horren %43k diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren laguntzak jasotzen ditu baita, baina ez benetako pobreziaren atalasea gainditzeko adina; azkenik, benetako pobrezia-egoeran dauden familien %26k ez du laguntza horietako bakar bat ere jasotzen, nahiz eta egoera horretan egon. Beraz, eskatzeko moduan dauden biztanleriaren %73ri baino ez zaizkio iristen laguntzak, eta kasuen %30etan soilik dira benetan eraginkorrak.
Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen gizarte-transferentzien sistemak adingabeen pobrezia-tasak %58 murrizten ditu. Europako herrialdeetan, gizarte-prestazioen sistemak neurri handiagoan murrizten du 18 urtetik beherako pertsonen pobrezia Euskal Autonomia Erkidegoan baino (UE15: %75,6).
Biztanleria osoa kontuan hartuz gero, aitzitik, alderantziz gertatzen da: biztanleria osoaren pobrezia-tasak %67 murrizten dira Euskal Autonomia Erkidegoan transferentzia horien ondorioz, eta EB15en, berriz, %62. Datu horrek berriz agerian uzten du gizarte-babeserako euskal sistema ez dela haurtzaroaren oso aldekoa, beste adin-tarte batzuetan azaltzen duen gaitasunarekin alderatuz gero.
B)
Beste herrialde batzuetako pobreziaren aurka borroka egiteko politiken eta estrategien analisiaren ondorioak:
Gaur egun, pobrezia-egoeran egoteko arriskua haurrengana eta gazteengana hedatzen ari da, eta hori dela eta, haurren artea
n pobrezia prebenitzea eta pobreziari eustea politikaren lehentasunetako bat bihurtzen ari da.
Baterako eta erakundeen arteko planen edo estrategien alde egin behar da aho batez. Plan eta estrategia horietan, eragileen esku-hartzeak koordinatu behar dira, oinarri, ikuspuntu eta adierazle komunak oinarri hartuta. Erabateko eta dimentsio anitzeko estrategia horiei esker, egoera horien azpian dauden arrisku-faktoreei heltzen lan egin daiteke (enplegurako sarbidea eta enpleguaren kalitatearen hobetzea, eta horrenbestez, nahikoa diru-sarrera familientzat, funtsean), hala nola haurren arretan eta esku-hartze goiztiarrean, gizarte zerbitzuetan edo hezkuntza arretan. Bestalde, haurtzaroan familien bizi-baldintzetan eta ongizatearen eragina izateko helburu duten neurrien ikuspuntu osagarriak eta epe ertainean eta epe luzean haur horiek helduaroan izango dituzten bizi-aukeretan egoera horiek sortuko duten eragina azpimarratzen duten neurriak konbinatzeko aukera ematen dute estrategia horiek, ekitatearen edo aukera-berdintasunerako eskubidearen murrizketaren baldintzetan.
Lehentasuna eman behar zaie politika unibertsalei baliabide gutxieneko biztanleriari zuzendutako programa selektiboei baino lehen. Pixkanakako unibertsaltasun kontzeptuari baliozkotasuna ematea. Kontzeptu horrek pertsona guztiek gutxieneko prestazio bat izatea ziurtatzen du, premia handienak dituztenei babes-maila osagarri bat bermatuz.
Haurraren eskubideak aitortzeko ikuspuntua. Haurrak eskubideak dituzten subjektu gisa hartu behar dira, eta horrek berekin dakar, besteak beste, haurren gaineko esku-hartzea familia-ekintzaren ekintza subsidiario gisa hartzea (hau da, familiaren ahalmenek huts egiten dutenean edo nahikoak ez direnean jardutea soilik).
Diruak ardura du eta asko gainera, baina pobrezia baliabide-gabezia baino zerbait gehiago da. Hala, prestazio ekonomikoak funtsezkoak badira ere, oso garrantzitsuak dira baita haurren arretako zerbitzu publikoak, hezkuntza, kultura-, aisialdi- eta osasun-zerbitzuak, eta haurraren bizitza-aukeretan gizarte-oinordetzaren garrantzia murrizteko helburua duten neurriak, gurasoei beren guraso-ardurak betetzen laguntzen baitiete.
Familientzako laguntzei garrantzia ematea, eta laguntza horien baitan, zerga-sistemaren bidez antolatzen diren laguntzei (zerga-arintze politikak, familien diru-sarreren arabera, prestazio ekonomiko garbi bihur daitezkeenak). Laguntza horiek alde on hauek dituzte: sistema sinplifikatzen dute, gutxiago laidoztatzen dute eta enpleguari bere ahalmen inklusiboa itzultzen laguntzen dute.
Esku-hartze goiztiarraren eta funtsezko urteen ikuspuntuaren garrantzia. Bizitzaren lehen urteetan desberdintasunak kentzea helburua duten esku-hartzeek eragin ukaezina dute helduaroko desberdintasunetan, neurri handi batean giza kapitalaren pilatzearekin lotura dutenak. Beraz, aukerak parekatzeko garapen pertsonalerako arreta goiztiarra egiteko argudioaren ondorio ekonomikoa da ekonomia-itzulerarako gaitasun egiaztatua duela.
Eskolak, bere hezkuntza-ekintzaren bidez, ikasleen gizarte-, ekonomia- eta kultura-ezaugarriak gainditzen lagun dezake, baldin eta gizarte-egoera ahuleneko ikasleei zuzendutako gastua handitzen badu eta ikasle horientzako berariazko eskola-laguntzak indartzen baditu.
Pobreziaren esperientziak haur pobreentzat dakartzan zailtasun eta desabantaila asko (hezkuntza-zailtasunak, estatusarekin lotutakoak eta abar) gizarte-heziketako zerbitzuen eta esku-hartzeen bidez arin daitezke. Zerbitzu eta esku-hartze horiek haurren biztanleria osoak eskura ditzakeen eta garapen egoki bat izateko funtsezkoak diren ikaskuntzetarako, gizarte-sareetarako, esperientzietarako, harremanetarako eta jakintzetarako sarbidea eskaini behar dute.Zeregin horretan, hainbat motatako sistemak, programak eta zerbitzuak biltzen dira (gizarte- eta kultura-zerbitzuak, aisialdikoak eta denbora librekoak, kirol-zerbitzuak eta abar), erkidegoko mailakoak.
Azterketa horri buruz esan beharrekoa amaitzeko, adierazi behar dugu erabat ados gaudela ematen dituen oinarrizko gomendioekin, batez ere erakundeen arteko esku-hartze plan edo estrategia oso bat, haurren pobrezia prebenitzekoa eta arazo horri heltzekoa, beharra aipatzen duenarekin. Gure ustez, gainerako gomendioek gomendio horren baitan sartzen dira. Estrategia hori, aipatzen dugun dokumentuaren esanetan, “ezinbestekotzat jotzen da jada dauden politikak hobetzeko, eragileen zeregina koordinatzeko, arazoari gizartean garrantzi handiagoa emateko, eta funtsean, haurren pobrezia lehentasunezko arazotzat hartzeko. Epe ertainera eta epe luzera, plan horren helburuak izan beharko luke Euskadin ezarritako gizarte-babeserako sistemaren ezaugarri nagusiak aldatzea, haurrei eta gazteei, bai eta seme-alabak dituzten familiei ere, eragiten dien pobrezia-arrisku handiagoa gehiago aintzat har dadin, eta haurren aldekoagoa den gizarte-prestazioen esparru bat sor dadin, gizarte-estatu inbertitzailearen postulatuekin bat datorrena”.
Behar hori dagoela konbentziturik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean uztailean aurkeztu zen legez besteko proposamenarekin lotuta sortu zen eztabaidari interes handiz jarraitu genuen. Urriaren 16an, 146/2013 Legez besteko Proposamena, haurren pobreziari aurre egiteko neurriei buruzkoa, onartu zenean, amaitu zen eztabaida. Proposamen horretan, “Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio plan bat egin eta bultza dezala, EAEko foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan arituz eta gehienez lau hilabeteko epean, zeinak bilduko dituen pobreziari eta gizarte-bazterketari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak eta zeinak bereziki jasoko dituen haurren pobrezia prebenitzeko eta haren aurka borroka egiteko neurri espezifikoak”.
Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuaren planei buruzko interesa adierazita, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak duela gutxi jakinarazi du, lehenik eta behin, 2012ko Pobreziaren eta Gizarte-desberdintasunen Inkestaren estatistika-ustiapen xehakatu bat egingo duela, eta haurren pobrezia eta pobrezia horren eskualdekotzea izango dira azterketa horren berariazko xede, 14 urtetik beherako biztanleriaren egungo ahulezia zer faktorek areagotzen duten hautemateko. Inkesta horrekin lotuta eta pobrezia eta bazterketa erritmo azkarragoan areagotzen ari dela kontuan izanda, 2014. urtean eguneratzea erabaki dute, estatistika-eragiketa horrentzat aurreikusitako 4 urtean behingo maiztasuna laburtuz.
Bigarrenik, hau proposatzen da: Plan guztiek haurren pobreziarekin lotuta hartu dituzten neurri guztiak biltzea eta koordinatzea, inklusio aktiboko neurria bereziki azpimarratuz; beste neurri mota batzuk ezartzeko espezialisten iritzi aditua biltzea; eta proposatzea “jarduketa-plan integral bat, egungo arrisku multzoa murrizteko eta belaunaldiz belaunaldi ez igarotzea prebenitzeko”.
Erantzunak epeen konpromisorik ematen ez badu ere, eta zehaztapen gehiegi ematen ez baditu ere, atsegin ematen digu jakiteak eragile askok, sozialek nahiz erakundeetakoak, egindako eskaera artatuko dela. Zalantzarik gabe, konpromiso horren jarraipena egingo dugu datozen hilabeteetan.