4.Beste jarduera batzuk
Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
Urtarrilean, ASVE Asociación Solidaridad Vasco-Ecuatoriana deritzan elkarteak “Araba bizia” izeneko ekitaldia antolatu zuen, krisi garaiko bizikidetzaz eztabaidatzeko. Arartekoak bertan parte hartu zuen, Arabako gizarteko beste sektore batzuetako ordezkariekin batera.
Otsailaren 7an Donostiako Rotary Club-en egindako afari-solasaldi batean izan zen. Bertan, krisi garaiko gizarte-eskubideak izan ziren hizketa-gai.
Martxoan Sabadellgo Síndic municipal de Greugesekin eta Panteres Grogues elkartearekin bildu zen, Rainbow europar proiektuen berri emateko.
Apirilaren 10ean, Andaluziako Herriaren Defendatzaileak eta Arartekoak Krisi Ekonomikoari eta Eskubide Sozialei buruzko alde biko II. Topaketa egin zuten, Sevillan. Gizartea babesteko sistemari eta adin txikikoei dagozkien berariazko gaiak jorratu ziren bertan.
Maiatzaren 10ean, arartekoak “Gizarteratzeko ditugun erronkak” izenburuko hitzaldia eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Gipuzkoako Berritzeguneen bitartez, antolatu zituen jardunaldi hauetan: Hezkuntza Berriztapen Proiektuen XII. Jardunaldiak: eskola inklusiboak eraikitzen proiektuen bidez.
Maiatzaren 16an, arartekoak hitzaldi bat eman zuen Bartzelonan lesbiana, gay, bisexual eta transexualen (LGBT) eskubideen arloan egin diren aurrerapauso eta atzerapausoez. Hitzaldi hori GAG, ACATHI eta FLG erakundeek antolatu zuten eta Bartzelonako Udalaren laguntza izan zuen.
Ekainaren 1ean, Gesto por la Paz koordinakundeak Bilbon egin zuen agur ekitaldian parte hartu zuen.
Era berean, ekainean, HURKOA fundazioak antolatutako ikastaroan esku hartu zuen, honako izenburuko ponentziarekin: “EAEn buru-osasunari ematen zaion arreta, erronkak eta aukerak”.
Transexualen Espainiako Elkarteak (AET-Transexualia) hainbat sari banatzen dizkie transexualen alde egindako lanagatik nabarmentzen diren pertsonei eta erakundeei. Sari horietako bat jaso zuen arartekoak uztailean, Madrilen, norberaren konpromisoari emandako saria, hain zuzen.
Irailaren 19an, Sartu Fundazioak bere 25. urteurrena ospatzeko antolatu zituen jardunaldiotan parte hartu zuen: “Gizarte inklusibo baten erronka”. Arartekoak hitzaldi hau eskaini zuen: “Krisi garaian, giza eskubideak inklusio-politikaren oinarri”.
Irailaren 27an, Espainiako Herriaren Defendatzailearen 30. urtemuga oroitzeko ekitaldira joan zen eta ponentzia hau eman zuen: “Giza eskubideak babesten dituzten erakundeen geroko erronkak”.
Urriaren 4an Donostiako Udalak antolatutako jardunaldi hauetan parte hartu zuen: “HERRITARRAK ETA PARTAIDEtzA POLITIKOA. Beharrezkoa al da herritarrek udal esparruan zuzenean parte hartzea?”. Arartekoak ponentzia hau eskaini zuen: “Partaidetza politikorako eskubidea bermatzea”.
Urrian, Helduen Hitza-La Voz de los Mayores elkartearen ekimenez, arartekoak hitzaldi hau eman zuen Donostiako Aieteko Kultura etxean: “Adinekoak gizarte berri baten aurrean”.
Azaroan, “Hirugarren sektorea Estatu sozial berriaren euskarri” izenburuko ponentzia eman zuen Boluntariotzaren Udazkeneko XVIII. Eskolan. Eskola hori Espainiako Boluntariotzaren Plataformak antolatu zuen, Madrilgo Erkidegoko Boluntariotzaren Erakundeen Plataformarekin (FEVOCAM) elkarlanean.
Abenduan, Patologia Dualari buruzko Euskadiko IV. Jardunaldiak itxi zituen. Jardunaldiok Galdakao-Usansolo ospitaleak antolatu zituen Bizkaiko Buru Osasunaren Sarekoa baita.
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak:
Maiatzaren 30ean, genero-indarkeriaren kontrako II. Biltzar Nazionalean esku hartu zuen Bilbon.
Ekainean, Emakumeen Eskubideen Auzitegiari buruzko saioetan parte hartu zuen. Saio horiek Bizkaiko Abokatuen Elkargoak antolatu zituen.
Irailaren 25etik 27ra Ombudsmana eta demokrazia deritzan Nazioarteko II. Biltzarra egin zen Madrilen. Bertan, autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen aldeko hitzaldi hau eman zuen: “Más es más”.
Azaroaren 11n eta 12an, “Generoagatiko jazarpena eta asilo eskubidea. Emakumeak joan-etorrian” gaiari buruzko II. Biltzarra egin zen Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Hango mahai-ingurua aurkeztu zuen eta moderatzaile-lanak egin zituen. Biltzar horren bidez, salerosketaren biktima diren eta Espainiara iristea lortzen duten Saharaz hegoaldeko emakumeen errealitatea aztertu nahi zen.
Azaroaren 26 eta 27an, Valedor do Pobok honako jardunaldi hau antolatu zuen Santiagon: Nerabeen arteko genero-indarkeria. Teknologia berriak tresna gisa. Arartekoaren ondokoa bertan izan zen.
Orobat, abenduaren 3an, Bilboko Arenalean izan zen, Ezgaituen Nazioarteko Egunean. Ekitaldi hori Ezgaitu Fisikoen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (FEKOOR) antolatu zuen.