10.2. Ararteko erakundearen zerbitzu-kartaren web inprimakiaren bitartez jasotako IRADOKIZUNAK
2012. urtetik aurrera, Ararteko erakundeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen inguruko iradokizunak edo iritziak emateko aukera erraztu da. Eta joan den urrian Arartekoaren zerbitzu-kartan egindako aldaketen ondorioz, Arartekoaren informazio publikoa eskuratzeko eskubidea sartu da, baita ere ARCO eskubideak erabiltzeko aukera ere (eskubide horiek Ararteko erakundeak dituen datu pertsonalen gainekoak dira).
Akats baten ondorioz bide hori erabiliz jaso ditugun kexak alde batera utzita (lau hain justu. Horiek Internet bidez egindako kexen ohiko tramitaziora bideratu dira) hamar iradokizun egin dira:
Horietatik zazpik gai hauekin dute zerikusia: Bulego Birtualean sartzen diren pertsonek erabiltzen dituzten ziurtagiri digitalekin lotutako kontu teknikoak, erabilitako nabigatzaileak edo kexak “on line” egiteko web formularioa. Horiek denak oso baliagarriak izan dira Arartekoarentzat nahiz Bulego Birtualaren erabiltzaileentzat, izan ere, horiei esker, batzuetan egoitza elektronikoko gure zerbitzuak hobetu ahal izan dira, eta, beste batzuetan, Arartekora jo duten pertsonei aholku teknikoak eman ahal izan dizkiegu. Nabarmentzekoa da iradokizun horien gainean izan den bi aldeko truke interesgarria.
Beste bi, berriz, kexa-prozeduretan hartutako erabakiekin ados ez egotearekin lotuta zeuden zuzenean. Horiei modu egokian erantzun zaie, beharrezko informazio guztia emanez.
Azkenik, iradokizun horietako batek esker ona helarazi nahi zuen, gaian esku hartu zuen teknikariaren profesionaltasunagatik, arduragatik eta emandako laguntzagatik.
Horiei guztiei behar bezalako arreta eskaini zaie, Arartekoaren Zerbitzu Kartan ezarritako moduan eta epeetan.