2.2. Familiak
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
Kexetan gai berdinak planteatu dira behin eta berriro eta aurreko urteetako txostenetan aurkeztuta daude. Gauza bera esan daiteke erakunde honek emandako gomendioei eta ondorioei buruz ere; hori dela eta, oso labur aipatuko ditugu (sakonago aztertzeko, ikus ohiko txosteneko III.1).
Jasotako kexa asko eta asko seme edo alaba bakoitzeko laguntzen kudeaketa arazoez izan ziren, (seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak arautuak); eskaria egiteko dauden arazoei lotutakoak izan ziren asko eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko agiriak aurkezteko tramiteei lotutakoak ere bai. Seme-alabekiko familiek euskarri ekonomiko unibertsala izateko baldin badira laguntza hauek, laguntzok emateko sistema automatizatua beharko litzateke eta ofizioz hasi eta horretarako, euskal administrazioetan dauden datuak eta agiriak erabili beharko lirateke. Horretarako, laguntzen prozedura berri bat sustatu beharko litzateke, seme-alabak jaiotzen direnean edo adoptatzen direnean automatikoki eman ahal izateko, eta gurasoek laguntza horiek eskatzeko epe eta modu bat ez izateko, gaur egun bezala.
Bestalde, zerga sistema ere tresna erabilgarria izan beharko litzateke familia egoera desberdinentzako laguntza publikoa artikulatzeko.
Beste gai bati buruz ere behin eta berriro egon dira kexak: banaketa kasuetan zaintza ez duten gurasoei familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak ez zaizkiela aitortzen, alegia
. Ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoak dio banaketa egonez gero, legezko zaintza behar dela laguntzaren onuraduna izateko, seme-alabak zaintzen dena-delako denbora igaro arren; zaintzeko behar den denbora horren ondorioz, lanaldia murrizteko eskatu behar izaten da batzuetan eta horrek laguntza eskatzea justifikatuko luke. Eusko Jaurlaritzako eskumendun sailari planteatu zitzaion eskaria, baldintza hau malguagoa izan zedin eta seme-alabekin igarotzen den denboraren arabera egin dadin, eta adierazi digute dekretu horren erreforma aurreikusita dagoela eta ohar hauek aztertuko liratekeela beste batzuekin batera, irekiko den prozesuan.
Guraso bakarreko familien kexak jasotzen jarraitzen dugu, haien familia estatusa onartua izateko eta seme-alabengatik dagozkien hobariak eskuratzeko zailtasunak dituztelako, kontuan izanda familiako titular bakar bat seme-alaben arretaz eta hezkuntzaz arduratzeak dakarren zailtasun erantsiak. Gure toki-administrazioetan familia horiek oso modu desberdinetan onartzen direla igarri dugu (bereziki udal-kiroldegien esparruan). Izan ere, kasu batzuetan guraso bakarreko familien berezitasuna erabat onartzen eta aintzat hartzen dute, baina beste batzuetan ez dute errealitate hori inola ere ezagutzen, eta horrek kalte nabaria eragiten die mota horretako familiei. Horrek guztiak pentsarazten digu euskal herri-administrazio guztiek berdin onartu behar dituzten familien kategoriak zehatz-mehatz erregulatu behar direla –familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea garatuz–, familia horiei emandako tratuan justifikatu ezin diren desberdintasunak ezabatzeko, egoera ahulagoan edo larriagoan daudenei kalte nabarmena eragiten baitiete.
Araudizko testuinguruari dagokionez, esan beharra dago Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapeneko Zuzendaritzak, EAEn familiak babesteko politika publiko autonomikoak zuzendu eta ezartzeko eskumendun organoak, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III Plana (2011-2015) delakoan aipatzen diren jarduera eremu eta ekintza estrategiko batzuei lehentasuna ematea erabaki duela eta 2013-2016 legealdirako 16 ekintza estrategiko aukeratu ditu. Ekintza estrategiko horiek 32 neurriri lotuta daude eta honakoei dagozkie batez ere:
Bizitza pertsonala, familia eta laneko bizitza uztartzea.
Sektore pribatuko enplegurako neurriak
Sektore publikoko enplegurako neurriak
Neurri esperimentalak
Gizarte aitorpenerako neurriak
Guraso izatearen ariketa positiboa
Belaunaldien arteko solidaritatea
Diru-laguntzak
Zeharkako ekintza batzuk ere sartu dira, hala nola, erakunde arteko lan mahai bat sortu (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta EUDEL), edo lehentasuna duten ekintzak garatzeko eta ebaluatzeko txostenak egin.
Azkenik, eta familiei laguntzeko politika publikoei buruzko atal hau amaitu aurretik, gai honi buruzko aparteko txostena gogoan izan behar da; 2012ko txostenean aipatu genuen nola hasi zen eta ia amaitzear dago, beraz, datozen hilabeteetan diagnostiko sakona izango dugu eta EAEko familia politikak gugandik gertuen dauden europar herrialdeetakoekin alderatuko ditugu; era berean, Euskadiko familien eskari eta beharrei euskal botere publikoek ematen dieten erantzuna hobetzeko gomendio multzo bat ere emango dugu.
2.2.1. Zaintza partekatuaren inguruko eztabaida
Arartekoaren erakundeak gai honi buruz parte hartu duen foro, topaketa eta jardunaldiei dagokienez, 2013an zaintza partekatuari lotutakoa dago; gai honen inguruan gizartean nolabaiteko tira-bira egon da, Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko ekimen legegile bat egon delako. Hain zuzen ere, 2013ko abenduan, ekimen hori zela-eta eta Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordeak hala eskatuta, Arartekoak legebiltzarreko agerraldian kontu horren inguruan erakunde gisa zein jarrera daukagun adierazteko aukera izan du. Arartekoaren 1/2010 Gomendio Orokorrak luze jaso du erakunde honek horri buruz daukan jarrera: laburbilduz, bikotea hautsi eta gero seme-alabak zaintzeko araubidea erregulatzerakoan, funtsezkoa da desadostasunez egonez gero bikoteak seme-alabak zaintzeari eta hezteari dagokienez –hautsi baino lehen, hautsi bitartean eta hautsi eta gero– bizi dituen baldintza errealak era objektiboan argitzeko prozedura bat ziurtatzea. Horren xedea da adingabearen interes gorena eta bi gurasoen berdintasunaren eta erantzukizun partekatuaren helburua bateratzea ahalbidetzen duen zaintza-araubidea ezartzea, apriorismorik gabe, araubide horrek –ez da hori ahaztu behar– halaber seme-alaben bizi-baldintzak hobeto garatzen laguntzen baitu, funtsean.
Zentzu horretan, honelako legezko erregulazio bat nahiago dugu: aldeen arteko akordioaz haraindi joaten dena (jakina, akordio hori gailenduko litzateke, egonez gero) eta organo judizialari, hala balegokio, partekatutako zaintza dekretatzeko aukera ematen diona, era nahikoan familia-egoera zehatzaren inguruabar guztiak neurtu ostean kargura dauden adingabeentzat, haien egonkortasun afektibo eta materialerako eta, azken finean, bi gurasoekin egoteko eskubiderako hobe izango dela uste duenean.