2.5. Osasuna
Esparru honetan, alderdiek eskatuta egindako kexa gehienak osasun-sistema publiko orokorraren funtzionamenduari buruzkoak dira, baina berezitasun bat dute, kaltetutako pertsonak haurrak edo nerabeak dira: itxaro-zerrendak, desadostasunak emandako tratuarekin eta abar. Hala, ez da beharrezkoa orain eutsiko diogun ohiko txostenaren II.12. atalean jasotakoak ez diren beste azalpen batzuk ematea.
Era berean, araudiaren inguruko berrikuntza nagusiak osasun-sistema publiko orokorraren esparruan egin dira, eta oraindik onartuta ez badago ere, azpimarragarria da Haurren eta nerabeen psikiatria espezialitatea aintzat hartu izana Osasun-zientzietan espezializatutako osasun-prestakuntzako sistemako ardaztasuna eta beste alderdi batzuk arautzen dituen Errege Dekretuaren Proiektuan. Kolektibo profesionalek, zientzia-elkarteek eta gizarte-erakundeek behin eta berriz eskatu zuten espezialitate hori aintzat hartzea.
Aipamen horren bidez, haurren eta gazteen osasun mentalaren arloan sartzen gara. Urtero eskaintzen dizkiogu paragrafo batzuk gai horri, osasun-arazo mota horiek dituzten haurrek eta nerabeek zaurgarritasun handia baitute.
Bulego honen 2012ko txostenean, Osakidetza-Euskal Osasun Sistemari egindako gomendioa jasotzen zen. Gomendio horren bidez, Osakidetzari eskatzen zitzaion nortasun nahasmenduak dituzten pertsonei –gure biztanleria gazteari bereziki eragiten diete nahasmendu horiek– arreta emateko berariazko programak egitea eta hartzea, sektore arteko lanketa terapeutikoa oinarri dutenak eta egiaztatutako eraginkortasuna dutenak, laguntzaren kalitatea areagotze aldera eta, horrenbestez, nahasmendu horiek dituzten gaixoen eta beren familien bizi-kalitatea hobetze aldera.
Arartekoak eskatzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoan nortasun nahasmenduetan espezializatutako unitate bat abian jartzeko eguneko ospitaleko modalitatean. 2008. urtetik zegoen eginda unitate hori egiteko proiektua, baina haren ezarpenak ez zuen inolako aurrerapenik izan azken lau urteetan, ezarpen horren alde behin eta berriz agertu bagara ere. Bere erantzunean Osakidetzak hitzeman zuen “nortasun-arazoak dituzten nerabeentzako Eguneko Unitateak sortzeko proposamenak” baloratuko zituela eta ziurtatu zuen “aurreikusteko modukoa dela urtebeteko epean abiaraztea”.
Osasun Sailak duela gutxi esan digunez, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, ikerkuntzaren eta esku-hartze ildo berrien garapenaren arloan, nortasun-nahasmenduei partzialki edo guztiz lekua ematen dieten programa batzuk abiarazi ditu, bai tratamenduari bai jarraipenari dagokionez; besteak beste, nerabeentzako eguneko unitatea, ospitale horretako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko 8 klinikok osatutako taldeak, O. Kemberg-ek gainbegiratuta, egindako transferentzia-psikoterapia, eta jokabide-terapia dialektikoko trebetasunetako talde egonkorrak. Baieztatu du horren bitartez Bilbo Handiko eskualdean dauden nortasun-nahasmenduen zati handi bati arreta ematen diotela.
Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren ustez, hilabete batzauk barru “ospitale guztiek paziente eta senideei zuzendutako informazio-foiletoa izango dute, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko informazioan oinarritua, eta Lurralde Historiko bakoitzari egokitua.”
Orain dela gutxi jakinarazi digute Basurtuko Psikiatria Zerbitzuak egindako protokoloaren transmisio bat egon dela. Adierazi digunez, “protokolo horrek gomendioetan aipatutako kontuei heltzen die: patologiari buruzko informazioa, azterketa, eskuragarri dauden tratamenduak, patologiarekin berarekin lotutako gatazken aurkezpeneko gertaerak eta haien ebazpen arrazoitua. Kontsultatutako zerbitzuetan, berezkoak dituzten ezaugarriei protokoloak gehitu eta egokitu zaizkie. Uste dugu lehendik antzemandako harreman-arazoak hobetu direla, kontu gatazkatsuak hobeto mugatu direlako eta gaixoak hasieratik bertatik parte hartu duelako”.
Gainera, Osakidetzak hauxe adierazi zuen: arlo horretako profesionalak prestatzean, “bateratu egingo dira, Psikiatriako Zerbitzua duten Ospitale Orokorretan eta Osakidetzako Ospitale Psikiatrikoeten, arauak ez betetzeagatik helburu terapeutikoekin alta emateko arrazoiak. Horrela, jasota geratuko da pazienteak beren asistentzia-eskubide guztien jabe izango direla, eta arreta jaso ahal izango dutela: bai presako patologiagatik, edozein unetan; bai ingresua eragin zuen patologiagatik, pazienteen tratamenduan inplikatutako zentro guztiek zehaztu beharreko epe batean.”
Halaber, patologia horrekin lotuta, 2013. urtean, AVATI-Nortasun nahasmenduak dituzten kaltetuen eta haien familien euskal elkartearekin lankidetza-dinamika bati ekin zitzaion. Elkarteak funtzio psikosoziali, psikohezitzaile eta autolaguntzailea du. 40 familia bazkide artatzen ditu, eta 120 familiak baino gehiagok informazioa eta aholkularitza eskatzen dute. Elkarrizketan gai hauek aipatzen dira batez ere:
Esaten dute Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoak nortasun nahasmenduak tratatzen dituzten profesional bikainak dituela, baina oso gutxi direla. Gainerako profesionalek prestakuntza falta dutenez, zailtasunak izaten dira diagnostiko egokia emateko.
Ezinbestekotzat jotzen dute sistemak arazoari heltzean ereduari edo paradigmari buruzko erabaki bat hartzea (dialektika-konduktuala, analitiko funtzionala eta abar), profesionalak prestatzeko, zehaztasun metodologikoekin bukatuz.
Krisi-egoeren arretan profesionalak gehiago inplikatzea eskatzen dute. Ohartarazten dute nahasmendu horiek dituzten pertsonek krisi-egoeretan zigortuak izan daitezkeen egintzak egiteko eta beren burua zauritzeko (gaixotasun horiek dituzten biztanleriaren artean suizidioen indizea 50 aldiz handiagoa da nahasmendu horiek ez dituen biztanleriaren artean baino; oso egoera arriskutsuetan jartzeko joerak ere ugariagoak dira gaixotasun hori duten biztanleriaren artean) arriskua erreala dela. Horrenbestez, krisi-une horietan arreta handiagoa eta gaixoari gehiago eustea eskatzen dute (oro har, krisi-une horiek ez dute egun edo bi baino gehiago irauten). Oro har, despertsonalizazio-egoerak dira eta larritasun izugarria sortzen dute.
Ezinbestekotzat jotzen dute, krisiei aurre egiteko protokoloak hainbat neurri aintzat hartzea:
Krisian, gaixoari eustea. Egoiliarraren giza kalitatearen arabera, pertsona gaixoaren sufrimendu-maila handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Funtsezkoa da alderdi hori azpimarratzea.
Poliziaren esku-hartzea beharrezkoa den kasuetan, agenteak uniformerik gabe bertaratzea. Esku-hartze horietan laguntzeko erizainak izatea.
Beharrezkotzat jotzen dute osasun-sistema publikoak protokolo bat izatea, muturreko nortasun nahasmenduetan gaixoak bere buruaz beste egiteko arriskua dagoenerako.
Psikoterapia-baliabide gutxi daudela irizten dute. Familia horien uste, “botikek ez itotzen laguntzen dute, baina ez igeri egiten”.
Oso kezkatuta ageri dira nortasun nahasmendua duten gero eta gazte gehiago baitaude, etxean bakartuta egoten dira ordenagailuaren aurrean, eta ustekabean, kanpora ateratzen dira eta egoera lazgarriak sortzen dituzte. Azpimarratzen dute garrantzitsu adela oinarrizko gizarte zerbitzua keta esku-hartze hezitzaileko taldeak inplikatzea, alertako oinarrizko tresna gisa.
Beharrezkoa irizten diete fase goiztiarretan arreta sustatzeari eta hezkuntzaren esparruan prestatzeari, berritzeguneen jarduketaren bidez.
Premiazkotzat jotzen dute erakunde honek lehenago aipatutako ebazpenean eskatzen duenaren antzeko unitateak sortzea hiru lurralde historikoetako bakoitzean.
Osasun Sailak eta Osakidetzak aipatu Ebazpena betetzeko eman zituen urratsak baino lehen egindako gai horiek kontuan hartuta, beharrezkoa izango da elkartearekin berriz egiaztatzea.
Elkartearekin egindako bileren esparruan, bestalde, salatzen zuten adingabe arau-hausleentzako sartze-baliabideetan ez zegoela legeak eskatzen dituen sartze terapeutikorako lekurik. Baliabide horien ardura duen Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko informazioa bilduta, elkarteari jakinarazi genion nola antolatzen zen nerabeen osasun mentala gazteen justizia-sisteman.
Zumarragoko Ibai-ondo zentroan sartze terapeutikorako lekurik zegoen ala ez zegoen galdetu genienean, erantzun ziguten, epaitegiek sartze terapeutikoko neurria ezar dezaketen heinean, formalki ezarri dela neurri hori betetzea bermatuko dela, Ibai-ondoko jarduerako talde oso bat neurri hori betetzeko gordez (7-8 pertsona). Hala ere, egiatan, ez da oso ohikoa neurri hori ezartzea. Zergatik?
Talde psikosozialak oso argi eduki behar du (epaileak oso aintzat hartzen du talde horren txostena), eskuarki, adingabeak lanketa terapeutikoa behar duela argi eta garbi adierazten duten aurrekariak edo historiala daudelako. Historial hori ez badago, txostenak egin ahal izateko behaketa-aldia ez da behar bezain luzea adingabeak zer osagai psikopatologiko duen zehaztu ahal izateko.
Adingabeak izan ditzakeen “onurak” (esate baterako, baimenak) lortzeko baldintza gehiago bete behar dira sartze terapeutikoko neurri bat bada, beste sartze mota bat bada baino.
Bestalde, epaileek badakite kasu guztietan behaketa- eta diagnostiko-fase bat dagoela (4 aste gutxi gorabehera). Fase horren ondoren, ondorioztatu bada gazteak lanketa terapeutiko bat behar duela, esparru hori aintzat hartzen dituzten ekintzak ezarriko dira esku-hartzeko plan pertsonalean. Eta hori neurriak terapeutiko adjektiboa duen edo ez duen alde batera utzita. Seme-alabek gurasoen aurka egindako indarkeria delituengatik etortzen diren neska-mutilen kasua izango litzateke adibiderik argiena: Gazte horietako bakar bati ere ez zaio ezartzen sartze terapeutikoko neurririk, baina denei jartzen zaie lanketa terapeutiko bat beren esku-hartzeko planean (familia-sistemarena, kasu gehienetan), behaketa-fasearen ondoren.
Edonola ere, zerbitzu horietan lan egiten duten profesionalek ikusten dutenaren arabera, mutilak (eta gero eta neska gehiago) gero eta gaizkituagoak etortzen dira, eta horrenbestez, oso ohikoa da (eta gero eta gehiago egiten da) osasun mentalaren esparruan esku hartzea. Horiek horrela, zer erantzun eman dezake gazteen justizia-sistemak?
Lanketa terapeutikoa beharrezkoa dela erabaki ondoren, esku-hartzeak antolatzen dira, osasun mental publikoko eta pribatuko baliabideen bidez: Fundación Lagungo, Hobetzen programa, Familia-terapiako Euskal Elkartea, Hirusta, CSM Ajuriagerra, Biko Arloak… Eskatzen duten kasu guztietan ematen da arreta terapeutikoa, nahiz eta formatua desberdina izan, nerabea dagoen sartze-erregimenaren arabera (I., II. edo III. mailako zentroa),
Ibai-ondo I. mailako zentroa da, eta horrenbestez, mugimenduak egiteko murrizte handiak dituzte. Osasun mentaleko arazoak honela artatzen dira bertan:
Lehen mailako arretako mediku batek eta erizain batek egunero artatzen dute kontsultan (1-2 ordu). Profesional horren iritziz, egoiliar batek psikiatriako kontsulta behar balu, psikiatrari jakinaraziko dio eta hura zentrora etorriko da.
Hilean behin psikiatriako kontsulta dago, gutxienez. Horrez gainera, lehen esan dugun bezala, lehen mailako arretako medikuak eskatzen duenean ere etortzen da.
Zentroko bi psikologo plazetako batek klinikan espezializatutako psikologoaren profila du. Egiaz, egun Ibai-ondon lan egiten duten bi psikologoak daude klinikan espezializatuta.
Eta egia esan, lehen esaten genuen bezala, Ibai-ondon sartuta dauden gazteen esku-hartzeko plan askotan dago sartuta lanketa terapeutikoa, eta ez plaza “terapeutiko” bat okupa dezaketenen planetan soilik.
Haur eta gazteen osasun mentalaren esparruko azken gai azpimarragarria jatearen nahasmenduekin dute zerikusia. ACABE BIZKAIA. Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Bizkaiko Elkartearen arabera, gero eta adingabe gehiagok dute nahasmendu hori, eta emakumeak izaten dira batez ere. Aurten lankidetzan hasi gara elkarte horrekin. Elkarte horren ustez, osasun mentaleko zentroek (bai haurrenak eta gazteenak, bai helduenak), oro har, arreta egokia ematen dute, eta profesionalek inplikazio handia dute arazo horrekin. Hala ere, zenbait hobekuntza-arlo aipatu dituzte, bai eta zenbait alderditan arreta ez dela nahikoa ere:
Ezin dira egoki artatu euskal osasun-sisteman larritasun handiagoko kasuak ospitaleratzearen bidez. Zerbitzu hori dagoenez, ez dago hitzarmenik beste erakundeekin, hala nola Institut de Trastorns Alimentaris erakundearekin, arreta egoki bat bermatzeko. Erakunde horrek, beste autonomia-erkidego batzuekin hitzarmena eginda duenak, ospitaleratzea eta gaixoa dagoen fasearen araberako gainbegiratze-mailak dituzten tutoretzapeko etxebizitzen sare bat du.
Arretaren kalitatea murriztu egiten da, gaixoa helduarora iristen denean.
Beharrezkoa litzateke psikologiako profesionalen lan terapeutikoa areagotzea, psikiatrek egindako lan garrantzitsua osatzeko. Familiekin egindako lan terapeutikoan eta jantokiko zerbitzuan (nahasmenduari aurre egiteko beharrezko jarraibideak ikasteko) berariaz behar dela aipatzen da, ez baitute horrelako profesional bakar bat ere.
Unitate espezializatu bat sortzeko eskatzen dute.
Jatearen nahasmenduen eta nortasun nahasmenduen komorbilitatea oso ohikoa denez, Arartekoak gomendatutako eguneko ospitalea, aurreko paragrafoetan aipatu dena, nahasmendu horiei heltzeko urrats garrantzitsu bat izango zela irizten dute.
Gaixotasun kronikoak dituzten adingabeei dagokienez, aurten Bulegoaren 2012ko txostenean azaldu genuen informazioa eguneratuko dugu, zehaztasun handiagoz. Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei oro har eragiten dieten gaiei buruz, edonola ere, informazio zehatzagoa ematen da ohiko txostenaren gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei buruzko atalean.
Metabolismoaren sortzetiko gaixotasunei dagokienez, 2013ko urtarriletik aurrera Osakidetzaren jaioberrientzako baheketa programan bost gaixotasun berri sartzeko proiektua egon arren –Homoszitinuria, Astigar Xarabearen Gaixotasuna (MSUD), 1 motako azidotasun glutamikoa (GAI), azidemia isobalerikoa eta kate luzeko gantz-azidoen Acil CoA deshidrogenatuaren eskasia (LCHADD), praktikan ez dira sartu. Osasun Sailak jakinarazi 2014ko otsailean sartzea aurreikusita dagoela.
Prebalentzia baxuko gaixotasunei dagokienez, aipatu behar da urteko azken egunetan Euskal Autonomia Erkidegoko gaixotasun arraroen erregistroaren sorrerari eta funtzionamenduari buruzko dekretua onartu zela. Gaixotasun arraroetarako estrategiaren Euskal Autonomia Erkidegoko ekintza-planaren (Euskal Autonomia Erkidegoko gaixotasun arraroak hobeto ezagutzeko, artatzeko eta arlo horretako ikerketa hobeto koordinatzeko neurrien multzoa, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasunerako Ministerioak Osasun Sistema Nazionaleko Gaixotasun Arraroen Estrategiarekin lotuta aurkeztutako 2011/2012 Lanerako Plana oinarri duena) helburuetako bat zen erregistro hori sortzea.
Linfedemak dituzten pertsonen kolektiboak jakinarazi ditu aurrerapen nabarmenak egin direla bigarren mailako linfedemaren arretan, baina ez dela gauza bera gertatu lehen mailako linfedemari emandako arretan. Bulegoaren aurreko txostenean azaltzen zen bezala, linfedema haurtzaroan diagnostikatu ohi da, eta diagnostikorik eta ondoko tratamendurik gabe, gaixoaren bizi-kalitateak nabarmen egiten du okerrera.
Aurten, Osasun Sailari behin eta berriz esan diogu beharrezkoa dela linfedema duten pertsonen taldeak egindako proposamenak aintzat hartzea, pixkanakako gaixotasun kroniko hori prebenitze aldera (gaixotasun horren gradurik aurreratuenari eta larrienari elefantiasis esaten zaio), eta baita komenigarria dela Best Practice Guide for the Managemente of Lyphedema europar praktika klinikoko eskuliburuari, gaur egun gure inguruneko hainbat herrialdetan erabiltzen denari, behatzea. Kolektiboak azpimarratzen du beharrezkoa dela osasun-sistema publikoak gaur egun ordaintzen duena baino gehiago ordaintzea beharrezko neurriak eta atzandelak, profesional prestatuek egindako drainatze linfatikoaren saioen kopurua handitzea, eta lehen mailako linfedemaren kasuen jarraipena eta tratamendua bermatzea.
Azkenik, aipatu behar dugu aurten kexa bat jaso dugula, Dravet sindromea duen adingabe bati egindako mendekotasunaren balorazioaren emaitzarekin ados ez egoteari buruzkoa. Patologia horren berri eman genuen Bulegoaren iazko Txostenaren II. kapituluko 2.2.4. atalean. Mendekotasun-egoeran dauden adindunei eta pertsonei buruzko ohiko txostenaren III.11. kapituluan luze eta zabal azaltzen da egungo balioztapen-baremoa aplikatzeak eta baloratutako pertsonen laguntza- eta gainbegiratze-beharrak kontuan izanda ulertezinak diren mailakaketei buruzko hautemateak –gurekin informazioa alderatzeko aukera ematen diguten sare publikoko osasunaren arloko langileek edo gizarte-langileek adierazten dutena– ematen dituzten emaitzen inguruko erakunde honen kezka.