1.Arloa kopurutan
Arlo horretan guztira 18 kexa-espediente berri ireki zituen 2013. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzea onartutako guztien %0,67. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 5
– Kultura, industria eta arte ondarearen babesa 5
– Kirol jarduerak 4
– Herritarren hizkuntz eskubideak justizia administrazioarekiko harremanetan 2
– Beste alderdi batzuk 1
– Herritarren hizkuntz eskubideak euskal administrazioekiko harremanetan 1
Herritarren erreklamazioen gehiengoak, berriz ere, botere publikoekin harremanetan euskaraz ezin jartzeari buruzkoak izan dira, eta erreklamazio horietatik eratortzen da hobekuntza-marjina handiena Justizia, Osakidetza eta Segurtasun Administrazioaren inguruan dagoela. Hala ere, azken esparru horretan ez bezala, non ezin den esan aurrerapen esanguratsurik egin 2013. urtean, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak abian jarritako planek euskalduntzeari bultzada eman diote zalantzarik gabe, esku-hartze publikoa eta gizarte-adostasuna horrenbeste behar duen testuinguru batean.
Arlo honetan aurkeztutako gainerako erreklamazioak, alde batetik, udal-zerbitzuetan euskaraz artatuak ez izateagatik aurkeztu dira; eta bestetik, herritarrek Erregistro Zibilean izan dituzten arazoengatik, bai euskal izenak inskribatzeko, bai izena edo abizenak euskal ortografiara egokitzeko prozeduretan izandako atzerapenen ondorioz. Kexa horiekin guztiekin lotuta, dagozkien botere publiko guztiek emandako laguntza eskertu behar dugu, helarazi dizkiegun problema oro konpontzeko arretaz lan egin baitute.
Kultura-ondasun izendatzeko ondasunak identifikatzea eta hautatzea izan da arlo horretako beste jarduketa-esparru bat, partikularrek edo herritarren ekimenek eskatuta, gure kultura
-ondarea zaintzeko. Hiru alderditan esku hartu behar izan dugu, hain zuzen, gai horri dagozkion balorazio-irizpideetan, herritarren parte-hartzean eta izapideen epeetan, bai Eusko Jaurlaritzako Kultura
Sailean bai Donostiako Udalean.
Arlo honetan jasotako gainerako kexen artean, kirol esparruan planteatutakoak azpimarra daitezke, kasu guztietan kirol egokituaren eta eskolako kirolaren ingurukoak izan direnak. Gai horretan, bestalde, genero-ikuspuntua indartzeko gure gomendioak harrera bereziki ona izan dute.
Urtean zehar izapidetutako kexei dagokienez, txosten hau amaitzean egoera honetan zeuden:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
36 | 15 | 19 | 15 | 4 | – | 2 |
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Arreta elebiduna Orioko eta Usurbilgo bake-epaitegietan
Salatutako egoera: Usurbilgo eta Orioko alkateek batera jo zuten erakunde honetara, bere herritarrek Justiziaren aurrean bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea erreklamatzeko. Azaltzen dutenaren arabera, bi udalerrietako bake-epaitegiez arduratzen den Bake Epaitegietako Idazkarien Taldean hutsik geratu zen prozesu-kudeatzailearen eta administrari-idazkariaren kargua erretiroagatik. Ordura arte, euskaldun batek betetzen zuen kargu hori. Haren ordez izendatutako pertsonak, ordea, gaztelaniaz bakarrik artatzen zituen bere epaitegietako erabiltzaileak. Arazoa Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrean planteatu zuten, baina sailaren erantzuna indarreko lanpostu-zerrendari (LPZ) lotu zitzaion, zerrenda horren arabera, kargu horren hizkuntza-profil elebiduna ez baitzen derrigorrezkoa izango 2015eko urtarrilera arte.
Arartekoaren esku-hartzea: Herri Administrazio eta Justizia Sailak berretsi zigun erretiratutako idazkari-kudeatzailea ordezkatzen zuen pertsonak ez zuela hizkuntza-profilik ziurtatuta, hark ez bezala. Hala ere, irizten zuen haren izendapenak, kargua funtzionario titular batek okupatu arte aldi baterakoa zenak eta zegokion lan-poltsan lehentasun-ordenari jarraiki egin zenak, indarrean zeuden betekizunak betetzen zituela. Nahiz eta zegokion lanpostu-zerrendak euskaran prestakuntza-maila handia eskatu postu horretarako, ez zuen ezartzen prestakuntza hori egiaztatzeko betebeharra 2015. urtera arte.
Sailari azaldu genion udalerri horietan Bake Justizian langile euskaldunak izateko eskaera arrazoizko aldarrikapen bat dela, bai eta denboran zehar etengabe egin dena ere. Bestalde, hizkuntza-normalizazioaren esparruan araudiak egiten dituen bi aurreikuspen aipatu genizkion, gure ustez, erretiratu zen pertsona aldi batera ordezkatzeko kontuan hartu behar izan zirenak:
Batetik, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren bigarren tarte-esaldia. Horren arabera, hizkuntza-profilak egiaztatzeko gerora ezarritako data horiek betetzat joko dira, Idazkarien Talde horretan gertatu zen bezala, aipatzen den lanpostuaren titularrak esleitutako derrigortasun-data baino lehen egiaztatu izan balu profila.Horren bidez, lortu nahi da lanpostu edo zerbitzu jakin batean eskuratu den arreta elebidunaren mailak atzera ez egitea.
Bestalde, zer euskara maila duen kontuan izanda, profila ziurtatu behar den datara iritsi arte geratzen den denboran esleitutako profila lortu ezin duen pertsona bat lanpostu bat betetzeko izendatzea eragozten du araudi horrek. Logikoa dirudi aurreikuspen hori egiteak. Izan ere, bestela, izendapen horrek eragingo lukeen legezko arazoa une horretara arte atzeratzen ariko ginateke soilik.
Arazo bera dela eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Saileko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzara jo genuen.
Emaitza: Planteamendu hori kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak aipatu Bake Epaitegietako Idazkarien Taldeari zegokion lanpostu-zerrenda aldatzeko espedientea hasi zuen, 2015. urtera itxaron arte talde horretan idazkari-kudeatzaile kargua betetzen duenari herritarrak euskaraz artatzeko gai izatea eskatzeko xedeetarako derrigorrezkoa den bezala. Era berean, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren aldeko txostena izan zuen horretarako.
2.2. Kirola egiteko espazio publikoen esleipenean genero-berdintasunerako irizpideak
Salatutako egoera: Guraso talde donostiar bat joan zen kexa aurkeztera Arartekora. Guraso horien seme-alabek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasketak egiten ari ziren, eta beren ikastolako taldearekin parte hartzen zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako Eskolako Kirol jardueretan. Azaltzen zutenaren arabera, programa horretan ospatutako futbol-partidak Kontxa hondartzan jokatzen ziren, baldin eta mutilen taldeen edo talde mistoen artean jokatzekoak baziren. Nesken taldeen arteko partidak, aldiz, Añorgako eta Puioko futbol-zelaietan jokatu behar ziren, praktikan aplikatutako antolaketa-irizpideen arabera. Guraso horien ustez, nesken arteko lehiaketak gizarte-ikusgarritasun gutxiagoko lekuetara zokoratzen ziren horrela, eta botere publikoen jarduketan nagusi izan behar duten errespetuaren eta genero-berdintasuna sustatzearen irizpideen aurkakoa zen hori.
Arartekoaren esku-hartzea: Arartekoa gogoeta egiten hasi zen gai horren inguruan Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta gogoeta egin ondoren 2013ko ekainaren 19ko Ebazpena eman zuen. Ebazpen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari gomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarrai joka daitezen.
Emaitza: Bi erakundeak bat etorri ziren gure ebazpenaren oinarri zen analisiarekin, eta bereziki esanguratsua izan zen foru-erakundearen erreakzioa, kontuan izandako Eskolako Kirol Programan zer-nolako garrantzia duen bere lanak. Ondorioztatu zuen erabilitako irizpideek ez zutela inolaz ere arrazoitzen Eskolako Kirol Programaren esparruan futbolean jokatzeko antolatzen ziren espazioak sexu-arrazoiagatik bereizita erabiltzea, eta bi konpromiso hartu zituen: batetik, futbolean jokatzeko espazioen erabileran sexu-arrazoiagatiko bereizketa eraginkortasunez kentzeko beharrezko neurriak abian jartzea ahalik eta eperik laburrenean; eta bestetik, oro har neskek egiten duten kirolari eta, batez ere, nesken arteko futbolari, ikusgarritasun handiagoa emateko ekintza positiboak abian jartzea programa horretan esku hartzen duten gainerako eragileekin batera, espazio eta presentzia publiko handiagoa lortzen joan dadin.
3.Gizarte- eta araudi-testuingurua
Gure autonomia-erkidegoan euskarak diglosia-egoera bizi du gaztelaniarekiko. Egoera horretan, gero eta nabarmenagoa da euskararen jakintza eta bere erabilera eraginkorra Administrazioan ez datozela bat, bai barne-prozesuetan bai herritarrekin dituzten hartu-emanetan. Horrela eman du aditzera Europako Kontseiluko Aditu Batzordeak Eskualdeko Hizkuntzen edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunari buruz egindako Espainiaren egoerari buruzko azken txostenean, eta horrela izan dela adierazi dute arlo horretan herritarrek urtean zehar aurkeztu dituzten kexek.
Ideia hori bera izan zen gogoan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen erabilera Planifikatzeko IV. Aldiaren (2008-2012) ebaluazioan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Sailak Eusko Jaurlaritzan uztailean aurkeztu zenean.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterketa garrantzitsu bat argitaratu zen: «Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia”.
Atal honetan, azterketa horretako ondorio batzuk errepikatu nahi izan ditugu, kontuan izanda gure jardueran esparru horretan jasotako kexak zer-nolako testuingurutan gertatzen diren deskribatzeko erabiltzen duen birtualtasuna, kexa horietako bakoitzarentzat ematen ditugun konponbideez harago. Halaber, erakunde honek bere azken txostenetan adierazitako ondorioekin bat datozelako errepikatu nahi ditugu, iazko urtean argitaratutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren datuek ere berretsitakoekin:
Gure txosteneko datuek erakusten dute EAEko egoera soziolinguistiko orokorra gaztelaniaren aldekoa dela, hainbat modutan: a) biztanleriaren zati bat, soilik, da gai bi hizkuntzetan; b) gai direnen gehiengoa hobeki aritzen da gaztelaniaz; c) publikoki, euskara aldekoen eta mesfidatien arteko tirabiran kokatzen da, gehiengo batentzat erakargarri eta eztabaidaezin bihurtzen duen sari edo abantaila sozialik gabe.
Guzti horri gehitu behar zaio, gure gizartean eguneroko harremanetan gaztelania erabiltzen dela, eta harreman horiek elebidunak izateko arazoak eta lan eskerga egon daitezkeela. Horregatik, bi lan-ondorio –edo hipotesi sendo– atera ditzakegu:
1. Benetako arriskua dago, egungo gizarte-elebitasun desorekatuaren egoerak euskara bazterrean eta atzera bueltarik gabe uztea, urteen poderioz.
2. Errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak, indarrean dagoen araudian aurreikusten badira ere, txostenaren hasieran aipatu dugun moduan.
Informatzen ari garen urtearen erdialdean, bestalde, datu eguneratuen bidez egungo hizkuntza-profilen arteko egokitze-maila eta profil horiek eskatzen diren lanpostuetan garatutako funtzioak ezagutzeko Eusko Jaurlaritzak eskatutako azterketa kualitatiboaren emaitzak aurkeztu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sail guztiak, Ertzaintza, Justiziako Administrazioa eta Osakidetza barne hartzen dituzten elkarrizketen bidez, euskal administrazioek bi hizkuntza ofizialen funtzionamendua bermatzeko profilek zenbateraino balio izan duten ebaluatu nahi zen, zer komunikazio-behar dituzten eta zer mailaraino beteta dauden kontuan izanda.
EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrek, V. Plangintza Aldia (2013-2017) hasiko zelako Sailak argitaratu zituenek, kontuan hartu zituzten ondorio horiek. Plangintza Aldi horren baitan joan dira aurkezten urte osoan zehar Euskal Autonomia Erkidegoan foru-aldundiek eta udalek onartutako euskararen erabilera normalizatzeko planak.
Halaber, Osakidetzak Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko bigarren Plana onartu zuen, Euskararen Nazioarteko egunean bertan.
Bi aste lehenago, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen Osakidetzak lehentasuna eman behar ziola euskararen jakintzari aldi baterako langileak kontratatzeko garaian, eta enpresa hornitzaileei hizkuntza-irizpideak eskatu behar zizkiela.
Azkenik, Justiziaren esparruan, “Auzia euskaraz” proiektuaklortu duen bultzada berria berri ona izan da. Proiektu horren helburua da auzi-prozeduren izapide guztiak euskaraz egitea.
4.Beste esku-hartze batzuk jarduketa-planaren eremuan
Arlo honetan Arartekoaren jarduketa zuzendu duen planaren esparruan, azpimarratu behar da garrantzi handia eman diogula gizartez ibil antolatuarekin egindako lankidetzari.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Saileko Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin bildu gara. Sailburuordetza horrek uneoro eskaini digu bere laguntza, erakunde honetan kexa aurkeztea eragin duten kasuak konpontzeko, euskal administrazioekin nahiz estatuko administrazioekin lotuta. Esparru horretan bertan, Arartekoak lanean jarraitu du Elebide Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, lankidetza-hitzarmen bat sinatuz.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Funtzionarioek gure bi hizkuntza ofizialak jakiteak ez du bermatzen , bere kabuz, baten erabilera edo bestea herritarrentzat aukera aske bat izatea Administrazioarekin dituzten harremanetan. Izan ere, ez du askotarako balio Administrazioaren zerbitzura dauden langileek euskaran hizkuntza-profil jakin bat ziurtatu behar izana, erabiltzaileak artatzeko garaian ez badira bi hizkuntzak normaltasunez erabiltzen beren jarduketa-esparru guztietan.
Arazo konplexua da, eta arazo hori konpontzeko beharrezkoa da gizarte– eta politika-adostasun zabala lortzea. Edonola ere, ezinbestekoa da botere publikoek ausart esku hartzea gai horretan, kontuan izanda bat ez etortze horrek eragina duela euskaldunen eskubideen eraginkortasunean. Jarduketa-ildo horretan, beharrezkotzat jotzen dugu Legebiltzarrak eskatuta hizkuntza-profilen sistema ebaluatu duten azterketetatik ondorioztatutako datuei erreparatzea. Gure ustez, kezkagarriak dira taularatu dituzten disfuntzioak, eta batez ere, zerbitzu publikoetako langileek jasotzen duten prestakuntza bideratuagoa egotea proba gainditzera hizkuntza dagokion zerbitzuan egiatan erabiltzen irakastera baino, azterketaren ondorioek salatzen duten bezala. Beharrezkoa da ahalik eta loturarik handiena egotea lanpostu baterako behar den profila egiaztatzeko eskuratutako jakintzen eta, egiaz, kasu bakoitzean dauden barne- eta kanpo-komunikazioen fluxuekin bat lanpostu hori betetzeko behar diren jakintzen artean.
Osakidetzaren Euskara Plana urrats garrantzitsu bat izan da, erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen errespetuaren bidez, Osakidetzaren kalitatea hobetzea lortzeko. Ildo horretan, Arartekoak Legebiltzarrari egindako azken txostenean adierazitako kezketako batzuk jasotzen ditu. Kezka horietako bi azpimarratuko ditugu: Osakidetzako langileek osasun-sistemako erabiltzaileen eskaerari aurre hartzea, zerbitzuak euskaraz eskatzeko ardura erabiltzaileei ez uzteko moduan; eta euskararen presentzia eta erabilera zerbitzuaren hizkuntza gisa bermatzea, ahoz nahiz idatziz, gaixoarekin duten arretan nahiz laneko barne-harremanetan.
Anbizio handiko helburu batzuk dira, baina errealistak zuzendaritza, profesionalak eta sindikatuetako ordezkariak parte hartuz egin den planak dagozkion osasun-operadore guztietatik behar duen babesean jarraipena izateko neurrian.
Justizia da oraindik langileek euskara gutxien erabiltzen duten zerbitzu publikoetako bat, eta horrek ezinbestean du eragina erabiltzaileek denbora, eragozpen eta berehalakotasunaren alderditik aurre egin behar dieten kostuetan, auzia hizkuntza horretan egitea erabakitzen dutenean. Egoera horrek atzera egitea eragiten du, eta horren ondorioz, hizkuntza ofizial bat edo bestea erabiltzea ez da aukera aske bat herritarrentzat gure auzitegietan. Gogoratu behar dugu aukera horrek bermatuta egon behar duela, justiziapekoaren eskubide gisa, eta ez haren defentsa-gabezia saihesteko baliabide gisa. Urtean zehar, hala ere, nabarmendu beharreko aurrerapen batzuk gertatu dira:
–
Beste ezer baino lehen, Auzia Euskaraz proiektua, auzi-prozedura osoa euskaraz egiteko aukera emango duten baldintzak sortzeko helburua duena. Operadore juridiko guztien inplikazioa beharrezkoa izango da proiektu hori sendotzeko, epailez, abokatuz nahiz prokuradorez, bai eta perituz, auzitegiko medikuz eta Bulego Judizialeko langilez, osatutako lan-talde elebidunen bidez.
–
Agertzeekin eta epaiketekin lotuta, erakunde honek iazko azken txostenean planteatu zuen iradokizunetako bat jaso da, Justiziako Administrazioak aurre har ziezaien itzulpen-beharrei, bere zerbitzupeko langileek justiziapekoak adierazteko erabili nahi duen hizkuntza ofiziala ez jakitearen ondoriozkoei. Hala, zitazioan bertan hasi ziren galdetzen pertsona hartzaileari ea euskara ala gaztelania erabiliko zuen. Idazkari judizialen laguntza erabakigarria izan zen sistema berriaren bideragarritasuna lortzeko. Sistema hori pixkanaka ezarri zen eta irizpide egokiaz, epaitegiaren tamainaren eta barruti judizialaren egoera soziolinguistikoaren arabera.
–
Formularioak eta inprimakiak egiteari dagokionez, epaitegietako langileei bi hizkuntzatan dauden testuekin lan egiteko aukera ematen dieten tresnak garatzen jarraitu dute, euskaraz terminologia juridikoa erabiltzeko eta ikasteko prestatuz. Egokia litzateke horrela eskatzen duten abokatuek bulegoek aplikagarri horiek eta beren eguneraketak eskuratzeko modua izatea. Edonola ere, ohartarazi behar da formulario bat egoteak ez du bermatzen bi hizkuntzetan ondo erabiliko denik, formularioa betetzen duten langileek hizkuntza bakar batean betetzen badute. Hori ematen dute aditzera zenbait pertsonek egindako kexek. Izan ere, pertsona horien esanetan, bi hizkuntzatan zegoen eredu baten gainean egindako zitazioak jaso zituzten, baina zitazio horietan gaztelaniaz soilik ageri zen deia egiteko agindua ematen zuen organoari, hori erabakitzen zuen ebazpenari, zitazioaren xedeari, agertu behar zuen lekuari, egunari eta orduari eta lege-prebentzio garrantzitsuei buruzko informazioa.
Gure txostenak hobekuntza-marjina handiagoa esleitzen zien zenbait esparruri, hizkuntzen koofizialtasunetik eratorritako eskubideen eraginkortasunari dagokionez, eta esparru horietatik poliziala izan da ordutik aurrerapen esanguratsurik egin ez duen bakarra. Herrizaingo SailakArartekoari agindu zion neurriak hartuko zituela bidali genion Gomendioa betetzeko. Gomendio horretan eskatzen genion bere giza baliabideak antolatzeko, txandetan eta zerbitzuetan langile elebidunen presentzia bermatzeko moduan, faktore objektiboei jarraiki banatuta, hala nola kokatuta dauden lekuko testuinguru soziolinguistikoa eta biztanle kopurua, langileen zuzkidura eta garatutako lanaren arabera publikoarekin izan dezaketen elkarreragin handiagoa edo txikiagoa. Era berean, agindu zuen erakunde honi hartutako neurri horien berri emango ziola.
Txosten hau amaitzean, hala ere, ez genuen neurri horiei buruzko jakinarazpenik jaso, eta horrenbestez, pentsatu behar dugu ez dituela hartu. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearen azken azterketek ateratako ondorioek erabateko zentzua hartzea eragiten du horrek, zehazki, ondorio hauek: errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak, indarrean dagoen araudian aurreikusten badira ere. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari neurri errealistak, espezifikoak eta ebalua daitezkeenak hartzeko eskatzen jarraitu beharko dugu, arlo horretan teoriaren eta errealitatearen artean dagoen tartea murrizten lagunduko duten neurriak, hain zuzen.
Kontsumoaren esparruan, kontsumitzaile euskaldunek saltokietan eta zerbitzu-enpresetan euskaraz artatuak izateko duten eskubidearen birtualtasuna aztertzeko dago. 123/2008 Dekretuak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoak, hasiera batean ezarri zuen lau urteko egokitzapen-epea amaituta, beharrezkoa da aztertzea zenbateraino garatu eta bete den Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarekinelkarreraginean, bai eta eraginkorragoak izan daitezkeen neurriak aztertzea ere, gizartean adostasun-maila handiena bilatuz beti, pertsonek, kontsumitzaileak diren aldetik, gure hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko askatasuna dutela bermatzeko.
Kultura-ondarearen esparruan, Donostiako Arte Ederretako eraikinaren kontserbazio-egoerarekin eta eraikin horrentzat kultura
-babeseko erregimen bat ezartzeko beharrarekin lotutako egoera batean esku hartu dugu. Donostiako elkarte batek bere kezka adierazi zigun Udalak eraikina erortzeko zorian zegoela deklaratzeko espediente bat hasi zuelako, eta kexu zen erakunde honen aurrean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Sailak ez ziolako erantzun 7/1990 Legean, Euskal Kultura
Ondareari buruzkoan, xedatutakoaren babesean gai horrekin lotuta egin zuen eskaerari. Arartekoak, bi alderdi horiekin lotuta, 2013ko abenduaren 19ko Ebazpenaegin zuen:
–
Ikuspuntu material batetik, hau adierazi nahi dugu: nahiz eta eraikin baten egoera eta kontserbazioa elementu garrantzitsuak diren beren balioespen egokia egiteko eta babes-erregimena ezartzeko garaian, aldi batean erortzear egotea ez dela oztopo bat bere kultura
-babesa ezartzeko, baldin eta horrela gomendatzen duten oinarrizko balioak eta balio nagusiak (arkitekturakoak, historikoak, berezitasunekoak, eredugarritasunekoak...) justifikatzen badira. Edonola ere, eraikina erortzear dagoela deklaratzeak hirigintza-legediak jasotzen duen jabetza kontserbatzeko betebeharren amaiera mugatuko du. Era berean, katalogatutako eraikin bat, kultura
-balioengatik babestuta dagoena edo katalogatzeko prozedura bati lotuta dagoena, den kasuetan, 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, kultura
-ondareentzat jasotzen dituen berariazko aurreikuspenek zuzenduko dute eraikinaren aurri-deklarazioa.
–
Izapidetzeari dagokionez, adieraziko dugu, behin betiko erabaki bat hartu baino lehen, kultura
-administrazioak partaidetza-prozesu bat ezarri behar duela zuzenean interesa duten alderdiekin, bai eta hitzarmen-prozesu bat dagozkion administrazioekin ere. Prozedura horretan, komenigarria litzateke kultura
-ondarearen babesa bermatzeko aukera emango lukeen ekintza-plan bat ezartzea; balio bereziko zer elementu babestu behar diren zehaztea; eta babes-erregimena eta erabilera-erregimena, bere balio ezagutarazteko aukera emango duena ezartzea. Horretarako, finantzaketa– eta lehentasun-programa bat abian jarri beharko da, eraikina suntsitzea eragotziko duena.
Bestalde, Donostiako Udalaren aurrean esku hartu dugu tokiko ondarea babesteko plan berezi batekin lotutako egoera batean. Azpimarratu diogu beharrezkoa dela arrazoizko epe batean erantzutea aurkeztutako alegazioei eta pertsona interesdunei unean-unean informatzea gai horrekin lotuta jarraitu diren izapideei buruz. Era berean, jakinarazi diogu Donostian eraikitako hirigintza-ondarea babesteko Plan Berezia onartzeko administrazio-espedientearen izapidetzeak hiru urte baino gehiagoko atzerapena izan duela, gehiegizkoa, 2/2006 Legean, ekainaren 30ekoan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoan, aurreikusitako epeei dagokionez. Hirigintza-antolamenduko udal-zerbitzuaren ohiz kanpoko funtzionamendu hori konpondu egin behar izango zitekeen, legean aurreikusitako izapideak eta epeak betetzeko, edo gutxienez, zentzuzko epe baten barruan betetzeko, administrazio-neurri egokiak xedatzearen bidez.
Politika publiko guztiak diseinatzeko eta gauzatzeko garaian, beharrezkoa da beti genero-ikuspuntu bat kontuan izatea. Genero-ikuspuntu horrek ohartarazten digu zenbait esparrutan gizonen eta emakumeen presentzian oreka-gabezia ez dela kontu neutro bat, baizik eta gizarteak gizon-emakumeei esleitzen dizkien aukeretan eta roletan dagoen sexismoaren ondorio bat. Pertsonen arteko berdintasun eraginkorrari jartzen zaion oztopo bat da hori. Esparru horietako bat da kirola, eta zehazki, modalitate maskulinizatuenak, hau da, batez ere gizonezkoekin lotzen direnak. Modalitate horiei 3/2007 Lege Organikoaren, martxoaren 22koaren, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerakoaren, lehen xedapen iragankorra aplikatu behar zaie.
Beharrezkoa da ikuspuntu hori kontuan izatea, administrazioek, batzuetan, emakumeei eta neskatoei zuzendutako kirol-eskaintza gizonezkoek eskura dutena baino urriagoa dela justifikatzeko baliatzen dituzten antolaketa-arazoei heltzeko garaian. Gai hori Eskolako Kirolaren berariazko esparruan lantzeko parada izan dugu, 2013ko apirilaren 22ko Arartekoaren Ebazpenaren bidez.
Ebazpen horretan, defendatzen dugu, genero-ikuspuntua kontuan hartuta erreparatuz gero, aipatu arazoek datu neutro bat izateari uzten diotela, egiatan diren bezala hautemanak izateko: zeharkako bereizketa-kasuak dira, aipatu 3/2007 Legearen 6.2. artikuluak eta 4/2005 Legearen, Euskadiko emakumeen eta gizonen berdintasunerakoaren, 3.1. b) artikuluak bereizketa hori definitzen duten baldintzetan. 4/2005 Legearen 25 artikuluak 3. eta 4. idatz-zatietan adierazten du zer betebehar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek kirol-esparru zehatzari dagokionez.