4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko espedienteak
Aurreko urteetan bezala, 2013an ofiziozko zenbait jarduketa eraman ditugu aurrera, atxiloketa zentroen egoera eta atxiloketarekin zerikusia duten jardunak egiaztatzera bideratuak.
Era berean, ofiziozko espedienteak izapidetu ditugu Bergarako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin, kexa anonimo baten ondorioz; izan ere, salaketa horretan adierazten zen diskoteka batean makrofesta bat ospatuko zela establezimenduak baimenduta zeukan edukiera laukoiztuz. Bi administrazioekin egindako gestioen ondoren, azkenean, ekitaldia beste establezimendu batera lekualdatu zen.
4.2. Txosten berezien jarraipena
Atxiloketa zentroetara egindako ikuskapenek eta kexen tramitazioak ahalbidetu digute arlo honi lotutako aparteko bi txostenen jarraipena egitea. “Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” (1991) eta “Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan” (1998ko txostena, I.1. kapitulua, 1.6. atala).
“Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” txostena betetzearen inguruan egin dugun balorazioa hurrengo 4.4. atalean laburbilduta dago.
“Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan” txostenaz denaz bezainbatean, ez-betetzeak ikusten jarraitzen dugu jardun diskriminatzaileak aurrera eramatearekin zerikusia duten zenbait alderdiei dagokienez: agenteek pertsonei ematen dieten tratua, haiekin harremanetan jartzeko modua, esku-hartzeak ez arrazoitzea, lekukoen aurrean duten jarrera, identifikazio profesionalaren zenbakia emateko ukoa eta eztabaida adierazpenen aurrean duten erantzuna [(8 a), b) eta e) gomendio zehatzak].
4.3. Gomendio orokorren jarraipena
Aurten izapidetu ditugun kexek eta atxiloketa zentroetara egin ditugun ikuskapenek ahalbidetu digute urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren jarraipena egitea. Agiri horretan laburbildurik daude Arartekoak segurtasunaren arloan egindako gomendiorik gehienak; horietariko batzuk aurreko beste gomendio batzuetan dute jatorria, bai eta gorago aipatutako txosten honetan ere: “Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan”.
Gauzak horrela, garrantzi handiko gabeziak ikusten jarraitzen dugu polizi jardunen barne ikerketetan (II.1.1. atala). Polizi jardunarekin zerikusia duen zigor kausa baten tramitazioan babestutako ikerkuntza faltak eta ikerkuntza ez-nahikotasunak bere horretan dirauten arazoetariko batzuk dira. Halaber, egiaztatu ahal izan dugu jarduketa protokolo argiek eta zehatzek ezarri gabe jarraitzen dutela eremu honetan.
Oraindik ere ez da betetzen funtzionario polizialek jantzi polizialean identifikazio zenbaki bat edo erreferentzia bat erakusteko egin dugun gomendioa (V. atala). Berriro ere adierazi behar dugu zenbakiak ikusgai egon behar duela, inolako zalantzarik sortu gabe, herritarrak agenteekin normalean erlazionatzen diren distantziatik. Berriro ere adierazi behar dugu Ertzaintzak ez duela eskakizun hori betetzen, jantziei erantsi zaien identifikazio zenbakia ia-ia ezin bereiz baitaiteke agenteengandik hurbil-hurbil egonda ere, haren neurria txiki-txikia izateaz gainera, kokapena batere egokia ez delako.
Halaber, prebentzio eta kontrol mekanismoak ezartzeari dagokionez, ez-betetzeak izaten dira, nagusiki halako kasuetan: indarra erabiltzen denean, bide judizialean lehendabiziko unetik faltatzat hartzen diren edo zigor jurisdikzioak faltatzat ere jotzen ez dituen bidegabekeriengatiko atxiloketak izaten direnean, argiketen edukia zehazten denean gertakariak zehatz-mehatz islatu gabe, agenteek jasotzen dituzten kexak izaten direnean edota atzerritarrekiko jardun diskriminatzaileak izaten direnean (II.2, II.1.2 eta V
I. atalak).
Atxiloketa zentroetara egindako ikuskapenek ahalbidetu digute, aldi berean, aipatutako gomendio orokorraren III. atalaren jarraipena egitea, bai eta “Atxiloketa inkomunikatuaren eremuko bermeen sistemari eta horiek hobetzeko proposamenei buruzko azterlanean” ezarritako zenbait gomendiorena (2010. urteko txostena) eta “Polizi bulegoetako erregistro pertsonalaren diligentzia” izeneko gomendio orokorrean egindakoena ere (2011. urteko txostena). Orobat, 4.4. epigrafean labur-labur jaso dugu jarraipen lan horren emaitza.
Trafikoaren azpiarloan jarraitzen dugu egiaztatzen zigor prozeduretan jasotzen den motibazioak ez dituela beti betetzen honako gomendio honetan jaso genituen eskakizunak: “Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko zigor prozeduretan aurrezarritako modeloen araberako tramitazioa: defentsa eskubidearekin zerikusia duten zenbait arazo” (2003. urteko txostena).
4.4. Ikuskapen bisitak
2013an Bilboko Ertzaintzaren eta V
itoria-Gasteizko Udaltzaingoaren atxiloketa zentroak bisitatu ditugu. Bi zentroen instalazioek, oro har, jarraitzen dute euren zeregina betetzeko egokiak izaten. Hala eta guztiz ere, udaltzaingoaren zentroak ez du adin txikikoak jagoteko gela zehatzik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak ezartzen duenari jarraiki (17.3. artikulua). Atxilotutakoei ematen zaien jatekoa ere egokia da.
Bi zentroek atxiloketaren bideo-grabazioaren sistema bat dute. Ertzaintzaren sistemak oinarri-oinarrian erantzuten dio 2006. urteko txostenean aztertutako ereduari (I. kapitulua, 7.1. atala); gure ustetan, sistema horrek ez ditu betetzen eraginkorra izateko behar izango lituzkeen baldintza guztiak, betiere urriaren 6ko 81/1999 Gomendioak zehaztutakoari jarraituz (1999. urteko txostena, II. kapitulua, 7.2.A atala). Udaltzaingoaren zentroa ere ez zaio guztiz egokitzen gomendioari. Zentroetariko bakar batek ere ez ditu txertatu, oro har, atxiloketen bideo-grabazioari buruzko proposamen berriak, hain zuzen ere, “atxiloketa inkomunikatuaren eremuko bermeen sistemari eta horiek hobetzeko proposamenei buruzko azterlanean” (2010. urteko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.8. atala) jasotakoak. Halaber, ez dute bermatzen grabatutako materiala gordetzea, betiere grabatutako jarduketetatik sor litezkeen ustezko administrazio eta zigor erantzukizunak preskribatzeko gehieneko epearen barruan, eta, ondorio horiei dagokienez, ez dute kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeko erakundeen jarduketa epea, hala nola Arartekoarena; hori guztiori guk aldarrikatzen ditugun irizpideetatik aldentzen da eta mekanismo horren bermea mugatzen du.
Bi zentroetan ikuskatu genituen atxiloketak, oro har, modu egokian oinarriturik zeuden, haien erregistroak zuzen beterik eta egindako diligentziak arrazoizko epeetan bideraturik. Hala eta guztiz ere, eskubideen inguruko informazioa emateko kontsultatu genituen aktek ez zituzten betetzen Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluak ezarritako eskakizunak; izan ere, atxiloketa arrazoitzen zuten gertakarien kalifikazio juridikoaren berri ematen zuten, baina ez gertakariena. Hori Ertzaintzaren atxiloketa zentroetan ohiko jarduna da eta horren inguruko ohartarazpenak egiten ditugu urtero-urtero, baina aferak zuzendu gabe jarraitzen du.
Udaltzaingoan kontsultatu genituen atxiloketen erregistroetan ez zen jasotzen epaitegiari egindako jakinarazpena; dirudienez, hori hala da jakinarazpena egunean behin egiten delako eta une horretan dauden atxiloketa guztiei eragiten dielako. Gure irudiko, jarduteko modu hori ez zaio inola ere urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrari lotzen; izan ere, gomendioaren arabera, jakinarazpena ahal denik eta azkarren egin beharra dago eta aipatutako erregistroetan dokumentatu (III.4 eta III.6 atalak).
Atxiloketa egin duten agenteek argiketan izan beharreko agerraldia batera egiten da V
itoria-Gasteizko Udaltzaingoaren zentroan eta ez banaka; hori ere aipatutako gomendiotik aldentzen da (II.2.3. atala).
Atxiloketaren egintza izaten denean, ez zentro batean ez bestean ez zaie atxilotutakoei ematen eskubideei buruz ahoz jakinarazten zaien informazioa jasotzen duen agiririk, ez eta eskubideei buruz informatzeko aktaren kopia bat ere. Halaber, atxilotutakoei ez zaie laguntza letraturik ematen atxiloketaren lehendabiziko momentutik (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.1 eta III.2 atalak).
Ertzaintzaren zentroan atxilotutakoari ziegetara sartzean egiten zaion gorputz araketan, arau orokor gisa, jantziak kentzen zaizkio atalka, barruko arropa eta guzti, betiere kasu bakoitzean izaten diren zirkunstantziak kontuan hartu gabe eta neurriaren proportzionaltasunari buruzko aldez aurretiko eta banakako gogoetarik egin gabe. Zentro honetan bakar-bakarrik jasotzen da oro har zein izan den egindako gorputz araketa, zehatz-mehatz nola egin den eta zeintzuk izan diren modu horretan egiteko arrazoiak zehaztu gabe. Udaltzaingoari dagokionez, ez da jasotzen nola egin den, ez eta zeintzuk diren modu batera edo bestera egiteko arrazoiak ere. Batean zein bestean jarduteko bi molde horiek gure gomendioetatik aldatzen dira (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra eta “Polizi bulegoetako erregistro pertsonalaren diligentzia”).