2.4. Kultur jarduerak, kirola eta aisia
Nahiz eta azken urteetan gazteen lonjetatik zetozen zaratekin lotutako kexak areagotzen ari, 2013an egin dira gai horrekin lotuta kexa gehienak. Txosten honen II. kapituluaren 1. atalean, Ingurumen (zaratak: kutsadura akustikoa) izeneko epigrafean, jasota badaude ere, jolas- eta kultura-jardueren esparruan lonja horiei buruz hitz egingo da, gazteentzako topagune eta aisialdirako leku gisa zer-nolakoak diren azpimarratzeko xedez.
Nerabeen eta gazteen taldeek merkataritzako lonjak biltzeko eta aisialdirako lokal gisa erabiltzea gure udalerrietan indarra hartzen ari den errealitate bat da. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako azterketa batzuen arabera, lokal horien erabilera mota hau sendotzen ari da euskal gazteen artean elkargunerako eta aisialdirako espazio nagusi gisa. Hala ere, nahiko berria den fenomeno horrek eztabaida ugari sortu ditu: aisialdiko jarduera horrek ingurumen-kontrolarekin, eraikinetako segurtasunarekin eta lokal horiek behar dituzten arriskuen prebentzioarekin behar bezala bat datorren ala ez.
Gai horien inguruko azterketa zehatzago bat egiteko, ofiziozko espediente bat egiten hasi da. Horren bidez, gazteen aisialdiko jarduera hasiberri horren gizarte- eta zuzenbide-testuinguruari buruzko eta jarduera horrek eragin ditzakeen arazoak kontrolatzeko udalek dituzten aukerei buruzko informazioa bildu nahi da. Hori guztia, lonjen erabiltzaileen, lonjen jabeen, inguruko auzokoen eta tokiko administrazioen eskura gai horien inguruko irizpide eta printzipio orokor batzuk ezartzeko. Xede horrekin, informazioa bildu da lonja mota horien funtzionamendua arautzeko dauden udal mekanismoei buruz, eta segurtasun-, higiene- eta intsonorizazio-neurrien inguruan eskatutako gutxieneko baldintzei buruz. Horrez gainera, interesgarria da kontrolatzeko eta ikuskatzeko funtzioak, inguruko auzokoen salaketak jasoz gero udalak aurreikusitako jarduketak eta inplikatuek eta kaltetuek eskura dituzten udal informazioko zerbitzuak nola betetzen diren ikusteko egin den azterketa.
Ikerketako esparru berean, 2013ko azaroaren 14an EUDELek eta Arartekoak elkarrekin antolatutako jardunaldian parte hartu genuen “Gazte lokalak: Horien erabilpenerako eta giza bitartekaritzarako udal jarduketak”. Topaketa horretan, euskal udaletako 100 ordezkari eta teknikari baino gehiagoren aurrean ezagutzera eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoan udalek gazteen lonjen erabilera arautzeko eta manatzeko, lonja horiek hiri-ingurunera egokitzeko eta gazte erabiltzaileen eta auzokoen elkarteen artean bitartekaritza-lanak egiteko egindako erreferentziazko jarduketen adibideak.
Ondorioak ateratzeko gaude oraindik.
Eskolako kirolaren esparruko kexek elementu bera izan dute 2013. urtean: kirol-eskaintza diseinatzean eta kirolaren praktika antolatzean genero-berdintasuneko irizpideen aplikazioa oraindik eskasa izatea.
2013ko ekainaren 19ko Ebazpenean (Horren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari gomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarrai joka daitezen) irakur daitekeen bezala, Donostiako gurasoen talde batek Arartekora jo zuen kexa bat aurkeztera. Guraso horien seme-alabek (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. maila) beren ikastolako taldean parte hartzen zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako Eskolako Kirola programako jardueretan, eta azaltzen zutenaren arabera, programa horretan ospatutako futbol-partidak Kontxa hondartzan jokatzen ziren, baldin eta mutilen taldeen edo talde mistoen artean jokatzekoak baziren. Nesken taldeen arteko partidak, aldiz, Añorgako eta Puioko futbol-zelaietan jokatu behar ziren, praktikan aplikatutako antolaketa-irizpideen arabera. Guraso horien ustez, nesken arteko lehiaketak gizarte-ikusgarritasun gutxiagoko lekuetara zokoratzen ziren horrela, eta botere publikoen jarduketan nagusi izan behar duten errespetuaren eta genero-berdintasuna sustatzearen irizpideen aurkakoa zen hori.
Gure ebazpena eman ondoren, Donostiako Udala, arazoaren konponketan inplikatua zegoena, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia bat etorri ziren gure ebazpenaren oinarri zen analisiarekin, eta bereziki esanguratsua izan zen foru-erakundearen erreakzioa, kontuan izandako Eskolako Kirola Programan zer-nolako garrantzia duen bere lanak. Ondorioztatu zuen erabilitako irizpideek ez zutela inolaz ere arrazoitzen Eskolako Kirola Programaren esparruan futbolean jokatzeko espazioak sexuaren arabera bereizita erabiltzea, eta bi konpromiso hartu zituen: batetik, futbolean jokatzeko espazioen erabileran sexu-arrazoigatiko bereizketa eraginkortasunez kentzeko beharrezko neurriak abian jartzea ahalik eta eperik laburrenean; eta bestetik, oro har neskek egiten duten kirolari eta, batez ere, nesken arteko futbolari, ikusgarritasun handiagoa emateko ekintza positiboak abian jartzea programa horretan esku hartzen duten gainerako eragileekin batera, espazio eta presentzia publiko handiagoa lortzen joan dadin.
Arartekoaren 2013ko apirilaren 22ko Ebazpenean (Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailari hainbat neurri gomendatzen zaizkio Eskola Kirola Programan kimu-kategoriako kirolarientzat “errendimenduko” emakumezkoen ligarik ez dagoelako) planteatzen den egoeran, ama batek azaltzen zuen bere 11 urteko alabak ez zuela futbolean bere adin bereko mutilen baldintza beretan jokatzeko aukerarik. Izan ere, kimu-kategoriako mutilek “errendimenduko liga” batean parte har dezakete, baina kategoria horretako neska futbolariek ez dute horrelako aukerarik. Egoera hori ikusita, erreklamatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiari baimen berezi bat eskatu zion, bere alabak haur-kategoriari zegokion emakumezkoen ligan parte hartu ahal izateko, adinarengatik bigarren urteko kimua izan arren. Adierazitakoaren arabera, ez zuen inolako erantzunik jaso.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako erantzuna aztertzean, 125/2008 Dekretuan(“eskolako kirola ikasleen hezkuntza osoko prozesuaren baitan uztartu behar da, hezkuntza-sistemaren helburu orokorrekin bat, eta ez du lehiaketara bakarrik bideratuta egon behar”) ezarritako printzipioei buruzko hausnarketa osatzeko, aipatu jarduketaren analisian genero-ikuspuntua aintzat hartu ez izanaren falta igarri zen, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, eskatzen duen bezala. Izan ere, politika publikoak diseinatzeko eta gauzatzeko garaian, beharrezkoa da aintzat hartzea zenbait esparrutan genero baten nahiz bestearen presentzian orekarik ez izatea pertsonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko oztopo bat dela, gizarteak esleitzen dizkien egoeretako eta roletako sexismoaren ondorio bat izateaz gain.
Kasu honetan antolamendu juridikoak eskatutako genero ikuspegia gaineratzeak, gure ustez, bi kontu dakartza berekin:
Alde batetik, nesken kirolaren antolamendua bideratzeko beharra eta, bereziki, kimu-kategoriako futbola, haien egoera eta itxaropenak kategoria bereko mutilek dituztenekin guztiz parekatu dadin, hau da, baita kirola errendimenduko edo lehiaketako kirolera bideratzen hasteari dagokionez ere.
Bestalde, ondoriozta dezakegu ukatze hori zeharkako diskriminazioa dela, 4/2005 euskal legearen 3.1. b) artikuluan deskribatuta azaltzen den moduan. Hain zuzen ere, foru erakundeak printzipioz neutroa eta zuzena den irizpide bat aplikatzeak, hau da, kimu-eta benjamin-kategorietako kirolarien artean kategoria aldaketarik ez baimentzeak -salbuespenak izan ezik- praktikan eragin zuen neska horrek, sektore maskulinotu batean, bere kategoria bereko mutil batek dituen aukera berak ez izatea. Egoera horrek, eskola kirola erregulatzen duen araudiaren babesean, eskatutako moduko kategoria aldaketa bat eskuratzeko aukera eskaintzen duen salbuespenezko egoera justifikatzen zuen.
Horren ondorioz, gomendagarria litzateke foru-aldundiak aintzat hartzea irizpide hori, etorkizunean jaso ditzakeen antzeko eskaerak ebazterako garaian, azaldutakoa bezalako beste bereizketa batzuk berriz gerta ez daitezen.