2.6. Mendekotasun-egoeran dauden adingabeak
2.6.1. Mendekotasun-egoeran dauden adingabeak eta mendekotasuna artatzeko gizarte zerbitzuak eta espazio soziosanitarioa
39/2006 Legeak, abenduaren 14koak, autonomia pertsonalari sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, babesten du mendekotasun-egoeran dauden haur eta nerabeen arreta, oinarrizko arau gisa, eta 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, gizarte zerbitzuei buruzkoak, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eta espazio sonisanitarioa arautzen dituzten gainerako arauek osatzen dute Lege hori neurri handi batean. Hala, mendekotasunaren esparruan aurten gertatu denak, ohiko txosteneko mendekotasun-egoeran dauden adindunen eta pertsonen inguruko atalean zehaztasun handiagoz azaltzen denak, eragina du baita mendekotasun-egoeran dauden haurren arretan.
Estatu-mailan argitaratu diren araudien berrikuntza nagusiek, aipatu ohiko txosteneko atalarekin lotutakoek, zerikusia dute gutxieneko babes-mailaren araudiarekin, Autonomia Pertsonala eta Mendekotasuna Artatzeko Sistemaren prestazioekin eta informazio-sistema berriarekin. Horrez gainera, irizpideak, gomendioak eta gutxieneko baldintzak ezartzen dituzte prebentziorako eta autonomia pertsonala sustatzeko planak egiteko. Autonomia-erkidegoaren esparruan, 2013. urtean aurrerapen interesgarri bat gertatu da 12/2008 Legearen, abenduaren 5ekoaren, gizarte zerbitzuei buruzkoaren, garapenean, Fitxa Sozialaren tresna teknikoei, gizarte-diagnostikoa egiteko tresnei eta gizarte-bazterkeriaren balioesteari eta diru-irabazi asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko dekretuak onartu direnean. Era berean, arreta goiztiarra, zerbitzuen hitzartzea, minusbaliotasuna duten pertsonentzako egoitzak, minusbaliotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak eta zentro okupazionalak eta gizarte zerbitzuen informazio-sistema arautzen duten dekretuak ere izapidetze-fasean daude. Aipamen berezi bat merezi du, bere garrantzi bereziagatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen zorroa arautuko duen dekretua egiteko prozesuak. Prozesu horretan, interesgarritzat jo dugu egungo zirriborroak sortzen zizkigun oharrak, zalantzak eta gogoetak helaraztea, herritarren kexen izapidetzearekin, kexa horien ebazpenekin, gomendioekin, urteko txostenekin eta txosten bereziekin lotutako Arartekoaren aurretiko iritziekin zerikusia zuten gaietan. Ekarpen horietako batzuek azpimarratzen dute, gure ustez, oro har mendekotasun-egoeran dauden pertsonak artatzeko sistemaren funtzionamendua hobetu beharko litzatekeela (sistema horren onuradunak izango lirateke mendekotasun-egoeran dauden haurrak) eta beste gutxi batzuk mendekotasun-egoeran dauden haurren inguruko berariazko ekarpenak dira. Gai horren inguruko gure kudeaketen emaitza ohiko txostenaren III.11. kapituluan azaltzen dira.
Foru-aldundiek eman zizkiguten artatutako mendekotasun-egoeran dauden pertsonei buruzko datuak ditugu, baina datu horiek ez daude adinaren arabera banakatuta. Baina idatziz jasota dauden prestaziorako eskubidea duten 46.529 pertsonei Autonomia Pertsonala eta Mendekotasuna Artatzeko Sistemaren Informazio Sistemak emandako %4,81eko ehunekoa, 18 urtetik beherako pertsona onuradunei dagokiona, aplikatzen badiogu, kalkula dezakegu jarraian labur-labur azaltzen dugun egoerak Euskal Autonomia Erkidegoan 2.200 haur ingururi eragiten diela. Hala, eta mendekotasunaren arretarako sistemak 2011. urtetik hona izandako bilakaerari dagokionez, hau esan dezakegu:
Esleituta duten prestaziorako eskubidea duten pertsonen ehunekoa nabarmen hobetu da.
Biztanleriari dagokionez, izapidetutako espedienteen ratioa handitu da.
Ebazpen-maila hobetu da (irizpenen ehunekoa espedienteen kopuruaren gainean).
Esleitutako prestazioa duten pertsona onuradunen tasak gora egin du biztanleriarekiko.
Prestazioen ratioa mantendu egin da pertsona onuradun bakoitzeko.
Prestazio motei dagokionez, familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoak gailendu egiten dira gainerakoen artean (ia %50 dira), eta adingabeentzako datu banakatua ez badugu ere, hainbat azterketen arabera, adin-talde horretan prestazioen ehunekoa handiagoa ere izango litzateke. Hori dela eta, eragin handia izan du Estatuak 2012an onartutako pertsona zaintzaileen Gizarte Segurantzako kotizazioak kentzeak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ere atzera bota du finantziazio hori, esaten digutenez, eskumeni kez izateagatik eta kotizazio horien kosteei aurre egin diezaioketen aurrekontu-partidarik ez izateagatik. Hala ere, eta iaz adierazten zen bezala, gure administrazioek zainketa horien kalitateari eta egokitzapenari buruz egindako azterketek eta jarraipenek, bai mendekotasun handiko egoeretan bai mendekotasun larriko nahiz ertaineko egoeretan, zainketa horien gaitasunaren aldeko oso ondorio positiboak ematen dituzte.
Bukatzeko, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen esparruan kexetatik, eta horrenbestez, mendeko haurrei ere eragin diezaieketen egoerei buruz ohartarazten egon daitezkeenetatik, hau esan dezakegu:
Mendekotasunaren balorazioen emaitzekin eta beheranzko joera duten azterketekiko desadostasunak biltzen jarraitzen da, baremo berria aplikatu ondoren. 2012. urtean Arabako Foru Aldundiak egindako balorazioetan hori nabarmena bazen, aurten beste bi foru-aldundiek egindako balorazioetan ere hautematen hasi da joera hori. Berriz adierazi behar dugu emaitza horiek ondorio negatiboak dituztela, eta zenbait zerbitzu eta prestazio eskuratzeko aukera mugatzen dutela.
Nabarmen murriztu da mendekotasunaren balioztapenean izandako atzerapenei buruzko kexen kopurua. Arreta goiztiarrari buruzko ondoko atala irakurri ondoren, pentsa dezakegu 0 eta 3 urte arteko (0 eta 6 urte artekoak Bizkaian) mendeko haurren kasuan ez dagoela ia horrelako atzerapenik.
Mendekotasunaren arretan lurraldeen artean desorekak izatea oraindik ulertezina da herritarrentzat. Puntu honetan, zentzuzkoa da pentsatzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen zorroa arautzeko dekretua onartzea, gizarte zerbitzuen maparekin batera, abiapuntu bat izango dela, desoreka horiek pixkanaka zuzentzeko.
2.6.2. Arreta goiztiarra EAEn
2011ko otsailean Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluak “Arreta Goiztiarrerako Eredua Euskal Autonomia Erkidegorako” onetsi zuen diziplina ezberdinen artean behar bezala koordinatutako arreta eskatzen duten garapen-arazoak prebenitzeko eta tratatzeko jarduera-konpromiso gisa. Izan ere, mota horretako arazoek alderdi asko izaten dituztenez, koordinazio hori ezinbestekoa suertatzen da.
Garai hartan bertan, EAEn Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta emateko Legearen aplikazioari buruzko ezohiko txostena aurkeztu genien Eusko Legebiltzarrari eta herritarrei. Txostenak 2006an onetsi zenetik Mendetasunari Arreta emateko Legeak (MAEL) izan duen hedapenari eta garapenari buruz eta, batez ere, lege horrek mendetasun-egoerei arreta ematerakoan izan duen benetako eraginari buruz erakunde honek egin duen ikerketa sakonaren berri ematen zuen. Txostenak, amaieran, hainbat gomendio ematen zituen. Horietako batzuk arreta goiztiarrari buruzkoak ziren, esaterako 11.221, eta beste batzuek, aldiz, haren inguruko aipamen ezberdinak egiten zituzten, esate baterako 4.42, 6.13 edo 11.114.
Aurrekari horiek eta gizarteak zein interesdunek edo/eta kaltetuek antzemandako gabeziak ikusita, eta horiek planteatutako hobekuntza-proposamenak kontuan hartuta, Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluaren proposamena onartu zenetik bi urte igaro diren honetan jakin nahi genuen arreta goiztiarrerako ereduaren garapen- eta ezarpen-prozesua nola doan, zer-nolako hobekuntzak lortu diren eta zeintzuk falta diren, horrela EAEko arreta goiztiarra hobetzen lagundu eta esku-hartzearen ahulguneak edo gabeziak konpondu ahal izateko.
Arreta goiztiarrerako eredu-proposamenak oinarri zuen diagnostikoak berak agerian uzten ditu garai hartako arreta goiztiarrak zer-nolako ahulguneak zituen: zerbitzuak ez ziren nahikoak, eta ez zegoen zerbitzu pribatuak kalitate-estandarrak bermatzeko xedez homologatzeko orduan espezializazioari, diziplinartekotasunari, irisgarritasunari eta abarri buruz eskatzeko moduko baldintza formalik. Halaber, sistema ezberdinen (osasun-arloa, hezkuntza-arloa eta gizarte-zerbitzuak) arteko koordinazioa ia ez zegoen formalizatuta. Ondorioz, arreta zatikakoa zen (ez zen integrala), sistemen arteko trantsizioak ez ziren bizkorrak (horrek ondorio nabarmenak zituen arretaren azkartasunean eta jarraitutasunean) eta hainbat kasu (pertsona) galtzen ziren bidean. Hutsune eta ahulgune horiek konpontzeko xedez prestatu zen hizpide dugun arreta-eredua.
Bestalde, beharrezkoa iruditu zitzaigun kexetan eta gizarte-sarearekin egindako bileretan azaldu ziren gai batzuk kontrastatzea. Honako hauek, adibidez:
Arreta goiztiarra lortzeko jarraitu beharreko urratsak eta jarraibideak argi eta garbi jasoko dituen agiri bat sortzea komenigarria ote den, Neonatologia Unitateetako gurasoen artean banatzeko.
Lurralderen batean itxaronzerrenda luzeen ondorioz arretarik jaso gabe gera daitekeen jendea.
Programen pertsonalizazio gabezia: saio-kopurua modu estandarrean (?) esleitzen da (edo zerbitzuekin trukatu daitezkeen “bonuak” ematen dira).
Titularitate pribatuko kanpo-zerbitzuak: instalazioak vs. emandako zerbitzuaren kalitatea (emaitza, familia erabiltzailea pozik dagoen, profesionalak eguneratzea, etab.) balioestea horiek onartzeko edo homologatzeko irizpide gisa.
Estimulazio goiztiarrerako - logopediarako programetan inplantedun haurrak lehenestea audiofonodun ume gorren aurretik, eta hezkuntza-sisteman arreta nahikorik ez jasotzea (3 urtetik aurrera).
Hori guztia dela eta, ”Arreta Goiztiarreko Eredua Euskal Autonomia Erkidegorako” agirian jasotako proposamenak eta aurreikuspenak gauzatzeko neurri egokiak martxan jartzea aholkatzen zuen 11.22 gomendioari jarraiki, hainbat gairen gaineko informazioa eskatu genien eragindako sailei eta erakundeei. Horien berri emango dugu hurrengo orrialdeetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Arreta Goiztiarreko Eredua abian jartzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Koordinazio Soziosanitarioak jakinarazi digunaren arabera, eredu hori onartu zenetik, bi funtsezko ekimen egin dira: lehena, araudiekin lotutakoa, hurrengo puntuan azalduko duguna; eta bigarrena, laguntzaren arloko ekimen bat. Azken ekimen horren bidez, Bilboko Eskualdean esperientzia pilotua egin eta abian jarri dira bertan jasotako aurreikuspenak “Premia bereziak dituzten haurrei arreta osoa emateko prozesua” (PAINNE) egitearen bidez.
Proiektuaren egileen arabera, Berrikuntza Soziosanitariorako Euskal Fundazioaren—Etorbizi- laguntza zuzenaz finantzatutako proiektuaren helburua hau da: zerbitzuak berriz antolatzea eta premia bereziak dituzten haurrentzako arretarako osasun-, gizarte- eta hezkuntza-espazioan gaur egun dauden baliabideak ondo erabiltzea erraztuko duen gizarte-/osasun-/hezkuntza-arreta integratuko eredu bat garatzea, prebentzioarekin, diagnostikoarekin eta esku-hartze goiztiarrarekin lotutako alderdietan, beren beharren eta familiaren beharren arabera. Horrez gainera, adierazi dute proiektuaren azken helburua dela haur horien eta beren familien arretan eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea, eta osasun-espazioko (lehen mailakoa, espezializatua, osasun mentala) eta gizarte- eta hezkuntza-espazioko laguntza-mailen artean igarotzen laguntzea.
Hauek dira ekimen horretako elementu interesgarri batzuk, egindako lana jasotzen duen dokumentu-gidaren aurkezpenean azpimarratu zirenak:
Hainbat diziplinatako eta erakundetako profesional ugarik hura egiten parte hartu izana. Adingabeekin eta beren familiekin egin beharreko jarduketen inguruan ados jartzeko lan egin dute denek. Koordinazioaren, diziplina artekotasunaren eta abarren praktikan gauzatzea.
Prebentziozko ikuspuntua izatea. Izan ere, garapenerako arrisku biologikoko faktoreak nahiz arrisku psikosozialeko faktoreak goiz hautemateko prozedurak ezartzen dira.
Eredu jasangarri bat sortzeko ahalegina, eskura dauden baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiliz. Jarduketak arrazionalizatzea (batzuetan, bikoiztasunak kenduz), gerta daitezkeen hutsegiteei heltzeko baliabideak liberatzeko.
Profesionalek, familiek eta ikastunek zerbitzuen, sailen eta elkarteen arteko joan-etorrietan diagnostikatutako disfuntzioei erreparatuz, beste laugarren elementu azpimarragarri bat gehituko genuke, deskribatutako 11 prozesuetako bakoitzean joan-etorri horiei emandako arreta bereziari buruzkoa. Prozesu horietan zehaztuta daude, beste alderdi batzuen artean, zer koordinazio eta desbideratze egin behar diren, zer egoeretan, zer profesionali, zer unitate, sail edo organismori eta zer tresnekin egin behar diren zehaztuz.
Adierazten digutenaren arabera, proiektu hori praktikan jartzea emaitza ezin hobeak ematen ari da, eta profesionalek eta pertsona erabiltzaileek egiaztatu dituzte emaitza horiek. Hala, 2014. urtean proiektu hori Bizkaia osora eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetara hedatzea planteatzen ari dira, ildo estrategiko soziosanitarioetako helburu estrategikoetako bat bezala. Hori dela eta, aurreikus daiteke hobekuntza nabarmena izango dela koordinazioko eta sareko laneko alderdi guztietan epe laburrean eta epe ertainean.
Eta gure eskaeran zuzenean planteatutako gaiei dagokienez, informazio hau lortu dugu:
1. Jarraipen Batzorde Teknikoa
2011ko otsailean Euskal Autonomia Erkidegorako Arreta Goiztiarreko Eredua onartu zenetik, eredu hori egiten lan egin zuten teknikarien eta erakundeetako ordezkarien taldeak Jarraipen Batzorde Tekniko Autonomikoa eratu zuen. Une hauetan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politika eta Gizarte Garapena Zuzendaritzaren mendeko organo bat da. Erakundeen arteko eta diziplina anitzeko organo gisa eratuta dago, eta hauek osatzen dute:
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko 2/3 ordezkari. Zuzenbidean eta Soziologian lizentziadunak.
Foru-aldundietako 3 ordezkari. Mediku errehabilitatzaile/kudeatzaile bat, Arabaren ordezkari gisa; psikologo kliniko bat, Gipuzkoaren ordezkari gisa; eta kudeatzaile bat; Bizkaiaren ordezkari gisa.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko 2 ordezkari. Hezkuntza-premia berezien aholkulariak.
Osasun Saileko ordezkari bat. Mediku bat.
Osakidetzako ordezkari bat. Mediku neonatologo bat.
Batzordea hilean behin edo bi hilean behin bildu ohi da (Eusko Jaurlaritzako karguak ordezkatzeko aldian izan ezik), eta onartutako ereduan jasotako ondorioak eta garapena Dekretu kategoria duen lege-testu batean jasotzen egin du lan batez ere. Dekretu horren idazketa jada oso aurreratuta dago. Egiatan, Gizarte Zerbitzuetako Erakunde arteko Organoaren eta Gizarte Zerbitzuetako Euskal Kontseiluaren testu hori aztertzea nahi dute, 2014ko urtarrilean txosten bat egin dezaten eta, ondoren, Kontrol Ekonomikoko Bulegora eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikora bidal dezaten, Gobernu Kontseiluan aurkeztu baino lehen. Jakinarazi digutenaren arabera, testu horretan balorazio-organoen eta esku-hartze organoen funtzionamendua arautzen da, jarduketak eta profil profesionalak zehazten dira, eta horietatik eratorrita, esku-hartze zerbitzu pribatuak homologatzeko baldintzak eta Jarraipen Batzorde beraren funtzioak ere zehazten dira.
Aldi horretan eta estatuaren esparruan, 2013ko uztailaren 4ko Hitzarmena onartu da, Lurralde Kontseiluarena (Gizarte Zerbitzuena eta Autonomia Pertsonalerako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemarena), mendekotasun-egoeran dauden edo mendekotasun-egoeran egoteko arriskuan dauden hiru urte baino gutxiagoko adingabeentzako arreta osoko planen irizpide komunei, gomendioei eta gutxieneko baldintzei buruzkoa, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzaren 2013ko uztailaren 25 Ebazpenak argitaratutakoa. Autonomia-erkidegoek egiten dituzten Arreta Osoko Planetan aintzat hartu behar dira izenburuan aipatzen diren irizpide komun horiek, eta garatu, eta hala badagokio, zabaldu eta hobetu egin behar dituzte. Hitzarmenak printzipioak eta jarduketa-ildoak azaltzen ditu, hitzarmena argitaratzen denetik hasita urte bateko epea ezarriz, autonomia-erkidegoetako planak egiteko.
Dokumentu horretan irakurritakoa kontuan hartuta, esan dezakegu Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko Eredua bat datorrela azalduko irizpideekin eta jarduketa-ildoekin. Hori dela eta, badirudi ezarritako epean bete daitekeela, baita bere lehen helburuan adierazitako araudiari buruzko atalean ere. Hala ere, egiaztatu beharko da arreta goiztiarreko zerbitzuak arautzeko azkenik onartuko den dekretuak printzipio eta irizpide horiek jasotzen dituela.
Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen araudiaren esparruak, edonola ere, eskubide subjektibo gisa bermatzen du mendekotasun-egoeran dauden edo mendekotasun-egoeran egoteko arriskuan dauden hiru urte baino gutxiagoko adingabeen arreta goiztiarra, hitzarmenaren lehen helburuan eskatzen den bezala, Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan arreta goiztiarrean esku-hartze sozialeko zerbitzua berariaz aitortuz. Oraindik ere egiten ari diren Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zorroari buruzko Dekretuan zerbitzu hori zehazten eta arautzen duen fitxari egindako ekarpenak, hain zuzen, Jarraipen Batzorde Teknikoak egindako beste lan batzuk izan dira.
Azkenik, aipatu behar da, autonomia-erkidegoan arreta goiztiarra arautuko duten dekretuak oraindik onartu ez badira ere, egungo zerbitzuen funtzionamendua aldatu egiten dela lurralde batetik bestera, ondoko puntuetan ikus daitekeen bezala.
2. Familiei helarazten zaien informazioa
Hiru foru-aldundiek familiei arreta goiztiarreko zerbitzua eskatu ondoren zer informazio ematen zaien adierazten digute, zehaztasun handiagoz edo txikiagoz. Kasu guztietan, esku hartzeko planari (adingabeen osasun fisikoa eta psikikoa, helburuak, gurasoen jarrerarako eta esku hartzeko jarraibideak eta abar) nahiz administrazio-gaiei eta prozedura-gaiei (diru-laguntzak, minusbaliotasuna eta/edo mendekotasuna aitortzea eta abar) buruzko informazioa ematen zaie. Hala ere, ez da oso argi geratu nola antolatzen den informazioa eskaera egin aurreko fasean. Informazio horrek hasierako uneetan lagun dezake, eta hainbat profesionalek eta zerbitzuk, benetan eta ikusiko dugun bezala, bideratzen ari direnek, eman diezaiekete familiei.
Arabako Foru Aldundiak ez digu puntu horri buruzko informazio zehatzik eman. Aipatu du osasunaren arloko profesionalek, lehen mailako arretako pediatria nahiz neonatologia eta neuropediatriako zerbitzuetako profesionalek, hezkuntzaren arloko profesionalek eta gizarte zerbitzuetako profesionalek egin dezaketela hautemate goiztiarra, baita gurasoek ere. Halaber, arreta goiztiarrari buruzko “Gurasoentzako eskuliburua” ere ezagutzen dugu. Eskuliburu horretan, Gizarte Ongizaterako Foru Institutuko Balorazio eta Orientazio Zentroa aipatzen da eta kontsultarako eta informazioa jasotzeko leku bat dela esaten da. Hala ere, ez dakigu nork, nola eta zabaltzen eta banatzen den eskuliburu hori edo oro har, nola informatzen duten aipatu “hautemaile” horiek eta nola bideratzen den haietatik. Diputatuen Kontseiluren 24/2013 Foru Dekretuan, uztailaren 23koan (mendekotasun egoera aitortzeko, ezintasuna kalifikatzeko eta garapenaren arazoak edo horiek jasateko arriskua aitortzeko prozedura arautzen duena, baita ere, horrelako kasuetan, Arabako gizarte zerbitzuak eta diru prestazioak jasotzeko eskubidea eta prozedura arautzen duena) irakur daiteke probintzia osoko udal gizarte zerbitzuetan aurkez daitezkeela arreta goiztiarrerako eskaerak, eta baita Balorazio eta Orientazio Zentroan ere. Zentro horretan, ulertu dugunaren arabera, familiei behar duten informazioa ematen zaie, behar adina informazio, baina oraindik ez dakigu nolakoa den eskaera egin baino lehen ematen den informazioa.
Bizkaian, osasunaren arloko, ospitalekoa nahiz ospitalez kanpokoa, eta hezkuntzaren arloko zerbitzuak eta profesionalak aipatzen dira batez ere. Esaten dute familiei informazioa ematen zaiela eta bideratu egiten dituztela, baina baita balorazio-organoaren hileko bileretako batean ezarpen-prozesuetan, informazioa trukatzeko sistemetan, protokoloetan, bideratzeetan eta abarretan aurrerapenak egiten jarduten direla. Horrek pentsarazten gaitu hobekuntza-eremuak bistaratzen ari direla gai horri dagokionez. Gai horren inguruan, gogora ekarri behar da erakunde honek 2010. urtean Basurtoko Ospitalearen (Pediatria Neonatologia) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailaren arteko koordinazio soziosanitarioari buruz egindako ofiziozko jarduketari esker, jarduketa soziosanitarioko prozedura bat jarri zela abian Basurtoko Ospitalean Neonatologia, Pediatria eta Gizarte Laneko sailen partaidetzarekin, gaixoekin komunikazioa eta osasun- eta gizarte-sistemen arteko harremana errazteko.
Gipuzkoan, gaur egun, ez dute dibulgaziozko liburuxkarik sektoreko familientzat eta profesionalentzat, arreta goiztiarra eskuratzeko aukera errazteko. Badakite beharrezkoa dela, baina arreta goiztiarrerako dekretua, berehala onartuko dela uste dena, onartzearen zain egotea erabaki dute, gai horren inguruko azken informazioa gehitzeko. Bizi diren udalerriko gizarte zerbitzuak bideratuta etortzen dira familiak arreta goiztiarrerako balorazio-taldera, pediatrak, ikastetxeko orientatzaileak eta abarrek edo, batez ere, Donostiako Ospitaleko Neuropediatria Zerbitzuak (lehen mailako pediatria zerbitzuek edo ospitale bereko beste espezialitate batzuek bideratuta iritsi dira zerbitzu horretara) balorazio-taldera joateko adierazi ondoren.
3. Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldeak (EVAT)
Araban oraindik ez da eratu Arreta Goiztiarra Baloratzeko Talderik. Gaur egun, Arreta Goiztiarra Baloratzeko Batzordeak egiten du balorazio hori. Lehen puntuan aipatutako Orientazio eta Balorazio Zentroan errehabilitazioan aditua den mediku batek, psikologo batek eta gizarte-langile batek osatzen dute batzorde hori. Adingabeak arreta goiztiarra behar duela aitortu ondoren, batzorde horrek berak haurrak zer behar jakin dituen balioztatzen du, eta zer prebentzio-lanketa eta lanketa terapeutiko behar duen erabakitzen du, eta administrazio-ebazpena egiten du. Ebazpen horretan, gutxienez, tratamendu mota eta tratamenduaren intentsitatea, tratamendua non emango den eta tratamendua berriz noiz aztertuko den jaso beharko da.
24/2013 Dekretuan hau jasotzen da: “Garapen nahasmenduak edo nahasmendu horiek izateko arriskua izatearen baloraziotik eta aurkeztutako txosten medikoetatik ondorioztatuko balitz haurra mendekotasun egoeran dagoela, mendekotasun egoera baloratzeko eskaera ere izapidetuko da, azken balorazio horren emaitzak garapen nahasmenduen balorazioari eta arreta goiztiarren zerbitzurako sarbideari eragin gabe”.
Bizkaiko Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldea 2012ko urtarrilean eratu zen eta 2013ko apiriletik ari da lanean bi lan-talde paralelotan, gai desberdinen eta osagarrien inguruan: kasuen azterketa eta jarraipena, eta eredua ezartzeko jarduketak.
Kasuak ebaluatzeko bilera arruntetan, hauek parte hartzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailetik, Desgaitasuna Ebaluatzeko Ataleko burua eta/edo Ebaluaziorako eta Orientaziorako Zerbitzuko burua, Desgaitasuna Ebaluatzeko Taldeko mediku bat eta bi psikologo; Basurtoko ospitaletik, pediatra bat eta mediku errehabilitatzaile bat; Gurutzetako ospitaletik, pediatra bat eta mediku errehabilitatzaile bat; Haurren Osasun Mentaleko mediku psikiatra bat; eta Hezkuntza Sailetik, hezkuntza-premia berezien 2 aholkulari.
Prozedurako bilera berezietan, hauek parte hartzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailetik, Desgaitasuna Ebaluatzeko Ataleko burua eta/edo Ebaluaziorako Zerbitzuko burua, Laguntzen eta Diru-laguntzen Ataleko burua eta/edo Prestazioen eta Diru-laguntzen Zerbitzuko burua; Basurtoko ospitaletik, bi mediku; Gurutzetako ospitaletik, bi mediku; eta Hezkuntza Sailetik, hezkuntza-premia berezien aholkulari bat.
Desgaitasuna Ebaluatzeko Taldeak arreta goiztiarraren beharra balioztatzen du eta, hala badagokio, 3 urtetik beherako haurren desgaitasun-maila eta mendekotasun-egoera.
Gipuzkoako Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldea iazko irailaren 24an sortu zen, eta hauek osatzen dute: Hezkuntza Saileko hezkuntza-premia berezien bi aholkulari; Osakidetzaren izenean, Osasun Mentalaren Ospitalez Kanpoko Sareko lehen mailako arretako bi pediatra eta haurren psikiatra bat, Donostiako Ospitaleko neonatologo bat eta neuropediatra bat; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Saileko hiru teknikari (mediku bat, psikologo kliniko bat eta gizarte-langile bat).
Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldea sortu zen arte, azken hiru teknikari horiek osatzen zuten arreta goiztiarra ebaluatzen zuen taldea. Haurraren beharrak eta bere ingurunea aztertzen zuten, eta balorazio- eta orientazio-txostenak egiten zituzten, non zehazten zuten zenbat saio eta zer saio mota egin behar zituzten haurrarekin esku hartu behar zuten kabineteek. Adierazten digutenaren arabera, EVAT delakoa eratzen denetik, talde horrek jasoko ditu osasun-, hezkuntza- eta gizarte-esparruek haur bakoitzarekin eta bere familiarekin egin beharreko jarduketak, eta esku hartzeko plana gainbegiratuko du.
4. Arreta Goiztiarrerako Esku Hartzeko Taldeak
Euskal Autonomia Erkidegoan esku hartzeko taldeekin lotutako elementurik azpimarragarriena da hiru eredu daudela, elkarren artean oso desberdinak direnak: zerbitzu publiko bat, kudeaketa gizarte-erakunde batekin hitzartua duena, Araban; banakako diru-laguntzak, lurralde osoan zehar banatutako zerbitzu pribatuetan arreta jasotzeagatiko gastua ordaintzeko, Bizkaian; hitzarmenak gizarte-erakundeekin, kabinete pribatu gutxi batzuetan finantzatutako zerbitzuen bidez osatuak, Gipuzkoan.
Esaten genuen bezala, Araban, Gizarte Ongizaterako Foru Institutuko Balorazio eta Orientazio Zentroko Arreta Goiztiarrerako unitatean egiten da esku-hartzea. Gaur egun, APDEMAk kudeatzen du zerbitzua eta hauek osatzen dute: psikologo bat (eta zerbitzuaren kudeatzailea), bi fisioterapeuta pediatriko eta arreta goiztiarreko hiru teknikari (psikopedagogoak, pedagogoak eta psikologoak). Hizkuntzaren arloko berariazko tratamendu bat behar balitz, ARGIA logopedia-kabinetearekin egindako lankidetza-hitzarmen baten bidez osatzen da esku-hartzea.
Esku-hartzean, haurrari banakako arreta eskaintzen zaio, eta familia orientatu eta aholkatu egiten da. Halaber, haurra garatzen den ingurunean ematen da arreta. Esparru hauetan esku hartzen da, konbinatuta edo bakoitza bere aldetik: erabateko estimulazioa, fisioterapia, logopedia, musikoterapia, hidroterapia.
Kexa-espediente batean esku hartu izanagatik badakigu, arreta goiztiarraren beharra aitortuta izanda, Gasteiztik kanpo bizitzeagatik Orientazio eta Balorazio Zentroko Arreta Goiztiarreko Unitatera joan ezin den kasuetan, foru-erakundeak banakako diru-laguntzak aurreikusten dituela, bai kabinete pribatuetan arreta jasotzeagatik, bai Orientazio eta Balorazio Zentrora saioetara joateagatik, sortzen diren gastuak finantzatzeko.
Bizkaian, berriz, esku hartzeko taldeak Lurralde Historiko osoan zehar banatuta dauden 130 kabinete pribatu inguru dira, nahiz eta herrigune handietan, hala nola Bilbon eta Getxon, ugariagoak izan. Kabinete horietako profesionalen kopurua, prestakuntza eta esparru profesionala desberdina izan daiteke kabinete batetik bestera, baina edonola ere, Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldeak (EVAT) emandako tratamendu motarekin bat etorri beharko dute.
Tratamenduan egindako gastua banakako diru-laguntzen bidez ordaintzen zaie familiei. Diru-laguntza horiek esleitu ondoren, hilero ordaintzen dira.
Gipuzkoan, arreta goiztiarra, neurri handi batean, zerbitzua berariazko programen bidez ematen duten gizarte-erakundeekin hitzarmenak eginez bideratzen da. Hala, berariazko hitzarmen bat dago foru-sailaren eta ASPACE elkartearen artean, eta Osakidetzak ere parte hartzen du. Hitzarmen horren baitan, tratamendu anbulatorioa ematen da: aldian-aldian zenbait profesional espezializatu bisitatzen dira, eta profesional horiek, ikuspuntu integral batetik, haurraren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea lortu nahi dute. Osakidetzaren bidez izapidetzen da programa horren onuraduna izateko eskaera. Foru-aldundiak erabakitzen du egindako planteamenduarekin ados dagoen ala ez eta hitzartutako aldi bereko arretako 50 “plazetako” baterako sarbidea ematen du.
GAUTENAren (nahasmendu espektro autista) eta ARANSGIren (entzumen-urritasunak) kasuan, erakunde horiek beren haur “erabiltzaileekin” egiten dituzten arreta goiztiarreko esku-hartze guztiak foru-sailak bi erakundeekin sinatutako urteko hitzarmenean ezarritako lankidetza-ildoen baitan daude. Egiaz, sailak ez du parte hartzen haurrek arreta goiztiarreko programa horietan sartzeko prozeduran. Halaber, ez du parte hartzen Hezkuntza Saileko Ikusteko Urritasuna duten Ikasleentzako Baliabidetegirako sarbidean (ikusmen-urritasunak). Koordinazio informala du baliabide horretako profesionalekin.
4 kabineteetan (hiru Donostian daude, eta laugarrena, Arrasaten) emandako arretak osatzen du baliabide horrek emandako arreta. Kabinete horietan tipologia hirukoitz bat artatzen da:
Diagnostiko zehatz bat ez duen eta oraindik aztertzen ari diren atzerapen psikomotor bat duten haurrak.
Jada diagnostikatutako sindromeekin (Down sindromea, esaterako) lotutako heltze-atzerapenak dituzten haurrak.
Funtsean prekarietate biologikoagatik (pisu gutxirekin jaiotakoak edo garaia baino lehen jaiotakoak) arriskuan dauden haurrak.
Kabinete horietan, ohikoena da hiru profesional izatea, psikologia klinikoko, pedagogiako, psikopedagogiako eta psikomotrizitateko espezialitateak dituztenak, eta logopedekin eta fisioterapeutekin lankidetzan jardutea. Foru-aldundiko balorazio-taldeak erabakitzen du zer kabinete jakinetara bideratu behar den adingabea eta zenbat saio egin beharko zaizkion, irizpide teknikoak eta gertutasun geografikokoak aintzat hartuta. Familiari datuak ematen zaizkio, eta kabineteari zer kasu iritsiko den jakinarazten zaio.
Hilero, kabineteek faktura bidaltzen diote foru-aldundiari, bideratutako kasu bakoitzean emandako zerbitzuen zenbatekoagatik.
5. Esku hartzeko talde pribatuen baimentzea eta/edo homologazioa; kontrola eta ikuskaritza
Gaur egun, arreta goiztiarrean esku hartzeko zerbitzua ematen duten talde pribatuetako bakar bat ere ez dago formalki baimendua eta homologatua. Hori dela eta, beharrezkoa da zerbitzuen, kasu honetan esku-hartze organoen, betekizun materialak eta funtzionalak araudi baten bidez zehaztea. Lehen puntuan aipatu dugun arreta goiztiarra arautzen duen dekretua egitearen esparruan sartzen da gai hori. Dekretu hori egiten denean, baimenduak eta homologatuak izan nahi duten zerbitzuak ikuskatu eta kontrolatu ahal izango dira.
Hori gertatzen den bitartean, kabinete pribatuetan egiten den lanaren baldintzak eta kalitatea jakinda kontrolatu eta ikuskatu behar dela onartuz, egoera honako hau da:
Araban, ez dakigu ziur Orientazio eta Balorazio Zentroko Arreta Goiztiarreko Unitatera joaten ez diren kasuetan esku hartzen duten kabinete urriak nolabait balioztatzen ala gainbegiratzen diren. Horren urriak izanda, baliteke erabiltzaileek adierazitako asebete-mailak eta beren gertutasunagatik udal gizarte-zerbitzuek haiei buruz dakitenak ematea beren esku-hartzea onartzea behar duten aintzatespena.
Bizkaian, banakako diru-laguntzak emango diren ala ez baloratzeko unean egiten da kontrola. Bizkaiko Foru Aldundiaren 176/2012 Foru Dekretuan, abenduaren11koan, 2013an arreta goiztiarrerako banakako laguntzak arautzen dituzten oinarriak eta laguntza horiek emateko deialdi publikoa onesten dituenean, irakur dezakegunaren arabera, haurra baloratu ondoren, Arreta Goiztiarra Baloratzeko Taldeak (EVAT) familiari arreta goiztiarra behar izatearen agindua ematen dio, beharrezko tratamendu motarekin batera, hautatutako kabinetean tratamenduaren aurrekontua eta hasierako txostena eskatzeko.
Aurrekontuan zehaztu behar da zerbitzuaren onuradunak zer tratamendu mota jakin jasoko dituen, bai eta tratamendu bakoitzeko kostuaren hileko banakatzea ere. Txostenean, bestalde, onuradunak zenbat saio jasoko dituen eta zer tratamendu mota jasoko duen, zer datatan has daitekeen, eta zerbitzua emango du(t)en profesional(ar)en identifikazioa (izena, titulazioa eta elkargokide zenbakia) deskribatuko dira. Balorazio eta Orientazio Taldeak dokumentazio hori aztertuko du, eta egokitasun-txostenak egingo ditu, bai tratamenduarena bai proposatutako profesionalena.
Gipuzkoako Gizarte Politikako foru-sailak ezin hobeto daki zer baldintzetan lan egiten duten lehen aurkeztutako 4 kabineteek (kokapena, zentroaren ezaugarri fisikoak, instalazioak, lan-metodologia, profesionalen zerrenda eta espezialitatea), nahiz eta ez dituen sistematikoki kontrolatzen.
Ez dugu elkarte horiekin hitzartutako zerbitzu hori nola kontrolatzen den adieraz diezagukeen informaziorik, baina espero daiteke kabinete horien urteko ebaluazioan arreta goiztiarreko zerbitzuen balorazioa egitea, ez artatutako pertsona kopuruaren datu kuantitatiboena soilik.
6. Entzumen-urritasunak dituzten haurrei arreta
Adierazten digutenaren arabera, gorreria duten haurrei eta beste patologia batzuk dituzten haurrei emandako arreta funtsean ez da oso desberdina, nahiz eta gorreria dutenei ematen zaienak zenbait bereizgarri izan. Izan ere, entzumen-arazoak dituzten eta inplante klokearra jarrita duten haurrei errehabilitazioko saioak ematen dizkie Osakidetzak 6 urte betetzen dituzten arte. Inplante klokearra duten eta osasun-sistemak arreta hori ematen ez dien haurrei lehen deskribatutako arreta goiztiarreko zerbitzuek ematen diete arreta, bai eta hezkuntza-sistemak ere, eskolatzen direnetik aurrera.
Araban, foru-aldundiak arreta goiztiarra ematen die gorreria edo hipoakusia duten 3 urtera arteko haurrei, audiofonoak nahiz inplanteak jarrita izan. Inplantea jarrita duten 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrei Osakidetzak arreta ematen die oraindik, bai ez audiofonoa eramaten duten haurrei. Audiofonoa duten haurrek hezkuntza-sistemak eskura jartzen dituen baliabideak soilik erabil ditzakete. Lurralde Historiko horretan, ASPASORren lankidetza dute, familiei arreta eskatzeko. Familiei eskolatze motaren inguruko, joan etorri eta abarri buruzko erabakiak hartzeko prozesu osoan laguntzen zaie.
Bizkaian, jada deskribatutako arreta goiztiarra eta Osakidetzak inplantea duten haurrei eskainitako errehabilitazioaz gain, eskolatzen direnetik, hezkuntza-sistemak laguntza artikulatuak ematen dizkie haurrei, 2 urteko eta 3-6 urteko ikasgeletan desberdinak direnak. Bi urtetan eskolatzen direnean, ikastetxean bereziki lan egiten da eta profesionalek ikasgelan esku hartzen dute. Erakunde laguntzaileen artean Ulertuz eta Gregorio Ybarra Elkarteadira azpimarragarrienak. Bi erakundeek dituzte logopedia-errehabilitaziorako berariazko profesionalak, eta aldi berean, ikasleak hezkuntza-esparrutik kanpo ere artatzen dituzte. Horrez gainera, Ulertuz elkarteak Plan Garatu planaren baitan dagoen proiektu batean laguntzen du. Bizkaiko Gorren Koordinatzaileak koordinatzen du proiektu hori.
3 urtetik 6 urte bitarteko aldian, gorreria edo hipoakusia duen ikasle bakoitza testuinguruaren baitan baloratu ondoren (balorazioa ez da haurrak erabiltzen duen protesi motaren araberakoa), kasu bakoitzak zer laguntza arrunt edo berariazko behar dituen zehazten da, bai eta laguntza bakoitzaren maiztasuna ere.
Berariazko laguntza profesionalei dagokienez, Bizkaiko sare publikoko gorreria duten ikasleen taldeen 4 ikastetxeak azpimarra daitezke (Bermeon, Durangon, Bilbon eta Getxon). Ikastetxe horiek berariazko EHI profesionalak dituzte (Entzumena eta Hizkuntza) eta ikastetxeko ikasle gorrekin bakarrik lan egiten dute. Horrez gainera, zeinu-mintzaira hitz egiten duten profesionalak ere badaude laguntzeko, ikasleek curriculuma errazago eskura dezaten. Hala ere, errealitatean, Bizkaiko ikasle gor gehienek ikastetxe arruntetan eskolatzeko erabakia hartzen du, bai sare publikoan bai sare hitzartuan. Kasu horietan, ikastetxeko baliabide arrunten bidez artatzen dituzte, eta tarteka profesional logopeda ibiltariak etortzen dira ikastetxera.
Gipuzkoan, jada esan dugun bezala, Aransgik artatzen ditu gorreria edo hipoakusia duten haurrak. Aransgik arreta goiztiarrerako 3 zentro ditu (Donostia, Bergara eta Tolosa), eta zentro horien bitartez, gorrerian adituak diren irakasleek eta logopedek arreta ematen dute, ibiltaria nahiz iraunkorra, hainbat ikastetxetan. Gizarte zerbitzuek, osasun-zerbitzuek eta hezkuntza-zerbitzuek parte hartzen dute familiak Aransgira sartzeko prozesuan.
7. Arreta goiztiarraren egungo egoera Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskal Autonomia Erkidegoan, arreta goiztiarreko zerbitzuak 0 eta 6 urte bitarteko haurrei ematen zaizkie Bizkaian, eta 0 eta 3 urte arteko haurrei Araban eta Gipuzkoan, nahiz eta bi kasuetan atzera daiteke gehieneko muga hori salbuespenezko kasu batzuetan: Araban, alde batetik, lehen aipatutako 24/2013 Dekretuaren arabera, hezkuntza-sistema orokorrean beranduago sartuko balitz, hain zuzen ere, haurrak garatu dituen nahasmenduengatik. Gipuzkoan, bestetik, zerbitzu horiek jarraitzea beharrezkotzat jotzen denean, esku-hartze denbora luzatzea eska daiteke.
Hiru foru-aldundiek adierazi dute ez dela inoiz izan eta gaur egun ez dela itxaro-zerrendarik. Bizkaian adierazi dute balorazio-eskaerak premiazkotzat hartzen direla eta berehala hasten direla baloratzen; 15-20 egun baino gutxiagoko epeetan hitzordua ematen diete. Gipuzkoan diotenez, kabineteetan ez dago edukiera-arazorik. Izan ere, balorazio-taldeak kasuak kabineteetara bideratzen dituenean, oro har, arreta berehala ematen da.
Artatutako biztanleriaren datuei dagokienez, ez dugu Arabako datu bakar bat ere, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako datu hauek ditugu:
Bizkaia: 1.206 haur. Horrez gainera, beste haur batzuk daude balorazio-prozesuan.
Gipuzkoa: 144 haur, 106 aipatu kabineteetan eta 38 ASPACEn. Ez da eman zenbat haur artatu dituzten Gautenan eta Aransgin.
8. Arreta goiztiarraren antolaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean
Hezkuntza Sailak jakinarazi du lan-talde bat sortu dela duela gutxi, Arreta Goiztiarreko Taldea (AGT) izenekoa. Arreta goiztiarra baloratzeko taldeetako (EVAT) kontsultari guztiek eta Berritzegune Nagusiko Inklusibitate eta hezkuntza-premia berezien koordinatzaileak osatzen dute talde hori, eta aurreikusita dago 2013-2014 ikasturtean zehar Haur Hezkuntzako aholkulariak taldean sartzea.
Berritzegune zonal bakoitzean, hezkuntza-premia berezien aholkularitzetan, arreta goiztiarraren erreferente bat dago. Erreferente horri bere eremuan gai horrekin lotutako jarduketa guztiak sustatzea eta koordinatzea dagokio, esku-hartze esparru global baten baitan.
Ez da amaitu Arreta Goiztiarreko Esparru Programa. Programa horrek saileko jarduketa guztiak uztartuko ditu espazio horretan, baina Eskola inklusibo baten esparruan aniztasunaren arretarako plan estrategikoko jarduketen baitan sartu da.
Azkenik, jakinarazi digute 2011-2012 ikasturtetik aurrera hainbat prestakuntza-jardunaldi egin direla hezkuntza-premia berezien aholkularitzekin, haur etapako aholkulariekin, Haurreskoletako profesionalekin, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleekin eta kontsultariekin, Pedagogiako irakasleekin, Terapeutikakoekin eta abarrekin. Gorreria duten ikasleekin berariaz lotuta, iazko irailaren 5ean, Ikasle gorrak hezkuntza-etapa guztietako hizkuntzen curriculumean sartzeko programa aurkeztu zen
Azalpen horren ondorio gisa, eta hasiera batean azaldutako gai kezkagarri berriz helduz, hau esan dezakegu:
1.
Urrats garrantzitsuak ematen ari dira Euskal Autonomia Erkidegorako Arreta Goiztiarreko Ereduan jasotako proposamenak eta aurreikuspenak gauzatzen, EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioaizeneko txosten bereziaren 11.22. gomendioan proposatzen zen bezala. Aurrerapen horien adierazle nagusiak dira arreta goiztiarra arautzeko dekretua jada oso aurreratua dagoela, bai eta PAINNE proiektu pilotua ere. PAINNE proiektuak ereduaren orientabideak garatzen eta praktikan jartzen ditu. Aurrerapenak izaten ari direla igartzen da, baita dekretu arauemaile onartzearen zain egon gabe ere, hala nola Bizkaian eta Gipuzkoan arreta goiztiarra baloratzeko taldeak abian jartzea.
2. Garaia baino goizago jaiotako haurrak edo pisu gutxirekin jaiotakoak egungo arreta goiztiarreko zerbitzuen hartzailetzat hartzen dira, foru-aldundiek emandako erantzunaren arabera, eta egiatan, artatuak izaten ari dira. Horrez gainera, helduaurrekotasuna arreta goiztiarrean gizarte esku-hartzeko zerbitzuak artatzen dituen egoeretako bat dela esaten da, 2011ko Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegorako Arreta Goiztiarreko Ereduan nahiz Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta zerbitzu Zorroari buruzko dekretuaren zirriborroaren ondoko bertsioetan. Bi dokumentuetan, bestalde, arreta goiztiarra diziplina artekoa eta osokoa dela nabarmentzen da, eta horrela definitzen da: 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduriko esku-hartzeen multzoa, diziplina arteko osasun-, hezkuntza- eta gizarte-ikuspuntu batetik, helburutzat nahasmenduak dauzkaten haurrek beren garapenean agertzen dituzten, edo horiek pairatzeko arriskua duten, premia iragankor edo iraunkorrei ahalik eta lasterren eta osorik erantzutea duena.
Bestalde, erreparatu arreta goiztiarreko zerbitzuaren hartzaileen definizioan 0 eta 6 urte arteko haurrei buruz hitz egiten dela, Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroari buruzko dekretua egiteko prozesu osoan eta bere ondoko zirriborroetan, bai eta arreta goiztiarra arautuko duen dekretu arauemailearen zirriborroan ere. Beraz, Araba eta Gipuzkoa lurralde historikoetan arreta goiztiarraren hartzaileak 0-3 adin-tartean daudenak badira ere (salbuespenekin, lehen esan dugun bezala), gehieneko adina automatikoki handitu egingo da dekretu horiek onartu eta indarrean jartzen direnean, 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbitzuenak, zerbitzu horri eskubide subjektiboaren izaera ematen baitio.
3. Txosten bereziko 6.1. gomendioarekin lotuta, ez da igarri azken urteetan arreta goiztiarreko zerbitzuen aurrekontu-zuzkiduretan atzera egin denik, eta horrek esan nahi du, gutxienez, zerbitzuak mantentzen ari direla. Bestalde, hainbat proiekturi bultzada eman zaie, eta badirudi proiektu horiek laguntza goiztiarra bultzatzen lan egiten duten eragile guztien interesa pizten hasi direla. Proiektu horietako bat da, esate baterako, PAINNE delakoa (Premia bereziak dituzten haurrei arreta osoa emateko prozesua), eta bere bereizgarrietako batzuk dira, besteak beste, prebentziozkoa eta jasangarria izatea, eta behar adina araudiz hornitzeko egin duten lan handia eta lortu duten erakundeen babesa.
4. Aipatzen ari garen txosteneneko 11.11. gomendioan eskatu zen mendekotasun-egoeran dagoen adingabe orori, nazionalitatea edo aurretiko administrazio-egoera zein den alde batera utzita, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemarako sarbidea bermatzeko. Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak jakinarazi digunaren arabera, eskaera hori aintzat hartu da, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren azken zirriborroko egungo 9. artikuluan berariazko atal bat sartu da gai horri buruzkoa. Hau esango luke atal horrek:
Euskal herri-administrazioek Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako (SAAD) prestazioetarako eta zerbitzuetarako sarbidea bermatuko diete:
a)
Mendekotasun-egoeran dagoen edo mendekotasun-egoeran egoteko arriskuan dagoen adingabe orori, edozein nazionalitate edo aurretiko administrazio-egoera izanda ere, eta bere gurasoen administrazio-egoerak ez du oztopatuko eskubidearen titulartasuna lortu ahal izatea, ez eta administrazio-egoera arruntean epe jakin batean ez ziurtatzeak ere.
b)
(…)
5. Kexen xede izan diren edo gizarte-egiturako erakundeek adierazi dituzten gaietatik, hau esan dezakegu:
Tartean sartuta dauden eragile guztien ustez, komenigarria da familiei informazioa emateko dokumentu bat izatea, baita, besteak beste, Gipuzkoaren kasuan ere, non oraindik ez dagoen eskuragarri. Kasu honetan, zentzuzkoa dirudi dekretu arauemailea eskuetan izateko zain egon nahi izatea, dokumentu hori egiteko eta bertan ahalik eta informaziorik eguneratuena jartzeko, eta beti hori berehala gertatuko dela aurreikus daitekeenean.
Ez da aipatzen gaur egun itxaro-zerrendarik dagoenik.
Ezin da esan baliabide estandarren esleipenik dagoenik. Izan ere, banakako arreta-plan baten esparruan edo arreta pertsonalizatuko plan baten esparruan zehazten da esku-hartzea, nahiz eta maiztasun eta intentsitate ohikoenak agintzen diren. Horrek, berez, ez digu jardunbide oker baten berri ematen, baina bereziki adi egon beharko da, agindu horiek haur bakoitzaren beharrei erantzun diezaieten.
Esku hartzeko zerbitzu pribatuen egokitasuna kontrolatzeko eta bermatzeko, dekretu arauemailea onartzearen zain egon beharko dugu. Izan ere, dekretu horretan zehaztuko dira zerbitzu horien betekizun materialak eta funtzionalak. Dekretu hori onartzean, interesgarria litzateke eskatzen duten erakundeak egiaztatzeko eta homologatzeko prozesuak bizkortzea, kalitate-irizpide horiek, bai baldintza materialenak, bai profesional eskudunenak, bai esku-hartze eraginkorrenak, aintzat hartuko dituen arreta-sistema bat antolatzea.
Bestalde, bermatu beharko da esku hartzeko taldeen banaketa orekatua dela lurralde osoan, edozein titulartasun izanda ere.
Nahiz eta ezin den esan audiofonoak daramatzaten haurrak diskriminatu egiten direla inplante klokearra duten haurren aurrean, esan dezakegu praktika hobeak egin daitezkeela. Premia berezia duten haurrei arreta osoa emateko prozesuan azaltzen diren integraltasuneko, jasangarritasuneko eta eraginkortasuna hobetzeko irizpideekin bat eginez, desiragarria izango litzateke gaur egun osasun-sistemak emandako errehabilitazioa jasotzeko aukera ez duten audiofonodun haurrentzako neurriak egitea. Bestalde, eta baldin eta arreta hori hezkuntza-sistema formalak bakarrik ematen badu, kontuan izan beharko dira eskolarik gabeko aldiak eta estimulaziorik jaso gabe egoteari irtenbidea bilatu beharko zaio, egokitzat jotzen diren neurrien bidez (beste profesional batzuek ematea arreta hori, familiekin edo gizarte-erakundeekin lankidetza areagotuz....).
Premia bereziak dituzten haurrei emandako arreta goiztiarraren erronka nagusienetako bat da zenbait agenteren eta sistemen jarduketa integratua, koordinatua eta koherentea lortzea, bai une jakin batean haietako batzuen partaidetzaren laguntzaz, bai prozesu batean jarraian, non joan-etorriek funtsezko garrantzia hartzen duten. Ziur esan dezakegu oro har ereduaren diseinuak nahiz protokoloak, prozedurak eta abar zehazteko ondoko lanek ezinbesteko betekizun hori kontuan hartzen dutela, baina jakinda batzuetan hori gauzatzea zaila dela, arreta goiztiarreko zerbitzuen erabiltzaileak diren haurren familiekin egindako egiaztapenetan erreparatu egingo diogu.